Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2022ko ekainaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2683

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 30ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2022ko «Innobideak-Innokonexio» laguntza programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzen dituena eta horiek argitaratzea agintzen duena.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-klima eta gizartea-osasuna. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Alde horretatik, SPRI zenbait ekintza ari da garatzen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko.

Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileen kopurua handitzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera moldatzea.

Joan den 2021eko abenduaren 15ean Administrazio Kontseiluaren adostasunaren bidez 2022ko ekitaldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago Innobideak Innokonexio programa.

Hori guztia dela eta,

HONAKO HAU EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Innobideak-Innokonexio» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2022ko «Innobideak-Innokonexio» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2022ko maiatzaren 30a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
«INNOBIDEAK-INNOKONEXIO» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Aipatu bezala, SPRI zenbait ekintza ari da garatzen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko, eta nabarmentzen ari da xede horretan.

Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileen kopurua handitzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau enpresen berrikuntza arloko jarduera sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Berrikuntza-jarduerei zuzendutako babes horrek, epe ertaineko eta luzeko ikuspegitik, batetik, berrikuntza puntualei jarriko lieke arreta, behar eta aukera espezifikoei erantzuteko. Baina, horrez gain, enpresaren barruan gaitasunak garatzea ahalbidetuko luke, gero eta maizago eta modu sistematikoagoan berritzeko, eta anbizio handiagoarekin.

Gero eta erakunde berritzaileagoak bihurtzeko enpresek egin beharreko ibilbide horretan, berrikuntza-sistemen sistematizazioaz gain, badira aurrerapena erakusten duten beste mugarri batzuk ere, hala nola I+G+b babesteko nazioarteko programetan gero eta parte-hartze handiagoa izatea, I+G+b emaitzen babesa eta balorizazioa, eta kudeaketa aurreratua sustatzearen bidez berrikuntzaren kudeaketa bultzatzea. Arrazoi hori dela eta, programa honen esparruan berariazko laguntza jasotzen dute berrikuntzaren nazioartekotzeak, I+G+b emaitzen babesak eta balorizazioak, eta kudeaketa aurreratuak.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Berrikuntza Proiektuak egitera bideratutako laguntza-programa bat arautzea da oinarri hauen helburua. Berrikuntza Proiektu horiek erakundeetan berrikuntzaren kudeaketa eta sistematizazioa finkatzen lagunduko dute eta, modu horretan, EAEko enpresa berritzaileen oinarria handitzen lagunduko dute.

Proiektuak banakakoak izan daitezke; kasu horretan enpresa bat izango litzateke onuradun bakarra. Edo lankidetza-proiektua ere izan daiteke; kasu horretan bi enpresak edo gehiagok parte hartuko lukete onuradun gisa.

Lankidetzako proiektuen kategorian, beste gauza batzuen artean, oinarri hauek kontuan hartuko dute enpresa handi batek sustatutako lankidetza-proiektuentzako laguntza eta haren bezeroen eta/edo hornitzaileen katearen parte-hartzea. Hala, lankidetza-proiektuaren parte diren ETEak izango dira onuradunak.

2.– Laguntzen izaera:

a) Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

b) Behar bezala jasotako eskaeren ondoz ondoko lehia-prozeduraren arabera onartuko dira laguntza horiek. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

c) 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko araudi orokorrean (EB) xedatutakoaren mende daude arau honek aintzat hartzen dituen laguntzak edo dirulaguntzak.

d) Programa honen baitan emandako laguntzek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-izaera izango dute.

e) Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Produktuaren berrikuntza (ondasunak eta zerbitzuak). Ondasun edo zerbitzu berria edo hobetua, enpresak lehendik zituen ondasunen edo zerbitzuen oso ezberdina, eta merkatuan txertatuko dena. Produktu eta/edo zerbitzu berriak honako fase hauetakoren batean egon beharko du: definizio kontzeptualeko fasean, edozein ikerketa- eta/edo garapen-etapa baino lehen, edo ikerketa- eta/edo garapen-etapa gainditu eta merkatura hurbiltzeko eta iristeko fasean, eta, beraz, arrisku teknologikoak nulua edo oso mugatua izan beharko du.

2.– Prozesuaren berrikuntza Negozio-funtzio baterako edo gehiagotarako negozio-prozesu berria edo hobetua, enpresak lehendik zituen negozio-prozesuen oso ezberdina, eta enpresan ezarriko dena. Halaber, laguntza jasoko duen enpresa onuradunean epe laburrean ezarri beharko da. Prozesuaren Berrikuntzaren helburua salmenta, lizentzia, ezarpena edo hirugarrenei zuzendutako beste edozein helburu denean, berrikuntza hori produktu edo zerbitzu berri bat izango da enpresa onuradunarentzat, eta, beraz, Produktuaren Berrikuntzatzat hartuko da.

3.– Negozio-funtzioak. Enpresaren barruko sei funtzio hartzen ditu barne negozio-prozesuen berrikuntzak. Honako hauek dira: Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, Banaketa eta logistika, Marketina eta salmentak, Informazio- eta komunikazio-sistemak, Administrazioa eta kudeaketa, Produktuen eta negozio-prozesuen garapena (Osloko eskuliburua, 2018).

4.– Berrikuntza-jarduerak. Berrikuntza sortzea helburu duten, edo lortu duten, enpresaren finantza-jarduerak, garapen-jarduerak eta merkaturatze-jarduerak.

5.– Berrikuntzaren kudeaketa. Enpresaren barruko berrikuntza-jarduera modu sistematikoan lantzea ahalbidetzen duen kudeaketa, modu horretan jardueraren gauzatzeak eta emaitzen ezarpenak probabilitate handiagoa izan dezaten arrakastatsuak izateko. Berrikuntzaren kudeaketa sistematizatzeak erraztu egiten du erakundearen barruan egin beharreko ondoz ondoko berrikuntzetan prozesua errepikatzea, erraztu egiten ditu berrikuntzaren plangintza eta kontrola, eta areagotu egiten ditu eraginkortasuna eta efikazia. Berrikuntzaren kudeaketarekin lotutako praktikak esanguratsuak dira berrikuntzan aktiboak diren enpresentzat. Kudeaketa aurreratuko metodologiak eta tresnak aplikatu nahi dira, negozio-prozesuetan hobekuntza nabarmenak eragiteko. Hobekuntza horiek programaren enpresa onuradunetan ezarriko dira epe laburrean.

6.– I+G+b babestea eta balorizatzea. Enpresen ikerketa, garapen eta berrikuntzatik eratorritako emaitzei balioa ematea lehiakortasunerako funtsezko faktore bihurtu da egungo merkatu globalizatuan. Era berean, komeni da emaitza horiek babestea. Horretarako, kanpoko enpresa adituen laguntza behar izaten da askotan, besteak beste, honako hauek ezagutzeko: produktu, zerbitzu edo prozesu jakin baterako jabetza hori behar bezala babesteko bideragarritasuna, enpresak egin lezakeen eta egin beharko lukeen babes egokia, babes horrek kontuan hartu beharko lukeen estaldura eremu geografikoa, babes horri lotutako kostuen azterketa, babes-eskaera erregistratzeaz arduratzen diren erakundeei dagokion eskaera aurkezteko beharrezko memoria eta dokumentazio teknikoa prestatzea.

7.– I+G+b nazioartekotzea. Elkarrekin I+G+b-ko proiektuak egiteko beste herrialde batzuetako erakundeekiko lankidetzaren bidez nazioartekotzea estrategia onuragarria da enpresa batek berez planteatu ezin ditzakeen helburuak lortzeko. Beste herrialde batzuetako bezeroekin, hornitzaileekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin edo enpresa lehiakideekin egindako I+G+Bko proiektu zehatzen bidez plantea daiteke, edo nazioarteko foro teknologikoetan parte hartuz, hala nola sareetan, batzordeetan, lantaldeetan, plataforma teknologikoetan eta abarretan. Parte-hartze hori, zuzena edo zeharkakoa hirugarrenen bitartez, enpresak jarduten duen teknologia-zaintzaren eta ingurunearen iturri bikaina da, eta aukera ematen dio, adibidez, lege- edo arau-aldaketei aurre hartzeko, bai eta beste enpresa edo erakunde batzuek abiarazitako proiektuetan parte hartzeko aukerak baliatzeko ere. Bi kasuetan, enpresek kanpoko enpresa adituen laguntza behar izaten dute, nazioarteko I+G+b proiektuetarako lankidetza-esparru potentzialak identifikatzen laguntzeko eta lidergo propioko proiektuetan edo hirugarrenek gidatutako proiektuetan parte hartzeko eskaerak eta proposamenak prestatzeko.

8.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak eginiko txostena. Oinarri hauetako 12.4 artikuluan adierazitako irizpideak balioztatzeko behar adina informazio eman behar du.

9.– Kanpoko Enpresa Aditua. Laguntzaren eskatzaile den enpresatik kanpoko pertsona fisikoa edo juridikoa, proiektuaren xede den arlo teknikoan froga daitekeen ezagutza nahikoa, eta bere zerbitzuak enpresa eskatzaileari merkatuko baldintzetan eskaintzeko eta fakturatzeko gaitasuna duena.

10.– Tarteko agentea. Erakunde hauen jarduera haien eraginpeko arloko enpresen sustapen ekonomikora eta lehiakortasunera bideratuta egoten da. Programa honen harira, proiektuak lankidetzan eratzen, dinamizatzen eta koordinatzen parte har dezakete. Proiektuaren hornitzaileetako bat da lankidetzan, baina lehen adierazitako funtzioak betetzeko bakarrik.

11.– Berrikuntza-gaien aholkularitza-zerbitzuak. Hauei buruzko aholkularitza, laguntza eta prestakuntza: ezagutzaren transferentzia; aktibo immaterialak eskuratzea, babestea eta ustiatzea; eta horiek barne hartzen dituzten arau eta erregelamenduen erabilera.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 3.250.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren Zuzendaritza Nagusiak, webgunean (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ETE-ek (2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EB Gomendioaren arabera), industria arlokoek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenek, 5. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude. Ekonomia Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean emandako alta horrek, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko du, laguntza eskatzen denetik sei hilabete baino epe laburragoan eratutako enpresentzat izan ezik. Bestela, eskaera baztertu egingo da. Faktore hori dagokion foru-ogasunak igorritako Jarduera Ekonomikoen Historikoa ziurtagiriaren arabera balioztatuko da.

c) Dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez, 10 langileko batez besteko plantilla badute. Enpresan Kudeaketa Aurreratua (Kudeabide) lortzera bideratutako ezarpen-proiektuen kasuan, gutxienez 50 langile izan beharko dituzte.

Enplegu kopurua lanaldi osoko urte osoko baliokideen araberakoa da. Baldintza hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txostena» izenekoaren bidez aztertuko da. Era berean, plantillako kidetzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.

2.– Ezingo dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jaso:

a) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

b) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren entitateek, ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateek; ez eta Tarteko agentetzat hartzen direnek ere.

e) Sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso duten enpresek, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak. Hala ere, Programan eskatzen den batez besteko plantilla-eskakizunari dagokionez, jaitsiera laguntza onartu ondoren gertatzen bada, eta laguntza justifikatu arte, oinarri hauetan eskatzen den batez besteko plantillaren gutxieneko kopuruaren % 10era arteko jaitsiera onartuko da.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, enpresa eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiriak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira, oinarri hauen 11.6 artikuluan eskatutako agirien bidez.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Honako hauek ahalbidetzen dituzten proiektuak, banakakoak edo lankidetzan eginak, lagun daitezke diruz:

– Produktuaren berrikuntza (ondasunak edo zerbitzuak).

– Negozio-prozesuen berrikuntza.

– Europako Batzordeak sustatzen dituen Ikerketa eta Berrikuntzari buruzko deialdien esparruan, proiektuen proposamenetan parte hartzea sustatzea.

– I+G+b emaitzen babesa eta balorizazioa.

– Erakundean Kudeaketa Aurreratua lortzera bideratutako ezarpenak (Kudeabide), aurrez egindako hausnarketa-prozesu bati erantzuten diotenak (Kudeaketa Aurreratuaren Hasierako Kontraste Txostena, Kudeaketaren Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana).

Lankidetzako proiektuen kategoriaren barruan, bi ETEk edo gehiagok parte hartzen duten proiektuak proposa daitezke, baita enpresa traktore handi batek sustatzen dituen eta haren bezeroek eta/hornitzaileek parte hartzen duten proiektuak ere; hala, lankidetza-proiektuaren parte diren ETEak izango dira onuradunak.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Honako hauek hartuko dira programa honen gastu hautagarritzat:

a) Patenteak eta beste aktibo immaterial batzuk eskuratzeko, baliozkotzeko eta babesteko gastuak.

b) Berrikuntzari buruzko aholkularitza-zerbitzuen eta laguntza-zerbitzuen gastuak, honako hauek eskaintzen dituztenean:

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean adituak diren eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duten enpresak, enpresa eskatzailearen kanpokoak direnak.

– Tarteko agenteak, lankidetza-proiektuak konfiguratzearekin, dinamizatzearekin eta koordinatzearekin lotutako zereginetarako.

– Kanpoko enpresa adituak eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko agenteak, Europako Batzordeak sustatzen dituen Ikerketa eta Berrikuntzari buruzko deialdien esparruan, proiektuen proposamenetan parte hartzea bultzatzeko.

2.– Laguntza-eskaera bide elektronikotik aurkeztu ondoren hasi beharko da diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten, deialdiaren urte naturalean, eta gehienez hamabi hilabeteko epean ezarri beharko da laguntzaren hasierako eskaeran adierazitako proiektu-hasiera datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2023ko urriaren 13a baino lehen.

3.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.

Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa egiteko, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira aintzat, eta berariaz justifikatu beharko da hautaketa, baldin eta ez bada ekonomikoki onuragarriena dena hautatzen.

4.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek zuzenean egon behar dute lotuta diruz lagundu daitezkeen jarduerekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero (fakturan sartuta edo gabe), gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriek arrazoizkoak izan behar dute, eta mugatu egin ahal izango da SPRIk hala iritziz gero.

d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Administrazio Publikoaren eta/edo haren mendeko sozietateen beste Programa batzuen bidez laguntza jaso duten diruz lagun daitezkeen kontzeptu eta/edo gastuak.

e) Ez dira, inola ere, gastu hautagarritzat hartuko honako hauek: fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga; I+G jardueratzat har daitezkeenak; euren kabuz proiektu bat osatzen duten prestakuntza-gastuak, edo laguntzaren xede den berrikuntza-proiektua behar bezala gauzatzeko berariazkoak eta osagarriak ez direnak; kanpoko aditu-enpresako langileen lekualdatze-gastuak; ikuskaritza-zerbitzuetatik etorritako gastuak; due diligence; gastu juridikoak, notaritzakoak, erregistrokoak eta antzekoak; nazioartekotze-planak, kanpoan ezartzekoak edo esportaziorako partzuergoak sortzekoak; komunikazio eta marketineko ekintzak eta kanpainak; publizitateko materialak eta euskarriak; aretoen alokairua; dietak eta antzekoak; lizentziak; software-garapena, datuak kargatzea eta ezarpena; ekipamenduak, materialak, osagaiak, altzariak eta/edo beste edozein aktibo ukigarri eskuratzekoak.

f) Zerbitzuek ez dute jarduera jarraitu edo aldizkako izan behar, ez eta enpresaren ohiko kostu operatiboekin lotuta egon ere, nahiz eta horiek kanpora aterata egon.

g) Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza erakoak izango dira. Hala, oinarri hauen 6. artikuluan jasotako gastu hautagarrien % 50 lagunduko da diruz, enpresa bakoitzeko 250.000 euroko mugarekin, enpresari eta/edo merkatuari berrikuntza bat eskaintzen dioten proiektuetara bideratuta. Modu horretan, bakarkako proiektuek, gehienez, 250.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete. Lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 500.000 euro, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.

Oso oso bereziak diren proiektuen kasuan (non berrikuntzak esanguratsuak diren eta erakundeari inpaktu handia egingo dioten), aipatutako 250.000 euroko muga gainditu ahal izango da. Horretarako, proiektuak berrikuntza nabarmena eta inpaktu handikoa dakarrela ulertuko da 12. artikuluko 4.c atalean adierazitako «Emaitzetatik espero den berrikuntza eta inpaktu maila» irizpidean gehieneko puntuazioa (10 puntu) eskuratzen duenean. Kasu horretan, gastu hautagarrien % 50ekoa izango da laguntza. Bakarkako proiektuek, gehienez, 350.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete. Lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 700.000 euro, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.

Nolanahi ere, enpresa bakar batek ere ezingo du jaso 350.000 eurotik gorako laguntza.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Deialdi honetan onartutako proiektuek ezingo dute Administrazio Publikoaren eta/edo haren mendeko sozietateen beste programa batzuetako laguntzarik jaso.

2.– Epeka ordaintzeko laguntzak ematen diren unean eguneratuko dira haien baliora.

9. artikulua.– Kanpoko aditu-enpresen, ikerketara eta ezagutzen hedapenera bideratutako erakundeen eta Tarteko Agenteen baldintzak.

1.– Kontratatuko diren kanpoko aditu-enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez izatea berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate.

b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

c) Ez izatea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteak, ez eta ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateetako agenteak ere.

d) Ez izatea Tarteko Agenteak.

2.– Ikerketara eta ezagutzen hedapenera bideratutako erakundeak:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta dagoen 21/2021 Dekretuan, urtarrilaren 26koan, (EHAA, 26. zk.) jasota daudenak. Dekretu horren bidez hirugarren aldiz aldatzen da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko Dekretua.

3.– Kontratatuko diren Tarteko agenteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera esparru horretan garatzea.

b) Xedea eta jarduera interes orokorrera eta sustapen ekonomiko orokorrera eta/edo dagokion eremu geografikoko enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta izatea, eta helburuen artean izatea euskal enpresa-ehunaren kapilaritatea indartzea eta euskal Administrazio Publikoaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko programetara ahalik eta enpresa gehienei iristen laguntzea.

Programa honetarako, honako hauek hartuk dira Tarteko agentetzat:

– Euskadiko Kluster Elkarteak.

– Enpresen eta Sektorekako Elkarteak.

– Tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentzia, betiere irabazi-asmorik gabeko entitateak badira eta kapitalaren gehiengoa publikoa badute.

– Enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta hobetzeko gaietan funtzioak garatzen dituzten tokiko korporazioak.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2022ko urriaren 28an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2022ko urriaren 28ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Programaren webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunearen bidez bete beharko dute Laguntza Eskaera: www.spri.eus/innobideak

3.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.

4.– Laguntza-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu. Era berean, proiektuari buruzko datu espezifikoak ere izango ditu: izenburua, hasteko eta amaitzeko data, helburua, hornitzaileak, proiektuari lotutako kostuak. Lankidetzarako eta/edo trakzio-proiektuetarako, eskaera bakoitzean adierazi beharko da zein diren enpresa parte-hartzaileak, eta hala badagokio, proiektua dinamizatzeko tarteko agentea.

5.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko aitorpena, laguntzaren eskaera elektronikoan txertatutako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eratze-data.

– Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitekeen jarduera egingo duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea araudi honen 4,2. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Konpromisoa hartzea araudi honen 6.3 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzeko, eta zenbateko hori SPRIri itzultzeko konpromisoa, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.

– Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

b) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria) Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.

c) Ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

e) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa (programak emandako formatuaren arabera).

f) Proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzen kopia. Eskaintzak osorik aurkeztu behar dira, lankidetzaren norainokoa zehatz adierazita eta proiekturako aholkulari-taldeko kide bakoitzaren identifikazioarekin, eta enpresa eskatzaileak berariaz onartu behar ditu. Lankidetzazko eta/edo trakzio-proiektuen kasuan, eskaintzak proiektuaren zenbateko eta irismen osoa izan behar du; baita enpresa parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartzen duen proiektuaren aurrekontu-zatia ere.

g) Erakundean Kudeaketa Aurreratua lortzera bideratutako ezarpenen kasuan (Kudeabide), jarduera justifikatzen duen Kudeaketa Aurreratuaren Hasierako Kontraste Txostenaren, Kudeaketaren Diagnostikoaren, Plan Estrategikoaren edo Kudeaketa Planaren kopia.

12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIren Teknologia eta Berrikuntza arloak eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

Proiektuaren memoria eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzak ezingo dira aldatu eskaera aurkeztu ondoren. Hala ere, SPRIk eskaerari buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan, hala egin behar dela erabakitzen badu.

2.– Entitate eskatzaileak baliozkotzat joko ditu laguntza-eskaeran harremanetarako identifikatutako pertsonaren posta elektronikoko kontura SPRIk igorritako jakinarazpen guztiak. Enpresa eskatzaileari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.

Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.

4.– Proiektuak honako irizpide eta puntuazio hauek aplikatuta ebaluatuko dira:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: gehienez, 35 puntu. Gutxienez 20 puntu lortu behar dira.

b) Proiektuko zereginak egokiak izatea proiektuaren helburuak lortzeko: gehienez, 35 puntu. Gutxienez 20 puntu lortu behar dira.

c) Emaitzetatik espero den berrikuntza eta inpaktu maila (berrikuntza sistematikoa, berrikuntza irekia, berrikuntza disruptiboa etengabeko berrikuntzaren aurrean, dibertsifikatzeko berrikuntza, I+G+b nazioartekotzea, balio-katean duen inpaktua): gehienez, 10 puntu.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldekideen kopurua eta trebakuntza): gehienez, 10 puntu. Gutxienez 5 puntu lortu behar dira.

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideak egokiak izatea: gehienez, 10 puntu.

Irizpide bakoitzak gehieneko puntuazioa du. Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da puntuazioa emateko.

a. irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea) gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten laguntza-eskaerak, b. irizpidean (Proiektuko zereginak egokiak izatea proiektuaren helburuak lortzeko) gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak eta d. irizpidean (Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea –kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldekideen kopurua eta trebakuntza–) gutxienez 5 puntu lortzen ez dituztenak: ukatu egingo dira.

Era berean, ebaluazioan 50 puntu lortzera iristen ez diren jarduerak biltzen dituzten laguntza-eskaerak atzera botako dira.

5.– Dirulaguntzen eskaera-espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

6.– Ebazteko epea. Sei hilabeteko gehieneko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak arau honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

7.– Ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du segidako egilespenaren araubidean, eta entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, ebazpena eman eta handik, gehienez 10 egun balioduneko epean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

8.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamabost egun naturaleko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza erabiltzea proiekturako.

3.– SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

6.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

7.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela.

8.– SPRIk hala eskatuta, eta konfidentzialtasunari dagozkion mugak errespetatuta, dirulaguntzaren xede den proiektuaren emaitzak hedatzea edo hedatzeko aukera ematea komunikaziorako, sentsibilizaziorako eta prestakuntzarako dituen mekanismoak erabilita.

9.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

10.– Jasotako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitatea egitea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoan oinarrituta.

14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Era berean, SPRIk luzapen bat onar dezake jarduerak burutzeko, betiere, enpresa onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza-zatiaren ordainketan. Luzapen hori laguntzaren hasierako eskaeran proiektu-amaierako data gisa ezarritako eguna baino lehen eskatu beharko zaio SPRIri. Eskatutako luzapenak ezingo du ekarri proiektuaren gauzatzea oinarri hauen 6.2 artikuluan ezarritako gehieneko 12 hilabeteko epea baino gehiago luzatzea, ezta azken eguna, 2023ko urriaren 13a, baino gehiago luzatzea ere.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta entitate onuradunak aldaketa horiek SPRIri eskatu badizkio eta aurrez behar bezala justifikatu baditu, eta ahal bada, proiektuan aplikatu aurretik, eta betiere, jardueren izaera eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren www.spri.eus/innobideak web-orriko likidazio-eskaeretarako inprimaki informatizatuak erabiliz. Likidazio-eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da laguntza-eskaeran proiektua burutzeko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Proiektua dagokion onarpen-ebazpena eman baino lehen amaitzen bada, likidazio-eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoa eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Fakturen fotokopia. Fakturak hilabeteko epean egin behar dira eskaeran proiektua burutzeko adierazitako datatik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskaera telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektu hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk aurrez onartu gabeko gastuei dagozkienak ere. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuari dagozkion aholkularitza-orduen zenbatekoak eta bestelako gastuak, adibidez, tasak, bidaiak, dietak, lekualdatzeak, hornitzeak eta abar. Fakturek proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu aurretik ordainduta egon behar dute. Ez dira aintzat hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskaeraz harago luzatua duten fakturak.

b) Finantza-erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek faktura igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Likidazio-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa: hor egongo dira jasota, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektua gauzatzeko gastuak eta proiektuak enpresaren lehiakortasunean izandako eragina (Programak emandako formatuaren arabera).

e) Egindako lanen irismena balioztatzeko, proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira.

5.– Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

6.– Entitate eskatzaileak baliozkotzat joko ditu laguntza-eskaeran entitateak adierazitako harremanetarako pertsonaren posta elektronikoko kontura SPRIk igorritako jakinarazpen guztiak. Proiektuaren eskatzaile gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

7.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

8.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da, aurrerapen gisa, aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk dirulaguntzaren gainerako zatiaren ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskaera eta frogagiriak aurkeztu ostean, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.

3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko araudi orokorra (EB).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala