Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2022ko ekainaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2610

Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legea 2022ko apirilaren 10etik dago indarrean. Hala ere, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoaren aldaketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera izapidetu da (aurrerantzean, NKLTB), hain zuzen ere usapal europarra (Streptotelia turtur) «galzorikoak» kategorian katalogatzeko prozedura hasi zenean indarrean zegoen araua hori delako.

NKLTBren 41. artikuluak ezartzen duenez, euskal administrazio publikoen ardura izango da basa-fauna eta -floraren –lehorrekoen zein itsasokoen– populazioak mantendu edo egokitzea, ekologia, zientzia eta kultura aldetik dauden eskakizunei behar bezala erantzunez.

NKLTBren 47. artikuluaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa sortzen da, administrazio-izaerako erregistro publiko gisa. Bestalde, NKLTBren 48. artikuluak espezieak, azpiespezieak edo populazioak zer kategoriatan sailkatu behar diren ezartzen eta definitzen du.

Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren bidez arautzen da (aurrerantzean, uztailaren 9ko 167/1998 Dekretua). Uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan espezie, azpiespezie edo populazio bat Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan sartzeko edo baztertzeko prozedura zehazten da, eta, era berean, kudeaketa-planak egiteko eta onartzeko arauak ezartzen dira.

NKLTBren 50.2 artikuluaren eta uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren 5. artikuluaren arabera, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan espezie, azpiespezie edo populazio bat sartu edo kanpoan uztea, natura-baliabideen antolamenduaren eta naturaren kontserbazioaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez egingo da, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

NKLTBan eta uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan agindutakoa betez, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2021eko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa eguneratzeko prozedura hasi zen. Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2021eko ekainaren 7ko Ebazpenaren eranskinean jasotako espezieen artean, usapal europarra (Streptopelia turtur) zegoen.

2021eko uztailaren 21ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eskatu zitzaien Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2021eko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez hasitako eguneratze-proposamenari buruzko txostena emateko.

NKLTBren 50.2 artikuluak eta uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoa betez, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Aholku Batzordearen 2022ko martxoaren 15eko osoko bilkuran, aldeko txostena egin zen, gehiengo osoz, usapal europarra (Streptopelia turtur) Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan sartzeko, «galzorikoak» kategorian.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2022ko martxoaren 18ko Iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Arriskupean dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan usapal europarra (Streptopelia turtur) sartzeko proposamena. Jendaurreko informazioaren izapidean ez zen alegaziorik jaso.

Txosten teknikoa eta ondoriozko katalogazio-proposamena egiteko, kontuan hartu dira Arriskupean dauden Espezieen Espainiako Katalogoan taxonak eta populazioak sartzeko irizpide orientatzaileak (2017ko martxoaren 6ko Ebazpena, Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiarena); irizpide horien helburua da kontserbazio-neurri aktiboak behar dituzten taxonen babes egokia ahalbidetzea eta erraztea, ahal den neurrian subjektibitatea saihestu eta minimizatuko duten datu egiaztagarrietan oinarrituz bereziki. Aipatutako irizpideek espeziearen populazioaren eta banaketaren bilakaera ebaluatzen dute, eta usapal europarraren kasuan (Streptopelia turtur), espezie hori Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan «galzorikoak» kategorian sartzea proposatzen da.

Horregatik guztiagatik, eta NKLTBren eta uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren erregulazioarekin bat etorriz, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Aholku Batzordeak aldeko txostena eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa aldatzea, eta usapal europarra (Streptopelia turtur) «galzorikoak» kategorian sartzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala