Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2022ko ekainaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2749

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 4koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordearena, Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia argitaratzekoa.

822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitate ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena, 2021eko irailaren 29an argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarri zelarik indarrean. Dekretu horrek indargabetu egiten du 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitate ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duena.

Dekretu berria Espainiako unibertsitate sistemako unibertsitateen ikasketa guztiei aplikatu behar zaie, masterreko unibertsitate ikasketa ofizialak barne, eta berehala aplikatu beharreko aldaketa batzuk dakartza, UPV/EHUko Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegian ere sartu beharrekoak. Orain arte indarrean egondako arautegia 2014ko uztailaren 11ko Erabakiaren bidez onartu zen (abuztuaren 26ko EHAA). Dekretuak, bestalde, aukera ematen die unibertsitateei masterretan onartzeko, baldintzapeko matrikularen bidez eta salbuespenez, gradua lortzeko GRALa eta gehienez 9 ECTS falta dituzten ikasleei. Komenigarria delarik ikasleei master ikasketetan aurrera egiteko era ematea, graduko ikasketak amaitzearekin batera, betiere estatuko arauan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, egokia dirudi UPV/EHUko Masterren Gestiorako Arautegia aldatzeak, baldintzapeko matrikularen aukera hori jasotzeko.

Bestalde, azken urteetan metatutako esperientzia aintzat hartuta, komeni da unibertsitate masterren kudeaketari eragiten dioten beste alderdi batzuk ere aldatzea, kudeaketa malguagoa izan dadin eta ikasketa horien euskarri den egituraren beharrei modu egokiagoan erantzun diezaien.

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak, 2022ko martxoaren 23an egindako bilkuran, Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegiaren aldaketa hori onartzea erabaki du.

Unibertsitate honetako Gobernu Kontseiluak, 2022ko martxoaren 231ko bileran, erabaki zuen Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia onartzea.

3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, honako hau dio 10.2 artikuluan: «Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira».

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, honi erantsitako gehigarrian agertzen den bezala.

Leioa, 2022ko apirilaren 4a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Eskuordetzaz (2021-01-28ko Ebazpena, 2021-02-12ko EHAA).

Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea,

MONTSERRAT MARITXALAR ANGLADA.

GRADUONDOKOAREN ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZAREN ARLOKO ERREKTOREORDEA
UNIBERTSITATEKO MASTERREN GESTIORAKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
SARBIDEA, IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA

I. kapitulu honetan arautzen dira UPV/EHUko masterretarako sarbide, onarpen eta matrikulazio prozesuak. Gehiago garatu behar diren gaietarako, Graduondoko Batzordeak arautegi osagarriak egingo ditu. Guztia unibertsitateko webgunean argitaratuko da behar besteko aurrerapenaz.

1. artikulua.– Sarbiderako baldintzak.

Unibertsitateko master ofizialetan sartu ahal izateko, baldintza hauetakoren bat bete beharko da:

a) Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, edo gradukoa edo masterrekoa.

b) Aurreko sistemako Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, hau da, gaur egun indarrean dagoen Europako Unibertsitate Eremuko printzipioen araberako antolaketaren aurrekoa: lizentziatu, arkitekto, diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulua.

c) Goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluren bat izatea, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak Espainiako unibertsitate titulu ofizial batekin homologatua edo unibertsitateko gradu mailarekin edo master mailarekin baliokidetua.

d) EUEko herrialde bateko unibertsitate bateko edo goi mailako hezkuntza erakunde bateko gradu edo master titulu bat izatea, herrialde horretan bidea ematen duena master ikasketak egiteko.

e) EUEkoa ez den atzerriko hezkuntza sistema batean lortutako goi mailako titulu bat izatea, graduaren baliokidea, nahiz eta homologatuta edo baliokidetuta ez eduki, baldin eta unibertsitateak frogatzen badu titulu horrek egiaztatzen duela Espainiako kideko gradu ofizialean ematen den prestakuntzaren parekoa, eta baldin eta titulua ematen duen herrialdean agiri horrek bidea ematen badu graduondoko ikasketak egiteko. Bide horretatik sartzeak ez dakar titulua homologatzea: interesdunari unibertsitateko masterra egiteko baino ez zaio onartuko, hau da, ez du bestelako ondoriorik izango.

Interesdunak eskaria egin beharko du UPV/EHUko webgunean azaltzen den prozedurari jarraituz, masterrean izena emateko epea hasi aurretik. Titulua legeztatuta egon beharko da eta titulua bera eta gainerako dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetako batera itzulita aurkeztu beharko dira (itzulpena ofiziala izan behar da). Dokumentazioa ingelesez badago, ez da beharrezkoa izango itzulita aurkeztea. Ikasle horien onarpena Graduondoko Batzordearen esku geratuko da.

f) Salbuespenez, GRALa eta gehienez ere 9 ECTS gainditzea falta zaien graduko ikasleek ere egin ahal izango dute sarrera eta onarpen eskaria Graduondoko Batzordeak aukera hori baimendu duen UPV/EHUko masterretan. Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuko 18. artikuluari jarraikiz, unibertsitateko gradu titulu ofiziala daukatenek lehentasuna izango dute matrikulatzeko, beste ikasle horien aurretik. Atal honetan aipatutako bidetik sartzen diren ikasleek ezin izango dute inola ere unibertsitateko master titulua eskuratu aurretik eskuratu ez badute horretarako bidea ematen dien gradu titulua.

2. artikulua.– Onarpenerako baldintzak.

1.– Aurreko atalean aipatu diren sarbiderako baldintzak betetzeaz gain, UPV/EHUko unibertsitate master batean onartua izateko eta bertan matrikulatzeko, master horretarako baldintza espezifikoak bete beharko dira, zeinak master bakoitzaren web orrian argitaratuko diren.

Eskatzaileak daukan aurretiko prestakuntzaren arabera, eskatu ahal izango zaio arlo batzuetan «prestakuntza osagarri» deritzenak egitea. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Prestakuntza osagarrietan egindako kredituak masterreko gainerako kredituen parekoak izango dira.

2.– Arautegi honetan ezarritako prozeduraren arabera unibertsitateko masterrean onartuak diren ikasleek plaza erreserbatu beharko dute horretarako zehazten diren epe eta baldintzetan.

3.– Masterretan ezin izango da eskainitako plazarik hutsik geratu baldin eta baldintzak betetzen dituen eskaririk badago. Plaza horiek betetzeko, beharrezkoa izango da, batetik, eskariak epearen barruan aurkeztuak izatea, eta, bestetik, ikasleen onarpena eta matrikula masterreko lehen eskola astearen barruan egin ahal izatea.

4.– Plazen % 5 gutxienez gordeko dira % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta desgaitasun egoera pertsonalengatik hezkuntzarako laguntza premia iraunkorrak dauzkaten eta beren aurreko ikasketetan hezkuntza inklusio osoa izateko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat. Ikasleok egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, administrazio edo erakunde eskudunak emana. Plaza horiek betetzen ez badira, tituluko eskaintza orokorrera pasatuko dira.

3. artikulua.– Izena emateko prozesua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Sarrera eskariak on line egingo dira, horretarako aplikazioaren bidez.

Izena emateko epea, prozedura eta aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren webgunean argitaratuko dira ikasturtero, bai eta ikastegiek horretarako jarritako idazkaritzetan ere. Izena emateko fasean aurkeztutako dokumentazioa onarpen prozesuan baloratuko da.

2.– Ikasturte bakoitzean zehaztuko da ikasleek zenbat masterretarako eman dezaketen izena eskari bakoitzean. Behin izena emateko epea amaituta, ez da onartuko, inolaz ere, eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta interesdunak eskarian jarri duen hurrenkerari jarraituko zaio.

4. artikulua.– Hautatutako ikasleak eta baztertutako ikasleak.

Izena emateko epea amaituta, eta Unibertsitate Master Ofizialak Ezartzeko, Aldatzeko eta Kentzeko Prozedurari buruzko Arautegiari jarraikiz, master bakoitzeko batzorde akademikoak aztertuko ditu master horretan jasotako eskariak, jakiteko sarbiderako baldintzak eta masterraren onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten.

Masterrean sartzeko baldintzak nahiz onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten eskariak eta masterra hasi aurreko ikasturtean haiek betetzeko moduan dauden eskariak pasatuko dira onarpen prozesura. Eskariok ebaluatuko dira master bakoitzean merezimenduak baloratzeko ezarritako irizpideen arabera, eta izena emateko epearen barruan eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioaren argitan. Balorazio horren arabera egingo da onarpen prozesua master bakoitzean.

Eskatzaileen egoera akademikoak baldintzatuko duenez beren hurrenkera onarpen prozesuan, beren espedientea eguneratu beharko dute, eta beren egoera akademikoa aldatzen bada, horren berri eman beharko dute (adibidez, gainditzeke zeuzkaten irakasgaiak edo GRALa gainditu badituzte, titulua eskuratu badute, edo onarpen baldintza espezifikoei edo sarbide eta onarpenerako baldintzei eragiten dien gorabeheraren bat izan badute).

Masterrean sartzeko baldintzak edo onarpen baldintza espezifikoak bete ez, eta masterra hasi aurreko ikasturtean betetzeko moduan ez dauden eskariak baztertuak izango dira. Baztertutako eskatzaileek erreklamazioa jarri ahal izango diote masterreko batzorde akademikoari lau laneguneko epearen barruan.

5. artikulua.– Onarpen prozesua.

1.– Hiru onarpen fase egongo dira: onarpen fase bakoitzean, graduondoko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordetzak ordenatuko ditu hautatuak izan diren eskariak, interesdunek adierazitako hobespenak kontuan hartuta eta lehentasuna emanez masterrerako sarbidea ematen duen titulu ofiziala daukatenei, bai eta, halaber, masterra hasi aurreko ikasturtean gradua bukatzeko Gradu Amaierako Lana defenditu eta gainditzea besterik falta ez zaienei.

Lehentasun hori bermatuta, hautatutako eskariak ordenatuko dira kontuan hartuta masterretako batzorde akademikoek aurrez ezarritako irizpideen arabera egindako balorazioak.

2.– Eskariak behin ordenaturik, fase bakoitzean onartutako pertsonek plaza erreserbatu ahal izango dute, matrikularen aurrerapen gisa ezarritako zenbatekoa ordainduta. Plaza erreserbatzeko ordaindutako zenbatekoa deskontatutako zaie gero matrikulatik, baina, aurrerapen hori ordaindu ezean, galdu egingo dute esleitutako plaza. Interesdunak plaza erreserbatu arren azkenean matrikula egiten ez badu, ez zaio diru hori itzuliko, salbu eta matrikula ezin badu egin sarbiderako edo onarpenerako baldintzak ez dituelako betetzen. Graduondoko Batzordeak zehaztuko du nola eta zenbat ordaindu behar den plaza erreserbatzeko.

Prezioei buruzko indarreko aginduaren arabera matrikula ordaintzetik salbuetsita dauden pertsonak portzentaje berean egongo dira salbuetsita plazaren erreserba ordaintzetik.

Plaza erreserbatzea nahitaezkoa izango da matrikula egin ahal izateko.

Plaza erreserbatu duten eta titulua eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten edo masterra hasi aurreko ikasturtean titulua lortzeko GRALa defendatzea bakarrik falta zaien pertsonek matrikula egin ahal izango dute UPV/EHUko webgunean ikasturte bakoitzean argitaratuko diren epeetan eta moduan.

3.– Hiru ordenatze faseak amaituta, masterrean plazarik geratuko balitz, interesdunek eskaria aurkeztu ahal izango dute zuzenean masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan. Eskariok baloratu beharko dira aipatutako ordenatze faseetan erabilitako irizpide berberekin.

II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Unibertsitateko masterretan onartutako ikasleek matrikula egin beharko dute Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartutako egutegiari jarraituz, eta ikasturte horretan egin nahi dituzten irakasgai guztietan. Master bakoitzaren memorian egongo da zehaztuta ikasle bakoitza gutxienez zenbat kreditutan matrikulatu behar den.

6. artikulua.– Matrikula egiteko prozedura.

Matrikula egingo da graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak ezarritako prozedurari jarrikiz. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren webgunean argitaratuko da, eta ikastegi arduradunek zehaztutako idazkaritzetan.

Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzean bi zerrenda onartuko ditu: bata izango da baldintzapeko matrikula onartzen duten edo onar dezaketen masterren zerrenda (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, 18. artikulua); beste zerrenda izango da baldintzapeko matrikularik onartzen ez duten masterrena.

28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie zuzenean. 28 urtetik gorako ikasleek, berriz, aseguru bat egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko aseguru bat dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo beharko dute kasuan kasuko aseguru etxera.

Matrikula aldatu nahi izanez gero, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta masterreko tutoreak eta arduradunak baimendu beharko dute. Baimena lortu ezean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio masterreko batzorde akademikoari, eta hark ere baimena ukatuz gero, masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari. Aldaketak ikasturte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira eta aldatu nahi diren irakasgaietako eskolak ezin izango dira hasita egon.

7. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.

Masterretan izena emateko eta matrikula egiteko egutegia Graduondoko Batzordeak onartuko du ikasturte bakoitzerako, graduondoko ikasketen arloan eskumena daukan errektoreordetzaren proposamenez.

Azken bi ikasturteetan hamar ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak UPV/EHUren eskaintzatik kanpo geratu ahal izango dira. Unibertsitate arteko masterretan, sare osoko ikasleak hartuko dira kontuan.

8. artikulua.– Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa unibertsitateen arloko eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako. Matrikula ez da gauzatuko harik eta ordainketa egin arte, hurrengo puntuetan prezio murriztuei, salbuespenei edo epeka ordaintzeari buruz esaten dena galarazi barik.

2.– Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo prezioak ordaintzetik salbuetsita egoteko, matrikula epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.

4.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

5.– Beka eskatuta izateagatik matrikula ordaindu ez dutenek men egin beharko diote Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntza zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak zehazten dituen Eusko Jaurlaritzaren aginduari.

6.– Eskola asegurua, ikasle txartela eta gainerako administrazio tasak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egitean).

7.– Kredituak aitortzeko, kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, unibertsitateen arloko eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako sailak ikasturte bakoitzerako ezarrikoari jarraituz.

8.– Matrikula ordaindu ez duten ikasleak unibertsitatearen zordun izango dira. Halaxe jasoko da erabaki batean, eta horren berri emango zaie interesdunei jakinarazpen baten bidez. UPV/EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezingo dute egin beste matrikularik. UPV/EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok.

9.– Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egitean bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzean beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Bestela, ordaindu egin beharko ditu matrikulako irakasgaien prezioak, nahiz eta horrek ez dion eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

9. artikulua.– Matrikula motak eta prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

Matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa ikasle bakoitzaren baldintzen araberakoa izango da, unibertsitateen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak prezio publikoak ezartzeko ikasturte bakoitzean ematen duen aginduari jarraituz.

Graduko azken urtean ohorezko matrikularen bat atera duten UPV/EHUko ikasleek, hurrengo urtean UPV/EHUko master ofizial batean matrikulatzen badira, deskontua izango dute matrikulan: hain zuzen ere, ohorezko matrikula atera duten kreditu kopurua ez zaie kobratuko. Prezioaren murrizpen bera aplikatuko zaie maila bat baino gehiago dauzkan unibertsitate master bat egiten duten ikasleei.

10. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat. Hala ere, ikasturtea amaitu aurretik egiaztatzen bada ikasleak matrikula egin duela sarbiderako eta onarpenerako baldintzak bete barik, matrikula indargabetu egingo zaio, graduondoko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordearen erabaki baten bidez, masterra atxikita dagoen ikastegiak hala proposaturik. Ikasleari itzuli egingo zaio matrikulako dirua.

2.– EAEko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen arabera (13/1998 Legea, maiatzaren 29koa), nahiz eta ikasleek eskatu matrikula baliogabetzea legeak agindutako epean eta moduan, ez zaizkie inolaz ere itzuliko ordaindutako prezio publikoak, 11. artikuluan aipatzen diren kasuetan izan ezik.

3.– Unibertsitateak matrikula onartzen ez badu, erabaki arrazoitua eman beharko du, eta kasu horretan itzuli egingo zaio interesdunari ordaindutakoa. Ikastegiak matrikula ez onartzeko emandako erabakiaren kontra, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek UPV/EHUko errektoreari edo haren eskumenak eskuordetuta dituen agintariari.

Matrikula baliogabetzeko arrazoiak honako hauek dira:

Matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat ez betetzea: eskakizuna egingo zaio interesdunari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 68. art.).

Beste alde batetik, matrikula baliogabetu egingo da interesdunak horrela eskatuz gero abenduaren 31 baino lehen, baina ordaindutako dirua arautegi honetako 11. artikuluan aipatutako kasuetan baino ez zaio itzuliko.

Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena ikasketa horiek egin nahi izanez gero.

11. artikulua.– Tasa eta prezio publikoak itzultzea.

Salbuespen hauetan itzuliko dira ordaindutako prezio publikoak:

1.– Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren betetzen duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.

2.– Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.

3.– Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo dirulaguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ikasleari onesten zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.

5.– Ikasleak eskatzen duenean matrikula baliogabetzeko eta dirua itzultzeko ikasturtea ofizialki hasi aurretik; kasu horretan itzuliko zaizkio matrikulatutako, aitortutako edo baliozkotutako kredituen zenbatekoak.

6.– Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera. Kasu honetan ebaluatu ez diren irakasgaiak baino ez dira baliogabetuko.

12. artikulua.– Eskola asegurua.

1.– UPV/EHUko graduondoko ikasketa ofizialetan matrikulatzen diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola asegurua. Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak.

2.– Eskola aseguruak atzerriko ikasleak ere babesten ditu, baldin eta kasuan kasuko herrialdearekin elkarrekikotasunezko hitzarmena eginda badago, elkarrekikotasun hori isilbidezkoa nahiz adierazia izan.

13. artikulua.– Istripuetarako eta osasun asistentziarako asegurua.

UPV/EHUk EHU Ikasle Asegurua kontratatua dauka istripuetarako eta osasun asistentziarako. UPV/EHUko masterretan matrikulatutako ikasleak babesten ditu estatu osoan.

II. KAPITULUA
KREDITUEN AITORPENA ETA TRANSFERENTZIA

14. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea da unibertsitateak ontzat hartzea unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez lortutako kredituak, kontuan har daitezen beste ikasketa batzuetako titulu ofiziala lortze aldera. Era berean, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, diplomatura, ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoetan lortutako kredituak ere aitortu ahal izango dira.

15. artikulua.– Eragina.

Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatzen diren kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

16. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Aitortuko den unitatea irakasgaia izango da. Aitorpenena egiterakoan kontuan hartuko da gainditutako kredituei dagozkien gaitasunak eta aitortzak. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleak behar besteko informazioa aurkeztea aitortzea gura duen kredituen ikasketa planean zehaztutako gaitasunen inguruan. Halaber, kredituen aitorpen eskaerei buruzko txostenetan, masterretako batzorde akademikoek gaitasunen eta edukien antzekotasuna hartuko dute aintzat, eta ez irakasgaien edukien eta luze-laburren parekotasuna. Ezin izango dira irakasgai zatiak aitortu. Nahitaezko eta hautazko irakasgaien bidez edo kanpoko praktiken bidez lortutako kredituak aitortu ahal izango dira, betiere, izaera, helburu eta gaitasunak antzekoak badira.

Ez dira aitortuko gradu amaierako edo master amaierako lanengatik lortutako kredituak, espezifikoki mugikortasun programa batean egiten direnak izan ezik.

Hitzarmen espezifikoen bitartez araututako unibertsitate arteko ikasketa bateratuei dagokienez (mugikortasuna edo titulazio bateratuak), hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, betiere, UPV/EHUko araudiaren kontrakoa ez bada.

Irakasgaien aitorpenerako jarraibide propioak dauzkaten masterretan jarraibide horiek aplikatuko dira.

Irakasgaiak bere osotasunean aitortzeaz gain, egiaztatutako lan esperientzia eta esperientzia profesionala ere aitortu ahal izango dira titulu ofiziala lortzeko, betiere, esperientzia horrek zerikusia badauka lortu nahi den tituluari dagozkion gaitasunekin.

Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko ikasketa ez-ofizialengatik (berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik) gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira guztira. Kreditu horiek ez dute zenbakizko kalifikaziorik izango, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko ikaslearen espedientea barematzean.

Salbuespenez, egindako unibertsitate ikasketa ez-ofizialengatik aitortu ahal izango da goiko paragrafoan adierazitako kredituen portzentajea baino handiagoa, eta baita ehuneko ehuna ere (hau da, kreditu guztiak), baldin eta titulu ez-ofizial hori irakasteari uzten bazaio, desagertzen bada eta haren ordez ezartzen bada titulu ofizial berria, zeinaren barruan aitortuak izango diren egindako kreditu akademikoak. Kasu horretan kalitatea bermatzeko barne sistemek ziurtatu beharko dute prozedura egokiro betetzen dela ikuspegi akademikotik.

Masterreko batzorde akademikoak kreditu kopuru bat emango dio ikasleek aurkeztutako unibertsitatetik kanpoko prestakuntzari, kontuan hartuta prestakuntzaren edukiak eta lortutako gaitasunak. Kreditu horiek aitortutako kreditu moduan agertuko dira ikaslearen espedientean. Prozedura honi jarraituz gehienez ere titulazioko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira.

17. artikulua.– Kredituak aitortzeko prozedura.

1.– Kredituak aitortzeko prozesua hasteko, ikaslea matrikulatuta egon behar da kasuan kasuko masterrean, hau da, kredituak aitortzea nahi duen horretan. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu erakunde ofizialetan edo izen handikoetan egindako ikastaro edo lanen aitorpena lortzeko:

Tramitazioa:

Ikasleak masterreko batzorde akademikoari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria. Horretarako epea hilabetekoa izango da eskolak hasten direnetik, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Eskari orria, behar bezala beteta.

– Ziurtagiri akademiko pertsonal konpultsaturik, edo kopia eta jatorrizkoa, erkatzeko.

– Egindako ikastaroaren edo irakasgaiaren programa, edo graduondoko jardueraren xehetasunak.

Kredituak aitortzeko eskariak ikusita, masterreko batzorde akademikoak aitorpen proposamena aurkeztuko dio masterraren ardura duen ikastegiko aitorpen batzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko dizkio batzordeari.

Ikastegiko aitorpen batzordeak eskariei buruzko erabakia hartu, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa eta bai ikaslea. Erabaki horretan ageri beharko da zein kreditu aitortu den eta zein ez, halakorik balego. Aitortu ez diren kredituen kasuan, arrazoiak azaldu beharko dira.

Ikastegi bakoitzeko aitorpen batzordearen erabakien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Kredituak aitortzeko eskariari buruzko erabakian honako hauek jaso behar dira:

– Aitortuko diren kredituen kopurua, eta zein irakasgaitatik datozen.

– Ikasketa planeko zein irakasgai aitortuko zaizkion ikasleari.

– Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik aitortu den kreditu kopurua.

– Zenbat kreditu ez diren aitortuko, eta zergatik.

Ikasleak aitorpen bidez gainditzen dituen kredituak aitortu gisa azalduko dira espedientean. Bertan zehaztuko da ikasketa planeko zein irakasgai jotzen diren egindakotzat, eta zein diren aitortutako kredituei dagozkien jatorrizko irakasgaiak, honako xehetasun hauekin: haien tipologia eta kreditu kopurua, ikasleak zein kalifikaziorekin gainditu zituen, eta zein erakundetan egin zituen ikasketok.

Aitortutako kredituen tasak:

Ikasleek tasak ordainduko dizkiote unibertsitateari baliozkotutako kredituengatik. Unibertsitateen arloko eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du tasa horien zenbatekoa ikasturte bakoitzerako.

18. artikulua.– Kredituen transferentzia.

Kredituak transferitzea da UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak ikasleen espedientean sartzea, baldin eta ikasleak titulu ofizialik lortu ez badu.

1.– Eraginak.

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, baldin eta ikasleak haien bidez titulu ofizial bat lortu ez badu.

2.– Helburua.

Unibertsitateko titulazio bateko ikasketak bukatu gabe izanik beste titulazio bat hasi nahi duten ikasleei transferituko zaizkie.

3.– Tramitea.

Ikasleak espedientearen lekualdaketaren bidez matrikula egiten duenean transferituko dira, ofizioz, eta espedientean jasoko dira unibertsitate berean edo beste batean ikasketa ofizialen bidez ikasleak lortu dituen kreditu guztiak, betiere, ikasketa horien bidez ikasleak ez badu titulu ofizialik lortu.

Transferituriko kredituak 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz jasoko dira ikaslearen espedientean.

III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK

19. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazio sistema.

1.– Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko, zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S).

b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N).

c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O).

d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B).

Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, irakasgai bateko ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da, kontuan hartu gabe zenbat talde dauden.

Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak masterren justifikazio memorian azaltzen direnak izango dira, hau da, masterra egiaztatzeko onartu zirenak.

2.– Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak sinatu egin beharko dituzte, nahitaez, irakasle arduradunak eta masterraren zuzendaritza akademikoa izan duen arduradunak. Aktek ezin izango dute ez zirriborrorik ez zuzenketarik izan. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuak.

3.– Kalifikazioak argitaratuko dira unibertsitateak horretarako jarriko duen aplikazioaren bidez eta master ofizial bakoitzak adierazitako tokian, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 19. artikuluan aipatutako epeak zenbatzeari begira.

4.– Lanbide arautuetan jarduteko bidea ematen duten masterretan baldintza hauek aplikatuko dira:

– Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.

– Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.

– Masterreko batzorde akademikoak zehaztu beharko du nola egin behar zaien uko ebaluazio deialdiei.

– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen arauei jarraituz.

– Ikastegi guztietan ikasleren bat bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, ahalegina egingo da epaimahaikideak ez daitezen izan aurreko deialdietan zuzentzaile izan direnak.

– Edozein irakasgairen sei deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdia eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

– Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

Gainerako masterretako gaiak gainditzeko, lau deialdi egongo dira irakasgai bakoitzean (bi ikasturte bakoitzean). «Aurkezteke» kalifikazioak deialdia galtzea ekarriko du.

Hala ere, ikasleei ez zaie arau hori aplikatuko egoera hauetako bat gertatzen denean:

– Ikaslea gaixorik egotea eskolaldiko hiruhileko batean baino luzaroago. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da.

– Beste egoera larri batzuk.

5.– Aktak bete eta gero, masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzara bidaliko dira hilabeteko epearen barruan.

20. artikulua.– Kalifikazioen berrikuspena.

Kalifikazioen berrikuspena eskatzeko, erreklamazioa aurkeztuko zaio irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari. Ondoren, beharrezkoa bada, masterreko batzorde akademikoak jardungo du.

Erreklamazioa ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Masterreko batzorde akademikoaren erabakiaren aurka ikasleak administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Azken erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.

IV. KAPITULUA
GRADUONDOKO TITULU OFIZIALAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA

21. artikulua.– Arau orokorra.

UPV/EHUko master tituluak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraikiz, eta unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan jasota geratuko dira.

22. artikulua.– Prozedura.

1.– Tituluak eskatu beharko dira masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Eskaria, eredu arautuan.

– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

– Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Tasen salbuespenerako eskubidea duten ikasleen kasuan arautegi honetako 8. artikulua hartuko da kontuan.

– Ikasleari unibertsitateko masterrerako sarbidea eman dion tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, agiri hori ez bazen unibertsitateko masterrerako matrikula egitean aurkeztu. Titulua UPV/EHUn lortutakoa izanez gero, ez da zertan aurkeztu.

Masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzak titulu ofiziala eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria emango die ikasleei, eta ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte.

Tituluak jasotzea.

1.– Titulua, behin inprimatuta, ikasleak berak jaso beharko du masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, interesdunak eskaria egin diezaioke idatziz masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzari bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara, Arabako Campuseko Errektoreordetzara, edo bere etxetik gertuen dagoen probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

2.– Tituluak jasotzeko prozedura bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan.

II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

23. artikulua.– Ziurtagiriak eskatzea.

Egindako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan eskatu beharko dira. Eskariarekin batera aurkeztu beharko da UPV/EHUko webgunean eta masterraren ardura duen ikastegiak zehaztutako idazkaritzetan adieraziko den dokumentazioa.

III. ATALA
PREZIO PUBLIKOAK

24. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko prezio publikoak.

Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak unibertsitateen arloko eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztutakoak izango dira.

Tasak eskaria aurkeztean ordaindu beharko dira UPV/EHUk adierazitako kontuetako batean.

V. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA

25. artikulua.– Organikoa irekitzeko tramiteak.

1.– Master eta Doktoregoko Atalak, jakinda unibertsitateko masterra irakatsi egingo dela, Organikoa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko masterraren gastuak gestionatzeko.

Organiko hori titulazioa atxikita dagoen ikastegiaren Organikoaren menpe egongo da.

2.– UPV/EHUko ekonomia arautegietan zehaztuko da nortzuk izango diren organiko horien arduradunak.

I. ATALA
DIRU SARREREN GESTIOA

26. artikulua.– Diru sarreren aurrekontua gestionatzea.

Unibertsitateko master bakoitzaren organikoari aurrekontu esleipen bat egingo zaio, parametro jakin batzuen arabera, masterraren gastuei aurre egiteko. Ekitaldi ekonomikoan zehar kanpoko deialdietatik etor daitezkeen dirulaguntzak masterreko diru sarreren aurrekontuan sartuko dira.

27. artikulua.– Dirulaguntzen gestioa.

Masterraren irakasle arduradunak hitzarmena egiten badu erakunde publiko edo pribaturen batekin hark dirulaguntza emateko, diru hori UPV/EHUren aurrekontuen kontuan sartzeko eskatuko dio erakundeari. Ondoren, jakinaren gainean jarriko du masterraren ardura duen ikastegia, eta dirulaguntza esleitu izana egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztuko dio. Masterraren ardura duen ikastegiak, dokumentuak aztertu ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bidaliko ditu, dirulaguntza kontabiliza dezaten eta aurrekontu esleipena egin dezaten.

II. ATALA
GASTUEN GESTIOA

28. artikulua.– Gastuen aurrekontua gestionatzea.

Unibertsitateko masterraren organikoaren aurrekontua masterraren arduradunek gestionatuko dute.

Unibertsitateko masterren gastuak guztiz ordaindu beharko dira master bakoitzak bere aurrekontuan jasoko dituen esleipenekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorrei lotuko zaie, kontuan hartuta honako hauek:

a) Gastu arruntak kasuan kasuko kontzeptuari egotziko zaizkio, unibertsitatearen kontuen planaren arabera.

b) Ordainduko diren gehieneko kopuruak honako hauek izango dira:

1.– UPV/EHUtik kanpoko pertsonei masterrean eskolak emateagatik: gehienez 125 euro orduko.

2.– Bidaia, ostatu eta mantenu gastuen kudeaketari dagokionez, men egingo zaio aurrekontua kudeatzeko UPV/EHUn indarrean dagoen arautegiari.

3.– Erositako material inbentariagarria gastuen kasuan kasuko kontzeptuan kontabilizatu eta unibertsitatearen ondarean sartuko da. Horrexegatik, inbentario ofizialean agertu beharko da, arlo horretako arautegiari jarraikiz.

IV. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA
XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi hau UPV/EHUk bakarrik antolatutako master guztiei aplikatuko zaie. UPV/EHUk beste unibertsitate batzuekin batera antolatzen dituen programa ofizialen kasuan ere aplikatuko da arautegi hau baina, horrez gain, erakundeen arteko lankidetza hitzarmena hartuko da kontuan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Master ofizialetan aldaketarik egin nahi izanez gero, Graduondoko Batzordeak beren-beregi eman beharko du baimena, eta horretarako ezarrita dauden izapide guztiak egin beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENengoa

Arautegi hau 2022/2023 ikasturtean sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan, eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamenari jarraituz.

Graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari ematen zaio arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau hurrengo ikasturteetan egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala