Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2022ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2886

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonalaren eta etxeko ekipamenduaren azpisektoreei eusteko laguntza-programarako deialdia egiten duena.

EAEko merkataritza-sektoreak garrantzi sozioekonomikoa du EAEko ekonomian eta hori zifretan jartzen da agerian, bai barne-produktu gordinean duen garrantzi espezifikoaren bidez (% 10,67), bai enplegua sortzeko duen gaitasunarengatik; 2021. urtearen amaieran erregistratutako 127.324 kide zeuden (txikizkako merkataritza-sektoreari lotutako 73.940 kidetza) eta 36.679 saltegi: 23.103 txikizkari (% 63), 10.349 handizkari (% 28) eta 3.227 automozio-sektorean (% 9).

Mikroenpresen eta enpresa txikien sarean oinarritutako enpresa-egiturak (merkataritza-enpresen % 72,23 inguruk 2 langile baino gutxiago dituzte, eta % 90,89 inguruk 5 langile baino gutxiagoko plantillak dituzte) eta autonomoen kolektibo garrantzitsuan oinarritutakoak (kolektibo hori txikizkako merkataritza-sektorean sortutako enpleguaren % 34 da).

COVID-19aren krisi sanitarioak merkataritzaren sektoreari egin zion kalte bereziki. Eustatek argitaratutako datuen arabera, merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko beherakada metatua izan zuen 2020an, aurreko urtearen aldean, lan-egutegia homogeneoa eta prezio konstanteak aplikatuta. 2021eko balantzean, txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,6 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, beraz, nolabaiteko suspertzea izan da, baina, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz une honetan dagoen egoera belikoa dela-eta, merkataritza-sektoreak babesa eta bultzada behar ditu jarduera berraktibatzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.

Egoera horren eraginez, Espainiako Gobernuak presako neurriak hartu ditu Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko, kolektibo ahulenei eta ekoizpen-sektore kaltetuenei laguntzeko, hornidurak bermatzeko eta erregaien eta elektrizitatearen prezioak jaisteko. Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Estatuko planaren bidez, baliabide publikoetatik 16.000 milioi euro mobilizatzeko asmoa du.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, 200 milioi inguruko balioa duten neurri osagarri batzuk onartu ditu, «erreskate sozialeko funts» batean eta «erreskate ekonomikoko funts» batean banatuta, ekonomia, enplegua, industria-sarea, familiak, pertsonak eta sektore ahulenak babesteko; horien artean, merkataritza-sektorea dago. «Merkataritza-sektorerako laguntza osagarriak» bideratu dira sektore horretara, 20 milioi euroko baliokoak, kontsumoa sustatzeko programa baten eta txikizkako merkataritza-sektorea babesteko programa baten bidez; izan ere, EIN erakundearen txikizkako merkataritzako indizearen (TMI) arabera, 2022ko otsailean, EAEko txikizkako merkataritzako prezio konstanteko salmentak, gainerako autonomia-erkidegoekin eta hiri autonomoekin alderatuta, jaitsiera handiena izan dutenetako bat da: Gaztela-Mantxa (–% 1,3), Euskal Autonomia Erkidegoa (–% 1,1) eta Nafarroako Foru Komunitatea (–% 0,6). Baliabide ekonomiko horiek Gobernu Kontseiluaren 2022ko apirilaren 12ko Akordioan onartu ziren. Akordio horren bidez, aurrekontu-neurriak hartu ziren Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei dagokienez.

Egungo egoera belikoa, 2022ko bigarren hiruhileko honetan, salmenten eta/edo eskaeren bolumena txikitzea eta hornidura-katean etenaldiak izatea eragiten ari da. Horien ondorioz, likidezia-arazoak eta galerak sortzen ari dira, eta horiek, kasu askotan, txikizkako merkataritza-sektorearen bideragarritasuna arriskuan jartzen ari dira.

Hala ere, azpimarratu behar da txikizkako merkataritza-sektorean askotariko jarduerak daudela (pertsonaren ekipamendua, etxearen ekipamendua, janariak, eta abar), eta azpisektoreek zeinek bere egoera duela.

Azken hilabete hauetan, kostuak handitu direnez, bai logistikoak (etxeko ekipamenduan % 83,08), bai lehengaienak (etxeko ekipamenduan % 98,5), salmentetan geldialdi bat gertatu da, eta, horren eraginez, ondasunen stockak pilatzen ari dira, adibidez: ekipamendu pertsonalekoak (ehungintza eta oinetakoak), % 68,97, eta etxeko ekipamendukoak, % 48. Horrez gain, hornikuntza falta dago, batez ere arropa, oinetako eta etxetresna elektrikoen eskaeretan. Geldialdi hori prezioen igoerari egozten zaio, baina baita gastatzeko beldurrari, gerrari berari eta etorkizuna ziurgabea izateari ere, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna gerraren ondorioak mugatzea bada ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontuan hartu behar ditu krisi global hori txikizkako merkataritzaren sektorean izaten ari den ondorioak eta eragina ere, sektore hori enplegu- eta ongizate-iturria baita euskal gizarte osoarentzat.

Egoera honetan, arlo ekonomikoari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasuna da EAEko txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntzea, batez ere azpisektore kaltetuenei, inpaktua minimizatzeko eta, jarduera lehenbailehen suspertu dadin.

Hori horrela, likidezia eta kreditua bermatzeko, enplegua babesteko, zergen alorreko edo alokairura bideratutako neurrien eta ildo horretan garatzen diren beste hainbaten osagarri gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen du itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-lerro bat ezartzea, EAEko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren eta etxekoaren sektoreari laguntzeko jasaten ari den zailtasunen aurrean.

Laguntza-programa hau premiazkoa denez, prozedura arina behar du. Ezin da bestela izan gaur egungo egoeran, eta, era berean, aurreikusitako eskabide kopuru handia ahalik eta lasterren izapidetzeko aukera eman behar du. Gainera, laguntzak kudeatzeko, komenigarritzat jo da gastu publikoaren kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten beharrezko kontrolak errespetatzea. Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela.

Laguntza honen oinarrizko helburua honako hau da: EAEko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren eta etxekoaren azpisektoreak, norberaren konturako langileak edo autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko oinarriak ezartzea, gaur egungo egoera belikoaren inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzeko.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2022rako Plan Estrategikoaren 2. aldaketan sartzen da. Aldaketa hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa du.

Hori dela-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluaren, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Laguntzen agindu honen xedea da oinarriak ezartzea EAEko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren eta etxekoaren azpisektoreak, norberaren konturako langileak edo autonomoak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak eta mikroenpresak eta enpresa txikiak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko, eta, horrela, jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzea.

2.– Xede horrekin bat etorriz, laguntza-lerro honen helburua da EAEko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren eta etxekoaren azpisektoreetako norberaren konturako langileen edo langile autonomoen, ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen, mikroenpresen eta enpresa txikien zuzeneko galera ekonomikoak apaltzea; izan ere, egungo egoera belikoak eragindako zailtasun-egoerak nabarmen kaltetu du haien guztien merkataritza-jarduera.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 15.000.000,00 eurokoak dira guztira, eta 2022ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

2.– Aurreko atalean ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortuko balitz, laguntza berriak ematea etengo litzateke, eta ebatzi gabe dauden eskabideak ezetsi egingo lirateke. Hori dela eta, Merkataritzako zuzendariak, organo kudeatzailea den aldetik, kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– Agindu honen I. eranskinean zerrendatutako jarduerak egiten dituzten norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, mikroenpresek eta enpresa txikiek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan bildutako laguntzak, baldin eta haien saltegia Euskal Autonomia Erkidegoan baldin badago.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez egiaztatzen da laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3.– Artikulu honetan adierazitako entitateek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta euren jarduera agindu honetako I. eranskinean adierazitako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeen barruan sartzen bada.

4.– Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

5.– Pertsona eta entitate eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte 2022ko otsailaren 24a baino lehen, hau da, Ukrainako gerra hasi baino lehen:

a) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta laguntzaren xede den saltegia bertan egotea.

b) Agindu honen I. eranskinean aipatzen diren jardueretako batean aritzea.

c) Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea.

d) Entitate eskatzaileak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon beharko du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du puntu honetako b) eta d) apartatuetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, aurreko apartatuetan identifikatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Gainerako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileak agiriak aurkeztu beharko ditu, II. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

6.– Artikulu honetan adierazitako eskakizunei nahitaez eutsi beharko zaie, gutxienez, laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrerako sei hilabeteetan.

Merkataritza Zuzendaritzak egiaztatuko du mantendu egiten dela onuradunen jarduera.

7.– Aurreko apartatuetan aurreikusten diren baldintzez gain, pertsona eta entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne (Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

e) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan aurreikusitako kasuan ez egotea.

f) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Era berean, deialdi honen organo kudeatzaileak dirulaguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz. Modu arrazoituan aurka egiten badu (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak, 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera), orduan aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Pertsona edo entitate onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eskabidearen xede den saltegian 2022ko otsailaren 24a baino lehen alta-egoeran zeuden langileen kopuruaren arabera ezartzen da, honako taula honen arabera:

– 1 eta 9 langile bitarteko saltegiak: 2.000 euro.

– 10 langileko edo gehiagoko saltegiak: 3.000 euro.

Kasu guztietan, langile guztien zenbaketan autonomoak ez ezik soldatapekoak ere sartuko dira, kontuan hartu gabe lanaldi osoa edo partziala duten, jardunean dauden, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden, lan-harremana etenda duten edo jarduera utzita dauden.

Langile berak saltegi bakarrera egon ahalko du atxikita.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo lehenengo egun balioduneko goizeko bederatzietan hasiko da, eta hura argitaratzen denetik 30 egun naturalera amaituko.

2.– Saltegi bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta xede horretarako aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste:

1) Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:

a) Eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa, enpresa txikia, edo nortasun juridikorik gabeko taldea (ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila) den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren datu pertsonalak identifikatu beharko dira, baita zer partaidetza-ehunekoa duen ere.

Horrez gain, berariaz zehaztu beharko da dirulaguntza-eskabidearen xede den saltegiaren kokapena eta izena, baita eskabidean aipatzen den saltegia alta emanda dagoen ekonomia-jardueren gaineko zergaren jarduera nagusiaren epigrafea ere.

b) Entitate onuradun izateko deialdi honen 3. artikuluaren arabera, ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

c) Pertsona edo entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

d) Betetzen dituela beharrezkoak diren baldintzak mikroenpresa edo enpresa txiki gisa hartua izateko:

1) 50 langile baino gutxiago izatea, eta gehienez 10 milioi euroko negozio-bolumena edukitzea deialdi honen aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, edo gehienez 10 milioi eurokoa izatea urteko balantzea.

2) 50 langile edo gehiago, 10 milioi eurotik gorako negozio-bolumena edo 10 milioi euro baino gehiagoko urteko balantzea duen enpresa batek haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

e) Pertsona edo entitate eskatzailearen 2022ko otsailaren 24a baino lehenagoko plantilla osoari buruzko datuak. Informazio hori honela banakatuko da: gizon eta emakume kopurua eta langile bakoitzaren izen-abizenak, NANa eta gizarte-segurantzako zenbakia.

Informazio hori entitate juridiko eskatzaileak aurkeztutako «Kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena» izeneko dokumentuaren bidez eta, langile autonomoen kasuan, «Lan-bizitzaren txostena» izeneko dokumentuaren bidez egiaztatuko da.

f) Laguntzaren xede den saltegia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea eta 2022ko otsailaren 24a baino lehenagotik martxan egotea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du informazio hori, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu egiaztapena egiteko behar diren egiaztagiriak.

g) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

h) Ez duela inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren organismo autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik. Hala bada, zer prozedura den edo diren adierazi beharko da.

2) Administrazioak laguntza ordain dezan, ematen bada, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarren Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota. Modu telematikoan egin beharko du, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak-argibideak helbidean dauden jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkariak) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago.

Bankuaren datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagokio, laguntza ordaindu arte.

4.– Eskabideak bitarteko elektronikoz egingo dira, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112902 helbidearen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari kalterik egin gabe.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hirugarrenen altaren edo aldaketaren kasuan, artikulu honetako 3.2 lerrokadan agertzen den helbidea baliatu beharko da.

Elektronikoki izapidetutako eskabideen kasuan, erregistro elektronikoan ageri den data hartuko da aurkezpen-datatzat.

Eskabidea egin ondorengo izapideak: jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, baita eskabide-eredua ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112902. Era berean, eskabide-eredua II. eranskinean dago.

Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), edo honen bidez:

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritzako Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik ezen bat dagoela, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zer ordutan jarri den interesdunaren eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpenari uko egin diola. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

8. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Dirulaguntzen eskaerak ebatzi egingo dira, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, erregistro elektronikoaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, nolanahi ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.

2.– Onuradun izateko galdatutako eskakizunak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta dokumentazioa bete ondoren; horrez gain, ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzako langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, zuzendaritza hori baita laguntzen programa kudeatzen duen organoa. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango dute edozein unetan.

9. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura eta errekurtsoak.

1.– Merkataritzako zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, gehienez ere 3 hilabeteko epean, eskabidea (formulazio eskabidea zein zuzenketa eskabidea) osatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta ebazpen arrazoitua emango du aurkeztutako dirulaguntza-eskabide bakoitzari dagokionez.

2.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak; hori guztia, diruz lagundutako pertsona eta entitate onuradunen eta emandako zenbatekoaren zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea alde batera utzi gabe.

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

3.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango inola ere jakinarazpen-baliorik.

4.– Ebazpen horrek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Kontsumoko sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, 11.c) artikuluan adierazitako epea igarotakoan, baldin eta berariaz uko egiten bazaio.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzearen baldintzapean geratuko da ordainketa.

11. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jardueran alta emanda egotea, eta 3.3 artikuluan adierazitako kolektibo onuradunetako baten barruan egotea gutxienez ondoz ondoko sei hilabetez, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Jardueran gutxienez sei hilabetez aritzea jarraian, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Enplegu-mailari eustea laguntza eman eta 6 hilabetez.

12. artikulua.– Uko egitea.

1.– Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat egin bada, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate onuradun horri dagokionez.

2.– Ez da onartuko erakunde interesdunari deialdiaren esparruan hasitako prozedura baten berri eman ondoren (ez-betetzea adierazteko prozedura bat edo zehapen-prozedura bat) aurkeztutako ukoa. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebazpena eman arte.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, Merkataritzako zuzendariak aldatzeko ebazpena emango du, zeinetan emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko baitira, alderdi interesdunei entzun ondoren.

2.– Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, sortutako berandutze-interes eta guzti.

14. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik edo entitate pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek errespetatu egingo dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak Europar Batasunaren laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako «minimis» arauak, bai eta Europar Batasunaren esparruan horretarako emandako beste jarraibide edo xedapen batzuk ere.

15. artikulua.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu, dirulaguntza-deialdi honetako baldintzak betetzen diren hobeto ezagutzeko, eta entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, Merkataritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren –non entitate interesdunari entzungo zaion– adieraziko du, ebazpen bidez, erabat edo zati batean galdu duela dirulaguntza eskuratzeko eskubidea, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, ez-betetzearen graduarekiko proportzioan, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, diru-itzulketa partzialari dagokionez, 38/2003 Legearen 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

2.– Ez-betetzearen espediente hori elektronikoki izapidetuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), salbu eta interesdunak legitimoki beste bide bat eskatzen badu.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

1.– Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira, https://www.euskadi.eus/rgpd/1112902 helbidean jasotakoaren arabera.

2.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritza da dirulaguntza-programa honen izapideetatik eratorritako datu pertsonalak tratatzeaz arduratzen den organoa.

3.– Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

18. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
DIRUZ LAGUN DAITEZKEEN EKONOMIA-JARDUEREN GAINEKO ZERGAREN EPIGRAFEAK
651. taldea. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

651.1 epigrafea.– Etxerako ehungintza-gaien eta jantzi-gaien, alfonbren nahiz antzekoen eta tapizgintza-gaien txikizkako merkataritza.

651.2 epigrafea.– Gorputzerako nahiz bururako mota guztietako jantzien txikizkako merkataritza.

651.3 epigrafea.– Lentzeriaren eta kortseteriaren txikizkako merkataritza.

651.4 epigrafea.– Mertzeriako eta paketeriako gaien txikizkako merkataritza.

651.5 epigrafea.– Jantzi berezien txikizkako merkataritza.

651.6 epigrafea.– Zapaten, larruzko produktuen eta imitaziozkoen nahiz ordezko ekoizkinen, gerrikoen, diru-zorroen, poltsen, maleten eta, oro har, bidaiatzeko gauzen txikizkako merkataritza.

651.7 epigrafea.– Larrukigintzako jantzien txikizkako merkataritza.

652. taldea. Drogeriako eta garbiketako gaien txikizkako merkataritza; mota guztietako lurrinena eta kosmetikoena; eta, oro har, kimikako ekoizkinena.

652.2 epigrafea.– Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

652.3 epigrafea.– Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.

653. taldea. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

653.1 epigrafea.– Altzarien txikizkako merkataritza (bulegokoak ezik).

653.2 epigrafea.– Material eta aparatu elektrikoen, elektronikoen eta etxetresna elektrikoen, argindarraz besteko energia mota batez eragiten diren etxeko bestelako aparatuen eta sukaldeko altzarien txikizkako merkataritza.

653.3 epigrafea.– Etxeko hornidurarako, burdindegiko, apaindurako, oparitarako edo erakartzeko gaien txikizkako merkataritza (erakartzeko gaiak, imitaziozko bitxiak eta etxetresna elektriko txikiak barne).

653.4 epigrafea.– Eraikuntzako materialen eta saneamenduko gaien eta altzarien txikizkako merkataritza.

653.5 epigrafea.– Ateen, leihoen eta pertsianen, molduren eta markoen, oholtzen eta parket-mosaikoen, saski- eta kortxo-gaien txikizkako merkataritza.

653.6 epigrafea.– Brikolajeko gaien txikizkako merkataritza.

653.9 epigrafea.– Bestelako ataletan bildu ez diren etxeko ekipamendurako gaien txikizkako merkataritza.

97. taldea. Zerbitzu pertsonalak.

975. epigrafea.– Markogintza-zerbitzuak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala