Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2022ko ekainaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2542

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022. urtean, ikus-entzunezkoen arloan proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Aipatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proiektuak garatzeko dirulaguntzen berariazko lerro bat ezartzeari egoki irizten dio. Deialdi horren bidez ikus-entzunezko produkzioaren aurreko jarduerak sustatuko dira, eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da gidoiaren garapena, ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obren kalitate eta bideragarritasun handiagoa bultzatuz.

Munduko ikus-entzunezkoen industria bere negozio-ereduak aldatzen ari da, kontsumo-ohitura berrien ondorioz eta plataformak zinema-areto tradizionalen alternatiba gisa agertzearen ondorioz. Testuinguru horretan, serieak ikus-entzunezkoen industriarako aukera-produktu gisa kokatu dira, eta egonkortasuna eta jarraitutasuna eskaini diete ikus-entzunezko enpresei.

Animazioaren sektorea dinamikoenetako bat izan da pandemiaren garaian. Errodajeak egiteko ezintasuna, industriaren gainerakoentzat geldiarazlea, ez da oztopo izan animaziorako, ikus-entzunezkoen politiketarako sektore estrategikoetako bat baita.

Agindu honetan, beraz, gure industriaren ikus-entzunezkoen garapenerako gaitasunari erantzuteaz gain, bi azpisektoreen berezitasunei ere erantzun nahi zaie.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu duen eta sailaren web-orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2021-2024 aldirako plan estrategikoaren barruan dago sartuta. Plan hori, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez onartu zen.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri zen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren eta jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategorien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak. Beraz, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2022ko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako edo edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea. Honako hau joko da «proiektuen garapentzat»: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua eta 2022. eta 2023. urteetan zehar egingo direnak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira 400.000 euro daude jarrita.

2.– Deialdi honek barne hartzen dituen laguntza-modalitateen arabera, zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Film luzeak garatzeko dirulaguntzak II. kapituluan ezarritako moduan: 200.000 euro.

b) Serieak eta miniserieak garatzeko dirulaguntzak III. kapituluan ezarritako moduan: 200.000 euro.

3.– Eskabiderik ez dagoelako edo dauden eskabideek balorazio-fasean gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako, modalitateetako bati bideratutako diru-kopurua agortzen ez bada, sobera geratzen den kopurua oraindik ebazteke dagoen beste modalitateko proiektuetara/programetara bideratuko du dagokion balorazio-batzordeak, betiere, erabaki gabe badago. Horretarako, horien balorazioaren ondoriozko hurrenkerari eta puntuazioari jarraituko zaie, harik eta soberakin ekonomikoa agortzen den arte.

4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:

a) Film laburrak.

b) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren gidoi zinematografikoak sortzeko 2022rako laguntza-deialdira aurkezten diren proiektuak.

c) Eskabidea aurkezteko unean filmatzen hasiak diren proiektuak.

d) Telebistarako edo plataformetarako programak (talent show-ak, lehiaketak, reality show-ak, streaming, influencer edo youtuber serieak, etab.).

e) Telebista plataformen edo telebista kanalen laguntza edo garapen kontratua lortu duten proiektuak.

3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Produkziorako laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek bete behar dira: pertsona fisiko edota juridiko independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea, eta, laguntza jasoz gero, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.

2.– Pertsona fisiko edota juridiko independentetzat hartuko dira Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan n) letraren definizioan horrela agertzen dena.

3.– Pertsona fisiko edota juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzat.

4.– Dirulaguntza koprodukzio batentzat eskatzen denean eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 25eko titulartasuna izan beharko du gutxienez.

5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatutako da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan definituta dago.

6.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak egunean izan behar dira, bai eta Gizarte Segurantzaren ordainketa eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun-izaerari eusteko, eta, beraz, dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren indarrez.

8.– Halaber, onuradunek Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetara, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio dirulaguntza emango, 14. artikuluko 8. apartatuan jasotzen den moduan.

10.– Proiektu bera dirulaguntza agindu honetan jasotako modalitateren batera gehienez bi deialditan aurkeztu ahal izango da.

11.– Onuradun izateko baldintza guztiak bete beharko dira aldi osoan emandako laguntza likidatu arte.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatutako irizpideak aplikatuz balorazio handiagoa lortu dutenek jasoko dute laguntza, eta ezarri den dirulaguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek bide elektronikoak erabili ahal dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala nahiz elektronikoa erabili, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan hitzordua eskatuta soilik (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimenduetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus helbidean edota artikulu honen 4. apartatuan aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak erregistro-arloko laguntza-bulegoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276309

– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276310

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz «Nire karpeta» atalaren bitartez hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabidearekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

Erabilitako bidea edozein dela ere–presentziala edo elektronikoa–, aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal dela.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira kontsultatu ahal izateko, dagokion agirian.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Dokumentu horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu.

8.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.– Identitateari buruzko datuak: eskabidea sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.

2.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan dagoen inskribaturik azalduz gero, ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena.

3.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluak. Nolanahi ere, pertsona fisiko eskatzaileak egiaztapena egiteko modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du. Pertsona edo entitate interesdunak Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baditu, zerga betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du dagokion egiaztagiriaren bitartez.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpen eta haien zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera:

– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276309

– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276310

b) Proiektuaren argibide-memoria. Bertan jaso behar da garatu beharreko estrategia eta garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta egutegia, garapenaren hasiera eta bukaeraren data zehatzekin.

c) Gidoiaren sinopsia (orri 1) film luzeetan, eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia (orri 1) sailetan.

d) Gidoia, eta ez badago, gidoiaren trataera sekuentziala gehi elkarrizketatutako sekuentzia oso bat (gehienez 35 orri). Serieen kasuan, kapitulu pilotuaren gidoi osoa eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia.

e) Gidoiaren gaineko eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko ustiapen eskubideak dituela egiaztatzea, edo, halakorik ezean, eskubideak lagatzeko aukeraren eta etorkizuneko kontratuaren baldintzak itunduta dituela egiaztatzea.

f) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

g) Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzaketa-plana.

h) Garatu beharreko obrari buruzko informazioa, obraren intentzionalitate artistikoa, eta zein publikori zuzentzen zaion.

i) Zuzendariaren eta gidoilariaren historial artistiko-profesionala. Zuzendariak ez badu inoiz luzerik egin, baina bai aldiz film laburrik, aurretik egindako film labur horien guztien kopia bat.

j) Gidoilariarekin edota zuzendariarekin sinatutako akordioa garapen lanak egiteko.

k) Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako ardurapeko aitorpenak edo intereseko itunak.

l) Produkzio-etxearen azken bost urteotako historial profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu beteginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidearekin barera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako betebehar hauek egiaztatutako dira:

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozte dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra dauka, edo egoitza irekitzeko konpromisoa hartzen du laguntza jasoz gero.

– Eskatzailea ekoizle pribatu independentea da, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) apartatuak xedatutakoaren arabera.

– Eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definituta dago.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

9. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar eguneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Bitarteko elektronikoak erabiltzera behartua dagoen norbaitek bide presentziala erabiliz aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:

2.– Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta falta denean Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoa hartuko da kontuan.

– Lau aditu-profesional, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitateekin zerikusia dutenak.

3.– Batzordeko idazkari gisa, baina bertako kide izan gabe, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legezkotasun formalaz eta materialaz arduratzea. Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, hitzarekin baina botorik gabe.

4.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 kapituluan xedatutakoa beteko da.

6.– Batzorde horrek botoen gehiengoaren bidez eskabidea onartzea/ez onartzearen proposamena eta, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntza ematea/ez ematearen proposamena Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkio.

Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera hauetakoren bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da, baina eskatutako kopuruaren barruan. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari gehi aplikagarriak diren legezko interesak.

7.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki baloratze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

8.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, balorazio-batzordeek aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, denen jakingarri.

2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean administrazio-egintzak beti argitaratu beharko dira, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 arabera.

4.– Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazteko epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Inprimaki hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

c) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

d) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. 13. artikuluan –diruz lagunduko diren gastuei buruzkoa– aipatzen diren jarduerakoren bat burutzen ez bada, nahiz eta hasieran onartutako proiektuaren barruan egon, edo onartutako garapenaren aurrekontuan jasotako atalen batean % 20tik gorako aldaketak egiten badira, besteak beste, idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost egun balioduneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epe hori inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da. Aldaketa horiek emandako laguntza doitzea ekar dezakete. Inola ere ezingo da aldaketa hauen bidez dirulaguntzaren kopurua igo.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako lanen hasierako kredituei dagozkien informazio, publizitate, sustapen eta izenburu guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

h) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

i) Laguntza emateko ebazpenaren berri izaten duenetik, onuradunak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 15.1.b artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, betiere 2023ko abenduaren 31 baino lehenago.

j) Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.

2.– Halaber, onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

13. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

1.– 2022ko urtarrilaren 1etik agindu honen 15.1.b artikuluan ezarritako justifikazio-data arte egindako gastuak onartuko dira.

2.– Diruz lagunduko diren gastuak honako hauek dira:

– Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.

– Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.

– Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web-orria.

– Marketing- eta banaketa-plana garatzea.

– Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidaia-gastuak, alojamendua eta akreditazioak.

– Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.

– Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.

– Langile-gastua: enpresako langileen soldatak eta Gizarte Segurantza. Aurrekontuaren % 15eko gehieneko gastua, eta animazioaren kasuan, % 25ekoa.

– Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak.

– Gastu orokorrak (gehienez % 5)

3.– Laguntzaren eskatzailea pertsona fisikoa bada, gehienez ere garapen-aurrekontuaren % 10 egotzi ahal izango da aurretik zerrendatutako diruz laguntzeko moduko gasturen batean egiten dituen lanetarako. Egindako lanak eta balorazio ekonomikoa justifikatzeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.

4.– Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren garapen-lanak enpresa eskatzaileko langileek egin ahal izango dituzte, gehienez % 50.

14. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek dirulaguntza jasoko dute, ondoko puntuetan ezarritako mugak errespetatuta, puntuazio-hurrenkeraren arabera eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.

2.– Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio, betiere agindu honetan ezarritako mugen barruan badago. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera. Ateratzen den zenbatekoa eskatutako zenbatekoaren % 60 baino txikiagoa bada, ez zaio dirulaguntza emango, eta zenbateko hori proportzionalki banatuko da puntuazio handiagoa duten gainerako proiektuen artean.

3.– Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.

4.– Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako kopuruak ezingo du proiektua garatzeko aurrekontuan jasotzen diren gastuen % 50 gainditu. Gastu hauek 13. artikuluan zehazten dira:

5.– Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da, animazio-proiektuetarako izan ezik, horiek % 35 izan baitaitezke. Pertsonalaren gastuek eta gastu orokorrek ezin izango dute aurrekontuaren % 15 eta % 5 gainditu, hurrenez hurren.

6.– Laguntza koprodukzioa egiteko eskatzen bada, dirulaguntza ez da produktore eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 50 baino gehiago izango.

7.– Beste laguntza publiko batzuk lortzen badira, laguntza guztien zenbatekoak, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezin du izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 75 baino gehiago.

8.– Produkzio-etxe bakoitzak deialdi honetarako eskabide bat baino gehiago aurkezteko duen aukerari kalterik egin gabe, pertsona onuradun bakoitzeko laguntza bakar bat eman ahal izango da. Hala bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa lortu duten.

15. artikulua.– Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:

a) Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.

b) Gainerako % 50a, agiri hauek jasotzean eta agindu honetan laguntzaren erabilera eta kopuruen inguruan ezartzen denaren egokitzen dela egiaztatzean. Edonola ere, ordainketa 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, baina urte horretako abenduaren 31 baino lehenago:

– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.

– Proiektuaren jarduera eta lortutako emaitzen txostena.

– Behin-betiko aurrekontua, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Garapenaren gastuen zerrenda sailkatu bat, BEZik gabe. Zerrendak honako datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Egin diren gastuak behar bezala frogatzea jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.

– Gidoia osorik eta zuzenduta.

– Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua, gutxienez bi urterako, edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua, gutxienez bi urterako.

– Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.

– Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.

– Casting-ak egiteko behin-behineko proposamenak.

– Finantzaketa-plan zehatza.

– Marketing- eta banaketa-plan zehatza.

– Proiektuaren sustapen-materialaren ale bat.

Agiri horiek bide presentziala edo bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean pertsona fisikoak direnean. Pertsona juridikoak direnean bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztu ahalko da aipatutako helbide elektronikaren bidez.

2.– Kulturako sailburuordeak ofizioz edo onuradunek eskatuta ebatzi ahal izango du justifikazio-epea luzatzea. Hala interesdunaren eskabidea nola luzapenari buruzko erabakia, justifikatzeko gehieneko epea amaitu baino lehen egin beharko dira, nolanahi ere. Epea luzatzeak ezin izango du epe horren erdia gainditu, eta ezin izango ditu hirugarrenen eskubideak kaltetu. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta ez du balioko inola ere gastua egiteko epea luzatzeko.

16. artikulua.– Kitapen-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –baina helburua beteta, eta, betiere, deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako dirulaguntza jasotzea izan badu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko b), c), d), e), f) edota g) apartatuetan aurreikusitako ez-betetzeak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako dirua eta horrek sortutako ikus-entzunezkoen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzak Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
FILM LUZEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Laguntza-modalitate honen barruan, film luzeak garatzen lagunduko da.

2.– Ondorio horietarako, film luzetzat hartuko da ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena.

19. artikulua.– Laguntzen mugak.

Laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita bost mila (25.000,00) eurotik gorakoa izan fikzioaren eta dokumentalaren kasuan, eta berrogei mila (40.000,00) eurotik gorakoa animazioaren kasuan.

20. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta, jarraian aipatzen den baremoaren arabera, ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 40). Bereziki, hauek izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.

– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzaketa-planaren egokitasuna (% 10).

– Nazioarteko edota Estatuko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).

– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira EAEn ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki, hauek izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 15). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) (% 10). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa).

– Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.

c) Ekoiztetxearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 12): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira, eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.

e) Proiektuaren ibilbidea (% 3), kontuan hartuz emango da ikus-entzunezko proiektuak Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen deialdietan laguntza jaso izana. Ibilbidea kontuan hartzeko, aipatu laguntza amaitua eta deialdi horren araudiaren arabera behar bezala justifikatua egon behar da.

f) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.

III. KAPITULUA
SERIEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Laguntza-modalitate honen barruan, fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da.

2.– Serietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira gutxienez 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion 3 kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzeko direnak.

3.– Miniserietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 2 kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu behar dira.

22. artikulua.– Laguntzen mugak.

Laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita hamabost mila (35.000.00) eurotik gorakoa izan, fikziozko edo dokumentalezko seriearen edo miniseriearen kasuan, berrogeita bost mila (45.000,00) eurotik gorakoa, animaziozko seriearen edo miniseriearen kasuan.

23. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta, jarraian aipatzen den baremoaren arabera, ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 40). Bereziki, hauek izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.

– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzaketa- planaren egokitasuna (% 10).

– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).

– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira EAEn ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki, hauek izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 10). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere; eta, aldi berean, xede den publikoak zehaztuko duena.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) (% 15). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa).

– Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.

c) Ekoiztetxearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 15): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira, eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.

e) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamendua arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazioa gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuan Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala