Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2022ko maiatzaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2175

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitara ematen da enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2022ko dirulaguntza-deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 12(e)ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2022ko dirulaguntza-deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluko o) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2022ko dirulaguntza-deialdia, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak 2022ko maiatzaren 12(e)ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez onartzen baita deialdia, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
2022KO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO

Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da enplegu-politiken diseinuan eta kudeaketa-ereduan toki-izaera hori kontuan hartzea, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten jarduketak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, enpleguaren oinarrizko arauan ezarrita dagoen bezala, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegu Legearen testu bateginean.

Hala, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian zehaztutako lan-merkatuaren eredu berria lurralde-orekaren printzipioan oinarritzen da, besteak beste, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratutakoa), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia honako honetan sartzen da: 4.4. gako estrategikoa, Enpleguaren arloko aukera-berdintasuna beste kolektibo zaurgarri batzuentzat.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak, besteak beste, eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko toki-erakundeekin lankidetzan.

Eginkizun horien jardunean, eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeen artean askok eta askok lortu dute enplegua, eta emaitza on horiek kontuan hartuta, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (hots, Lanbidek aurreko ekitaldietan onartutako deialdietan), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2022-2023ko aldirako. Eta horretarako, hemeretzi milioi ehun eta berrogeita zortzi mila bederatziehun eta hogeita hamasei euroko funtsa bideratuko da. Hala ere, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa martxan jartzearen helburua honako hau da: lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enplegua hobetzea; hots, aurreko deialdietako enplegua sustatzeko jardueretan aurreikusitako kolektiboena. Ondorioz, ekitaldi honen deialdia birplanteatu behar izan da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutako edozein langabeturen egonkortasuna sustatze aldera.

Gainera, deialdiak ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak. Horrela, EUSTATen 2021eko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 6 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 65,20koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 71,00koa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Nahiz eta abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak (lan-erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzkoak) kontratazio mugagabea orokortzen duen, enplegurako aktibazio-programetara lotutako kontratuen berezitasuna aurreikusten du, kontratu horiek administrazio publikoek, eta, hala badagokio, irabazi-asmorik gabeko erakundeek egin dituztenean eta horien iraupena gehienez ere 12 hilabetekoa denean.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2022ko maiatzaren 12(e)ko saioan, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2022ko laguntza-deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei laguntzak ematea, enplegua sortzeko proiektuak abian jar ditzaten. Proiektu horiek eragina izan behar dute beren jardun-eremuko lurraldearen garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan, eta modu orekatuan eskaini behar dituzte enplegu-aukerak EAEko eskualde guztietan; betiere, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat etorrita eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa beteta.

Deialdi honen azken xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabetuen enplegagarritasuna hobetzea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagundu daitezke diruz, deialdi honen 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egiten badituzte eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua badute.

Tokiko enplegu-proiektuei udalerrika edo mankomunitate, kuadrilla edo udalerri-talde bateko kide gisa emango zaie dirulaguntza. Horretarako, udalerrien gehiengoak edo taldeko biztanleen gutxienez % 51k adostu beharko dituzte proiektuok, 2022ko otsailaren 28an indarren den udal-erroldaren berrikuspenaren arabera (zeina dagokion udalean egongo baita). Gainerakoan, eskabidea egiten duen erakundeak egiaztatu beharko du adostasun hori.

2.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Artikulu honetako 4. apartatuan deskribatutako ekintza-motakoak izan behar dute.

b) Ez dute gainditu behar deialdi honen II. eranskinean udalerri edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua.

c) Bere jarduketak (enpleguaren sustapenerako kontratazioak edo toki-erakundeek kontratazioan laguntzeko egindako deialdien oinarrien argitalpena) deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo eguna eta 2022ko abenduaren 31 bitartean hasiko dira, eta bukatu, berriz, 2023ko ekainaren 30ean, beranduenez.

Enplegua sustatzeko proiektuetan (1. mota), beren ezaugarriak direla-eta zenbait fasetan egin behar badira, aurreko paragrafoan ezarritakoa, jardueren hasierari buruzkoa, aplikatuko da derrigorrez hasierako faserako, eta ondorengo faseen kontratazioak 2022ko abenduaren 31ren ostean egin ahal izango dira, baldin eta hala justifikatzen badu eskabidea egiten duen erakundeak eta horretarako baimena ematen badu Lanbidek, dirulaguntza emateko ebazpenean.

3.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.

Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

4.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

4.1.– Enpleguaren Sustapena (1. Mota).

4.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua langabetutako pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek edo haien mendeko erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere EAEko hirugarren sektore sozialekoak badira (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, hirugarrenekin hitzartutako jarduera, zeina % 100ekoa izan ahal izango baita, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.

Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu.

4.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Toki-erakundeek ezingo dute kontratatu erakunde berak aurretik kontratatu dituen pertsonak 2021eko ekitaldirako enplegu-sustapeneko toki-ekintzetarako laguntzen deialdietan edo 2021eko ekitaldirako Gazte Enpleguko 2014-2020 programa operatiboaren esparruan toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan. Hala dela egiaztatu beharko du erakunde kontratatzaileak, eta erantzukizunpeko adierazpen bidez akreditatuko du.

d) Kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da. Kontratuok okupagarritasuna eta laneratzea hobetzeko kontratuen bidez formalizatuko dira.

Diruz lagunduko da artikulu honen 2.c) puntuan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2023ko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.

e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

f) Kontratatutako pertsonak langabetuak izan beharko dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa altan egon, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean.

g) Kontratatutako pertsona dirulaguntzaren eskarian aipatzen den eremu geografikoan bizi beharko da.

4.1.3.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, eta identifikazio hau izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera: «LPE-2022».

4.2.– Kontrataziorako Laguntzak (2. Mota).

4.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte toki-erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Ondorio horietarako, dagokion toki-erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratuak mugagabeak eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izango dira, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

b) Kontratatutako pertsonak langabetuak izan beharko dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa altan egon, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean.

c) Kontratatutako pertsona dirulaguntzaren eskarian aipatzen den eremu geografikoan bizi beharko da.

d) Kontratazioak eginda egon beharko dira toki-erakundeak dirulaguntza ebazten duen unean.

4.2.2.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute eurekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 6 hiletan enpresak duen batezbesteko langile-kopuruari begira. Toki-erakundeak egiaztatu eta ziurtatu beharko du hori.

4.2.3.– Ez dira diruz lagunduko:

– Honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo Zuzendaritzako kideenak.

– Enpresa berak kontratatzea langile bera, baldin eta aurreko deialdietan dirulaguntza jaso badu.

4.2.4.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko zenbakietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.

Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (baldintzak bete direla egiaztatzeko, esaterako diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio toki-erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.

Toki-erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.b) artikuluan jasotako berak izango dira.

4.2.5.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.

3. artikulua.– Laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 19.148.936 eurokoak dira, horietatik 10.148.936 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 9.000.000 euro 2023ko konpromiso-kreditukoak.

Emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu zenbateko hori.

2.– Zenbateko hori eskualdeen eta udalerrien artean banatuko da, 2022ko otsailean langabezian dauden biztanleen arabera, eskualde bakoitzeko gutxienez 75.000 euroko zenbatekoan.

3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntzen aurrekontua deialdi honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko da.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Enplegua sustatzeko jarduketak (1. mota).

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak, kontzeptu guztien zioz gizarte-segurantzarako egindako kotizazioa barne dela (toki-erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontrataziorako laguntzak (2. mota).

b.1.– 8.000 euroko laguntza, lanaldi osoan lan egindako kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 75 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.

b.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBEren titularrak edo onuradunak.

– 35 urtetik beherako pertsonak.

– Luzaroko langabeak. Iraupen luzeko langabetutzat jotzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden eta iraupen luzekoak diren langabetuak, kontratazioaren data baino lehenagoko 540 egunetan gutxienez 360 egunez egoera horretan egon badira.

– 55 urtetik gorako pertsonak.

Laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lan egindako lanaldiaren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 100 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.

b.3.– Dirulaguntzen zenbateko guztiak % 10 haziko dira, kontratuak emakumeekin egiten direnean. Dirulaguntzaren amaierako zenbatekoak, igoera horiek aplikatzean, ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 100 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.

b.4.– Toki-erakundeak egiaztatu eta ziurtatuko du kontratu mugagabeek beren horretan jarraitzen dutela gutxienez 12 hilabetez.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak, udalerri-taldeak, kuadrillak edo mankomunitateak, bai eta horien mendeko toki-garapeneko agentziak ere, baldin eta nortasun juridikoa badute.

2.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeak direnean, diruz lagundutako proiekturen bat gauzatzeko konpromisoa hartzen duten udalerriak izango dira onuradun. Kasu guztietan, taldeko ahaldun bat izendatu beharko dute, eta onuraduna den aldetik taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar adina ahalorde emango diote ahaldun horri. Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

3.– Ez dira dirulaguntzen onuradun izango bi erakunde desberdin, proiektuak udalerri berean edo beretan garatzeko badira. Dirulaguntza, lehentasunez, mankomunitateak, kuadrillak, udalerri-taldeek edo udalerriek berek eskatu ahal izango dute, edo toki-garapenerako agentziak. Eskabidea toki-garapenerako agentziak aurkezten badu, agentzia horrek berak proiektuak betearazteaz gain, egiaztatu egin beharko du proiektu horien eragina jasotzen duten udalerrien adostasuna.

4.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa https://www.euskadi.eus/servicios/1009213 helbidean dago, eta fitxa horren bitartez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakian.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu.

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

2.– Eskabidea proiektua sustatzen duen udalerriari dagokion mankomunitateak, kuadrillak edo udalerri-taldearen ahaldunak aurkeztu ahal izango du, edo zuzenean udalerriak berak. Inola ere ezin izango da jarduera bera eskabide batean baino gehiagotan sartu.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, haien ahaldunak aurkeztuko du eskabidea.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskualde-mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, eskabidean zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.

Enplegua sustatzeko proiekturen bat (1. mota) hainbat fasetan egin behar bada eta faseren batean kontratazioak egin behar badira 2022ko abenduaren 31 baino lehen, horretarako baimena lortu ezean kontratua gauzatzea ezinezkoa dela egiaztatu beharko da.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, aipatu beharko da zer udalerri konprometitzen diren proiektua betearazteko.

Edonola ere, memorian berariaz aipatu beharko da 2. artikuluko 4.1.2 apartatuko a) eta b) hizkietan ezarritakoa betetzen dela.

b) Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.

c) Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan-kasuan, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten harekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, bat etorriz deialdi honen 3. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2022ko otsailean, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez dute amaituko administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren arabera emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:

a) Lehenik, % 53 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2022ko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarrenik, gainerako % 47a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2023. urteko aurrekontuaren kontura.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahal beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, dirulaguntzen toki-erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Gauzatutako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.

– Enplegua sustatzeko jarduketetarako (1. mota), agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

b) Enplegua sustatzeko proiektuen kasuan (1. mota), enplegu-sustapena gauzatzeaz irabazi-asmorik gabeko erakundeak arduratu badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten agiriak.

c) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 2. artikuluko 4.1.2.c) apartatuan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan jarduketa-mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, bat etorriz 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin.

4.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira edo aurreneko hamabi hilabeteetan tokiko enpresek egindako kontratu mugagabeen kasuan (2. mota), itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, betiere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.

5.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeetako kideek nahitaez bete beharko dituzte beren izenean egindako jarduerak justifikatzeko baldintzak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Lan eta Enplegu Sailaren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura oro jakinaraztea.

g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da probetan edo elkarrizketetan eta pertsonak aukeratzeko prozesuetan.

– Enplegua sustatzeko jarduketei dagokienez (1. mota), hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan jasotako enplegua sustatzeko proiektuen (1. mota) dirulaguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

Toki-erakundeek edo horien mendeko erakundeek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.

2.– Deialdi honetako kontrataziorako laguntzen proiektuetarako (2. mota) dirulaguntzak ezin izango dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandakoekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

13. artikulua.– Babesletza.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesletza jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio aurretik hari, eta horietara gonbidatu. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio betebehar hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, eta jokabide hori zuzendu ezean, laguntza osoa itzularazteko erabakia har daiteke. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubideari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hori hastean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

5.– Udalerri-talde bat denean, egin beharreko jarduera diruz lagunduen gainean dirua itzultzeko betebeharra solidarioki beteko dute.

16. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/074300-capa2-es. html.

17. artikulua.– Dirulaguntzen arloko arau bete beharrekoak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala