Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2022ko maiatzaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2135

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 11koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022. urterako laguntzen deialdia egiten baita Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko. («ENE laguntzak»).

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzeak nekazaritza-sektoreko emakumeek pairatzen duten bereizkeriari aurre egitea dakar, besteak beste, lanbide- eta gizarte-aitortzari zein beren eskubideak benetan baliatzeari dagokienez.

Legeak, berdintasun-printzipio hori gauzatzeko, funtsezkotzat jotzen ditu honako hauek: nekazaritza-ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua (II. titulua), emakumeek nekazaritza-sektorean duten ordezkaritza (III. titulua), emakumeen gizarte-eskubideen aitorpena (IV. titulua) eta emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea (V. titulua).

Nekazaritza-ustiategien titulartasuna funtsezkoa da emakume nekazarien lana ikusarazteko eta titulartasun horretatik eratorritako eskubideak eskuratu ahal izateko. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat emakumeek haietan egiaz egiten duten lanarekin.

Laguntza familiarra lan-arloko oso figura diskriminatzailea da; izan ere, pertsona horiek, lege-ondorioetarako, kontratu, soldata edo inolako aitortzarik gabe lan egiten dute, ez baitute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Emakume guztien ia % 50 sartzen dira familia-mailako eskulanaren barruan, eta gizon guztien % 22 baino ez daude egoera berean. Historikoki, emakumeak edo seme-alabak egon izan dira lan mota horren barruan: ustiategia, legearen arabera, familiaburuaren izenean zegoen (gizona, ia beti), eta gainerakoak laguntza familiarra baino ez ziren, titularrak adina edo gehiago lan egin arren.

Ordezkaritza-eremuari dagokionez, emakume nekazariek erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea ez dator bat sektorean dutenarekin. Emakumeek nekazaritzaren eremuko erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea askoz txikiagoa da gizonek dutena baino. Emakume Nekazarien Estatutuak, ildo horretatik, onartzen du bermatu beharra dagoela emakume nekazariak erabakitzeko organoetan egotea eta haietan parte hartzea.

Esparru publikoan duten partaidetzan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunei aurre egitea ezinbestekoa da, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.

Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen 2018an, eta, ordutik, lehenetsi egin dira emakume nekazariak eta haien lana aintzat hartu eta ikusarazteko ekintzak –bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak–; horregatik, egokia da administrazio publikoetatik kanpoko erakundeek egiten dituzten era horretako ekintzak Eusko Jaurlaritzak babestuta egotea.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– I. eranskinean, deialdi honen oinarriak argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 11.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: laguntzen deialdia egitea nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk betetzen laguntzeko, nekazaritza-sektoreko emakumeen eskubideak aitortzeari dagokionez.

2. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten dutenek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

1.– EAEko elkarte edo erakundeak izan behar dute.

2.– Halaber, erakunde onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen talde pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik ez izan arren, dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak garatzeko eta gauzatzeko gaitasuna badute.

Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute taldeek, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

3.– Diruz lagundutako jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egitea.

4.– Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

5.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Halaber, egunean egon beharko dute EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

6.– Zuzendaritza-organoak dituzten onuradunek emakumeen presentzia orekatua izan beharko dute gutxienez.

7.– Erakunde onuradunak, era berean, ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak izenpetzeko.

8.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak.

9.– Likidazioaren unean ere bete beharko da erakunde onuradun izateko baldintza.

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira. Aurrekontu-zuzkidura 60.000 eurokoa da.

4. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, honako gai hauetakoren bat garatzen duten jarduketak, zeinen orientabideak II. eranskinean ezartzen baitira:

a) Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

b) Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

c) Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

d) Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

e) Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

f) Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

g) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

2.– Guztiak jasota ez badaude ere, honako jarduketa hauek dira diruz laguntzeko modukoak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, ikastaroak, lantegiak, konferentziak, erakusketak, ikus-entzunezko materialaren edizioa eta banaketa, eta deialdiaren xedea betetzen duen beste edozein jarduketa, betiere nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia badute eta aurreko apartatuan ezarritako gaietakoren batean oinarrituta badaude.

3.– Deialdi honen babespean, erakunde bakoitzak dirulaguntza-proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.

4.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira laguntzaren xede diren jarduera egitean zuzenean sortutako guztiak, eta jarduera gauzatzeko epean zehar. Izaera enuntziatiboz eta ez murriztailez, honako hauek sartzen dira:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Jarduera egiteko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak eta jarduera antolatzeko logistikaren ondoriozko gastuak.

d) Jarduera egiteko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren jarduketen publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) Jarduera egiteko behar diren materialak zenbait euskarritan editatu edo eskuratzea.

i) Bideoak eta ikus-entzunezko materiala.

j) Itzulpen-gastuak.

5.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

Kanpoan geldituko dira erakunde eskatzaileak dituen baina jarduera egin, antolatu edo gauzatzearekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza horien zenbatekoa ez da izango laguntza eskatu duten proiektu edo jardueraren guztizko kostuaren % 80tik gorakoa, ezta 10.000 euro baino handiagoa ere.

2.– Prozedura ondoz ondoko konkurrentzia edo katekoa izango da eta, beraz, espedienteak eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira. Landaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek aztertuko dituzte eskabideak. Eskatutako betekizunak eta diruz lagun daitekeen aurrekontua egiaztatutakoan, ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Aurrekontua agortu aurretik esleitutako azken laguntzari dagokionez, laguntza-proposamenak erabili daitekeen zenbatekoa gainditzen badu, eskatzaileari galdetuko zaio, eta, hala badagokio, aurrekontua agortu arte geratzen den laguntza esleituko zaio, edo ez zaio laguntzarik esleituko.

4.– Laguntzetara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ukatu egingo dira arrazoi hori dela eta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

6. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira.

7. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Jarduketak egiteko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da, eta 2022ko ekitaldiaren edozein unetan hasi ahalko da.

8. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Diruz lagundutako jarduketak deialdiaren urtean egingo dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, baita xedapen hauetan ezarritako betebeharrak ere: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

3.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost eguneko epean, onartu egin duela joko da.

b) Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horien artean daude tratu- eta aukera-berdintasuna, elkarteko kideen dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea, sexuaren arabera bereizitako datuak izatea, hizkera ez-sexista erabiltzea, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako gainerako printzipio orokorrak errespetatzea.

d) Jendaurrean hedatzeko egiten dituzten agiri, kartel, propaganda eta argitalpenetan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipoa ageri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF

Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuaren logotipoa jaso beharko dute (laguntzen web-orrian egongo da eskuragarri).

Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez bost urtez.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Helburu bererako edo antzeko helburu baterako dirulaguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote laguntzak kudeatzen dituen organoari.

9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidali behar zaizkio.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 30ean amaituko da.

3.– Eskabideak kanal elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, eredu normalizatuaren araberako eskaera eginez. Helbide honetan dago eskuragarri eredu hori:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1201603

4.– Eskabidearen ondoko izapideak hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Informazio hau bilduko du eskabideen eredu normalizatuak:

a) Eskatzailearen identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

c) Dena delako jarduketari buruzko informazioa.

d) Lanen aurrekontua.

e) Zuzendaritza-organo edo -batzarraren osaerari buruzko ziurtagiri eguneratua, dagokion erregistroak emana.

f) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak jarduketa egiteko hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria.– Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Jardueraren memoria, honako hau jasota:

– Erakundearen izena eta haren osaera: masa sozialaren osaera, bazkide kopuru osoa, emakumeen eta gizonen guztizko kopurua eta masa sozial hori osatzen duten 40 urtetik beherako emakumeen ehunekoa.

– Jarduketaren xedearen deskribapena.

– Gauzatzeko epearen edo epeen aurreikuspena.

– Ekintzaren kokapenari eta hura zabaltzeko aukerei buruzko datuak, eta toki/eskualdean, lurraldean edo autonomian zer eragin duen.

– Jarduketatik espero diren emaitzen aurreikuspena.

– Jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean izango duen eraginaren aurreikuspena.

– Deskribapena, jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen ahalduntzea nola sustatzen duen.

b) Proiektuko jarduketen laguntza publiko edo pribatuari buruzko bestelako dirulaguntza eta diru-sarreren ziurtagiria.

c) Hirugarrenen alta, zeina elektronikoki izapidetu ahal izango den, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Ordezkaritzaren egiaztagiria, hala badagokio.

e) Erakundearen IFK, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroan zigilatuta.

f) Proiektuaren barruko ekintzen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak. Aurrekontuek, proformako fakturek edo fakturek informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

– Zenbakia (baldin badauka).

– Kontratatzailearen izena.

– Hornitzailearen izena.

– Data.

– Kontzeptua.

– Zerga-oinarriaren eta BEZaren xehakapena.

2.– Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Dena den, eskatzaileak nahi izanez gero, dokumentazio hori aurkeztu ahal izango du eskaerarekin batera.

3.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz, eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

6.– Betiere, beharrezkoak diren bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

11. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak kudeatuko du laguntza.

2.– Landa-garapenaren arloko zuzendariak banakako ebazpena emango dio erakunde eskatzaile bakoitzari, 5. oinarrian aurreikusitako proposamenari jarraikiz, eta laguntza eman edo ukatuko du horren bidez.

3.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

– Baietsitako eskabideei dagokienez:

a) Onuradunen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Ezetsi egin diren eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Eskabidea ezesteko arrazoiak.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

6.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda.

7.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

8.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

9.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion egintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den interesduna haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Egiaztatzen denean jakinarazpena eskura jarri zaiola, baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada haren edukira sartu, ulertuko da uko egin diola jakinarazpenari, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskaturik egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie erakunde onuradunei, eta bi zatitan banatu ahal izango dira, honela:

1.– Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez, diruz lagun zitezkeen gastu onetsiei buruzko fakturak eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Zenbatekoaren gainerakoaren ordainketa edo, hala badagokio, dirulaguntza osoa, laguntza behar den bezala erabili dela justifikatu ondoren. Honako agiri hauek aurkeztuko dituzte horretarako:

a) Jarduketaren ondorioz azkenean lortutako emaitzen berri jasotzen duen memoria. Jarduketaren izaeraren arabera, emaitza horietan jaso beharko dituzte zer partaidetza izan den, bertan ezarritako lan-lerroak, etorkizuneko konpromisoak, nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean zer eragin duen eta ondorioak.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak; horiek laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean egon beharko dute.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adieraziko duena: fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa. (justifikazio-inprimakian jasota).

3.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2023ko urtarrilaren 20an egin beharko da beranduenez.

13. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetze kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, jardueraren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

14. oinarria.– Datuen babesa.

Haien datu pertsonalak «Landaren eta itsasertzaren garapeneko laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

– Arduraduna: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.

– Helburua: nekazaritza-sektorean berdintasuna sustatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak: ez da aurreikusten datuen komunikaziorik.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

II. ERANSKINA
JARDUKETAK EGITEKO ORIENTABIDEAK

Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, honako gai hauek garatzen dituzten jarduketak:

1.– Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

Emakumeek eremu publikoan duten parte-hartzean pairatzen dituzten desberdintasunei aurre egiteko jarduketak:

– Sektoreko erakundeen eremuan emakumeak ahalduntzeari buruzko jarduketak.

– Erakundeetako parte-hartzea hobetzeko tresnak.

– Asoziazionismoa sustatzea.

2.– Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatzen duten jarduketak:

– Emakume nekazarien lana aitortzea, berrikuntza lehenetsita (ekofeminismoa, jasangarritasuna...).

– Beste mundu batzuetako emakume nekazariekin eta emakumeen beste elkarte batzuekin koordinatzea.

– Emakume nekazarien eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzea.

3.– Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

– Emakume nekazariek nekazaritza-jardueran duten partaidetzaren aitortza juridiko eta ekonomikoa, ustiategien titulartasun-figuren bidez.

– Baterako titulartasuneko aukerak, titulartasun partekatua bereziki aipatuta.

4.– Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

– Nekazarien osasunaren gaineko faktore bereizgarriak.

– Nekazaritza-lanean emakumeen osasuna bermatzeko neurri egokiak.

5.– Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

– Emakumeen eta gizonen genero-mandatuei buruzko jarduketak.

– Nekazaritzaren arloan erantzukidetasuna bultzatuko duten baliabideen informazioa, sentsibilizazioa eta zabalkundea.

6.– Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

– Informazio- eta arreta-baliabideak.

– Sektoreko indarkeria- eta jazarpen-egoera espezifikoak.

7.– Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

– Profesionalizazioari lotua.

– Teknologia berriak erabiltzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera izatea informazioaren gizartean.


Azterketa dokumentala