Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2022ko maiatzaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2196

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 18koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak xedatzen duenez, legea indarrean jarri ondoren, euskal administrazio publikoek enplegu publikoan sartzeko eta arlo horretako enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu bereziak egitea erabaki ahal izango dute, aldi baterako enplegua egiturazko plazetan finkatzeko beharrezko neurri gisa.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiak arautu behar dituzten irizpideak. Ildo horretatik, xedapen horrek ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta EPOELTBren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, deialdi batean eskainiko dituztela, lehiaketa-sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak. Aurreikuspen horri aipatutako legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, honela dioena: seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte, gainera, egiturazko aldi baterako plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

Bestalde, aipatutako 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarriak –Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak– ezartzen duenez, lehenengo xedapen gehigarrian xedaturikoa hala izanik ere, administrazio publikoek lehiaketa-sistemaren bidez egin ahal izango dituzte enplegua finkatzeko prozesuak, euskal funtzio publikoan sartzeko, Estatuko oinarrizko legediak enplegu publikoari buruz xedatzen duenaren esparruan. Horrenbestez, enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesu horien bidez bete egiten da Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legean –lehenago aipatutako xedapenetan– jasotako agindua.

Agindu honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegua finkatzeko prozesu berezi guztien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesu guztien deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dute, izendatzaile komun gisa, eta, hartara, homogeneizatu egiten dituzte prozesu horiek.

Horiek horrela, aipatutako lege-arauetan eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak langileak hautatzeari buruz 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta lege horretako 6.1.i) artikuluaren bidez emandako ahalmenak baliatuz, betiere aintzat hartuta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan xedatutakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautu behar dituzten oinarri orokorrak (agindu honen eranskinak).

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, betiere bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 18a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA HAREN ORGANISMO AUTONOMOETAKO KIDEGO ETA ESKALETAN ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESU BEREZIEN ETA ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN OINARRI OROKORRAK

1.– Helburua.

1.1.– Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan sartzeko arau orokorrak ezartzea, enplegua finkatzeko prozesu berezien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen esparruan.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen bidez arautuko dira, eta, betiere, honako hauek jaso beharko dituzte:

– Zenbat plaza eskainiko diren deialdietan eta nola banatuko diren hizkuntza-eskakizunen, sarbide-modalitatearen eta, hala badagokio, txandaren arabera.

– Eskabideak aurkezteko epea.

– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasaren diru-zenbatekoa.

– Sartzeko titulazioak.

– Zer merezimendu baloratuko den eta zer baremo aplikatuko zaien.

– Euskararen ezagutza egiaztatzeko erabiliko den erreferentzia-data.

– Deialdiko lanpostuen betekizun espezifikoak.

– Gai-zerrendaren zati espezifikoa, enplegua finkatzeko prozesu berezietakoa.

– Emakumeen lehentasun-klausula aplikatuko den ala ez.

1.3.– Oinarri hauek hiru apartatutan egituratuta daude:

I.– Enplegua finkatzeko prozesu berezien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen arau komunak.

II.– Enplegua finkatzeko prozesu berezien arau espezifikoak.

III.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen arau espezifikoak.

I.– ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESU BEREZIEN ETA ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN ARAU KOMUNAK

2.– Prozesu motak.

2.1.– Eskala bakoitzeko, bi prozesu mota iragarriko dira, betiere horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten lanpostu hutsak badaude: enplegua finkatzeko prozesu berezia eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua.

2.2.– Enplegua finkatzeko prozesu berezia oposizio-lehiaketaren sistemaren arabera gauzatuko da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenen esparruan.

Prozesu horretan, sartzeko bi txanda aurreikusten dira: irekia eta barne-sustapenekoa. Txanda bakoitzaren barruan bi modalitate egongo dira: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

2.3.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko da, bi lege hauetan jasotako aurreikuspenen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarrian, eta Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan.

Prozesu horretan, txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

3.– Parte hartzeko betekizunak.

3.1.– Betekizunak betetzeko datak.

Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako betekizunak –9.1 oinarrian adierazitakoak izan ezik–, eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute plaza jabetzan hartzen duten arte.

3.2.– Betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

Oinarri orokor hauen 9. apartatuan ezartzen da betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

3.3.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.

Iragarritako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

b) Gaitasun funtzionala izatea, sartu nahi den kidegoko edo eskalako zereginak betetzeko.

c) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea.

d) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikotako edo autonomia-erkidegotako organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita ez egotea; ezta, ebazpen judizial baten ondorioz, enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia izatea ere, bereizi edo desgaitu duten funtzionario-kidegoan edo eskalan sartzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezingo da desgaituta edo egoera baliokidean egon, eta ezingo du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

g) Ordainduta izatea langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ordaindu beharreko tasa, lehiatu nahi den prozesuaren eta kidegoaren nahiz eskalaren arabera. Tasaren zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko da.

h) Kidego eta eskala bereko karrerako funtzionario ez izatea.

i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein betekizun.

4.– Desgaitasuna duten pertsonen sarbidea.

4.1.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek, 3. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko betekizunak betetzeaz gain, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua izan beharko dute foru-aldundietako organo eskudunaren, IMSERSOren edo baliokidearen eskutik, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.2.– Txanda irekian eta, hala badagokio, barne-sustapeneko txandan eskainitako plaza guztietatik, plaza hutsen ehuneko zazpiko kupoa gordeko da desgaitasuna duten pertsonek bete dezaten.

Oinarri espezifikoetan adieraziko da zenbat plaza eskainiko diren txanda eta modalitate bakoitzean.

Gutxieneko ehuneko zazpi horretatik, eskainitako plazen ehuneko bi, gutxienez, desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonek betetzeko izango da, eta gainerakoa, beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen duten pertsonek betetzeko.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak plazen erreserbaren banaketa egingo du, desgaitasun intelektuala izatearekin bateragarriak diren funtzioak dituzten kidego eta eskaletan. Plaza horietarako, aparteko deialdia egingo da, bere oinarri orokor eta espezifikoen arabera.

4.3.– Desgaitasuna duten pertsonentzako txandan, hautagai nahikorik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu dituenik ez dagoelako bete gabe geratzen diren plazak sarbide orokorreko modalitatean eskainitakoei gehituko zaizkie, kasuan kasuko prozesuan eta, hala badagokio, kasuan kasuko txandan. Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako eta haiek betetako plazak deialdiko plazen % 3ko tasara iristen ez badira, bete gabeko plazak hurrengo enplegu publikoaren eskaintzaren ehuneko zazpiko kupoari gehituko zaizkio, gehienez ere % 10eko mugarekin, betiere Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

5.– Hautaketa egiteko baldintza orokorrak.

Betekizunen bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek ezinbestez egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.

Deialdi bakoitzean, deialdiko lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoak zerrendatuko dira.

Zenbait lanpostu betetzeko betekizuna espezialitate jakin bat izatea baldin bada, deialdien oinarri espezifikoek zehaztuko dute nola egiaztatu behar den betekizun hori.

6.– Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

Epaimahaiak karrerako funtzionario izateko proposatzen duen gaindituen kopurua ezin izango da handiagoa izan deialdiko plaza-kopurua baino, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Hautatutako pertsonek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako beste eskala bateko karrerako funtzionarioak badira, edo karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten titulartasuna duten langile lan-kontratudun finkoak badira, aukera izango dute, lanpostuak hautatzeko izapidean (12.5 oinarria), esleipen-prozesuaren ondorioz bete gabe geratzen den lanpostu bat hartzeko, edo, bestela, karrerako funtzionario gisa edo langile lan-kontratudun finko gisa titular diren lanpostua hartzeko. Aukera hori egiteko, lanpostuaren betekizun guztiak bete beharko dituzte.

Kasu horretan, ez dute deialdiko plazarik kontsumituko, eta aukera hori egin ezean egokituko litzaizkiekeen plazak dagokion deialdian, txandan eta modalitatean gainditutako hurrengo pertsonei esleituko zaizkie, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

b) Hautatutako pertsonek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako bitarteko funtzionarioak badira eta izendapen askeko sistemaren bidez esleitutako lanpostu bat betetzen ari badira, aukera izango dute, lanpostuak hautatzeko izapidean (12.6 oinarria), esleipen-prozesuaren ondorioz bete gabe geratzen den lanpostu bat hartzeko, edo, bestela, ordura arte betetzen zuten lanpostua, horretarako betekizun guztiak betetzen badituzte.

Kasu horretan, ez dute deialdiko plazarik kontsumituko, eta aukera hori egin ezean egokituko litzaizkiekeen plazak dagokion deialdian, txandan eta modalitatean gainditutako hurrengo pertsonei esleituko zaizkie, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

c) Egoera hauetako baten bat gertatzen denean:

– Hautatutako pertsonek uko egitea, izendapenaren aurretik edo plazaz jabetu aurretik, edo

– Hautagaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea 15. oinarrian xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

Kasu horretan, epaimahaiak izendapen-proposamen osagarria egingo du dagokien hautagaien alde, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, eta, betiere, aipatutako inguruabarrengatik hutsik geratu diren lanpostuak bezainbeste hautagai hautatuz.

d) Lanpostuak betetzeko lehiaketarako deialdia egiten bada, prozesu horretan esleitutako lanpostuak jabetzan hartu ondoren hutsik geratzen direnak esleituko dira. Esleitu gabe geratutako lanpostuak ere esleituko dira.

Lanpostu horiek 12.2 oinarrian aipatzen den lanpostu-zerrendan eskainiko dira, honako irizpide hauen arabera:

– Lanpostu bakoitzak lanpostuen zerrendan esleitua duen lehentasunezko kidegoari eta eskalari dagokien hautaketa-prozesu batean eskainiko dira.

– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan eskainiko dira, baldin eta baldintza hauetako bat betetzen badute:

– Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritako betekizunak betetzen dituztenean, edo

– Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritako betekizunak betetzen dituzten lanpostuak jabetzan hartzearen ondorioz sortutako lanpostu hutsak direnean.

– Gainerako kasuetan, enplegua finkatzeko prozesu berezian eskainiko dira.

e) Lanpostuaz jabetzeko unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada, horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.

f) Lanpostuen esleipendunak beste eskala bateko karrerako funtzionarioak badira, edo karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten titulartasuna duten langile lan-kontratudun finkoak badira, eta titular diren lanpostuaz jabetzeko aukera, apartatu honetako a) letran jasotakoa, baliatzen ez badute, titular ziren eta hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.

g) Lanpostu huts gehiago sortzen badira, deialdikoak baino ehuneko hamar gehiago esleitu ahal izango dira, gehienez.

Aurreko e), f) eta g) letretan bildutako lanpostuen esleipen berriak 17. oinarri orokorrean jasotako prozeduraren eta baldintzen arabera egingo dira.

7.– Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

Hautaketa-prozesuen deialdiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

Hautaketa-prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da haren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez, mugikorreko zenbaki bat edo posta elektronikoko helbide bat eman duten parte-hartzaileei. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.

Informazio hori, halaber, IVAPen bulegoetan egongo da eskuragarri, helbide hauetan:

– Vitoria-Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia (Lakua). Wellingtongo Dukearen kaletiko sarbidea.

– Bilbao, Rekalde zumarkalea 18.

– Donostia, San Bartolome kalea 28.

8.– Eskabideak aurkeztea.

8.1.– Prozesuan onartua izatea.

Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute, parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko, nahiz eta kidego eta eskala berekoak izan.

Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 1) Eskabidearen atal guztiak bete behar dituzte, 2) Eskabidea epe barruan aurkeztu, eta 3) Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaindu behar dituzte.

Halaber, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatutako betekizun guzti-guztiak bete beharko dituzte, 9.1 oinarrian elkargokide izateari, espezialitateari eta euskararen ezagutzari buruz aurreikusitakoak izan ezik; izan ere, euskararen ezagutza 9.10 oinarrian aurreikusitakoari jarraituz egiaztatuko da.

8.2.– Eskabideak aurkezteko epea, eta langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak hogei egun balioduneko epean aurkeztuko dira, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Oinarri espezifikoetan zehaztuko dira epe horren mugaegunak eta muga-orduak.

8.3.– Eskabideak aurkezteko modua.

Ahal dela, eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira.

Eskabidea bide elektronikoz aurkezteko, Enplegu Publikoaren Atariko helbide elektronikoa erabili beharko da (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean onartutako edozein bitarteko erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak), edo eskabidea bete ondoren aplikazioak berak ematen duen aldi baterako erabiltzailearen bidez. Aldi baterako erabiltzaile hori eskabidea kontsultatzeko bakarrik erabili ahal izango da. Gainerako izapideak egiteko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoren bat edukitzea.

Eskabidea Enplegu Publikoaren Atariaren bidez aurkezteak aukera emango du honako izapide hauek elektronikoki egiteko:

– Parte hartzeko eskabidea.

– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaintzea.

– Eskabidearen erregistro elektronikoa.

– Egindako inskripzioaren datuak aldatzea inskripzioa egiteko epean.

– Eskabidea zuzentzea, hala badagokio, zuzentzeko epean.

– Enplegu Publikoaren Atarian prozesuari buruz argitaratzen den informaziorako sarbidea izatea eta haren jarraipena egitea.

– Erreklamazioak aurkeztea, horretarako ezartzen diren epeetan.

– Lehiaketaren faseko merezimenduak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

– Lanpostuak hautatzea eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

– Eskatzen den dokumentazioa eranstea, hala badagokio.

Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZ-Gunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/) horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.

Halaber, 7. oinarrian aipatzen diren IVAPeko bulegoetan aurkez daiteke eskabidea.

Aurkeztu ahal izango da, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan zehazten dituen bulegoetan. Kasu horretan, eskabidea IVAPen jaso ondoren, ordainketa-gutuna emango zaie eskatzaileei, beharrezkoa baita langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzeko, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala.

8.4.– Eskabideen edukia.

Eskabideko atal hauek bete beharko dira:

a) Prozesua zuzen kudeatzeko datu pertsonalak.

b) Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.

c) Zer hautaketa-prozesutan parte hartu nahi den (enplegua finkatzeko prozesu berezia edo enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua).

Enplegua finkatzeko prozesu bereziaren kasuan, zer txandatan parte hartu nahi den (irekia edo barne-sustapena).

d) Nahi den aukera berariaz jasotzen ez bada, txanda irekia hautatu dela ulertuko da, hau da, sarbide orokorreko modalitatea.

e) Zein kidego eta eskalatan parte hartu nahi den.

f) Zer hizkuntza ofizial, euskara edo gaztelania, aukeratzen den oposizio-faseko hautaprobak eta, hala badagokio, espezialitatea egiaztatzekoak egiteko.

g) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatean parte hartzeko aukera.

h) Hautaprobak egiteko denboran eta baliabideetan egoki ikusten diren egokitzapenak eta doikuntzak eskatzeko aukera.

i) Titulazioa.

j) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

8.5.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaintzeko modua.

Zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa

Ordainketa egiteko bi era daude:

1.– Online ordainketa.

Ordainketa egiteko modalitate hau egunean 24 orduz egongo da erabilgarri, eta, ordainketa egiteko, ezinbestekoa izango da entitate hauetako baten banka elektronikoko bezero izatea: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa, Rural Kutxa. Bizum bidez ere egin ahal izango da, edo Visa edo Mastercard txartelak erabiliz.

2.– Offline ordainketa.

Ordainketa-gutuna inprimatuta izanda, jarraian zehazten diren banku-erakundeetako edozein sukurtsaletara joan daiteke ordaintzera. Halaber, barra-kodearen irakurgailua duten edo datuak eskuz atzeman ditzaketen kutxazain automatikoetan ordain daiteke tasa.

– Banco Santander.

– Bankia.

– Bankoa.

– BBVA.

– Caixabank.

– Kutxabank.

– Laboral kutxa.

– Rural Kutxa.

– Sabadell Guipuzcoano.

Era berean, badago aukera ordainketa-gutunean ageri den QR kodea eskaneatzeko, telefono mugikor batetik, eta, horrela, automatikoki ordainketa-pasabidera sartu.

Ez da beharrezkoa ordainagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

8.6.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez dituena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.

Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

9.– Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena.

9.1.– Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-datak.

Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, kasu hauetan izan ezik;

– Euskararen ezagutza deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan horretarako ezarritako eguna baino lehen egiaztatu behar da.

– Araututako lanbide baten berezko eginkizunak dituzten eskalen edo lanpostuen kasuan, dagokion elkargo profesionaleko kide izatea lanpostuaz jabetzeko unean egiaztatu beharko da.

– Espezialitatea ezagutza-probaren bidez egiazta daiteke, dagokion deialdian hala aurreikusita dagoenean.

9.2.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

9.2.1.– Hautagaiek dagokion izapidean alegatu behar dituzte, hurrengo apartatuan adierazten den eran, parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak eta merezimenduak.

9.2.2.– Parte hartzeko betekizun orokorrak, bai eta barne-sustapeneko txandan eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzeko betekizun espezifikoak ere, eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu beharko dira.

Merezimenduak IVAPen Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez alegatu beharko dira, horretarako ezartzen den epean.

Lanpostuen betekizun espezifikoak, berriz, merezimenduak alegatzeko izapidean alegatu beharko dira.

9.3.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

9.3.1.– IVAPek betekizunak eta merezimenduak egiaztatuko ditu, eta, horretarako, kontsulta egingo die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroei, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari, edo ziurtagiriak ematen dituen erakundeari, kasuaren arabera.

Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailea modu arrazoituan aurka agertzen bada, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak arrazoiok aintzat hartzen baditu (20. oinarria).

Modu arrazoituan aurka agertuz gero, nahitaez aurkeztu beharko dira kontsultaren xede diren dokumentuak.

9.3.2.– 15. oinarrian xedatzen denez, hautatutako pertsonek, karrerako funtzionario izendatuak izan aurretik, honako kasu hauetan aurkeztu beharko dute merezimendu eta betekizunei buruzko dokumentazioa:

– IVAPek egiaztapena egiterik izan ez badu.

– Hautagaiak egiaztapen horren aurka azaldu badira, eta epaimahaiak aurkako jarrera hori aintzat hartu badu.

Nolanahi ere, IVAPek prozeduraren aurreko edozein unetan eska dezake dokumentazio hori aurkezteko. Kasu horretan, dokumentazioak oinarri hauetako 15.1 apartatuan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

9.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzeko betekizuna.

Sarbide-modalitate horretan parte hartzeko 4.1 oinarrian ezarritako betekizuna –% 33ko desgaitasun-maila edo hortik gorakoa aitortua izatea– deklarazio baten bidez alegatu beharko da, baldin eta aitortza hori EAEko administrazio publikoek egin badute.

Aitortza beste administrazio publiko batzuek egin badute, ordea, aitortzari buruzko agiriaren kopia arrunta erantsi beharko da.

9.5.– Esperientzia eta antzinatasuna.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuengatik izandako esperientzia eskala bakar batean sartzeko baloratuko da, eta, hortaz, ezingo da kidego eta eskala batean baino gehiagotan aldi berean baloratu.

Nolanahi ere, aukera egongo da zerbitzu horiek hala enplegua finkatzeko prozesu berezian nola enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan baloratzeko, baldin eta kidego eta eskala berean alegatzen badira. Prozesuetako baten kidego eta eskala jakin batean esperientzia alegatzeak bi prozesuak lotuko ditu.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira.

– Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatzeko, egiaztagiriaren kopia arrunta aurkeztu beharko da. Egiaztagiri hori administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduaren arabera aurkeztuko da, eta, han, lan egindako aldiak banakatuta agertu beharko dira, honako hauek zehaztuta: taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena.

Oinarri hauen ondorioetarako, Estatuko Administrazioan emandako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan emandakotzat joko dira, baldin eta gerora Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako funtzio eta zerbitzuetan eman badituzte zerbitzu horiei atxikitako langileek.

Halakotzat joko dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren gainerako entitateetan emandako zerbitzuak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7.4 artikulua), baldin eta osorik edo partez integratu badira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan, eta administrazio horrek subrogatutako langileek eman badituzte.

9.6.– Titulazioak.

Titulazioak betekizun gisa nahiz merezimendu gisa alegatzeko, dagokion izapidean deklaratu beharko dira, 9.2.2 apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Atzerriko titulazioen kasuan, tituluaren kopia arrunta aurkeztu beharko da, bai eta homologazioa egiaztatzen duen agiriarena ere.

9.7.– Hizkuntzak.

Honako xedapen hauetan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako titulu eta ziurtagiriak bakarrik baloratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako tituluen eta hizkuntza-ziurtagirien baliokidetasunari buruzko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren eranskinean jasotakoak, bai eta Zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak oinarrizko izaeraz ezartzen dituen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan jasotakoak ere.

– Hizkuntza-eskola ofizialek emandako titulu eta ziurtagiriak merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira.

– Beste erakunde batzuek emandako titulu eta ziurtagiriak. Horiek deklaratzeaz gainera, egiaztagiriaren kopia arrunta aurkeztu beharko da.

9.8.– Informatika-ezagutzak.

Informatika-ezagutzak IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko dira, eta merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira.

9.9.– Probak gainditu izana karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

Honako merezimendu hauek merezimenduak alegatzeko izapidean deklaratuz alegatuko dira, eta ofizioz baloratuko, dagozkien oinarri espezifikoetan ezartzen diren baldintzetan:

– Probak gainditu izana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lan-poltsetan egotea.

9.10.– Euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira, baldin eta erregistro horretan inskribatuta badaude, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen den data baino lehenagoko egiaztatze-data dutela.

Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehenago.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokide diren ziurtagiri eta tituluak dekretu hauetan zehaztuta daude: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

9.11.– Lanpostuen betekizun espezifikoak.

Lanpostuen zerrendan betekizun espezifikoak ezarrita dituen lanpostu bat eskuratu ahal izateko, hautagaiek merezimenduak alegatzeko ezarritako epean alegatu beharko dituzte betekizun horiek, oinarri espezifikoetan horietako bakoitzarentzat zehazten den moduan.

10.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango du, eta, hor, agindua emango da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeko 7. oinarrian adierazitako lekuetan. Zerrenda horietan, hautagaiak baztertzeko arrazoia zein den adieraziko da, hala dagokionean, bai eta hautagaiak zer modalitatetan eta, finkatzeko prozesu berezien kasuan, zer txandatan onartu diren ere.

10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabideetako akatsak zuzentzeko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, non onartuko baitira onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak, eta adieraziko baita zerrenda horiek ikusgai egongo direla 7. oinarrian zehaztutako lekuetan.

11.– Hautaketa-prozesuen garapena.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenak honako alderdi hauek ere jasoko ditu:

– Enplegua finkatzeko prozesu berezietan, hautagaiei egindako deia oposizio-faseko proba egiteko.

– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan, noiz hasiko den 10 eguneko epea, hautagaiek baloratuko diren merezimenduak alega ditzaten.

Ebazpen hori eman ondoren, hautaketa-prozesuak oinarri orokor hauetan bildutako arau espezifikoen arabera garatuko dira, harik eta IVAPeko Zuzendaritzak beste ebazpen bat argitara eman arte, zeinaren bidez aginduko baita hautagaien azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko eta lanpostuak aukeratzeko epea zabaltzeko. Azken ebazpen hori 7. oinarrian adierazitako tokietan argitaratuko da.

12.– Lanpostuak aukeratzea.

Deialdi bakoitzean hautagaien behin betiko kalifikazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da lanpostuak aukeratzeko.

12.1.– Parte-hartzaileak.

Lanpostuak aukeratzeko prozesu honetan parte hartzeko dei egingo zaie, hain zuzen ere, epaimahaiak deialdi, txanda, modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzerako zehazten duen zenbakiaren lehentasun-hurrenkera bera edo txikiagoa dutenei. Zenbaki horrek ziurtatu beharko du hautatuko diren plaza guztiak esleituko direla.

Prozesu honetan parte hartzeko dei egiten zaien pertsonen izen-zerrendak IVAPeko Zuzendaritzak behin betiko kalifikazioei buruz emango duen ebazpenean jasoko dira, eta 7. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko. Gainera, zerrenda horietan dauden pertsonek SMS edo mezu elektroniko bidez jasoko dute abisua, baldin eta telefono mugikorreko zenbaki bat edo helbide elektronikoko bat eman badute.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.

12.2.– Eskainitako lanpostuen zerrenda.

Kidego eta eskala bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, saila edo erakundea, zentro organikoa, destinoko udalerria, esleitutako destino-osagarriaren eta berariazko osagarriaren mailak, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak.

12.3.– Lanpostuak aukeratzeko eskabideak.

Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

Lanpostuak aukeratzeko eskabideetan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute dagokien lanpostuan edo lanpostuetan egokitzapenak eskatzeko. Eskatutako egokitzapena bidezkoa den eta eskatutako lanpostuek esleituta dituzten zereginekin bateragarria den zehazte aldera, Euskadiko Administrazio Orokorreko Prebentzio Zerbitzuak dei egin ahal izango die hautagaiei.

Era berean, izapide hori betetzeko, 7. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetara jo ahal izango da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan aurkeztu.

12.4.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.

Bai enplegua finkatzeko deialdi berezitik bai enplegua finkatzeko salbuespenezko deialditik kidego eta eskala berean lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek lanpostu-zerrenda bakarra egingo dute, eta, hor, beren lehentasunekin bat etorriz ordenatuko dituzte hizkuntza-eskakizunaren arabera eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoen arabera aukeratu ditzaketen lanpostuak; horretarako, aukera izango dute deialdi bateko eta besteko plazak tartekatzeko.

Kidego eta eskala bakoitzeko dauden bi deialdietatik deialdi bakar batean lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutakoek deialdi horretako lanpostuak baino ezingo dituzte eskatu.

12.5.– Beste kidego eta eskala batzuetako karrerako funtzionarioentzako arau espezifikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako beste kidego eta eskala bateko karrerako funtzionario izan eta parte hartzeko deia jaso duten parte-hartzaileek, izan barne-sustapeneko txandakoak edo txanda irekikoak, fase honetan eska dezakete karrerako funtzionario gisa titular diren lanpostuan destinoa eslei dakien, betiere lanposturen betekizun guztiak betetzen badituzte.

12.6.– Izendapen askeko lanpostuak betetzen ari diren bitarteko funtzionarioentzako arau espezifikoa.

Lanpostuak aukeratzeko deia egiten den unean izendapen askeko sistemaren bidez hornitutako lanpostu bat betetzen ari diren eta bitarteko funtzionario diren parte-hartzaileek une horretan eskatu ahal izango dute lanpostu horretan destinoa esleitzeko, betiere lanpostuaren betekizun guztiak betetzen badituzte.

12.7.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko hautagaientzako arau espezifikoa.

Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen dutenek lanpostuak aukeratzeko lehentasun-hurrenkera aldatzeko eskatu ahal izango diote epaimahaiari. Eskaera hori mendetasun-arrazoietan, joan-etorrietarako zailtasunetan edo antzekoetan oinarritu beharko da, eta, eskabidearekin batera, alegatutako arrazoiak aitortzen dituen ziurtagiria aurkeztu, Administrazioaren organo eskudunak egina (foru-aldundietako sail eskuduna, IMSERSO edo baliokidea), Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13.– Destinoak esleitzea.

Eskainitako plazen zerrenda bat egingo da deialdi bakoitzeko, eta, deialdi bakoitzaren barruan, hizkuntza-eskakizun bakoitzeko; eta, enplegua finkatzeko prozesu berezian, baita txanda bakoitzeko ere. Zerrenda horietan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko parte-hartzaileak jasoko dira, prozesuan lortutako puntuazio osoaren arabera handienetik txikienera ordenatuta. Zerrenda horren hurrenkera erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko, betiere alde batera utzi gabe 12.7 oinarrian aurreikusitakoa.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 56.4 artikuluaren arabera, barne-sustapeneko txandan parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute destinoak aukeratzeko orduan, txanda irekikoen aldean.

Epaimahaiak hala erabakitzen duenean (behar bezala justifikatuta dagoelako), beharrezkoak diren gutxieneko aldaketak egingo dira lehentasun-hurrenkeran, desgaitasuna duten pertsonek lanpostu jakin batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, betiere 12.7 oinarrian xedatutakoaren arabera, Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Hori guztia, baldin eta desgaitasunak eragozten ez badie lanpostuko zereginak betetzea.

Baldin eta, behin desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko plazak agortuta, modalitate horretan parte-hartzaile gehiago badaude, dagokion txandan eta deialdian sarbide-modalitate orokorreko plaza bat lortu ahal izango dute, prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

14.– Hautatutakoen zerrenda.

Lanpostuak aukeratzeko epea amaitutakoan, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako baldintzak betetzen diren, hautagai bakoitzak zer puntuazio-ordena duen eta zer lehentasun adierazi dituen. Zerrenda hori IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, 7. oinarrian adierazitako lekuetan, eta, ebazpen horretan, 10 egun balioduneko epea ezarriko da, hautagaiek eskatutako lanpostuen betekizun espezifikoen gainean zuzenketak egiteko eta erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta ebazpen horretan adieraziko da hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin betiko zerrendak 7. oinarrian adierazitako lekuetan egongo direla ikusgai.

15.– Dokumentazioa aurkeztea.

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, pertsona horiek Funtzio Publikoko Zuzendaritzak eskatzen dizkien dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa.

15.1.– Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, hau da, dokumentu aldaezinak.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio dokumentu horri.

Eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, hautagaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

15.2.– Dokumentazioa aurkezteko lekua eta epea.

Dokumentuak Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira, 20 eguneko epean, hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

15.3.– Dokumentuak aurkeztu ez izanaren ondorioak.

Ezin izango da karrerako funtzionario izendatu adierazitako epearen barruan dokumentuak aurkezten ez dituena, ezinbesteko kasua gertatu ezean, ezta, aurkeztutako dokumentuen azterketaren arabera, hirugarren oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez duena, edo lanpostuaren zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez duena ere. Kasu horietako bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eta, gainera, baliteke eskabidea faltsutzeagatik hautagaiak erantzukizuna izatea.

16.– Karrerako funtzionario izendatzea eta nor bere lanpostuaz jabetzea.

Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko dagozkien kidegoetako eta eskaletako karrerako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Izendapenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko karrerako funtzionario izango dira pertsona hautatuak, eta arlo honetan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta eginbehar guztiak izango dituzte.

Izendatuek izendapen-aginduan adierazitako egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezarritako egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez denak galdu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionario izateko eskubide guztiak, deialditik eratorriak, hain zuzen.

17.– Esleipen gehigarriak.

17.1.– Lanpostuen betekizunak.

Esleipen gehigarriak behin baino ez dira egingo, hain zuzen oinarri orokor hauetako 6. apartatuko, e), f) eta g) letretan aipatzen diren kasuetan hutsik geratzen diren lanpostuak esleitzeko, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lehiaketa-sistemaren bidez betetzeko lanpostuak izatea,

b) Behin-behineko atxikipenean edo osasun-arrazoiengatiko zerbitzu-eginkizunetan dauden karrerako funtzionarioek okupatuta ez egotea,

c) Lanpostuen zerrendan, amortizatu beharreko, iraungitako edo lan-kontratuko bihurtutako gisa jasota ez egotea, eta

d) Jarraian adierazten den destino-osagarria esleituta izatea:

– A1 azpitaldea: 25. eta 23. osagarria.

– A2 azpitaldea: 23. osagarria.

– B taldea: guztiak.

– C1 azpitaldea: 20. eta 18. osagarria.

– C2 azpitaldea: 16. osagarria.

– Laguntzako Langileen Talde Profesionala: guztiak.

17.2.– Prozedura.

Plaza huts berriak lanpostuen zerrendan ezarrita duten lehentasunezko kidegoari eta eskalari dagokien enplegua finkatzeko prozesu berezian esleituko dira.

Horretarako, IVAPeko Zuzendaritzak, ebazpen baten bidez, lanpostuak aukeratzeko beste prozedura bat irekiko du, kasuan kasuko lanpostuaren lehentasunezko kidegoari eta eskalari dagokien enplegua finkatzeko prozesu berezian, txanda irekian, gainditu duten baina hautatuak izan ez diren hautagaientzat.

Lanpostuak aukeratzeko prozesu honetan parte hartzeko dei egingo zaie, hain zuzen ere, epaimahaiak modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzerako zehazten duen zenbakiaren lehentasun-hurrenkera bera edo txikiagoa dutenei. Zenbaki horrek ziurtatu beharko du hautatuko diren plaza guztiak esleituko direla.

12, 13, 14, 15 eta 16. oinarrietan aurreikusitakoaren arabera garatuko dira lanpostuak aukeratzeko prozedura, destinoen esleipena, hautatutakoen zerrenda, dokumentazioaren aurkezpena, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

18.– Epaimahaia.

18.1.– Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izango ditu: epaimahaiburua, hiru bokal edo gehiago –betiere, kopuru bakoitia izaki– eta idazkaria, eta horien ordezkoak.

Epaimahaia modu orekatuan egongo da osatuta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonekin, salbu eta behar bezala justifikatzen bada hori egitea ez dela egokia. Ordezkaritza orekatua egongo da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Kidego eta eskala bakoitzean, enplegua finkatzeko prozesu berezietako eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetako epaimahaiak pertsona berberek osatuko dituzte.

Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aukera izango du adituei aholkua eskatzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo, epaimahaiarekin lankidetzan aritzen direnean.

Epaimahaikide-lana modu indibidualean egingo da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari modura jardun.

18.2.– Izendapena.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez izendatuko dira epaimahaikideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendekin batera.

18.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaiko kideek ezin izango dute prozesuan parte hartu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako kasuetan; eta halakoetan, horren berri jakinarazi beharko diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Horrez gain, ezin izango dute parte hartu baldin eta deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaprobetan parte hartuko duen hautagairen bat prestatzen jardun badute.

Aurreko kasuren bat gertatzen denean ere, interesdunek noiznahi aukera izango dute epaimahaikideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

18.4.– Jarduteko arauak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Betiere, epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia, hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago. Balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez bokalen erdiak bertaratzea.

Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengo bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

Epaimahaiburua (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

Idazkariaren edo haren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixo badago edo idazkariari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako arrazoiren bat badago, epaimahaikideen gehiengoaren erabakiz aukeratzen den epaimahaikideak beteko du haien kargua.

18.5.– Ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, proben eduki eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukia isilpean gordetzen dela bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den ez jakiteko.

18.6.– Egoitza.

Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta, horretarako, Enplegu Publikoaren Atarian, honako helbide elektroniko honetan, eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

Era berean, 7. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetan egin ahal izango dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan aurkeztu.

Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitza nagusian izango du helbidea: Donostia kalea 1 (Lakua), 01010 Vitoria-Gasteiz.

18.7.– Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.

Epaimahaikideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo honetako indarreko araudiarekin bat etorriz.

Dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten edo zaintzan edo laguntza materialean laguntzen dioten pertsonek.

19.– Lan-poltsak.

Kidego eta eskala bakoitzaren hautaketa-prozesuak bukatu ondoren, kidego eta eskala horiei dagozkien lan-poltsak berrantolatuko dira, eta, horietan, enplegua finkatzeko prozesu bereziak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren hautagaiak sartuko dira.

Berrantolaketa hori Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpen baten bidez zehazten diren irizpideen arabera gauzatuko da, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren. Bien bitartean, indarrean jarraituko du gaur egun dauden lan-poltsen hurrenkerak.

20.– Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

– Tratamenduaren arduraduna: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzen lan-poltsak nahiz langile lan-kontratudunak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa).

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko (6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea onartzen duena; 2/2018 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).

– Informazio-hartzaileak:

– Sindikatuak eta langileen batzordeak.

– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

– Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuetarako irispidea izatea, zuzentzea eta ezereztea, eta beste zenbait eskubide –informazio gehigarrian azalduta daude–.

– Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsultatu dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/128100-capa2-es.shtml

II.– ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESU BEREZIEN ARAU ESPEZIFIKOAK

21.– Hautaketa-sistema eta parte hartzeko txandak eta modalitateak.

21.1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da.

21.2– Sartzeko, bi txanda aurreikusten dira: irekia eta barne-sustapenekoa.

21.3.– Txanda bakoitzaren barruan bi modalitate egongo dira: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

22.– Barne-sustapeneko txandan parte hartzeko betekizun espezifikoak.

Barne-sustapeneko plazetara aurkezten direnek, 3.3 oinarrian aipatzen diren parte hartzeko betekizunak betetzeaz gain, honako betekizun espezifiko hauek ere bete beharko dituzte, prozesu osoan zehar bete ere:

a) Gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa, lanbide-sailkapeneko azpitalde bereko edo beheko azpitaldeko beste eskala edo aukera batean, edo talde bereko edo beheko taldeko beste eskala edo aukera batean, baldin eta taldeak azpitalderik ez badu. Hala ere, eskatzen den titulazioa duten C1 azpitaldeko funtzionarioak A2 azpitaldera igo ahal izango dira zuzenean.

b) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo senideak zaintzeko edo antzeko eszedentzian egotea jatorrizko kidegoan.

Txanda honetan parte hartzeko betekizunak betetzen ez badira, eskabidea txanda irekian aurkeztu dela ulertuko da ofizioz.

23.– Oposizio-fasea.

Oposizio-fasean, proba bakarra egin beharko da, nahitaezkoa eta baztertzailea izango dena.

23.1.– Probaren ezaugarriak.

Teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:

A zatia: galdera-sorta bat izango da, zenbait erantzun-aukerarekin, honako gai-zerrenda hauei buruzkoa:

– Administrarien Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Kidegoan eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalean, kidego bakoitzaren oinarri espezifikoetan argitaratzen den gai-zerrenda.

– A1 eta A2 azpitaldeetako eskaletan eta B taldekoetan, agindu honetako II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren zati orokorra.

Bi kasuetan, galderak Enplegu Publikoaren Atarian argitaratutako galderetatik aterako dira. Hau da atari horren helbide elektronikoa: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera-sorta bati erantzun beharko zaio hemen ere, eta deialdiko lanpostuetako zereginekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak, epaimahaiak proposatutako bi aukera edo gehiagoren artean hautatu beharrekoak. A1 eta A2 azpitaldeetako eskaletan eta B taldekoetan, kasu teoriko-praktiko horiek deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera argitaratuko den gai-zerrenda espezifikoan sartuko dira.

Proban gehienez 120 puntu lor daitezke (A zatian, 0 eta 80 puntu bitartean, eta, B zatian, 0 eta 40 puntu bitartean). Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren herena kenduko da, eta proba osoan 60 puntu edo gehiago lortzen ez dituztenak baztertuta geratuko dira.

Hautagaiei probak prestatzen laguntzeko, Enplegu Publikoaren Atarian, https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ helbide elektronikoan, honako hauek jarriko dira eskuragarri:

1) Kidegotik eta eskalatik zein lanpostu eskura daitezkeen.

2) Administrarien Kidegoari, Administrari Laguntzaileen Kidegoari eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalari dagozkien gai-zerrenda garatuak jasotzen dituen argitalpen bat.

3) Argitalpen bat, A eta B taldeetako kidego eta eskalei dagokien gai-zerrendaren zati orokorra garatzen duena.

4) Galdera-sorta bat, gai-zerrendaren zati orokorrari buruzkoa, A eta B taldeetako kidego eta eskaletan, eta gai-zerrenda osoari buruzkoa, gainerako kidegoetan. Hor, galdera-kopuru hau jasoko da:

– A, B eta C taldeetako kidego eta eskaletan: 700 galdera.

– Laguntzako Langileen Talde Profesionalean: 500 galdera.

Epaimahaiak, proba egin ondoren eta dagokion erabakia hartuta, erantzun zuzenak argitaratuko ditu, oinarri orokorretako 7. apartatuan adierazitako lekuetan.

23.2.– Proben garapena.

Kidego edo eskala bakoitzean lehiatzen diren pertsonei deialdi bakarra egingo zaie ariketa egiteko. Epaimahaiak, hautaproben garapenean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, proben deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, hautagairen bat bertaratu ezin bada haurdunaldia, erditzea edo ezinbesteko arrazoiak direla eta. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, justifikazio-agiriak erantsiz.

Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenik behar eta eskabidean hala adierazi duten hautagaiei. Izan ere, horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo okerragotzen ez bada.

Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaprobak, baita, baztertu gisa azaldu arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere, oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Hautagai bakoitzak bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

Oposizio-faseko proba bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, eta 10 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko. Epe hori amaitu eta erreklamaziorik egon bada, haiek ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu epaimahaiak.

Emaitzak 7. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko dira.

23.3.– Oposizio-faseko puntuazioen zerrenda.

Oposizio-faseko probak bukatu eta erreklamaziorik aurkeztu bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak agindua emango du gainditutakoen puntuazioen behin betiko zerrenda argitara dadin, txanda (irekia edo barne-sustapenekoa) eta sarbide-modalitatea (orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetakoa) aintzat hartuta.

24.– Lehiaketa-fasea.

Lehiaketa-fasean, oposizio-fasea gainditu dutenen merezimenduak aztertu eta baloratuko dira.

Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko, 9. oinarrian xedatutakoari jarraituz.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Esperientzia, titulazioak, hizkuntzak eta informatika-ezagutzak baloratu ahal izango dira, bai eta probak gainditu izana ere karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

Barne-sustapeneko txandan, antzinatasuna ere baloratu ahal izango da.

Merezimenduen erreferentzia-datak 9. oinarrian daude araututa.

Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.

Fase hau ez da baztertzailea izango.

25.– Azken kalifikazioa.

25.1.– Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa honako hauetan lortutako puntuen batura izango da: oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean, bai eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunaren balorazioan ere (azken hori betekizuna ez, baizik eta merezimendua bada).

25.2.– Lehentasun-klausula.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza bera izanez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den eskaletan. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak izatea –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik–; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan puntu-berdinketa badago –proba guztiak egin eta baloratu, eta dagozkion merezimenduak gehitu ondoren, alegia–.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, dagokion eskalan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

25.3.– Berdinketak hausteko irizpideak.

Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:

– Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

– Oposizio-fasean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Oposizio-faseko ariketaren B zatian puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Barne-sustapenaren kasuan, antzinatasunean edo esperientzia orokorrean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Lehiaketa-fasean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko izateko prozeduretako probak gainditzeagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Lan-poltsetan egoteagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Titulazioengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Informatika-ezagutzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Hizkuntzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta haren organismo autonomoekin izandako lehen enplegu-harremanaren data; zaharrenak izango du lehentasuna berrienaren aldean.

25.4.– Prozedura eta erreklamazioak.

Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditutakoen behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du, bai eta eskainitako lanpostuena ere, deialdiko plazen txanda (irekia edo barne-sustapenekoa), modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta.

Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditu dutenen azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

Deialdian jasotako kidego edo eskala bakoitzeko, gainditutakoen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, deialdiko plazen txanda (irekia edo barne-sustapenekoa), modalitatea (orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna aintzat hartuta. Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuz.

III.– ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN ARAU ESPEZIFIKOAK

26.– Hautaketa-sistema eta parte hartzeko modalitateak.

26.1.– Hautaketa-sistema lehiaketa izango da.

26.2.– Txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

27.– Hautaketa-prozesua.

Hautaketa-prozesua lehiaketa bidez egingo da, honela: prozesuan onartutakoek alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira.

Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

– Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Esperientzia, titulazioak, hizkuntzak eta informatika-ezagutzak baloratu ahal izango dira, bai eta probak gainditu izana ere karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

Merezimenduen erreferentzia-datak 9. oinarrian daude araututa.

Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.

Lehiaketa ez da baztertzailea izango.

28.– Azken kalifikazioa.

28.1.– Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa merezimenduen balorazioan eta euskararen ezagutzan lortutako puntuazioen batura izango da, oinarri espezifikoetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

28.2.– Lehentasun-klausula.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza bera izanez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den eskaletan. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak izatea –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik–; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta puntu-berdinketa badago hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, merezimenduak gehitu ondoren.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, dagokion eskalan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

28.3.– Berdinketak hausteko irizpideak.

Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da hurrenkera:

– Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

– Karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko izateko prozeduretako probak gainditzeagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Lan-poltsetan egoteagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Esperientzia orokorrean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Titulazioengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Informatika-ezagutzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Hizkuntzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta haren organismo autonomoekin izandako lehen enplegu-harremanaren data; zaharrenak izango du lehentasuna berrienaren aldean.

28.4.– Prozedura eta erreklamazioak.

Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du, bai eta eskainitako lanpostuena ere, deialdiko plazen hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta.

Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditu dutenen azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

Deialdian jasotako kidego edo eskala bakoitzeko, gainditutakoen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, deialdiko plazen hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta. Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuz.

II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDAREN ZATI OROKORRA, A1 ETA A2 AZPITALDEETAKO ETA B TALDEKO ESKALETARAKO

1.– Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubideak eta eginbeharrak.

2.– Estatuaren lurralde-antolamendua. Alderdi orokorrak. Autonomia-erkidegoak: antolamendua eta eskumenak. Autonomia-estatutuak.

3.– Europar Batasuneko Zuzenbidea. Erakundeen azalpen laburra: Europar Batasuna, Europar Batasuneko Kontseilua, Batzordea, Parlamentua eta Auzitegia. Egintza juridikoak: erregelamenduak eta zuzentarauak.

4.– EAEko antolaketa politiko eta administratiboa. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Eusko Legebiltzarra. Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria.

5.– EAEko erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko eskumen-banaketarekin loturiko alderdi orokorrak. Ekonomia Ituna. Toki-erakundeen eskumenak.

6.– Berdintasuna: Testuingurua eta aurrekariak. Xedea eta helburua. Printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna; aukera-berdintasuna; aniztasuna eta diferentzia errespetatzea; genero-ikuspegia txertatzea; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza orekatua; eta lankidetza eta koordinazioa. Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

7.– Administrazio elektronikoa. Herritarrek zerbitzu publikoetara duten sarbide elektronikoa. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa: egoitza elektronikoa eta Interneteko ataria, identifikazio-sistemak eta sinadura elektronikoa. Artxibo elektronikoa. Administrazio-espedientea.

8.– Euskararen erabileraren normalizazioa. Herritarren hizkuntza-eskubideak. Enplegatu publikoen hizkuntza-gaikuntza. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.

9.– EAEko administrazio publikoetako langileak. Enplegatu publiko motak. EAEko administrazio publikoetako enplegatu publikoen eskubideak eta eginbeharrak. Ordainsariak. Diziplina-araubidea.

10.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko alderdiak: kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak.

11.– Laneko arriskuen prebentzioa. Xedea. Eskubideak eta betebeharrak: laneko arriskuetatik babesteko eskubidea. Prebentzio?jardueraren printzipioak. Prebentzio-plana, arriskuen ebaluazioa eta prebentzio-jardueraren plangintza. Langileen prestakuntza.

12.– Laneko arriskuen prebentzioa: datuak bistaratzeko pantailak.

13.– Lehen sorospenen oinarrizko nozioak.

14.– Gobernu irekia. Kontzeptu eta printzipio informatzaileak. Informazio publikorako irispidea eta gobernu ona.

15.– Administrazio-espedientea. Administrazio-dokumentuak. Dokumentuen kopiak eta ziurtagiriak egitea.

16.– Sinadurak legeztatzea. Balidazioa administrazio elektronikoan: identifikazio eta sinadura elektronikoa, ziurtagiri elektronikoa.

17.– Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Publiko Aurreratuaren Eredua. Aurrerabide.

18.– Pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Artxibo eta erregistro publikoetara irispidea izateko eskubidea.

19.– Komunikazioa administrazioan. Administrazio-hizkeraren erabilera zuzena. Idatzizko komunikazioa. Administrazio-hizkera ez-sexista. Dokumentu idatzien edukia eta aurkezpena: posta, komunikazioak, baimenak, jakinarazpenak, eskabide-orriak, ziurtapenak, konpultsak, eta abar.

20.– Ahozko komunikazioa. Aurrez aurreko eta telefonozko komunikazioa eta arreta: abisuak, informazioa, eskariak, pertsonei laguntzea, deiak desbideratzea, eta abar. Irizpide orokorrak. Hitzik gabeko komunikazioa.

21.– Administrazio-zuzenbidearen iturriak: legea eta erregelamendua. Arau-hierarkia. Administrazio Publikoaren legezkotasun-printzipioa.

22.– Administrazio-antolamendua: administrazio-organoak. Kide anitzeko organoak.

23.– Administrazio-egintza: produkzioa, edukia, arrazoitzea eta forma. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio-isiltasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

24.– Administrazio-prozedura: printzipio orokorrak. Interesdunak. Abstenitzea eta errekusatzea.

25.– Administrazio-prozeduraren faseak.

26.– Egintzak berrikustea: administrazio-errekurtsoak, ofiziozko berrikuspena eta errebokatzea. Akats materialak zuzentzea.

27.– Administrazio publikoen eta haien agintarien eta langileen erantzukizunaren printzipio orokorrak.


Azterketa dokumentala