Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2022ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2871

AGINDUA, 2022ko ekainaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan.

Ikasturte bakoitzaren hasieran irakasle-beharrak planifikatzeko eta identifikatzeko prozesu batzuk egin behar dira; eta, horretarako, langileak kudeatzeko prozedura batzuk garatu behar dira, eta horien guztien amaiera ikasturte hasierako esleipena da. Bertan, irakasleen lanpostuak esleitzen zaizkie behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioei, hautaketa-prozesuetan hautatuak izan direnei eta ordezkogaien zerrendan daudenei. Prozedura honen bidez esleitzen diren lanpostuen iraupena ikasturte osokoa izango dela aurreikusten da, eta lanpostu horiek ez ditu plazaren titularrak beteko.

Azken urteotan urrats berriak egin dira ikasturte-hasierako esleipenean kudeaketa eraginkorragoa eta egokiagoa lortzeko, bai eta, oro har, sistemaren maila eta eremu guztietan sortzen diren langile-premiei erantzuteko ere.

Orain arte, modu jarraian egindako hiru prozesu desberdinen bitartez hautatzeen ziren lanpostuak, parte-hartzaileen izaeraren arabera. Lehenik eta behin, behin betiko destinorik ez zuten edo beteko ez zuten karrerako funtzionarioak esleitzeko prozedura egiten zen. Ondoren, praktikak egin behar zituzten langileei lanpostuak esleitzeko prozedura egiten zen. Azkenik, aurreko bi prozesuak egin ondoren libre geratzen ziren lanpostuak esleitzen ziren, eta plaza horiek ordezkogaien zerrendako langileei eskaintzen zitzaizkien. Prozesu bakoitzerako eskaera-prozedurak, esleipenaren behin-behineko ebazpena, erreklamazioen epea eta esleipenen behin betiko ebazpena egiten ziren.

Prozesu horiek aztertu ondoren, ikusi da ez dagoela eragozpenik esleipen guztiak prozedura bakar batean egiteko; horrela, bikoiztutako prozedurak saihestu eta ikasturte hasierako esleipena sinplifikatu egingo da. Prozesu berriak esleipen-fase bakarra du, lehentasun-hurrenkera honen arabera egingo dena: lehenik, behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioek izango dute esleitzeko lehentasuna; bigarrenik, hautaketa-prozesuetan hautatutako pertsonek izango dute esleitzeko lehentasuna; azkenik, gainerako lanpostuak ordezkapen-zerrendetan dauden langileei esleituko zaizkie.

Gai horri dagokionez, hainbat aginduk arautzen dituzte ikasturte-hasierako lanpostu hutsen esleipena, bai eta horiek gauzatzeko kudeaketa-sistemak ere, adierazitako kolektibo bakoitzerako:

Ildo horretan, aipatu behar da 2012ko ekainaren 6ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko da, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez. Era berean, aipatu behar da 2011ko uztailaren 15eko Agindua, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez. Azkenik, 2012ko abuztuaren 27ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko ekainaren 1eko Aginduaren bidez, bitarteko langileak aurreko ikasturtean zerbitzuak ematen zituzten lanpostuetan egonkortzeko prozedura arautu zen. Iaz, arestian deskribatutako egonkortasun-prozedura abiarazi zen, aurreikusi gabeko egoera eta emaitzekin; eta, horregatik, Agindu honetan helburu bera duen prozedura berri bat arautzen da, hau da, zerbitzuak ematen dituzten lanpostuetan bitarteko langileei egonkortasuna ematea, hobetzeko proposamenak txertatuz, bai ezarritako helburua betetzeko, bai esleipenak kudeatzeko, eta hautagaiek egindako eskaerak kontuan hartzeko.

Horretarako, Agindu honen bosgarren kapituluan ordezkapen-zerrendetako hautagaien artean lanpsotuak esleitzeko lehentasunezko eskubidea garatu da, aurreko ikasturteko ikastetxe berean eskolak ematen jarraitu ahal izan dezaten, betiere bi ikasturteetako plazen ezaugarriak berdinak badira. Lehentasunezko eskubide hori klaustroen egonkortasunari laguntzeko eta irauteko bokazioa duten lantaldeak osatzeko aitortzen da. Aurreko Aginduan bezala, helburua da ikastetxeetan langileei jarraitutasuna ematea eta plantillen egonkortasun handiagoa lortzea ahalbidetuko duten ereduetarantz joatea. Eredu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuan daude jasota, zehazki 18. artikuluan. Eskubide hori erabiltzea borondatezkoa izango da, 2020ko ekainaren 1eko Aginduan araututako egonkortasun-prozesuan ez bezala.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoez gain, eta adostutako hobekuntzen barruan, honako hauek aipatu behar dira:

Berritasun gisa, zehaztu den bezala, I. kapituluan hautatzeko eta esleitzeko prozedura zehazten da, fase bakar batean egituratuta. Prozedura errazte horrek aukera ematen du esleipenak ohikoa baino epe laburragoan egiteko eta, horrela, ikasturte-hasierako lanpostuak eta estaldura-premiak esleitzen dituen behin betiko ebazpena aurreratu ahal izateko. Horrela, ikastetxeek eta prozesuan eskaintzen dituzten lanpostuen eta estaldura-premien esleipendunek ahalik eta lasterren jakingo dute hurrengo ikasturterako destinoa. Horrek bermatzen du zuzendaritzek hobeto kudeatuko dituztela giza baliabideak ikastetxean, eta prozesu horretan parte hartzen duten langileen lan-egoera hobetuko dela; izan ere, ikasturte hasierara arte ez dute itxaron beharko haien destinoa ezagutzeko.

Parte hartzeko eskaera formulario elektroniko baten bidez formalizatuko da, eta pertsona bakoitza Hezigunea ingurunetik sartuko da bertara. Parte-hartzaile bakoitzak 1. kidetasuneko lanpostuen eta estaldura-premien eskaintza pertsonalizatua jasoko du, bere egoeraren arabera, eta lehentasun-ordenaren arabera ordenatu beharko ditu.

Prozedura hori garatzen zuen 2020ko ekainaren 1eko Aginduan eta aurrekoetan ez bezala, II. kapituluan xedatzen da parte-hartzea borondatezkoa izango dela eta, beraz, ez da nahitaezko lanposturik edo estaldura-premiarik esleituko. Gainera, agindu hau aplikatuz, ez da mugatuko ordezkogaien zerrendak osatzen dituzten langileen lurraldea, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lurraldetako lanpostuak eta estaldura-premiak aukeratu ahal izango baitituzte. Eskaerak baliozkotu eta osatu ondoren eta gerta daitezkeen akatsak zuzendu ondoren esleitzen da lanpostua, fase bakoitzean langileak antolatzeko eta lanpostuak esleitzeko jarraibide espezifikoak aplikatuz.

III. kapituluak prozeduraren instrukzioa garatzen du: hasteko, organo eskuduna eta argitalpenei buruzko guztia zehazten du; IV. kapituluak, berriz, behin-behineko nahiz behin betiko esleipena arautzen du, bai eta izendapena edo kontratazioa, lanpostuaz jabetzea eta uko egiteak ere.

Azkenik, V. kapituluak lehentasunezko esleipenerako eskubidea garatzen du, 2020ko ekainaren 1eko Aginduan araututako egonkortasun-prozedura ordezten duena. Eskubide hori ordezkapen-zerrendetako izangaiek baino ez dute baliatuko, eta horiek borondatez baliatu ahal izango dute, horretara behartuta egon beharrik gabe, egonkortasun-prozeduran ezartzen zen bezala. Kasu honetan, aurreko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe batean ematen ari zen ordezkapen-zerrendetako kideari lehentasunezko esleipen-eskubidea ematen zaio espezialitate, lanaldi eta profil bereko ikastetxe bereko lanpostu batean, baldintza horiek betetzen ez dituen beste pertsona baten aurretik. Plaza bera izateko eskubidea duten bi pertsona lehiatzen badira, zerrendetako hurrenkera onenaren irizpide orokorra aplikatuko da.

Lehentasunez esleitzeko eskubideari dagokionez, printzipioz gehienez ere hiru urteko epea aurreikusten da, eta horixe da gaur egun indarrean dagoen legediak baimentzen duen gehienekoa Administrazio Publikoko lanpostu bat aldi baterako betetzen jarraitu ahal izateko. Gainera, esleitzeko lehentasunezko eskubidearen indarraldia datozen urteetan gerta daitezkeen lehiaketa-prozesuen edo oposizio-lehiaketen bilakaeraren araberakoa izango da. Langileak egonkortzeko prozesuen ondorioz bitartekotasun-indizeak nabarmen jaisten badira, ikastetxeei egonkortasun handiagoa emateko diseinatutako lehentasunezko esleipen-eskubideari eusteko beharra baloratuko da.

Testuak bi xedapen gehigarri ditu. Lehenengoak langileak kudeatzeko zuzendariari ahalmena ematen dio agindu hori garatzeko jarraibideak eman ditzan. Bigarrenak 2021-2022 ikasturteko egonkortze prozesua bertan behera uzten du.

Hori guztia dela eta, honako hau xedatzen dut

I. KAPITULUA
PROZEDURA ETA DEIALDIA

1. artikulua.– Xedea.

1.– Honako hau da agindu honen xedea: irakasleen ordezkapenen zerrenda orokorreko hautagaiak nola aukeratu behar diren eta esleipena nola egin behar den arautzea ikasturte hasierarako. Ordezkapen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan Hezkuntzako eskumenak dituen sailaren menpeko ikastetxe publiko unibertsitateaz kanpokoetan egitekoak izango dira.

2.– Prozedura hori esleipen prozesu bakar batean egituratzen da, eta urtean behin eta ikasturtea hasi aurretik egingo da.

3.– Prozedura lanpostuak esleitzeko prozesuarekin batera gauzatuko da, karrerako irakasle funtzionarioei eta behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten lan-kontratuko langile finkoei dagokienez, bai eta irakasleen kidegoetan sartzeko edo sartzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten pertsonei dagokienez ere. Langile horien esleipenei dagokienez, kolektibo bakoitzaren arauetan xedatutakoa bete beharko da, eta, nolanahi ere, lanpostuak esleitzeko edo estaldura-premiak betetzeko lehentasuna izango dute irakasleen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak osatzen dituzten langileen aurretik.

4.– Irakasleen aldi baterako beharrak betetzeko zerrendak osatzen dituzten hautagaientzako lanpostuen eta estaldura-premien esleipena agindu honen 9. artikuluan ezarritako lehentasun-irizpideen arabera egingo da.

2. artikulua.– Deialdia.

1.– Prozedura ofizioz deituko da lanpostuak esleitzeko prozesuarekin batera, behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako irakasle funtzionarioei eta lan-kontratudun langile finkoei dagokienez, bai eta irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten pertsonei dagokienez ere, Hezkuntza Saileko langileak kudeatzeko zuzendariaren langileen kudeaketako organo eskudunaren titularraren ebazpena argitaratu ondoren. Ebazpen horrek prozedurari hasiera emango dio eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgune ofizialean argitaratuko da.

2.– Prozedura deitzen duen ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu:

a) Parte hartzeko eskaera aurkezteko epea.

b) Instrukzio-izapideak, lanpostuen esleipena eta dagokion izendapenak eta kontratazioak egiteko datak.

c) Esleitutako lanpostuez jabetzeko eguna.

3. artikulua.– Prozeduran sartzen diren lanpostuak eta estaldura-premiak.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen eta deialdian ezarritako egunean argitaratuko dira eskainitako lanpostuak eta estaldura-premiak eta horien ezaugarriak.

2.– Prozeduran, oro har, jardunaldi erdiko edo gehiagoko estaldura-premiak eta lanpostu hutsak edo titularrak betetzen ez dituenak sartuko dira, baldin eta aurreikusitako betetze-beharra ikasturte osorako bada, ikasturteko abuztuaren 31ra arte hain zuzen ere.

II. KAPITULUA
ESLEIPEN-FASE BAKARRA

4. artikulua.– Borondatez parte hartzea.

1.– Esleipenean borondatez parte hartuko dute, prozesuan parte hartzeko deialdian ezarritako eskabidea aurkezteko epea hasi baino 5 egun baliodun lehenago, aldi baterako beharrizanak estaltzeko hautagaien zerrenda orokorrean hurrengo ikasturterako 1. kidetasuneko egoeran lanerako prest dauden pertsona guztiek.

Eskabideak aurkezteko epean, parte-hartzaileek zerrenda pertsonalizatua izango dute, eta, bertan eskatu ahal dituzten lanpostu eta estaldura-premiak adieraziko dira, lanpostuen ezaugarrien arabera eta hautagaiak erabilgarri dauden zerrenden arabera. Lanpostuen eta estaldura-premien eskaintzan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako plazak aukeratu ahal izango dituzte beren borondatez, eta horrek ez du ekarriko birbaremazioan agertzen diren lurralde- eta lanaldi-aukerak aldatzea.

2.– Atzerriko hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu edo estaldura-premia bat betetzeko, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren 2. artikuluan jasotako betekizunak egiaztatu beharko dira (73/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan arloak edo ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren eskakizunak ezartzen dituena eta, ordu-kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez, tituluak eta ziurtagiriak onartzen dituena).

5. artikulua.– Esleipen-prozeduran jasotzen diren lanpostuen edo estaldura-premien egitura.

3. artikuluan aipatzen diren lanpostuen egituran, gutxienez, honako informazio hau hartuko da kontuan:

a) Irakaskuntzako kidegoaren izena.

b) Irakaskuntza-espezialitateen izena, hala badagokio.

c) Lanpostuaren kodea.

d) Hizkuntza-eskakizuna.

e) Irakaskuntza-orduak.

f) Ikastetxearen izena.

g) Udalerriaren izena.

Eskainitako lanpostuak eta estaldura-premiak argitaratzen diren unean dagoen informazio osagarria argitaratu ahal izango da, erreferentzia hobea izateko. Informazioa izanez gero, lanpostuek edo estaldura-premiek tutoretza-lana egitea dakarren edo gela egonkor batean eman nahi den zehaztuko da.

III. KAPITULUA
PROZEDURAREN INSTRUKZIOA

6. artikulua.– Organo eskuduna.

Langileak kudeatzeko zuzndaritzak egingo du prozeduraren instrukzioa, eta lurralde-ordezkaritzei dagokien zerbitzuek hartuko dute parte.

7. artikulua.– Argitalpenak.

1.– Deialdia, eranskinekin batera, eta lanpostuak eta estaldura-premiak esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpenak deialdian adierazitako moduaren bitartez argitaratuko dira.

2.– Parte-hartzaile bakoitzak prozesuaren parte hartzeari buruzko informazioa eskuragarri izango du.

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Lanpostuen eta estaldura-premien eskera deialdian ezarritako epearen barruan egin beharko da, eta edozein unetan aldatu ahal izango da eskabideak aurkezteko epea irekita dagoen bitartean. Lerro bakoitzaren hasieran agertzen den eskaera-zenbakiak zehaztuko du egindako eskaeren artean hautatzeko lehentasuna.

Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprimatu ahal izango dira.

2.– Eskabidea automatikoki itxiko da deialdian ezarritako epea amaitzen den unean; beraz, ordura arte grabatutakoa hartuko da kontuan.

Grabatutako behin betiko datuak behin betiko formatuan inprimatu ahal izango dira.

3.– Eskabidea itxi ondoren, ezin izango da inolako aldaketarik egin, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat lortu ahal izango du, behin betiko erregistratutako aukera eta eskaerekin.

IV. KAPITULUA
ESLEIPENA, IZENDAPENA EDO KONTRATAZIOA, JABETZA HARTZEA ETA KARGU-UZTEA

9. artikulua.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpena.

1.– Deialdia egin duen organoak ebazpena emango du, 2. artikuluan ezarritako epeetan, kasuan kasuko lanpostuen eta estaldura-premien esleipena behin-behinekoz onartzeko, honako arau hauen arabera:

a) Parte hartzaile bakoitzak eskabidean ezarritako lanpostuen eta estaldura-premien lehentasun-ordena.

b) Argitaratutako urteko azken birbaremazio-prozesutik ateratzen den hautagaien zerrendako posizioa, agindu honen 13. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.– Lanpostua edo lanpostua betetzeko beharrari ezin zaio uko egin, eta horrek hautagaien zerrendatik aldi baterako kanpo uztea ekarriko du.

3.– Deialdian zehazten den epean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da behin-behineko esleipen-ebazpenaren aurka.

4.– Deialdian zehaztutako erreklamazio-epea igarotakoan, ebazpena emango da dagokion esleipenean jasotako lanpostu-esleipenak behin betiko onartzeko. Behin betiko esleipenaren onarpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa egin ahalko da hilabeteko epean.

10. artikulua.– Lanpostuaren izendapena eta jabetza hartzea.

1.– Lanpostu baten esleipendun den pertsona izendatua edo kontratatua izango da esleitutako lanpostu edo estaldura-premia jakin batean dagokion kidego eta espezialitateko eginkizunak betetzeko, eta lanpostu edo estaldura-premia horren identifikazioa izendapenean edo kontratuan sartuko da.

2.– Izendatutako pertsonak esleitutako lanpostuaren edo estaldura-premiaren jabetza hartu beharko du esleipen-ebazpenean adierazten den datan.

3.– Irakasleen aldi baterako beharrizanak estaltzeko hautagaien zerrendak arautzen dituen araudian, lanpostuaz jabetzeko finkatutako dataren ondoren lanpostuan hasteko aukera ematen duten zenbait kasu ezartzen dira. Egoera horiek erakunde eskudunek emandako agirien bidez egiaztatuko dira, alegatutako arrazoiaren arabera.

11. artikulua.– Uko egitea.

1.– Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako kasuan izan ezik, esleitutako lanpostuari zein estaldura-premiari eta, hala badagokio, egindako izendapenari edo kontratazioari uko egitea justifikatu gabetzat joko da.

Lanpostuaz jabetzeko egunean ikastetxean agertzen ez den pertsona izendatuak edo kontratatuak izendapenari edo kontratuari uko egiten diola ulertuko da.

2.– Esleitutako lanpostua betetzeari ezin zaio uko egin, ordezkapenetarako izangaien zerrendaren kudeaketari buruz indarrean dagoen araudian jasotako uko egiteko arrazoiren bat duten izangaien kasuan; betiere, arrazoi hori aurreikusi ezin diren egoera berrien ondorio bada, eta egoera horiek eskabideak aurkezteko epea hasi aurreko bost egun baliodunen eta lanpostuaz jabetzea borondatezkoaren ondorio ez badira.

Justifikatutzat joko da, soil-soilik, baldin eta justifikazio moduan oinarri hartutako egoera indarrean dagoen urteko irailaren 1a baino lehen jakinarazi eta egiaztatzen bada.

12. artikulua.– Izendatutako edo kontratatutako pertsona kargugabetzea.

Bitarteko funtzionarioen edo kontratatutako pertsonaren kargugabetzea honako kausa hauetako batengatik gertatuko da:

a) Justifikatutako uko egitea.

b) Justifikatu gabeko uko egitea.

c) Aldi baterako ordezkatutako pertsona ordezkapenaren xede diren eginkizunetan hastea.

d) Lanpostua karrerako funtzionarioei behin-behinean edo behin betiko adskribatzea.

e) Lanpostua praktiketako funtzionarioei adskribatzea.

f) Lanpostua desagerraraztea.

g) Bitarteko langile funtzionarioen araudian jasotako beste edozein.

2.– Iraupen minimo jakin bat zenbatesten zaion hutsik ez dagoen lanpostu baterako izendatutako edo kontratatutako pertsona bat aldez aurretik kanporatzen bada lanpostutik erreserba duen funtzionarioa edo lan-legepekoa lanean hasteagatik, arauzko estalduragatik edo esleipena egin aurretik ezagutzen ez den beste edozein kausarengatik, ez da kalte-ordainik edo eskubiderik sortuko aurreikusitako gutxieneko denbora.

V. KAPITULUA
ESLEITZEKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA

13. artikulua.– Lehentasun-eskubidea ikasturte hasierako esleipen prozesuan.

1.– Salbuespen gisa, 9. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, lehentasunezko esleipen-eskubidea ematen zaio ikastetxe berean espezialitate, lanaldi eta profil bereko lanpsotu edo estaldura-premia batean irakasten zuen bitarteko langileari, adierazitako baldintzak betetzen ez dituen beste bitarteko langilearen aurretik.

Ikastetxe berean lanspotu edo estaldura-premia baten gainean lehentasunezko eskubidea duten hainbat pertsona lehiatzen badira, parte hartzen duten espezialitateko ordezkogaien zerrendako egoeraren arabera esleituko dira.

2.– Lehentasunez esleitzeko eskubidea zein lanpostuk edo estaldura-premiak ematen duten zehazteko, ikasturte osoko lanpostuek bakarrik emango dute eskubidea. Ikasturte osotzat joko dira ikasturteko irailaren 1eko hasiera-data eta abuztuaren 31ko amaiera-data duten lanpostu edo estaldura-premiak.

Ikasturte hasierako esleipen-ebazpenean jasotako espezialitatea, lanaldia, profila eta ikastetxea hartuko dira kontuan. Ez dira kontuan hartuko ikasturtean zehar espezialitateari, lanaldiari, profilari edo ikastetxeari dagokionez kontratuan izandako aldaketak.

3.– Lanaldiari dagokionez, bi modalitate bakarrik hartuko dira kontuan: osoa eta murriztua. Lanaldi murriztuaren barruan, lanpostu eta estaldura-premia guztiak berdintzat joko dira, esleitutako ehunekoa gorabehera. Lanaldi osoak ikasturte hasierako ebazpenean halakotzat agertzen direnak izango dira, eta kanpoan geratuko dira lanaldia osatu arte osatu diren lanaldi murriztuak.

4.– Espezialitate batean baino gehiagotan irakasten den espezialitate partekatuko lanpostuetan edo estaldura-premietan, ikasturte hasierako esleipen-ebazpenean agertzen den espezialitate nagusia hartuko da kontuan.

5.– Leku ibiltarietan edo ikastetxe baten baino gehiagoren artean partekatutako lanpostuetan edo estaldura-premietan, ikasturte-hasierako esleipen-ebazpenean agertzen den zentro nagusia hartuko da kontuan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzea.

Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzen da, agindu hau garatzeko beharrezko diren jarraibideak emateko, dagokion ebazpenaren bidez, alderdi sozialarekin negoziatu ondoren.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko langileak esleitutako lanpostuan automatikoki egonkortzea ondoriorik gabe uztea.

Agindu honen bitartez ondoriorik gabe uzten da bitarteko langileen egonkortze prozesua, 2020ko ekainaren 1eko Aginduan araututakoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura telematikoa, bai eta lanean diharduten lanpostuetan langile horiek egonkortzeko prozedura ere. Beraz, 2021-2022 ikasturtea amaitzean, bertan behera geratuko da bitarteko langile guztiak betetzen duten lanpostuan egonkortzeko eskubidea, eta 2021-2022 ikasturtean egonkortutako bitarteko langileen kontratu guztiak 2022ko abuztuaren 31n amaituko dira; bai 2020ko ekainaren 1eko Aginduaren bigarren xedapen iragankorraren arabera egonkortutako langileak, bai Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2021eko uztailaren 30eko Ebazpenaren arabera egonkortutako langileenak, baita Hezkuntza Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren ebazpen bidez eskubide hori aitortu zitzaien pertsonenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Indargabetutako araudia.

Indargabetuta geratzen da 2020ko ekainaren 1eko Agindua, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura telematikoa, bai eta lanean diharduten lanpostuetan langile horiek egonkortzeko prozedura ere.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan 2022-2023 ikasturtean aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedurari aplikagarri izango zaio.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala