Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2022ko apirilaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1684

AGINDUA, 2022ko martxoaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Abuelo Actual – Gaurko Nagusia Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko abenduaren 23an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Abuelo Actual – Gaurko Nagusia Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko, fundazioaren xedeak berritzeko eta fundazioaren onuradunak zehazteko egin zen. Gainera, patronatuaren osaerari, patronatua osatzen duten kideen karguaren iraupenari, nahitaezko maiztasunari eta gobernu-organo horren bilerak egiteko moduari buruzko artikuluak aldatzen dira.

Fundazioaren helburuak aldatu gabe jasotzen dira estatutuen 3. artikuluan, eta, aldaketaren ondoren, honela idatzita geratzen dira:

1.– Honako hauek dira fundazioaren interes orokorreko helburuak:

Adinekoek gizarteari egiten dizkioten ekarpenak aitortzea eta sustatzea. Mendetasun-egoeran dauden edo mugitzeko zailtasunak dituzten eta gaitasun fisikoak mugatuak dituzten adinekoen eta edozein adinetako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta autonomia pertsonala erraztea.

2.– Hori lortzeko, fundazioak honako jarduera hauek egin ahal izango ditu:

Adinekoen parte-hartze soziala sustatzeko programak eta ekimenak.

Muga fisikoak edo mugikortasun-mugak dituzten edozein adinetako pertsonen gizarte-ekintza sustatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko programak eta ekimenak, hala nola «Laguntza Teknikoen Banku» baten kudeaketa.

Hala ere, fundazioak egoki deritzon moduan garatu ahal izango ditu bere helburuak, beste entitate edo erakunde batzuetan parte hartzea barne, eta muga bakarrak fundazio-gutunetik, estatutu hauetatik eta legeetatik eratorritakoak izango dira.

Era berean, aldaketetan, berariaz aurreikusten da patronatuaren bilera telematikoak egitea bideokonferentzia bidez edo beste komunikabide batzuen bidez, patronatuko kideen gehieneko kopurua handitzen da (9tik 12ra), izendapenak mugagabe bilakatzen dira, eta urtean bitan biltzeko derrigortasunaren ordez urtean behin biltzekoa ezartzen da (dagokion urteko ekitaldiko kontuak eta hurrengoaren jarduera-plana onartzeko). Halaber, onuradunei buruzko 5. artikulua aldatzen da.

Aldaketa horiek patronatuak 2021eko urriaren 21ean hartutako erabakiaren bidez adostu ziren, eta eskritura publiko bihurtu ziren, Bilbon 2021eko abenduaren 23an Manuel Garcés Pérez notario jaunaren aurrean egiletsitako eskrituran (protokolo-zenbakia: 4.208). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Fundazioen Erregistroak fundazioari eskatu zion zuzen zitzala atzemandako akatsak, xedeen eguneraketa inskribatze aldera fundazioari izen berri bat jartzeko beharraren ondoriozkoak. Izan ere, jatorrizko izenak nahasmena edo errakuntza eragin zezakeen fundazioaren izaerari edo jarduerari dagokionez.

Hala, 2022ko martxoaren 8an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen eskritura publikoa, 2022ko martxoaren 8koa, Bilbon Manuel Garcés Pérez notarioaren aurrean egiletsia (protokolo-zenbakia: 720). Eskritura horren bidez, publiko egin zen fundazioaren patronatuak 2022ko otsailaren 2an hartutako erabakia, fundazioaren izena aldatzeari buruzkoa, egindako errekerimendua betetzeko. Hemendik aurrera, fundazioak izen hau izango du: Bultzatu Fundazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak, 2022ko martxoaren 22an, fundazioaren helburuen estatutu-aldaketari buruzko txostena eman du, eta aldaketa onartu du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan aurreikusitako baldintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitakoak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Fundación Abuelo Actual – Gaurko Nagusia Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, Bilbon Manuel Garcés Pérez notario jaunaren aurrean 2021eko abenduaren 23an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 4.208).

Bigarren artikulua.– Fundación Abuelo Actual – Gaurko Nagusia Fundazioa izeneko fundazioaren izenaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, Bilbon Manuel Garcés Pérez notario jaunaren aurrean 2022ko martxoaren 8an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 720).

Hemendik aurrera, fundazioak izen hau izango du: Bultzatu Fundazioa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 30a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala