Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2022ko ekainaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2906

505/2022 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez Zuzendaritza Nagusiko Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako Zuzendaritzako Unitateburu Korporatibo lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzen den.

Zuzendaritza Nagusiko Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako Unitateburu Korporatiboa lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza, Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetza. Lanaldi zatitua. Vitoria-Gasteiz.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1/B2 lanbide-taldean.

b) B1 taldeko Diplomadun Sanitarioa edo Gradu Sanitarioa titulua izatea.

c) 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data: 2022-05-05).

d) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1/B2 lanbide-taldean.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

3.– Lanpostuaren eginkizunak.

– Ezagutza eta etengabeko prestakuntza profesionalen artean zabaltzeko estrategiak eta ekintzak lantzea.

– LMAko Zuzendariordetzaren ildo estrategikoetan definitutako ekintzak koordinatzea eta dinamizatzea, taldeak gidatuz.

– Beste erakunde batzuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea proiektuen helburuak betetzeko.

– Zuzendariordetzaren proiektuetan emaitzak ebaluatzen eta hobetu beharreko arloak identifikatzen laguntzea.

4.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

– Euskadiko Lehen Mailako Arretako 2019ko Estrategia ezagutzea eta lankidetzan aritu izana. Agirien bidez egiaztatu ahal izango da.

– Kudeaketa eta lidergoari buruzko prestakuntza. Titulu ofizialekin egiaztatu ahal izango da.

– Osasun publikoari buruzko prestakuntza espezifikoa. Graduondoko edo masterreko titulu ofizialekin egiaztatu ahal izango da.

– Genero-indarkeriari eta zainketa aringarriei buruzko prestakuntza espezifikoa. Graduondoko edo masterreko titulu ofizialekin egiaztatu ahal izango da.

– Ingelesa: B1 mailako irakurmen-gaitasuna.

– Esperientzia taldeen lidergoan, ikerketan eta ezagutzaren hedapenean.

5.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

6.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera, helbide honetara: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, hautagaiak horren berri eman behar du eskaeran.

7.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzordea osatuko da, batzordeburu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena izanik, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko zuzendariordea eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Kalitatearen eta Informazio Sistemen zerbitzuburua eta Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako teknikaria (idazkari izango dena, ahotsarekin eta botoarekin).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

8.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

9.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 15a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala