Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2022ko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1896

603/2022 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez, deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan Eguneko Ospitaleko eta Onkologia Kontsultako Erizaintza Unitateko Gainbegirale lanpostu bat izendapen askez betetzeko.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Eguneko Ospitaleko eta Onkologia Kontsultako Erizaintza Unitateko gainbegirale lanpostu bat hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

b) B1 lanbide-taldeari (Osasun diplomadunak) dagokion titulua izatea.

c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia B1 lanbide-taldean.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

– Kudeaketa-memoria bat egitea.

– Esperientzia ospitalizazio medikoan edo kirurgikoan dagoen pazientearen zainketan.

– Esperientzia edota prestakuntza segurtasun klinikoan.

– Esperientzia edota prestakuntza erizaintza-unitateen kudeaketan.

– Esperientzia edota prestakuntza taldeen antolaketan eta kudeaketan.

– Ofimatikako eta lanpostuarekin zerikusia duten aplikazio informatiko korporatiboetako ezagutzak.

Lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.

3.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzan (Gurutzetako plaza 12, 48903 Barakaldo) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Gurutzetako plaza 12, 48903 Barakaldo), datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaerekin batera.

Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta agertzen diren alderdiak, nahiz eta hori izangaiaren eskabidean jaso beharko den.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabide baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Batzordearen bilera bakoitzaren akta egingo da. Bertan, honako hauek jasoko dira: aurkeztutako izangaiak, egindako eginbide osagarriak (halakorik balego), eta horietako bati lanpostua esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Inola ere ezingo dira merezimendutzat hartu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean aurkezten ez direnak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta Osakidetzako intraneten eta webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Barakaldo, 2022ko martxoaren 25a.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentea,

MARÍA LUZ MARQUÉS GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala