Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2022ko apirilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1486

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 4koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Adimen Artifizial Aplikatua» 2022 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala eta zibersegurtasuna bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau euskal enpresen adimen artifiziala sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluak, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera moldatzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Adimen Artifizial Aplikatua» 2022 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da Ebazpen honetan.

Bigarrena.– «Adimen Artifizial Aplikatua» 2022 programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2022ko martxoaren 4a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2022KO ADIMEN ARTIFIZIAL APLIKATUA LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI– Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, besteak beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDA2025), definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Adimen Artifizial Aplikatua» programa, Euskadiren Eraldaketa Digitalerako Plan Estrategikoa.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau euskal enpresetan Adimen Artifizial Aplikatua sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da. Era berean, aipatzekoa da SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan txertatua dagoela Programa hau.

1. artikulua.– Xedea.

Programaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan adimen artifizialean oinarritutako zerbitzu eta/edo irtenbide komertzialak aplikatzeko proiektuei laguntza ematea da. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute Euskadin teknologia honen eskaintza eta eskaera aktibatzeko, hala, enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2022ko baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2022rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Enpresa-jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eskura ditzakete Programa honetan aurreikusitako laguntzak, edozein dela ere enpresaren neurria; baita Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere, hala eskatzen badute, baldin eta talde osoa aintzat hartuta aipatutako ezaugarriak badituzte, haien egoera ekonomiko bateratua aintzat hartuta, eta 5. artikuluan diruz laguntzeko jarduera gisa deskribatutako jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Zuzenean edo zeharka, oinarri hauetan jasotako dirulaguntzaren xede diren arloetan zerbitzuak eskaintzen dituzte Informatika Aholkularitzako eta Ingeniaritzako enpresetan parte hartzen dutenek, edo horietan gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna dutenek.

b) Berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate izaera badute.

c) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

d) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten badute, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

f) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01). Horren salbuespena izango da COVID-19aren egungo agerraldiaren baitan ekonomia babestera zuzendutako Estatuko laguntzen neurriak jasotzen dituen 2020ko martxoaren 19ko Aldi baterako Laguntza Esparruko [C (2020) 1863] 3.1.22.c bis atalean jasotakoa.

g) Sexuagatik diskriminatu badute, 2005eko otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen seigarren Amaierako Xedapenean ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela; horietan proiektuak eragina izango du.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira adimen artifizialean oinarritutako zerbitzu eta/edo irtenbide komertzialak aplikatzeko proiektuak. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute Euskadin teknologia honen eskaintza eta eskaera aktibatzeko, hala, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Proiektu horiek, hasten direnetik, beranduenera jota, 12 hilabeteko epean gauzatuko dira.

Adimen artifizialeko teknologia ezartzeko proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Adimen Artifizialean oinarritutako zerbitzu eta/edo irtenbide komertzialak aplikatzearekin lotuta egon beharko dute.

– Machine learning, Deep learning, Vision Artificial edo gisa horretako beste arlo batzuetan Adimen Artifizialaren algoritmoa erabili izana egiaztatu beharko dute.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldin eta lotura estua badute Adimen Artifizialaren teknologiarekin, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza Eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortuak edo fakturatuak izan behar dute. 2022ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira orobat, betiere araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira eskaerak.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak.

2.– Softwareari eta Hardwareari lotutako ohiko gastuak, gehienez, 12 hilabeteko epean onartuko dira, betiere artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektuen tipologian sartuta badaude.

3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

4.– Honako hauek ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea eta aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez izatea sozietate publiko, zuzenbide publikoko erakunde, elkarte edo elkargo profesional.

b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Oinarri hauen 5. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik etorritako gastuak izan behar dute.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Dirulaguntza jaso dezaketen lanen exekuzioa, egoki den kasuetan, enpresa espezializatuei azpikontrata dakioke. Hala eginez gero, Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

f) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua eta onartutako Hardware edota Software aurrekontua.

– «Gehienez onartuko den aurrekontua», ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarria, aurreko puntuan deskribatutako bi kontzeptuen batura izango da (Aholkularitza eta/edo Ingeniaritzako gastuak, eta Hardware eta Softwareari lotutakoak).

Proposatutako dirulaguntza % 5 gehiago handituko da, laguntzeko gehieneko muga gainditu gabe, baldin eta enpresak honako baldintzaren bat betetzen badu:

– Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

– Berdintasun Plan bat izatea, 50 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, 50 langiletik gorakoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

– Programa honek diruz lagun ditzakeen jardueren barruan, Softwarea euskaraz erabiltzea bultzatzen duten proiektuak izatea.

Proiekturako «onartutako gehieneko gastuen eta inbertsioen aurrekontutik» diruz lagun daitekeen kontzeptu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa (artikulu honetan bertan deskribatzen den moduan) % 50ekoa izango da.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 100.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko eta urteko.

Aholkularitzako eta/edo ingeniaritzako kontzeptuetarako gehieneko dirulaguntzak ezingo du proiektuko 50.000 euro baino gehiagokoa izan.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk edota bestelako sarrera mota batzuk, publiko nahiz pribatuak, gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko eta/edo pribatu batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak eta aurreko bi ekitaldiek osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, onuradunak jaso izan ditzakeen beste de minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

9. artikulua.– Laguntza Eskaera.

1.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

2.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIk emandako helbide elektronikoan eskaeran eginiko sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak ote dituzten automatikoki ziurtatuko da, behar beste aldiz, ez badiote, behintzat, horri, arrazoia emanda, aurka egiten, eta horrela bada, aipatutako betebehar horiek betetzen dituztela adierazten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Era berean, eskaera eginda, SPRIri baimena ematen zaio, Jarduera Ekonomikoen Zergan enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen horri, eta hori eginez gero, dagokion ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira Laguntza Eskaeran.

5.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitatearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

– Laguntzaren eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea araudi honen 4,2. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa hartzea oinarri hauen 6.6.e) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresa eskatzailean ezarriko den proiektuan Adimen Artifizialeko algoritmoen erabilera egiaztatzen duten frogak.

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den Adimen Artifizial Aplikatuko konponbidearen azterketa zehatza.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, enpresaren «negozio-plana» aurkeztu beharko da.

g) Enpresa onuradunak % 5eko dirulaguntza osagarria eskatuz gero, dokumentu hauetakoren bat aurkeztu beharko du:

– Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiriaren kopia, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

– Berdintasun Planaren kopia, 50 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, langile gehiagokoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

– Programa honek diruz lagun ditzakeen jardueren barruan, Softwarea euskaraz erabiltzen dela egiaztatuko duen agiria.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte Laguntza Eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

7.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Laguntza Eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2022ko azaroaren 21ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2022ko azaroaren 21eko 17:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

Laguntza Eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2022ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen Laguntza Eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira.

11. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebazteko, ondoz ondoko lehia-prozedura erabiliko da. Aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira eskaerak, eta behar bezala formalizatuta eta osatuta gelditzen diren neurrian eta hurrenkeran ebatziko dira. Eskaerak akatsen bat badu, eta akats hori zuzendu egin behar bada, zuzenketa egin deneko data hartuko da eskaera aurkeztearen datatzat.

2.– Aurkeztutako laguntza-eskaerak onartzeko irizpide erabakigarriak 5 eta 6 artikuluetan jasota daudenak dira.

3.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, ondoz ondoko lehiaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

5.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da; baita, hala dagokionez, ez ematearen arrazoiak ere.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak.

– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako.).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

13. artikulua.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak bi ordainketen bidez formalizatu eta entregatuko ditu SPRIk. Lehen ordainketa laguntza emango dela adierazten duen ebazpena jakinarazi ondoren egingo da; dirulaguntzaren % 70ari dagokion zenbatekoa ordainduko da, aplikagarri zaion berme-araubidearekin. Bigarren ordainketan, gainerako % 30a ordainduko da, Likidazio Eskaera eta 12. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko 14. eta 46. Artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.1 artikuluak xedatutakoak, eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Laguntza zer proiektutarako eman den, proiektu hori garatzera bideratzea.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

16. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak eta Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 Artikuluan aurrez ikusitako kausak.

3.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirua itzultzeko prozedura abiaraztea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea). SPRI-Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzaketarik badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus https://www.spri.eus/es/quienes-somos/) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/es/politica-de-privacidad/web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana