Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2022ko martxoaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1380

2/2022 LEGEA, martxoaren 10ekoa, Gazteriarena.

Eusko Legebiltzarrak 2/2022 Legea, martxoaren 10ekoa, Gazteriarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, 10.39 artikuluaren bidez, gazte-politika garatzeko eskumena eman die EAEko botere publikoei. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion eskumen esklusiboa da, zeinari ez baitio inolako oinarrizko legeriak edo esparru-legeriak eragiten, ez eta ekonomia-printzipio antolatzaileek eta Estatuaren goi-ikuskaritzak ere.

EAEko administrazio publikoen arteko eskumenen banaketa Autonomia-erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean jasota dago. Han ezartzen denaren arabera, lurralde historikoei dagokie beren lurraldean erakunde komunen legeria betearaztea –Eusko Legebiltzarrak emandako legeak nahiz Autonomia Erkidegoko Gobernuak onarturiko xedapen arauemaileak– gazte-politikei eta gazteentzako baliabideei buruz, ezertan eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen zuzeneko ekintza. Lurralde historikoei dagozkien betearazpen-eskumenen artean daude beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala, administrazio-ahala –ikuskaritza barne– eta administrazio-bidean berrikusteko ahala.

Udal-esparruari gagozkiolarik, udalerriek eskumen propioak erabili ahal izango dituzte esparru honetan: «gazteria-politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea»; izan ere, halaxe xedatzen du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.36 artikuluak (artikuluaren izenburua: «Udalerrien eskumen propioak»).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak baliatu du gazte-politiken arloko eskumen hori.

Horrela, araugintzaren esparruan honako ondarea sendotuz joan da: Kultura eta Turismo Sailaren 1986ko urtarrilaren 15eko Agindua, Euskal Herriko Gazte Elkarteen eta Gazteriari Zerbitzuak eskaintzen dizkioten Entitateen Zentsu Nagusia sortzeko dena; 6/1986 Legea, maiatzaren 27koa, Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzkoa, eta lege hori zati batean garatzen duen uztailaren 8ko 162/1986 Dekretua; 14/1988 Dekretua, otsailaren 2koa, Gazteen Informazio eta Dokumentaziorako Euskadiko Zentro Koordinatzailea sortzen duena; 211/1993 Dekretua, uztailaren 20koa, gazteentzako informazio-zerbitzuen onespen ofiziala arautzen duena; 406/1994 Dekretua, urriaren 18koa, haur eta gazte taldeen ostatu-hartze eta egonaldietarako aterpetxeen eta instalakuntzen antolaketari buruzkoa; 419/1994 Dekretua, azaroaren 2koa, batetik, haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak eta, bestetik, haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begirale eta zuzendariak trebatzeko ikastaroak izendapen ofizialez onartzeko eta bertan parte hartzeko modua arautzen duena; 2016ko urriaren 27ko Agindua, 419/1994 Dekretuaren I. eta II. eranskinak eguneratzekoa; 260/1995 Dekretua, maiatzaren 2koa, Euskadiko «Gazte txartela/Carnet joven» eratu eta arautzeko dena; Kultura sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Agindua, haur eta gazte taldeen ostatu-hartze eta egonaldietarako aterpetxeen eta instalakuntzen antolaketari buruzko urriaren 18ko 406/1994 Dekretua garatzen duena; 239/1999 Dekretua, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen funtzionamendu-erregimen eta osaketari buruzkoa, urriaren 15eko 240/2002 Dekretuak aldatua; eta Kultura sailburuaren 1999ko abenduaren 10eko Agindua, Gazteriaren Euskal Behatokia sortu eta horren eginkizunak zehaztekoa.

Eta plangintzaren esparruan, gazte-planak tresna kontsolidatua dira zeharkako gazte-politika bultzatzeko; gazte-plan horiek legegintzaldi bakoitzean taxutu dituzte EAEko erakunde publikoek, 1999. urtetik, «III. Gazte Plana 2020ren Marko Orokorra. Gazteriaren arloko Euskal Estrategia» lanaren orientazioei jarraituta.

Testuinguru sozialaren bilakaerari dagokionez, gazteen ibilbidea aurreikusteko modukoa zen 80ko hamarkadara arte; izan ere, prestakuntza-aldia amaitu eta ia berehala lanean hasten ziren, ibilbide profesional bat diseinatzea ahalbidetzen zuten eta etxebizitza bat eskuratzeko aukera handiagoa ematen zuten kontratu egonkorrekin.

Alabaina, aldaketa sozialek sortu duten gizarteak ezaugarri du arriskuaren gizartea edo gizarte likidoa izatea, zeinak ziurgabetasuna baitu bereizgarri, bai eta askotariko alternatibak ere, eta horiek ez dakarte berekin justizia edo ekitate, partaidetza sozial edo askatasun handiagoa ezinbestean.

Beraz, gazteen egoera gaur egun bestelakoa da, eta konplexutasun eta ziurgabetasun handiagoak dira haren ezaugarriak. Gazteek dependentzia ekonomiko eta familiarra dute, eta, ondorioz, luzaroago bizi dira jatorrizko etxean. Egiturazko baldintzek eragindakoa da egoera hori, eta, bereziki, lan-merkatuaren eta etxebizitzarenaren bilakaera bezalako faktore objektiboek eragindakoa. Izan ere, datu berrienek erakusten dute bost urte baino gehiagoko aldea dagoela gazteek emantzipatu nahi luketen batez besteko adinaren eta hori benetan egiten duten adinaren artean.

Hori hala izanik, beharrezkoak dira aldaketa sozial sakonei eta, bereziki, trantsizio sozialari eta demografikoari egoki erantzuteko balioko duten trantsizioko gazte-politikak.

Beharrezkoa da, hortaz, berritzea, gazteen igurikimen, gaitasun eta aukeretan izandako aldaketei erantzuteko; haien bizitza-ibilbideen garapena laguntzeko, ibilbide horiek gero eta askotarikoagoak, konplexuagoak eta prekarioagoak baitira; errazteko, emantzipaziorako berariazko politiken bitartez, familiaren etxetik irtetea, faktore estrukturalek atzeratzen baitute; haien eskubideak benetan egikaritzea ziurtatzeko, zeharkako eta sektoreko politiken bidez; eta, adineko pertsonekin egingo den bezala, erronka demografikoari, zahartzeari eta euskal gizarteak behar duen gaztetzeari erantzuteko.

Beste alde batetik, gaztaroa –indibidualizazioa eta autonomia areagotzen dituen etapa hori– muin-muineko fasea da, estrategikoa, lagundu behar den sozializazio-prozesuan.

Horretarako, helduarora igarotzeko prozesua prestatzeaz gain, beharrezkoa da Gazteriaren Sistema aitortzea, antolatzea eta indartzea, nerabezaroaurretik gaztarora arreta-continuum bat eskaintzen duen zerbitzuen sare gisa; orobat egokitzea sozializazio-prozesuetan eta -eragileetan nahiz eboluzio-etapetan izandako aldaketetara, azken horietako batzuk (nerabezaroaurrea eta nerabezaroa) aurreratzen ari baitira eta beste batzuk (gaztaroa) luzatzen.

Helburu horrekin, erakundeek, zeharkako gazte-politikekin batera, gazteentzako honako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu sektorialak sustatu dituzte, besteak beste: gazteentzako informazio-zerbitzuak, aisialdiko eta hezkuntza ez-formaleko jarduerak, Gazteentzako Ekipamenduen Sarea, mugikortasun- eta truke-programak, auzolandegiak eta partaidetzan oinarrituriko aisialdiko programak, gazteen ekimenen sustapena edo emantzipaziorako edo ahalduntzerako gaikuntza.

Horrela, gazteriaren sistema edo sarea, hain zuzen, bideratuta dago, berariazko zerbitzuen bitartez, bizitzaren etapa horiek (nerabezaroa eta gaztaroa) eta helduarora igarotzeko prozesua laguntzera; hartara, gazte-sustapeneko eginkizuna betetzen du, adingabeei zuzendutako prebentziotik eta babesetik desberdina, baina etapa horren berezko premiei ere arreta ematen diena, bai eta horien bilakaerari ere, prozesuak eta sozializazio-eragileak aldatzen ari diren testuinguru batean.

Prebentzioaren, babesaren eta sustapenaren eginkizun hirukoitzari dagokionez, aipatu beharra dago Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea, lege horretako edukiak lege honekin eta hiru eginkizunekin uztartu behar baitira; hala eta guztiz ere, azpimarratu behar da lege honek sustapen-gaiak arautzen dituela.

Orobat, kontuan hartu da honako lege hauetan xedatutakoa: Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Guztiz Babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa eta Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Azkenik, aipatu behar dira Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea eta haren araugintza-garapena; izan ere, euskara oso garrantzitsua da aspalditik gazteen arteko harremanetan eta gazteek gizartearekin eta sektore publikoarekin dituztenetan, bai eta haien prestakuntza elebidunean ere.

Azken batean, Gazteriaren Euskal Legeak koherentzia du gazte-politikaren eta Gazteriaren Sistemaren kontzeptuen eta zereginen zabaltze progresiboarekin, bai eta testuinguru sozialaren bilakaerak eskatutako aldaketekin ere. Horrela, hiru ardatzen gainean antolatzen da: gazteen heltze- eta garatze-prozesuak laguntzea; haien emantzipazioa eta helduarorako igarotze-prozesua sustatzea; eta haien partaidetza soziala erraztea esparru guztietan.

Hiru ardatz horiei erantzuten diete legeak jasotzen dituen hiru jardun funtsezkok: Gazteriaren Sistema definitzeak eta indartzeak (gazte-sustapena); emantzipaziorako berariazko politiken bidez helduarora igarotzea eta familiaren etxetik irtetea bultzatzeak (gazteen emantzipazioa); eta partaidetza eskubide, helburu eta bitarteko gisa sustatzeak –parte hartzeko modu eta bide berriak lagunduko dira, zuzenagoak, operatiboagoak eta eraginkorragoak, berekin politika eta ekimen zehatzak, bideragarriak eta, zergatik ez, partekatuak ekarriko dituztenak– (gazteen partaidetza).

Nabarmentzekoa da gazte guztiei eskubideak aitortzen zaizkiela lege honetan ezarritakoaren arabera eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortzen dela.

Horretan guztian, ziurtatu nahi da gazte guztiek eskubideak eraginkortasunez eta berdintasunez egikaritzen dituztela, eta hori egin nahi da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraginkorki indartuko duen ikuspuntu batekin eta zailtasun handienak dituzten gazte-kolektiboak bereziki babestuta, eta betiere intersekzionalitatea kontuan izanda.

Ildo horretan, bereziki aipatu behar da emakume eta gizon gazteen arteko berdintasunak duen egoera. Emakume eta gizonentzako eskubide-berdintasuneko espazioak izatea lortu da euskal gizartean, baina hori, errealitatean, ez da gauzatzen, ezta gazteen artean ere. Berdintasuna onartzea funtsezko urratsa izan bada ere, oraindik ez da nahikoa. Gaur egungo gazteek aurreko belaunaldietakoek baino zeregin parekideagoak betetzen dituzte gizartean, baina, hala ere, oraindik indar handia dute matxismoaren ondorio diren genero-estereotipoek, rol sexistek, emakume gazteek lan-merkatuan sartzeko garaian eta lansarietan bizi dituzten diskriminazio-egoerek, pobrezia feminizatuak –emakume gazteei ere eragiten baitie– eta emakume gazteen gorputzak gauza bihurtzeko eta sexualizatzeko joerak, eta hori guztia argi islatzen da aisian, kirolean, kulturan, lan-mundura sartzean eta familia-ereduetan. Neska gazteek ere aurre egin behar izaten diote indarkeria matxistari, sexistari eta sinbolikoari, eta horrek oztopatu egiten ditu herritar gisa dituzten eskubideak. Emakumeek jasaten duten diskriminazioaren ildo berean, legeak heltzen dio pertsona homosexualek, transek, migratzaileek edo desgaitasuna dutenek pairatzen dutenari ere.

Gazteek gizarteko esparru guztietan ekarpena egiteko eta parte hartzeko eskubidea dute; zehazki, esparru ekonomikoan, sozialean, zibilean, politikoan eta kulturalean. Horiek guztiak dira eskubideak onartzeko eta egikaritzeko esparruak, bai eta adierazpen pertsonalerakoak eta partaidetza sozialerakoak ere. Eta euskal gizarteak haien ekarpena behar du: esparru guztietan eta gazte guztiena.

Aipatutakoak helburu dituela, lege-testua ondokoek osatzen dute: atariko tituluak, bost tituluk, sei kapituluk, hiru atalek eta bost xedapen gehigarrik, bi xedapen indargabetzailek eta bi azken xedapenek.

Atariko tituluak legearen xedea eta helburua ezartzen ditu, gazteek dituzten eskubide objektibo eta subjektiboak zehazten ditu –horiek arautzen dituen euskal araudi berezian ezarritakoaren arabera, eta beste arau batzuetan aitortutako eskubideei kalterik egin gabe–, araututako arloari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk definitzen ditu, legearen aplikazio-eremua ezartzen du eta printzipio gidariak eta orokorrak zehazten ditu –batetik, gazte-politika eta, bestetik, EAEko administrazio publikoek gazteriaren arloan egingo duten jarduna informatuko dutenak–.

Lehenengo tituluak EAEko administrazio publikoen eskumenak eta eskudantziak ezartzen ditu. Horretarako, eskumenak banatzen ditu, EAEko administrazio publiko guztiek erantzunkidetasunez hartzen dituzten konpromisoak xedatzen ditu eta maila bakoitzeko eskudantziak zehazten; hartara, ezartzen du zuzeneko ekintzako zein jarduera, zerbitzu eta ekipamendu dagozkion hornitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, eta, lege honetan jasota ez dauden beste jarduera, zerbitzu eta ekipamendu batzuen kasuan, zein diren horiek zuzeneko ekintzakotzat jotzeko irizpideak eta prozedura.

Bigarren titulua gazte-politika garatzeko tresna eta neurriei buruzkoa da, hiru ataletan banatutako kapitulu bakarra du, eta honako edukiek osatzen dute:

a) Gazteriaren Euskal Sistemaren definizioa, egitura, jardun-arloak eta zerbitzu-katalogoa, bai eta gazte-politiken arloko profesionalei buruzko zenbait xedapen gehigarri ere.

b) Gazteriaren arloko zeharkako politika sustatzeko tresnak eta neurriak. Horien artean, ondokoak nabarmendu behar dira: Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea, emantzipaziorako berariazko politika sustatzearekin lotutako berritasun nagusi gisa, eta Gazteriaren arloko Euskal Estrategia; azken horri dagokionez, artikulu zabal bat eskaintzen zaio estrategiaren esku-hartze ildoak zehaztasunez definitzeari, arauan neurri zehatzak ezartzeko helburuz –estrategia testuinguru sozialaren bilakaerara egokitzeko beharrari kalterik egin gabe–, eta bertan jasotzen dira azken urteotan puri-purian egon diren gaiak, hala nola aniztasun sexuala, gizarte-inklusioa edo ingurumenaren babesa. Orobat jasotzen dira gazte-politiken plangintza, programazioa eta ebaluazioa erkidego-, foru- eta toki-administrazioetan.

c) Gazte-sustapeneko tresnak eta neurriak. Horien artean daude haur eta gazteen aisialdi-jarduerak, berariaz gazteei zuzendutako zerbitzuak eta ekipamenduak, gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak, gazte-aterpetxeak eta haur eta gazte taldeen egonaldietarako instalazioak, eta haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak. Halaber, Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra sortzen da, eta gazteak identifikatzeko nazioarteko eta lurraldez gaindiko sistemak arautzen dira, bai eta «Gazte-txartela/Carnet Joven» zerbitzuari dagozkion zenbait alderdi ere.

Hirugarren titulua gazteen partaidetza sozialari eta gizarte-ekimenari buruzkoa da. Horren barruan, lehenengo kapituluak arautzen ditu gazteen partaidetza sustatzeko neurriak eta, zehatzago, gazteen asoziazionismoaren sustapena, partaidetzan heztea, gazteen partaidetzarako egituren funtzionamenduari dagozkion zenbait irizpide, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera, eta Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta sektore publikoaren arteko solaskidetza.

Bigarren kapituluak heltzen dio gizarte-ekimenaren, gazteen boluntariotzaren eta gazteriaren arloko garapenerako lankidetzaren sustapenari.

Era berean, kapitulu horrek gazteen partaidetza definitzen du, kultura demokratikoan eta partaidetzan oinarritutako kulturan sakontzeko esparru baten barruan hura sustatzeko; orobat definitzen ditu gazte-entitateak eta gazteen aldeko entitateak, edo gazte taldeak, eragile gisa. Aipatutakoez gain, hainbat bide eta baliabide jasotzen ditu gazteen partaidetza bultzatu eta eraldatzeko, hala nola gazteek parte hartzeko moduak edo partaidetza- eta kontsulta-prozesuak.

Hori guztia, kalterik egin gabe Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko baliozko solaskidetzat aitortzeari, hala xedatuta baitago Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzko maiatzaren 27ko 6/1986 Legean. Izan ere, EAEko Administrazioak entzun egin beharko dio aipatutako kontseiluari, gazteriaren arazoekin eta interesekin zuzeneko zerikusia duen edozein xedapen onartu aurretik.

Laugarren titulua administrazio-antolamenduari dagokio, eta kapitulu bakarra du, gazte-politikak hedatzeko behar den erakundearteko eta sailarteko koordinazioari buruzkoa. Kapitulu horrek arautzen ditu EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea.

Bosgarren tituluak, bere lehenengo kapituluan, ikuskaritza –goi-ikuskaritza eta ikuskatze-jarduera arrunta barne dituela– arautzen du, eta, bigarren kapituluan, zehapen-araubidea. Azken horretan xedatzen ditu, araubidea definitzeari eta aplikatzeari dagozkion beste alderdi garrantzitsu batzuen artean, arau-hauste motak –arinak, astunak eta oso astunak–, zehapen motak, horien mailakatzea eta zehapen-prozedura.

Azkenik, arauak zenbait xedapen ezartzen ditu. Horien artean, nabarmendu beharra dago laugarren xedapen gehigarria, bertan xedatzen baita gazteriaren arloko eskumena duen sailak Lehendakaritzarekin egin beharreko elkarlana, ziurtatzeko lege honen helburuak koherentziaz eta zorroztasunez betetzen direla, bai eta legearen gaineko zuzendaritza eta bultzada politikoa, eta hura hedatzearen koordinazioa, jarraipena eta ebaluazio iraunkorra ere.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gazte-politika garatzeko behar den arau- eta eskumen-esparrua antolatzea, bai eta gazte guztien eskubideak aitortzea ere.

2.– Legearen helburua da:

a) Gazteen eskubideak bermatzea, haien izaera edo baldintzak edozein direla ere, horiek eraginkortasunez egikaritzeko babesa eta erraztasunak emanda.

b) Gazteek euskal gizartearen garapen politiko, sozial, kultural eta ekonomiko jasangarrian aktiboki parte har dezatela sustatzea.

c) Gazteen autonomia eta emantzipazioa posible egingo duten baldintzak sorraraztea, beren bizitza-proiektu indibidual eta kolektiboa eraiki ahal izan dezaten, haurtzaroan hasi behar den autonomia eta partaidetza gero eta handiagoko prozesuaren amaiera gisara.

2. artikulua.– Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira kontzeptu hauek:

a) Gazte-politika: gazteek beren bizitzako esparru guztietan dituzten premiei arreta ematen dieten eragileen esku-hartze guztiak, bai eta haurrei eta nerabeei eskaintzen zaien arreta ere, aisialdiaren erabilerari eta sustapen-eremuari dagokienez. Gazte-politikak bi esparru hartzen ditu barnean: gazteriaren arloko zeharkako politika eta gazteen eta haurren sustapena.

1.– Gazteriaren arloko zeharkako politika: EAEko administrazio publikoetako sailek eta bestelako organismoek eta eragile sozialek gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztera bideratzen dituzten esku-hartzeak dira.

2.– Gazteen eta haurren sustapena: haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen eskaintza da, zeinak egokituta egongo baitira, haur, nerabe eta gazteen iritziarekin, haien askotariko premia, jomuga, baldintza eta egoeretara. Eskaintza horren xedea da haien garapen kultural eta soziala laguntzea, bai norbanako gisa, bai talde gisa. Horretarako, bultzatuko dira haur, nerabe eta gazteen ekimena eta sormena, mugikortasuna, informaziorako irispidea, akonpainamendua, hezkuntza ez-formala eta partaidetzan oinarritutako aisialdia; era berean, lagunduko da beste ondasun edo zerbitzu batzuetarako irispidea, barne direla enplegu- eta etxebizitza-programak edo emantzipaziora eta gizarte-integrazio edo -inklusiora bideratutako beste baliabide batzuen programak.

b) Gazteen emantzipazioa: gazteak osotasunez eta aukera-berdintasunez gizarteratzea lortzea da, beren bizi-proiektua autonomiaz eraikitzen eta eskubide guztiak egikaritzen joateko aukera izan dezaten, arreta berezia ipinita gazte kalteberenei.

c) Gaztea: 12-30 urte, biak barne, bitarteko pertsonari esaten zaio, hargatik eragotzi gabe lege honen 3. artikuluan jasotako zehaztasunak.

d) Gazteen partaidetza: prozesu, ekintza eta jarrera jakin batzuk dira, zeinek gazteengan gaitasuna sortzen baitute beren inguruneari, harremanei eta pertsonalki zein kolektibo gisa garatzeko aukerei buruz erabakitzeko eta guztietan eragiteko, haietan esku hartzeko eta horiek aldatzeko, eta, bereziki, aldatzeko zuzenean zein zeharka beren bizi-proiektuetan kolektibo diren aldetik eragiten duten inguruabarrak. Era berean, gazteak ukitzen dituzten araugintza-proiektuen eta politiken berri izateko eta horiei buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea da, elkarrizketa zibilaren printzipioaren arabera, haien ekarpenak kontuan hartuta eta emaitzen gaineko informazioa itzultzeko mekanismoak ezarrita.

e) Hezkidetza: hezkuntza-prozesu batzuen aldeko apustua da, bai eremu formalean, bai informalean eta ez-formalean; prozesu horiek pertsonen garapen integrala errazten duten balioen irakaskuntza eta transmisioa ahalbidetu eta horietan sakontzen dute, sexuaren eta generoaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita, eta diskriminazio mota oro baztertuta.

f) Diseinu unibertsala: jarduera honen bitartez, hasiera-hasieratik pentsatzen edo proiektatzen dira, ahal den neurrian, inguruak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, lanabesak, gailuak edo tresnak, pertsona guztiek erabili ahal izateko moduan. Honako printzipio hauetan oinarritu behar da: bidezko erabilera, erabilera malgua, erabilera erraz eta intuitiboa, informazio hautemangarria, akatsarekiko tolerantzia, ahalegin fisiko txikiena eta hurbiltzeko eta erabiltzeko tamaina egokia.

g) Bizimodu independentea: desgaitasuna duten pertsona guztiek eskubidea dute, baldintza-berdintasunean, komunitatean bizitzeko, gainerakoekiko aukera-berdintasunez; eta, horretarako, neurri eraginkorrak eta egokiak hartuko dira, desgaitasuna duten pertsonek eskubide hori osotasunean erabil dezaten eta komunitatean inklusio eta parte-hartze osoak izan ditzaten errazteko.

h) Gazte-ikuspegia txertatzea: gazteen askotariko jomugak, premiak, baldintzak eta egoerak modu sistematikoan kontuan hartzea, eragiten dieten desberdintasunak ezabatzea edo murriztea bultzatzeko eta gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatzeko haiei lotutako politika eta ekintza guztietan, berariazko helburu eta jardunen bitartez.

i) Ekintza positiboa: denboran mugatutako berariazko neurriak abiaraztea, bizitzaren eremu guztietan gaztea izateagatik gertatzen diren egitatezko desberdintasunak ezabatzeko edo murrizteko.

3. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege hau EAEko administrazio publiko guztiei aplikatuko zaie, eta, orobat, lege honetan arautzen diren jarduerak garatzen edo zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiei, publiko zein pribatuei.

2.– Lege honetan arautzen den gazte-politika Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera euskal herritar kondizio politikoa duen gazte orori zuzendurik dago, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurkitzen den gazte orori ere, nazionalitatea edo egoera administratiboa kontuan hartu gabe.

3.– Gazteriaren arloko zeharkako politika bultzatzeko neurriak eta tresnak 16-30 urte, biak barne, bitarteko gazteei zuzenduak daude. Hala ere, programa eta jardun jakin batzuek, haien izaera edo helburuak direla eta, beste adin-muga batzuk izan ditzakete ezarrita, hala nola 30 urtetik gorakoen irispidea etxebizitzara, nekazaritza-ustiategietara edo desgaitasuna duten pertsonen artean bizimodu independentearen eredua bultzatzera zuzendutako gizarte-politiken esparruko programetara; baina adin-muga horiek ezingo dira, inolaz ere, lege honetan jasotzen diren printzipioen eta bermeen kaltetan izan.

4.– Gazte-sustapeneko neurriak eta tresnak 12-30 urte, biak barne, bitarteko pertsonei zuzenduak daude.

5.– Lege hau adingabe guztiei aplikatuko zaie, aisialdiaren erabilerari eta haur-sustapenaren eremuari dagokienez.

4. artikulua.– Printzipio gidariak.

Honako hauek dira gazte-politikaren printzipio gidariak:

a) Gazteen egoeraren arreta integrala. Gazteen gizarte-, lan-, ekonomia-, politika- edo kultura-inklusioa, beste eremu batzuen artean, bultzatzeko neurriak antolatzea; lidergo publikotik abiatuta, neurri horiek gazteen bizi-arlo, interes eta premia guztiez arduratuko dira, unibertsaltasunaren eta berdintasunaren mesedetan, eta eragile sozialen eta gizarte osoaren inplikazioarekin egingo da hori.

b) Zeharkakotasuna hura egin edo diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean, integraltasuna ziurtatzeko. EAEko administrazio publikoetako sailek aurrera eramandako lerro eta neurrien orientazioa eta koordinazioa da; hau da, biztanle talde jakin batzuetan espezializatuta dauden sailen eta jarduera-sektore jakin batzuetan zentratuta dauden sailen lerro eta neurrien koordinazioa eta orientazioa.

c) Lurraldetasuna, hurbiltasuna eta deszentralizazioa. Politikak eta zerbitzuak lurralde bakoitzaren ikuspuntura eta errealitatera egokituko dira, eta pertsonek, taldeek eta komunitate hartzaileek parte hartuko dute; arreta berezia ipiniko zaie landa-eremuaren berezitasunei.

d) Gardentasuna, ebaluazioa eta informazioaren demokratizazioa, bereziki gazte hartzaileei eta parte-hartzaileei dagokienez.

5. artikulua.– Printzipio orokorrak.

EAEko administrazio publikoek gazteriaren arloan egingo duten jarduna printzipio orokor hauek gidatu eta bideratuko dute:

a) Aukera-berdintasuna. Aukera-berdintasuna esaten zaio, batetik, gazte guztiek eskubide politikoak, zibilak, laboralak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan onar lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, eraginkortasunez eta berdintasunez egikaritzen dituztela bermatuko duten neurri egokien multzo bat aplikatzeari, eta, bestetik, baliabide eta onura soziokulturaletara irispidea izateko abiagune edo hasierako baldintzetan ez ezik, horiek egikaritzeko eta eraginkortasunez kontrolatzeko baldintzetan aukera-berdintasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeari.

b) Unibertsaltasuna, eta aniztasuna nahiz desberdintasuna errespetatzea. Behar diren baliabideak jarri beharko dira gazteen emantzipazioa laguntzeko politikak eta zerbitzuak gauzatzean desberdintasunak baldintzatzaileak eta baztertzaileak izan ez daitezen eta aniztasuna eta desberdintasuna errespeta daitezen; izan ere, gazte guztiak izango dira gazte-politiken hartzaileak, eta ez da inolako bereizketarik egingo arraza, sexu-identitatea, hizkuntza, dibertsitate funtzionala, orientazio sexuala, genero-adierazpena, erlijioa, iritzi politikoa edo beste edozeri buruzko iritzia, jatorri etnikoa, maila ekonomikoa, jaioterria edo beste edozein egoera pertsonal nahiz sozial dela eta, bai gazteen kolektiboen euren barruan, bai beste biztanle-kolektibo batzuekiko.

c) Gazte-ikuspegia txertatzea. Gazteei eragiten dieten desberdintasunak ezabatzea edo murriztea eta haien autonomia nahiz emantzipazioa sustatzeko helburuz, berariazko helburu eta jardunen bitartez, xede horiekin lotutako EAEko administrazio publikoen politika eta ekintza guztietan modu sistematikoan hartuko dira kontuan gazteen askotariko jomugak, premiak, baldintzak eta egoerak.

d) Ekintza positiboa. Ekintza positiboaren printzipioa aplikatuko da gazteen benetako emantzipazio eraginkorra lortzea sustatze aldera eta diskriminazioko, pobreziako edo gizarte-bazterketako egoeretan edo kondizioetan dauden gazteen berdintasunik eza murriztea sustatze aldera. Lege honen ondorioetarako, ez dira diskriminatzailetzat hartuko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, gazteei tratamendu desberdina ematea badakarte ere. Neurri horien artean sartzen dira ekintza positiboan oinarritzen direnak.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasuna. Sexuaren ziozko diskriminazio mota guztiak desagerraraztea sustatuko da, emakumeen aurkako indarkeria matxista barne. Horrez gain, adinaren arabera gizartean dauden genero-estereotipoak eta rol sozialak desagerraraztea bultzatuko da, eta halaber sustatuko da desberdintasun- eta diskriminazio-egoerak sorrarazten edo bultzatzen dituzten rol sozialak, genero-estereotipoak eta beste edozein egoera pertsonal edo sozial gazteen artean desagerraraztea.

f) Elkarlana eta koordinazioa. EAEko administrazio publikoak elkarlanean arituko dira gazte-politikak garatzean, jardunak koordinatuta, beren esku-hartzeak eraginkorragoak izan daitezen eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat etor daitezen. Era berean, koordinazioa eta elkarlana sustatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz kanpoko beste erakunde eta entitate batzuekin; eta, bereziki, gizarte-ekimenarekin.

g) Erantzukizun publikoa. Gazteen autonomia eta emantzipazioa laguntzeko beharrezkoak diren neurriak sustatuko dira; eta, bereziki, gazte-politiken garapena eta gazteenganako arreta bultzatuko dira, eta gazteek lege honetan eta geroko garapenetan arautzen diren laguntza, jarduera, zerbitzu eta ekipamenduetara irispidea izatea erraztuko da.

h) Plangintza eta ebaluazioa. Antolamendu-esparru egokitua eta egonkorra ezarriko da gazte-gaietarako, aurrera eramango diren ekintza eta planteamendu guztietan koherentzia, eraginkortasuna, jarraitutasuna, baliabideen optimizazioa eta etengabeko hobekuntza bermatze aldera.

i) Hurbiltasuna. Berariaz gazteei zuzenduta dauden jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak nagusiki toki-mailan eskaini behar dira; hau da, deszentralizazioa eta herritarrekiko gertutasuna garatu behar dira.

j) Gazteen partaidetza demokratikoa. Gazteek gizartearen eraikuntzan osotasunez eta aktiboki parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko helburuz, gazteen eta EAEko administrazio publikoen arteko solaskidetza- eta elkarlan-guneak sortu eta sendotuko dira, elkarteak eta gazteen ekimenak sustatuko dira eta partaidetzaren kultura bultzatuko da, baita elkarteetan ez dauden gazteen artean ere. Era berean, gazteek parte hartuko dute gazteentzako politika eta baliabideak taxutu eta abiarazteko garaian, horiek gazteen eskari eta igurikimenetara egokitu daitezen.

k) Balioen sustapena. Gazteek balio demokratikoak gara ditzaten sustatuko da; hots, elkarbizitza, askatasuna, berdintasuna, tolerantzia, elkartasuna, jasangarritasuna eta bakearen eta giza eskubideen defentsa bultzatzera bideratutako programak eta ekintzak sustatuko dira.

l) Informazioa. Gazteek edozein unetan eskuratu ahal izango dute berei eragiten dieten politika eta jardun publikoei buruzko informazio osoa. EAEko administrazio publikoek lege honen ondorioz gazteen eskura jartzen duten informazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da.

m) Kalitatea, berrikuntza eta ikaskuntza soziala. Gutxieneko kalitate-estandarrak bermatuko dira eta, horretarako, autonomia-erkidegoaren mailan eta erabat bermatuta toki-autonomiaren printzipioa, finantza-nahikotasunaren printzipioa eta toki-erakundeen kudeaketa-ahalmenaren printzipioa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritakoaren arabera, gutxieneko baldintza material eta funtzionalak eta langileei buruzko gutxieneko baldintzak arautuko dira, zeinak bete beharreko oinarrizkoak izango baitira. Era berean, estandar horien hobekuntza eta, gazte-politikak garatzeko orduan, kalitatera bideratutako kudeaketa sustatuko dira. Gainera, gazte-politikak eraikitzeko oinarri gisa txertatuko dira etengabeko berrikuntza, ikaskuntza soziala, esperimentazioa eta negoziazioa.

n) Euskararen erabileraren normalizazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ikasi eta erabiltzea bermatuko da, eta gazteen artean euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko, bizitzaren esparru guztietan. Horrez gainera, gazteek EAEko administrazio publikoekin dituzten ahozko eta idatzizko harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta batean zein bestean hartua izateko eskubidea bermatuko da.

o) Kulturartekotasuna. Gazteek Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko errealitate kulturalak ezagutzea ahalbidetuko duten ekintzak eta programak bultzatuko dira, eta gazteek gure errealitatea kanpoan ezagutaraztea ahalbidetuko dutenak ere bai. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ez ezik, beste hizkuntza batzuk ikastea ere sustatuko da, hizkuntzak jakitea oinarrizkoa baita hainbat herrialde eta kulturatako gazteak elkarrekin komunikatzeko.

p) Atzerritar jatorriko gazteen integrazio osoa eta inklusioa, eta arreta ematea babesgabetasun-, bazterketa- nahiz pobrezia-egoerei, edo pobrezian sartzeko arrisku-egoerei, edo kalteberatasuneko beste egoera batzuei. Gazteen euskal gizarterako integrazio osoa eta inklusioa lagunduko da; arreta berezia emango zaie kalteberatasun handieneko egoerei, eta, bereziki, familia-erreferenterik ez duten pertsonei, indarkeria matxistaren biktimei, pobreziako edo gizarte-bazterketako egoeran daudenei eta desgaitasuna dutenei. Babesgabetasunaren eta bazterketaren arloko erantzukizun publikotik antolatuko da arreta, eta, behar den neurrian, administrazio-prozedura egokitu egingo da, babes-saretik irtendako pertsonei etengabeko arreta emateko; era berean, aukera-berdintasunaren mesedetan, erraztu egingo da familia-erreferenterik ez duten gazteei inklusio- eta emantzipazio-prozesuek aurrera jarraitzea ahalbidetuko dieten bizi-baldintza duinetara irispidea izatea, gazte horiek atzerritarrak izan edo ez, eta babes-saretik irtendakoak izan edo ez.

q) Elkarrizketa zibila. Elkarrizketa zibilaren printzipioari jarraikiz, EAEko administrazio publikoek parte hartzeko beharrezko guneak antolatuko dituzte, gazteek, haien ordezkari diren erakundeen eta sareen bitartez, eta, bereziki, Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren bitartez, eragiten dieten politiketan parte har dezaten, fase guztietan, gauzatze-fasea barne, elkarrizketa zibileko mahaien eta parte hartzeko beste gune eta prozesu batzuen bidez.

r) Irisgarritasun unibertsala, gizarte-inklusioa eta bizimodu independentea. Desgaitasuna duten gazteei dagokienez, EAEko administrazio publikoen jarduna bideratuko da irisgarritasun unibertsala, haien gizarte-inklusioa eta, bereziki, bizimodu independentea sustatzera, horretarako beharrezko baldintzak bultzatuta.

s) Euskal sektore publikoak eta hirugarren sektore sozialeko erakundeek sustatuko dituzte beren lankidetza, elkarlana eta partaidetza sostengatzeko, formalizatzeko eta bultzatzeko beharrezko baldintzak, erantzukizun publikoko jarduerei eta interes orokorreko beste jarduera sozial batzuei dagokienez, bai eta lankidetza edo elkarlanerako modu eta tresna berriak garatzeko eta egun ditugunak esku-hartze sozialeko esparru berrietara eta erantzukizun publikoko sistema berrietara zabaltzeko beharrezko baldintzak ere.

6. artikulua.– Gazte guztien eskubideak.

1.– Gazte guztiei, premia espezifikoak dituen kolektiboa izanik, haien babeserako eta autonomiadun gizarte-inklusiorako, honako eskubide hauek aitortzen zaizkie, horiek arautzen dituen euskal araudi berezian ezarritakoaren arabera, eta beste arau batzuetan aitortutako eskubideei kalterik egin gabe:

a) Prestazioak eta laneratzera bideratutako zerbitzuak jasotzeko eskubidea, Lanbideren edo erantzukizun publikoko beste ekimen batzuen bitartez.

b) Etxebizitza- edo ostatu-alternatiba duina, eta hala badagokio irisgarria, izateko eskubidea, alokairuaren eskaintza publikoaren, prestazio ekonomikoen edo EAEko administrazio publikoen beste neurri batzuen bitartez.

c) Diru-sarrerak bermatzeko prestazioak jasotzeko eskubidea, bai eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren beste prestazio batzuk jasotzekoa ere, gizarte-inklusiorako.

d) Gizarte Segurantzarako eskubidea.

e) Osasuna babesteko eta sustatzeko eskubidea, bai eta sexu- eta ugalketa-osasuna izatekoa ere, Euskal Osasun Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren prestazioen bitartez.

f) Hezkuntzarako eskubidea, osasunerako eta parte hartzeko hezkuntzarakoa barne, Euskal Hezkuntza Sistemaren eta Gazteriaren Sistemaren eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen bidez.

g) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea, herritar guztiei zuzendutakoak eta/edo gazteei bereziki zuzendutakoak.

h) Adingabeen eta gazteen justiziarako eta justizia errestauratiborako eskubidea, eta, bereziki, gizarte-bitartekaritzara eta gizarteratzera bideratutako erantzukizun publikoko prestazio eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea.

i) Emantzipaziorako eskubidea, a) letratik h) letrara aipatzen diren prestazio eta zerbitzuetarako irispidearen bitartez, eta, bereziki, gazteen emantzipazioa sustatzera berariaz bideratuta dauden Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko eskubidea, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusitako moduan.

j) Autonomiarako eta autodeterminaziorako eskubidea.

k) Gizartean parte hartzeko eta herritartasun aktiboa baliatzeko eskubidea, bai eta, zehazki, elkarrizketa zibilaren printzipioari jarraikiz, eragiten dieten politika publikoetan fase guztietan, gauzatze-fasean barne, parte hartzeko eskubidea ere, aniztasuna eta berdintasuna oinarri hartuta, haien ordezkari diren erakundeen eta sareen eta Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren bitartez.

l) Informaziora irispidea izateko eta administrazio publikoen gardentasunerako eskubidea.

m) Internetera eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietara irispidea izateko eskubidea, eten digitalean, desberdintasun-faktore denez, eta zuntz optikoaren hedapenean eragingo duten erantzukizun publikoko programen bidez.

n) Adierazpen-askatasunerako eskubidea.

o) Hizkuntza ofizialetan osotasunean ikasteko eta adierazteko eskubidea.

p) Erlijio- edo sineste-, kontzientzia- eta pentsamendu-askatasunerako eskubidea.

q) Aukera-berdintasuna izateko eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea.

r) Indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea.

s) Askotariko genero-identitatea aitortua eta errespetatua izateko eskubidea.

t) Norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea.

u) Kulturartekotasuna bermatzeko eta aitortzeko eskubidea.

v) Mugikortasunerako eskubidea.

w) Ingurumen jasangarri eta osasuntsua izateko eskubidea, eta ingurune kutsatu batetik babestekoa.

x) Garraio publikorako eta mugikortasun jasangarrirako eskubidea.

y) Kirolerako, jarduera fisikorako eta aisialdi hezigarrirako eskubidea.

2.– Aurreko apartatuko a) letratik i) letrara aipatzen diren erantzukizun publikoko sistemen prestazioak edo zerbitzuak, eta, oro har, baliabideak, eskuratzeko eskubidea eraginkortasunez egikaritzen dela bermatuko da horietarako irispidea arautzen duten arau espezifikoetan aurreikusitakoaren arabera.

I. TITULUA
EAE-KO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ESKUMENAK ETA ESKUDANTZIAK

7. artikulua.– Administrazio publikoen erantzunkidetasuna gazte-politiketan.

Administrazio publikoek konpromiso hauek hartzen dituzte:

1.– Sustatzea gazteen emantzipazioa eta autonomia pertsonala banakako ibilbideen bidez ahalbidetuko duten politika publikoak, gutxieneko diru-sarrerak bermatuko dituen gizarte-babeseko sistema bat eta eskolatik lanerako trantsiziorako laguntza profesionala, helburu izanda gizarteratzea eta laneratzea, etxebizitzarako irispidea eta gizarte-inklusioa lortzea.

2.– Hezkuntza, hala formal nola ez-formal, inklusibo, kalitateko eta eleaniztuna bultzatzea, gizarte-desberdintasunei aurre egiteko eta gizarte-kohesioa sortzeko tresna gisa.

3.– Kirola eta jarduera fisikoa, jolasa eta aisialdi hezigarri eta inklusiboa sustatzea, eta urratsak ematea aisialdi hezigarri eta inklusiboa haurren eta gazteen eskubidetzat aitortzeko; horretarako, baliabide-sarea progresiboki indartuko da lankidetza publiko-sozialetik, ekipo profesionalak, baliabideak eta zerbitzu didaktikoak esleituta.

4.– Genero-ikuspegia duten gazte-politika publikoak garatzea, gazteen artean benetako berdintasuna sustatzeko, erantzunkidetasuna eta genero-rolen dekonstrukzioa oinarri hartuta, bai eta prebentzio-, detekzio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak oinarri hartuta ere, mota guztietako indarkeriei buruzko zeharkako izaerarekin, batez ere indarkeria matxistari eta haurren aurkako indarkeriari buruz, sexu-jazarpena eta -ziberjazarpena barne.

5.– Aniztasunaren balioa sustatzea, arreta berezia eskainita sexu- eta genero-identitateari, -adierazpenari eta -orientazioari.

6.– Zaintzea, zeharkakotasunez, kolektibo kalteberetako gazteen, edo arrisku-egoeran daudenen, eta/edo desgaitasuna dutenen inklusioa, eta bermatzea gazte guztiek gizarte-baliabideetara irispidea izan dezatela, gazte horien lehentasunak eta premiak kontuan hartuta.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoan osasun publikorako irispide unibertsala bermatzea, bai eta kirolarekin eta gaixotasunen eta arrisku-jokabideen prebentzioarekin lotutako bizi-eredu eta -aztura osasungarriak sustatzeko programak bultzatzea ere.

8.– Kulturarako irispidea sustatzea, programa demokratizatzaileen bidez, eta gazteen sorkuntza eta hizkera artistiko eta sortzaileen garapena bultzatzea.

9.– Euskara eta euskal kultura sustatzea gazte etorri berrien inklusio-tresna gisa, eta errespetua, ezagutza eta kultura-trukea ere sustatzea; hainbat ekintza eta programa bultzatzea gazteek beste kultura-errealitate batzuk ezagut ditzaten ahalbidetzeko; erkidegoko hizkuntza ofizialekin batera, beste hizkuntza eta kultura batzuen ikaskuntza ere sustatzea, bereziki gure erkidegoan presente daudenena, bai eta zeinu-hizkuntzarena eta erromaniarena ere, jatorri desberdinetako gazteen arteko komunikaziorako oinarrizko tresna gisa.

10.– Kontsumo arduratsua, hurbilekoa, ekologikoa eta bidezkoa bultzatzeko programak sustatzea, gazteen artean bizi-eredu jasangarriak eta solidarioak bultzatzeko.

11.– Gazteek eta haien erakunde antolatuek zuzenean parte har dezaten segurtatzea, elkarteen, gazte-entitateen, Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta tokiko beste gazte-kontseilu batzuen bidez.

12.– Gazteen boluntariotza indartzea eta gizarte-aitortza bultzatzea, eskuratutako trebetasunak egiaztatuta.

13.– Gizarte digitalean, informaziorako eskubidea eraginkortasunez egikaritu dadin sustatzea, Internetera, software librera eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntzara irispidea izatea erraztuta.

14.– Gazteek gure lurraldean garraio publikorako eta mugikortasun jasangarrirako irispide eskuragarria izan dezaten sustatzea, bereziki kolektibo kalteberetakoak diren gazteek, arrisku-egoeran daudenek eta/edo desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala dutenek.

15.– Landa-eremuko gazteentzako programa espezifikoak sustatzea, aukera-berdintasuna eta zerbitzu publikoetarako irispidea bermatzeko, bai eta bizitza proiektu propioa garatzea bermatzeko ere.

16.– Gazteen mugikortasun-, topaketa- eta truke-programak bultzatzea, mundu osoko lurraldeetan zehar.

17.– Gizarte kolaboratiboa bultzatzea, errespetua izango duena ingurumenarekiko, naturarekiko eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko.

18.– Seme-alabak ardurapean dituzten eta pobrezia-, kalteberatasun- edo gizarte-bazterketako egoeran dauden familia gazteei zuzendutako politikak hedatzea.

8. artikulua.– Eskumenen banaketa.

1.– Eusko Jaurlaritzari dagozkio legegintzako ekimena eta erregelamenduak emateko ahala, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, berriz, gazteriaren arloko zuzeneko ekintza.

2.– Foru-aldundiei dagokie gazteriaren arloko arauak betearaztea, lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.

3.– Toki-administrazioak gazteriaren arloko arauak antolatzeko eginkizuna beteko du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.36 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Lege honen ondorioetarako, honako hau da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zuzeneko ekintza: interes orokorrekoak direlako edo baldintza ekonomiko, sozial edo tekniko bereziak dituztelako, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan eskaini behar diren gazteentzako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak gauzatzeko eskumena, hurrengo artikuluan zehaztuko den moduan.

5.– Baldin eta lege honetan jasota ez dagoen zuzeneko ekintzako jarduera, zerbitzu edo ekipamendu berriren bat sortzen bada, aurreko apartatuan adierazi diren baldintzak betetzen direla arrazoitu beharko da eta hala adierazi beharko du Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez, EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren nahitaezko txostena jaso ondoren.

6.– Toki-administrazioari eta foru-aldundiei dagokie gazte-politikak planifikatu, antolatu eta kudeatzea, bakoitzaren eskumenen eremuan.

9. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskudantziak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gazteriaren arloan dituen eskumenak eskudantzia hauetan gauzatzen dira:

a) Gazteriaren arloko Euskal Estrategia taxutzea, EAEko gainerako erakunde publikoekin elkarlanean. Estrategia horretan, zenbait esku-hartze ildo eta gidalerro jasoko dira, EAEko administrazio publikoek gazteriaren arloan garatuko duten jarduera bideratzeko balioko dutenak, zeinei esker lehentasunak ezarriko baitira eta bermatuko baita lege honetan jasota dauden helburuak eta eskudantziak eraginkortasunez gauzatzeko behar diren jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak autonomia-erkidego osoan homogeneoki eskainiko direla.

b) Gazte-politikak ebaluatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, erabat bermatuta toki-autonomiaren printzipioa, finantza-nahikotasunaren printzipioa eta toki-erakundeen kudeaketa-ahalmenaren printzipioa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritakoaren arabera, bai eta lege honen eta berau garatzen duten arauen betetze-maila ebaluatzea ere.

c) Koordinazio-lanak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak orekaz garatzea bermatzeko, halako eran non haietarako irispidean aukera-homogeneotasuna bermatuko baita; gazte-politikarekin lotutako eragileen eta profesionalen prestakuntza bultzatzea, eta esku-hartzearen arlo jakin batzuetan gazte-politikarekin bat egin dezaketen bestelako sistema eta politika publikoekin koordinazio-mekanismoak ezartzea.

d) Gazteriaren Euskal Sistemaren ordezkari izatea, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Erkidegotik kanpo.

e) Gazteriaren arloko zerbitzuak eskainiko dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatutzat aitortuak izateko bete behar diren betekizunak eta gutxieneko baldintzak ezartzea.

f) Berariaz gazteei zuzendutako zerbitzu eta ekipamenduak antolatzea. Horretarako, zerbitzuak eta ekipamenduak ireki, aldatu, jardunean jarri eta ixteko baldintzak eta langileen gaikuntza arautuko ditu, eta onespenak, itunak eta ikuskaritza, goi-ikuskaritza barne, egiteko arauak ezarriko. Erabat bermatu beharko dira toki-autonomiaren printzipioa, finantza-nahikotasunaren printzipioa eta toki-erakundeen kudeaketa-ahalmenaren printzipioa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritakoaren arabera.

g) Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra sortzea, arautzea eta mantentzea. Han, gutxienez, lege honetan eta berau garatzeko arauetan xedatutakoaren babesean onartu diren zerbitzu eta ekipamenduen onespenak, aldaketak, preskribatu gabeko zehapenak eta ixteak jasoko dira.

h) Gazte Elkarteen eta Gazteriari Zerbitzuak eskaintzen dizkioten Entitateen Zentsua sortzea, arautzea eta mantentzea, erregelamendu bidez garatuko denaren arabera.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio zuzeneko ekintzako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu hauek hornitzea, 8. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera:

1.– Emantzipatzeko informazioa, dokumentazioa, orientazioa eta laguntza ematea, bai eta Gazteriaren Sisteman sartzen diren gainerako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak ere, edo izaera pilotukoak, gazteen emantzipazioa sustatzera zuzenduak, betiere biztanleria-sektore horretan espezializatuta dagoen eta Euskal Autonomia Erkidego osorako irisgarria edo proiektatua den politikaren esparruan, eta kalterik egin gabe gainerako administrazioekin, hau da, foru- eta toki-administrazioekin, izan litekeen elkarlanari.

2.– Nazioarteko jarduerak eta programak eta plaza-trukean dautzan programak; gazteentzako ostatu eta aterpetxeekin eta gazteei zuzenduriko turismoarekin zerikusia duten jarduerak, eta gazteen arteko trukeak, hala lurralde historikoen artean nola Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten direnak, bereziki, beste autonomia-erkidego batzuekin eta nazioartean. Gainera, erraztasunak emango ditu gazteek gai horiei buruzko informaziora, kontsultara eta aholkularitzara irispidea izan dezaten.

3.– Gazteriarekin zerikusia duten arloei buruzko prestakuntza eta gazteekin lan egiten duten langileen prestakuntza, eta lurraldez gaindiko diplomak egitea.

4.– Eusko Jaurlaritzako organo eskudunarekin elkarlanean aritzea, gazteen ekintzailetza sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

5.– Dirulaguntzak ematea lurraldez gaindiko eremuan edo nazioartean Euskal Autonomia Erkidegoko gazteentzat programak eta jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuei; dirulaguntzak ematea lurraldeen, erkidegoen eta herrialdeen artean gazteak mugi daitezen sustatzeko eta aterpetxeak bultzatzeko, eta laguntzak ematea EAEko gazteek nazioarteko programetan parte hartzeko.

j) Gazteriaren Euskal Sistemaren egitekoak sustatzea.

k) Gazteen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

l) Entitate publiko eta pribatuak ikuskatzea, goi-ikuskaritza barne, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzeneko ekintzaren eskumenari lotuta dagoen zehatzeko ahala egikaritzea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotzen den moduan.

m) Lege honek eta berau garatzeko araudiak agindutako beste edozein eskudantzia.

2.– Gazteriaren Euskal Sistemaren definizioarekin bat etorriz, gazteriaren arloan eskumenak dituen sailari dagokio aurreko apartatuan aipatutako eskudantziak gauzatzea.

10. artikulua.– Foru-administrazioen eskudantziak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzeneko ekintza ezertan eragotzi gabe, lurralde historikoetako foru-organoek gazteriaren arloko arauak betearazteko duten eskumena eskudantzia hauetan gauzatzen da, kasuan kasuko lurralde-eremuaren barruan:

a) Gazte-politikaren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa gauzatzea kasuan kasuko lurralde-eremuan, Gazteriaren arloko Euskal Estrategian ezarritakoari jarraituz.

b) Gazteentzako informazio-zerbitzuak ofizialki onestea.

c) Haur eta gazte taldeen ostatu-hartze eta egonaldietarako aterpetxeak eta instalazioak ofizialki onestea.

d) Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak izendapen ofizialez onartzea, bai eta haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begiraleak eta zuzendariak trebatzeko moduluak ere; horrez gainera, lurraldez gaindikoak ez diren diplomak egitea ere badagokie.

e) Berariaz gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak sortzea, mantentzea eta kudeatzea, baldin eta kudeaketa hori ez bazaio esleitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari edo toki-entitateei lege honen bidez edo berau garatzeko beste arau batzuen bidez.

f) Gazteen emantzipazioa sustatzea lurralde historikoan, gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin koordinatuta, 9. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

g) Gazteen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea kasuan kasuko lurralde-eremuan.

h) Lurralde historikoko gazteentzat berariazko jardunak garatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuei dirulaguntzak ematea.

i) Kasuan kasuko jardunaren lurralde-eremuko prestazio eta zerbitzuei buruzko informazio eguneratua ematea, eta informazio hori erregelamendu bidez zehaztuko diren eguneratze-aldizkakotasunera eta Gazteriaren Euskal Sistemako datuen ezaugarrietara egokitzea.

j) Lege honetan eta berau garatzeko arauetan definituta dauden gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduak ikuskatzea eta kontrolatzea, beren eskumenen esparrukoak direnean.

k) Beren eskumen-esparruan zehatzeko ahala egikaritzea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotzen den moduan.

l) Lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotako beste edozein eginkizun, edo beren eskumen-esparruaren barruan esleitutakoak.

11. artikulua.– Toki-administrazioaren eskudantziak.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateei dagozkie, bakarka, kide diren mankomunitateen bidez edo udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakundeen bidez edo lege honen ondorioetarako eratuko direnen bidez, eskudantzia hauek:

a) Gazte-politikaren eremuko plangintza, antolaketa eta kudeaketa, lege honen 2. eta 3. artikuluetan definitu den bezala, hurrengo apartatuetan adieraziko diren eskudantziak barne, eta betiere Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Gazteriaren arloko arauen antolamendua, beren eremuaren barruan.

c) Gazteriaren arloko zeharkako politika koordinatzea erakundearen sailen artean.

d) Berariaz gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak sortzea, mantentzea eta kudeatzea beren eremuaren barruan, baldin eta kudeaketa hori ez bazaio esleitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari edo foru-administrazioei lege honen bidez edo berau garatzeko beste arau batzuen bidez.

e) Gazteen emantzipazioa bultzatzea udal-eremuan edo udalaz gaindikoan, foru-aldundiekin eta gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin koordinatuta, 9. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

f) Kasuan kasuko jardunaren lurralde-eremuko prestazio eta zerbitzuei buruzko informazio eguneratua ematea, eta informazio hori erregelamendu bidez zehaztuko diren eguneratze-aldizkakotasunera eta Gazteriaren Euskal Sistemako datuen ezaugarrietara egokitzea.

g) Gizarte-ekimenarekin parte hartzeko bideak ezartzea eta gazteen eta gazte-elkarteen partaidetza bultzatzea toki-eremuan.

h) Lege honetan eta berau garatzeko arauetan definituta dauden gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduak ikuskatzea eta kontrolatzea, beren eskumenen esparrukoak direnean.

i) Beren eskumen-esparruan zehatzeko ahala egikaritzea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotzen den moduan.

j) Lege honetan eta berau garatzeko arauetan jasotako beste edozein eginkizun, eta araudi espezifikoaren bidez agindutako bestelako eskudantziak.

II. TITULUA
GAZTE-POLITIKA GARATZEKO TRESNAK ETA NEURRIAK
I. KAPITULUA
GAZTERIAREN EUSKAL SISTEMA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

12. artikulua.– Gazteriaren Euskal Sistemaren definizioa.

1.– Gazteriaren Euskal Sistema da partaidetza soziala izan dezaketen eta titulartasun publiko zein pribatukoak izan daitezkeen erantzukizun publikoko jardun eta egituren multzo antolatu eta egonkorra, eta zeharkako esku-hartzeez eta berariaz haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduez osatua dago. Honako hauek lortzea da sistemaren helburua:

a) Gazteen premiak detektatzea.

b) Gazte izateagatik dagozkien eskubide guztiak egikaritzea, bereziki egoera ahulenean dauden gazteenak.

c) Gazteen autonomia eta emantzipazioa egikaritu dadin sustatzea.

d) Gazteen bizi-kalitatea hobetzea.

e) Haurren eta gazteen sustapena, eta haurrak, nerabeak eta gazteak sozialki eta kulturalki garatzea, bai norbanako gisa, bai talde gisa.

f) Gazteen partaidetza sustatzea, gazteen eta administrazio publikoen elkarrekiko harremanerako bideak ezarriz gazteei zuzenean eragingo dieten politika publikoen diseinua, gauzatzea, jarraipena eta ebaluazioa zehazteko, elkarrizketa zibilaren printzipioaren arabera.

g) Ekintza positiboko berariazko neurriak martxan jartzea, eskubideak eraginkortasunez egikaritu daitezen ahalbidetzeko; arreta berezia emango zaie gazte kalteberenei eta diskriminazio anizkoitzeko egoerei, ikuspegi intersekzional batetik.

2.– Lege honen ondorioetarako, Gazteriaren Euskal Sistemaren zuzeneko eskaintzaren hartzaile dira lege honen 2. eta 3. artikuluetan definituta dauden gazteak. Laguntza-zerbitzuen hartzaileak, aldiz, hauek dira nagusiki: gazteekin profesionalki edo ez-profesionalki lan egiten duten pertsonak; gazteriaren arloan erantzukizun politikoak dituzten pertsonak, eta gazte-elkarteetako kideak.

13. artikulua.– Gazteriaren Euskal Sistemaren egitura.

1.– Berariaz gazteei zuzenduta dauden jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak eta zeharkako gazte-politikak, Gazteriaren Euskal Sistema osatzen dutenak, toki- eta foru-mailan eta autonomia-erkidegoaren mailan egituratuko dira.

2.– Berariaz gazteei zuzenduta dauden titulartasun publikoko zein pribatuko jarduera, zerbitzu eta ekipamendu guztiak eta zeharkako gazte-politika guztiak, Gazteriaren Euskal Sistema osatzen dutenak, EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren bitartez koordinatuko dira, sistemaren kohesioa eta antolamendu eraginkorra bermatzeko eta, erantzukizun publikoari men eginez, haren batasuna ziurtatzeko.

3.– Gazteriaren Euskal Sistemaren jardunak koordinatu egin behar dira antzeko edo osagarrizko beste sistema eta politika publikoek zuzenean edo zeharka EAEko gazteei zuzenduta egiten dituzten jardunekin.

14. artikulua.– Gazteriaren Euskal Sistemaren jardun-arloak.

Gazteriaren Euskal Sistemaren jardun-arloan zerbitzu hauek daude:

a) Zuzenean eskaintzeko zerbitzuak:

1.– Informazioa, dokumentazioa, orientabidea eta akonpainamendua.

2.– Aisialdi hezigarria eta hezkuntza ez-formala.

3.– Adierazpen- eta partaidetza-bideak.

4.– Sorkuntzarako eta ekoizpenerako laguntza.

5.– Gazteen enplegurako laguntza.

6.– Mugikortasuna, ostatua eta etxebizitzaren bilaketa.

7.– Gazteen autonomiaren eta emantzipazioaren zein bizitza independenteko proiektuen sustapena.

b) Laguntza-zerbitzuak:

1.– Gazte-politikaren sustapena eta koordinazioa.

2.– Azterlanak eta dokumentazioa.

3.– Gazteekin profesionalki edo ez-profesionalki lan egiten duten pertsonen, gazteriaren arloan erantzukizun politikoak dituzten pertsonen eta gazte-elkarteetako kideen prestakuntza.

4.– Aholkularitza eta kontsultoretza, aholkularitzako senior-boluntariotza barne.

5.– Laguntza-baliabideak.

15. artikulua.– Gazteriaren Euskal Sistemaren Zerbitzu Katalogoa.

1.– Gazteriaren Euskal Sistemaren Zerbitzu Katalogoa zera da: EAEko administrazio publikoek lege honen 2. eta 3. artikuluetan ageri diren hartzaileei eskaintzen dizkieten eta aurreko artikuluan jasota dauden zerbitzuak identifikatzeko balio duen tresna.

2.– Zerbitzu hauek jasoko dira katalogoan, lege honetan araututakoaren arabera:

a) Haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako baliabideen eta jarduera soziokulturalen eskaintza eta topagune diren espazioak.

b) Gazteentzako informazioa, dokumentazioa, orientabidea eta akonpainamendua.

c) Haur eta gazte taldeentzako ostatu-hartze eta egonaldiak.

d) Gazteen prestakuntza eta gazteekin lan egiten duten langileen prestakuntza.

16. artikulua.– Gazte-politiken arloko profesionalak.

1.– Gazte-politiken arloko profesionalak dira gazteentzako planak, programak edo proiektuak ikertu, diseinatu, zuzendu, aplikatu edo ebaluatzen dituzten pertsonak, administrazio publikoetan eta elkarteetan, gazte-politiken esparruan.

2.– Gazteriaren arloko eskumena duten administrazio publikoek sustatu behar dute gazte-politiken arloko profesionalek, bai eta aisialdi hezigarria bezalako esparruetako boluntarioek ere, etengabeko prestakuntza izatea, bai oinarrizkoa bai espezializatua, zeinak bermatuko baitie gazteriaren arloko gaiei buruzko ezagutza teoriko eta praktiko nahikoa izatea.

3.– Gazte-politiken arloko profesional talde bakoitzarentzako eginkizun zehatzak hauen artetik definituko dira:

a) Plangintza estrategikoa diseinatu, koordinatu eta ebaluatzea gazte-politiketan.

b) Profesionalen lanaren xede diren gazteen egoerari buruzko ikerketa eta azterketa garatzea.

c) Proiektuak planifikatu, aplikatu eta ebaluatzea gazte-politiketan.

d) Haien gazteria-sailaren edo -arloaren baliabideak kudeatzea.

e) Lurralde jakin batean, eremu publikotik zein pribatutik, gazteriaren arloan esku hartzen duten eragileen sareko lana eta zeharkako koordinazioa bultzatzea.

f) Gazteen eta haien erreferentziazko lurraldeko gazte-politikak gauzatzen dituzten eragileen artean behar diren solaskidetza-guneak ahalbidetzea.

g) Gazteentzako ekipamenduak eta zerbitzuak kudeatu eta dinamizatzea.

h) Haien lurraldeko gazteekin harreman zuzena izatea eta arreta pertsonalizatua ematea, kalitatezko erantzuna, gazteen premia espezifikoetara egokituko dena, bermatzeko.

i) Gazteen intereseko informazioa zabaltzea egoki diren une, formatu eta bideetan.

j) Gazteen intereseko informazioa kudeatzea, dagozkion ikerketa eta tratamendu dokumentala eginda eta informazioaren kalitatea zainduta.

k) Zehaztu daitezkeen bestelako eginkizunak.

4.– Gazte-politiken arloko profesional guztiek eta halako politikekin zerikusia dutenek gaikuntza espezifikoa izango dute, lege honetan eta aplikatu behar den gainerako araudian araututakoaren arabera.

5.– Berdintasunaren arloko gutxieneko gaikuntza espezifikoa bermatuko zaie gazte-politikak aplikatu behar dituzten profil profesionalei edo gazte-politikekin harremana dutenei.

6.– Bultzatuko da lantaldeak sortzea Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoan eta Gazteriaren Sailarteko Batzordean arau honetan berdintasunaren arloan xedatzen diren neurrien eta jardunen gaineko aholkularitza, ebaluazioa eta jarraipena egiteko. Halaber, arloan eskumena duen saileko adituen aholkularitza ere baliatuko da berdintasunaren eta gazteriaren arloko neurrien eta jardunen gaineko aholkularitza, ebaluazioa eta jarraipena egiteko.

2. ATALA
GAZTERIAREN ARLOKO ZEHARKAKO POLITIKA SUSTATZEKO TRESNAK ETA NEURRIAK

17. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– Gazteengan eragin zuzena duten arauak, planak eta programak, dirulaguntzen programak eta administrazio-egintzak prestatu eta aplikatzean, EAEko administrazio publikoek modu aktiboan izango dute kontuan gazteen autonomia eta emantzipazioa lortzen laguntzearen helburua.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa betetzeko, EAEko administrazio publikoen mende edo horiei lotuta dauden sail, organismo autonomo eta erakunde publikoek lege honetan ezarritakoari jarraitu behar diote. Nolanahi ere, foru- eta toki-erakundeek, beren eskumenak egikarituz eta beren arauetan dauden berezitasun formal eta materialak aplikatuz, artikuluotan ezarritakoa beren antolakuntza-beharretara eta behar funtzionaletara egokitu ahal izango dute.

3.– Lege honi jarraikiz gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatzeko neurriak ezartzean, kontuan hartu behar dira 5. artikuluan adierazitako printzipio orokorrak.

4.– Arau honen babesean garatuko diren laguntzei dagokienez, ezin izango zaie inolako laguntza edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten edonolako jarduerei, ez eta sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere. Era berean, EAEko administrazio publikoek ezin izango diete inolako laguntzarik eman sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten kultura-jarduerei, jarduera artistikoei, jai-girokoei, kirol-jarduerei eta euskararen normalizazioaren arloan egindakoei, eta administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan administrazioaren ordezkari gisa parte hartu.

18. artikulua.– Arau eta plan sektorialen eragina.

1.– Gazteengan zuzeneko eragina duten Eusko Jaurlaritzaren lege-aurreproiektuekin, erregelamendu-proiektuekin eta planekin batera aurkeztu behar diren memorietan, araudiak edo planak gazteengan zer-nolako eragina izango duen adierazi behar da.

2.– Bestalde, Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak jarraipena egingo die aurreko apartatuan adierazitako legeen, erregelamenduen eta planen taxutze-, gauzatze- eta ebaluazio-lanei, lege honen eta beronen garapenaren edukia betetzen dela bermatzeko egokitzat jotzen dituen orientabideak eta alegazioak egite aldera. Horretarako, eskuragarri dauden mekanismoak eta tresnak erabiliko ditu.

3.– Aurreko apartatuen ondorioetarako, bermatu egingo da EAEko botere publikoek beren azterlanak eta estatistikak lantzean egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketetan sexu-aldagaia sistematikoki sartzen dela, bai eta eragiketa estatistikoetan adierazle berriak sartzen direla ere, emakume eta gizon gazteen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta premietan dauden ezberdintasunak, aztertuko den errealitatean horiek duten adierazpena eta errealitate horrekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea ahalbidetzeko, eta beste aldagai batzuen eragina ezagutzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatu eta sartzen direla, aldagai horiek agertzeak diskriminazio anizkoitzeko egoerak sorrarazten baditu esku-hartze eremuetan.

4.– EAEko botere publikoen betebeharra izango da lagin nahikoa zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaiaren arabera ustiatu eta aztertu ahal izateko eta datuak emakume eta gizon gazteek esku-hartze eremuetan dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premiak ezagutu ahal izateko moduan ustiatzeko, eta gaur egun dauden definizio estatistikoak berrikusi eta, hala badagokio, egokitu ahal izateko, emakume gazteen lana aitortzen eta balioesten laguntzeko eta emakume gazteen zenbait kolektiboren estereotipatze negatiboa saihesteko helburuz.

Ohiz kanpoko kasuetan soilik justifikatu ahal izango da gorago zehaztutako betebeharretako bat ez betetzea. Horretarako, txosten arrazoitua aurkeztu beharko da, organo eskudunak onetsia.

19. artikulua.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartuko du Gazteriaren arloko Euskal Estrategia, non bilduko baitira, koordinatuta eta globalki, EAEko administrazio publikoek gazteriaren arloan garatu behar duten jarduera gidatuko duten esku-hartze ildoak eta gidalerroak, izaera orokorrekoak eta administrazio bakoitzaren eskumen-esparrua errespetatuko dutenak. Gero, Eusko Legebiltzarrari emango dio horren berri, bai eta estrategiaren ebaluazioaren edo betetze-mailaren berri ere, urteko memoria bidalita.

2.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategia prestatzeko lanetan, udalerriek, aldundiek eta gazteek parte hartuko dute, koordinatuta, eta Erakundearteko Koordinazio Organoak eta Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak txostena egingo dute.

3.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategiak gazteen emantzipazioa eta autonomia bultzatuko duten neurri eta helburu zehatz batzuk izango ditu, bat etorriko direnak hurrengo artikuluan jasota dauden esku-hartze ildoekin, EAEko gazteen batez besteko emantzipazio-adina progresiboki murriztu eta haien igurikimenetara egokitzeko.

4.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategiak genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatuko ditu hura diseinatzean, hedatzean eta ebaluatzean, eta gaitu egingo ditu eragileak xede horretarako.

5.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategiak beharrezko baliabideak eta aurrekontuak izango ditu bere diseinua, gauzatzea, ebaluazioa eta jarraipena egiteko eta bermatzeko.

20. artikulua.– Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren esku-hartze ildoak.

Aurrerantzeko estrategiak gazteen gaitasunak, ekimena, autonomia eta emantzipazioa sustatzera bideratuko dira, aniztasuna aintzat hartuta. Eta, beraz, honako hauei arreta eskainiko diete beti:

– Hezkuntza formala eta ez-formala, arreta berezia emanda autonomiarako balioei eta gaitasunei.

– Partaidetza soziala.

– Enplegua, etxebizitza eta babes soziala.

– Berdintasuna, kohesio soziala, aniztasuna eta elkarbizitza, genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia sustatuta eta besteak beste adinaren, generoaren eta jatorriaren ziozko diskriminazioari aurre eginda. Ziurtatuko da emakumeen eta gizonen berdintasuna, sexu- eta genero-aniztasuna, eta autonomia eta erantzunkidetasuna esku hartzeko ildo orientatzaile direla lehenetsitako gainerako esku-hartze ildoetan genero-ikuspegia txertatzeko.

Gazteriaren arloko Euskal Estrategiak lehentasuna emango die eskari eta premien bilakaerari ondoen erantzuten dieten esku-hartze ildoei, honako ildo hauen eta dagokion aldian egindako diagnostikotik eratorritako beste batzuen artetik.

a) Gazteak eta enplegua.

EAEko administrazio publikoek programa espezifikoak eta ekintza zehatzak sustatuko dituzte, gazteak laneratu daitezela erraztu eta bultzatzeko eta gazteek kalitatezko enplegua eskura dezatela sustatzeko; horrez gainera, lan-egonkortasunaren alde egingo dute besteren konturako kontratuetan, bai eta gazteen lan-eskubideak, osasuna eta prebentzioa bermatzearen alde ere, eta kontratazioaren arloko iruzurraren aurkako neurri zehatzak hartuko dituzte, praktiken iruzurrezko erabileraren aurkakoak barne, iruzurren biktimak babestu eta laguntzearekin batera.

Zehazki, ondokoak bultzatuko dira:

– Lan-esperientzia hartzea, gazte bakoitzak Gazteentzako Berme Sistemaren bitartez lan-eskaintza bat jasotzen duela ziurtatuta, bai eta prestakuntza-programak, praktikak eta kontratazioa bultzatzeko neurriak ere, hala nola Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeko zerga-pizgarriak eta dirulaguntzak, helburu hori duten pizgarriei eta dirulaguntzei lotutako kontratuen egonkortasun-klausulekin.

– Etengabeko prestakuntza eta ikaskuntza, bereziki hezkuntzaren aldetik gabeziaren bat duten gazteei edo ikasketak utzi dituztenei begira; horretarako, prestakuntza erraztuko dieten neurriak hartuko dira, halako gazteek lanpostu egoki bat lor dezaten.

– Gazteen ekintzailetza, duina eta kalitatezkoa, autoenplegua barne dela, bai eta proiektu kooperatiboak eta ekonomia sozial eta eraldatzaileko beste proiektu batzuk ere.

– Berariazko neurriak, emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunerako eskubidea eta ordainsariaren arloan emakumeen eta gizonen artean diskriminaziorik ez izateko eskubidea egikaritzeko, gazteen enpleguko ordainsari-berdintasunari dagokionez, 902/2020 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 28.1 artikuluan jasotako printzipioa, balio bera duen lanagatik ordainsari bera ordaintzearena, betez.

– Desgaitasuna duten gazteek lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrietan enplegua lor dezatela eta hari euts diezaiotela sustatzeko neurriak, haien lanerako eskubidea bermatzeko helburuz.

b) Gazteak eta hezkuntza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gazteen aldeko hezkuntza- eta prestakuntza-politikak planifikatzeko eta gauzatzeko garaian, hezkuntza formala eta ez-formala laguntzeko ekintzak koordinatuko ditu. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza eta erabilera bermatuko ditu, bai eta beste hizkuntza batzuena ere, gure autonomia-erkidegoko gazteek hezkuntza eleaniztuna izan dezaten. Gutxienez honako gaitasun-maila hauek izatea ezarriko da helburutzat: B1 bi hizkuntza ofizialetan Lehen Hezkuntza amaitzean eta B2 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean; atzerriko hizkuntzan, berriz, A2 eta B1 hurrenez hurren.

2.– Arreta berezia emango zaio balio hauetan hezteari: bakea eta gatazkak konpontzeko modu baketsuak; giza eskubideen errespetua; elkartasuna; erantzukizuna; sexu-hezkuntza integrala, aukera-berdintasuna, bereziki emakumeen eta gizonen artekoa, barne hartuko duena; hezkidetza; autozaintza; aniztasun sexuala; bizi-ohitura osasungarriak, eta jokaera matxisten prebentzioa nahiz emakumeen edo sexu- eta genero-estereotipoak betetzen ez dituzten beste pertsona batzuen aurkako indarkeriaren prebentzioa. Orobat bultzatuko dira jasangarritasuna eta jokaera xenofoboen edo arrazisten prebentzioa, bai eta arraza, sexua, orientazio sexuala edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial oinarrian dituen bestelako edozein diskriminazio motaren prebentzioa ere. Hartara, gazteengan elkartasuna eta bestelakoa denarekiko errespetua eta balioespena sustatuko dira. Halaber, eskola-jazarpenaren, ziberjazarpenaren eta suizidioaren prebentziorako hezkuntza-programak ahalbidetuko dira.

3.– Gazteek atzerrian prestakuntza jasotzea sustatuko da, eta EAEra itzultzeko neurri zehatzak ere bultzatuko dira.

4.– Neurriak bultzatuko dira dibertsitate funtzionala edo desgaitasuna duten gazteei irakaskuntza-maila guztietan hezkuntza inklusiborako duten eskubidea bermatzeko.

c) Gazteak eta etxebizitza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gazteen autonomiarako eskubidea bermatzeko, gazteek etxebizitza duina eskuratzeko politika aktiboa garatuko du, gazteen profil espezifikoei eta gazteen aniztasunari arreta ipinita; horretarako, etxebizitzarako eskubide subjektiboa garatuko du, eta, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea garatzeko, gazteen zailtasun bereziak, nagusiki ekonomikoak, arintzeko politikak eta neurriak abiaraziko ditu, eta merkatu libreak etxebizitza eskuratzeko eskaintzen dituenak baino baldintza hobeak eskainiko dizkie gazteei.

2.– Xede horrekin, gazteentzat alokairu-formula duinak jasoko dituzten neurri, programa eta planak bultzatuko ditu, alokairuko etxebizitza-parke publikoa handitzea eta etxebizitza hutsak mobilizatzea barne hartuta, eta gazteen errealitateetara zuzendutako programa espezifikoak egokituta; halaber, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa eguneratuko ditu, beren eginkizuna betetzen jarrai dezaten. Horretan guztian, arreta berezia ipiniko zaie merkatu pribatuan alokairuko etxebizitza eskuratzea eragozten duten egoera ekonomikoak dituzten pertsonei. Era berean, zehapen espezifikoak ezarriko dizkie alor honetan atzemandako diskriminazio- eta abusu-egoerei.

3.– EAEko administrazio publikoek aldi baterako zuzkidura-bizitokiak eta gazteentzako etxebizitza komunitarioak nahiz belaunaldiartekoak bultzatuko dituzte, bai eta, alor honetan, gazte- eta gizarte-kooperatibismoa ere. Halaber, neurriak sustatuko dituzte desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten gazteei etxebizitza duin, egoki eta irisgarri baterako eskubidea bermatzeko.

d) Gazteak eta emakumeen eta gizonen berdintasuna.

1.– EAEko administrazio publikoek gazte-politiketan genero-ikuspegia txertatzea sustatuko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarreko legedi autonomikoarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako legediaren printzipio orokorrekin bat.

2.– EAEko administrazio publikoek gazteek prestakuntza jasotzea sustatuko dute, haien garapen integralean oinarrituta eta sexu- edo genero-identitatearen araberako estereotipoak eta rolak baztertuta. Horretarako, hezkidetza eta etengabeko sexu-hezkuntza integrala bultzatuko dituzte ikastetxeetan.

3.– EAEko administrazio publikoek hainbat neurri bultzatuko dituzte, gazteen artean indarkeria sexista gerta ez dadin, hainbat estrategia sustatuta.

4.– EAEko administrazio publikoek, gazteekin batera gizarte-eraldaketarako eragile diren neurrian, aurrera egingo dute gizarte berdinzaleagoa, parekidea eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabekoa eraikitzeko; hartara, politika intersekzionalak garatuko dira, diskriminazio eta bazterketa mota guztiei aurre egiteko.

5.– Lan-lerro bat sustatuko da emakume gazteekin soldata-arrakalaren aurkako borrokan, berariazko helburu eta aurrekontuak izango dituena, bai eta berariazko neurriak ere desgaitasuna duten emakume gazteak, landa-ingurunean bizi direnak eta emakume migratuak, besteak beste, gazteriari, berdintasunari eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politiketan txertatu eta ikusarazteko.

e) Gazteak eta sexu- eta genero-aniztasuna.

1.– EAEko administrazio publikoek gazteei zuzendutako jardunetan eta, zeharkakotasunez, politika publiko guztietan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea sustatuko dute.

2.– Horretarako:

a) Zaindu egingo dute ezein gazte ez diskriminatzea bermatzen dela, bat etorriz transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluko 3. puntuan aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuari buruz esaten denarekin.

b) Sustatu egingo dituzte bizitzan zeharreko sexu-hezkuntza integrala eta gazte guztien ongizate sexuala, haien sexu- eta ugaltze-eskubideen eta sexu- eta ugaltze-osasunaren errespetuan, babesean eta sustapenean oinarrituta, hala nola planifikatu gabeko haurduntzen, sexu-transmisiozko infekzioen edo emakumeen mutilazio genitala bezalako praktika kaltegarrien prebentzioa, edo amatasunari eta/edo aitatasunari eman beharreko arreta.

c) Hezkuntza formalean eta ez-formalean protokoloak ezarriko dituzte, zeinak sektoreko profesionalekin landuko baitira.

d) Berariazko neurriak bultzatuko dituzte gazteriari, berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko politiketan emakume gazteen sexu- eta genero-aniztasuna txertatu eta ikusarazteko.

e) Sustatu egingo dituzte behatokien lana eta elkarteekin batera egindako erakundeen jarduna, LGTBIfobiari aurre egiteko eta arreta-, jarraipen- eta ahalduntze-prozesuak garatzeko. Ekonomikoki hornitutako jardunak edukiko dituen estrategia bat izango du Berdinduk.

f) Gazteak eta gizarte-zerbitzuak.

EAEko administrazio publikoek gizarte-zerbitzuen politikak gazteen premien arabera egokitzea bultzatuko dute, eta sendotu egingo dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak gazte guztien autonomia pertsonalari, gizarte-integrazio eta -inklusioari eta komunitate-garapenean duten parte-hartzeari egiten dien ekarpena.

g) Gazteak eta kultura.

EAEko administrazio publikoek neurriak hartu eta beharrezko baliabide zehatzak ezarriko dituzte, gazteek baldintza-berdintasunean kulturara irispidea izan dezaten; hartara, gazteek kulturaren, bereziki euskal kulturaren, sorkuntzan, sustapenean, erabileran, kontsumoan, zabalkundean eta transmisioan parte har dezaten sustatuko dute, eta xede horri eta gazteen ezaugarriei egokitutako parte hartzeko gune eta mekanismoak taxutuko dituzte.

h) Gazteak eta kirola.

Gazteek kirola aukera-berdintasunez egitea sustatuko dute EAEko administrazio publikoek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean; izan ere, gazteek ohitura osasungarriak hartzeko sentsibilizazio-lanetan lagundu dezake kirolak, eta, gainera, balioak sustatzen ditu.

i) Gazteak eta aisialdia.

1.– EAEko administrazio publikoek neurri zehatzak hartuko dituzte gazteei eskaintzen zaizkien aisialdiko jardueren hedadura eta kalitatea handitzeko asmoz, eremu horretan gazteek dituzten nahiak eta premiak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta aisialdia aprobetxatzea, eta modu osasungarrian eta hezkuntza- eta prestakuntza-helburuekin erabiltzea, funtsezko elementua dela nortasuna garatzeko eta modu kolektiboan bizitzen ikasteko.

2.– Halaber, aisialdi-eredu inklusibo, bidezko, zuzen, unibertsal eta kolektibo baten alde lan egingo dute, inor atzean utziko ez duena, eta gazteak aisialdi-politika, -zerbitzu eta -jardueren diseinuan, gauzatzean, jarraipenean eta ebaluazioan integratuko dituzte.

j) Gazteak, osasuna eta prebentzioa.

1.– EAEko administrazio publikoek osasun fisikoa eta mentala eta ohitura osasungarriak sustatuko dituzte. Bereziki, arreta ipiniko diote osasun mentalari edo emozionalari, bai eta osasunerako eta sexualitaterako heziketari, eta, zehazki, honako hauek prebenitzeari eta, hala badagokio, jorratzeari edo tratatzeari: portaera- eta elikadura-desorekak, droga-mendekotasunak eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk, suizidioa, transmisio sexualeko infekzioak eta planifikatu gabeko haurduntzak, bullying edo eskola-jazarpena eta jazarpen digitalaren modu berriak, eta trafiko-istripuak.

2.– Era berean, lan-osasuna babesteko, hobetzeko eta zaintzeko neurriak bultzatuko dira, eta laneko ezbeharrak saihestekoak ere bai; hartara, prekaritatean eragingo da horien jatorrian dagoen faktore denez. Orobat bultzatuko dira mobbing edo laneko jazarpena prebenitzeko eta lantzeko neurriak.

3.– Hori guztia osasunaren eta lanaren eremuan gazteei zuzendutako programa, proiektu eta kanpainen bidez, eta generoaren eta dibertsitate funtzionalaren ikuspegitik, kontuan hartuta emakume gazteen eta desgaitasuna duten gazteen egoera, premiak eta jomugak.

k) Gazteak, ingurumena eta ekologia.

1.– EAEko administrazio publikoek gazteei, ekologiari eta ingurumenari begira garatzen dituzten politiken eta jardunen helburua izango da sentsibilizazioa eta kezka zabaltzea gazteen artean ingurunea babesteari eta hartaz erantzukizunez gozatzeari buruz eta inguruan dituzten arazo ekologikoei buruz, honako xede hauek lortzeko helburuarekin: natura-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, belaunaldien arteko elkartasuna sustatzea eta gazteak ingurumenarekin engaiatzea.

2.– Era berean, gazteen partaidetza sustatuko da klima-larrialdiaren aurkako eta trantsizio ekologiko eta sozial justuaren aldeko ekimen herritar nahiz instituzionaletan, bai eta jasangarritasun-planetan eta partaidetza-organo eta -foroetan ere.

l) Gazteak eta kontsumoa.

1.– EAEko administrazio publikoek gazteen prestakuntza sustatuko dute, informazio-kanpainen edo programa espezifikoen bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak ezagutu eta arduraz, ikuspegi kritikoz eta elkartasunez erabil ditzaten.

2.– Era berean, sustatu egingo da arrazoizko kontsumoaren kultura, bai eta kontsumo-eredu jasangarria eta bidezko merkataritza-eredua ere; hartara, elikadura-burujabetzaren aldeko ekimenak bultzatu eta gazteek kontsumo- eta ekoizpen-dinamiketan parte hartzeko baliabideak lagunduko dira, haien proiektuak garatzeko baliabideak ezarrita.

m) Gazteak eta informazioaren gizartea.

1.– EAEko administrazio publikoek sustatuko dute:

a) Gazteek informazioaren eta komunikazioaren teknologietara irispidea izatea, behar diren baliabide teknologikoak eta konexioak emanda, gero eta digitalagoa den gizartean funtsezko desberdintasun-faktore den eten digitala saihesteko; halaber sare sozialetara eta ohiko komunikabideetara irispidea izatea.

b) Gazteen ekimena eta teknologia, sare eta komunikabide horien sormenezko erabilera berritzailea, gazteak informazioaren gizartearen benetako partaide izan daitezen.

2.– Halaber, bultzatuko dute gazteek beren ikuspegia helaraztea eta iritzi publikoa eratzen parte hartzea funtsezko gaiei buruz, hala nola gizarte-kontratua osatzen duten eta osatu behar duten eskubide eta betebeharrei buruz, gizarteari egiten dioten ekarpenari eta harengandik behar dutenari buruz, eta lortu nahi duten gizarte-ereduari eta haren oinarri diren funtsezko zutabe eta balioei buruz, hala nola giza eskubideak, bakea, askatasuna, berdintasuna, justizia eta elkartasuna, belaunaldien artekoa ere bai, aniztasuna balioestea eta kohesioa, euskara eta euskal kultura balioestea, parte-hartzea, jasangarritasuna edo herrialdeen eta herrien arteko lankidetza.

n) Gazteak eta boluntariotza.

EAEko administrazio publikoek gazteek beren intereseko gaietan boluntario gisa lan egitea sustatuko dute.

o) Gazteak, landa-ingurunea eta kostaldeko ingurunea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak neurriak planifikatu eta garatuko ditu, batez ere, enpleguari eta etxebizitzarako eskubideari dagokienez, gazteak landa-ingurunean eta kostaldeko ingurunean geratu eta finkatu daitezen; arreta berezia emango zaie gazte nekazariei, abeltzainei, akuikultura-ekoizleei, arrantzaleei eta beste edozein sektoretako gazte ekintzaileei. Horrez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bermatuko du ingurune horretako gazteek eta hiriko gazteek ekitatez izango dutela irispidea baliabide sozial, ekonomiko eta kulturaletara.

2.– Lege honen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, landa-inguruneko eta kostaldeko inguruneko programa eta planei dagokienez, gaztetzat hartuko dira landa-inguruneko eta kostaldeko inguruneko programa eta planetan ezartzen diren adin-tarteetan kokatuta dauden pertsonak.

3.– Era berean, EAEko administrazioek gazteek lehen sektoreko jardueran hasteko abiatutako ekintzailetza-proiektuak sustatuko dituzte, bai eta ustiategietako erreleboan sartzeko baliabideak ezarriko ere.

p) Gazteak eta mugikortasuna.

EAEko administrazio publikoek EAEko gazteen aukera-berdintasuna bermatuko dute, beste autonomia-erkidego eta herrialde batzuetan ikasketak, ikastaroak eta jarduerak burutzeko programak garatuko dituzte, eta mugikortasuna bultzatuko dute. Hartara, EAEko gazteek aniztasuna eta kultura-aberastasuna ezagutzea sustatuko da, haien prestakuntza eta laneratzea erraztuko dira, eta hainbat balioren sustapena eta giza eskubideekiko errespetua lagunduko dira.

q) Gazteak, mugikortasuna eta garraio publikoa.

EAEko administrazio publikoek garraio publikoa bultzatuko dute, bai eta automobil indibidualaren aurrean garraio publikoa lehenestea ere; orobat sustatuko dituzte gazteak garraio publikoaren ohiko erabiltzaile izateko behar diren baldintza guztiak. Halaber, lan egingo dute herri txikietan eta auzoetan irisgarritasun unibertsala hobetzeko.

r) Gazteak eta elkarbizitza.

EAEko administrazio publikoek neurri zehatzak hartuko dituzte gazte guztiek aukera berberak izan ditzaten. Hartara, bazterketa ekartzen duten alderdietan eragingo dute, adinaren arabera bazterketak duen eragin bereizgarria aintzat hartuta, baina baita generoaren edo jatorriaren arabera duena ere, beste faktore batzuen artean; halaber, bizitza duina garatzeko beharrezko baliabideak bideratuko dituzte, arreta berezia ipinita gazte kalteberenen eta pobrezia- edo bazterketa-egoeran, edo horietan sartzeko arriskuan, daudenen bizi-baldintzei eta errealitateari. Orobat bultzatuko dituzte gizarte-kohesioa eta belaunaldien arteko elkartasuna eta berdintasuna.

s) Gazteak, autonomia eta erantzunkidetasuna.

EAEko administrazio publikoek bultzatuko dute pertsona guztiek, sexua gorabehera, eguneroko bizitzak berekin dakartzan zereginetan, hala nola etxeko lanetan eta norberaren nahiz besteen zaintzan, parte hartzea eta erantzukizuna hartzea.

t) Atzerrian dauden gazte euskaldunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatuko du EAEko gazteen egoerari buruzko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gazteei begira egiten dituen planei eta politikei buruzko informazio- eta erreferentzia-guneak egotea atzerriko euskal etxeetan, atzerrian bizi diren gazteek informazio zehatza eta gaurkotua izan dezaten.

2.– Halaber, atzerriko euskal etxeetako gazteekin elkarlanean aritzeko eta trukeak egiteko bideak sustatuko dira.

3.– EAEra itzuli nahi duten gazteei horretarako laguntza emango zaie.

u) Gazteak eta sexualitateentzako arreta integrala.

1.– EAEko administrazio publikoek behar diren politika publikoak bultzatuko dituzte xede hauetarako: gazte guztiek sexualitatea askatasunez adieraz dezaten sustatzea; bermatzea eta irispidea ematea sexu-hezkuntza eta -informazio integraletara eta sexu-aholkularitzara, norberaren ongizatea eta subjektu sexudunen arteko harreman sinergikoak sustatzeko, bai eta harreman erotiko gogobetegarriak ere; eta sustatzea gazteek parte har dezaten beren sexu- eta ugalketa-eskubideen gainean.

2.– EAEko administrazio publikoek beren jardun guztietan ziurtatuko dituzte gizon eta emakume gazteen arteko aukera-berdintasuna eta gazte guztien sexu-aniztasuna eta sexu- eta ugalketa-osasuna, bai eta indarkeria matxistaren eta LGTBIfobiaren prebentzioa eta horien biktima diren gazte guztientzako arreta ere.

v) Gazteak eta komunitatearekiko errotzea.

EAEko administrazio publikoek baliabide zehatzak ezarriko dituzte hala nahi duten gazteek beren auzo, herri eta hirietan bizi-proiektuak gara eta finka ditzaten.

w) Gazteriaren Sistemarako irispidea.

EAEko administrazio publikoek neurriak hartuko dituzte pobreziako eta gizarte-bazterketako egoeran dauden gazteek Gazteriaren Euskal Sistemaren eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen zerbitzu guzti-guztiak jaso ahal izan ditzan.

x) Gazteak eta euskara.

1.– EAEko administrazio publikoek bermatu egingo dituzte, batetik, gazteen hizkuntza-eskubideak, eta, bestetik, haien euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzea, hala hezkuntza formaletik nola ez-formaletik, euskara ikasteko eta haren erabilera eta normalizazioa sustatzeko baliabideak eskainita.

2.– Xede horrekin, euskara hartuko dute lehentasunezko hizkuntzatzat administrazio publikoek berek bultzatutako jardunetan, eta gazteen erreferentzia pertsonal zein kolektiboak euskaraz jasotzeko eta zabaltzeko ahaleginarekin eta konpromisoarekin jardungo dute.

y) Gazte migratzaileak.

1.– EAEko administrazio publikoek bultzatu egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoan dauden migratutako gazte guztiek, edozein delarik haien egoera administratiboa edo migrazio-estatusa, eragiten dieten erabaki eta politiketan parte hartzea, eta gazte horiek ahalduntzea eta komunitateko bizitzan parte hartzea sustatuko dute.

2.– Bultzatuko dute, era berean, euskal gizartearen ezagutza eta sentsibilizazioa haien kezka eta premiei, bizi dituzten migrazio-prozesuei eta migratutako gazte guztien inklusioa lortzeko guztion artean heldu beharreko erronkei buruz.

3.– EAEko administrazio publikoek estrategia integral bat landuko dute, gainerako sektoreekin, hala nola hirugarren sektorea, komunitateak eta familiak, eta enpresak, eta migratzaileen elkarteekin elkarlanean, familia-erreferenterik ez duten gazteei zuzenduta, migratzaileak izan edo ez, babes-saretik irtendakoak edo ez, eta helduarora igarotzeko laguntza-programak haien premietara egokituko dituena.

4.– Gazteriaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailak gazteen mugikortasunari eta migrazioei buruzko programa bat bultzatuko du, eragin egingo duena beste erkidego edo herrialde batzuetan dauden gazteen erakarpen, atxikipen, itzulera eta konexioaren gainean, gazte horiek autoktonoak izan edo ez.

21. artikulua.– Gazte-politikaren plangintza eta ebaluazioa erkidego-, foru- eta toki-administrazioetan.

EAEko administrazio publikoek, modu koordinatuan eta Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren orientabide orokorrei jarraikiz, eta dituzten autoantolaketarako ahalak erabiliz eta autonomia osoz, beren lurralde-eremuan eta legegintzaldi bakoitzean gauzatu beharko dute gazteen arloko plangintza eta ebaluazio egokia; hori egitean, generoaren araberako eraginaren ebaluazioa ziurtatuko dute, izaera publikoko urteko memoria bat egingo dute, eta bultzatutako irizpide, neurri eta programen gardentasuna bermatuko dute, horien emaitzak argitara emanda.

22. artikulua.– Urteko programazioa eta ebaluazioa erkidego-, foru- eta toki-administrazioetan.

1.– Erkidego-, foru- eta toki-administrazioetako sail bakoitzak, urtero, banaka zein mankomunitateetan elkartuta, bere jardun-programak landuko ditu, eta, aurreko artikuluetan jasotzen den plangintzaren garapenari jarraikiz, urtero programatzen dituen neurriak betetzeko erabiliko dituen diru-baliabideak zehaztuko ditu; zehaztuko du, halaber, horietako zein neurri dauden esklusiboki gazteei zuzenduta eta zeinetan erabili den genero-ikuspegia. Aurrekontu-ekitaldi bakoitza amaitu eta gero, administrazio publiko bakoitzak, dituen autoantolaketarako ahalak erabiliz, neurri horiek ebaluatuko ditu, hala badagokio erregelamendu bidez ezarriko diren irizpide orokorrei jarraikiz.

2.– Eusko Jaurlaritzari dagokionez, gazteriaren arloko sail eskudunak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean egingo diren ekintzei buruz beharrezkoak diren datuak, aurreikusitako diru-baliabideak barne, bilduko ditu beste sailetatik; gero, ekitaldia bukatutakoan, ekintzen betetze-mailaren berri emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordeari.

3.– Foru- eta toki-administrazioei dagokienez, erakunde bakoitzak arautuko ditu bere lurralde-eremuan zeharkako politika koordinatzeko eta bultzatzeko ezarriko dituen mekanismoak.

23. artikulua.– Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea.

1.– Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortzen da, gazte guztiei emantzipazio-prozesua errazteko bide gisa.

2.– Sarea osatzen dute 9. artikuluko i) letraren 1. apartatuan aipatutako Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko jarduera eta zerbitzuek , eta EAEko gainerako administrazio publikoek gazteen emantzipazioa laguntzera zuzendutakoek, biztanleria-sektore horretan espezializatutako politika baten esparruan eta haien eskumeneko eremu geografikoan.

3.– Gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak sustatuko du gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako, itzulera barne, informazioa, orientabidea, bitartekotza, aholkularitza eta akonpainamendu integral, etengabeko eta pertsonalizatua eskaintzeko online zerbitzua. Orobat bultzatu eta koordinatuko du gazteen emantzipaziorako zentroen sare bat; zentro horiek aurrez aurreko arreta eskainiko dute eta Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentazioaren Sarearekin, Gazteen Informazio eta Dokumentaziorako Euskadiko Zentro Koordinatzailearekin eta lurraldeetako zentroekin artikulatuko dira. Halaber, izapidetu eta kudeatuko ditu hala badagokio Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen gazteen emantzipaziorako laguntzak edo beste organismo edo erakunde batzuekin erabaki daitezkeenak.

4.– Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen esparruan beste laguntza batzuk sustatuko dira, emantzipazioa laguntzen duten faktoreetan eragiteko helburuz, eta emantzipatzeko batez besteko adina murrizten zein neurritan lagundu duten ebaluatuko da eta jardunbide egokiak sistematizatuko dira, emantzipaziorako politikei eta berariazko laguntzei buruzko ezagutza partekatua sortzeko.

5.– Botere publikoek Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarerako irispidea bermatuko dute, informazioaren eta ezagutzaren teknologiak erabiltzea sustatuta.

6.– Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sareak, gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak koordinatua, gune birtuala izango du gazteen emantzipazioaren inguruko ekosistema dinamizatzeko sailarteko, erakundearteko eta sektore arteko ikuspegiarekin, eta gazteak arlo honetan ekimenak dituzten sektore eta eragile sozial guztiekin lotuko ditu.

3. ATALA
GAZTE-SUSTAPENEKO TRESNAK ETA NEURRIAK

24. artikulua.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerak.

1.– Haur eta gazteen aisialdi-jardueratzat hartuko dira lege honen 2. eta 3. artikuluetan aipatzen diren pertsonek talde gisa egiten dituzten jarduerak, baldin eta haien helburua prestakuntza ematea edo aisialdia modu antolatuan betetzea bada, familia-izaerakoak ez badira eta ikastetxeek antolatuta ez badaude.

2.– Haur eta gazteek beren denbora librean egiten dituzten aisialdi-jarduerak, ikuspegi zabal batetik ulertuta, kontuan izango dituzte administrazio publikoek. Artikulu honetako 1. puntuan ezarritakoa aintzat hartuta.

3.– Erregelamenduak garatuz zehaztuko dira jarduerak egiteko leku egokiak, segurtasun-neurriak, jarduerak behar bezala egiteko bete behar diren baldintzak, eta langile arduradunen profila, gutxieneko kopurua, prestakuntza, titulazioa eta jarduerari eskainiko dioten dedikazioa.

4.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerak egiteko, aseguru bat eduki behar da, pertsonei eragindako kalteen erantzukizun zibila estaliko duena.

5.– Jardueraren arduradunaren zuzeneko betebeharrak dira, gutxienez, honako hauek:

a) Jarduerari aplikatu behar zaion araudia betetzea eta betearaztea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko organismo publikoetako langileei ikuskatze-lana erraztea.

c) Jardueretan parte hartzen dutenen osotasun fisikoa bermatzea, horretarako egokiak diren neurriak hartuz.

d) Jarduerako parte-hartzaileen kopurua aintzat hartuta, behar beste langile arduradun eta laguntzako langile izatea, bai eta beharrezkoak diren baliabide materialak ere.

e) Ziurtatzea jardueren izaera inklusiboa edo ez-diskriminatzailea eta, bereziki, irisgarritasun-araudia betetzen dela, irisgarritasun unibertsalaren eta diseinu unibertsalaren printzipioen arabera.

6.– Haur eta gazteen aisialdi-jardueretan 18 urtetik beherakoek parte hartzen badute, arduradun talde bat egongo da, eta taldekideen gutxieneko kopurua eta titulazioa erregelamendu bidez arautuko dira.

7.– Emantzipatu gabeko adingabeek beren guraso-ahala edo tutoretza duen pertsona baten laguntzarik gabe haur eta gazteen aisialdi-jardueretan parte hartu nahi badute, nahitaez aurkeztu beharko dute guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren berariazko idatzizko baimena.

8.– Gaua familiaren egoitzatik kanpo pasatzea berekin dakarten jardueretan 18 urtetik beherako adingabeek parte hartuz gero, horren berri eman behar zaio aurretiaz jarduera egingo den lurraldeko foru-aldundiari edo, bestela, Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumenak dituen sailari, baldin eta jarduera lurralde batean baino gehiagotan egitekoa bada, erregelamenduak dioenaren arabera. Jakinarazpen horretan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: jardueraz arduratuko diren pertsonen identifikazio-datuak eta titulazioak, parte-hartzaile kopurua, haietatik zaharrenaren eta gazteenaren adina, jardueraren datak eta iraupena, gaua non pasako den, lokalizazioa zein izango den, eta jarduera behar bezala hasteko eta garatzeko kontuan hartu behar den beste edozein datu garrantzitsu. Aire zabalean kanpatu nahi izanez gero, udalak edo administrazio-batzarrak lekuaren baldintzei buruzko aldeko txostena eman beharko du, eta lurraren jabeak, norbanakoa edo entitatea izan, bere baimena.

25. artikulua.– Berariaz gazteei zuzenduta dauden zerbitzuak eta ekipamenduak.

1.– Berariaz gazteei zuzendutako zerbitzutzat jotzen dira erregularki eta modu jarraituan egiten diren jardun hauek:

a) Haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako baliabideen eta jarduera soziokulturalen eskaintza eta topagune diren espazioak.

b) Gazteentzako informazioa, dokumentazioa, orientabidea eta akonpainamendua.

c) Haur eta gazte taldeentzako ostatu-hartze eta egonaldiak.

d) Gazteen prestakuntza eta gazteekin lan egiten duten langileen prestakuntza.

2.– Gazteentzako ekipamendua espazio fisiko bat da, horniturik dagoena gazteei jarduerak edo zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren azpiegiturez eta baliabideez.

26. artikulua.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduen onespen ofiziala.

1.– Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolen eta dagozkien prestakuntza-moduluen onespena salbu, titulartasun publiko zein pribatuko zerbitzu edo ekipamendu batek gazteentzako zerbitzu edo ekipamenduen onespen ofiziala lortu nahi badu, erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea bete beharko du, erregelamendu bidez ezarriko denaren arabera, hargatik eragotzi gabe osasunari, elikadurari, segurtasunari, ingurumenari, irispideari eta oztopo arkitektonikoak ezabatzeari buruzko araudi orokorrean eta aplikatzekoa den beste edozein araudi sektorialetan aurreikusitako baldintzak.

2.– Onespen ofiziala lortzeko, gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduek indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera aplikatu behar zaizkien lizentziak, baimenak, komunikazioak edo jakinarazpenak eskuratu beharko dituzte aurretiaz, eta, horrez gainera, erregelamendu bidez ezarritako betekizunak bete, gutxienez alderdi hauei dagokienez: espazio fisikoaren baldintza materialak eta segurtasun-neurriak; zerbitzu-prestazioaren funtzionamendua; barne-erregelamendua; zerbitzuen prezioak; zerbitzuaren edo ekipamenduaren izendapen ofiziala eta bereizgarria, iragarkiak edo jendaurrean jarri behar den bestelako dokumentazioa; funtzionamendurako behar diren langileen profila, gutxieneko kopurua, titulazioa eta dedikazioa; zerbitzuaren parte-hartzaileen edo erabiltzaileen ezaugarriak, eskubideak eta betebeharrak, eta erantzukizun zibileko asegurua edukitzea.

3.– Halako zerbitzu eta ekipamenduak diseinatzean, aintzat hartuko dira emakumeen eta gizonen premia ezberdinak, eta, hala badagokio, diskriminazio- eta desberdintasun-egoerak desagerrarazten lagunduko da.

4.– Onespen ofiziala lortu duten zerbitzu eta ekipamenduak Gazteentzako Ekipamenduen Sarean sartuko dira, eta 30. artikuluan jasota dagoen Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorrean inskribatuko.

5.– Gazteentzako edozein motatako ekimen eta jardunak egiteko gune, zerbitzu, instalazio, ekipamendu eta altzari guztiek bermatuko dute betetzen dela irisgarritasun-araudia, irisgarritasun unibertsalaren eta diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

27. artikulua.– Gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak.

1.– Gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzu dira gazteei zuzendutako informazioko, zabalkundeko eta aholkularitzako jarduerak egiteko helburua duten eta ofizialki onetsita dauden zentro publiko eta pribatuak.

2.– Gazteentzako informazio-bulegoek, 26. artikuluan adierazitako betekizunez gain, honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Xede horretarako bakarrik erabiliko den lokal bat izatea.

b) Emango dituzten funtzioei arreta egiteko behar adina langile eta baliabide material izatea.

3.– Gazteentzako informazio-guneek espazio propio eta bereizi bat izan behar dute, gutxienez.

4.– Ofizialki onetsitako gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzu guztiek osatuko dute Euskadiko Gazte Informazioaren Sarea.

5.– Gazteen Informazio eta Dokumentaziorako Euskadiko Zentro Koordinatzaileari egokituko zaio zerbitzu hauen koordinazioa: zuzenean zentroaren mende dauden Euskadiko gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuena, eta hari lankidetza-hitzarmenen bidez atxikitako zerbitzuena.

28. artikulua.– Gazte-aterpetxeak eta haur eta gazte taldeen egonaldietarako instalazioak.

1.– Gazte-aterpetxetzat hartuko da gune edo dependentzia finko bat, urtaroka edo etengabe ostaturako erabiltzen dena, non haur eta gazte talde antolatuek bertan gutxienez gau bat eta inoiz ez jarraian hilabete baino gehiago igaro baitezakete, aisialdiko hezkuntza-jarduerak zein kultura-, aisialdi- edo laguntza-jarduerak egiteko, edo eskolako irakaskuntza osatzeko jarduerak. Kasu jakin batzuetan, beste pertsona eta talde batzuek ere erabil ditzakete iragaitzaz, egonaldiak egiteko edo jardueraren bat egiteko.

2.– Ofizialki onetsitako instalazio orok erregistro-liburu bat izan beharko du, eta bertan inskribatuko dira erabiltzaile guztiak iristen direnean. Taldearen eta taldeko arduradunaren identifikazio-datuak jasoko dira bertan, eta taldea osatzen dutenen zerrenda erantsiko da. Erabilera indibiduala izanez gero, identifikazioko datu pertsonalak apuntatuko dira.

3.– Gazte-aterpetxe gisa edo haur eta gazte taldeen egonaldietarako instalazio gisa ofizialki onetsita dauden instalazio guztiek osatuko dute Haur eta Gazte Taldeentzako Euskadiko Aterpetxe eta Instalazio Sarea.

4.– Gazte-aterpetxeek zein bestelako espazioek irisgarritasun-baldintza guztiak beteko dituzte.

29. artikulua.– Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak.

1.– Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskola dira aisialdiaren eremuko titulazio ofiziala duten prestakuntza-moduluak emateko onetsita dauden entitateak.

2.– Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak abian jarri aurretik baimendu behar dira, eta gauza bera gertatuko da aisialdiaren eremuko titulazio ofiziala duten prestakuntza-moduluen kasuan. Aurretiazko baimenaren ordez erantzukizunpeko adierazpenaren prozedura erabili ahal izango da, erregelamendu bidez hala ezarriz gero.

3.– Eskolek, funtzionatzeko, horretarako eman den araudian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, 26. artikuluan ezarritakoaren arabera; bereziki informazio-, prestakuntza-, administrazio- eta ebaluazio-egitekoak betetzeari dagozkion baldintzak, bai eta jarduera-esparru nagusi izango duen lurraldean eskola beharrezkoa dela erakusteari dagozkionak ere.

4.– Erregelamendu-garapenaren bidez honako hauek ere ezarriko dira: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan emango diren titulazioak edo diplomak; emango diren prestakuntza-programak, mailak, modalitateak eta metodologia; ordu-kopurua eta aldizkakotasuna; prestakuntza-moduluetan sartzeko baldintzak; irakasleen klaustroaren osaera eta titulazioak; prestakuntza-modulu bakoitza ebaluatzeko irizpideak eta onesteko prozedura, eta haien ebaluazioa.

5.– Haurren eta gazteen aisialdirako hezitzaileentzat beharrezkoak diren gaikuntzen arloko Estatuko araudiaren erregelamendu bidezko garapenean berdintasunari buruzko hasierako gaikuntza sartuko da, bai eta hezkidetzari eta sexu-jazarpenaren eta -abusuaren prebentzioari buruzkoa ere, protokolo eguneratuen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 31. eta 32. artikuluetan xedaturikoaren arabera. Gai horiei buruz aurreikusten den prestakuntza orok irakasle dibertsifikatuak izan beharko ditu, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatu beharko du irakaskuntzan.

6.– Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskola gisa onespen ofiziala lortuz gero, prestakuntza-zentroak Euskadiko Haur eta Gazteen Aisialdirako Hezitzaileak Trebatzeko Eskolen Sarean sartuta geratuko dira.

30. artikulua.– Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra.

1.– Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra sortzen da, non ofizioz inskribatuko baitira lege honetan araututako onespen ofiziala jaso duten zerbitzu eta ekipamendu publiko eta pribatuak.

2.– Erregistro Orokorrean, gutxienez, informazio hau jaso behar da onespen ofiziala jaso duten zerbitzu eta ekipamenduei buruz: onespen ofizialaren data; jardueraren azalpen zehatza; aldaketarako arrazoiak; preskribatu gabe dauden zehapenak, eta gazteentzako zerbitzua edo ekipamendua ixteko arrazoiak.

31. artikulua.– Gazteen prestakuntzaren arloko diplomak egitea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio gazteen prestakuntzako eta aisialdiko diplomak egitea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gutxienez heziketa ez-formaleko diploma hauek egin ahal izango ditu, erregelamendu bidez garatuko den moduan: aisialdiko prestatzaileen prestakuntzako diplomak, aisialdiko jardueretakoak, haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begiraleen eta zuzendarien diplomak barne, eta gazteentzako informaziokoak, zerbitzuetakoak eta instalazioetakoak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erregelamendu bidez ezarriko du zer baldintza bete behar dituzten prestakuntza-moduluak, espezialitateak eta bestelako prestakuntza-jarduerak ematen dituzten eskolek onetsiak izateko, betiere gazteriaren arloan eskumena duen sailak proposatuta.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gazteriaren arloan eskumena duen sailaren bidez, beste autonomia-erkidego batzuekin akordioak sinatzea bultzatuko du, gazteen prestakuntzako eta aisialdiko diplomak elkarri aitortzeko; akordioak nazioartekoak ere izan daitezke.

32. artikulua.– Identifikazio-sistemak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan gazteriaren arloko eskumena duen sailak identifikazio-mekanismo fisikoak edo birtualak garatuko ditu, bai nazioartekoak bai lurraldez gaindikoak, zeinei esker, besteak beste, erraztu egingo baita kultura-, kirol-, aisia-, kontsumo- eta garraio-zerbitzuetarako irispidea, gazteek hainbat abantaila izan ditzaten ondasunak, programak eta zerbitzuak eskuratzeari dagokionez, hargatik eragotzi gabe beste erakunde edo entitate batzuek beren lurralde-eremuetan mekanismoak garatzea.

2.– Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak onesten dituen pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuek garatuko dituzte gazteak identifikatzeko nazioarteko eta lurraldez gaindiko mekanismoak.

3.– Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailarekin atxikitze-dokumentua sinatzen duten entitate publiko zein pribatuek gazteen aldeko jarduerak egiten badituzte, «Gazte-txartela/Carnet Joven» zerbitzuaren babesa baliatuz baldintza hobeetan eskaini ahal izango dituzte ondasunak eta zerbitzuak, aipatutako dokumentuan zehaztutako betekizun bereziekin. Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak ezarriko duen bereizgarriaren bidez identifikatuko dira entitate horiek.

III. TITULUA
GAZTEEN PARTAIDETZA ETA GIZARTE-EKIMENA
I. KAPITULUA
GAZTEEN PARTAIDETZA SUSTATZEKO NEURRIAK

33. artikulua.– Partaidetza sustatzea.

1.– EAEko administrazio publikoek gazteen partaidetza sustatu behar dute, gazte-politikei uneko egoera sozial errealari dagokionez koherentzia emate aldera, erakundeen eta gazteen arteko elkarrizketa sustatze aldera, eta gazteen garapen indibidual eta soziala eta gizartearen berrikuntza bultzatze aldera, eta, prozesu horretan, berdintasuna bultzatu behar dute.

2.– Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua aitortzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko baliozko solaskidetzat, hala xedatuta baitago Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzko maiatzaren 27ko 6/1986 Legean.

3.– Gazte-politiken plangintza, ezarpena, jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozesu irekiak martxan jarriko direla bermatuko dute EAEko administrazio publikoek. Prozesu ireki horietan, gazteen iritziak, elkarteetan daudenenak eta ez daudenenak, kontuan hartuko dira.

4.– EAEko administrazio publikoek herritarren partaidetzaren kultura bultzatuko dute gazteen artean, zuzenean zein zeharka, eta partaidetzan oinarrituriko metodologiei buruzko prestakuntza emango diete beren langileei, bai eta parte-hartzea praktikan jartzeko eta kasuan kasuko jardunaren lurralde-eremuko gazte-entitateekin eta pertsona fisikoekin koordinatuta lanean aritzeko beharrezkoak diren trebetasunez jabetzeko prestakuntza ere.

5.– Administrazio publikoek gazteen partaidetzarako prozesuak sustatuko dituzte gazteak eta gazte taldeak eguneroko dinamikan sartzeko, eta hori aukera-berdintasunean ahalbidetuko duten baldintzak erraztuko dizkiete.

34. artikulua.– Gazteen asoziazionismoa sustatzea.

EAEko administrazio publikoek honako betebehar hauek dituzte:

a) Gazteen artean asoziazionismoa sustatzea.

b) Gazte taldeen bidez gazteen partaidetza areagotzea, lege honek xedatutakoaren arabera.

c) Gazteen toki- eta lurralde-kontseiluen sorrera sustatzea.

d) Gazteen elkarteen egituraketa bultzatzea lurralde- eta sektore-eremuetan.

e) Gazteen asoziazionismoa laguntzeko estrategiak eta planak pentsatzea.

f) Europar Batasunaren eremuan gazteen asoziazionismoa eta interesak laguntzeko beste edozein ekimen.

35. artikulua.– Partaidetzan heztea.

1.– Partaidetzan heztea izango da gazte-politiken oinarrizko ardatzetako bat eta partaidetzaren ikaskuntza-egiturak sortzea erraztuko da.

2.– Laguntza emango zaie haurren udal-kontseiluei, ordezkarien batzarrei, ikasleen elkarteei, ikasle aktiboen taldeei, gazteen egitura eta guneetako batzar eta koordinazio-taldeei, eta gazteen elkarteekin eta gazteen tokiko kontseiluekin partaidetzan hezteko aukerei dagokienez elkarlanean aritzen diren ekimen guztiei.

36. artikulua.– Gazteen partaidetzarako egituren funtzionamendua.

1.– Gazteria-kontseilu edo gazteen partaidetzarako egitura edo gune ororen funtzionamenduari dagokionez, edozein dela ere haren eremua, erabakiak hartzeko garaian, aintzat hartuko dira gazte guztien, emakume zein gizon, eta desberdintasun-egoeran dauden gazteen iritziak eta premiak.

2.– Gazteria-kontseilu edo gazteen partaidetzarako egitura edo gune orok, edozein dela ere haren eremua, hala entitateen nola elkarteetan dauden nahiz ez dauden gazteen partaidetza aktiboa sustatuko du, bereziki teknologia berriak erabilita.

3.– Kasu guztietan, gazteen partaidetzarako egitura horien osaeran, emakumeen eta gizonen presentzia parekidea sustatuko da, bai eta gazteak modu ahalik eta askotarikoenean ordezkatuak izan daitezela ere, bereziki kolektibo kalteberenen presentzia bermatuta.

37. artikulua.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.

1.– EAEko administrazio publikoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea sustatuko dute gazteen partaidetza eta informazioa errazteko, eta, horretarako, aukera hauek emango dituzten webguneak baliatuko dituzte:

a) Administrazio-izapideak egin ahal izatea eta Administrazioarekin egin beharreko gestioak ahalik eta gehien erraztea.

b) Administrazioaren gardentasuna hobetzea, gazteriaren arloan sortzen den izaera publikoko informazio oro Gazte Informazioaren Sarean sartuta.

c) Sare telematikoen bidez administrazioen arteko harremana bultzatzea, herritarren onurarako.

d) Elkarteen sarea herritarren artean ezagutzera ematea.

2.– Baliabide teknologikoen erabilera orokortzen den neurrian, EAEko administrazio publikoek herritarrentzako sare informatikoak garatuko dituzte, gazteek aukera izan dezaten, gazte-gaietan, zerbitzuetako arduradunekin elkarreragina izateko, eztabaidetan parte hartzeko eta ekarpenak egiteko. Kasu guztietan, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuko da.

3.– EAEko administrazio publikoek bereziki bultzatuko dute gazteek euskaraz egitea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen dituztenean.

38. artikulua.– Gazteen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko solaskidetza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari entzun beharko dio gazteriaren arazoekin eta interesekin zuzeneko zerikusia duen edozein xedapen onartu aurretik, hala ezarrita baitago Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzko maiatzaren 27ko 6/1986 Legean eta geroko araugintza-garapenetan.

II. KAPITULUA
GIZARTE-EKIMENA, GAZTEEN BOLUNTARIOTZA ETA NAZIOARTEKO LANKIDETZA

39. artikulua.– Gizarte-ekimena.

1.– EAEko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, lankidetza-formulak ezar ditzakete gizarte-ekimenarekin, gazteentzako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzeko beste batzuen baliabideekin.

2.– Gazteriaren arloan jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzeko beharrezkoa denean EAEko administrazio publikoek gizarte-ekimenarekin itunak egitea, lege honetan, beronen garapen-arauetan eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoa bete beharko dute jarduera, zerbitzu eta ekipamendu horiek eskainiko dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuek.

40. artikulua.– Gazteen boluntariotza.

1.– EAEko administrazio publikoek sustatuko dute, beren eskumenen esparruan, gazteek boluntariotza-jardueretan parte hartzea Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean aurreikusten den moduan.

2.– Gazteen boluntariotzarako baldintzak eta betekizunak erregelamendu bidez ezarriko dira.

41. artikulua.– Gazteen boluntariotza sustatzea.

Gazteen boluntariotza sustatu eta errazago egite aldera, EAEko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan eta eskura dituzten aurrekontu-baliabideen arabera, honako jardun hauek sustatuko dituzte gutxienez:

a) Gazteen boluntariotza antolatua indartzeko neurriak hartzea.

b) Boluntariotzako gazte-entitateekin elkarlanean aritzea, gazteen boluntariotzako programak eta proiektuak gauzatzeko, garatzeko eta sustatzeko.

c) Gazteen boluntariotzari buruzko informazio-kanpainak antolatzea, eta boluntariotzak berekin dakartzan balioak zabaltzea.

d) Gazte boluntarioen lana garatzeko lagungarri izango diren araugintzako ekimenak abiaraztea, bereziki lan- eta zerga-arloetan.

e) Lege honen aplikazio-eremuaren barruan dauden gazte-entitateei informazioa, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzea.

f) Gazteen boluntariotzari buruzko ikerketak, azterlanak, argitalpenak eta web-orriak egitea, eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.

g) Ekimenak sustatzea, Europako eta nazioarteko boluntariotza-proiektuak bultzatzeko, lankidetza-sareak sortuko dituzten ekintza berritzaileak laguntzeko eta gazteak boluntariotzaren espirituaz heztera eta prestatzera bideratutako prozesu espezifikoak laguntzeko.

h) Elkartasunezko jarrerak sustatzea, lege honek arautzen dituen jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak gauzatzerakoan boluntariotzako ekintzak garatuta.

42. artikulua.– Garapenerako lankidetza.

1.– Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean, garapenerako lankidetza bultzatuko du gazteriaren arloan, premia espezifikoei jaramon eginez.

2.– Orobat, Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean, garapenerako hezkuntza sustatuko du, ezagutza espezifikoa emateko pobretutako herrialdeen edo krisi humanitarioen, hala nola gerra-gatazken, biktima diren herrialdeen egoerei buruz, egoera horien arrazoiei buruz, eta EAEn bizi diren gazteek, hiritar diren aldetik, herrialde horietako bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko har dezaketen konpromisoari buruz.

3.– Helburu horrekin ezartzen diren garapenerako lankidetzako programen bidez, lankidetzaren herrialde hartzaileetako biztanle gazteei zuzendutako proiektuak sustatuko dira. Hartara, programen helburuak eta lege honen xedeak koherenteak izango dira.

43. artikulua.– Kultura demokratikoa eta partaidetzan oinarritutakoa sustatzeko definizioak.

Gazteen partaidetza da gazteek beren ingurunean, harremanetan eta garapen pertsonal eta kolektiboan eragiteko, esku hartzeko eta horiek eraldatzeko gaitasuna sortzen duten ekintzen eta prozesuen multzoa. Partaidetza hori banaka nahiz taldean gauzatu daiteke, aukera-berdintasunez, eta modu horizontal, aske eta demokratikoan.

44. artikulua.– Gazte-entitateak.

1.– Lege honen ondorioetarako, gazte-entitateak dira:

a) Gazte-elkarteak eta haien federazioak, konfederazioak eta batasunak.

b) Unibertsitateko eta unibertsitatez kanpoko ikasleen elkarteak, eta haien federazioak, konfederazioak eta batasunak, elkartekide gazteak badituzte.

c) Beste gizarte-entitate batzuetako gazte-sekzioak, -arloak, -sailak eta -erakundeak, hala nola elkarte orokorretakoak, alderdi politikoetako, sindikatuetako, kontsumitzaileen elkarteetako, kultura-elkarteetako, kirol-elkarteetako, jai-elkarteetako, gazte enpresarien elkarteetako edo erlijio-elkarteetako gazte-sekzioak, eta haien federazio, konfederazio eta batasunetakoak.

2.– Ulertuko da gazteen aldeko entitateak direla irabazi-asmorik ez duten eta gazteentzako zerbitzuak ematen dituzten entitateak, hau da, legez eratutako entitateak, baldin eta haien estatutuetan argi eta esplizituki ezartzen bada haien helburu sozialen artean dagoela gazteei bakarrik zuzendutako programak eta jardunak modu etengabean gauzatzea.

45. artikulua.– Gazte taldeak.

Gazte taldeak dira nortasun juridikorik izan gabe gazteek osatu eta aurreko artikuluan jasota ez dauden taldeak. Toki-administrazioek eta tokiko eta lurraldeko gazteriaren kontseiluek haien ordezkaritza erraztuko dute tokiko partaidetza-guneetan, eta, ahal den neurrian, laguntza emango diete haien ekimenei.

46. artikulua.– Gazteek parte hartzeko moduak.

1. Gazteek parte hartzeko modutzat hartzen dira gazteek gai publikoetan parte hartzeko dituzten adierazpideak, hala nola:

a) Ekintza, hau da, ekimenak eta proiektuak beren kabuz garatzeko gaitasuna, politika publikoen aplikazioan zuzenean eta modu loteslean esku hartzeko asmoz.

b) Solaskidetza, hau da, administrazio publikoekin hitz egiteko gaitasuna, garatzen dituzten edo garatu behar dituzten zeharkako gazte-politikei buruz erabakitzeko asmoz.

c) Erantzukizun publikoko programen eta proiektuen kogestioa eta kudeaketa, elkarrizketa zibilaren printzipioaren arabera.

2.– Administrazio publikoek, gazteekiko solaskidetzan, kontuan hartuko dituzte bai gazte-entitateak, bai gazte taldeak, bai eta banaka aintzat hartutako gazteak ere.

3.– Euskal Administrazio publikoa adi egongo da gazteen parte-hartzea bideratzeko ager daitezkeen aukera berriei, horiek txertatzeko; bereziki, informazioaren eta komunikazioaren teknologien aurrerapenei.

47. artikulua.– Partaidetza- eta kontsulta-prozesuak.

1.– Lege honen ondorioetarako, partaidetza- eta kontsulta-prozesuak partaidetza-tresna bat dira, iraupen jakin batekoa; haren bidez, administrazio publikoek eta gazteek elkarrekin hitz egiten eta lan egiten dute lurralde- eta sektore-politika publikoak eraikitzeko.

2.– Gazte-entitateek eta administrazio publikoek gazteen partaidetza- eta kontsulta-prozesuak bultza ditzakete beren lurralde-eremuko gazteekin.

3.– Botere publikoek zaindu behar dute partaidetza- eta kontsulta-prozesuak gardentasun, ordezkagarritasun, eraginkortasun eta eragin handienaren printzipioen araberakoak izatea.

IV. TITULUA
ADMINISTRAZIO-ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA
ERAKUNDEARTEKO ETA SAILARTEKO KOORDINAZIOA

48. artikulua.– EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa.

1.– EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa sortzen da kide anitzeko organo gisa, EAEko administrazio publikoen erakundearteko lankidetza eta koordinazioa antolatzeko gazteriaren arloan, eta EAEko administrazio publikoen gazte-politika integrala bultzatuko dela bermatzeko.

2.– EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikiko zaio, eta ez da egongo Administrazioaren egitura hierarkikoaren barruan.

3.– EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren eginkizunak, funtzionamendu-araubidean zehaztuko direnez gain, honako hauek izango dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren gazte-politika integralaren garapena eta ebaluazioa bultzatzea.

b) Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren edukiari eta lanketari buruz txostena idaztea.

c) Zeharkako gazte-politikak koordinatzea.

d) EAEko administrazio publikoek prestatutako gazteriaren arloko ekintzen plangintzari, programazioari eta betetze-mailari buruz txostena idaztea.

e) Gazteriaren Euskal Sistemaren barnean egonik berariaz gazteei zuzenduta dauden jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak koordinatzea, sistemaren kohesioa eta antolamendu eraginkorra bermatzeko eta, erantzukizun publikoari men eginez, haren batasuna ziurtatzeko.

f) Gazteriaren Euskal Sistemaren Zerbitzu Katalogoari buruz nahitaezko txostena egitea; katalogoa ezartzeko eta eguneratzeko erabakietarako, ezinbestean izan beharko da betebeharrak esleitzen zaizkion administrazio publikoaren ordezkariaren aldeko botoa.

g) Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzako eskumen berriei buruz nahitaezko txostena idaztea, lege honen 8.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Kide hauek izango ditu EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoak:

a) Lehendakaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina organoaren presidente-lanetan arituko baita.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sei ordezkari, gazte-politika integralarekin zerikusia duten gaietan ardura gorena dutenak; gazteriaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu pertsona horiek, edo hark eskuordetzen duen pertsonak, zeinak, betiere, gutxienez zuzendari-kategoria edo parekoa izan beharko baitu.

c) Foru-aldundietako bakoitzean gazteriaren arloko eskumena duen saileko foru-diputatua, edo hark eskuordetzen duen pertsona, edo, bestela, arlo horretan eskumena duen foru-aldundiko administrazio-organoaren titularra den eta gutxienez zuzendari kargua edo horren parekoa duena, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

d) Gazteriaren arloko ardura gorena duten hiru pertsona, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak ordezkatzeko.

e) Eusko Jaurlaritzako kasuan kasuko sailean gazteriaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina organoaren idazkari-lanetan arituko baita.

5.– Organoko kide izateak ez du ordainsariak jasotzeko eskubiderik emango.

6.– Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea edo hark eskuordetzen duen pertsona gonbidatuko da organoaren saio eta zeregin guztietara; pertsona horrek hitza izango du, baina botorik ez.

7.– EAEko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren antolamendua eta funtzionamendu-araubidea organoaren funtzionamendu-arauan ezarriko dira. Han aurreikusten ez diren gaiei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

8.– Mahaiak, batzorde tekniko edo sektorialak, lantaldeak eta erakundearteko koordinaziorako bestelako bide organiko eta funtzionalak eratu ahal izango dira, gazte-politika integrala eraginkortasunez bermatze aldera. Koordinazioa bizkorra eta eraginkorra izan dadin, baliabide telematikoen erabilera bultzatuko da; horrenbestez, sareko lana eta parte-hartzea sustatuko dira Erakundearteko Koordinazio Organoaren barruan.

49. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea.

1.– Lege honen bidez, Sailarteko Batzordea sortzen da; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gazteriaren arloan egin behar dituen jardunak garatzen direla eta eraginkortasunez aplikatzen direla bermatuko duen koordinazio-organoa da, bai eta jardun horien sustapen-organoa ere.

2.– Gazteriaren Sailarteko Batzordea Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikiko zaio, eta ez da egongo Administrazioaren egitura hierarkikoaren barruan.

3.– Eginkizun hauek izango ditu Gazteriaren Sailarteko Batzordeak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren gazte-politika integralaren garapena bultzatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren legegintzaldiko gazte-planean jasota dauden ekintzen programazioa, jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Elkarlanerako eta koordinaziorako formulak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren gazte-politika integralarekin zerikusia duten sailen artean.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea gutxienez arlo hauetako sailburuorde eskudunez osatuta egongo da, edo haiek eskuordetzen dituzten zuzendari maila edo goragokoa duten pertsonez: gazteria; enplegua; lana; gizarte-ekonomia; etxebizitza, hezkuntza; lanbide-heziketa; unibertsitateak; ikerketa; gizarte-politikak; osasuna; justizia; segurtasuna; industria; teknologia; nekazaritza; arrantza; garraioak; kultura; hizkuntza-politika; kirola; aisialdia; turismoa; kontsumoa; elikadura; klima; ingurumena; landa-ingurunea; kostaldeko ingurunea; giza eskubideak; berdintasuna; immigrazioa; boluntariotza; partaidetza; lankidetza, eta kanpo-ekintza. Batzordeko kideren batek arlo batean baino gehiagotan eskumena izanez gero, bakarrean hartuko du parte batzordean, ondore guztietarako. Gainera, Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea edo hark eskuordetzen duen pertsona gonbidatuko da batzordearen saio eta zeregin guztietara; pertsona horrek hitza izango du, baina botorik ez.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordeko presidente izango da Jaurlaritzako lehendakaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Idazkari-lanak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan gazteriaren arloko eskumena duen zuzendariak egingo ditu, edo hark eskuordetzen duen pertsonak.

6.– Batzordekide izateak ez du ordainsariak jasotzeko eskubiderik emango.

7.– Gazteriaren Sailarteko Batzordearen antolamendua eta funtzionamendu-araubidea batzordearen funtzionamendu-arauan ezarriko dira. Han aurreikusten ez diren gaiei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

8.– Mahaiak, batzorde tekniko edo sektorialak, lantaldeak eta sailarteko koordinaziorako bestelako bide organiko eta funtzionalak eratu ahal izango dira, gazte-politika integrala eraginkortasunez bermatze aldera. Koordinazioa bizkorra eta eraginkorra izan dadin, baliabide telematikoen erabilera bultzatuko da; horrenbestez, sareko lana eta parte-hartzea sustatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordearen barruan.

50. artikulua.– Gazteriaren arloko koordinazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako bakoitzean, eta Sailarteko Batzordean izango duten ordezkaritza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bermatuko du, bere sailetako bakoitzaren barruan, saileko zuzendaritzen eta arloen arteko bultzada, koordinazioa eta elkarlana, eta organismo autonomo, ente publiko eta sailari atxikitako organoekikoa, lege honetan eta onartzen dituen planetan xedatutakoa betetzeko helburuarekin.

2.– Era berean, sail bakoitzak bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordean dagozkion solaskide- eta ordezkaritza-eginkizunak gauzatuko dituela, bai arlo politikoan, bai teknikoan.

51. artikulua.– Sailarteko koordinazioa foru- eta toki-administrazioetan.

Foru- eta toki-administrazio bakoitzak, autoantolaketarako eskumenak betez, bere administrazioko sailen arteko koordinazioa bermatuko du, gazte-politika integralaren programazioa eta ebaluazioa egiteko.

V. TITULUA
IKUSKATZEA ETA ZEHAPEN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
IKUSKATZEA

52. artikulua.– EAEko administrazio publikoen ikuskatzeko ahala.

1.– EAEko administrazio publiko bakoitzari dagokio ikuskatzeko administrazio-ahala egikaritzea bere lurralde-eremuan; hau da, gazteriaren arloan ezartzen diren lege-mailako xedapenak betetzen direla zaintzea, kontrolatzea eta egiaztatzea.

2.– Lege honen ondorioetarako, administrazio bakoitzean ikuskatze-eginkizunetan diharduten langileek agintaritza-agenteen izaera izango dute. Hori dela eta, indarrean dagoen araudian ezarritako babesa eta eskudantziak izango dituzte.

3.– Ikuskatzaileek, beren eginkizunetan dihardutela, beti beren burua identifikatu beharko dute dagokion egiaztagiri ofiziala erakutsita; horrez gain, modu proportzionatuan eta legez ezarritako aginduen arabera jardungo dute, eta, kasu guztietan, isilpean gorde beharko dute lortutako informazio guztia.

4.– Behin ikuskatze-lana amaituta, haren emaitza ikuskatze-aktan jasota geratuko da agiri bidez. Aktan agertuko da, orobat, legez ezarrita dagoen arau-hausteren bat, ustez, egin den ala ez. Erregelamendu bidez ezarriko den eredu ofizialaren arabera idatziko da akta. Legez formalizatu diren ikuskatze-aktetan jasotako gertakariak egiazkotzat joko dira; hala ere, interesdunek frogak aurkeztu ahal izango dituzte beren eskubideak eta interesak defendatzeko.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zainduko du lege honetan xedaturiko eskubideak betetzen direla, eta ikuskatze-lana egiteko behar diren baliabide material eta pertsonalak bideratuko ditu.

53. artikulua.– Goi-ikuskaritza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio berariaz gazteei zuzendutako jardueren, zerbitzuen eta ekipamenduen goi-ikuskaritza egitea, gazteen eskubideak eta lege honetan jasotako printzipio orokorrak eraginkortasunez egikaritzen direla bermatzeko, bai eta aplikatu behar den ordenamendu juridikoa bete eta gordetzen dela bermatzeko ere.

2.– Goi-ikuskaritzari, bere eginkizunetan diharduela, honako hauek dagozkio:

a) Gazteek berei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduetara irispidea izango dutela eta haiek baliatu ahal izango dituztela bermatuko duten baldintzak betetzen direla zaintzea.

b) Gazteriaren Euskal Sistemak eskaintzen dituen zerbitzu eta prestazioen mailak indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera egokiak direla egiaztatzea.

c) Gazteriaren Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea; hain zuzen ere, plangintzari, programazioari eta ebaluazioari, berariaz gazteei zuzendutako jardueren, zerbitzuen eta ekipamenduen onespenari eta gazte-elkarteen eta gazteentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateen inskripzioari dagozkien baldintzak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan gazteriaren arloko eskumena duen zuzendariari jakinaraziko zaizkio goi-ikuskaritzak garatutako jardunak eta idatzitako txostenak eta irizpenak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak arautuko ditu gazteriaren arloko goi-ikuskaritzaren antolamendua eta langileen araubidea.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gazteriaren arloko eskumenak dituzten EAEko gainerako administrazio publikoei entzun ondoren, goi-ikuskaritzaren funtzionamendu-araubidea eta jarduteko prozedurak arautuko ditu.

6.– Goi-ikuskaritzako langileek ahalmena izango dute, beren eginkizunetan dihardutela, EAEko administrazio publikoen gazteriaren arloko jarduera, zerbitzu eta ekipamenduekin lotutako dokumentu, datu estatistiko eta txosten guztietara irispidea izateko, bai eta beharrezkotzat jotzen dituzten azalpen guztiak eskatzeko ere. Goi-ikuskaritzari laguntzeko eta haren egitekoa errazteko eginbeharra izango dute ikerketapean dauden pertsona fisiko eta juridiko guztiek. Laguntzarik ez ematea eta egiaztatze- eta ikuskatze-jardunei eragozpenak edo trabak ipintzea oztopatzea dela ulertuko da.

7.– Goi-ikuskaritza Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikiko zaio.

54. artikulua.– Ikuskatze-jarduera arrunta.

1.– Ikuskatze-jarduerak eginkizun nagusi hauen arabera gauzatuko dira, zeinak erregelamendu bidez garatuko baitira:

a) Lege hau eta beronen garapen-arauak betetzen direla zaintzea eta egiaztatzea.

b) Arau-hauste izan daitezkeen eta partikularren erreklamazio edo salaketen xede izan diren gertakariak egiaztatzea.

c) Lege honetan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko beharrezkoak diren kautelazko neurriak proposatzea.

d) Dagozkion zehapen-prozedurak hasteko proposamena egitea.

e) Edozein laguntza publiko jaso duten gazte-jardueren garapenaren kontrola bermatzea.

f) Gazteentzako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak erabiltzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla zaintzea.

g) Jarduerak, zerbitzuak edo ekipamenduak onespen-arauetara egokitzen direla egiaztatzea.

h) Ebaluazioa eta lan pedagogikoa egitea, zerbitzua hobetze aldera.

i) Gazteen partaidetza sustatzen dela zaintzea.

2.– Gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen arduradunek eta haien ordezkariek eta enplegatuek ikuskatze-lana errazteko betebeharra dute. Horretarako, bulego, obra eta instalazioetan sartzen utziko diete ikuskatzaileei, eta dokumentu, liburu eta erregistroetara irispidea izaten ere bai; oro har, gertakariak hobeto ezagutzeko eta ikuskapena burutzeko bide guztiak irekiko dizkiete. Horrez gain, ikuskatze-bisiten liburua izan beharko dute, behar bezala bideratuta, non ikuskatze-lanen emaitzak idatziko baitira.

3.– Ikuskatzaileek, beren burua identifikatu ondoren eta aurretiazko jakinarazpenik egin beharrik gabe, lege honetako aginduen mendeko jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak aztertu ahal izango dituzte. Horrez gainera, edozein motatako egiaztapenak egin ahalko dituzte, eta erabiltzaileekin edo haien legezko ordezkariekin elkarrizketak izan. Hitz batean, esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren jardun guztiak burutu ahal izango dituzte.

4.– Ikuskatzaileek edozein informazio eskuratzeko eskari arrazoitua egin ahal izango dute, edo interesdunak dagokion bulego publikoan agertzekoa, zitazioan zehazten den xedearen arabera. Zitazioa egiteko, beren-beregi egingo den akta edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein jakinarazpen modu erabili ahal izango da.

II. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

55. artikulua.– Erantzukizuna.

Titulu honetan tipifikatuta dagoen arau-haustea egin duen pertsona fisikoari edo juridikoari egotziko zaio lege honetan ezarrita dauden arau-hausteak egiteagatiko administrazio-erantzukizuna, ezertan eragotzi gabe aldi berean izan daitezkeen erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak.

56. artikulua.– Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

57. artikulua.– Arau-hauste arinak.

Jokabide eta ez-egite hauek arau-hauste arin dira:

1.– Oro har:

a) Lege honetan ezarrita dauden edo erregelamenduz ezartzen diren epeak ez betetzea.

b) EAEko administrazio publikoetako edozeinek eskatutako informazioa bidaltzeko eginbeharra ez betetzea, eta Gazteriaren Euskal Sisteman sartuta dauden jarduera, zerbitzu eta ekipamenduei buruzko datuak egokiro eguneratzeko eskatzen den informazioa ez ematea.

c) Gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen erabiltzaileek elkar errespetatzeko arauak ez betetzea, baldin eta jokaera horiek ez badute nahasten jardueraren, zerbitzuaren edo ekipamenduaren funtzionamendua edo elkarbizitza.

d) Lege honetan ezarritako betebeharrak guztiz edo zati batean ez betetzea, baldin eta egitate hori ez badago arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikaturik.

e) Ikerlana oztopatzea.

2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokienez:

a) Aurretiazko komunikazioan adierazitako betekizun guztiak ez betetzea.

b) Nahitaezko dokumentazioa ez edukitzea jarduera egiten den lekuan.

c) Gazteentzako jarduerak garatzeko eskatutako edozein betekizun ez betetzea.

3.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez:

a) Zerbitzuari edo ekipamenduari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenean edo baimenean, dagokionaren arabera, jasota dauden datuen aldaketak ez jakinaraztea.

b) Zerbitzuari edo ekipamenduari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenean edo baimenean, dagokionaren arabera, ezarritakoak ez diren beste xede batzuetarako erabiltzea gazteentzako ekipamenduak, edo adierazpen edo baimen horretan ezarritakoak ez diren pertsonek erabiltzea.

c) Funtzionamendurako eskatutako edozein betekizun ez betetzea.

d) Nahitaez jendaurrean erakutsi beharreko bereizgarriak, iragarkiak edo dokumentazioa ekipamenduan ikusteko moduan ez erakustea, horiei buruzko informazioa emateari uko egitea edo, erakusten badira, indarrean dagoen araudian exijitzen diren formalitateak ez betetzea.

4.– Gazteentzako informazio, dokumentazio, orientabide eta akonpainamenduari dagokienez:

Gazteentzako informazio-, dokumentazio-, orientabide- eta akonpainamendu-zerbitzuen funtzionamendurako eskatutako edozein betekizun ez betetzea.

5.– Gazteen prestakuntzari eta aisialdiko hezitzaileen prestakuntzari dagokienez:

a) Zerbitzu edo zentroari dagozkion informazio-, prestakuntza-, administrazio- eta ebaluazio-lanak ez egitea.

b) Prestakuntza-programak eta lege honen garapenean horiek emateko erregelamenduz ezarrita dauden betekizunak guztiz edo zati batean ez betetzea edo ez gordetzea.

c) Prestakuntza-eskolen funtzionamendurako beharrezkoa den edozein betekizun ez betetzea.

6.– Gazteen identifikazio fisiko edo birtualerako mekanismoei dagokienez:

a) Pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuek ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin hartutako konpromisoak.

b) Entitate onetsiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatutako gazte-txartelak edo gazteentzako bestelako tresnak ematea, horiek egiteari buruzko araudiari men egin gabe.

c) Gazteentzako ondasun, programa eta zerbitzuetarako irispidearekin lotutako abantailak sustatzeko txartelak edo beste edozein tresna iruzur eginez erabiltzea.

58. artikulua.– Arau-hauste astunak.

Honako hauek arau-hauste astun dira:

1.– Oro har:

a) Ikerlanari uko egitea.

b) Gutxienez bi arau-hauste arin berriro egitea.

c) Zerbitzu-prestazioan eta ekipamenduetan funtsezko aldaketak egitea, erregelamenduz ezarritako formalitateak bete gabe.

d) Lege honetan arautzen diren jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen prestazioan huts nabarmenak egitea, eta huts horiek erabiltzaileen heren bati baino gehiagori eragitea.

e) Arau-hauste arinak astuntzat hartuko dira, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

1.– Gazteentzako jarduera, zerbitzu edo ekipamenduen erabiltzaileei kalte fisiko edo psikiko larria eragin zaienean.

2.– Eragindako kalte fisikoa edo psikikoa oso larria izan ez arren, erabiltzaile gehienek jasan dutenean.

3.– Zabarkeria astuna edo intentzionalitatea egon denean.

2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokienez:

a) Emantzipatu gabeko adingabeei haur eta gazteen aisialdi-jardueretan parte hartzen uztea, beren guraso-ahala edo tutoretza duen pertsona baten laguntzarik gabe eta guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren berariazko idatzizko baimenik gabe.

b) Lege honetan araututako aisialdiko jarduerak egitea, administrazio eskudunari eskatu den informazioa jarduera hasi aurretik jakinarazi gabe.

c) Administrazioari jakinarazitako jarduera-baldintzak ez betetzea, nabarmen.

d) Haur eta gazteen aisialdi-jarduerak garatzeko langile tituludunik ez edukitzea, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzei jarraikiz.

e) Langile arduradunek ez betetzea jarduerak eskatzen duen dedikazioa, eta ez-betetzea larria izatea.

f) Jarduerak material egokirik eduki gabe egitea.

g) Segurtasunaren arloan indarrean diren arauak ez betetzea, baldin eta horrek parte-hartzaileei kalte fisiko edo psikiko larria eragiten badie.

3.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez:

a) Gazteentzako zerbitzuak eskaintzea, araudia bete gabe eta zerbitzuaren edo ekipamenduaren izaera aldatuta.

b) Langileek ez edukitzea jarduera-sektorearekin lotutako lanak egiteko eskatzen diren tituluak edo diplomak, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

c) Indarrean dagoen araudiak zerbitzu mota bakoitzerako izendatutako bulegoak, lokalak, altzariak edo ibilgailuak barik, normalean beste batzuk erabiltzea.

d) Zerbitzuari edo ekipamenduari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenean edo baimenean, dagokionaren arabera, ezarrita dauden baldintzak zuzentzeko dagokion ikuskaritzak eman dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Zerbitzuari edo ekipamenduari ekiteko erantzukizunpeko adierazpenean edo baimenean, dagokionaren arabera, jasota dauden prestazioak doloz aldatzea.

f) Egokia ez den laguntza ematea eta, ondorioz, erabiltzaileari kalte handiak eragitea.

g) Ematen diren zerbitzuen prezio-araubidea aldatzea.

h) Legeak edo erregelamenduak onartutako eskubideen gozamena zaildu edo eragoztea zerbitzuon erabiltzaileei.

i) Erabiltzaileek barne-erregelamenduan jasota dauden arauak ez errespetatzea, baldin eta jokaera horrek zerbitzuaren edo ekipamenduaren funtzionamendua edo elkarbizitza nahasten badu.

j) Jardueren irabazi-asmoa ezkutatzea; hau da, Administrazioari eta gizarteari irabazi-asmorik gabeko jarduera gisa aurkeztea halakoak ez direnak.

k) Onespen ofizialik ez duen instalazio batek zerbitzu edo ekipamendu ofizialaren izendapena erabiltzea.

4.– Gazteentzako informazio, dokumentazio, orientabide eta akonpainamenduari dagokienez:

a) Gazteentzako informazio-, dokumentazio-, orientabide- eta akonpainamendu-zerbitzuak ezartzeko bete behar diren betekizunetatik edozeinen araudi erregulatzailea ez betetzea.

b) Langileek ez edukitzea eskatzen diren tituluak edo diplomak.

5.– Gazteen prestakuntzari eta aisialdiko hezitzaileen prestakuntzari dagokienez:

a) Langileek ez edukitzea prestakuntza-jarduerak egiteko eskatzen diren tituluak edo diplomak.

b) Dagokion araudian eskatutako dokumentazioa jakinarazi edo entregatzeko exijitzen diren epeak gutxienez hiru aldiz ez betetzea.

c) Zentroak eskola gisa funtzionatzeko ezarrita dauden betebeharrak ez betetzea.

6.– Gazteen identifikazio fisiko edo birtualerako mekanismoei dagokienez:

Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak gazteei abantailak eskaintzeko sustatzen dituen txartelak edo bestelako tresnak ematea, aldez aurretik sail horren onespena eduki gabe.

59. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek arau-hauste oso astun dira:

1.– Oro har:

a) Aurreko artikuluan astuntzat tipifikatu diren arau-hausteak, baldin eta gazteentzako jarduera, zerbitzu edo ekipamenduko erabiltzaileen erdiei baino gehiagori eragiten badiete.

b) Gutxienez bi arau-hauste astun berriro egitea.

2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokienez:

a) Gazteentzako zerbitzuetan edo gazteei zuzendutako jarduerak garatzean, pertsona fisikoek edo juridikoek, egitez edo ez-egitez, arrazismoa, xenofobia, indarkeria matxista edo beste edozein indarkeria mota sustatzen duten jardunak egitea.

b) Aisialdi-jardueretako parte-hartzaileen oinarrizko premiei dagozkien prestazio tekniko, ekonomiko edo asistentzialak ez ematea edo zabarkeriaz aplikatzea, baldin eta horrekin erabiltzaileen eskubide edo interes legitimoei kalte egiten bazaie.

3.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez:

Lege honetan ezartzen dena ez betetzea, baldin eta horrek gazteentzako ekipamenduen erabiltzaileei kalte fisiko edo psikiko larria eragiten badie.

4.– Gazteentzako informazio, dokumentazio, orientabide eta akonpainamenduari dagokienez:

Gazteentzako informazio-, dokumentazio-, orientabide- eta akonpainamendu-zerbitzuak ezartzeko bete behar diren betekizunetatik edozeinen araudi erregulatzailea gutxienez hiru aldiz ez betetzea.

5.– Gazteen prestakuntzari eta aisialdiko hezitzaileen prestakuntzari dagokienez:

Prestakuntza-moduluak eta praktikak gainditu ez dituzten pertsonei gaitasun-maila egiaztatzea.

60. artikulua.– Berrerortzea.

Lege honen ondorioetarako, hau da berrerortzea: arau-hausteen erantzuleek urtebeteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea eta horrela deklaratuta egotea administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez.

61. artikulua.– Zehapen motak.

Arau-hausteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

1.– Ohartarazpena.

2.– Isuna.

3.– EAEko edozein administrazio publikoren laguntza publikoak jasotzeko debekua, urtebetetik bost urtera arte.

4.– Ekipamendua edo zerbitzua aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean, gehienez ere 12 hilabetez.

5.– Ekipamendua edo zerbitzua behin betiko ixtea, guztiz edo zati batean.

6.– Ekipamenduaren edo zerbitzuaren titular den pertsona fisiko edo juridikoari gazteentzako zerbitzu edo ekipamenduen titulartasuna egikaritzeko aldi baterako desgaikuntza ezartzea, hiru urtetik bost urtera arte.

7.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerak egiteko ardura duten pertsonei haur eta gazteen aisialdi-jarduerak antolatzeko eta burutzeko aldi baterako desgaikuntza ezartzea, hiru urtetik bost urtera arte.

62. artikulua.– Zehapenak mailakatzea.

1.– Isunen zenbatekoa zehazteko eta bestelako zehapenak ezartzeko, organo eskudunak mailakatze-irizpide hauek erabiliko ditu:

a) Eragindako kalte fisiko, moral eta materialen izaera.

b) Sortutako arriskua.

c) Arau-hauslearen berrerortzea.

2.– Zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabilita egiaztatzen bada prozedura hasarazi zuten akatsak auzialdiko ebazpena eman aurretik zuzenduta daudela, hori kontuan hartuko da zehapena balioetsi eta mailakatzeko orduan.

3.– Subjektu erantzulea behartuta egongo da arau-hausteak eragin dituen kalte-galerak ordaintzera, ezartzen den zehapena edozein dela ere.

63. artikulua.– Zehapenak aplikatzea.

Zehapenak honela aplikatuko dira:

1.– Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin zehatuko dira, edo ohartarazpenarekin eta 900 eurorainoko isunarekin.

2.– Arau-hauste astunen zehapena 901 eurotik 9.000 eurorainoko isuna izango da, eta urtebete eta hiru urte arteko epean EAEko administrazio publikoen ezein laguntza publiko eskuratzeko debekua. Horrez gain, baliteke pertsona fisiko edo juridiko erantzuleari aldi baterako desgaikuntza ezartzea, denbora-tarte bererako, gazteentzako zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzen dituzten zerbitzuen eta ekipamenduen titulartasuna egikaritzeko. Gainera, zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezarri ahal izango dira, arau-haustearen izaeraren eta erantzulearen arabera:

a) Zerbitzuaren edo ekipamenduaren onespena etetea, gehienez ere sei hilabetez.

b) Ekipamendua edo zerbitzua aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean, gehienez ere 12 hilabetez.

c) Lege honetan arautzen diren jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen langile arduradunak gehienez ere hiru urtez desgaitzea.

3.– Arau-hauste oso astunen zehapena 9.001 eurotik 45.000 eurorainoko isuna izango da, eta hiru eta bost urte arteko epean EAEko administrazio publikoen ezein laguntza publiko eskuratzeko debekua. Horrez gain, baliteke pertsona fisiko edo juridiko erantzuleari aldi baterako desgaikuntza ezartzea, denbora-tarte bererako, gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduak eskaintzen dituzten zerbitzuen eta ekipamenduen titulartasuna egikaritzeko. Gainera, zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezarri ahal izango dira, arau-haustearen izaeraren eta erantzulearen arabera:

a) Zerbitzua edo ekipamendua aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean, gehienez ere 12 hilabetez.

b) Zerbitzua edo ekipamendua behin betiko ixtea, guztiz edo zati batean. Hala erabaki daiteke, egindako arau-hausteak ezin badira inola ere zuzendu edo, zuzentzeko modurik egon arren, agindutako epean zuzendu ez badira.

c) Lege honetan arautzen diren jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen langile arduradunak gehienez ere bost urtez desgaitzea.

64. artikulua.– Preskripzio-araubidea.

1.– Arau-hausteen preskripzio-epea honako hau izango da: oso astunen kasuan, hiru urte; astunen kasuan, bi urte; eta arinen kasuan, sei hilabete. Ezarritako zehapenen preskripzio-epea, berriz, honako hau izango da: oso astunen kasuan, hiru urte; astunen kasuan, bi urte; eta arinen kasuan, urtebete.

2.– Arau-hausteen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin den egunetik aurrera. Arau-hauste etengabe edo iraunkorren kasuan, epea zenbatzen hasiko da jokabide arau-hauslea amaitu den egunetik aurrera.

Preskripzioa eten egingo da zehapen-izaerako administrazio-prozedura bati hasiera ematen zaionean, interesduna jakinaren gainean delarik; eta preskripzio-epea berriro hasiko da, baldin eta zehapen-espedientea hilabete baino gehiagoz geldirik badago ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion zioren batengatik.

3.– Zehapenen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da ebazpen zehatzailea betearaztekoa den egunaren edo errekurtsoa jartzeko epea agortu den egunaren biharamunetik.

Preskripzioa eten egingo da betearazpen-prozedurari hasiera ematen zaionean, interesduna jakinaren gainean delarik; eta epeak jarraitu egingo du, baldin eta prozedura hilabete baino gehiagoz geldirik badago ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion zioren batengatik.

Ebazpen zehatzailearen aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ustez ezesten bada, zehapenaren preskripzio-epea zenbatzen hasiko da errekurtso hori ebazteko legez aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

65. artikulua.– Organo eskudunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenei dagokienez, honako hauek izango dira eskudun lege honetan jasotako zehapen-prozedura hasteko eta zehapenak ebatzi eta ezartzeko:

a) Arau-hauste arin eta astunen zehapenetarako, gazteriaren arloko zuzendaritza eskudunaren titularra.

b) Arau-hauste oso astunetarako, gazteriaren arloko sail eskudunaren titularra.

2.– EAEko gainerako administrazio publikoetan, haien araudiek xedatutakoaren arabera zehaztuko da zein izango diren agintari eskudunak lege honetan jasotako arau-hausteen ondorioz zehapen-prozedura hasteko eta zehapenak ezartzeko.

66. artikulua.– Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedurak bat etorri behar du arau hauetan ezarritako printzipioekin: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalari buruzko araudi erregulatzaile autonomikoa.

67. artikulua.– Zehapenen erregistroa.

Lege honetan arautzen den Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorrean zehapenei buruzko atal bat egongo da, non jasoko baitira era guztietako arau-hausteak direla-eta eman diren ebazpen irmoak.

68. artikulua.– Kautelazko neurriak.

1.– Ikuskapenen bitartez edo pertsona fisiko edo juridiko baten komunikazioaren bitartez atzematen bada erabiltzaileei edozein motatako kaltea eragiteko berehalako arriskua dagoela indarrean dagoen araudiaren ez-betetze larria dela medio, gai horren gaineko eskumena duen organoak kautelazko neurri hauek erabaki ditzake, ebazpen arrazoitu baten bidez eta proportzionaltasun-irizpideei jarraituz:

a) Ekipamendua edo zerbitzua ixtea, guztiz edo zati batean.

b) Jarduera edo zerbitzua etetea, guztiz edo zati batean.

c) Jarduerarako, zerbitzurako edo ekipamendurako dirulaguntzak edo laguntzak etetea, guztiz edo zati batean.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren neurrien iraupena kasuan-kasuan ezarriko da, eta ez da luzatuko kasu zehatz bakoitzari dagozkion kautelazko helburuak bete ahal izateko behar-beharrezko denbora baino gehiago.

3.– Kautelazko neurriak hartuz gero, interesdunei aurreztiazko entzunaldia emango zaie, jakinarazpenetik bost egun balioduneko epearen barruan, salbu eta, tartean den arrisku-egoera kontuan hartuta, beharrezkoa denean neurriak berehala betearaztea; halakoetan, kautelazko neurriak erabakitzeko ebazpenaren jakinarazpenean emango da horren berri. Azken kasu horretan, erabakitako eran eta epean bete behar ditu neurriak titularrak, baina eskubidea izango du alegazioak egiteko eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eta justifikazioak aurkezteko. Neurriak hartu zituen organo berak balioetsi beharko ditu alegazio, agiri eta justifikazio horiek, hartutako neurriak mantendu, zuzendu edo baliogabetzeko ondorio hutsetarako.

4.– Halako neurriak ez dira sekula zehapen izango. Kautelazko neurriak hartzeak ez du eragotziko zehapen-prozedura hastea, baldin eta neurriak hartzea eragin duten egitateak arau-hauste izan badaitezke.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zehapenen zenbatekoa eguneratzea.

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honetan ezarrita dauden zehapenen zenbatekoak eguneratzeko, aintzat hartuta, betiere, kontsumoko prezioen indize orokorraren aldakuntza eta gazteriaren arloan eskumena duen sailaren aurretiazko txostena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

Lege honetan jasotakoaren arabera datuak edo informazioa eman behar badira eta haietan datu pertsonalak badaude, legearen eremuaren eta xedeen arabera egokiak, beharrezkoak eta neurrikoak izatea bermatuko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 27. artikuluan ezarritako betekizunak aplikatzea.

5.000 biztanle baino gutxiago eta 2.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei, lege hau indarrean jarri eta hurrengo bost urteetan, ez zaizkie eskatuko lege honen 27. artikuluan gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuentzat ezarrita dauden betekizunak. Denbora-tarte horretan, aipatutako zerbitzuak sortu beharko dituzte edo, hala badagokio, mankomunatu. 2.000 biztanle edo gutxiago dituzten udalerriek ez dituzte nahitaez bete behar izango eskakizun horiek.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gazteriaren arloko eskumena duen sailaren elkarlana Lehendakaritzarekin.

Lege honen helburuak koherentziaz eta zorroztasunez betetzen direla ziurtatzeko, gazteriaren arloko eskumena duen sailak Lehendakaritzarekin egindako elkarlanetik garatuko dira legearen gaineko zuzendaritza eta bultzada politikoa, eta hura hedatzearen koordinazioa, jarraipena eta ebaluazio iraunkorra.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko.

Familientzako laguntza ekonomikoek eta haurrentzako berme-programek, bai eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioek ere, gazteen premiak kontuan hartuko dituzte Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legean zehazten denaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 239/1999 Dekretua, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen funtzionamendu-erregimen eta osaketari buruzkoa.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Zenbait arlori buruzko erregulazioari dagokionez, geroko erregelamenduzko xedapenetara igortzen du lege honek. Bada, xedapen horiek ematen ez diren bitartean, lege hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden maila bereko arauak aplikatuko dira kasu bakoitzean, betiere, legean xedatutakoaren aurkakoak ez badira:

a) 170/1985 Dekretua, ekainaren 25ekoa, neska-mutikoen eta gazteen kanpamentuen, kolonien, kolonia irekien, lan-kanpaketen eta ibilaldietako kanpaketen araubidea ezartzen duena.

b) 14/1988 Dekretua, otsailaren 2koa, Gazteen Informazio eta Dokumentaziorako Euskadiko Zentro Koordinatzailea sortzen duena.

c) 211/1993 Dekretua, uztailaren 20koa, gazteentzako informazio zerbitzuen onespen ofiziala arautzen duena.

d) 406/1994 Dekretua, urriaren 18koa, haur eta gazte taldeen ostatu-hartze eta egonaldietarako aterpetxeen eta instalakuntzen antolaketari buruzkoa.

e) 419/1994 Dekretua, azaroaren 2koa, batetik, haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolak eta, bestetik, haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begirale eta zuzendariak trebatzeko ikastaroak izendapen ofizialez onartzeko eta bertan parte hartzeko modua arautzen duena.

f) 260/1995 Dekretua, maiatzaren 2koa, Euskadiko «Gazte txartela/Carnet joven» eratu eta arautzeko dena.

g) Agindua, 1986ko urtarrilaren 15ekoa, Kultura eta Turismo Sailarena, Euskal Herriko Gazte Elkarteen eta Gazteriari Zerbitzuak eskaintzen dizkioten Entitateen Zentsu Nagusia sortzeko dena.

h) Agindua, 1997ko azaroaren 12koa, Kultura sailburuarena, haur eta gazte taldeen ostatu-hartze eta egonaldietarako aterpetxeen eta instalakuntzen antolaketari buruzko urriaren 18ko 406/1994 Dekretua garatzen duena.

i) Agindua, 2016ko urriaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak prestatzeko eskolak eta haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begirale eta zuzendariak prestatzeko ikastaroak izendapen ofizialez onartzeko eta bertan parte hartzeko modua arautu zuen dekretuaren I. eta II. eranskinak eguneratzekoa.

j) Agindua, 1999ko abenduaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, Gazteriaren Euskal Behatokia sortu eta horren eginkizunak zehaztekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamendu bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 10a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 18.3 artikulua betetzeko, ez da beharrezkoa ikusten berariazko baliabideak hornitzea udalerrien finantza-nahikotasuna ziurtatzeko, gazte-politiken plangintzaren, antolamenduaren eta kudeaketaren eskumen propioak emateari dagokionez; izan ere, azken urteotan, toki-entitateak gazteriaren arloko administrazio-unitateak edo -zerbitzuak eta EAEko gazteentzat oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak eta ekipamenduak sortuz joan dira. Orobat, lege hau onartzeak ez du berekin ekarriko jarduera, zerbitzu edo ekipamendu berriak sortzea, lehendik daudenak sistematizatzea eta egituratzea baizik.

Hala eta guztiz ere, etorkizuneko erregelamendu-arauak aztertu egin beharko dira, duten finantza-eragina kuantifikatzeko, EAEko udalerrien finantza-nahikotasuna bermatu ahal izateko hala dagokionean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 18. artikuluko 1, 3 eta 4. apartatuetan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, Tokiko Gobernuen Batzordeak bidezko txostenaren bidez aztertuko ditu, dagokionean, erregelamendu-proiektuak; horrela, bidezkoa bada, ohartarazi egingo du toki-autonomiari, eskumen propioei eta finantza-nahikotasunari eragin diezaieketela.


Azterketa dokumentala