Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2022ko ekainaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2432

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 16koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Basque Industry 4.0.» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea agintzen duena, 2022. urtean.

SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia (EEDE2025) bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala eta fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTak bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburua izan da Fabrikazio Aurreratuari aplikatutako EIKTen arloan ikerketa industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak, teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» produktu-prozesu industrialarekin lotura duten industria eta zerbitzuen enpresetara transferitzea jorratzen dutenak, babestea.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera moldatzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Basque Industry 4.0.» 2022 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia I. eranskin gisa gehitu da Akordio honetan.

Bigarrena.– «Basque Industry 4.0.» 2022 programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2022ko maiatzaren 16a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
«BASQUE INDUSTRY 4.0.» LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK. 2022

SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, bestea beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDE2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Basque Industry 4.0» programa.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dugu industria adimenduna sustatzea, eta horregatik babesten ditugu ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak, honako hau jorratzen dutenak: teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» (adibidez, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak) Fabrikazio Aurreratuari aplikatutako EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologiak) esparruan, enpresa industrialetara eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuen enpresetara transferitzea. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute, beraz, EIKTetan I+Geko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortzeko. Era berean, aipatzekoa da 2021eko ekitaldirako onartutako SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan txertatua dagoela Programa hau.

1. artikulua.– Xedea.

Programaren helburua da babesa ematea ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei, honako hau jorratzen dutenei, hain zuzen: teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» (adibidez, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak) enpresa industrialetara eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuen enpresetara transferitzea. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute, beraz, EIKTetan I+Geko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek norgehiagoka-prozedura bete behar dute.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2022ko baliabide ekonomikoak 1.400.000 eurokoak dira, eta SPRI–EnpresenGarapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2022rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Programa hau finantzatzera bideratutako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira eta horretarako balioztatuko dira haiek aurkezten dituzten merezimenduak eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa.

3.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu laguntzak (diruz lagundutako zenbatekoaren % 50 ordainduko du EGEFek). Hori dela eta, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) xedapenen menpe daude laguntzak, eta, EGEFek konfinantzatzen dituenez, gutxienez, honako betebeharrak bete behar dira:

– Onuradunak Estatuko eta Europar Batasuneko legedia bete behar du kontrolari, ardurari, erregimen zigortzaileari eta arauak ez betetzeari dagokienez.

– Euskadiko aldirako EGEF Programa Operatiboaren barruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi hori jakitera eman beharko da, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskinaren 2.2. atalaren arabera. Ildo horretatik, diruz lagundutako ekintzen berri emateko eta haien komunikazioa eta hedapena egiteko sortutako material/euskarri guztietan jakinarazi beharko da ekintza hori Europar Batasunak kofinantzatzen duela EGEFen bidez, eta Europar Batasunari erreferentzia egiteaz gain, haren ikurra gehitu beharko da; eta, ekintza garatzen den bitartean, haren deskribapen labur bat egingo da dagokion webgunean, Europar Batasunaren laguntza finantzarioa nabarmenduz, eta, gutxienez, proiektuaren gaineko informazio-kartel bat jarriko da –gutxienez, A3 neurrikoa–, non Europar Batasunaren laguntza finantzarioa aipatuko den publikoak ongi ikusteko moduko leku batean.

– Laguntza onartzeak esan nahi du, era berean, onartu egiten dela 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea.

– EGEFen kofinantziazioak harekin dakar aurrera eramandako ekintzen finantziazioaren, administrazioaren eta jarraipenaren gaineko informazioa gordeta izateko betebeharra; 3 urtez gorde beharko da informazio hori, eragiketa-gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik kontatzen hasita. Testuinguru horretan, onuradunaren betebeharra da informazio hori erraz eskuratzeko moduan izatea ere (bereizitako kontabilitate-sistema edo kodifikazio espezifikoa).

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek, eskaera eginda, 5. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude.

c) Egiten dituzten proiektuek kanpoko/barneko gastuetan eta inbertsioetan aurrekontua 50.000 eurokoa baino handiagoa badute.

Lankidetzazko proiektutzat hartuko dira gutxienez 2 enpresak aurkezten dituztenak, eta ez dira onartuko lotutako enpresen arteko lankidetzazko proiektuak.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

b) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.

d) Administrazio publiko izaera dutenek eta horiek sortutako sozietate eta entitateek, baldin eta kapitalaren gehiengoa edo erabakitzeko gaitasuna badute.

e) Sexuagatik diskriminatu dutenek, 2005eko otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen seigarren Amaierako Xedapenean ezarritakoaren arabera edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso dutenak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuaren araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten erakundeek, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak, honako hau jorratzen dutenak, hain zuzen: teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» (adibidez, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak), fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTen arloan (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologiak) transferitzea. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute, beraz, EIKTetan I+Geko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortzeko.

Proiektuek honako arlo hautakoren batekin lotuta egon behar dute fabrikazio aurreratuari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) arloan:

1.– Zibersegurtasuna eta komunikazio industrialak.

2.– Cloud Computing.

3.– Big Data – Analitika aurreratua eta Business Intelligence.

4.– Machine Learning.

5.– Robotika kolaboratiboa.

6.– Errealitate areagotuko proiektuak.

7.– Ikuspegi artifizialeko proiektua.

8.– Sentsorika.

9.– Material metalikoen eta aurreratuen (zeramikak, konpositeak, etab.) diseinua eta fabrikazio aditiboa.

10.– Material eta prozesu aurreratuen proiektuak.

Proiektuek TRL maila (Technology Readiness Levels) 5-9koa, biak barne, izan beharko dute.

Proiektu batek, dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 50.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du. Gehienez 16 hileko iraupena izan beharko du.

Ez dira diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko aurretik SPRIn aurkeztu diren eta programa honen edo SPRI edo Eusko Jaurlaritzaren beste edozein programaren laguntza jaso duten proiektuen eguneratzeak edo mantentze-lanak.

TRLen deskribapena (Technology Readiness Levels) Europako Batzordeak erabiltzen duena izango da. Honak hau, labur azalduta:

– TRL 1: oinarrizko printzipioak hauteman eta jasotzen dira.

– TRL 2: kontzeptu eta/edo aplikazio teknologikoa adierazten da.

– TRL 3: funtzio kritiko analitikoa eta esperimentala eta/edo kontzeptu-proba bereizgarria.

– TRL 4: osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek laborategiko ingurunean jartzen dira.

– TRL 5: osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzen dira.

– TRL 6: sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzen da.

– TRL 7: sistema edo prototipoa ingurune erreal batean probatzen da.

– TRL 8: sistema osatua eta ziurtatua dago, proba eta demostrazioen bidez.

– TRL 9: ingurune errealean arrakastaz probatutako sistema da.

Nolanahi ere, diruz lagundu daitezkeen jarduerek, gastu eta inbertsio hautagarriek eta horien intentsitateak 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluak ezarritakoa bete beharko dute.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

6. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak.

1.– Gastu eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira ondorengo kontzeptu hauek, aurreko artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin lotutakoak:

– «I+Gko agenteak» (esateko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek) eskainitako orduen gastuak, barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza.

– «Inplantariak» eskainitako orduen gastuak, horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza. Hornitzaile horiek aholkularitza eta/edo ingeniaritzako enpresak izan beharko dute, edozein dela ere enpresa onuraduna; hau da, ezin dute enpresa onuradunarekin akzio-harremanik izan, ez zuzenean, ez zeharka. Akzio-harremana egongo balitz, gastu horiek, dirulaguntza kalkulatzeari begira, «Enpresa onuraduneko barneko langileen gastutzat» hartu ahal izango dira.

– Jabetza industriala eskuratzeko gastuak, I+Geko eragile batek eskainia.

– Hardwarean eta softwarean egiten diren inbertsioak eta/edo gastuak. Baldin eta enpresa onuradunak erabiltzen baditu RIS3 Fabrikazio Estrategia Aurreratuaren Gidaritza Taldeak «1. Ekimen Estrategikoa 1-1EE» delakoaren barruan bultzatutako «Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko aktiboen sare konektatua»ren azpiegiturak edo hardwarea eta softwarea, azpiegitura hori erabiltzeagatik sortutako gastuak diruz lagundu ahal izango dira eta «hardware eta software propioan eginiko inbertsio edota gastu» gisa hartu ahal izango dira, inbertsio hautagarriak kalkulatzeko.

– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak, diruz lagundutako proiektuari egoztekoak direnak, gehienez 30 euro/orduko balioa duen kostu hautagarria onartuko delarik.

2.– Gastu eta inbertsio hautagarriek ezingo dituzte gainditu gehieneko ehuneko hauek, diruz lagun daitekeen proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu direnak:

– «Inplantariak» (aholkularitza- eta ingeniaritza-enpresak) eskainitako orduen gastuak, horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza: gehienez % 20.

– Jabetza Industriala eskuratzeko gastuak: gehienez % 20.

– Hardwarean eta softwarean egiten diren inbertsioak eta/edo gastuak: gehienez % 20.

– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak: gehienez % 10.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriek Laguntza Eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektua gauzatzeko epean sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

4.– «I+Gko agenteak» (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek) eskainitako orduen gastuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen esparruan –5etik 9ra bitarteko TRL mailan– I+Gko jarduerak gauzatzen dituzten erakundeek eginikoak izango dira.

– Enpresa eskatzailearekin edo eskatzaileekin akzio edo partaidetzen bidez loturarik ez duten (ez zuzenean, ez zeharka) erakundeek eginikoak izango dira.

7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikagarri zaizkien eskakizunak.

Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.

2.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

3.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

4.– Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

5.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

6.– Dirulaguntza jaso dezaketen lanen exekuzioa, egoki den kasuetan, enpresa espezializatuei azpikontrata dakieke. Hala eginez gero, Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan onartutako gastu eta inbertsio hautagarriak aintzat hartuta:

– Oro har, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 25.

– Horrez gain, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 15, lankidetza efektiboa garatzen denean enpresa baten eta ikerketa organismo baten edo batzuen artean eta ezagutzaren zabalkundea egiten denean, betiere beren gain hartzen badute diruz lagundu daitezkeen kostuen, gutxienez, % 10 eta garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea gordetzen badute.

Bakarkako proiektuek, gehienez, 150.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete, eta lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 300.000 euro proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.

Diruz lagundu daitekeen jarduera bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, enpresa bakoitzak urtean 200.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

10. artikulua.– Laguntza Eskaera.

1.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

2.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira Laguntza Eskaeran.

4.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

I.– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

II.– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

III.– Laguntzaren eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).

IV.– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

V.– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

VI.– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

VII.– Ez egotea oinarri hauen 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

VIII.– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

IX.– Konpromisoa hartzea oinarri hauen 7.6 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren memoria, eta horren barnean, hauek:

– Hornitzaile teknologikoen eta inplantarien eskaintza teknikoa.

– Eskaintza ekonomikoa, helburuak, eginkizunak eta kostuak zehaztuz, eta barnean sartuz hornitzaile teknologikoaren gastuen banakapena, eta hardwareko eta softwareko inbertsioak.

– Proiektuaren laburpen exekutiboa (gehienez, 2 orrialde).

– Arrazoiturik azalduta enpresan espero diren lehiakortasunaren arloko hobekuntzak.

– Ezarri behar den teknologiak duen gaitasuna enpresak fabrikazio aurreratuan duen arazo bat konpontzeko.

– Teknologia hori ezartzeak enpresara ekar ditzakeen hobekuntzak edo konpon ditzakeen arazoak.

– Arrazoiturik azalduta proiektuak zer gaitasun duen helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatzea), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan arituta.

– Proiektuak honako hauetan duen inpaktuaren justifikazioa: zuzeneko eta zeharkako enplegu sorkuntzan (kuantifikatu enplegu berriak zenbakitan), eta enpresa onuradunen fakturazio handiagoan edo esportazio ugariagoetan (kuantifikatu ehunekotan aurreko urtearekin alderatuta eta termino ekonomikoetan, hots eurotan).

– Ezarpenerako lan-taldea (proiektuan inplikatuta dauden pertsonen CV xehea barne). Txosten bat, arrazoituz proiektuaren lan-taldean badaudela EIKTen ezarpenean adituak direnak, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan, nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua.

– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina,eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara hedatzeko aukera.

e) Transferituko den teknologiaren azalpen-memoria. Azaldu zeintzuk diren hornitzaile teknologikoaren ezagutza teknikoak, «aktibo teknologiko»tzat hartzen direnak; hortik bereizi egin behar da hornitzaileak enpresa industrialari helarazi nahi dion ezagutza horren zatia. Azaldu teknologia horiek dituzten gaitasunak diseinuari laguntzeko, eta ondasun eta zerbitzu berriak sortzeko. 4-5 orrialdeko laburpen exekutibo bat sartu behar da, teknologia horiek deskribatuz.

f) «Jabetza industriala eskuratzeko gastuak» gastu hautagarri gisa aurkezten badira, alderdi biek sinatutako «kontratuaren» kopia atxiki beharko da, non jabetza industrial hori transferitzeko baldintzak eta prezioa jasoko baitira.

5.– Eskaera honen bidez, eskatzaileak berariazko baimena ematen du Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Sailetatik zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauden jakiteko informazioa eskuratzeko; baita enpresa Ekonomia Jardueren Gaineko Zergari lotuta enpresa alta emanda dagoen epigrafe(eta)tik ere, eta horrela, aurkeztutako laguntza-eskaerak aztertzeko eta/edo likidatzeko, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan oinarrituta. Dekretu horren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

6.– Laguntzen pizgarri efektua bermatzeko, laguntza-eskaeraren aurkezpen-dataren ondoren hasten diren proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzak.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte Laguntza Eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora telematikoki bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2022ko uztailaren 14an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2022ko uztailaren 14ko 14:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntzak emateko, eskaera guztiak alderatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio-irizpideei jarraiki horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei bakarrik esleituko zaie laguntza.

2.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIko zuzendari nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.

3.– Proiektuak honako irizpide eta puntuazio hauek aplikatuta ebaluatuko dira:

– Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasuna hobetzea, teknologia transferitzeko proiektua ezartzearen ondorioz. Hobekuntza horiek neurtuko dira enpresaren edo enpresen produktu, prozesu (ekoizpen-aurreko, ekoizpeneko eta ekoizpen-osteko), bitarteko eta sistemekin modu orokorrean loturiko hobekuntzen bidez. Teknologia ezartzeak duen gaitasuna enpresak fabrikazio aurreratuan duen arazo bat konpontzeko (20 puntu).

– Proiektuak zer gaitasun duen helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatzea), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan arituta (20 puntu).

– Proiektuak duen gaitasuna enpresan bertan enplegua sortzeko (zuzenean edo zeharka), fakturazioa handitzeko, edo enpresa onuradunen esportazioa areagotzeko (10 puntu).

– Transferitu behar den aktibo teknologikoak duen gaitasuna produktuak eta ekoizpen-prozesuak hobetzeko manufaktura aurreratuen esparruan, Euskadiko manufaktura sektoreko beste enpresa industrialetan. Aktibo horiek diruz lagun daitezkeen CPSen esparruak hartuko dituzte (Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak, Cloud computing, Big Data – Analitika Aurreratua eta business Intelligence, Robotika Kolaboratiboa, Errealitate areagotua, Ikusmen artifiziala, Sentsorika eta Diseinua eta fabrikazio aditiboa metalezko materialetan eta material aurreratuetan) (15 puntu).

– Proiektua ezartzeko lan-taldea. Proiektuaren lan-taldean izatea EIKTen ezarpenean adituak direnak, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan, nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua (10 puntu).

– Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen maila. Hornitzaile teknologikoek eta enpresa industrial onuradunek proposatutako lan-taldea (10 puntu).

– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina, eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara hedatzeko aukera (15 puntu).

Irizpide bakoitzak gehienezko puntuazioa du. Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da puntuazioa emateko.

Baztertu egingo dira dirulaguntza-eskaerak, baldin eta bertako jarduerek gutxienez puntuazio hau ez badute lortzen: 10 puntu «Lehiakortasuna hobetzea» irizpidean; 10 puntu «Proiektuaren gaitasuna teknologiaren TRL maila sustatzeko» irizpidean; eta 5 puntu «Proiektua ezartzeko lan-taldea» irizpidean. Baztertu egingo dira, halaber, orotara 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

4.– Laguntza Eskaerak ebaluatzeko proposamena. Espedientea osatuta zer unetan dagoen aintzat hartuta, SPRIko Eraldaketa Digitala Sailak banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.

5.– Laguntza Eskaeren ebaluazioa. Ebaluazio Organoak SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Sailak prestatutako ebaluazio-proposamena aztertuko du. Honako hauek osatutako Ebaluazio Organoa:

a) Leyre Madariaga Gangoiti andrea (Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailearen zuzendaria) Batzordeko presidentea izango da eta bere botoak apurtuko ditu berdinketak. Presidentea kanpoan denean, presidenteordeak ordeztu ahal izango du.

b) Iñaki Suarez Arauzo jauna (SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Eraldaketa Digitaleko Sailaren zuzendaria) presidenteordea izango da, Alberto Fernández González jauna (Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntza Saileko zuzendaria) ere Organoko kide izango da eta Javier Mugica Bengoechea jauna (SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Programa eta Zerbitzuen Saileko arduraduna) idazkaria izango da. Kide anitzeko organo horrek egingo dio ebazpen-proposamena SPRIko Zuzendaritza Nagusiari.

6.– Laguntzen ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du, norgehiagoka-erregimenean.

7.– Ebazteko epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

8.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak emango die entitate eskatzaileei ebazpenen berri, eta ebazpenen berri ematean jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta zein epetan gauzatu behar den diruz lagunduko den jarduera; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.

9.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 3 hilabeteko epean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Teknologia transferitzeko proiektuaren exekuzioari eta lortutako emaitzei dagokien memoria xehatua.

b) Hornitzaile teknologikoen fakturetan sartutako kontzeptuen deskribapena jasotzen duen memoria, hardware, software, dedikazio-orduak eta abarren kontusailak xehatuta. Dedikazio orduen kasuan, proiektuan esku hartutako pertsonak, haien dedikazioak eta bakoitzak egindako zereginak zehaztu.

c) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

d) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

14. artikulua.– Laguntza edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak bi ordainketen bidez formalizatu eta ordainduko ditu SPRIk. Lehen ordainketa laguntza emango dela adierazten duen ebazpena jakinarazi ondoren egingo da; dirulaguntzaren % 70ari dagokion zenbatekoa ordainduko da, aplikagarri zaion berme-araubidearekin. Gainerako % 30a, Likidazio Eskaera eta 12. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

3.– SPRIk laguntzen onuradun den entitateari ordainketa egingo dio, Eskaeran eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta SPRIk horretarako izendatutako teknikariek horiek ebaluatu eta onartu ondoren.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamabost egun naturaleko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren xedearekin lotutako hedapen-jardueretan, jardunbide egokien hedapenean parte hartuz.

i) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari dagokion publikotasuna ematea.

j) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko gehieneko epea (16 hilabetekoa da epe hori).

3.– Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta aldaketak egitea baimendu ahal izango den, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako jarduera egiteko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kausak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala