Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2022ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1960

AGINDUA, 2022ko apirilaren 12koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2022rako laguntzen deialdia iragartzen duena.

Deialdi-agindu honen bidez, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira 2022rako. Dekretu horrek Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen ditu (martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 53. zk.). Dekretu hori aldatu egin zuen Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatu zuen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak (uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 143. zk.). Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

34/2007 Dekretuak arautzen ditu, hegoaldeko pobretutako herrialdeen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz, pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzak. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio estatukoari eta nazioartekoari loturik, garapenerako lankidetzako irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez.

Aipatutako dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunak xedatuta, laguntzen deialdia egingo da. Deialdi horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eta eskabide-eredua.

Beste alde batetik, dekretuaren 22.4 artikuluak hau ezartzen du: erakunde bakoitzak gehienez aurkez ditzakeen eskabideen kopurua edo erakunde bakoitzak proiektu guztietarako gehienez eska dezakeen guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion deialdia egiteko aginduan.

Halaber, 24. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak ere deialdiaren aginduan ezarriko dira.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten egitekoak (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.

Horrez gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2022ko urtarrilaren 25ean egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10. artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, erabaki du eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu dio onar ditzala deialdi-agindu hau eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2022rako dirulaguntzen deialdia egitea; uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) arautzen ditu laguntza horiek –390/2013 Dekretua, uztailaren 23koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatzen duena–.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbatekoa, guztira, 32.000.000 eurokoa izango da. Laguntza mota bakoitzerako, honako diru-zuzkidura hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara 26.000.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetara 1.200.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuetarako laguntzetara 4.800.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino dirulaguntza handiagoa eskatu.

4. artikulua.– Erakunde bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

Erakunde bakoitzak, banaka edo beste batzuekin elkartuta, gehienez 4 proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta horien zenbatekoa gehienez ere aurreko artikuluan ezarritako gehieneko dirulaguntza-zenbatekoa izango da. Kopuru hori 5 proiektutara zabaldu ahal izango da, baldin eta horietako bat Afrikako kontinentean gauzatzen bada.

2022ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 2.989.000 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

5. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Emandako dirulaguntza honako epe hauetan ordainduko da:

a) Emandako dirulaguntzaren % 25 (lehenengo ordainketa), laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Emandako dirulaguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako dirulaguntzaren % 35 (hirugarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

3.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzak eta dirulaguntzak atalera, zehazki.

4.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

5.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera.

9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

7. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– I. eranskinaren araberako eredu normalizatuko eskabide-inprimakia osorik bete behar da telematikoki, eta eskabidea aurkezteko behar diren datu orokorrak jasoko ditu. Halaber, erakunde eskatzailearen/partzuergoko buruaren erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko ditu eskaerak:

a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori frogatzeko dokumentazioa duela; dokumentazio hori Administrazioaren eskura jarriko duela, eskatzen zaionean; eskubidea aitortzen zaion bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duela.

b) Konpromisoa hartzen dutela jakinarazteko helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituztela, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

c) Ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta bestelako entitateek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean.

d) Ez dagoela sartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

e) Ez zaiola ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez duela halakorik eskuratzeko legezko debekurik (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakunde eskatzaileen partzuergo bat eratzen bada, partzuergoko burua ez den erakunde eskatzaile bakoitzak egindako erantzukizunpeko adierazpenei buruzko II. eranskina aurkeztu beharko da.

b) Lankidetzaren esparruan gutxienez bi urte jarraituko esperientzia izatearen egiaztagiria, baldin eta entitatearen estatutuetan ez bada berariaz adierazten hegoaldeko herrialdeetan garapenerako lankidetza-proiektuak egitea dela bere helburuetako bat. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, egiaztagiria ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean.

Hala ere, estatutuetan helburu hori jasota ez badago, gutxienez bi urte jarraituko esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesdun ez diren beste entitate pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan, esperientzia jarraitu horrek espresuki adierazita egon behar du–.

c) Eskabidea aurkezteko epea amaitu baino urtebete lehenagotik gutxienez esku-hartzean parte hartzen duten toki-erakundeen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa. Dokumentazio hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, agentziak dokumentazio hori eskuratu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, baldin eta entitate interesdunak eskabidean adierazten badu zer espediente-zenbakitan dagoen eta noiz aurkeztu zen.

Herrialdeko zirkunstantzien ondorioz ezintasun juridiko edo politikoa dagoela frogatuz gero, toki-erakundearen erregistro-inskripzioaren betekizuna egiaztatu ordez, esperientzia eta jarduera bermatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

d) Erakunde-partzuergo bat eratzen bada, hala eskatzaileena nola toki-erakundeena, haien artean sinatutako erantzunkidetasun-hitzarmena aurkeztuko da, III. eranskin gisa eskuragarri dagoen eredu normalizatuan, behar bezala beteta eta sinatuta, hau da, orri guztietan sinatuta eskuz sinatzen bada, edo sinadura elektronikoarekin hitzarmenaren azken orrialdean.

e) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoria hori IV. eranskinean dago.

f) Erakunde eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, egin beharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezko gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak jasoko dituen justifikazio-memoria aurkeztu beharko da, zeina V. eranskinean jasota egongo baita.

g) Garapenerako lankidetzako proiektuetan eta garapenerako hezkuntzakoetan, proformako fakturak, aurrekontuak edo kanpo-balorazioak, 34/2007 Dekretuaren 22.3.b) artikuluan ezarritako kasuetan –34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena, zeina uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu baitzuen–.

h) Errotazio-funts bat izatea aurreikusten bada, dagokion azalpen-memoria aurkeztuko da, VI. eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuaren arabera.

i) Ez da beharrezkoa izango entitate eskatzaileak erregistro-inskripzioa aurkeztea eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza iraunkorra edo egoitza nagusia izatea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badio eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.

3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Proiektuak baloratzeko, entitate eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

a) Proposamen teknikoa, VII. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera. Proposamen teknikoak gehienez ere 35.000 hitz izan ditzake. Proposamen teknikoan 35.000 hitz baino gehiago badago, hori ez da kontuan hartuko aurkeztutako proiektua baloratzeko.

b) Aurrekontua, VIII. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

c) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna baloratzeko, garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzen eta produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan: obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, bideragarritasun- eta merkatu-azterketak, abalak, materialei eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasun-konpromisoak.

d) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna baloratzeko, garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan: materialei eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasun-konpromisoak.

e) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako eta garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearekin, erakunde eskatzaileak Euskadiko GGKE-en Koordinakundeari atxikita dauden. Horretarako, erakunde eskatzaileek baimena eman beharko dute aldez aurretik.

f) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan, proiektuaren gaiarekin lotura duen nazioarteko koordinakunde, sare edo mugimenduko kide dela egiaztatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da.

g) Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearekin, erakunde eskatzaileek Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen gizarte-eraldaketarako hezkuntzako talde eta prozesuetan parte hartzen duten. Horretarako, erakunde eskatzaileek baimena eman beharko dute aldez aurretik. Euskadiko GGKE-en Koordinakundea ez den gizarte-eraldaketarako hezkuntzako talde eta prozesuetan parte hartzen badute, parte-hartze horren ziurtagiria erantsi beharko da.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza-lerro honen kudeaketa-lanak egitea.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Hautaketa-batzordea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak osatuko du. Zerbitzu horrek laguntza-eskaeren azterketa teknikoa eta balorazioa egingo ditu, eta Kontseilu Errektoreari helaraziko dio, dagozkion laguntzak ematea proposa dezan.

2.– Hautaketa-batzordea osatuko duten kideen zehaztapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

10. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

11. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskabideak agindu honen IX. eranskinean jasotako hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

12. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

1.– Dirulaguntza onartu ondoren, emandako dirulaguntza bakoitzeko hitzarmen bana sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, finantzatuko den proiektu-mota kontuan hartuta.

2.– Sinatu beharreko hitzarmena telematikoki izapidetuko da laguntza onartzean. Hitzarmen horren edukia, publikotasunaren ondorioetarako, agindu honekin batera argitaratu da, X. eranskin gisa.

13. artikulua.– Ebazpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskabidea aurkeztu zenetik 6 hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

14. artikulua.– Laguntza onartzea.

Ebazpenean onuradun gertatzen diren erakundeek hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntza onartzen dutela jakinarazteko.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskabideetan ageri diren datu pertsonalak «Garapenerako lankidetzako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak honako hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta, bestetik, 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoan oinarritzen dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak –dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen (390/2013 Dekretua, uztailaren 23koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatzen duena)–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PARTZUERGO BATEKO KIDE D(IR)EN ENTITATE ESKATZAILEAK/ESKATZAILEEK SINATUTAKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA BERE DOKUMENTAZIOA OFIZIOZ EGIAZTATZEKO BAIMENA
(K1, K2 eta K3)
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PARTZUERGO BAT OSATZEN DUTEN ERAKUNDEEN ERANTZUNKIDETASUN-HITZARMENAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AZALPEN MEMORIA: ORDAINAGIRIEN ERABILERA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
AZALPEN MEMORIA: ERBESTERATUTAKO LANGILEAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ERROTAZIO FONDOAREN AZALPEN-MEMORIA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
PROPOSAMEN TEKNIKOA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
IX. ERANSKINA
HAUTAKETA-IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)
X. ERANSKINA
ERAKUNDE ESLEIPENDUNAK ETA GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAK SINATU BEHARREKO HITZARMENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala