Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2022ko martxoaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1195

AGINDUA, 2022ko otsailaren 22koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Vitoria-Gasteizko udalerriko Gaztelako Atean babes ofizialeko 11 etxebizitza alokairu-erregimenean esleitzeko prozedurari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza horien esleipen-prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da); izan ere, hala ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren III. kapitulua (zeinak arautzen baitu etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak alokairu-erregimenean esleitzeko prozedura) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren bidez aldatu zen (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Bigarrena.– Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendariaren 2009ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa eskuratu zuen Vitoria-Gasteizko udalerriko Gaztelako Atean 27 etxebizitza egiteko sustapenak. Sustapen hori 3. poligonoko (Gaztela Hegoaldea) konpentsazio-batzordeak sustatu zuen, eta EB1-0027/03-LE-000 da haren espediente-zenbakia. Arestian, etxebizitza horietatik 11 Alokabidek erosi ditu, alokairuan esleitzeko.

Hirugarrena.– Prozedura horren bitartez alokairuan esleituko diren 11 etxebizitza horietako bi mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude: horietako bat logela bakarrekoa da, eta 59,67 m2-ko azalera du; beste etxebizitza bi logelakoa da, eta 70,00 m2-ko azalera du. Gainerako 9 etxebizitzetatik 6 etxebizitza hiru logelakoak dira, eta 76,03 m2 eta 89,97 m2 bitarteko azalera dute; beste hiru etxebizitzak bi logelakoak dira, eta 59,74 m2 eta 69,99 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da, eta kupotan banatuko dira, laugarren ebazpen-zatian ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio honako agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera, zeina lotuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoarekin (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da).

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa), azken xedapenetako zazpigarrenaren 4. puntuaren bidez, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du, zeinak arautzen baitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Aipatu dekretuak 47 bis artikulua txertatzen du 2012ko urriaren 15eko Aginduan, eta bertan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza kupo batzuk erreserbatuko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaitasuna duten pertsonak; 36 urtetik beherako pertsonak (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne); etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa dutenak; etxebizitza-premia berezia dutenak, eta gainerako eskatzaileak edo kupo orokorrekoak. Etxebizitza-kupoek 47 bis artikuluaren 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte.

Hirugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak (abenduaren 26ko 210/219 Dekretuaren bidez egindako aldaketen ondorioz gaur egun duen erredakzioan) esaten du etxebizitzen esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela –hots, kupoen arabera–, etxebizitzen egokitzapenaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera, betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikuluak baremoa arautzen du, honako hauek kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei; 1 puntu, bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako: 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei; 5 puntu, bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei; 3 puntu, lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei, eta 1 puntu, hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak duen logela-kopuruaren arabera.

Horrenbestez, aipatutako lege-manuak eta horiekin bat datozen eta aplikatu beharrekoak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko udalerrian, Gaztelako Atean, babes ofizialeko 11 etxebizitza esleitzeko prozedurari hasiera ematea (sustapenaren espediente-zenbakia: EB1-0027/03-LE-000).

Bigarrena.– Sustapeneko etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Hirugarrena.– Esleipen-prozedura honetan parte hartu ahal izango dute agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda daudenak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-eskatzaile gisa alta emanda egotea Vitoria-Gasteizko udalerrian edo Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerriren batean (Agurain, Añana, Armiñon, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Burgelu, Donemiliaga, Alegría-Dulantzi, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Vitoria-Gasteiz, Gaubea, Harana, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kanpezu, Kuartango, Lagran, Lantaron, Legutio, Otxandio, Urkabustaiz, Ubide, Peñacerrada-Urizaharra, Zalduondo, Zambrana, Zigoitia eta Zuia).

b) 2020. urteko errenta-ekitaldiko zergaldian 9.000 euro eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea. Baldintza hori egiaztatzeko, inskripzioaren titular guztien diru-sarreren batura hartuko da kontuan. Desgaitasuna duten mugikortasun urriko pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza izateko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileek ere.

c) Etxebizitzarik ez izatea jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean, agindu hau argitaratzen den egunaren aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza-premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

d) Gehienez 6 kideko bizikidetza-unitatea izatea.

Laugarrena.– Esleitu beharreko 11 etxebizitza horietatik, kupo hauek erreserbatuko dira:

a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonei egokituak. Etxebizitza horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 52. artikuluaren idazkuntza berrian adierazita dagoen lehentasun-ordenari jarraituko zaio.

Hau da, lehenik eta behin, Desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasuna duten pertsonei esleituko zaizkie etxebizitzak; gero, 2. eranskinean B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasuna duten pertsonei, eta, azkenik, eranskin bereko Dtik Hrako letretan ezarritakoak batuz 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei.

b) 9 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat, kupo hauetan banatuta:

– 3 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 33,33), 36 urtetik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateentzat.

– 1 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 11,11), agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta duten eskatzaileentzat.

– 2 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 22,22), etxebizitza-premia berezia dutela egiaztatzen duten pertsonentzat.

– 3 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 33,33), kupo orokorrera atxikita daudenentzat.

Kupo horietako batean etxebizitzak esleitu gabe geratzen badira –hau da, kupoa erreserbatu zitzaion kolektiboko pertsonei edo bizikidetza-unitateei esleitu gabe–, etxebizitza horiek kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa handituko dute.

Era berean, kupo orokorreko etxebizitzaren bat esleitu gabe geratzen bada, soberako etxebizitzak hauei esleituko zaizkie: kupo horretarako erreserbatutako etxebizitzei dagokienez eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonei.

Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis artikuluak 2. apartatuan esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak etxebizitza erreserbatuen kupo handiena duen kolektiboan sartuko dira.

Seigarrena.– Agindu honek eta aplikatu behar diren gainerako arauek zehazten dituzten baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, bide hauetako bat erabilita:

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea 10, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

– Postaz: Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Samaniego kalea 2, 1. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

Zazpigarrena.– Onartutako eskaerek hurrengo lerroetan jasotako baremazio-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu, 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: 1 puntu emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei; 1 puntu, 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei; 5 puntu, 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei; 3 puntu, 4 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 1 puntu, 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: 1 puntu emango da, antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie egoera hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Zortzigarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, agindu hau argitaratu den eguna hartuko da erreferentzia gisa. Berdinketa-kasuetan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

Bederatzigarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez 2 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie; bi logelako etxebizitzak, gehienez 4 kideko bizikidetza-unitateei, eta hiru logelako etxebizitzak, berriz, gehienez 6 kide dituzten bizikidetza-unitateei.

Hamargarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazkuntza eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, eta han jasoko dira prozeduran parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak. Itxaron-zerrendak amaitu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritako prozedurari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki-taula).

Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 22a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala