Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2022ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2870

AGINDUA, 2022ko ekainaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen duen agindua hirugarrenez aldatzen duena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

Ikasturte hasieran, langileak planifikatzeko eta kudeatzeko prozesu batzuk egin behar dira, ikasturte hasierako esleipenean amaitzen direnak. Prozesu horiek urtero egiten dira eta hezkuntza-komunitate osoari eragiten diote.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduak ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen du, behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

Agindu hori lehen aldiz aldatu zen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez. Aldaketaren helburua honako hau izan zen: Lurralde historikoz aldatzeko aukera ematea hala nahi zuten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko finkoei, nahiz eta bi ikasturte ez egon ikastetxe berean; Agindua Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakora egokitzea; eta berariaz jasotzea esleipen-prozesuan parte hartu zuten pertsonen hizkuntza-eskubideak.

Era berean, agindu hori bigarren aldiz aldatu zen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko ekainaren 20ko Aginduaren bidez. Agindu horren bidez, 13., 20. eta 32. artikuluak aldatu ziren, eta kendu egin ziren Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan egin beharreko argitalpenei egindako erreferentziak, xedapen hauetan jasotakoak: 2. artikuluko 7. eta 8. apartatuak, 2. apartatua, 3. artikulua, 5. artikulua, 15. artikulua, bigarren xedapen gehigarria, 21. artikuluko 2. apartatua, 37. artikulua, eta bigarren xedapen gehigarria. II. eta III. eranskinak ere kendu ziren, bai eta horiei buruzko aipamenak ere, artikulu hauetan: 2. artikuluko 4. eta 8. paragrafoak, 13. artikuluko 4. paragrafoa, 20. artikuluko 2. paragrafoa, 25. artikuluko 1. paragrafoa eta 28. artikuluko 2. paragrafoa.

Izapidetzen den agindu-proiektuaren helburua da ikasturte hasierako esleipen-prozesuan parte hartu behar duten karrerako irakasle funtzionarioak hiru lurraldeetan lanpostuak hautatu ahal izatea. Orain arte, karrerako funtzionarioek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakar bateko plazen hautaketan baino ezin zuten parte hartu; bitarteko funtzionarioei, berriz, hiru lurralde historikoetako plazak hautatzeko aukera ematen zitzaien. Agindu honen bidez karrerako funtzionarioei edozein lurralde historikotako plazak hautatzeko aukera eman nahi zaie, bitarteko langileek egiten duten bezala. Horretarako, batez ere, honako artikulu hauek aldatu dira: 12.– Lurralde historikoa eta 14.– Lurralde historikoa aldatzeko Eskabidea-. Aurrekoez gain, 5., 8., 15., 16. eta 21. artikuluak eta hirugarren xedapen gehigarria neurri berri honetara egokitu dira, eta artikulu horietan lurralde historikoa hitzen ordez Euskal Autonomia Erkidegoa jarri da.

Horregatik, eta kontuan hartuta karrerako funtzionarioen interesak eta eskubideak hobetzeko neurria dela, uste dugu egokia dela ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen Agindua egokitzea, behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

Horren arabera,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduaren aldaketa. Agindu horren bidez arautzen da ikasturte hasierako esleipen-prozesua, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo irakasle lan-kontratudun finkoei dagokienez.

Ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen Agindua, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo irakasle lan-kontratudun finkoei dagokienez Ondoren adierazten den bezala erredaktatuta geratuko da:

Lehenengoa.– Aldatu egiten da 5. artikuluko bigarren zenbakia, «Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak» eta honela gelditzen da idatzita:

«1.– Lanpostu bat eslei diezaioten, parte-hartzaileak baldintza orokor hauek bete beharko ditu:

a) Lanpostuari dagokion irakasle-kidegokoa izatea.

Hala ere, Bigarren Hezkuntzako espezialitateetako lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan soilik daudenean, maisu-maistren kidegoko pertsonei esleitu ahal izango zaizkie, ezaugarri horiek dituzten behin betiko lanpostuetan destinoa duten edo lanpostu horietan destinoa kendu zaien pertsonak.

b) Lanpostuari dagokion espezialitatearen titular izatea, edo habilitazioa izatea.

Espezialitate bat baino gehiagotatik lor daitezkeen lanpostuak espezialitate horietako edozein dutenei esleituko zaizkie. Honi dagokionez, "Kultura klasikoa", "Curriculum aniztasuna", "Hizkuntza indartzeko irakasleak", Helduen Hezkuntzako komunikazioa, gizarte ezagutza eta ezagutza zientifiko-teknologikoa arloetako lanpostuak, eta zereginak ikasteko gelak, esleipena egiterako unean indarrean den araudiak ezartzen dituen espezialitateetako titularrei esleitu ahal izango zaizkie.

Emango den ikasgaiari dagokion espezialitatea edo habilitazioa dutenei esleituko zaizkie maisu-maistren lanpostu-zerrendetako Helduen Hezkuntzako lanpostuak. Horretarako, HHE Irakaskuntzak Lehen Hezkuntzari dagokiola ulertuko da.

2007tik aurrera deitutako hautaketa-prozesuetako praktikaldia gainditu eta lekualdatze lehiaketan behin betiko destinorik lortu ez duten pertsonei, oposizioan gainditu zuten espezialitateko lanpostu bat esleituko zaie; beraz, espezialitate askotatik hel daitezkeen postuez edo HHE postuez horretarako xedatutakoa ez zaie aplikatuko.

Oro har xedatutakoaz gain, titulu akademikoak izateak ahalbidetuko du lanpostu bat parte-hartzaile bati izendatzea, esleipen-eremuan bere espezialitateko inongo lanposturik ez dagoenean.

Titulu akademiko eta espezialitateen arteko korrespondentzia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak ordezkatzeko izangaiak kudeatzeko araudian orokorrean 1 kidetasunarekin ezarritakoa izango da.

c) Lanpostuak eskatutako euskarazko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea».

Bigarrena.– Aldatu egiten da 8. artikuluko lehen zenbakia, «Esleipena ebaztea» eta honela gelditzen da idatzita:

«1.– Lanpostuak esparru hauetan esleituko dira, parte-hartzaileek talde bakoitzean duten parte-hartzearen arabera:

a) erreferentziako ikastetxea, talde guztientzat, arrazoiren bat tarteko erreferentziako ikastetxerik ez duten horientzat izan ezik.

b) herria, g) taldeko pertsonentzat, kanpoko lanpostuetan atxikita egoteagatik behin betiko destinoa galdu dutenak eta euskal hezkuntza-administrazioko kudeaketa-esparrura itzultzen diren edo itzuli diren.

c) eskola-barrutia, a), b), c) eta d) taldeentzat.

d) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa, talde guztientzat».

Hirugarrena.– Aldatu egiten da 12. artikulua, «Lurralde historikoa» eta honela gelditzen da idatzita:

«12. artikulua.– Lurralde historikoa.

Parte-hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, parte-hartzaile bakoitzak erreferentziako lurralde historiko batekin parte hartuko du esleipen-prozesuan. Lurralde historiko horrek zehaztuko du Administrazioak zein lurraldetan esleitu ahal izango dien plaza bat ofizioz, eskatutako plaza bakar baten esleipendun izan ez badira.

Agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako aukera baliatzen ez den bitartean, lanpostuak esleitzeko erreferentziako lurralde historikoa honako arau hauen arabera zehaztuko da:

1.– Esparru horretan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren lurralde historikoa erreferentziako ikastetxea dagoenekoa izango da.

2.– Erreferentziako ikastetxerik ez badute, lurralde historikoa honela zehaztuko da:

a) Prozesuan ikastetxe publikoetan irakaskuntzako lanpostuetan zerbitzua ematera itzultzen diren pertsonek esparru horretan zerbitzua emateari utzi ziotenean zeuden lurralde historikoan hartuko dute n parte.

b) Itzultzen diren pertsonek itzultzea emateko ebazpenean ageri den lurralde historikoan hartuko dute parte.

c) Zerbitzu eginkizuna lortzen dutenek edo egoera horri amaiera eman diotenek aurreko ikasturtean zerbitzua bete duten lurralde historikoan parte hartuko dute».

Laugarrena.– Aldatu egiten da 14. artikulua, «Lurralde historikoa aldatzeko eskaera» eta honela gelditzen da idatzita:

«14. artikulua.– Lurralde historikoa aldatzeko eskaera.

Edozein parte-hartzailek eska dezake lanpostuak haien erreferentziako ikastetxearena ez den lurralde historikoaren esparru geografikoan hautatzea. Lurralde historikoa aldatzen bada, uko egingo zaio aurreko artikuluen arabera dagozkion esleipen-eremuetan parte hartzeari, erreferentziako ikastetxea barne.

Langileria Kudeatzeko zuzendariak zehaztuko eta jakinaraziko du eskaera hori egiteko epea eta era, eta eskaerok ebazteko, kontuan izango da espezialitateko lanposturik badagoen, eta joan nahi duen lurraldean zenbat pertsona dauden».

Bosgarrena.– Aldatu egiten dira 15. artikuluko 7tik 12ra arteko faseak, «Maisu-maistren kidegorako esleipen-faseak» eta honela gelditzen da idatzita:

«7.– a), b), d) eta e) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan.

8.– f) taldea, erreferentziako ikastetxean.

9.– f) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan.

10.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean.

11.– Kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik behin-behineko destinoarekin datozen pertsonak behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

12.– g) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan».

Seigarrena.– Aldatu egiten dira 16. artikuluko 17tik 24ra arteko faseak, «Gainerako kidegoetarako esleipen-faseak» eta honela gelditzen da idatzita:

«17.– f) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, duten espezialitateko lanpostuetarako.

18.– f) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

19.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

20.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkien lanpostuetarako.

21.– Destinoaren zain dauden eta kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik datozen pertsonak hautatzea, duten espezialitateko lanpostuetarako, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

22.– Destinoaren zain dauden eta kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik datozen pertsonak hautatzea, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

23.– g) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, duten espezialitateko lanpostuetarako.

24.– g) taldea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako».

Zazpigarrena.– Aldatu egiten da 21. artikuluko lehenengo zenbakia, «Lanpostuak eskatzeko erak» eta honela gelditzen da idatzita:

«1.– Eskabidean, interesdunak parte hartu ahal duen esleipen-esparru bakoitzeko atal bat dago. Erreferentziako ikastetxeari dagokion atalak eskabidea egiteko 15 lerro ditu; herriari dagokionak, 30; barrutiari dagokionak, 150, eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeari dagokionak, 300. I. eranskinean jasotzen da eskabide-lerroaren eredua. Lerro horietako bakoitzean, zein lanpostutarako aukera izan nahi den idatziko da, bi era hauetako bati jarraikiz idatzi ere:

a) Eskaera zehatza, argitaratutako zerrendan lanpostuak zer ordena-zenbaki duen adierazten bada. Lanpostu bakarra da.

b) Eskaera generikoa, lanpostuen ezaugarri definitzaileei buruzko eremu bat edo batzuk betetzen badira (lurralde historikoa, barrutia, udalerria, ikastetxea, espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna, derrigorrezkotasuna, ibiltaritza, berezia). Eskaera hauen bidez, erabilitako eremuari edo eremuei dagozkien lanpostu guztiak eskatzen dira, eskatzaileak horiek eskuratzeko baldintzak betetzen baditu».

Zortzigarrena.– Aldatu egiten da Hirugarren Xedapen Gehigarria, «Beste lurralde historiko batean esleitzea» eta honela gelditzen da idatzita: Hirugarrena.– Beste lurralde historiko batean esleitzea. Lanpostu bat ezin bada eskatzen den lurralde historikoan esleitu, edo, administrazioak ofizioz esleitzeko hautatutako parte-hartzearen lurralde historikoaren barruan lanpostu bat esleitzea ezinezkoa denean, azken honek jarduera-baldintzak bete arren horrek eragiten dion pertsonari lanpostu bat izendatuko dio hezkuntza administrazioak, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, inguruabarrak kontuan izanik, pertsona horrentzat ahalik eta kalte gutxien eragiteko gisan.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala