Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2022ko ekainaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2829

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu du deialdia, 2022ko ekainaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK GAZTEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2022KO EKITALDIKO DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EGF PLUS 2021-2027 PROGRAMAREN ESPARRUAN

Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dituztenak; izan ere, murriztu egin zaizkie lan-aukerak, eta, zehatzago esanda, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik: gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen ditu egoera horrek.

Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.

Eurostat erakundeak 2021eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 12,40koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2021eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 17,15eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 40,43koa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 68,10ekoa da.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduak, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duenak, xedatzen du estatu kide guztiek gazteen langabeziari heldu behar diotela beren gastu-programetan, bereziki Gazte Bermea aplikatuz. Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) Europar Batasunak (EB) pertsonengan inbertitzeko duen tresna nagusia da, eta hori izango da, koronabirusaren pandemiaren ondoren, Europar Batasunaren susperraldi sozioekonomikoaren giltzarrietako bat; izan ere, pandemiak hankaz gora jarri ditu lan-merkatuan parte hartzeko igoerak, kolokan jarri ditu hezkuntza- eta osasun-sistemak, eta areagotu egin ditu desberdintasunak.

Krisi larri baten ondoren susperraldi ekonomiko inklusiboa ahalbidetzeko eta etengabe aldatzen ari den lan-munduan gazteen enplegua babesteko asmoz, eta zenbait estatu kidetan eta eskualdetan gazteen langabezia oso altua dela ikusita, beharrezkoa da estatu kideek EGF+ arloan dituzten baliabideen zenbateko egokia inbertitzea gazteen enplegua eta gaitasunak babesteko neurrietan, baita Gazte Bermearen esparruan ekimenak aplikatuz ere. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamenduari jarraiki, 2014tik 2020ra bitarteko programazio-aldian Gazte Enplegurako Ekimenak babestutako jarduketetan oinarrituta (jarduketa horiek pertsona fisikoei zuzenduta daude) eta ikasitakoa kontuan hartuta, estatu kideek berrintegraziorako ibilbideak sustatzen jarraitu behar dute, kalitatezko hezkuntzan eta enpleguan oinarrituta eta gazteen prebentzio goiztiarrean eta komunikazio eraginkorrean inbertituta, lehentasuna emanez, hala dagokionean, denbora luzez langabezian, inaktibo eta baztertuta dauden gazteei; eta hori guztia, gazteei zuzendutako lanaren bitartez. Estatu kideek, halaber, eskolatik lanerako trantsizioa ahalbidetzeko neurrietan inbertitu behar dute, eta enplegu-zerbitzuen gaitasunak egokitu behar dituzte, gazteei laguntza pertsonalizatu eta integrala emateko eta haientzat eskaintza zehatzagoak aurkezteko. Gazte Enpleguaren Ekimena EGF+ delakoan erabat txertatzean, gazteen enplegurako ekintza espezifikoen eskaintza eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da, eta aplikazio-esparrua neurri eta erreforma estrukturaletara hedatuko da; horrela, Batasunaren babes finantzarioaren eta Gazte Berme indartuaren betearazpenaren arteko egokitzapena handiagoa izango da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak (2030) aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratutakoa), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia 4.2 Gako Estrategikoan dago kokatuta («Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea»).

Beste alde batetik, toki-erakundeek, beren mugen eta aukeren barruan betiere, ekoizpen-sistemaren, enpresen eta langileen premiei erantzun behar diete, arreta berezia jarriz langabeengan, eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9an egindako bilkuran, onartu egin du toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Hona hemen deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazteen Berme Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, esperientzia profesionalaren bitartez gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 6.500.000 euro erabiliko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, 32110-Enplegua programan.

2.– Deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 5. artikuluan arautzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek edo toki-garapeneko agentziek.

Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu.

2.– Baldintza hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Toki-erakundeek ezin izango dituzte pertsona jakin batzuk kontratatu; hain zuzen ere, erakunde berak, 2021eko ekitaldiko 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, kontratatutako pertsonak, edo gazteak kontratatzeko 2021eko ekitaldiko laguntzen deialdietan kontratatutako pertsonak.

d) Kontratuen iraupena 8 edo 12 hilabetekoa izango da. Kontratuok okupagarritasuna eta laneratzea hobetzeko kontratuen bidez formalizatuko dira.

e) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.

f) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.

3.– Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdietan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatutako lan-kontratuei.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute.

Eskaera bakarra aurkeztuko da udalerri, mankomunitate edo kuadrilla bakoitzeko, egin beharreko kontratazio guztietarako, eta erakunde bakarra izan daiteke onuradun, hau da, udala, mankomunitatea edo kuadrilla, lehentasunez, edo tokiko garapen-agentzia.

2.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

b) Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.

c) Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.

d) Dirulaguntzaren eskabidean aipatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko inguru geografikoan bizitzea.

Kontratazioaren unean bete behar dira a) eta d) apartatuetan adierazitako baldintzak, eta kontratua abiatu aurreko egunean bete behar dira b) eta c) apartatuetan adierazitako baldintzak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Gazteak kontratatzeagatik, soldata-kostuek jaso ahal izango dute dirulaguntza, Gizarte Segurantzari dagozkion kontzeptu guztien ondoriozko kotizazioa barne.

2.– Aurreko apartatuan zehaztutako gastu-kontzeptu guztiengatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak hartuko dira kontuan: kontratatuko diren pertsonen kopurua, horietako bakoitzaren kontratazio-hilabeteak, eta eskatutako kualifikazio-mailaren arabera aplikatu beharreko modulu hau:

(Ikus .PDF)

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du aipatutako erregistroa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.

2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Curriculumen eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsuak erabili beharko dira, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.

4.– Hautaketa-prozesuan, lehentasun-ordena hau beteko du toki-erakundeak:

a) DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak.

b) 30 urte betetzetik gertuen dauden pertsonak.

c) 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

5.– Erakunde onuradunak hautaketa-prozesuaren akta egingo du, eta ahalegina egin beharko da prozesuan emakume batek parte har dezan; halakorik lortzen ez bada, zergatia azaldu beharko da.

6.– Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da.

7.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta «GEL-2022» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) https://www.euskadi.eus/servicios/1073705 helbidean dago, eta fitxa horren bitartez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2022ko irailaren 30ean amaituko da.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini behar du kontratazio-planak, eskabidean zehaztutako moduan.

Nolanahi ere, berariaz aipatu beharko da 3.2 artikuluko a) eta b) ataletako aurreikuspenak betetzen direla.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

9. artikulua.– Dirulaguntzak emateko proposamenak egiteko, instrukzioa egiteko, prozedura izapidetzeko eta ebazpena emateko organo eskudunak.

1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

2.– Eskaerak aurkeztutako hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, finantzaketarako funtsak amaitu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz, eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Halaber, dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. apartatuko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

10. artikulua.– Kontratua azkentzea.

1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita, eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia izan bada probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.

1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratazioa hasi eta hurrengo egunetik aurrera, eta honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskuragarri jarritako eredu normalizatuan emana.

b) Lan-kontratuen kopia.

c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktak egiaztatu behar du hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Bestela, hori egitea ezinezkoa izan dela justifikatzeko arrazoiak eman beharko dira.

d) Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana kontratatutako langileari.

e) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 3.3 artikuluan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

f) Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

2.– Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da erakundeak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahalko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

4.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2023ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Jardueraren amaierako memoria, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:

– Kontratatutako pertsonek egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren edo kontu-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

5.– Dokumentazioa ez bada aurkezten ezarritako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo haren erakunde laguntzaileren bati.

b) Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.

c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten aldetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko ekainaren 24ko bilkuran onartu zuen 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (eta dokumentu elektronikoak), hau da, 2030. urtera arte.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan, elkarrizketetan eta pertsonak hautatzean.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin beharko da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

14. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

15. artikulua.– Babesletza.

Erakunde onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan Europar Batasunak duen kofinantzaketa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio obligazio hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, eta, jokabide hori zuzendu ezean, laguntza osoa itzularazteko erabakia har daiteke.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europar Batasunaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.

Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren ekarpenaz ohar daitezen.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da, gehienez.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Dirulaguntzei buruz bete beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala