Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2022ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3039

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2022ko dirulaguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 21eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2022ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsitako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitara ematea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2022ko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2022ko ekainaren 21eko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2022KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.

Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Horretaz gainera, jarraipena ematen zaio honako dirulaguntza-lerro honi: norberaren konturako langile gisa jarduera bati ekiteko, aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsonei laguntza emateko lerroari, hain zuzen ere enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten hura ezartzeko lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, baita ere, enpresa-jarduerari berriki ekin dioten pertsonetatik bultzada ekonomiko bat behar duten horiei, pertsona horiek gutxieneko errentagarritasun bat izango dutela ziurtatzeko eta, modu horretan, proiektua finkatzen laguntzeko.

Europa 2030 estrategiaren lehentasunetako bat da eskualdeen kohesio- eta garapen-politika, Europa adimentsuago bat ardatz hartuta, tresna hauen bidez: berrikuntza, digitalizazioa, eraldaketa ekonomikoa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak.

Eurostat erakundeak 2021eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 12,40koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2021eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 17,15eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 40,43koa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 68,10ekoa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak; horien erakusgarri dira Eustatek 2021eko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuak: emakumezkoen enplegu-tasa ia 5 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 65,20koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 71,00koa). Tasa horiek agerian uzten dute badagoela desagerrarazi beharreko arrakala bat lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Kontuan hartu behar da, EAEko 2020-2021eko GEM (Ekintzailetzari buruzko Behatokiaren) txostenean ageri diren estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere enpresa gutxiago sortzen dutela; izan ere, pertsona ekintzaileen artean, % 52,4 gizonezkoak dira, eta % 47,6 emakumezkoak.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia 1.10 gako estrategikoan kokatzen da: «Ingurunean sustraituta dauden enpresa-ekimenak babestea»

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 21eko bilkuran, ekintzaileei laguntzeko deialdia onartu du, baldintza hauetan.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2022an eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:

a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten arduraldi osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan. (Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak).

b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak. (Enpresa-Proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (Proiektua ezartzeko laguntzak).

d) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonentzako laguntzak, jarduera hori sendotzeko. (Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.705.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.305.000 euro 2022. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.400.000 euro, 2023. urteko konpromiso-kredituari, hala aurreikusita baitago 32110– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak, II. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 425.000 euro, 2022ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 233.750 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 191.250 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak, III. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 400.000 euro; horietatik, 200.000 euro 2022ko ordainketa-krediturako dira, eta, 200.000 euro, 2023ko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 220.000 euro –110.000 euro 2022ko ordainketa-krediturako eta 110.000 euro 2023ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 180.000 euro –90.000 euro 2022ko ordainketa-krediturako eta 90.000 euro 2023ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak, IV. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 700.000 euro, 2022ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

d) Enpresa-jarduera bat sendotzeko bideratutako laguntzak, V. kapituluan arautuak, finantzatzeko, 1.800.000 euro; horietatik, 720.000 euro 2022ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.080.000 euro, 2023ko konpromiso-krediturako.

e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 380.000 euro; horietatik, 260.000 euro 2022ko ordainketa-krediturako dira, eta, 120.000 euro, 2023ko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 140.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetara bideratuko dira.

– 240.000 euro: horietatik, 120.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 120.000 euro 2023ko konpromiso-aurrekontuari; eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetara bideratuko dira.

3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa iristen ez bada izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek eta horien mendeko erakundeek egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile propio egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.

4.– Erakunde laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Dirulaguntza horiek, pertsonako, 400 eurokoak izango dira, enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak, enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa eta 26. artikuluko 2, 3, 4, 5 eta 6. puntuetan xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan bertan xedatzen dira.

5.– Programa honetan erakunde laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago, https://www.euskadi.eus/servicios/1102107 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, honako hauek zehaztuta: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

7.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko uztailaren 29an amaituko da.

8.– Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak kudeatu, izapidetu eta ebatziko ditu eskabideak.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien dirulaguntza emango zaie.

Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da, laguntza-lerro bakoitzean, erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez emango du baimena deialdi honetan erakunde laguntzaile gisa jarduteko sustatzaileei aholkularitza eta tutoretza ematen eta deialdian aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzen eta ordaintzen. Horretarako, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da, baimenaren baldintzak zehazteko, betiere I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz (http:/www.lanbide.euskadi.eus). Gainera, EHAAn argitaratuko da zein diren laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, dirulaguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko dirulaguntza ere.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Sustatzaile interesdunak jakitun egon daitezen, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko da zein diren deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.

11.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzen kasuan, hilabeteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.

Enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen kasuan, berriz, 2022ko urriaren 31ra arteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ekintzaileei laguntzeko edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.

13.– Hautaketa-prozesuan, erakundeak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

14.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 400 euroko ordainketa bakar bat egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko dirulaguntza eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. «Ordainketa aurreratu hori EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.11 artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da»

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. «Ordainketa aurreratu hori EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.11 artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da»

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.

II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA» BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

1.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango dute 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileek, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen bati laguntza edo tutoretza emateko tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek bi hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

5. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.

c) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunderen batek ekintzailetzari aholkularitza eta laguntza emateko abian jarritako prozesuren batean sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak–.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.

b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere erakunde horiek ekintzaileari laguntza edota tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

10. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Betekizun hori bete beharko da, baita ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean.

c) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Bideragarritasun-plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu laguntza emateko fasearen barruan.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako batek enpresak ezartzeko aholkularitza eta laguntza emateko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea beste inolako laguntzarik helburu berarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Sustatzaileei 1.500 euroko dirulaguntza emango zaie (sustatzaile bakoitzeko), enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakunde laguntzaileen bitartez, betiere erakunde horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 50, 2022ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria pertsonal eta indibidualizatua, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, erakunde laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako betekizunak betetzen direla.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntza-lanak (arkitektoaren azterlan teknikoa barnean), lokalak erostea izan ezik.

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.

g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

● Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

● Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

● Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

● Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

● Lanbideari lotutako joan-etorrietan merkataritza-ordezkari edo -agenteek erabilitakoak.

● Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak; webguneak egiteko gastuak ere hemen sartzen dira, hainbat ekitalditan erabiltzeko asmoarekin egiten badira.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Onuradunak egindako inbertsioak, aurreko paragrafoan adierazitakoak, diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta 2022ko urtarrilaren 1etik dirulaguntza eskatu duen egunaren arteko aldian eginak izan beharko dira.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Halaber, egindako inbertsioak ez dira diruz lagunduko, baldin eta 2. mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko harremana badago zerbitzuaren saltzailearekin edo hornitzailearekin, edo pertsona hori bazkidea edo partaidea bada dirulaguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridikoarena.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2022ko urtarrilaren 1etik dirulaguntza eskatu den egunera arteko aldian.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago, https://www.euskadi.eus/servicios/1102108 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izana egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.

d) Inbertsioen plana, diruz lagun daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskaera aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 31n bukatuko da.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastu hauek ordaintzeko:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: Publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

c) Web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web-orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.

d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

f) Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak ere deialditik kanpo geratuko dira, salbu eta errentamendu-kontratua onuradunaren izenean badago, eta erabilera indibidualeko espazio bat badago negozioa garatzeko.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.

20. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2021eko urriaren 30etik dirulaguntza eskatu den egunera arteko aldian.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Halaber, onuradunak honako hauetan alta emanda jarraitu beharko du diruz lagundutako aldia amaitu arte: EJZ eta autonomoen araubide berezia, dagokion norberaren konturako araubide berezia edo dagokion lanbide-mutualitatea c) apartatuan adierazitako taldeetakoren batean.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 €-ei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago, https://www.euskadi.eus/servicios/1102109 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izana egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 31n bukatuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 40 dirulaguntza ematea onartu ostean, 2022ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 60a. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurrez ikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.

4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

5.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

VI. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren pertsonak eta erakundeak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

II. eta III. kapituluetan araututako dirulaguntza-lerroetan ez besteetan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

c) Ez dute izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

3.– IV. eta V. kapituluetan araututa dauden dirulaguntzen lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza ematen bada ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.

25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak kudeatu eta izapidetuko ditu eskabideak, eta prozedura ebatziko, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.

2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzen eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe horretan esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

4.– Pertsona eta erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

26. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Hirugarren artikuluan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek 13. artikuluaren azken paragrafoan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz edo tutoretzaz arduratutako erakundeak baliozkotu beharko ditu dokumentu horiek.

3.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

4.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzak 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

5.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

6.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko egotz daitezkeen fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako (zergak kanpoan direla) gastuak frogatzeko fakturak eta agiriak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako.

27. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

– IV. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon beharko dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik hasita (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

– V. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon, hamar hilabetez gutxienez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

– Egiaztatu beharko dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa eman beharko diete: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Gertaeraren batek funtsean eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

– Erakunde onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 32. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

28. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko orduan aintzat hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake esleitutako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Gutxieneko baldintza horiek artikulu hauetan jasota daude: II. kapituluko laguntzen kasuan, 5. artikuluan; III. kapitulukoetan, 10. artikuluan; IV. kapitulukoetan, 15. artikuluan, eta V. kapitulukoetan, 20. artikuluan. Era berean, 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileentzako laguntzetarako, 3.2 artikuluan jasota daude gutxieneko baldintzak.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

29. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako emandako dirulaguntza edo laguntzekin.

IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak bata bestearekin, ez eta beste administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin ere, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

30. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez badute betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharra eta dirulaguntza ordaindu zen unetik sortutako berandutze-interesak ordaindu beharra, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, emandako dirulaguntzaren % 50 itzuli beharko da.

III. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, dirulaguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 26.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan, hurrenez hurren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.

4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 2 urteeko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Hala ere, betekizun horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denboraren proportzioan.

5.– Baldin eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 10 hilabeteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio. Prozedura hori hastean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da, gehienez.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezkoa izango da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

32. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea izango dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta haien aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

33. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako dirulaguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende egongo dira.

34. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauek alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta ezarri baitzituen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala