Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2022ko martxoaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1368

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bosgarren deialdiaren aldaketa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 18ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bosgarren deialdia aldatzea onartu du. Horiek horrela, Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoaren arabera –maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak–, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio erabakia argitaratzea.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bosgarren deialdiaren aldaketa, zeina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu baitu 2022ko martxoaren 18ko bilkuran –ebazpen honi erantsi zaio aldaketaren testua–.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 18a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
COVID-19AREN ONDORIOZ EZARRITAKO ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEEN ERAGINA JASAN DUTEN LANGILEENTZAKO OHIZ KANPOKO LAGUNTZEN BOSGARREN DEIALDIAREN ALDAKETA.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko otsailaren 15eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bosgarren deialdia onartu zuen, zeina 2022ko otsailaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baitzen (41. zk.), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bitartez.

2022ko otsailaren 23an, bestalde, otsailaren 22ko 2/2022 Errege Lege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean; errege lege-dekretu horren bidez, presako neurriak hartzen dira langile autonomoak babesteko, enplegua defendatzeko egiturazko mekanismoetarantz trantsizioa egiteko eta La Palma uharteko suspertze ekonomiko eta sozialerako, eta luzatzen dira kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko hainbat neurri. Xedapen hori baliatuz, aurrez baimendutako enplegu-erregulazioko espedienteak 2022ko martxoaren 31ra arte luzatzen dira. Horrez gain, irailaren 28ko 18/2021 Errege Lege Dekretuan bildutako langileentzako langabezia-babesaren arloko neurriak ere luzatzen dira.

Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, enpleguaren eta gizarte-kohesioaren arloan dituzten eskumenak eta helburuak eta esleituta dituzten eginkizunak betetzeko, erabaki dute aipatutako deialdian jasota dauden laguntzak 2022ko martxoaren 31ra arte luzatzea, eta, horretarako, deialdia aldatzea.

Kontuan hartuta aldaketa noiz egin den eta eskabideak aurkezteko epea amaitzear dagoela, komeni da epe hori luzatzea.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 18ko bilkuran, onartu du COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bosgarren deialdia aldatzea, zehaztapen hauen arabera:

Lehenengoa.– Deialdiaren 3.1 artikulua aldatzea; aurrerantzean, idazkuntza hau izango du:

«1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira besteren kontura aritzen diren langileak eta lan-sozietateetako edo lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, baldin eta 2021eko urriaren 1ean lan-kontratua etenda edo lanaldia murriztuta badute (COVID-19a dela-eta abian jarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidez) eta kontribuzio-mailako langabezia-prestazioen titularrak badira edo egoera horretara igarotzen badira, 2021eko urriaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean (irailaren 28ko 18/2021 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluaren ondorioz eta otsailaren 22ko 2/2022 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ondorioz). Horrez gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi hau EHAAn argitaratu baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan han bizitzea.

b) Lan-kontratua eten edo lanaldia murriztu aurretik, Gizarte Segurantzan kotizatzen zuten kontingentzia arruntengatiko oinarria 20.000 euro edo gutxiago izatea urtean».

Bigarrena.– Deialdiaren 4.2 artikulua aldatzea; aurrerantzean, idazkuntza hau izango du:

«2.– Diruz lagunduko den aldia honen baliokidea izango da: lan-kontratua etenda edo lanaldia murriztuta izateagatik, 2021eko urriaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean langabezia-prestazioa jaso den aldia».

Hirugarrena.– Deialdiaren 5.3 artikulua aldatzea; aurrerantzean, idazkuntza hau izango du:

«3.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko apirilaren 13an amaituko».


Azterketa dokumentala