Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2022ko ekainaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2559

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko ekitaldian arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

Kulturak gero eta pisu handiagoa du herrialde garatuetan. Horrek sortutako BPGaz harago, kultura-jarduera sormenezko enpleguaren, produktu lehiakorraren eta kultura-testuinguruen gunea da, non herritarrak pertsona gisa gara daitezkeen munduko edozein lekutan. Kultura kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere dimentsionatzen da, eta munduko testuinguru berrian gero eta ezaugarri desiragarriagoak ditu.

Azken hamarkadetan, kultura-produktuaren balioa tokiko komunitatearentzako zerbitzutik haratago joan da, eta merkatu-balioa duen sektore ekonomiko bihurtu da, beste sektore batzuen aurrean lehiatzen dena testuinguru global batean. Errealitate berri horren aurrean, kultura-eragileek nahikoa tresna izan behar dituzte lehiatzeko, merkatu global batek behar dituen dimentsio guztietan.

Merkataritza-testuinguru gehiago eta merkatu handiagoak ezartzeko beharra, produktuak eremu fisiko eta digitaletan sustatzeko beharra edo merkataritza- eta komunikazio-terminoetan prestatzeko beharra, eraldaketa digitalak elkarreragin-testuinguru berrietara eraman dituen erronkak dira, tradizionalekin batera bizi direnak eta garatzen jarraitzen dutenak.

Euskadiko kultura-sektoreek, azken urteotan, oso produktu lehiakorra sortu dute, nazioartean sari ugari jaso dituena. Era berean, euskal kultura-eragileek erakutsi dute badituztela gaitasun nahikoak gure produktuak nazioarteko merkatuetara esportatzeko eta koproduzitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak apustu garbia egin nahi du kulturaren arloko profesionalei, euskal sortzaile, ekoizle eta komertzialei, laguntza eta babesa ematearen alde, modu erabakigarrian, merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko, arte eszenikoak eta plastikoak, musika, literatura eta liburuak sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuei dirulaguntzak emanez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Funtzio horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia honako hauetan dago jasota: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

Agindu hau sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen (2021eko uztailaren 15eko Aginduaren, 2021eko irailaren 13ko Aginduaren eta 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez aldatu zen), bai eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartutako 2022ko Dirulaguntzen Urteko Planean ere.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastiko profesionalak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko 2022ko ekitaldian dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, betiere dagokion kapituluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 582.000 euro erabiliko dira.

2.– Deialdi honetan jasotako laguntza-modalitateen arabera, 582.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Arte eszenikoetarako laguntzak, II. kapituluan ezarritako baldintzetan: 330.000 euro.

b) Musikarako laguntzak, III. kapituluan ezarritako baldintzetan: 150.000 euro.

c) Literaturarako laguntzak, IV. kapituluan ezarritako baldintzetan: 30.000.

d) Arte plastikoetarako laguntzak, V. kapituluan ezarritako baldintzetan: 72.000 euro.

3.– Diziplina bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez dutelako diziplina baterako ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak gehikuntza-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, horrek dagokion ebazpena eman dezan, betiere jasotzaile-modalitatea oraindik ebatzi gabe badago. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Eskualdatuz gero, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza orokorrak.

1.– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek, eskabidea aurkezten duten unean, alta emanda egon beharko dute beren jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigraferen batean (I. eranskinean zerrendatuta daude epigrafe horiek). Pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen edo estatutuen arabera, aurkezten diren laguntza-modalitatearen arabera dagozkien jarduerak garatu beharko dituzte.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan behar dira.

4.– Honako hauek ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik jaso:

a) Pertsona edo erakunde eskatzaileak laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik badu, edo horretarako legezko debekuren bat badu, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorren arabera helburu bererako izendun dirulaguntzak esleituta dituztenak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak, artikulu honetan jasotako baldintza orokorrez gain, laguntza eskatzen duen modalitateko baldintza espezifikoak bete beharko ditu.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute, eta, beraz, sustapen- eta banaketa-plan osoa sartu beharko dute.

3.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean-en aurkeztuko dira, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak), edo 2015eko urriaren 1eko Administrazio Prozedura Erkidearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta bulegoetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honetako 5. atalean adierazitako helbideen bidez:

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozedurako hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

4.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honen 5. atalean modalitate bakoitzerako adierazitako helbide elektronikoetara sartuta.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide hauetan daude eskuragarri:

Arte eszenikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111104

Musika: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111105

Literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111106

Arte plastikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111107

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen erregistro elektronikoan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta egiaztagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoak direnean:

b.1.– Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio horren egiaztagiririk aurkeztea.

b.2.– Administrazio hori ez den beste erregistro batzuetan inskribatutako erakundeek egiaztatu beharko dute erakundearen legezko eraketa, izaera juridikoaren arabera, ordezkariaren nortasuna, eta ordezkaritza-ahalmen nahikoa dutela, honako hauen bidez:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatu izanaren egiaztagiria ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

c) Pertsona fisiko zein juridikoentzat:

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginarekin bat etorriz. Hala ere, interesdunek modu arrazoituan egin ahal izango dute egiaztapen hori egitearen aurka; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesduna horren aurka ez badago behintzat.

2.– Aurkeztutako proiektuari buruzko dokumentazioa.

Euskadi.eus-en eskuragarri dagoen laguntza-modalitate bakoitzari dagokion inprimakia, behar bezala beteta.

6. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek eskabidea elektronikoki aurkezteko eskatuko diote interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da dirulaguntzen organo arduraduna.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak jasotako eskabideak aztertuko ditu ezarritako irizpideetan oinarrituta, eta ebazpen-proposamen egokiak helaraziko dizkio Kulturako sailburuordeari. Sailburuordeak erakunde onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea jasoko ditu, bai eta ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

9. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honetako II., III. eta IV. kapituluetan araututako modalitateen kargura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, laguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, laguntza-modalitate bakoitzerako ezartzen diren balorazio-irizpideen arabera, eta proiektu bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

Dirulaguntza jaso duten eskabide guztiak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, baita azken eskabidea ere, dagokion zenbatekoa edozein dela ere.

2.– Deialdi honetako V. kapituluan araututako modalitatearen kargura ematen diren dirulaguntzak lehiaz kanpoko prozeduraren bidez emango dira. Eskabideak onartzeko, kontuan hartuko da deialdi honetan pertsona edo erakunde onuradun izateko eskatzen diren baldintzak soilik betetzen direla, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko konparaziorik egitea, ez eta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren ebazpen-proposamenak ikusita, Kultura sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenak emango ditu.

2.– Pertsona edo erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, dirulaguntza emateko, prozedura hori amaitu beharko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, nahitaezko pertsona edo erakundeak zorra borondatezko epean artatzen badu edo atzeratu eta bermatzen badu edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada bakarrik eman ahal izango da. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ildotik.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpenetan ordezkoak sartu ahal izango dira, hautatutako pertsonek uko egiten badiote, onartzen ez badute edo deialdi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badituzte. Egoera horietakoren bat gertatzen bada, ordezkoak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izan denari ordaintzeke geratzen zaiona izango da.

5.– Erabakiak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Hirugarren interesdunaren Eusko Jaurlaritzako alta-inprimakia aurkeztea, pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

c) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea. Hala ere, funtsezko aldaketarik ez dakarten eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eragiten ez dioten aldaketak sartu ahal izango dira. Horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita, onartzeko edo ez onartzeko. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, proposatutako aldaketa onartutzat joko da.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori euskaraz argitaratuko da, beste hizkuntza batzuen erabilerari kalterik egin gabe.

f) Agindu honetan laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeagatik ezarritako gainerako betebehar guztiak ere. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak barne.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen kontura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren% 50 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 12.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 50a, betiere 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera osoa egin dela egiaztatu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da, 14. artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin bat etorriz.

2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta legozkiekeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

3.– Pertsona edo erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa prozedura horren amaierak baldintzatuko du, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta obligaziodun pertsonak edo erakundeak zorra borondatezko aldian artatzen badu, edo atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ildotik.

14. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta betiere 2023ko azaroaren 30a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte pertsona edo erakunde onuradunek:

a) Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza, euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimakia behar bezala beteta barne.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bidez, diruz lagundutako jardueraren exekuzioaren (gastuak eta diru-sarrerak) emaitza ekonomikoa, ahalik eta banakatuena, euskadi.eus-en eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua (nominak, fakturak, tiketak, ordainagiriak), euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak:

– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro edo lekuetan.

– Era berean, justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, lehen aipatutako helbide elektronikoan sartuta.

4.– Justifikazioak modu presentzialean zein elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 4.5 artikuluan adierazitako helbidean.

15. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren% 75eraino, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazioen kasuan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

2.– Diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko pertsona edo erakunde onuradunak egin behar dituen gastuak kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira.

3.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

16. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste edozein betebehar ez konplitzea.

2.– Baldintza horietakoren bat betetzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da, bai eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduan oinarrizko izaeragatik aplikatzekoak diren manuak ere.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml.

Araudia: datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETARAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko gastuak finantzatzeko dira.

2.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, aurkeztutako proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioa baino handiagoa izango. Gainera, agindu honen esparruan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Honako sustapen- eta banaketa-gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu gisa:

– Publizitatea eta komunikazioa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, hedabideen publizitatea)

– Langile-gastuak. Egotzitako gastuek ezingo dute urteko fakturazio osoaren% 15 gainditu.

– Deialdi honen xede den esparruko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina).

– Azoketara joatea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Beste banaketa-gastu batzuk.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

20. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak.

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Gutxienez 2 ikuskizun eszeniko profesional ekoitzi izana eta 40 emanalditik gorako bira egin izana 2018ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte.

b) Sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea, honako agindu honen II., III. eta IV. kapituluetan araututako laguntzen ekoizpen onuraduna barne hartuta: agindua, 2022ko martxoaren 1ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko ekitaldian arte eszenikoen ekoizpenerako dirulaguntzak ematea arautzen eta iragartzen duena (EHAA, 61. zk., 2022ko martxoaren 25ekoa).

2.– Honako hauek ezin izango dituzte kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

a) Elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten antzerki-arloko erakunde eskatzaileak.

b) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko martxoaren 1eko Aginduaren V. kapituluan araututako laguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeak. Agindu horren bidez, arte eszenikoak ekoizteko 2022ko ekitaldian dirulaguntzak emateko modua arautu eta deialdia egiten da (EHAA, 61. zk., 2022ko martxoaren 25ekoa).

21. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 330.000 eurokoa da.

2.– Aukeratutako proiektu bakoitzari gehienez emango zaion zenbatekoa ez da izango 12.000 eurotik gorakoa, ez eta onartutako proiektuaren aurrekontuaren % 75 baino handiagoa ere.

22. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Sustapen-planean inplikatutako baliabideak:

a.1.– Autofinantzaketa-maila.

a.2.– Langileen kostuak.

a.3.– Merkaturatzeko eta komunikatzeko langile propioak kontratatzea.

a.4.– Elkartutako edo zerbitzuak emateko akordioak dituzten banatzaileen sarea.

a.5.– Komunikabide eta komunikazio-elementu ez-digitaletan aurreikusitako inbertsioa.

a.6.– Webgune eleaniztuna eguneratuta izatea (euskara, gaztelania eta frantsesa edo ingelesa).

a.7.– Produktuak sustatzeko sare sozialak erabiltzea (Facebook, Instagram, YouTube eta twitter).

a.8.– Ikuslegoarekin lan egitea.

a.9.– EAEtik kanpoko azoka baten programazio ofizialean parte hartzea 2021-2022 denboraldian.

b) Internazionalizazioa.

b.1.– Nazioarteko merkatuetara joatea.

b.2.– Nazioarteko proiektu edo sareetan parte hartzea.

c) Generoa. Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza artistikoan.

e) Euskara. Salmentako ikuskizunetan euskara erabiltzea.

2.– 20.1.b) artikuluan adierazitako baldintza betetzen duten eskatzaileek lehentasuna izango dute agindu honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko orduan; beraz, aurreko irizpideak aplikatzean lortzen den lehentasun-hurrenkeran, baldintza hori betetzen ez dutenen aurretik jarriko dira.

3.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta hura aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

4.– 9. artikuluan jasotako prozedurari jarraiki hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da, eta, horren arabera, modalitaterako ezarritako zuzkidura ekonomikoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean hautatutako proiektu bakoitzak ezarritako irizpideen arabera lortu duen puntuazioaren arabera.

III. KAPITULUA
MUSIKARAKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Herriko musika-taldeen edo gehienbat euskaraz errepertorioa dutenen zuzeneko zirkuiturako sustapen-, merkaturatze-, nazioartekotze- eta banaketa-proiektuak finantzatzeko dira, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean.

2.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, aurkeztutako proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioa baino handiagoa izango. Gainera, agindu honen esparruan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Proiektuaren aurrekontuan sartu beharreko gastuek bat etorri beharko dute artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako aldian garatu beharreko jarduerekin, eta honako kontzeptu hauen arabera banakatuko dira:

a) Langileak. Atal honetan egotzitako gastuek ezingo dute gainditu deialdian ezarritako aldian egindako fakturazio osoaren % 15.

b) Publizitatea, komunikazioa eta banaketa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, publizitatea komunikabideetan, etab.).

c) Deialdi honen xede den eremuko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina...).

d) Zuzeneko musikaren salerosketarekin lotutako azoka eta ekitaldi profesionaletara joatea. Durangoko azoka edo jarduera hori garatzeko berariazko espazio edo jarduera-programarik ez duen beste edozein ekitaldi ez da halakotzat hartuko.

e) Aipatutako jarduerekin lotutako banaketa, bidaiak eta garraioak.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

24. artikulua.– pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, honako betekizun espezifiko hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Proiektu unitarioak:

Atal honetan musika-talde bakar bati dagozkion proiektuak sartuko dira, baldin eta gutxienez baldintza hauetako bi egiaztatzen badituzte:

a.1.– Gutxienez 2 disko argitaratu izana, eta azkena 2018tik aurrera.

a.2.– 2018. eta 2021. urteen artean gutxienez 50 kontzertu egin izana.

a.3.– Proiektuaren xede den musika-produkzioa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren musika-jarduera profesionaletarako deialdiaren 2020ko edo 2021eko edizioan diruz laguntzea.

b) Enpresa-proiektuak:

Atal honetan, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek edo erakundeek aurkeztutako proiektuak hartuko dira kontuan:

b.1.– Management eta/edo musika-ordezkaritzaren arloan enpresa-jarduera garatzea, inola ere ez elkarte edo fundazio forma juridikoarekin.

b.2.– 2021ean zehar, gutxienez 4 euskal talde edo artista antzeztu izana zuzeneko zirkuituan, musika-proiektu bereiziekin.

b.3.– Zuzeneko zirkuiturako sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea, 23.1 artikuluan finkatutako baldintzak betetzen dituzten gutxienez bi musika-erakunderentzat eta gehienez lau musika-erakunderentzat.

2.– 24.1 a.1) artikuluan finkatutako sartzeko baldintza betetzeko eta 26.1.1 artikuluan adierazitako b.1) eta b.2) balorazio-irizpideak aplikatzeko, izen desberdineko musika-taldeak hartu ahal izango dira kontuan, betiere musika-lidergoaren jarraitutasuna edo aurreko taldearen osagaien % 50 egiaztatzen bada.

3.– Musika-talde bera ezingo da egon hedapen-eskaera edo -proiektu batean baino gehiagotan sartuta.

25. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 150.000 eurokoa da.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako zenbatekoa ezingo da izan onartutako sustapen-planaren aurrekontuaren% 75 baino handiagoa, eta eman beharreko gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

a) Proiektu unitarioak 24.1.a) artikulua: 5.000 euro.

b) Enpresa-proiektuak 24.1.b) artikulua: 15.000 euro.

3.– Edonola ere, aurreikusitako hautaketa- eta banaketa-irizpideak eta -prozedurak aplikatu ondoren, finkatutako eremu bakoitzerako baliabide ekonomikoen arabera lortuko da laguntza, 26. artikuluan zehazten den bezala.

26. artikulua.– Hautaketa- eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, deialdian sartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten proiektuei honako irizpide objektibo hauek aplikatuko zaizkie:

1.1.– Proiektu unitarioak (24.1.a artikuluan finkatutakoaren arabera)

a) Proiektuaren adierazleak eta baliabideak:

a.1.– Eskaeraren xede den musika-proiektuak dirulaguntza jaso izana Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2020ko edo 2021eko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzen deialdian.

a.2.– Sustapenerako pertsonak edo lan espezifikoak kontratatzea.

a.3.– Ikus-entzunezko sustapeneko eta/edo sustapen digitaleko euskarri eta elementuetan inbertitzea.

a.4.– Autofinantzaketa-maila.

a.5.– Azoketara edo bestelako ekitaldi profesionaletara joatea (23.3.d artikuluan ezarritakoaren arabera).

a.6.– Web eleaniztuna edukitzea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa –edo beste batzuk).

b) Proiektuaren xede den musika-taldearen profila eta ibilbidea.

b.1.– Musika-taldearen antzinatasuna ibilbide profesionala hasten denetik.

b.2.– Argitaratutako diskoen kopurua.

b.3.– 2019 eta 2021 artean emandako kontzertuen kopurua:

b.3.A.– Euskararen arloan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mankomunitatea).

b.3.B.– Euskararen eremutik kanpo.

b.4.– Emakumearen parte-hartzea.

b.5.– Euskararen erabilera errepertorioan.

1.2.– Enpresa-proiektuak (24.1.b artikuluan finkatutakoaren arabera).

a) Sustapen-proiektuaren adierazleak eta baliabideak.

a.1.– Eskaeraren xede diren musika-proiektuek dirulaguntza jaso izana Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzen deialdian, 2020ko edo 2021eko edizioetan.

a.2.– Aurkeztutako aurrekontuaren ratioa 2021ean fakturatutako kontzertu-kopuruaren gainean (b.3) irizpidearen adierazlearen arabera).

a.3.– Ikus-entzunezko sustapenerako eta/edo sustapen digitalerako euskarri eta elementuetan inbertitzea.

a.4.– Autofinantzaketa-maila.

a.5.– Web eleaniztuna izatea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa –edo beste batzuk).

a.6.– Azoketara edo bestelako ekitaldi profesionaletara joatea (23.3.d artikuluan ezarritakoaren arabera).

a.7.– Emakumearen parte-hartzea (proiektuan sartutako musika-taldeak).

a.8.– Euskararen erabilera errepertorioan (proiektuan sartutako musika-taldeak).

b) Erakundearen bolumena eta jarduera.

b.1.– Erakundeko langileen kopurua.

b.2.– Erakundearen antzinatasuna (lege-erregistroaren urtea).

b.3.– Erakundeak 2021ean fakturatutako kontzertuen kopurua (proiektuan sartutako musika-taldeak):

b.3.A.– Euskararen arloan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mankomunitatea).

b.3.B.– Euskararen arlotik kanpo.

b.4.– Erakundeak antolatutako lanbide-heziketako edo publikoak sentsibilizatzeko jarduera egonkorrak (2019tik gutxienez identifika daitezkeenak).

2.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

3.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, bi poltsa ekonomiko ezberdin kalkulatuko dira: 24.1 artikuluan deskribatutako eremu bakoitzerako. Bakoitzean erreserbatu beharreko zenbateko ekonomiko osoa haietako bakoitzean puntuatutako proiektuek eskatutako zenbatekoen batukariaren ehuneko erlatiboaren arabera zehaztuko da.

b) Jarraian, banaketaren behin-behineko kalkulua egingo da finkatutako eremu bakoitzerako. Horretarako, proiektu bakoitzean erabilgarri dagoen zenbatekoa lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, lehentasun-ordenaren arabera, eta proiektu bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 emango zaio, erabilgarri dagoen zuzkidura agortu arte, hurrengo atalean aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.

c) Aurreko kalkuluak aplikatu ondoren, finkatutako eremuren batean soberako kopururen bat geratzen bada, pertsona eta erakunde onuradunen artean sartuko da hurrengo proiektu sailkatua; horrela, eremu horretan eman beharreko dirulaguntzak kalkulatzeko, zuzkidura osoa horien guztien artean hainbanatuko da.

IV. KAPITULUA
LITERATURARAKO LAGUNTZAK

27. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak literaturaren sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko gastuak finantzatzeko dira.

2.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, aurkeztutako proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioa baino handiagoa izango. Gainera, agindu honen esparruan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Ekitaldian edo azokan izena ematea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Ostatua eta dietak.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

28. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Sortzaileentzat, azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu izana.

b) Argitaratzaileentzat, azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu izana.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

2.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten erakunde eskatzaileek.

3.– Proiektuari buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Proiektuaren fitxa, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopurua eta egin beharreko jardueren aurrekontua adierazita (euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera).

29. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbatekoa 30.000 eurokoa da.

2.– Eskatzaile bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezingo da 5.000 eurotik gorakoa izan argitaletxeen kasuan, eta 3.000 eurotik gorakoa sortzaileen kasuan, ezta ere, edozein kasutan, onartutako planaren aurrekontuaren% 75etik gorakoa ere.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak kalkulatzeko, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Espainian, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 70 euro ostaturako eta 40 euro dietetarako.

b) Espainiatik kanpoan, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 120 euro ostaturako eta 60 euro dietetarako.

30. artikulua.– Hautatzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Egileen edo argitaletxeen ibilbidea (30 puntu, gehienez). Azken urtetan argitaratutako lanak honela baloratuko dira:

– Sortzaileentzat, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 6 lan edo gehiago 30 puntu, 4 edo 5 lan 20 puntu eta 3 lan 10 puntu.

– Argitaletxeentzat, azken bi urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 21 lan edo gehiago 30 puntu, 15 eta 20 lan artean 20 puntu eta 6 eta 14 lan artean 10 puntu.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

b) Zein azoka edo ekitalditara joaten den (70 puntu, gehienez).

– 70 puntu: Frankfurt, Bolonia, Guadalajara.

– 50 puntu: Liber, Londres, Edinburgo, Angouleme.

– 25 puntu: liburuari eta literaturari buruzko beste azoka eta ekitaldi profesionalak.

Azoka batean baino gehiagotan parte hartu behar bada, puntuaziorik altuena hartuko da kontuan.

V. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOETARAKO LAGUNTZAK

31. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2022an Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren nazioarteko arte-azoketan arte-galeriek parte hartzea finantzatzeko dira, euskal artisten lana zabaltzeko.

2.– Azoketara joateko aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastutzat hartuko dira standaren alokairu-gastuak eta euskal artisten obra-garraioaren gastuak.

3.– Eskatzaileak egiaztatzen badu azokan parte hartzea organo kudeatzaileak onartu duela, dirulaguntza emango da.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

32. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 72.000 eurokoa da.

2.– ARCO Nazioarteko Arte Azokan (Madril, Espainia) parte hartzeko, 20.000 euro erabiliko dira gehienez.

Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa, galeria bakoitzeko, onartutako kostuen % 75 izango da, 12.000 euroko gehienekoa gainditu gabe.

3.– Espainiatik kanpo egiten diren nazioarteko azoketan parte hartzeko dirulaguntzak emateko, 52.000 euro erabiliko dira gehienez.

– Amerikako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogotá, Kolonbia), Frieze Art Fair (New York, AEB)..

– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turín, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia), ARCO (Lisboa, Portugal), Art-o-rama (Marsella, Frantzia), Artgenève (Geneva, Suitza)

– Asiako azokak: Art Basel (Hong Kong, Txina), West Bund Art & Design (Shanghai, Txina), Art021 (Shanghai, Txina) NAFI (Nanjing, Txina).

– Azoka eta galeria bakoitzeko emango diren dirulaguntzen zenbatekoa onartutako kostuen % 75 izango da, Amerikako eta Asiako azoketan 20.000 euro gainditu gabe, eta Europako azoketan 12.000 euro gainditu gabe.

4.– Nazioarteko beste arte-azoka batzuetan parte hartzeko dirulaguntzak, aurreko puntuetan aipatzen ez direnak, 2. eta 3. puntuetako kopuruak agortu ez badira baino ez dira emango.

Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa, azoka eta galeria bakoitzeko, onartutako kostuen % 75era irits daiteke, 4.000 euroko gehienekoa gainditu gabe.

5.– Baldin eta, taldeetako baten barruan, gehieneko zuzkidura nahikoa ez bada dagokion taldean sartutako eskabide guztiei aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan erantzuteko, banatu beharreko zenbatekoa talde horretan bildutako guztien artean hainbanatuko da, azoka bakoitzean onartutako kostuaren proportzioan.

Era berean, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako ARCO (Madril) Nazioarteko Arte Azokan parte hartzeko esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, horrek 3. puntuan adierazitako Estatutik kanpoko nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango du. Era berean, arrazoi berberengatik 2. eta 3. puntuetan esleitzen ez diren zenbatekoak 4. puntukoei esleituko zaizkie.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak azoketarako jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango 50.000 eurotik gorakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kultura sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura eta Hizkuntza politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala