Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2022ko uztailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3083

59/2022 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmena argitaratzeko dena, estatistikaren arloan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmenaren testua, estatistikaren arlokoa, zeinaren eranskina baita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 23KO 59/2022 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALAREN, ITSASOKO GIZARTE INSTITUTUAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOAREN ARTEKOA, ESTATISTIKAREN ALORREKOA

Madril eta Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 13a.

BILDU DIRA:

Batetik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, zuzendari nagusi María del Carmen Armesto González-Rosón andreak ordezkatua, urtarrilaren 21eko 131/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluan aurreikusitako ahalmenen arabera, bere kargua dela eta, eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egitura organikoa eta eginkizunak ezartzen dituen abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz.

Bestetik, Itsasoko Gizarte Institutua, Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendari Elena Martínez Carqués andreak ordezkatua, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroaren irailaren 7ko ISM/986/2021 Aginduaren bidez izendatua, Institutuaren izenean eta ordezkari gisa jardunez, apirilaren 8ko 504/2011 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera (Itsasoko Gizarte Institutuaren egitura organikoa eta eginkizunak arautzen ditu) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusi izendatua, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari izendatzen duen abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitzen dizkion eskumenen arabera eta Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15ean egindako bilkuran emandako baimenarekin bat etorriz.

Alderdiek hitzarmen hau sinatzeko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri.

AZALTZEN DUTE:

Bat.– Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, GSIN) egitura organikoari eta funtzioei buruzko abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuan, 1.a) artikuluan, Institutuari esleitu zaio Gizarte Segurantzako sistemako prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea onartu eta kontrolatzeko eskumena, kontribuzioen modalitatean; horrela ezarri da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko testu bateginaren 66.1.a) artikuluan (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Bestalde, 1.2.d) artikuluan, Sozietate Publikoen Prestazioen Erregistroa kudeatzeko eta haren funtzionamendua zaintzeko eskumena esleitu zaio. Erregistro hori, hain zuzen, Zerga, Administrazio eta Gizarte arloetako neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legearen 30. artikuluaren bidez sortu zen, eta martxoaren 1eko 397/1996 Errege Dekretuaren bidez arautu.

Halaber, uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan, GSINi esleitzen dio Txartel Sozial Digitalaren euskarri-erregistroa eta sistema informatikoa administratzea, kudeatzea eta mantentzea.

Bi.– Itsasoko Gizarte Institutuaren (aurrerantzean, IGI) egitura organikoari eta funtzioei buruzko apirilaren 8ko 504/2011 Errege Dekretuan, 3.1.a) artikuluan, Institutuari eman zaio itsasoko langileek Gizarte Segurantzako Erregimen Bereziko prestazioak jasotzeko eskubidea dutela aitortzeko eta prestazio horiek kudeatu eta administratzeko eskumena.

Hiru.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak estatistika publikoaren arloko eginkizunak ezartzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegorako interesgarria den estatistika-jarduera publikoaren garapen antolatua arautu eta sustatzeko.

Lau.– Informazioa estatistika-helburuetarako lagatzeak honako xedapen hauetan du oinarria:

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 25. artikulua, estatistika-funtzio publikoaren eremuko datuen tratamenduarena:

«1.– Estatistika eginkizun publikoa duten organismo eskudunek datu pertsonalen tratamendua egiten dutenean, tratamendu hori legeria espezifikoak xedatutakoaren arabera egingo da, bai eta 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, pertsona fisikoen datu pertsonalen babesari eta datuon zirkulazio askeari buruzkoak, eta lege organiko honek xedatutakoaren arabera ere.

2.– Ulertuko da estatistika arloko organo eskudunei datuak 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 e) artikuluaren babespean eman zaizkiela, informazioa zer estatistikarako eskatzen den, estatistika hori Europar Batasuneko zuzenbideko arauak horrela egiteko exijitzen badu edo legeetan aurreikusitako estatistika-programazioko tresnen barruan badago.

Estatistika Eginkizun Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 11.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9. eta 10. artikuluek jasotzen dituzten datuak ukituek beren borondatez emango dituzte, eta, ondorioz, haien berariazko adostasuna dagoenean baino ezingo dira bildu.

3.– Estatistika-eginkizun publikoa betetzeko organismo eskudunek uko egin ahalko diete 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoek xedatutako egikaritze-eskabideekin lorturik ukituek egindako eskabideei, Estatuko legeriak edo autonomikoak aurreikusitako sekretu estatistikoaren bermeen babespeko datuak direnean».

Legedia autonomikoan zehazten dira, edo legez ezarritako estatistika-programazioko tresnen barnean, zer datu lagatu behar dituen eta erabiliko dituen autonomia-erkidegoak azterlan eta ikerlan estatistikoetan.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamendua onartzeko abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 10.4.c) artikulua, non eta ez dion aurka egiten, edo ez datorren bat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, pertsona fisikoen datu pertsonalen babesari eta datuon zirkulazio askeari buruzkoan eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzekoan (datuen babeserako erregelamendu orokorra), eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari.

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 15.1 artikuluaren arabera, «estatistika-sekretuak babesten dituen datu pertsonalak administrazioek eta organismo publikoek estatistikaren ondorioetarako elkarri jakinarazteko, honako baldintza hauek bete beharko dira nahitaez, eta datuok zaintzen dituen zerbitzuak edo organoak egiaztatu beharko du baldintzok betetzen diren:

Datuon hartzaile diren zerbitzuek funtzio funtsean estatistikoak egitea, eta hala araututa egotea datuok laga aurretik.

Datuon xedea, hain zuzen ere, zerbitzu horiek esleituta dituzten estatistikak egitea izatea.

Informazioaren hartzaile diren zerbitzuek sekretu estatistikoa gordetzeko baliabide beharrezkoak edukitzea».

Bost.– Zehazki, EAEk behar duen informazioa GSINren titulartasuneko Sozietate Publikoen Prestazioen Erregistroan edo Txartel Sozial Digitalean dago, eta identifikazio- eta pentsio-datuetan dago egituratuta.

Sei.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 141. artikuluan, administrazio publikoen arteko lankidetza-betebeharra ezartzen du, eta 1.c) apartatuan, beste administrazioei beren eskumenak gauzatzean garatzen duten jarduerari buruz behar duten informazioa emateko betebeharra. Gainera, 142. artikuluan, lankidetza-tekniken artean, erakunde eskatzaileak bere eskumenez baliatzeko behar dituen datuak emateko betebeharra ezartzen dio eskaeraren hartzaile den organismo publiko edo erakundeari.

Zazpi.– Testuinguru horretan, alderdien ordezkariek, zeinek bere helburuak betetzeko, beharrezkotzat jotzen dute informazioa aldizka trukatzeko sistema egonkor bat ezartzea, GSINren titulartasuneko fitxategietan (Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan edo Txartel Sozial Digitalean) jasotako informazioa helburu estatistikoekin aprobetxatzeko.

Ondorioz, xede publikoak betetzeko elkarrekin lan egin behar dutela onartuta, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetza-esparru egonkor bat ezartzea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (aurrerantzean, GSIN) eta Itsasoko Gizarte Institutuak (aurrerantzean, IGI) kudeatzen duten informazioa EAEri helburu soilik estatistikoetarako lagatzeko, haren edukiari, baldintzei eta prozedurei dagokienez. Hain zuzen, informazioa Sozietate Publikoen Prestazioen Erregistroan dago jasota, edo Txartel Sozial Digitalean, eta GSIN da horren titularra.

IGIk, itsasoko langileen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezia kudeatzen duen erakundea denez, oniritzia eman dio GSINk aipatu erregimeneko Sozietate Publikoen Prestazioen Erregistroan jasotako datuak lagatzeari.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

A) GSINrenak:

Eranskinean adierazten den informazioa Euskal Autonomia Erkidegoari ematea hiru hilean behin.

Tresnak eta lagako diren fitxategien diseinuen zehaztasunak izan ditzaketen aldaketak ere hitzarmen honen bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzorde Mistoak baloratu eta erabakiko ditu.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 25.2 artikulua aplikatuz, informazioa osasunari buruzko datuei buruzkoa denean, hala nola ezintasun iraunkorrari edo edozein desgaitasuni buruzkoa, antzeko edo behar bezala anonimizatutako beste datu batean sartuko da, aipatutako pertsonak ez direla identifikatzen bermatzeko; izan ere, datu bereziki sentikorrak direnez, interesdunei berariazko baimena behar da hirugarrenei laga ahal izateko. Artikulu horretan, era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren, datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio askeari buruzkoaren eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzekoaren, 9. eta 10. artikuluetara igortzen da. Artikulu horietan ezartzen denez, datu horiek helburu estatistikoetarako erabil daitezke, betiere Europar Batasuneko zuzenbidearen edo estatu kideetakoaren arabera, lortu nahi den helburuarekiko era proportzionalean, datu-babeserako eskubidea funtsean errespetatuz eta interesdunaren interes eta eskubide funtsezkoak babesteko neurri egoki eta berariazkoak ezarriz.

Eranskineko informazioa telematikoki lagako da eta hiruhileko bakoitzaren azken eguna izango da erreferentzia-data.

Datuak emateko euskarriari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 44.4 artikuluan ezarritakoa beteko da (administrazio publikoen arteko komunikazio-ingurune itxietan datuak elektronikoki trukatzeari buruzkoan), eta, nolanahi ere, ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatuko dira.

Gainera, 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta berrogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarrita dagoenez, Txartel Digital Soziala sortu behar da, administrazio publikoek gizarte-babeseko politikak hobetzeko eta koordinatzeko informazio-sistema izan dadin. Hori horrela, GSINk, Txartel Sozial Digitala elikatzen duen sistema informatikoa administratu, kudeatu eta mantentzeko ardura duenez, aipatu sisteman jasotako informaziorako sarbidea eskaini eta bermatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoari.

B) Euskal Autonomia Erkidegoarenak (Eustat):

GSINi urtero jakinaraztea hitzarmen honetan aurreikusitako datuak beharrezkoak diren plangintza- eta programazio-tresnetan jasotako jarduera zehatzak.

Gainera, hitzarmen honen eranskinean jasotako informazioa estatistika-asmoz ematen denez, Euskal Autonomia Erkidegoa arduratuko da, kontrol beharrezkoak ezarriz, informazioaren erabileran datu pertsonalen babesa erabat bermatzeaz, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikuluan arautzen den moduan.

EAE arduratuko da GSINk lagatzen duen informazioa bere erregistroetan sartzeko egin behar diren prozesu guztiez, beste iturri batzuetako informazioa araztu eta osatzeko, eta, behar izanez gero, zuzenean erabiliko du bere diseinuak aplikatuta estatistika-ustiapenak gauzatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoak egoki iritzitako emaitzak zabaldu eta argitaratu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta betiere abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren manurik urratu gabe.

Lagatzen eta tratatzen diren datuak, eranskinean jasotakoak, isilpekoak eta sekretuak izango dira, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoak konpromisoa hartzen du izaera horri zorrotz eusteko eta informazioan aipatzen diren pertsona fisiko eta juridikoen eskubideak babesteko, horien anonimotasuna bermatuko duten prozedurak ezarriz, 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera.

Autonomia-erkidegoak onartzen eta bere egiten du datuen lagapena hitzarmen honetan zehaztutako helburu esklusiboetara mugatzen dela, eta datuen xedea, hain zuzen ere, zerbitzu horiek 12/1989 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera esleituta dituzten estatistikak egitea dela; beraz, datuak bestela erabiltzea sinatutako hitzarmenaren ez-betetzetzat hartuko da, eta horrek GSINi eta IGIri kasuan kasuko erantzukizunak eskatzeko ahalmena emango die.

Autonomia-erkidegoa izango da bermatzailea GSINren eta IGIren aurrean, bai eta hirugarrenen aurrean ere, lagatako datuak erabiltzaileek behar ez bezala erabiltzearen ondoriozko edozein erreklamaziotan, eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileak horri loturiko erantzukizun orotik salbuetsiko ditu.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honetan aurreikusten diren ekintzek ez dute kosturik sortuko, eta ez dute ekarriko alderdien arteko kontraprestazio finantzariorik.

Laugarrena.– Izaera pertsonaleko datuak babestea.

Hitzarmen honen babespean emandako datuen kontrola eta segurtasuna arautuko dute 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduak, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartutakoak, eta uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 141. xedapen gehigarriaren seigarren apartatuan ezarritakoak, baita datu pertsonalak babesteari buruzko gainerako arau aplikagarriak, GSINk onartutako informazioaren segurtasuneko protokoloak eta Gizarte Segurantzaren Informazio Sistemen Segurtasun Batzordeak erabakitako informazio-sistemen sarbide-arauak eta erabilera segururako arauak ere.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

Jarraipen Batzorde Mistoa sortu da, eta honako ordezkari hauek izango ditu:

A) GSINren ordezkariak:

Prestazioak Kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusiko titularra.

Prestazioak Kudeatzeko Zuzendariordetza Atxikiko titularra. B) IGIren ordezkariak:

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Zuzendariordetza Nagusiaren titularra.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Zuzendariordetza Nagusiaren Arloko titularra.

B) Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak (Eustat):

Eustateko Estatistika Ekoizpen eta Analisiko Zuzendariordetzako titularra.

Kudeaketa Juridiko eta Administratiboko Arloko arduraduna.

Hona hemen eginkizunak:

Hitzarmen hau behar bezala gauzatzeko jarduera beharrezkoak koordinatzea, bereziki, informazioa trukatzeko prozedura eraginkorrenak ezarriz, bai eta emandako datuen babesa bermatuko duten neurriak ere, eta tresnak izan ditzakeen aldaketak eta lagatako fitxategiei dagozkien diseinuen xehetasunak ere koordinatzea.

Hitzarmen hau interpretatzean edo betetzean sortzen den edozein desadostasun edo eztabaida ebaztea.

Jarraipen Batzorde Mistoa alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, betiere aztertu beharreko gaiek edo inguruabarrek hala gomendatzen badute, eta egindako lankidetzaren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko. Batzordearen ohiko funtzionamendua urrutitik egingo da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera; nolanahi ere, Batzordeko beste kideren batek hala eskatzen duenean, aurrez aurreko bilkuretarako deialdia egitea erabaki ahal izango da.

Batzordearen funtzionamendua eta araubide juridikoa, klausula horretan ezarrita ez dagoen orotan, urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko 3. atalean kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruz xedatutakoak arautuko du.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, alderdien adostasunarekin gauzatuko da eta indarra izango du behin estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatuta. Horretarako, formalizatzen denetik hasita, bost egun balioduneko epea emango da.

Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hitzarmena luzatu ahal izango da, baldin eta alderdiek aho batez hala adosten badute hitzarmena amaitu aurretik, beste lau urtez gehienez, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Aldaketa eta suntsiarazpena.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluaren arabera, hitzarmen honen edozein klausula aldatzeko, beharrezkoa izango da sinatzaileek aho batez erabakitzea. Ildo horretan, Jarraipen Batzorde Mistoak eguneratze edo aldaketa beharrezkoak proposatuko dizkie alderdiei, eta sinatzaileek dagokion ituna sinatuko dute, zeina eranskin bidez formalizatu beharko baita, legez ezarritako betekizunekin bat etorriz eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako aldez aurreko baimenarekin.

Hitzarmen hau azkendu egingo da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean edo azkentzeko arrazoiren bat dagoenean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

Hitzarmenaren indarraldia igarotzea berariaz adostu gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hartutako erabakia.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi ez den beste edozein arrazoi.

Era berean, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da alderdietako edozeinek esanbidez salatzea, eta Jarraipen Batzorde Mistoa bildu beharko da hitzarmenarekin jarraitzea erabakitzeko.

Zortzigarrena.– Ondorio aplikagarriak hitzarmena bete ezean.

Alderdietako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, gainerako alderdietako edozeinek errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, epe jakin batean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori Jarraipen Batzorde Mistoari jakinaraziko zaio. Epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Ez-betetzeak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren manuren bat urratzea badakar, aurreko lerrokadan aurreikusitakoak ez die kalterik egingo alderdietako edozeinek lege horren arabera abiaraz ditzakeen lege-ekintzei.

Hitzarmena betetzen ez duen alderdiak ez dio beste alderdiei kalte-ordainik eman beharko hitzarmeneko betebeharrak ez betetzeagatik edo hitzarmena azkentzeagatik, hirugarrenen aurrean duen erantzukizunari kalterik egin gabe.

Bederatzigarrena.– Araubide Juridikoa.

Hitzarmen hau administrazio-izaerakoa da, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. Kapituluan xedatuak arautzen du. Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen hau lege horretan aurreikusitako izapideetara benetan egokitzeko aplikatu behar zaien guztian elkarri laguntzeko, bereziki, hitzarmenak sinatzeko nahitaezko izapideei eta horien ondorioei buruzko 50. artikuluari dagokionez.

Hamargarrena.– Jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen auziak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren ardurapekoak eta eskumenekoak izango dira, bosgarren klausulan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek agiri honen bi ale sinatu dituzte hasieran adierazitako tokian eta egunean.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren izenean:

Zuzendari nagusia,

MARÍA DEL CARMEN ARMESTO GONZÁLEZ-ROSÓN.

Itsasoko Gizarte Institutuaren izenean:

Zuzendaria,

ELENA MARTÍNEZ CARQUÉS.

Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean:

Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

ERANSKINA
GSIN-K ESTATISTIKA-ZERBITZUARI EMANDAKO INFORMAZIOA
PENTSIODUNAK

Kolektiboa.

GSINk eta IGIk kudeatzen dituzten Gizarte Segurantzako sistemaren kotizaziopeko pentsioen titularrak.

Estrakziorako irizpideak.

Geografikoa: EAEko probintzia zuzendaritzek kudeatzen dituzten edo EAEn bizi baina beste probintzia zuzendaritza batzuek kudeatzen dituzten pentsioen titularrak.

Egoera:

• Altan dauden prestazioak.

• Lagapenari dagokion hiruhilekoan zehar baja emandako prestazioak.

Prestazio mota: erretiroa, ezintasuna, ezintasunaren ondoriozko erretiroa, alarguntasuna, zurztasuna eta familiartekoen aldeko pentsioa.

Lagako diren datuak.

Identifikazio-datu osoak, kide-zenbakia eta IFZ ere bai.

Digitu bateko pentsio mota: erretiroa, ezintasuna, ezintasunaren ondoriozko erretiroa, alarguntasuna, zurztasuna eta familiartekoen aldeko pentsioa.

Prestazioaren ondorio ekonomikoen data.

Erretiro-pentsioetan frogatutako kotizazio-urteak.

1.– Identifikazio-datuak.

Afiliazio-zenbakia.

Identifikatzaile mota.

NANa, AIZa edo pasaportea.

1. abizena.

2. abizena.

Izena.

Sexua.

Jaioteguna.

2.– Bizileku-datuak.

Helbidea.

Udalerria.

Probintzia.

3.– Aldagai osagarri orokorrak.

Administrazio-egoera (alta edo baja).

Altaren ondorio ekonomikoen data.

Bajaren ondorioen data.

Bajaren arrazoia (*).

Pentsiodun mota (erretiroa, ezintasuna, ezintasunaren ondoriozko erretiroa, alarguntasuna, zurztasuna eta familiartekoen aldeko pentsioa).

Erregimena.

Hileko zenbateko gordina.

4.– Erretiro-pentsiodunen aldagai bereziak

Frogatu diren kotizazio urteak (**).

(*) Bajaren arrazoiak

Bi kode adieraziko dira: heriotzagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

(**) Frogatutako kotizazio-urteak (guztira)

Adierazitako datua emango da, eta hobariak ere izan ditzake.

35 urtetik gorako kotizazioetan 35 ager daiteke, hortik gorako kopuruak agian ez baitira garrantzitsuak prestazioa mantentzeko.


Azterketa dokumentala