Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2022ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1951

AGINDUA, 2022ko apirilaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Gaitutako Funtzionarioen Erregistroarena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, zioen azalpenean, nabarmentzen du administrazio publikoek nahitaez izan behar dutela erregistro bat edo sistema baliokide bat, jasota uzteko zer funtzionario dauden gaituta kopia autentikoak egiteko, kopiak behar bezala egin direla bermatuta gera dadin, eta, horiekin batera, zer funtzionario dagoen gaituta interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko. Funtzionarioek egiteko horietako bat bakarra edo biak egin ditzakete.

Hain zuzen ere, 12. artikuluan ezartzen du administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzen lagunduko dietela haiekin elektronikoki harremanak izatera behartuta ez dauden eta hala eskatzen duten interesdunei. Gainera, beharrezko bitarteko elektronikorik ez dutenean, funtzionario publikoek baliozkotasunez egin ahal izango dute administrazio-prozeduran haien identifikazioa edo sinadura elektronikoa, horretarako duten sinadura elektronikoko sistema erabiliz.

Horretarako, administrazio publikoek erregistro bat edo sistema baliokide eguneratu bat izan beharko dute, jasotzeko zer funtzionario dauden gaituta kopia autentikoak egiteko eta, behintzat, zer funtzionariok lan egiten duten erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan. Erregistro horiek elkarreragingarriak izango dira eta administrazio publiko guztiekiko konexioa izango dute.

Beste alde batetik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluak arautzen du administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna eta efikazia. Bertan aurreikusten da kopia autentikoak egin daitezkeela funtzionario gaituen edo administrazio-jarduketa automatizatuen bidez eta, horretarako, erregistro edo sistema baliokide eguneratu bat izan behar dutela, kopia autentikoak egiteko gaituta dauden funtzionarioak agertuko dituena. Horretaz gain, artikulu horretan zehazten da erregistro edo sistema baliokidean agertuko direla, gutxienez, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetako funtzionarioak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, 14. artikuluan, ezartzen du funtzionarioak gaituta egongo direla sinadura elektroniko kalifikatuaren bidez herritarren izapideak egin ahal izateko, herritarrek izapide horietarako ahalmena eman badiete. Halaber, ezarrita dago ezen, administrazio elektronikoaren arloko sailburu eskudunaren agindu baten bidez, gaitutako funtzionarioen erregistroa sortu eta funtzionamendua arautuko dela, barnean hartuta langileak gaitzeko sistema eta gaikuntza horren irismena.

Aldi berean, 21/2012 Dekretuaren 55. artikuluko 2. paragrafoak ezartzen du izapidetze elektronikorako eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzu erkideetako bat dela. 55. artikuluko 4. paragrafoak xedatzen du administrazio elektronikoaren zerbitzu erkideak nahitaez erabili beharko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren organo guztiek eta Administrazio instituzionalaren organismo autonomoek administrazio-prozeduren izapidetzea kudeatzeko erabiltzen duten sare informatikoan, eta, aukeran, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek ere erabili ahal izango dituztela zerbitzu erkide horiek zuzenbide publikoari loturiko prozeduretan.

21/2012 Dekretuan xedatutakoa garatzeko, 2012ko abenduaren 14ko Agindua onartu zen. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa arautu zen eta Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa sortu eta arautu zen.

Legezko eta arauzko esparru horrekin bat etorriz, agindu honen xedea hau da: prozedura jakin batzuetan kopia autentikoak egiteko eta interesdunen identifikazio edo sinadura elektronikorako gaitutako funtzionarioen erregistroa sortu eta arautzea. Prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren sarbide-puntu orokorrean egongo dira eskuragarri (https://www.euskadi.eus/).

Agindu hau 39/2015 Legearen 129. artikuluko erregulazio onaren printzipioen araberakoa da. Alde horretatik, premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioak betetzen ditu arauak.

Gainera, interes orokorraren bidean dago, efizientzia eta gardentasuna areagotu nahi dituelako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren funtzionamenduan. Ez dago gutxiago murrizten duen beste arauzko alternatibarik, ordenamendu juridikoarekiko koherentziari eusten dio eta baliabide publikoak eraginkorrago kudeatzea ahalbidetzen du.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluaren e), f) eta m) atalek ezarritako eskumenak erabilita, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluari loturik, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa sortu eta arautzea.

2. artikulua.– Organo eskudunak.

1.– Herritarrentzako arretaren arloko zuzendaritza eskudunak kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa, eta zuzendaritza horren ardura izango da erregistrorako euskarria izango den plataforma teknologikoa diseinatzea, ezartzea eta teknikoki kudeatzea.

Zuzendaritza horren ardura izango da gaitutako funtzionarioei dagozkien erregistro-idazpenak inskribatu, aldatu eta ezereztea.

2.– Entitate edo sail bakoitzean giza baliabideak kudeatzeaz arduratzen den organoak izango du eskumena bere mendeko unitateetan lan egiten duten funtzionarioak gaitzeko.

3.– Kopia autentikoak egiteko gaikuntza emateko organo eskuduna jatorrizko dokumentuak egiten dituen organo bera izango da, bai eta eskumen-arauetan egiteko hori esleituta daukaten organoak ere.

3. artikulua.– Erregistroan inskribatzea.

1.– Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan hau inskribatu behar da:

a) Zer funtzionario dagoen gaituta Administrazioarekiko harreman elektronikoak izatera behartuta ez dauden interesdunen identifikazio eta sinadura elektronikorako.

b) Zer funtzionario dagoen gaituta interesdunek administrazio-espedienteetan aurkezten dituzten paperezko edozein dokumenturen kopia autentiko elektronikoak egiteko.

c) Zer funtzionario dagoen gaituta bere sailaren edo erakundearen eskumenekoak diren prozedurei buruzko administrazio-espedienteetako dokumentuen kopia autentikoak egiteko.

2.– Gaikuntza hori eman dakieke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan lan egiten duten eta zerbitzu aktiboan dauden karrerako zein bitarteko funtzionarioei –Euskal Autonomia Erkidegoko Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 3. artikuluko a) eta b) ataletan aipatutakoak, alegia–.

3.– Funtzionarioaren gaikuntza erregistroan jaso ostean eta funtzionarioak hala eskatuta, erregistrotik ziurtagiria sortuko da eta honako datu hauek jasoko ditu: funtzionario bakoitzaren identifikazio pertsonal eta administratiboa, gaikuntza hori zer zerbitzu eta prozeduratara iristen den, gaikuntza noiz hasten den eta, hala badagokio, noiz amaitzen den.

4. artikulua.– Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak.

Egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/), erregistro-gaietan laguntzeko bulegoen zerrenda argitaratuko da eta direktorio geografiko etengabe eguneratu bat egongo da bertan, interesdunek identifikatu ahal izateko zer bulego daukaten bizilekutik hurbilen.

5. artikulua.– Identifikazio eta sinadura elektronikoa.

1.– Interesduna identifikatuko da. Ondoren, hala eskatzen duen jarduketa administratibo bakoitzeko esanbidezko baimena eman beharko du gaitutako funtzionarioak elektronikoki identifikatzeko edo elektronikoki sinatzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den baimen-inprimaki normalizatu eta eguneratua erabiliko da (https://euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).

2.– Elektronikoki identifikatzeko edo sinatzeko, gaitutako funtzionarioek horretarako duten sistema erabiliko dute.

3.– Gaitutako funtzionarioak interesdunari emango dio egindako izapidea egiaztatzen duen dokumentazio guztia eta esanbidezko baimen-dokumentuaren kopia beteta eta sinatuta.

6. artikulua.– Gaitutako Funtzionarioen Erregistroaren edukia.

1.– Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan, gaitutako funtzionarioen datu hauek jasoko dira:

a) Nortasun-agiri nazionala edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia.

b) Izen-abizenak.

c) Langilearen erregistro-zenbakia.

d) Zein organo, organismo edo entitatetan lan egiten duen.

e) Zer lanpostu betetzen duen.

f) Helbide elektroniko korporatiboa.

g) Gaitutako Funtzionarioen Erregistroko altaren data.

h) Gaikuntza-mota: identifikazio eta sinadura elektronikoa eta/edo kopia autentikoak egitea.

i) Gaikuntza zein zerbitzu eta prozeduratan erabil daitekeen.

j) Gaikuntza ezerezteko arrazoiak, hala badagokio.

k) Gaitutako Funtzionarioen Erregistroko bajaren data.

l) Indarrean dagoen araudiaren arabera beharrezkoa den beste edozein datu.

7. artikulua.– Gaitutako Funtzionarioen Erregistroaren funtzionamendua.

1.– Gaikuntzak indarrean jarraituko du gaikuntzaren irismeneko zerbitzuak eta prozedurak bertan behera uzten ez diren bitartean, edo funtzionarioak lanpostua uzten edo aldatzen ez duen bitartean. Halaber, gaikuntza emateko eskumena duen organoak edozein unetan indargabetu ahal izango du. Kasu horietan guztietan, Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak inskripzioa ezereztuko du.

2.– Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa kudeatzeko eskumena duen organoak Langileen Erregistroko edo sistema baliokideko datuak kontsultatu ahal izango ditu, baina bakarrik datu hauek egiaztatzeko: gaitutako funtzionarioen administrazio-egoera, destinoa eta erregistro-zenbakia.

3.– Informazio Administratiborako Sisteman (SIA) jasota egon beharko du zer prozedura eta zerbitzutarako eman daitekeen Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan adierazitako gaikuntza, prozedura eta zerbitzu horiez arduratzen den organoak ezarritakoaren arabera.

4.– Estatuko Administrazio Orokorraren Informazio Administratiborako Sistemako zerrendan administrazio-prozedura eta -zerbitzuei esleitutako kodeak erabiliko dira, Administrazio Elektronikoaren eremuan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

8. artikulua.– Zerbitzu eta prozedurak publiko egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren sarbide-puntu orokorrean (https://www.euskadi.eus) argitaratuko dira gaitutako funtzionarioen bidez izapidetu ahal izango diren zerbitzuak eta prozedurak.

9. artikulua.– Administrazio publikoek Gaitutako Funtzionarioen Erregistrora duten sarbide elektronikoa.

Administrazio publikoko organoak, haien organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak erregistroan sartu ahal izango dira gaikuntzei buruzko informazioa eskuratzeko.

10. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Datu pertsonalen tratamendu guztiek beteko dituzte datu pertsonalen babesari buruzko araudian xedatutako eskakizunak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua –EB–, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onetsitako II. eranskinekoak dira (Segurtasun-neurriak).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratuko dira Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Aginduaren 1.2 eta 6. artikuluak (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa arautu zen eta Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa sortu eta arautu zen). Era berean, indargabetuta geratuko da Gaitutako Funtzionarioen Erregistroaren arloan agindu honen aurka doan beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana