Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2022ko maiatzaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2210

61/2022 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioen lanpostuen zerrenda.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu horrek hainbat aldaketa izan ditu, eta horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, haren bidez, funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu ziren, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz.

Lanpostuen zerrendak administrazioen barne-egitura antolatzeko tresnak dira; zehatzago esanda, lanpostu-zerrenden bidez, langile-beharrak finkatzen dira, lanpostuetan jarduteko eskatutako betekizunak zehazten dira, eta lanpostu horietako bakoitza sailkatzen da. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 15.1 artikuluan dago xedatuta funtzionarioen lanpostu-zerrendek ezinbesteko eduki hau izan behar dutela: talde, kidego edo eskala jakin bati atxikitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legeak funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen ditu. Lege berri horrek otsailaren 25eko 1/2004 Legea indargabetzen du, zeina indarrean egon baita berria argitaratu arte.

Legearen hirugarren xedapen gehigarriak sei hileko epea ematen dio Eusko Jaurlaritzari, legea indarrean jartzen denetik aurrera, dekretu bat eman dezan, batetik, lanpostuen zerrenden edukia legeak sortutako kidego eta eskaletara egokitzeko eta, bestetik, legeak sortutako kidegoetara irispidea izateko xedatutako tituluak zehazteko.

Lege-mandatu hori betetzeko xedez, funtzionarioen lanpostuen zerrenda egokitu da azaroaren 11ko 7/2021 Legean sortutako kidego eta eskala berrien arabera. Halaber, ezaugarriak eguneratu eta dauden espezialitateak sartu dira, bai eta elkargoko kide izan beharra ere, lanpostua betetzeko hala behar bada.

Gauzak horrela, lanpostuen, sailkapenen eta betekizunen azterketa sakona egin da, eta, horren ondorioz, lanpostuen zerrenda berri bat sortu da, zeinak indarrean dagoena ordeztuko baitu, funtzionarioentzat gordetako lanpostuei dagokienez.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 17ko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda onartzea. Dekretu honen I. eranskinean jasota daude lanpostuok. II. eranskinean, berriz, eskaletako ikasketa-eremuak jasotzen dira, eta III. eranskinean, ikasketa-eremuetan sartutako tituluak zehazten dira.

Bigarren artikulua.– Lanpostuen zerrenda honek ondoriorik gabe uzten du urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onartutakoa (I. eranskina - Funtzionarioak), zeina aldatu baitzen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez, besteak beste.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana