Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2022ko apirilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1610

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 11koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2022ko deialdia egiten baita.

Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dira (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zenbakia).

Dekretu horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2022ko deialdia egin behar da. Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2022ko urtarrilaren 25ean egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10. artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, erabaki du eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatu dio deialdi-ebazpen hau onartzea, bai eta hura emateko oinarrizko irizpideak ere.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zenbakia.) araututako laguntzen 2022ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak arautzen dira, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako diru-zuzkidura 4.000.000 eurokoa da –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–.

2.– Esku-hartze bakoitzeko, gehienez ere, 200.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke.

3.– Afrikan egitekoak diren ekintza humanitarioko proiektuen ekimenei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, gutxienez 1.600.000 euro gordeko dira Afrikan egitekoak diren proiektuak finantzatzeko –baldin eta laguntzak arautzen dituen araudiak exijitutako betekizunak betetzen badituzte–.

4.– Ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez ekintza humanitarioko proiektuetara zuzendutako funtsak agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen bat argitaratuta.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– 2022ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntza-eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, dirulaguntza-modalitate horretan esleitutako diru-zuzkidura agortzen bada, eskabideak aurkezteko epea amaitu egingo da, EHAAn horren berri ematen den egunean.

2.– Erakunde bakoitzari, banaka edo taldeka, gehienez 2 eskabide eman ahal izango zaizkio.

3.– Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

4.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzak eta dirulaguntzak atalera, zehazki.

5.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

6.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/).

7.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

8.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera.

10.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

4. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eredu normalizatuan dagoen eskaera-orria (I. eranskinari jarraituz) osorik bete behar da, telematikoki. Eskaera-orri horretan entitate eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta proposatutako proiektua bilduko dira, bai eta bertan azaltzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (II. eranskinean zehazten da).

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Ekintza humanitarioaren esparruan gutxienez bi urte jarraiko esperientzia izatearen egiaztagiria, baldin eta entitatearen estatutuetan ez bada berariaz adierazten ekintza humanitarioko proiektuak egitea dela bere helburuetako bat. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, egiaztagiria ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean.

Hala ere, estatutuetan helburu hori jasota ez badago, gutxienez bi urte jarraiko esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesduna ez den beste entitate pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan esperientzia jarraitu hori espresuki adierazita egon behar du–.

b) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-ziurtagiria, eskaera aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagokoa.

Tokiko bazkidearen izaera juridikoaren ondorioz ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago herrialdeko egoeren ziozkoa dena, erregistroan inskribatuta egoteko baldintza egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) Ez da beharrezkoa izango entitate eskatzaileak inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan aurkeztea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badio eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.

3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Ekintza humanitarioko proiektuak baloratzeko, entitate eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

a) Proposamen teknikoa, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

b) Dirulaguntzaren aurrekontu banakatua, IV. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera egina eta V. eranskin gisa argitaratutako jarraibideetan aurreikusitakoaren arabera beteta.

c) Esku-hartzearen bideragarritasuna baloratzeko: aurreikusitako obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, planoak, administrazio-lizentziak eta prestakuntza-planak, edukiak eta metodologiak barne.

d) Entitate eskatzaile(ar)en Plan Estrategikoa eta ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa.

e) Entitate eskatzaile(ar)en berdintasun-plana.

f) Tokiko bazkide(ar)en Plan Estrategikoa eta ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa.

g) Tokiko bazkide(ar)en genero-politika.

5.– Artikulu honetako 2.b), 3.d), e), f) eta g) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, Agentziak dokumentazio hori eskuratu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, baldin eta entitate interesdunak eskabidean adierazten badu zer espediente-zenbakitan dagoen.

5. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako Hautaketa Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

– Lehendakaria: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

– Batzordekidea eta idazkaria: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

2.– Hautaketa Batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, honako hauek ordezkatu ahal izango dituzte:

– Lehendakaria: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoko arduraduna.

– Batzordekidea: M.ª Cristina Rico Fernández andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

– Batzordekidea eta idazkaria: Alicia Aleman Arrastio andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak:

Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak ebazpen honen VI. eranskineko esku-hartzeen ikuspegien arabera ezarriko dira.

7. artikulua.– Ebazpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskabidea aurkeztu zenetik 6 hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2022ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 2.989.000 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 11.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA - FINANTZAKETA IRAUNKORRA (AURRE)
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PARTZUERGO BATEKO KIDE D(IR)EN ENTITATE ESKATZAILEAK/ESKATZAILEEK SINATUTAKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA BERE DOKUMENTAZIOA OFIZIOZ EGIAZTATZEKO BAIMENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKU-HARTZE HUMANITARIOETARAKO LAGUNTZEN PROPOSAMEN TEKNIKOA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZAREN AURREKONTU BANAKATUA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO JARRAIBIDEAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ESKU-HARTZEEN IKUSPEGIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala