Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2022ko apirilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1605

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 28koa, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariarena, Euskadiko EGEF 2021-2027 Programaren ingurumen-azterketa estrategikoa eta proposamena kontsulta publikoaren mende jartzen dituena.

Euskadiko 2021-2027 EGEF Programan zehaztuta daude Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) esku hartzeko estrategia eta helburu politiko eta espezifikoak, 2021-2027 programazio-aldi berrirako, Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaz (EGEF) kofinantzatutako jarduerei dagokienez, bai eta helburu horientzat programatutako finantza-zuzkidurak ere.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak osatu du Euskadiko 2021-2027 EGEF Programaren proposamena, hiru foru-aldundiekin elkarlanean, bai eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin zein Batzordeko zerbitzuekin eta EAEko eragile eta solaskide garrantzitsuenekin batera ere. Hori guztia Xedapen Komunen 1060/2021 Erregelamenduaren 8. artikulua (Elkartzea eta gobernantza hainbat mailatan), haren orientazioak zein dokumentu estrategikoaren aurretiazko bertsioei eginiko oharrak aintzat hartuta, eta programa-dokumentuaren zirriborroa aplikatzeko esparruaren barruan.

Halaber, aintzat hartu dira EGEFekin batera finantzatutako programak arautzen dituzten arau espezifikoak: Xedapen Komunen 2021/1060 (EB) Erregelamendua, EGEFi aplikatu beharreko finantza-arauak eta xedapenak definitzen dituena eta, 22. artikuluan, programek izan behar duten edukia ezartzen duena; eta EGEFen 2021/1058 (EB) Erregelamendua (EGEF Erregelamendua), EGEF programak prestatzean kontuan hartu beharreko elementuak zehazten dituena (objektibo espezifikoak, gaikako kontzentrazioa, etab.).

Erkidegoko funtsak kudeatzeko Euskadiko Esparru Estrategikoa abiapuntu hartuta, Programak identifikatzen du zein diren EGEFek kofinantzatutako jarduketen bidez aurre egin beharreko erronka nagusiak 2021-2027 programazio-aldian, betiere erreferentziatzat hartuta Estrategia europarra eta Kohesio Politikaren esku-hartze helburu politikoak.

Euskadiko 2021-2027 EGEF Programak erregelamenduan aurreikusitako 5 helburu politikoetatik (HP) 2tan biltzen ditu esku-hartzeak, funtsean, hau da: hazkunde adimentsua lortzeko helburua (1. HP), eta garapen jasangarria lortzekoa (2. HP).

Euskadiko 2021-2027 EGEF Programa Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren (IEE) prozesuaren mende dago, 2001/42/EE Zuzentarauarekin bat etorriz. Zuzentarau horren transposizioa Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen bidez egin zen.

Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenez, ingurumen-ebaluazioko prozesuaren barruan kontsulta-fase bat egongo da planaren edo programaren aurretiazko bertsioari buruz. Fase horretan, jendaurrean jarriko da delako plan edo programa, eta eragindako administrazio publikoei eta interesa duten herritarrei kontsulta egin zaie, gutxienez 45 eguneko epean, aztertu eta oharrak egin ditzaten. Kontsulta-fasea bukatu ondoren, ingurumen-adierazpen estrategikoa egingo da, eta han baloratuko da zenbateraino integratu diren ingurumen-alderdiak proposamenean, eta, besteak beste, ebaluatuko da zein izan den egindako kontsulten emaitza.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 11. artikuluan xedatuaren babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean eta eragindako administrazio publikoen eta interesa duten herritarren eskura jartzea Euskadiko 2021-2027 EGEF Programaren ingurumen-azterketa estrategikoa eta proposamena, 45 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Dokumentazio hori interesa duten pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuek aztertu ahal izango dute, lehenago aipatutako epean, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1, «O» eraikina, 2. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan. Epe eta leku berean aurkeztu ahal izango dira egoki ikusten diren ohar guztiak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 28a.

Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendaria,

IGNACIO BARREDO ARDANZA.


Azterketa dokumentala