Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2022ko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1902

AGINDUA, 2022ko apirilaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Gasteizko Mendi Garaien eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana egiteko eta onartzeko prozedura amaitzen duena.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko otsailaren 12ko Aginduaren bidez, Gasteizko Mendi Garaien eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana egiteko eta onartzeko prozedura hasi zen. Agindu horretan jakinarazi zen, abiarazitako prozeduraren emaitzak ikusita, espazioaren izaerari ondoen egokitzen zaion figura zehaztuko zela, babes-araubideak eragindako espazioak mugatu eta zonifikatuko zirela eta horiek kudeatzeko jarraibideak ezarriko zirela.

Horrela, orduan indarrean zegoen Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 7. artikuluan aurreikusitako prozedura hasi zen (lege hori Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak indargabetu du). Natura Baliabideak Antolatzeko Planaren proposamena egin ondoren, parte hartzeko bilerak egin, eta garai hartan indarrean zegoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako izapide formalak egin ziren. Natura Baliabideak Antolatzeko Planari hasierako onarpena eman zitzaion, eta jendaurrean jarri zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 26ko Aginduan, «Gasteizko Mendien Eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana» izeneko dokumentuari hasierako onarpena eman eta jendaurrean jartzen duenean, ezarritakoa aplikatuz. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 26ko Aginduaren onarpenarekin, uztailaren 18ko 27/2006 Legean, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituenean, ezarritakoa bete zen.

Entzunaldiko eta jendaurreko informazioko izapideetan hainbat ekarpen jaso ziren, eta guztira 62 alegazio. Horren ondorioz, memoria tekniko bat egin zen, eta honako hau ondorioztatu zen bertan: «Ondorioz, eta hori guztia ikusita, ingurumen-balioak kontserbatzeko egokiagoa eta eraginkorragoa da Natura 2000 Sarearen bidez eta dagoeneko badauden tresnen bidez babestea, bai biodibertsitatea eta haren elementuak kontserbatzeko tresnen bidez (espezieak kudeatzeko planak), bai tresna sektorialen bidez (hirigintza, mendiak, nekazaritza), eta eta atzera egitea Naturagune Babestuen beste figura bat gainjartzeko asmoan (dagozkion Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana dituen Parke Natural deklaratzeko asmoan, hain zuzen ere), zeinak oposizio publiko eta sozial handia baitu».

Memoria hori 2014ko uztailetik azarora bitartean zabaldu zen, bi hilabeteko entzunaldi-izapidea egin zen, eta Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeak txostena egin zuen. Horren guztiaren ondoren, bigarren memoria teknikoa egin zen, eta, jasotako alegazioak eta iradokizunak baloratu ondoren, lehenengoaren ondorio bera berretsi zuen: Gasteizko Mendi Garaien inguruneko ingurumen-balio nagusi eta nabarmenenak babestea bermatzen da, batetik, espezieak kudeatzeko planekin eta balio horiek aipatutako araudi sektorialean txertatuta, eta, bestetik, Natura 2000 Sareko Naturagune Babestuaren figuraren bitartez. Horrenbestez, Gasteizko Mendi Garaien eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Planaren izapidetzean atzera egiteko proposamena berretsi da.

Bestalde, 148/2015 Dekretuak, uztailaren 21ekoak, «Gasteizko Mendi Garaiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituenak (ES2110015), «Gasteizko Mendi Garaiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ditu, eta, horrez gain, erantzuna ematen dio apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22. artikuluan ezarritakoari, kontserbaziorako helburuak eta araudiak jasotzen baititu. Halaber, 18/2016 Ebazpena onartu zen, irailaren 7koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, «Gasteizko Mendi Garaiak» Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) kudeatzeko jarraibideak eta neurriak argitaratzea xedatzen duena. Horrela, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatutako Gasteizko Mendi Garaien zatian beharrezkoak diren kontserbazio-helburuak lortzen dira, eta Natur Baliabideak Antolatzeko Plana hasteko aginduan adierazitako helburua betetzen da, hau da, Gasteizko Mendi Garaiei ingurumen-babeseko figura bat ematea Naturagune Babestu kategorian.

Gaur egun, Natura 2000 Sarea funtsezko tresna da Europar Batasunean biodibertsitatea babesteko. Naturagune babestu klasikoek ez bezala, biodibertsitatearen eta haren elementuen kontserbazioan jartzen du arreta, potentzial handiko berme-tresnekin, baina, aldi berean, erabileren erregulazio zorrotza bezain zurrunak ez diren tresnekin.

Eusko Legebiltzarrak, 2021eko martxoaren 18ko osoko bilkuran, legez besteko proposamen bat onartu zuen, Eusko Jaurlaritzari eskatuz azter zezala, inplikatutako udal eta kontzejuekin lankidetzan, «Gasteizko Mendi Garaiak» (ES2110015) KBEa handitzeko aukera, eta, beharrezko akordioa lortu ondoren, itxi zedila Gasteizko Mendi Garaien eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana egiteko eta onartzeko egungo espedientea. Ildo beretik, Arabako Batzar Nagusiek 27/2021 Mozioa onartu zuten, martxoaren 24koa, «Gasteizko Mendi Garaiak» (ES2110015) KBEa handitzeko aukerari buruzkoa.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko apirilaren 12ko Aginduaren bidez erabaki da hasiera ematea uztailaren 21eko 148/2015 Dekretua, «Gasteizko Mendi Garaiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzekoa (ES2110015), aldatzeko prozedurari.

Horrenbestez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 7., 17. eta 18. artikuluekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak ematen dizkidaten eskumenekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko otsailaren 12ko Aginduaren bidez hasitako Gasteizko Mendien eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana egiteko eta onartzeko prozedura amaitzea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala