Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2022ko ekainaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2633

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2022ko «Aholku» laguntza programaren oinarri arautzaileak, eta laguntzen deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomi Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau helburu nagusi honekin diseinatu da: laguntza ematea euskal enpresei lege-aholkularitza espezializatua eskuratzeko, Errusiaren eta Ukrainiaren arteko egungo gatazkak nahiz etorkizuneko bere ondorioek sortutako nazioarteko testuinguru konplexu batean.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Aholku» 2022 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2022ko maiatzaren 25a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
AHOLKU 2022 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen atalean jasotakoa: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena».

Jarraipena ematen zaio horrela aurreko legealdietan hasitako sustapen-politika publiko bati, zeinaren helburua baita nazioartekotzeko sustapen-laguntzak ematea enpresa hasiberriei eta dagoeneko finkatuta dauden enpresei atzerriko merkatuetan sartzeko dituzten oztopoak gainditu ditzaten.

Laguntza publiko horiek pentsatuta daude testuinguru jakin baterako, alegia, atzerriko merkatuetan sartu eta haietan lan egiteak suposatzen duen ohiko zailtasunari aurre egiteko.

Errusiak Ukrainia inbaditu ostean piztu den gerrak goitik behera aldatu du ohiko testuinguru hori. Euskal enpresa askok merkataritzako eta produkzioko ekimenak gauzatzen dituzte bi herrialde horietan eta gerraren eragina jasaten dute zuzenean zein zeharka: hornikuntza-kateen etena, produkzioko lantegien itxiera, langileen mugikortasuna, kapitalen mugikortasuna, merkataritza- eta inbertsio-operazioekin erlazionatutako kobrantza eta ordainketak...

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak uste du Errusiak Ukrainiaren aurka eginiko erasoak, EBk edo haren aliatuek ezarri dituzten zigorrek eta hartu diren gainerako kontra-neurri guztiek sekulako ziurgabetasuna eragin dutela estatu kideen ekonomian; hornikuntza-kateak eta merkataritza-fluxuak eten dira, prezioek ustekabeko gorakada handiak izan dituzte, batez ere gas naturalarenak eta argindarrarenak, baina baita ere beste intsumo, lehengai eta produktu primario askok, esaterako, nekazaritzako elikaduraren sektorekoek. Ondorio horiek guztiak direla medio, estatu kide guztietako ekonomiak gorabehera handiak izaten ari dira. Bai hornikuntza-kate desberdinen etenek, bai etengabeko ziurgabetasun gero eta handiagoek zuzeneko nahiz zeharkako inpaktua izan dute sektore gehienetan. Gainera, bereziki energiaren kostuen igoerak eragina izan du estatu kide guztietako ekonomia ia guztietan.

Diagnostiko horren haritik, Batzordeak uste du komeni dela irizpide komun batzuk ezartzea estatu kideek ekonomiaren nahasdura larri honi konponbide bat emateko baliatu ditzaketen neurri laguntzaileak baloratzeko, eta asmo horrekin dekretuz onartu dute Aldi baterako Krisi-esparru bat, zeinak Estatuko laguntzen egungo tresna-multzoa osatuko duen, estatu kideek dagoeneko eskura dituzten beste hainbat aukerarekin batera, hala nola hauekin: ezohiko baldintzen ondorioz enpresek jasan dituzten kalte zuzenak konpentsatzeko neurriak eta Batzordeak energia merkatuaren bilakaerari buruzko jakinarazpenetan jaso dituen neurriak.

Krisi-esparru hori ezarri izanak –neurri horrek apur bat arinduko du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. artikuluan ezarritakoa tratatuak indarrean dirauen bitartean– argi erakusten du zenbateraino gauden ezohiko egoera baten aurrean. Horregatik, Jaurlaritzak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak konpromisoa hartu dute, ezohiko neurri bezala, aurrekontu-kreditu berriak onartzeko eta, bide horretatik, egoeraren eragina zuzenean nahiz zeharka jasaten ari diren enpresei laguntzeko neurriak aktibatzeko. Aldi baterako Krisi-esparru onartu berriari buruz esandakoa gorabehera, eta kontuan izanik emango den laguntzaren intentsitatea, Jaurlaritzak uste du de minimis laguntzen araudiak (Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua) bermatuko dituela tresna honen tramitazio- eta baliozkotze-prozesu azkar eta eraginkorrenak, eta horrela lortuko dela finean tresna bera eraginkorragoa izatea.

Laguntza-neurri horietako bat, Aholku programaren bidez bultzatu nahi dena, baliagarria izango da nazioarteko merkataritzako zuzenbideari buruzko lege-aholkularitza adituaren kostu gehigarriak arintzeko, euskal enpresek halako zerbitzuak erabili beharko dituztelako ezinbestean.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresen nazioartekotzea sustatzeko eskaintzen dituen ohiko laguntza-programekin gertatzen den bezala, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia programako kolaboratzailea izango da, enpresa nazioartekotuen premiei buruz duen ezagutza espezializatuagatik eta baita ere presentzia duelako kaltetutako merkatuetan.

Aholku 2022 Programak badu behar besteko aurrekontu-kreditua, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak 2022rako prestatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2022ko apirilaren 29ko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez aldatua) sartuta dago.

1. artikulua.– Xedea.

Aholku programaren helburua da enpresei lege-aholkularitza espezializatua lortzen laguntzea, Ukrainako gerrak eragindako merkataritza-trukeak oztopatzen dituzten neurriekin eta horiek eragindako kalteekin zerikusia duten eremuetan.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.

2.– Aholku programako laguntzak eskakizun guztiak betetzen dituzten eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete diren unearen arabera.

3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak dira eta, beraz, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 200.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez da onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerarik. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/Aholku) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Aurreikusitako laguntza ekonomikoen onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo enpresa handiak, baldin egoitza edo produkzio-instalazioak badituzte Euskal Autonomi Erkidegoan, industria sektorekoak edo produktu-prozesu industrialarekin erlazionatutako zerbitzuen sektorekoak badira, eta baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

a) EBk Errusia eta Bielorrusiari ezarritako zigor ekonomikoen edo Errusiak EBri ezarritako kontra-zigorren eragina jasatea.

b) Erreferentziazko gerraren ondorioz (zuzenean zein zeharka) hornikuntza-katearen etete fisikoen eragina jasatea.

ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2.– Artikulu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntza likidatu arte.

3.– Ezingo dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan:

a) Administrazio-zehapen edo zehapen penal bat duten enpresak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdua dutenak, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, ez eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

b) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan zehaztutako egoeretan egoteagatik onuradun izan ezin daitezkeenak eta, bereziki, baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

– Egunean ez egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrak izatea Eusko Jaurlaritzarekin edo SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

c) Azkenik, ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresa edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik.

d) Ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; ez dira onuradun izango ezta ere krisialdian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EO C249, 2014-07-31).

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintza eta gastuak eta laguntzaren zenbatekoa.

1.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak izango dira nazioarteko aholkularitza espezializatua eskuratzeko jarduerak, baldin eta zuzenean erlazionatuta badaude Errusiak Ukrainia inbaditu izanarekin, gastu hautagarritzat hartuko direlarik honako hauek:

a) Nazioarteko zuzenbideari buruzko aholkularitza-gastuak (nazioarteko merkataritza, muga-zergen erregimena, merkatu-gaien garraio-aseguruak, etab.)

b) Merkataritzako kontratazioarekin erlazionatutako aholkularitza juridikoko gastuak (abalak, indarrean dagoen kontratu bateko intzidentziak, enpresen itxierak...)

c) Lan arloko aholkularitza juridikoko gastuak, baina bakarrik zerikusi zuzena dutenean langileak edota euren familiak Errusia, Ukrainia edo Bielorrusiatik aberriratzearekin, atzerriko ezarpenen jarduera bertan behera uztearekin, produkzioko lantegiak ixtearekin, etab.

d) Aholkularitza juridiko espezializatuko beste edozein gastu, baldin eta helburutzat badute Ukrainiako gerraren ondoriozko ziurgabetasuna eta oztopo administratiboak nahiz bestelako oztopo handienak arintzea.

Nolanahi ere, gastu hautagarriek zerikusi zuzena izan behar dute laguntzaren xedearekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoa onartutako aurrekontuaren % 50erainokoa izango da, gehienez 10.000 euro enpresa bakoitzeko.

3.– Laguntzaren xede izango dira 2022ko otsailaren 24tik, 2022ko urriaren 17ra bitartean gauzatutako ekintzak.

4.– Ez da laguntzarik emango balio erantsiaren gaineko zergarako (BEZ), ez eta beste edozein tasa edo zerga ordaintzeko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak ez dira izango merkatuko balioa baino handiagoak.

6.– Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko edo gastua dirulaguntzaren eskaera baino lehenago egin bada.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, ulertuko da onuradun batek azpikontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea dirulaguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpikontratatu edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpikontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

6. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Enpresa bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du.

2.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2022ko urriaren 17an edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraiki. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2022ko urriaren 17ko arratsaldeko 15:00etan amaituko da.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta deialdi honetatik eratorritako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, helbide honen bitartez: www.spri.eus/aholku

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar da.

5.– Eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

7. artikulua.– Eskaeren edukia eta atxikitako dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek dokumentu hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta.

b) Laguntzaren xede diren ekintzen justifikazio-memoria.

c) Eskaerari lotutako gastuen fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin. Argi eta garbi identifikatu behar dira fakturen kontzeptuak.

d) Enpresako eskriturak eta ordezkaritza ahalordea.

e) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria eta EJZren kopia, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

g) Erantzukizunezko adierazpena, zeinetan ziurtatzen baita betetzen direla 4. artikuluan zehaztutako baldintzak eta ez daukala eragozpenik laguntzaren onuradun izateko.

Eskaerarekin batera aurkezten bada frantsesa edo ingelesa ez den atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriren bat, horren zinpeko itzulpen bat aurkeztu beharko da EAEko edozein hizkuntza ofizialetan.

2.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

8. artikulua.– Zuzenketak.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak akats edo okerreko daturen bat aurkitzen badu aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango die enpresa eskatzaileei, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, ulertuko da uko egiten diotela eskaerari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin.

9. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egingo ditu behar diren txosten teknikoak, eta agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak. Sozietate hori SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren kolaboratzailea izango da, eta bere zereginak izango dira bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea, eta kasuan kasuko txosten teknikoa egitea laguntza-ebazpenaren proposamenarekin.

3.– Txosten teknikoetan ebaluatuko da aurkeztutako gastuak bat datozen oinarri hauetako 5. artikuluko 1. atalean jasotako gastuekin.

4.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenak ikusita, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntzak ebatziko ditu, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera, eta beti ere aurrekontu-kreditua badago.

5.– Ebazpenak eduki hauek izango ditu gutxienez:

– Erakunde onuraduna.

– Aurkeztu eta onartutako gastuen zenbatekoa.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta bere ordainketa.

– Errekurtsoak.

6.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak telematikoki emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

7.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osorik dagoen momentutik zenbatzen hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. atalaren arabera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da.

8.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean egingo da, emandako laguntza onartu ondoren edo, hala badagokio, 15 egun igaro direnean.

2.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo zorduna bada dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen baten ondorioz.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek derrigor bete behar dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartua) testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak. Zehazki, hauexek dira betebehar horiek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko eta eskaeran aurkeztutako gastuak finantzatzeko.

c) Onartzea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Fakturak gordetzea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez fakturak egin direnetik zenbatzen hasita.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

f) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.

g) Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari.

12. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Oinarri hauen babesean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek onuradunei xede bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntza honen gehi beste administrazio publiko edo erakunde pribatu nahiz publiko batzuek emandako laguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundutako ekintzaren eta/edo gastuaren kostua. Gaindituko balu, murriztu egingo litzateke oinarri hauen babesean lortutako laguntzaren gehiegizko kopurua.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi: htpp://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri)

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake Datu Pertsonalen Babeserako Araudi bidez babestuta dauzkan eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin dpd@spri.eus helbide elektronikoan.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo web-orrialdeko Pribatutasun-politikara (www.spri.eus/privacidad)

Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) dela kontrolerako autoritatea duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana