Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2022ko ekainaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2834

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko (Bizkaia) 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Ermuko Udalak, 2022ko otsailaren 14an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honen gainean: Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Ermuko Udalari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partziala behin betiko onartu zen 2004ko otsailaren 24ko Foru Aginduaren bidez. Gero, haren aldaketa puntual bat idatzi zen, 2016ko ekainean testu bategin bihurtu zena. Orain huraxe aldatu nahi da 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualarekin.

02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektorea hirigunearen mendebaldean dago, San Pelayo gainetik Ongarai baserriraino, eta mendebalderantz. Horrenbestez, Beti-Ondoko muinoen zati handi bat eta Mallamendi mendi-hegalen zati bat hartzen ditu. Gaur egun, sektorearen zati bat garatuta dago, eta haren urbanizazio nagusia gauzatuta dago.

Sektoreko 43. lurzatiaren zati batean zuzkidura-bizitokiak egitea da aldaketa puntualaren xedea; lurzatiak 15.688 m2-ko azalera du, eta indarrean dagoen araudian kirolerako komunitate-ekipamendura dago bideratuta. Horretarako, 43. lurzatia bereiziko da; horrenbestez, bi lurzati berri zehaztuko dira (45. eta 46. lurzatiak) sektorearen mendebaldeko eremuan, eta horietan kokatuko dira zuzkidura-bizitokietarako bi eraikinak.

Lurzati berriek (45. eta 46. lurzatiak) 3.951,61 m2-ko azalera dute guztira (1.990,52 m2 eta 1.961,09 m2, hurrenez hurren). Lurzati bakoitzean eraikin bat eraikitzea aurreikusten da, eta horietako bakoitzak sotoko solairua, beheko solairua eta hiru goi-solairu (S+BS+3) izango ditu. Bi lurzatiek 2.800 m2t-ko eraikigarritasuna izango dute sestra gainean, eta, sestra azpian, berriz, 1.990,52 m2t-koa izango du 45. lurzatiak eta 1.960 m2t-koa 46. lurzatiak.

43. lurzatiaren kasuan, azalera bakarrik aldatuko da (12.622 m2), eta, beraz, ez da aldatuko gehieneko eraikigarritasuna (2.000 m2t sestra gainean eta 1.000 m2t sestra azpian), ezta gainerako hirigintza-parametroak ere.

Bestalde, 43. lurzatiaren mendebaldeko perimetroan (45. lurzati berria) bidea berriz dimentsionatzea aurreikusten da; horrela, bada, sekzioa handituko da oinezkoek eta ibilgailuek batera erabiltzeko bide-izaera izan dezan. Horrela, ibilgailuek planteatu diren lurzati berrietara sartu ahal izango dute, plan partzialak planteatutako espazio libreak aldatu edo sakrifikatu gabe.

45. eta 46. lurzatiak kasuan kasuko urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko dira.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan duen eragina, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak «Betiondo» sektoreko 43. lurzatia bereizten du, eta bi lurzati berri (45. eta 46. lurzatiak) zehazten ditu. Lurzati horietan, zuzkidura-bizitokietarako bi eraikuntza aurreikusten dira, indarrean dagoen araudian kirolerako komunitate-ekipamendura bideratuta egon arren. Planak dagoeneko aldatuta dagoen lurzoru urbanizagarriari eragiten dio. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.

c) Plana egokia den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzorurik okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean jardungo baita.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ibilguen zaintzari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektorea Ermuko hirigunearen mendebaldean dago, lurzoru urbanizagarrian, Beti-Ondo muinoetan eta Mallamendiko iparraldeko mende-hegalen zati batean, Mallabiko udalerriarekin muga eginez. Plan partzialaren aldaketaren xede den sektoreko 43. lurzatiak 15.688 m2-ko lurzoru urbanizagarria du 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektorearen barruan, Beti-Ondo kirol-ekipamenduen multzoaren mendebaldean. Zuzkidura-bizitokiak eraikitzera bideratuta dauden 45. eta 46. lurzati berriek 3.951,61 m2-ko azalera dute guztira.

Gaur egun, eraiki gabe dagoen orube bat da 43. lurzatia. Ekialdeko erdialdean, lurzorua zolatuta dago, eta bertan, aparkaleku publiko bat dago. Bestalde, mendebaldeko erdialdean –bertan kokatuko dira 45. eta 46. lurzati berriak– lurzorua eraldatuta eta landarez estalita dago (batez ere sahatsak, lizarrak, laharrak, haritz aleren bat, intsignis pinua eta espezie aloktono inbaditzaileak, hala nola Robinia pseudoacacia eta Buddleja davidii espezieak).

Eremua Debako Unitate Hidrologikoaren gainean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Eremuaren iparraldeko mugatik gertu, 60 metro ingurura eta BI-2301 errepidearekiko paraleloan, Deba ibaiaren Ego ibaiadarra igarotzen da mendebaldetik ekialdera. Horrenbestez, eremua Ego ibaiaren zaintza-eremuan dago.

Eremua Bizkaiko Sinklinorioaren (ES017MSBT017.005) ur-masaren gainean dago, eta ez da identifikatu interes hidrogeologikoko eremurik.

Eremuaren iparraldetik igarotzen den tartean, Ego ibaia «Hobetu beharreko tarte» gisa identifikatzen da bisoi europarrarentzat, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Jarduketaren xede-eremuak ez du ingurumen-arrisku nabarmenik. Planaren eremua akuiferoak kutsatzeko oso arrisku txikikoa da. Era berean, ez dago kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietako ezeinetan. Ez dago uholde-arriskurik, ezta higadura-arriskurik ere.

Zaratari dagokionez, eremuko soinu-foku nagusia inguruko errepideetako eta hiri-kaleetako ibilgailuen zirkulazioa da, bereziki BI-2301 errepidea, eremuaren iparraldetik igarotzen dena. Lurzati berrietan (45. eta 46. lurzatietan) proposatutako eraikinak errepide horren zortasun-eremu akustikotik kanpo daude, Bizkaiko Foru Aldundiaren zarata-mapa estrategikoekin bat etorriz. Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, gaur egungo egoeran eremuko maila akustikoak 60 dBA baino txikiagoak dira eguneko eta arratsaldeko aldian, eta 50 dBA baino txikiagoak gaueko aldian.

Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere. Eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik.

Planaren aldaketa garatzeak izan ditzakeen ondorioak 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko 45. eta 46. lurzati berrietako eraikuntza-obrekin eta eremua urbanizatzeko egingo diren obrekin lotutakoak izango dira. Horrenbestez, hauek lirateke inpaktuak: landaredia moztu eta kentzea, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Horiek eragina izan dezakete landaredia autoktonoan, eta, isurketengatik, lurrazaleko uretan eta lurzoruetan. Herritarrei ere eragozpenak eragin diezazkiekete hirigunetik gertuko emisio atmosferikoek eta akustikoek eta abarrek. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, ibilguen zaintzari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Ustiapen-fasean, inpaktu posibleak eraikin berrietarako lanetan baliabideak kontsumitzea eta hondakinak sortzea izango dira, baita eremuko zaratak ere.

Zentzu horretan, «Ermuko (Bizkaia) 02. Betiondo 43. lurzatiaren lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualaren inpaktu-azterketa akustikoaren» arabera, kanpoko zarata-maila eta 45. eta 46. lurzatietan proiektatutako eraikinen fatxadetako zarata-mailak 60 dB(A) baino txikiagoak dira egunez eta arratsaldez, eta 50 dBA baino txikiagoak gauez. Horrenbestez, ez dira gainditzen indarrean dagoen araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Zentzu horretan, indarrean dagoen plan partzialak kirol-ekipamendurako gordetzen du 45. eta 46. lurzati berriei dagokien eremua. Planaren aldaketak eremuko hirigintza-eraikigarritasuna handitzen du, bi lurzati berriek 5.600 m2t-ko eraikigarritasuna baitute sestra gainean, eta 1.990,52 m2t-koa sestra azpian; beraz, horrek lur-mugimenduen bolumena areagotuko du, baita eragindako kalteak ere. Bestalde, hirigintza-garapena trinkotzea eragin positibotzat jotzen da, lurzorua modu arrazionalagoan erabiltzen delako eta baliabideen kontsumoko sistema efizienteak (ura, energia, etab.) ezartzeko aukera handiagoa ematen duelako.

Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraituz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, lurzoru kutsatuei, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko plan partzialaren aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketetatik eratorritakoak nabarmentzen dira. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Ibilguak babesteko neurriak.

Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

Ibilguen zaintza-eremuan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena eskuratu beharko da. Baimen horrek ez du loturarik izango Administrazio Publikoetako beste organo batzuek eman beharrekoekin (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9.4 artikulua; apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta urtarrilaren 11ko 9/2008 EDren bidez aldatu).

Paisaiaren eta ekologiaren integraziorako neurriak.

Oro har, landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak (Udalsarea 21 - Argitalpenak - Udalsarea 21 Koadernoa, 20b). Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Ihobek argitaratua, proposamenaren ingurumen-integrazioa ahalik eta handiena izan dadin.

Era berean, Plan Bereziak urbanizazio-proiektuan espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak sartzeko beharra jaso beharko du, bai Robinia pseudoacacia eta Buddleja davidii espezieen hondakinak tratatzeko, bai eremuan egon daitezkeen beste espezie inbaditzaile batzuk tratatzeko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

– Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2000 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Ermuko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barrualdearen kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualaren barruko aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ermuko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Ermuko 02. «Betiondo» lurzoru urbanizagarriko sektoreko plan partzialaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala