Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2022ko apirilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1633

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 24koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta iragartzen baitira «Lortu» 2022 laguntza-programa arautzen duten oinarriak.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria-arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta ezagutzaren gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu Euskadiko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak.

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapenarekin amaitzea eta pertsonen osasuna bermatzea izan, krisia eragina izaten ari da gure ekonomiaren produkzio-sektoreetan eta gure industrian, hain zuzen, euskal gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturrian, barne produktu gordinaren ia % 25 eta enpleguaren % 19 hartzen baitu.

Enpresen lehentasuna ere langileen osasuna da, eta, besteak beste, jarduerarik gabeko aldiak, salmenten edo eskaeren bolumenaren murrizketa edo etenak jasaten ari dira hornidura-katean. Horrek likidezia-arazoak eragin ditzake orain eta datozen hilabeteetan, eta haien funtzionamendu normala eta, kasu batzuetan, bideragarritasuna arriskuan ere jar dezake. Hori guztia ezohiko testuinguru globalean.

Enpresa horietako asko egoera horri aurre egiten ari dira doikuntza-neurriak abian jarrita, merkatuaren errealitate berrira egokitzeko ahaleginean, COVID-19aren hedapenaren ondoriozko krisi globalaren ondorioek eraginda, kostu operatiboak murriztuz eta ekoizpen-ahalmena antolatuz edo murriztuz.

Egoera horren ondorioz, erakunde publiko zein pribatuek hainbat laguntza-neurri jarri dituzte enpresen esku, eta neurri horiek enpresa-jarduerari jarraipena ematen lagundu dute. Hala ere, neurri guztiak positiboak izan diren arren, enpresa askoren zorpetze-ratioak nabarmen igo dira.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da helburu nagusi batekin: industria-produktuari eta -prozesuari lotutako industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babestea, haien jarduerari jarraipena emateko eta etorkizuna ziurtatzeko, haien zati operatiboa eta bereziki finantza-zatia antolatuz.

Gorago adierazitakoaren arabera,

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Onestea «Lortu» 2022 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, zeintzuen edukia atxikita baitago erabaki honen eranskinean.

Bigarrena.– Argitaratzea oso-osorik «Lortu» 2022 programaren oinarri arautzaileak onesten dituen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Batzordean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko martxoaren 24a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
LORTU 2022ko LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

«Lortu» programa bat dator COVID-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoen aurka borrokatzeko prozesu honetan jarduteko politikekin. Enpresa askoren jarraipena lotuta dago berregituraketa-prozesuak negoziatzeari, eta bizirik iraun duten enpresa askok euren aktiboa berregituratzeko eta zorra erabat birfinantzatzeko duten gaitasunari esker iraun dute. Berregituraketa bat ez da soilik zorra birfinantzatzea: kasu gehienetan, birfinantzaketak aktiboak eta/edo zati operatiboa berregituratzeko ere eskatzen du.

Aldea dago ikuspuntu operatibotik eta finantza-ikuspuntutik jorratu beharreko kontuen artean. Lehenengoek prezio eta kostuei, kobrantza eta ordainketei, gastuei, inbentarioari, eta abarri buruzko erabakiei leku handiagoa ematen diete, eta bigarrenek, berriz, gai operatibo horiek finantzatzeko moduari buruzko erabakiak behar dituzte, kapital-egitura, zorraren egitura, bien kostua eta horiek nola edo noiz eskuratu behar diren aztertuz.

Laguntza horren bidez, kontu horietan eragina duen alderdi bakoitzaren aurretiko diagnostikoa egin nahi da, bi aldeen arteko lan partekatuaren bidez. Zeregin horretan, aditu independenteak enpresaren egungo egoera ezagutu ahal izango du, eta, horrela, lagundu ahal izango dio plan bat egiten eta alde guztiek beharrezkotzat jotzen dituzten erabakiak eta neurriak hartzen.

Egungo egoeraren ondorioz, berregituraketa operatiboak egiten dituzten enpresa askok likidezia-arazo bat hautematen dute, eta arazo hori sortu daiteke galera-irabazien kontuan islatzen diren eragiketa-politiken ondorioz, enpresaren maniobra-funtsaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten alderdi operatiboen ondorioz, aktibo finkoetan inbertitzeko politika ez-efiziente baten ondorioz eta/edo kapital- eta zor-egitura egokirik ez izatearen ondorioz.

Behin enpresaren aldi baterako berregituraketa eta birfinantzaketa behar duen likidezia-arazoa identifikatuta, finantza-plan bat egin behar da, epe labur, ertain eta luzekoa, non jasoko baitira likidezia operatiboa hobetzeko ezarriko diren neurri operatiboak eta enpresa bideragarri egiteko behar diren baliabideak.

Horrek guztiak analisi bat eta plan bat egiteko eskatzen du, enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten neurri identifikatuak aurrera eraman ahal izateko.

Ohiko birfinantzaketan, enpresak aldebiko negoziazioari egin behar dio aurre finantza-erakundeekin, hainbat aukera egon daitezkeen testuinguru batean. Hala ere, baliteke berregituratze horrek eragile gehiago inplikatzea, hala nola finantza- eta merkataritza-hartzekodunak, akziodunak, langileak, bezeroak eta Ogasun Publikoa eta Administrazioak. Bideragarritasun- eta/edo berregituratze-planak oreka bilatu behar du enpresaren bideragarritasunaren eta eragileen sakrifizioen artean.

Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta. Bestalde, COVID-19aren eragina dela eta, garrantzi berezia du enpresei laguntza profesional aditua emateak susperraldiari ekiteko.

Horregatik guztiagatik, laguntza honen bidez, kanpoko profesionalek emandako zerbitzuak kalitatezkoak izatea lortu nahi da, birfinantzaketa-proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela ziurtatuz, eta lankidetza hori gailenduko dela dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte eta, azkenik, hartzekodunekin birfinantzatzen den arte. Proiektu osoarekin lortutako arrakasta ulertuko da bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, laguntza hori zenbait jarduketa betetzearen baldintzapean egongo da.

Amaitzeko, adierazi behar da programa jasota dagoela 2022ko ekitaldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da industria-produktu eta industria-prozesuekin lotutako zerbitzuen industria-enpresei zuzendutako kanpoko laguntza profesionala arautzea, elkarrekin birfinantzaketa-proiektu bat egin ahal izateko, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraipena eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan.

Erabaki horiek neurri operatiboak eta finantzarioak dakartzate, eta ekintza-plan batean jaso behar dira. Ondoren, laguntza eta aholkularitza emateko esparruaren barruan gauzatu beharko dira. Horri guztiari esker, finantza-zorrak berriro negoziatu ahal izango dira, epe labur, ertain eta luzera finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

– 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago dirulaguntzen programa hau.

– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren ondoz ondoko konkurrentzia-prozedurari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoa bete behar dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura 2022an 500.000 euro bideratuko dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Espedientea osatua dagoenean, era ordenatuan egingo da dirulaguntzen esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programa amaituko da, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen webgunean (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat badute.

Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda badaude.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Herri-administrazioek edo horietakoren baten sektore publikoaren parte direnek.

b) Dirulaguntzen 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zehapen penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen badituzte.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat dutela.

– Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketatzat hartuko dira onuradunek egindako birfinantzaketa-proiektuak ekitera eta horiek gauzatzera bideratutakoak, honako hauek ahalbidetzen badituzte hurrenez hurren:

a) Onuradunaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egitea.

b) Ekintza-plan bat egitea, abiapuntuko egoeraren diagnostikoan oinarrituta, onuradunaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren ekintzak gauzatu ahal izateko.

c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzea, eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzea prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin.

2.– Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira kanpoko enpresek egindako aholkularitza-gastuak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egiteko gastuak, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik;

b) Ekintza-plan bat egiteko gastuak, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne; eta

c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzearen gastuak, pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza emanez.

7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduketarekin, eta ezingo dituzte gainditu 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.

2.– Laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortu edo fakturatu beharko dira. Epe hori 9 hilabetekoa izango da. Halaber, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira.

3.– Kanpoko enpresa adituek egin beharko dituzte.

4.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

5.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

6.– Aditu independentearen eskaintzak proiektuan proposatutako lanorduen kopurua eta aholkularitza espezializatu eraginkorraren ordu bakoitzeko prezioa adierazi beharko ditu, eta jarraian jasotako jarduketak zehaztu beharko ditu:

i) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egitea, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik.

ii) Ekintza-plan bat egitea, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne.

iii) Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea.

iv) Finantza-pasiboa berriz negoziatzeko prozesuan laguntzea eta aholkularitza ematea.

7.– Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua edo aholkularitza espezializatuaren orduko prezioa handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionaltzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

8.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak.

9.– Dirulaguntzaren xede diren lanak erabat azpikontratatu ahal izango zaizkie enpresa adituei, egokitzat jotzen denean, eta, kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo baldin eta gastua ez bada egin dirulaguntzaren aurretik.

10.– DLOaren 29. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ulertuko da onuradun batek azpikontratatu duela hirugarrenekin dirulaguntzaren xedea den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak bere kabuz diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar ordaindu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira DLOaren 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

11.– Kanpoko enpresa adituek ezingo dute laguntzaren eskatzailearekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik izan, ezta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere. Erakunde eskatzaileak ere baldintza bera bete beharko du kanpoko enpresa adituari dagokionez.

12.– Kanpoko enpresek eta proposatutako taldeak esperientzia egiaztatua izan beharko dute proiektuaren esparruan, eta eskaintzan honako datu hauek jaso beharko dira:

– Proiektua gauzatzeko osatutako taldean parte hartzen duten pertsonen izena, prestakuntza eta esperientzia osoa.

– Esperientzia antzeko eragiketatan.

– Lankidetzan aritu diren izaera bereko eragiketen kopurua.

– Eragiketa motak.

– Eragiketa horiek zein sektoretan kokatzen diren.

– Parte hartu duen 3 eragiketa nagusien deskribapen laburra.

– Mota horretako eragiketetan birfinantzatutako zorraren bolumena.

– Eragiketa horietan lortutako emaitzak/lorpenak.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira, onetsitako gastu hautagarrien ehuneko hauetan:

Gastu hautagarrien % 80ko dirulaguntza, gehienez 30.000 euro enpresa bakoitzeko.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuz. Baldin eta enpresa onuradunak errepideko garraio-sektorean besteren konturako garraio-operazioak egiten baditu, gehieneko hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emanda hartuko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko onartu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZn (ekonomia-jardueraren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

11. artikulua.– Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntzaren eskaera hurrengo dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

1.– Administrazio-dokumentazioa.

a) Erakundeko legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Eskaerarekin batera doan ereduaren araberako adierazpena, erakundeko legezko ordezkariak egindakoa, honako inguruabar hauek azaltzeko:

– Erakundeko legezko ordezkariaren izen-deiturak eta nortasun agiri nazionala (NAN) edo atzerriko identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia ala kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.

– Gutxienez erakunde eskatzailearen ekonomia-jarduerarako zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gainekoak eta/edo bere erakunde laguntzaileenak eguneratuta izatea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu bererako erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaera-data edo, bidezkoa bada, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 31.3 artikuluan aurrez ikusitakoa aplikatuta, adieraziko da kontratu txikietarako kontratazio publikoaren arloan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak indarreko araudian xedatutako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu dizkiela beste hainbat hornitzaileei obra, zerbitzu edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen; dena den, salbuespenak izango dira ezaugarri bereziengatik merkatuan egiteko, emateko edo hornitzeko erakunde nahikoak ez egotea edo gastua dirulaguntzaren aurretik egitea.

– Oinarri hauetako 4. artikuluan xedatutako baldintzak betetzea eta bereziki honako hauek:

• Enpresa eskatzaileak zehapenik ez izatea arlo penal edo administratiboan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko; horrez gain, horretarako gaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-diskriminazioarengatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak zehaztutakoarekin bat etorriz.

• Enpresa eskatzailea oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean murgilduta ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzen esparruan.

• Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa eguneratuta izatea.

• Batzordearen aurretiazko erabakiaren babesean, berreskuratze-agindurik betetzeke ez izatea, barne-merkatuarekin laguntza bateraezin edo legez kanpoko aitortu ondoren, eta krisian ez egotea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

• Enpresak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutako debekurik ez izatea.

• Armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ez jardutea, Herrialde Pobretuekin Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legearen arabera.

• Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziara itzultzeko konpromisoa, itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatuz gero.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa bada, dagokion foru-aldundiko edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiria, eguneratuta, ekonomia-jarduera egiaztatzen duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Finantza-erakundeko ziurtagiriaren kopia, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu-korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena.

2.– Dokumentazio teknikoa.

a) Aditu independentearen aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua eskatu behar izanaren justifikazio-memoria. Memoria horretan eskaeraren datan ondorengo puntu hauek landu beharko dira:

1) Enpresaren jarduera eta egungo egoera.

2) COVID-19aren ondoriozko arazoak enpresaren arlo desberdinetan (horren jarduera ekonomikoan eragina).

3) Egiteko antzemandako edo gauzatutako balizko ekintzak osasun-krisiak sortutako egoerari aurre egiteko (bai alderdi operatiboan, bai finantza-alderdian).

4) Finantza-posizio garbiaren egoera.

5) Finantza-hartzekodunen zerrenda eta bakoitzaren zor-posizioa.

6) Aditu independenteari laguntza eskatzeko beharra eta arrazoiak.

7) Dirulaguntza honen xede den zerbitzuarekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.

b) 7.6 artikuluan deskribatutako irizpideen arabera aditu independenteak egin ostean, eskaintzaren aurrekontua. Aurrekontu horri erantsiko zaizkio deskribapen-dokumentazioa eta talde aholkulariaren esperientzia ziurtatzen duena, aintzat hartuta 7.12.

c) artikuluko irizpideak. Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, Negozio Plana aurkeztu beharko du.

d) Enpresa onuradunak 13. artikuluko puntu gehigarria eskatuz gero, honako dokumenturen bat erantsi beharko du:

– Bikain Hizkuntza Kudeaketan Kalitateko Ziurtagiriaren kopia, enpresan euskara erabili, agertu eta kudeatzen dela ziurtatzeko.

– Berdintasun-planaren kopia, 50 pertsona edo hortik behera aritzen diren enpresen kasuan bakarrik, handiagoetan legeak behartzen baitu.

3.– SPRI eta enpresa onuradunak helbide elektronikoz egindako jakinarazpen guztiak baliozkotuko dituzte, mezuak laguntzaren eskaeran enpresak harremanetarako emandako pertsonaren helbide elektronikora eginak badaude. Harremanetarako helbide elektroniko gisa onartuko da bakarrik programarako onuradun gisa azaltzen den enpresari dagokiona.

4.– Eskatzaileek programa honen ondorioz SPRIrekin izandako harremanetan beren hizkuntza berean (euskaraz edo gaztelaniaz) arreta jasotzeko eskubidea bermatuta izango dute, bai eta hori erabiltzeko ere, ahoz nahiz idatziz.

12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2022ko urriaren 27an amaituko da. Era berean, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2022ko urriaren 27ko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua) bukatuko da.

Laguntza-eskaera, aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioarekin batera, diruz lagun daitekeen jarduketa hasi baino lehen aurkeztuko da. Halaber, izapidetzeko laguntza-eskaerak onetsiko dira, baldin eta proiektuak 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi badira.

13. artikulua.– Ebaluatu eta ebazteko prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak espedientea osorik dagoenean ebaluatu eta ebatziko dira.

2.– Proiektuak ondorengo irizpide eta puntu hauei jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Programa aintzat hartuta, proiektuaren egokitasuna (5 puntu).

b) Enpresan birfinantzatzeko proiektuaren garrantzia (5 puntu).

c) Proiektua gauzatzeko aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna (5 puntu).

d) Finantza-aditu aholkulariaren egokitasuna (5 puntu).

e) COVID-19aren eragina enpresaren finantza-arazoetan (5 puntu).

f) Birfinantzatzeko proiektua justifikatze aldera, enpresaren ibilbide egiaztatua (5 puntu).

g) Proiektuek puntu gehigarri bakarra (1 puntu) lortu ahalko dute, enpresak hurrengo baldintzaren bat betetzen badu:

– Bikain Hizkuntza Kudeaketan Kalitateko Ziurtagiria izatea, enpresan euskara erabili, agertu eta kudeatzen dela ziurtatzeko.

– Berdintasun-plana izatea, 50 pertsona edo hortik behera aritzen diren enpresen kasuan bakarrik, handiagoetan legeak behartzen baitu.

Laguntza-eskaerek a) irizpidean (proiektua programari egokitzea) gutxienez 3 puntu lortzen ez badituzte, ezetsiko dira. Era berean, laguntza-eskaerak ebaluazioan 15 puntura iristen ez badira, ezetsiko dira.

3.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du zuzeneko esleipen-araubidean, beraz, aurkezpen-hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Horien aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako epe eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Gehienez 6 hilabete daude ebazteko, dokumentazio guztia aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazten ez bada, ebazpena ezetsitzat joko da.

5.– Erakunde eskatzaileei ebazpenak jakinarazten zaizkienean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta diruz lagunduko jarduketa egiteko epeak adieraziko dira. Halaber, beste baldintzaren bat ere azalduko da, jarduketa garatzeko beharrezkoa bada.

6.– Ebazpena eman eta bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari ematen denetik gehienez ere 10 egun baliodunen epean.

7.– Emandako laguntzak aditzera emateko, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako jarduketak amaitutakoan, erakunde onuradunek proiektua gauzatu dutela justifikatu beharko dute, eta, horretarako, SPRIren webguneko likidazio-inprimakiak erabili beharko dituzte.

2.– Likidazio-eskaerak sinadura elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatuko ditu. Aurkezpen-datatzat joko da SPRIren sistemetan sinadura elektronikoa agertzen den hori.

3.– Eskaerak berariazko baimena ematen dio SPRI erakundeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gainekoak betetzen direla ziurta dezan eskatzeko, baita EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko ere.

4.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta legezko ordezkaria identifikatzeko datuak izango ditu.

5.– Likidazio-eskaera gehienez 2 hilabeteren buruan aurkeztuko da proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako dokumentazio berezi hau erantsiko zaio:

a) Gauzatutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu hautagarrien fakturak kostuen arabera banatuta.

b) Proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuak finantza-erakundeak ordaindu izanaren banku-frogagiriak.

c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena, lehen azaldutakoarekiko aldatzen bada.

d) Egindako lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa, erakunde hornitzaileak egina proiektua gauzatu ondoren. Hurrengo informazio hau emango du:

– Onuradunaren abiapuntuari buruzko diagnostikoa, bai operazioaren ikuspuntutik, bai eta finantza-ikuspegitik ere. Ezinbestekoa da diagnostikoa zenbait ikuspegitatik egitea, hala nola finantza-egoera (aztertuko dira finantza-egoerak, funtsen jatorria eta aplikazioa, inbertsio-politikak, zorraren kalitatea eta diru-sarreren eredua), produktuak eta zerbitzuak (bezeroen zorroa, merkatuaren segmentazioa, prezioak eta bilakaera, lehia, osagai teknologikoa, urtaroko izatea, etab.), barne-prozesuak (ekoizpena, logistika, erosketak, hornitzaileen katea, etab.) eta antolaketa nahiz giza baliabideak (enpresaren egiturari buruzko alderdiak, arloen artean giza baliabideen eta bitarteko teknikoen banaketa, etab.).

– Ekintza-plana, besteak beste, hurrengo deskribapen hauekin: proiektuko ekintzak eta gauzatzean izandako hobekuntzak, bai eta abiapuntuko diagnostikoa oinarritzat hartuta, etorkizunean ezartzear gelditu diren neurriak ere.

– Zorraren birfinantzaketa: dagoeneko hasitako ekintzak eta hasteke daudenak.

– Aurreko bi puntuetan jasotako jarduketen behin betiko egikaritze-kronograma.

– Finantza-aholkulariak egindako laguntza-ekintzak pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko, baita emandako laguntza planean aurrez ikusitako neurriak egikaritzeko ere.

6.– SPRIko Industria Garapenerako Arloak edozein unetan onuradunari jarraipen-bilerak eska diezazkioke proiektua egikaritzen ari den bitartean.

7.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta horren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren aurrean, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako epe eta moduan.

15. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaera ez badaude oso-osorik osatuta edo eskatutako dokumentazioarekin ez badatoz, SPRIk erakundeko legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun baliodunen epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan.

2.– Epe horren barruan erakunde onuradunak zuzenketarik egiten ez badu, SPRIk espedientea ezezta dezake, eta inguruabarra erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– SPRIk dirulaguntzak bi ordainketen bidez formalizatu eta emango ditu. Lehenengo zenbatekoa laguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da. Dirulaguntzaren % 50 izango da, eta aplikagarria zaion bermeen araubidea kontuan hartuko da.

Bigarrenean beste % 50 ordainduko da. Horretarako, 14. artikuluko likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztuko dira.

2.– Gastu hautagarria laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzioz egokituko da, 7. artikuluan xedatutako irizpideari jarraikiz.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzulketa-ebazpen bidez zordun bada.

17. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunei oinarri hauen babesean dirulaguntzak ematen bazaizkie, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen) 50.2 artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako laguntza onestea. Alde horretatik, dirulaguntza ematen duen jakinarazpena hartzen den egunetik zenbatzen hasita, hamabost egun naturalen buruan erakunde onuradunak SPRIren aurrean berariaz uko egiten ez badio, onartutzat joko da.

b) Emandako laguntza xedea garatzera bideratzea.

c) SPRIk egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatzeko aukera onestea, bai eta SPRIk izendatutako langileek edozein instalaziotan egokitzat eta bidezkotzat jotzen dituzten egiaztapenak eta kontrolak egin ahal izatea ere, emandako laguntzaren xede den proiektua egin dela eta eskatutako baldintzak bete direla ziurtatzeko.

d) Gastu hautagarriak egiten diren unetik zenbatzen hasita, bost urtez faktura osoak gordetzea eta SPRIren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ala bestelako kontrol-organo eskudunei, bai naziokoei, bai erkidegokoei, laguntzen helmuga fiskalizatzeko funtzioetan eskatzen duten informazioa helaraztea.

f) SPRIri berehala jakinaraztea dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak ala baliabideak eskatu edo lortu direla beste administrazio ala erakunde publiko edo pribatu batetik, baldin eta hemen araututakoen xede berdina edo antzekoa badute.

g) SPRIri jakinaraztea edozein inguruabar aldatu dela, laguntza emateko kontuan hartu bada.

h) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari publikotasun egokia ematea.

i) Diruz lagundutako proiektuan egiten diren dokumentu eta euskarrietan hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko ala pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortu badira, bai eta helburu berarekin beste diru-sarrera edo baliabide batzuk badaude ere, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan xedatutako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Era berean, erakunde eskatzaileak eskatu eta justifikatu ondoren, programa kudeatzen duen arduradunak jarduketak egiteko orduan luzapena eman dezake, baldin eta proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 6 hilabetetik gorakoa ez bada.

3.– Jarduketak halabeharrez laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurrez ikusitakoak izango dira. Dena den, SPRIk aldaketak baimen ditzake, betiere erakunde onuradunak amaitu baino lehen aldez aurretik justifikatu baditu eta jarduketen izaera nahiz hasieran programarekin lortu nahi ziren helburuak ez badira hutsaltzen.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan, gainerako arau aplikagarrietan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutako baldintzaren bat ez badute betetzen, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte jasotako laguntzen zenbatekoa gehi berandutze-tasak. Nolanahi ere, beharrezkoa bada, legezko ekintzetara joko da itzultzea lortzeko. Era berean, eragotzi ahal izango zaio enpresa aholkulariari programa honen barruko proiektu berriak egitea, hutsen bat egiaztatuz gero.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurrez ikusitakoetarako ez-betetzeak ondorengo hauek dira:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaerak eta dokumentazio osagarriak aurrez ikusitako jarduketak aldatzea. SPRIri gauzatzeko orduan edozein aldaketa jakinarazten ez bazaio, betiere laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen baditu, ez-betetze bat izango da. Aldaketak baimen daitezke, baldin eta erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta justifikatu badizkio, ahal bada proiektuan aplikatu baino lehen. Horrez gain, horiek ez dituzte hutsalduko jarduketen izaera eta programarekin lortu nahi diren helburuak.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan ala laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Proiektua oso-osorik ez garatzea.

d) Diruz lagundutako proiektua egiteko epeak gainditzea, betiere aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badago.

e) Laguntza programa honetan xedatutako baldintzak eta eskakizunak izan gabe edo laguntza emateko xedatutakoak bete gabe lortzea.

f) Programan edo laguntza ematean aurrez ikusten den edozein kontrol-neurri ukatu edo oztopatzea.

g) Beste edozein desbiderapen proiektutik edo laguntza emateko ebazpenak eskatzen duen edozein eskakizun ez betetzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 37. artikuluan aurrez ikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emateko ebazpenean xedatutako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeari buruzko espedientea izapidetu ondoren, laguntzak indargabetu eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituenak, II. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz, dagozkion zehapenak eta legezko ekintzak gorabehera. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak hasi eta ebatziko ditu indargabetze-espedienteak eta, bidezkoa bada, laguntzak zati batean edo oso-osorik itzultzeko espedienteak.

5.– Halaber, laguntzak programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duenean, zati hori itzuli beharko da kobratu ondoren, laguntzak metatzeagatik gehiegiz finantzatuta dagoenean (9. artikulua). Ustezko honetan itzuli behar den zenbatekoa egitatea aitortu eta itzultzea erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honetarako hurrengo araudi hau da aplikagarria:

1.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra eta garatzen duen Erregelamendua (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) dirulaguntzen arloan oinarrizko legedia denean.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzkoa.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituena.

4.– 1407/2013 EB Erregelamendua, abenduaren 18an Batzordeak emana, Europako Batasuneko Funtzionamenduaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko denak (2013 L 352/1 EBAO).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

2016/679 (EB) Erregelamenduak, Datuak Babesteko Orokorrak (aurrerantzean, DBEO), eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarriak xedatutakoaren babesean, jakinarazten da eskuratutako datuak tratatuko direla laguntza-espedientea kudeatze aldera. Izan ere, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzean egindako estatutuetan ezarri ziren helburuak betetzeko funtzio publikoa.

Informazioa enpresa laguntzaileei, arloan eskumena duen herri-administrazioari eta SPRI Taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) helarazi ahal izango zaie.

Interesdun guztiek SPRIren aurrean datuak babesteko araudiko eskubideak erabiltzeko gaitasuna dute idazkia honako helbide elektronikora bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, erakundean datuak babesteko ordezkariarekin jar daitezke harremanetan hurrengo helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, webguneko Pribatutasun Politika atalera (www.spri.eus/privacidad) jo daiteke.

Datuen zaintza eskatzea behar izanez gero, kontrol-agintaritza Datuak Babesteko Euskadiko Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.

Oinarri hauei dagokienez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak administratiboak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazio-auzien eremukoa da.


Azterketa dokumentala