Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2022ko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1164

800/2022 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa argitaratzen da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta beste lankidetza jarduerak kudeatzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) aipatutako akordioa sinatu dute. Beraz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta behar bezalako zabalkundea emate aldera, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta beste lankidetza jarduerak kudeatzeko. Aipatutako testua eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 25a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

ERANSKINA
AKORDIOA, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKOA, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO LANGILEEN HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZARAKO ETA BESTE LANKIDETZA JARDUERETARAKO

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 22a.

ELKARTU DIRA:

Alde batetik, María Rosa Pérez Esquerdo, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia, Administrazioko Kontseiluaren 2020ko urriaren 23ko erabakiaren bidez izendatua (EHAA, 2016. zk., 2020ko azaroaren 2koa), erakunde publiko horren estatutuen 11. artikuluak emandako ahalmenak direla bide jardunez.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendari nagusia, urtarrilaren 10eko 14/2017 Dekretuaren bidez izendatua (EHHA, 9. zk., 2017ko urtarrilaren 13koa), Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea Sortzeko eta euskaltegiak arautzekoa den azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera.Honakoa

ADIERAZTEN DUTE:

I.– 1979ko Euskadiko Autonomia Estatutuak euskara eta gaztelaniari hizkuntza ofizialen izaera aintzatetsi eta gero, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legeak berariazko eskubidea aitortu zien euskal herritarrei, autonomia-erkidegoaren eremuan herri-administrazioekin euskaraz komunikatu eta euskaraz artatuak izan zitezen. Horretarako, Euskararen Legeak eskumena eman zien botere publikoei bi erako neurriak hartzeko: herritarren eskubideak bermatzeko, batetik, eta administrazio sail eta atalak pixkanaka euskalduntzeko, bestetik.

II.– 1997ko ekainaren 26ko Euskadiko antolamendu sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen 20. artikuluan, Osakidetza erakunde publikoa sortzen da, zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izaera juridikoarekin eta osasun-arloan eskumena duen Administrazio Orokorrerako Sailari atxikia, eta haren mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez osasun-zerbitzuak emateko xedea ezartzen zaio.

III.– Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez, 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, 28. artikuluko bosgarren arau komunean agintzen du Euskadiko Autonomi Elkarteko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko arautegian xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoak (aurrerantzean Osakidetza) plan berezia ezarriko duela, hizkuntz politikari buruz Autonomi Elkarteko organo eskumendunak xedatzen dituen gidalerroen arabera eta plan horretan zehaztuko direla entearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntz helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

IV.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioko Legeak plana «berezia» izango dela dio. Hain zuzen ere, euskararen erabilera Osakidetzan arautzeak berezko eitea du, izaera berezi bat, ez soilik Erakundearen konplexutasun eta tamainagatik, baita arrazoi hau dela bide ere: Osakidetzak herritarren osasuna zaintzea eta asistentzia sanitarioa ditu xede.

Bestalde, Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei osasun-laguntza modu integralean ematen dien erakunde publikoa bada, eta asistentzia-lan horretan komunikazioa tresnarik funtsezkoena dela onartzen bada, eztabaidaezina da paziente eta erabiltzaileei euren hizkuntzan komunikatzeko aukera ematea (erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntzaren erabilera bermatzea, alegia) zerbitzuaren kalitatearen bermea dela.

V) Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren bidez arautzen da Osakidetzaren euskararen erabileraren normalizazio-bidea. Aipatu dekretuaren 19. artikuluak ezartzen du Osakidetzak beharrezko neurriak hartuko dituela zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakunde publikoetako langileek behar duten hizkuntz gaitasuna lor dezaten. Halaber, ezartzen du horretarako, hizkuntz eskakizuna egiaztatu arteko prestakuntzaz arduratzeko eginkizuna emango diela Euskal Administrazio Autonomikoko langileak euskalduntzeko ardura daukaten erakundeei edo, hala badagokio, beste erakunde batzuei eta horretarako, harremanak berariaz egindako hitzarmenen batez bideratuko direla.

VI.– Martxoaren 18ko 2003/2003 Dekretuaren 14. artikuluak ezartzen du Euskara Planak arreta bereziaz tratatuko dituela langileen prestakuntza tekniko-linguistikoa eta, euskara Administrazio Sanitarioko hizkuntza dela, trebakuntza behar duten eguneroko eginbehar ohikoak ere.

VII.– Osakidetzaren 2. Euskara Planak, 3.4. kapituluaren b) puntuan, honako hau ezartzen du: Euskara Zerbitzu Korporatiboak, Osakidetzako erakundeetako euskara-zerbitzu teknikoekin koordinaturik, erakundeen beharrizanen araberako material didaktiko egokia osatu, diseinatu eta eguneratuko du.

VIII.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea Sortzeko eta euskaltegiak arautzekoa azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako izaera administratibodun Erakunde Autonomiaduna dela, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana.

IX.– HABE administrazio-erakunde autonomiadunaren helburuak azaroaren 25eko 29/1983 Legean daude zehaztuta eta, besteak beste, hauexek dira:

– Euskara irakastea helduei, eta helduen alfabetazea eta euskalduntzea sustatzea, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik.

– Ikerketa sustatzea eta berezkoak dituen helburuak lortzeko bideak, moduak eta tresnak aztertzea eta bilatzea.

– Material pedagogiko-didaktikoak sortu eta argitaratzea.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea helburu horiek betetzeko sortu diren ikastetxeetan.

– Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko zein pribatuen aldeko laguntzak ematea, eta plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea.

X) Osakidetzako langileei dagokienez, helburu horiek betetze aldera, 2018ko ekainaren 1ean bi erakundeek kudeaketa-gomendioaren akordioa sinatu zuten, Osakidetzako langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta beste lankidetza jardueretarako.

Hitzarmen horrek indarra galdu du; horrenbestez, akordioan jasotzen diren jardueren garapenari eutsi eta garapen hori bultzatzeko, bi erakundeen artean akordio berria sinatu behar da.

XI.– Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 11.1 artikuluan, honako hau xedatzen du: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

XII.– HABEk Osakidetzaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak ditu.

XIII.– Osakidetzak kudeaketa gomendio honetan aurreikusten diren lan guztiak egiteko behar diren baliabide teknikoak ez dituela eta, HABEk helduak alfabetatzen eta euskalduntzen erakutsi duen esperientzia eta gaitasuna ikusita, bidezkoa da helburu horretarako baliabideak dituen erakundeari, hau da, HABEri, ematea.

XIV.– Hori dela-eta, Osakidetzaren eta HABEren arteko harremanak erraztearren, eta Osakidetzako langileen euskalduntze prozesua hobeki gauzatzearren, Osakidetzak eta HABEk honako kudeaketa gomendio hau sinatzea erabaki dute, jarraian adierazten diren klausulen arabera

KUDEAKETA GOMENDIOAREN AKORDIOA

Lehenengoa.– Akordioaren xedea.

Akordio honen xedea da, Osakidetzaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Institutuari (HABE) kudeatzeko gomendioa ematea, Osakidetzako langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta beste lankidetza jardueretarako.

Bigarrena.– Gomendioaren helburua eta nondik norakoak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenaren baitan, Osakidetzak eta HABEK adostu dute, efikaziaren mesedetan, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) honako zerbitzuak kudeatzeko gomendioa ematea, honako jarduera hauetarako:

a) Osakidetzako langileentzako euskalduntze-ikastaroak antolatzea eta ematea, ikastaro horiek kontratatzea eta ikasleen jarraipena egitea, hizkuntza-eskakizunetan ezarritako mailak gainditze aldera.

b) Osakidetzako langileen beharretarako egokitutako material didaktikoa sortzea.

c) Osakidetzako langileei zuzendutako beste edozein zerbitzu edo jarduera egitea edota ematea, irakaskuntzan euskalduntze eta alfabetatzeko ekintzan edo lanerako hizkuntza-prestakuntza burutzearekin zerikusirik izanda, akordioa sinatu duten bi aldeentzat interesgarriak badira.

Sistema hauek erabiliko dira euskara-ikastaroak antolatzeko:

– Aurrez aurreko ikastaroen sistema.

– Autoikaskuntza sistema.

Halaber, kudeaketa gomendio honen bidez, eta interesdunak diren Osakidetzako langile bakoitzaren aurretiko adostasuna izanda, erakunde biek datuak elkartrukatuko dituzte Osakidetzak lagundutako ikastaroren bat egin duen administrazio sanitarioaren langileak gainditutako euskara maila jakiteko. Hori guztia, martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 1.3 artikuluan aurreikusitako helburuen betetzeari buruzko txostena egin ahal izateko.

Txosten hori Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara bidaliko da aztertu eta balora dezan, bai eta Osakidetzaren Euskara Planaren kudeaketa gauzatu ahal izateko.

Hirugarrena.– Eskumena.

Kudeaketa Gomendio hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren araberakoa da, eta kudeaketa gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik. Osakidetzaren erantzukizuna da, gomendioa ematen duen organoa den aldetik, gomendioaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri edo osagarri diren izaera juridikoko egintza edo ebazpen guztiak ematea.

Edonola ere, gomendioa jasotzen duen erakundea edo organoa izango da kudeaketa-gomendioa gauzatzean eskuratu ditzakeen datu pertsonalak tratatzeko arduraduna, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.

Laugarrena.– Zerbitzuak planifikatzea eta ematea.

A) Osakidetzako langileak euskalduntzeko ikastaroak antolatu eta ematea.

Hizkuntza-ikastaroak bat etorriko dira HABEk euskaltegi publiko, pribatu eta autoikaskuntzarako zentroei ematen dizkien dirulaguntzen barruan onartzen dituenarekin. Moduluen salbuespenak batera aztertuko dituzte Osakidetzak eta HABEk.

HABE saiatuko da kudeaketa gomendio honen helburu diren Osakidetzako langileak hiru hiriburuetako administrazioko taldeetan eskolatzen.

Ikastaroetara onartuta egon baina dena delako arrazoia dela eta, administrazioko taldeetan lekurik ez duen langilerik badago, HABEk horren berri emango dio Osakidetzari, betiere taldeak behin betikoz antolatu baino lehen.

Edonola ere, ikastaroak eta zerbitzuak akordio honen eranskin batean zehaztu beharko dira, emango diren epeari dagokiona.

Akordioa sinatu duten aldeek egoki iritzitako ebaluazio-sistemak adostu eta jarriko dituzte abian, ikaste-prozesuan parte hartzen dutenen gogobetetze-maila ezagutzeko. Horretarako, ikasturtea amaitzean, galdeketa bat banatuko da arlo publikoko langileek osatutako taldeetan. Galdeketa horretan, besteak beste, bereziki ikastaroari eta irakasleei buruzko gogobetetze-maila ebaluatuko da. Alde horretatik, galdetegiak anonimoak izango dira, baina eratzen diren talde zehatzei lotuta egongo dira. Horrela, inkestako emaitzak euskaltegi edo irakaslearekin lotu ahal izango dira.

1.– Osakidetzaren ardura izango da, Osakidetzako langileentzako euskalduntze-ikastaroen deialdiak egiten dituen organoa den aldetik, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egintzak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Hizkuntza-prestakuntzako ikastaroen deialdiak onartzea eta argitaratzea EHAAn eta bere egoitza fisiko eta elektronikoetan.

b) Eskabideak jaso eta kudeatzea, deialdietan xedatutakoaren arabera.

c) Euskalduntze-ikastaroetan parte hartuko duten langileak aukeratzea.

d) Euskara-maila jakiteko proba egin behar duten langileen zerrenda HABEra bidaltzea.

e) Ikasturte bakoitzaren hasieran, lanorduetako ikastaroetarako onartu diren pertsonen zerrenda bidaltzea HABEri, beharrezkoak diren ikastaroak prestatu ditzan. Zerrenda horretan honako datu hauek zehaztuko dira: izen-abizenak, NANa, egin beharreko modulua, ikasi beharreko euskara-maila eta ikastaroa jasoko duen herria.

Ikastaroak honako hauek izango dira:

– 2 orduko ikastaroak hiriburuetan (Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Bilbo), 08:00etatik 10:00etara.

– 5 orduko ikastaro trinkoak eta barnetegialdiak.

– Egokitzat jotzen diren beste ikastaro batzuk.

f) Ikasturte bakoitzaren hasieran, lanorduz kanpoko ikastaroetarako onartu diren pertsonen zerrenda bidaltzea HABEri, beharrezko aurreikuspenak egin ditzan. Zerrenda horretan honako datu hauek zehaztuko dira: izen-abizenak, NANa eta egin beharreko ikastaro sistema (aurrez aurrekoa edo autoikaskuntza).

g) Ikastaroetan onartutako langileen zerrendan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztien zerrenda eguneratua bidaltzea.

h) Matrikula-orriak egin eta bidaltzea:

– Euskaltegietara, lanorduetako ikastaroa egingo duten langileen kasuan, ezin badira administrazioko langileek osatutako taldeetan eskolatu.

– Lanorduz kanpoko ikastaroetan onartutako langileen kasuan, matrikula-orriak interesdunei bidaliko zaizkie, zerbitzu-erakundeetako pertsonen zuzendaritzen bidez, matrikula euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean kudea dezaten. Euskaltegiari dagokio matrikula-orria behar bezala beteta bidaltzea HABEra. HABEk Osakidetzara bidaliko ditu, egiazta eta oniritzia eman dezan.

Matrikula-orri horiek Osakidetzako kolektiboaren marka zehaztu beharko dute (5).

i) Langileei gogobetetze-inkestak bidaltzea.

j) HABEri agindu zaizkion jarduerak finantzatuko ditu, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren klausuletan jasotzen denaren arabera.

k) Era berean, HABEk eman behar dituen zerbitzuak zehaztuko ditu, bai akordioaren iraupenean, bai hamargarren xedapen orokorrean ezarritakoaren arabera akordioa luzatu ahal den aldi bakoitzean.

2.– HABEk, Osakidetzaren onespenarekin, erakunde honek zehaztutako ikastaroetarako behar diren bitartekoak eta eskatutako zerbitzuetarako beharrezko baliabideak eskainiko ditu. Bitartekoak, HABErenak berarenak izan daitezke, edo hirugarren bati azpikontratatutakoak.

HABEk egin beharreko jarduerak honako hauek izango dira, besteak beste:

a) Helduei irakasteko oinarrizko curriculumean (HEOC) jasotzen diren mailetan, euskaltegi eta autoikaskuntza zentroen bidez euskara-ikastaroak emateko behar diren baliabideak (baliabide materialak eta giza-baliabideak) hornitzea, gomendio honetan ezartzen diren moduetan. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira beharrezkoak diren gailu elektronikoak.

b) HABEk kontratatuko ditu ikastaroak, HABEren erregistroan izena emanda dauden euskaltegiekin, unean-unean indarrean dagoen esparru-akordioaren babesean.

c) Euskara-ikastaroak, batez ere, HABEk ezarritako moduluen araberakoak izango dira. Modulu horietan salbuespenen bat aplikatu behar bada, erakunde horrek eta Osakidetzak aztertuko dute kontua.

d) HABE saiatuko da kudeaketa gomendio honen helburu diren Osakidetzako langileak hiru hiriburuetako administrazioko taldeetan eskolatzen.

Ikastaroetan onartuta egon baina dena delako arrazoia dela eta, administrazioko taldeetan lekurik ez duen langilerik badago, HABEk horren berri emango dio Osakidetzari, betiere taldeak behin betikoz antolatu baino lehen.

e) HABEren baliabideak erabilita, aurretik ikastarorik egin ez duten langileentzako beharrezko probak antolatzea, dagokien mailan sailkatzeko eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea proba hori noiz eta non egingo den.

f) Ikastaroetan parte hartzen duten langileen bertaratzearen eta aprobetxamenduaren kontrola egitea, eta, horretarako, beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea. Egokitzat jotzen den kasuetan, Osakidetzak berariazko txostenak eska diezazkioke HABEri.

g) Hilero, informatzen den aldiaren hurrengo hilabetearen barruan, kudeaketa-gomendio honen xede diren ikasleen eguneko eta orduko asistentziari buruzko informazioa Osakidetzara bidaltzea, informazio hori laneko bertaratzeari eta justifikatutako gorabeheren kontrolari buruzkoarekin alderatu ahal izateko. Lan-ordutegiaren barruan ikastaroetan baimendutako langileen kasuan, txostenak eguneroko asistentzia jasoko du; lan-ordutegitik kanpoko ikastaroetan eskolatutako langileen kasuan, txostenak hileko informazio orokorra jasoko du.

Halaber, langileek gainditutako mailari buruzko datua bidaliko du, dagokion ebaluazioa egin ondoren.

h) Matrikulen kudeaketari dagokionez, HABEk euskaltegiek bidalitako matrikula-orriak jaso, aztertu, zuzendu eta, hala badagokio, onartu egingo ditu, eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaliko ditu, dagokion fakturazioarekin batera, agindu honen zortzigarren klausulan ezarritako moduan eta epean.

i) Langileentzako gogobetetze-inkestak prestatzea eta bidaltzea. Era berean, HABEk gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertuko ditu, eta horren berri emango dio Osakidetzari.

j) HABEk bermatuko du akordio honen babesean antolatzen diren taldeei euskara-ikastaroak emango dizkieten irakasleek kalitatezko irakaskuntza bermatzeko moduko profesionaltasuna eta gaitasuna dutela.

k) HABEk ikasleen inguruan eskatzen duen informazio guztia emango dio Osakidetzari.

B) Langileen beharretara berariaz bideratutako material didaktikoak sortzea:

– Material didaktikoaren helburua da zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak betetzen laguntzea.

– Material hori langileen hizkuntza-prestakuntza eta -gaikuntzaren beharretara egokituko da, euskaraz lan egiteko, eta Osakidetzako langileen eguneroko lanean euskararen erabilera erraztu eta sustatuko duten tresnak eskainiko ditu.

– Materiala Osakidetzak sortu eta argitaratutako lanbide arloetako euskarazko gidetan oinarritu ahal izango da.

– Materiala fisikoa (liburuak, mapak, euskarriak, etab.) zein birtuala (bideoak, irudiak, audioak, etab.) izan daiteke.

Osakidetzaren erantzukizuna izango da:

– Material didaktikoa prestatzeko prozedura prestatzea.

– Material didaktikoaren edukiak zehaztea.

– HABEk egindako lana gainbegiratu, berrikusi eta alderatzea.

– Material didaktikoa editatu eta argitaratzea.

– Materiala Osakidetzan zabaltzea.

HABEren erantzukizuna izango da:

– Material didaktikoa diseinatu eta sortzea, Osakidetzak prestatutako prozedurari jarraituz.

– Materiala didaktikoak Osakidetzak proposatutako eduki guztiak jasoko dituela bermatzea.

– Osakidetzarekin alderatu ondoren, material didaktikoari beharrezkoak diren zuzenketak egitea.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat osatuko da, HABEko eta Osakidetzako kideez osatua, kudeaketa gomendio hau burutzeko jarduerak koordinatzeko helburuarekin, eta horren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko.

Batzordeak gutxienez ohiko bilera bat egingo du ikasturte bakoitzean eta ezohiko bilerak ere egingo ditu, erakundeek hala eskatuta beharrezkotzat jotzen den edozein unetan.

Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:

– Kudeaketa-gomendio honen xede diren jardueren urteko aurreikuspena egitea eta dagokion aurrekontua onartzea.

– Komunikazio-esparru bat ezartzea, eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Akordiokideek egoki iritzitako koordinazio-neurriak hartzea akordio hau bete dadin bermatzeko.

– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuekin lotutako ikaskuntza-prozesuak aztertzea, bien arteko koherentzia bilatuz.

– Oro har, kudeaketa gomendio honetan adostutakoak gauzatzerakoan sor daitezkeen oztopoak eta arazoak aztertzeko gainditzeko bideak proposatzea eta bideratzea.

– Ikasleen gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertzea, eta hobekuntza-neurriak proposatzea eta sustatzea, antzeman diren hobekuntza-eremuen barruan.

– Eguneko/hileko asistentziari buruz bidalitako informazioa aztertzea, eta bidalketa-programari dagozkion zuzenketa- eta hobekuntza-neurriak aurkeztea.

– Kudeaketa-gomendioaren akordioa gauzatzean sor daitezkeen zalantzak jasotzea eta ebaztea.

– Akordioaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Jarraipen-batzordeak honako osaera hau izango du:

• Osakidetzaren aldetik:

– Osakidetzako Giza Baliabideen Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea, edo honek esandako ordezkariren bat.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboaren burua.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko teknikari bat.

• HABEren aldetik:

– HABEren Kudeaketa Zerbitzuko arduraduna, edo honek esandako ordezkari bat.

– HABEren Ikuskatzailetzaren arduraduna, edo honek esandako ordezkariren bat.

– Herri administrazioetako ikasleen jarraipenerako HABEko teknikaria.

Seigarrena.– Finantzazioa eta zerbitzuaren kostua.

Kudeaketa gomendio honen jardueren finantzaketa Osakidetzaren kontura joango da, eta HABEk emandako zerbitzu eta jardueren prezio publikoak finkatzen dituen unean uneko Aginduan zehazten diren tarifak aplikatuko dira.

Agindu honen xede den 2021-2022 ikasturterako hizkuntza-prestakuntza finantzatzeko kreditua, guztira, 110.000 eurokoa da. Hurrengo ekitaldietarako, Jarraipen Batzordean aurrekontu-ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko zenbatekoak onartuko dira. Eranskin batean jasoko da eta bi aldeek sinatuko dute.

Hala badagokio, lehen aipatutako 2021-2022 ikasturtekoak ez diren ikasturteetarako Kudeaketa gomendioaren finantzaketari buruzko klausulak HABEren prezio publikoen Aginduan eman daitezkeen aldaketen arabera egokituko dira.

Material didaktikoa sortzearen prozedura finkatzeko unean Jarraipen Batzordean adostu beharko da bere berariazko finantzazioa.

Zazpigarrena.– Gastuak zuritzea.

HABEk, Jarraipen Batzordeak onespena eman eta gero, kudeaketa gomendio honengatik sortutako gastuen justifikazioa aurkeztuko dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari eta erakunde honek, egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren transferentzia egingo du. Halaber, akordio honetan azaldutako gainerako gastuen faktura eta ordainagiri originalak, edo fotokopia konpultsatuak igorriko ditu.

Zortzigarrena.– Ordaintzeko era.

Euskalduntze-ikastaroen jarduera zerbitzuak ondoko epeen arabera fakturatuko ditu HABEk:

– Ikasturtearen lehen lauhilekoari dagozkion ikastaro trinkoen prestakuntza-jarduerak apirilaren 1erako.

– Ikasturtearen bigarren lauhilekoari dagozkion ikastaro trinkoen eta urrian hasitako prestakuntza-jarduerak uztailaren 31rako.

Aurreikusitako gainerako jarduera eta zerbitzuak dagokion aurrekontuan egiten den denbora-aurreikuspenaren arabera fakturako dira.

Bederatzigarrena.– Prezioak eguneratzea.

HABEk eskaintzen dituen zerbitzuen eta egiten dituen jardueren prezio publikoak aplikatu beharko dira, une oro, indarrean dagoen aginduaren arabera, eta akordio honen zortzigarren klausulan aurreikusitako ordaintzeko modua ere errespetatu beharko da.

Hamargarrena.– Akordioaren indarraldia eta amaitzeko beste arrazoi batzuk.

Kudeaketa-gomendioaren akordio hau 2021-2022 ikasturteari dagokio.

Epe hori bukatutakoan, urtez urte luzatuko da akordioa, eta aldeek dagokion eranskina sinatuko dute. Eranskin horretan, agindutako zerbitzu zehatzak eta horretarako aurreikusitako aurrekontu-zenbatekoak adostuko dira.

Honako hauek izango dira Akordioa amaitzeko arrazoiak:

– Sinatzaileen idatzizko akordioa, biek erabakitzen dituzten baldintzetan.

– Alderdietako batek ezin badu hitzarmenaren xedea bete, justifikatuta, eta hori gertatu bezain laster jakinarazi beharko dio beste alderdiari.

– Hitzarmen honen ondorioz alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak larriki ez betetzea.

Kasu horretan, alderdietako edozeinek jakinarazi beharko dio beste alderdiari, ez-betetze horren berri izan eta hurrengo hamar (10) egun balioduneko epean. Arau-haustea egin duen alderdiak, hogeita hamar (30) egun balioduneko epean, salatutako ez-betetzea zuzendu edo behar bezala justifikatu beharko du.

Nolanahi ere, ez-betetze hori Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio, konponbidea eman ahal izateko.

– Alderdietako baten salaketa. Salaketa idatziz egin beharko da, eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio beste alderdiari, egiten ari diren eta ikasturte horri dagozkion jarduera guztiak behar bezala amaitu ahal izateko.

Aurrekoa gorabehera, finantzaketari buruzko klausulak ikasturte bakoitzaren hasieran berrikusiko dira (urte bakoitzeko urriaren 1ean hasita), sinatzaileek sinatutako akordio baten bidez, HABEren prezio publikoei buruzko Aginduan adostutako tarifak eguneratzean oinarrituta.

Hamaikagarrena.– Kudeaketa-gomendio hau eta urteko berritze-akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Hamabigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Osakidetzak HABE gaitzen du Gomendioa behar bezala betetzeko behar diren datu pertsonalak trata ditzan.

Datu pertsonalen babesari buruzko legeria (2016/679 (EB) Erreglamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018Lege Organikoa indargabetzen dituena) eta informazioaren segurtasuna betetzeari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira:

1.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen tratamendutzat hartzen da datu pertsonalen gainean edo datu pertsonalen multzoen gainean egiten den edozein eragiketa edo eragiketa multzo, prozedura automatizatuen edo automatizatu gabeen bidezkoa, esate baterako: datuak biltzea, erregistratzea, antolatzea, egituratzea, gordetzea, egokitzea edo aldatzea, ateratzea, kontsultatzea, erabiltzea, transmisioz jakinaraztea, zabaltzea edota sarbidea beste edozein modutan gaitzea, alderatzea edo interkonektatzea, mugatzea, ezabatzea edo suntsitzea.

Gomendio hau betetzeko, HABEk «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten den moduan tratatu beharko ditu Osakidetza tratamenduaren arduradun gisa duten datu pertsonalak.

Ondorioz, HABEk tratamenduaren enkargatu gisa jardungo du, eta unean-unean indarrean dagoen araudia bete beharko du, datu pertsonalak behar bezala tratatuz eta babestuz.

HABEk datuak beste helburu baterako erabiliko balitu edota Gomendioaren edo indarreko araudiaren xedapenak bete gabe jakinaraziko edo erabiliko balitu, bera ere joko da tratamenduaz arduratzen den organotzat, eta berak erantzungo die egin dituen arau-hausteei.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» izeneko eranskinean zehatz-mehatz azaltzen da zein diren babestu beharreko datu pertsonalak, bai eta HABEk egin beharreko tratamendua eta ezarri beharreko neurriak ere.

Gomendioa betetzearen ondorioz «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean ezarritakoa aldatu behar bada inoiz, HABEk modu arrazoituan eskatuko ditu aldaketak. Tratamenduaren arduraduna ados badago eskatutakoarekin, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskina eguneratu beharko du eta, eranskin horretan, zehatz-mehatz jasoko du tratamenduaren xehetasuna.

2.– Estipulazioak tratamenduaren enkargatu gisa.

Klausula honetako betebeharrak eta dokumentu honetako «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinaren edukiak osatzen dute 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (aurrerantzean, DBEO) 28.3 artikuluan «Tratamenduaren enkarguaren kontratua» deritzona, tratamenduaz arduratzen den organoaren eta HABEren artekoa, non HABE tratamenduaren enkargatua den.

Behar horiek betetzeko prestazioak dokumentu honetan eta eranskinetan ezarritakoaren arabera soilik ordainduko dira, eta Gomendio honen iraupen bera izango dute. Dena dela, Gomendioa amaitzean, sekretu-betebeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, hura gauzatzen parte hartzen duten pertsona guztientzat.

Gomendio honen xedea betetzeko, ez da beharrezkoa HABEk tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko beste datu pertsonal batzuk eskuratzea, eta, beraz, ez du baimenik izango «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoak ez diren beste datu pertsonal batzuk atzitu edo tratatzeko.

Gomendioa gauzatzen ari den bitartean gorabeheraren bat gertatzen bada eta, ondorioz, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasota ez dagoen istripuzko sarbideren bat gertatzen bada tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko datu pertsonaletan, HABEk ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio gorabehera tratamenduaz arduratzen den organoari. Hain zuzen ere, HABEk ziurtatu beharko du 24orduko epean jakinarazten zaiola gorabehera organo horrek adierazitako pertsonari.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoaz gain, HABEk betebehar hauek bete eta bermatuko ditu, DBEOaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Datu pertsonalak dokumentu honetan eta Gomendioa gauzatzeari aplika dakizkiokeen gainerako dokumentuetan jasotako jarraibideen arabera tratatzea, baita, hala badagokio, tratamenduaren arduradunak unean-unean idatziz ematen dituen jarraibideen arabera ere.

HABEk berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari uste duenean jarraibide bat unean-unean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren aurkakoa dela.

b) Datu pertsonalak Gomendioaren xedearena ez den helburu batekin ez erabiltzea edo aplikatzea.

c) Datu pertsonalak segurtasun-irizpideen eta DBEOaren 32. artikuluan ezarritako edukiaren arabera tratatzea, eta isilpekotasuna bermatzeko eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea.

Bereziki, eta izaera mugatzailerik gabe, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutako arrisku- eta segurtasun-maila babesteko neurriak aplikatzera behartzen du bere burua.

d) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea Gomendioa gauzatzeko eskura dituen datu pertsonalen inguruan, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituen datuen inguruan ere, edozein euskarritan eskuratu dituela ere. Betebehar hori datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan parte hartzen duen pertsona ororentzat da, eta HABEren betebeharra izango da bere mendeko pertsonei jakinaraztea sekretu-betebehar hori dutela eta betebehar horri bete behar dutela baita zerbitzua ematen amaitu ondoren edo zerbitzuarekiko lotura amaitu ondoren ere.

e) Plegu honen xede diren datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen zerrenda bat edukitzea; bermatzea pertsona horiek konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko konpromisoa berariaz eta idatziz hartzen dutela eta pertsona horiei dagokion informazioa ematea. Gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura jarriko du dokumentazio egiaztatzaile hori.

f) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteari buruz behar duten prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.

g) Datu pertsonalak hirugarrenei ez jakinaraztea (ez lagatzea) eta ez zabaltzea, ezta gordetzeko ere, salbu eta, kasuan-kasuan, tratamenduaz arduratzen den organoaren aldez aurreko baimen esplizitua badago.

h) Eskuratu dituen datu pertsonalak, tratamenduaren ondorioz HABEk sortutako datuak eta datu horiek biltzen dituzten euskarriak eta dokumentuak itzultzea edo suntsitzea plegu honen xede den prestazioa amaitu ostean, baldin eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasotako tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, ez dira suntsituko legez edo Europako Erkidegoko zuzenbideko arau baten bidez datuok mantentzea baimentzen edo eskatzen bada.

Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datu pertsonalak gorde ahal izango ditu tratamenduaz arduratzen den organoarekin daukan harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean. Datuak blokeatuta eta gutxieneko denboran gordeko ditu, eta modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu aipatutako epe hori amaitzen denean.

i) Datu pertsonalak tratatzea tratamendu-sistema eta -gailu eskuzkoetan eta automatizatuetan eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten diren kokapenetan. Ekipamendu hori tratamenduaz arduratzen den organoaren kontrolpean egon daiteke, enkargatuaren kontrolpean zuzenean zein zeharka edo tratamenduaz arduratzen den organoak aldez aurretik eta idatziz baimendutako beste batzuen kontrolpean, aipatutako eranskinean ezarritakoaren arabera eta Gomendioaren xedea zertzeko izendatutako erabiltzaileek edo profilek baimenduta.

j) Datu pertsonalak Europako Esparru Ekonomikoaren barruan edo aplikatzekoa den araudiak segurtasun-eremu baliokidetzat jotzen duen beste eremu batean tratatzea, eta ez tratatzea espazio horretatik kanpo, ez zuzenean, ez baimendutako azpikontratisten bidez, plegu honetan edo kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritakoaren arabera, salbu eta horretara behartuta badago aplikagarria zaion Europar Batasuneko edo Estatu Kideko zuzenbidearen arabera, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean beste zerbait adierazten bada edo tratamenduaz arduratzen den organoak espresuki hala agintzen badu.

Zuzenbide nazionalaren edo Europar Batasuneko zuzenbidearen ondorioz HABEk datu pertsonalen nazioarteko transferentziaren bat egin behar badu, legezko eskakizun hori idatziz jakinaraziko dio tratamenduaz arduratzen den organoari tratamendua egiteko behar besteko aurrerapenarekin, eta tratamenduaz arduratzen den organoari aplika dakiokeen legezko baldintza guztiak betetzen direla bermatuko du, salbu eta aplikatu beharreko zuzenbideak hala debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuengatik.

k) Tratamenduaz arduratzen den organoari berehala eta prestu ematea bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunaren edozein urraketaren berri. Hain zuzen ere, ziurtatu behar du organo horrek adierazitako pertsonari berehala eta gehienez ere 24 orduko epean jakinarazten zaiola gorabehera eta, horretarako, honako hauek helarazi beharko dizkio, DBEOaren 33. artikuluaren arabera: intzidentziaren dokumentazio eta komunikaziorako informazio garrantzitsu guztia; informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman gertatu den edo gerta litekeen edozein akats, zeina arriskuan jartzen baituen datu pertsonalen segurtasuna, osotasuna edota erabilgarritasuna, eta Gomendioa betetzean lortutako datuak eta informazioa hirugarrenei jakinaraztearen ondorioz konfidentzialtasunaren balizko urraketa oro (are gehiago, zer interesdunen datuen konfidentzialtasuna galdu den zehaztu behar da).

l) Tratamenduaz arduratzen den organoari ahalik eta lasterren jakinaraztea interesdun batek organoarekiko dituen eskubideren bat baliatu duela, hala nola datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, haiei aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak edota aplikatzekoa den araudiak aitortutako beste eskubide batzuk eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea.

Jakinarazpena berehala egin behar da, gehienez ere eskubidea baliatzeko eskaera jaso eta hurrengo lanegunean. Jakinarazpenean, eskubidea nork baliatzen duen adieraziko da, modu frogagarrian identifikatuta, eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitekeen dokumentazioa eta bestelako datuak erantsiko dira.

m) Tratamenduaz arduratzen den organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, eskubidea baliatzen duen pertsonaren eskubidea bete dezan eta erantzun diezaion.

Tratamenduaz arduratzen den organoarekin lankidetzan aritzea segurtasun-neurrien arloan dituen betebeharrak betetzeko, agintaritza eskudunei edota interesdunei segurtasun-neurrien arrakalak jakinarazteko (burutuak eta saiakerak), datu pertsonalen babesari buruzko inpaktu-ebaluazioak egiteko eta agintaritza eskudunei inpaktu horiei buruzko aurretiazko kontsultak egiteko, tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa kontuan hartuta.

Era berean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, klausula hauetan eta kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar beste informazio, eta lagundu egingo du, hala badagokio, tratamenduaz arduratzen den organoak edo hark baimendutako beste auditore batek egiten dituen auditoretzak eta ikuskapenak gauzatzen.

n) DBEOaren 30.5 artikuluan ezarritako kasuetan, idatziz jasotzea (formatu elektronikoan izan liteke) tratamenduaz arduratzen den organoaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistroa. Erregistro horrek, gutxienez, DBEOaren 30.2 artikuluan aipatzen diren inguruabarrak jasoko ditu.

o) Datu pertsonalak babesteko araudia eta erantzukizun aktiboko betebeharra betetzen dituela frogatzen duten ebidentziak izatea (hala nola betetze-mailari edo auditoretzen emaitzei buruzko aurretiko ziurtagiriak), zeinak tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarri beharko baititu hark hala eskatuz gero. Horrez gain, Gomendioa indarrean dagoen bitartean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko ditu une bakoitzean egindako informazio, ziurtagiri eta auditoretza guztiak.

p) Interesdunei informazioa emateko eskubidea erraztea, tratamenduaren arduradunak ezartzen duen moduan. HABEk ez du informazio-eredu propiorik erabiliko eta tratamenduaren arduradunak emandako ereduetara jo beharko du edo eskatu beharko ditu, baldin eta datuak biltzeko bitarteko edo kanalen batean halako ereduak behar badira.

q) Datuak babesteko printzipioak aplikatzea modu lehenetsian ezarritako datuen diseinu eta babesetik Gomendioaren xede diren zerbitzu, produktu edo aplikazioen garapenean, diseinuan eta eragiketan.

3.– Azpikontratazioei lotutako tratamenduaren azpienkarguak.

Gomendioak azpikontratazioa ahalbidetzen duenean, HABEek datu pertsonaletara sartu behar duten zerbitzuak azpikontratatu nahi baditu, asmo horren berri eman beharko dio tratamenduaz arduratzen den organoari, eta, horretarako, azpikontratazio horrek dakartzan datu pertsonalen tratamenduak identifikatu beharko ditu, tratamenduaz arduratzen den organoak erabaki dezan baimena ematen duen.

Azpikontratistek HABErekiko soilik izango dute betebeharra, eta, beraz, hark hartuko du bere gain Osakidetzarekiko Gomendioa gauzatzeko erantzukizun osoa, artikulu honetan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, aipatutako beharra betetzea ere hartuko du bere gain, datuen babesari buruzko Estatuko eta Europar Batasuneko araudiarekin bat.

Osakidetzak jakin arren HABEk azpikontratuak sinatu dituela edo ezarritako legezko kasuetan baimena ematen dion arren, ez da aldatuko enkargatu nagusi horren erantzukizun esklusiboa.

Nolanahi ere, bi baldintzak hauek bete beharko dira tratamenduaz arduratzen den organoak baimena eman dezan:

1.– Azpikontratistak datu pertsonalez egiten duen tratamenduak bat etorri behar du indarreko legeriarekin, plegu honetan jasotakoarekin eta tratamenduaz arduratzen den organoaren jarraibideekin.

2.– HABEk eta enpresa azpikontratistak datu pertsonalen tratamendurako enkargu-kontratu bat sinatu behar dute, gutxienez plegu honetan ezarritako baldintzen murriztapenak betez. Tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu, haren esku jarriko da kontratua, hura egon badagoela eta kontratuaren edukia egiazta dezan.

HABEk beste azpikontratista batzuk sartu nahiko balitu edo daudenak ordeztu nahiko balitu, aipatu bezala jokatu beharko du. Bestalde, tratamenduaz arduratzen den organoak kontuan hartu beharko du zerrendatutako baldintza biak bete behar direla aldaketa horiek baimendu ahal izateko. Baimena ukatutzat joko da, baldin eta HABEk ez badu erantzunik jasotzen 5 eguneko epean, tratamenduaz arduratzen den organoak kontratistaren informazioa jasotzen duenetik zenbatzen hasita.

4.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko, alderdien ordezkarien datu pertsonalak goiburuan adierazitako erakundeek tratatuko dituzte, hurrenez hurren, eta, horretarako, erakunde horiek modu independentean jardungo dute datuon tratamenduaren arduradun gisa. Datu horiek akordio honetan jasotako eskubide eta betebeharrak betetzeko tratatuko dira. Datu horien tratamenduaren oinarri juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legetik (VI. kapitulua) eratorritako legezko betebeharrak betetzea da, eta helburu hori ezinbestekoa da Gomendio hau betetzeko.

Datu horiek hemen hitzartutako lankidetza indarrean dagoen bitartean mantenduko dira, baita lankidetzaren xedea betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere.

Bi sinatzaileek beharrezkotzat jotzen dituzten koordinazio-neurriak hartuko dituzte akordio hau betetzen dela bermatzeko.

KLAUSULA IRAGANKORRA

Akordio honetan jasotako jarduerak, 2021eko urriaren 1etik aurrera hasi badira, Akordio honek babestuko ditu.

KLAUSULA INDARGABETZAILEA

Kudeaketa-gomendio honek ordezkatu egiten du Osakidetzako langileak euskalduntzeko Osakidetzaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko aurreko akordioa, 2018ko ekainaren 1ekoa.

Eta bi aldeak ados daudela adierazteko, kudeaketa gomendio hau izenpetzen dute Vitoria-Gasteizen 2022ko otsailaren 22an.

Osakidetzaren izenean:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

HABEren izenean:

HABEren zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN ENKARGUA

1.– Egingo den datu pertsonalen tratamenduaren deskribapen orokorra.

Tratamenduaren eta bere helburuaren deskribapena.

Datu pertsonalen tratamendua honetan datza:

– Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastaroetarako onartutako langileen zerrenda zehatza jasotzea, gutxienez honako informazioarekin: izen-abizenak, NANa eta egin beharreko modulua.

– Aurretik eskolatuta egon ez diren langileentzako beharrezko probak antolatzea, maila egokian sailkatzeko. Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari proba hori noiz eta non egingo den jakinaraziko dio.

– Euskaltegiek bidalitako matrikula-orriak jasotzea, aztertzea, zuzentzea eta, hala badagokio, onartzea.

– Ikastaroetan parte hartzen duten langileen bertaratzearen eta aprobetxamenduaren kontrola egitea, eta, horretarako, beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea. Komenigarritzat jotzen den kasuetan, Osakidetzak txosten espezifikoak eskatu ahal izango dizkio HABEri.

– Kudeaketa-gomendio honen xede diren ikasleen eguneroko/orduko asistentzia Osakidetzara bidaltzea hilero. Halaber, aprobetxamendu-mailaren ebaluazioari buruzko informazioa bidaliko du, dagokion ebaluazioa egin ondoren.

– Halaber, HABEk Osakidetzari igorriko dizkio Osakidetzako langileen ebaluazio-datuak.

– HABEk euskara ikastaroetan parte hartu duten Osakidetzako langileen gogobetetze-inkestaren emaitzak aztertuko ditu.

HABEk esleitutako langileak ditu Gomendioaren xede diren zerbitzuak emateko; gainera, hala badagokio, datu pertsonalak biltegiratzea, zabaltzea, hedatzea, bistaratzea edota beste edozein tratamendu egitea ahalbidetzen duten eta Gomendioaren xedearen parte diren baliabide material edo tekniko-informatiko automatiko edo erdiautomatikoak daude eta, horrez gain, Ente Publikotik kanpoko langileak daude baliabide material edo tekniko-informatiko horien mantentze-lanez, gainbegiratzeaz edo haiekiko edonolako elkarrekintzaz arduratzen direnak. Horregatik, dokumentu honetan eta oro har aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera tratatuko dira datu pertsonalak, Gomendioaren xedea gauzatu ahal izateko helburuaz.

Gomendioa gauzatzearen ondorioz uneren batean eranskin honetan ezarritakoa aldatu behar bada, enkargatuak egingo du eskaera, aldaketa arrazoituak adierazita. Ente Publiko hau ados badago eskatutako aldaketarekin edo aldaketekin, eranskina eguneratuko du, bertan zehatz-mehatz jaso dadin egin beharreko datu pertsonalen tratamendua.

2.– Tratatutako kolektiboak eta datu pertsonalak.

Kontratistak interesdunen kolektibo hauei buruzko datuak eskura ditzake:

(Ikus .PDF)

3.– Tratamenduaren elementuak.

– Datu pertsonalen tratamenduak honako hauek hartuko ditu barne:

– Biltzea.

– Erregistratzea.

– Egituratzea.

– Aldatzea.

– Gordetzea/Babes-kopiak egitea.

– Irteera.

– Kontsultatzea.

– Komunikatzea-Transmititzea.

– Mugatzea.

– Ezabatzea/Ezereztea/Ahaztua izateko eskubidea.

– Kopiak suntsitzea.

– Segurtasun-kopiak berreskuratzea.

4.– Zerbitzarien kokapena eta nondik emango diren zerbitzariei lotutako zerbitzuak.

Zehaztutako tratamenduak toki hauetatik egingo dira:

– HABEren egoitza (Vitoria-Gasteiz kalea, 3, 20018 Donostia).

– EJIE (Eusko Jaurlaritzak EJIEri egindako indarreko enkargu orokorrean jasotako Eusko Jaurlaritzaren sistema informatikoak dauden eraikinetan).

5.– Iraupena.

Estipulazio hauek Gomendioaren hamargarren klausulan ezarritako iraupena izango dute.

Hala eta guztiz ere, enkargua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-betebeharrak, denbora mugatik gabe, eta horri men egin beharko diote akordioa betetzen jardun diren denek.

6.– Zerbitzua amaitzean datuekin jarduteko moduak.

Enkargua amaitzen denean, tratamenduaren enkargatuak (HABEk) Osakidetzari itzuli beharko dizkio datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu horiek biltzen dituzten baliabideak. Itzultzean, tratamenduaren enkargatuak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak erabat ezabatu behar dira. Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datuak behar bezala blokeatuta dituen kopia bat gorde dezake prestazioa gauzatzeagatiko erantzukizunak eska daitezkeen bitartean.

7.– Informazioaren segurtasun-neurriak.

Tratamenduaren enkargatua behartuta dago informazioaren segurtasunak duen arriskuari egokitutako segurtasun-maila egokia bermatzeko beharrezko segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzazkoak ezarri edota errespetatzeko, zerbitzuaren izaera, hedadura, testuingurua eta helburuak kontuan hartuta.

Gomendio honen esparruan eskatzen diren eta tratamenduaren enkargatuak ezarri eta behatu beharko dituen segurtasun-neurriak urteko arrisku-analisiaren araberakoak izango dira, eta Segurtasun Eskema Nazionala (ENS) arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat etorriko dira.

Osakidetzak beretzat gordetzen du eskatutako neurrien betetze-mailari buruzko auditoretzak egiteko eskubidea. Auditoretza hori nahikoa aurrerapenaz iragarri beharko da, hirugarrenak behar diren langileak izan ditzan. Programatutako auditoretza baten aurrean, Osakidetzak hari buruzko dokumentazioa edo ebidentziak eskatu ahal izango ditu, auditoretza egin aurretik edo ondoren berrikusi beharreko informazio gehigarri gisa.

Tratamenduaren enkargatuak ezin izango ditu neurri horiek inplementatu edo ezabatu arrisku-analisi bat edo inpaktu-ebaluazio bat erabiliz, Osakidetzak berariaz onartu ezean.

Horretarako, tratamenduaren enkargatuek Osakidetzak ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta ezingo dute Osakidetzak zehaztutakoak ez diren tratamendurik egin.

Segurtasun-neurri aplikagarriak:

Erabiltzaileak.

Tresna juridiko honen arabera datu pertsonalak tratatzeko Osakidetzaren informazio-sistemen euskarri diren ekipoetarako sarbidea duten tratamenduaren enkargatuek datu pertsonalak eskuratzeko dagokion baimena eskatu beharko dute, eta Osakidetzako dagokion arloko arduradunak baliozkotu beharko du baimen hori.

Identifikatzea eta autentifikazioa:

Osakidetzaren konturako datu pertsonaletarako sarbidea duten tratamenduaren enkargatuek eta, beraz, zerbitzua emateko testuinguruan Osakidetzaren informazio-sistemetarako sarbidea dutenek sarbide-kredentzialak beharko dituzte, euren burua modu zalantzarik gabekoan eta pertsonalizatuan identifikatzeko. Horretarako, Osakidetzako informazio-sistemetara sartzeko erabiltzailea eta pasahitza izango dituzte.

Tratamenduaren enkargatua arduratuko da behar den zuhurtziaz eta konfidentzialtasunez kudeatzeaz tratamenduen arduradunak (Osakidetza) agindutako zerbitzua emateko sortu dizkion identifikazio- eta autentifikazio-mekanismoak. Hain zuzen ere, enkargatuak baimendutako eta modu argi eta pertsonalizatuan identifikatutako pertsona fisikoei esleitu beharko dizkie Osakidetzako informazio-sistemetara sartzeko banatutako erabiltzaileak eta pasahitzak. Kredentzialok ezin ditu erabili erabiltzaile batek baino gehiagok.

Tratamenduaren enkargatu diren erabiltzaileen edo pertsona fisikoen erantzukizuna izango da Osakidetzaren informazio-sistemetan sartzeko pasahitzen konfidentzialtasuna zaintzea.

Baliabideak.

Tratamenduaren enkargatu diren langileek Osakidetzaren konturako zerbitzua emateko datu pertsonalak biltegiratzeko edukiera duten baliabideak erabili behar badituzte, jarraibide hauek bete behar dira:

Osakidetzaren konturako datu pertsonalak biltzen dituzten baliabideak tratatzeko baimendutako pertsonen zerrenda eguneratua eduki beharko da.

Baliabideak Osakidetzaren instalazioetatik kanpo eramaten badira, neurriak hartu beharko dira, baliabide horiek garraiatu bitartean inork ez dezan informazioa lapurtu edo atzitu eta informazioa gal ez dadin. Horretarako, segurtasun-neurri osagarriak hartu beharko dira (esaterako, erakundeak soilik ulertuko duen enkriptatze edota kanpo-etiketatze bat), Osakidetzakoa edota tratamenduaren enkargatua ez den baimendu gabeko inork ez ditzan datuak atzitu.

Intzidentziak.

Erakunde esleipendunak egiten duen datu pertsonalen tratamenduaren osotasunari, konfidentzialtasunari, egiazkotasunari edota erabilgarritasunari eragiten dioten intzidentzia guztiak berehala jakinarazi beharko zaizkio Osakidetzako segurtasun-arduradunari.

Babeskopiak.

Tratamenduaren enkargatua arduratuko da Osakidetzaren kontura tratatzen dituen eta bere kontrol- eta mantentze-esparruan dauden datu pertsonalen babes-kopiak egiteko prozedurak ezarri eta aplikatzeaz, Osakidetzaren jabetzako informazioa gal eta suntsi ez dadin.

Telekomunikazioak eta datuak bidaltzea.

Tratamenduaren enkargatuak bereziki babestutako datuak (adibidez, osasun-datuak) bidali edo jaso beharko balitu Osakidetzarengandik sare publikoen bidez edo komunikazio elektronikoen hari gabeko sareen bidez, datuok enkriptatuko ditu edota hirugarrenek informazioa ulertu edota erabili ezin izatea bermatzen duten bestelako mekanismoak erabili beharko ditu.

2022KO OTSAILAREN 22KO KUDEAKETA-GOMENDIOAREN ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO LANGILEEENTZAKO EUSKALDUNTZE IKASTAROAK ANTOLATZEA ETA EMATEA, 2021-2022 IKASTURTEARI DAGOKIONA

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 22an elkartu dira,

Batetik, María Rosa Pérez Esquerdo andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusia.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendari nagusia.

Osakidetzako langileen hizkuntza-prestakuntzarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta HABEren artean sinatutako kudeaketa-gomendioaren bigarren eta laugarren klausulak diotenari jarraikiz,

ERABAKI DUTE:

2021-2022 ikasturterako, honako jarduera hauek aurreikusten dira, eta ondoren aipatzen diren kostuak izango dute: Osakidetzako langileentzako euskalduntze ikastaroak antolatzea eta ematea, hizkuntza eskakizunek eskatutako gaitasun mailak egiazta dezaten bideratuta.

Zenbatekoa kalkulatzeko, HABEk araututa dituen prezio publikoak aplikatuko dira, hain zuzen ere 2020ko abuztuaren 4ko Aginduan jasotakoaren arabera (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Agindua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde Autonomiadunak (HABE) eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen).

1.– Aurrez aurreko ikastaroak: beren lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik gertu dauden Osakidetzako 26 langileri aurrez aurreko ikastaroak ematea aurreikusten da. Langile horiek agortuta dute IVAPek beren euskalduntze-prozesuetarako emandako ordu-kreditua.

Kasurik gehienetan, langile horiek administrazio publikoetako langileen taldeetan sartzen ez diren euskaltegi pribatu homologatuetan ikasiko dute, eta ikastaroak 2021eko urritik 2022ko otsaila artekoak izango dira, nahiz eta horietako batzuk 2022ko ekaina arte luzatzea aurreikusten den. Beste zenbait langile 2021eko urritik 2022ko ekaina arteko ikastaroetan arituko dira.

– Bost orduko ikastaro trinkoetan, 2021eko urritik 2022ko otsailera bitarteko epealdirako, aurreikuspen hau egiten da:

a) Eskolak ematea, koordinatzea eta jarraipena egitea,

Administrazio publikoetako langileen taldeetan sartzen ez diren ikasleak, hiru lurraldeetako euskaltegi pribatu homologatuetan:

A) Tarifak:

1) Eskolak ematea: 7,63 euro ikasleko/orduko.

2) Koordinazio eta jarraipen zerbitzua: 0,52 euro/ikasleko/orduko.

3) Egunez eguneko bertaratzeari buruzko datuak: 2 euro/ikasleko hilean.

4) Ikasleei eginiko mailaketa-probak: 30 euro/orduko edo ikasleko.

B) Ikasle kopurua:

(Ikus .PDF)

– Bost orduko ikastaro trinkoetan, 2022ko otsailetik ekainera bitarteko epealdirako, aurreikuspen hau egiten da:

a) Eskolak ematea, koordinatzea eta jarraipena egitea,

Administrazio publikoetako langileen taldeetan sartzen ez diren ikasleak, hiru lurraldeetako euskaltegi pribatu homologatuetan:

A) Tarifak:

1).Eskolak ematea: 7,63 euro ikasleko/orduko.

2) Koordinazio eta jarraipen zerbitzua: 0,52 euro/ikasleko/orduko.

3) Egunez eguneko bertaratzeari buruzko datuak: 2 euro/ikasleko hilean.

B) Ikasle kopurua:

(Ikus .PDF)

– Egunero bi orduko ikastaroetan, 2021eko urritik 2022ko ekainera bitarteko epealdirako, aurreikuspen hau egiten da:

a) Eskolak ematea, koordinatzea eta jarraipena egitea,

Administrazio publikoetako langileen taldeetan sartzen ez diren ikasleak, hiru lurraldeetako euskaltegi pribatu homologatuetan:

A) Tarifak:

1) Eskolak ematea: 7,63 euro ikasleko/orduko.

2) Koordinazio eta jarraipen zerbitzua: 0,52 euro/ikasleko/orduko.

3) Egunez eguneko bertaratzeari buruzko datuak: 2,00 euro/ikasleko hilean.

4) kasleei eginiko mailaketa-probak: 30 euro/orduko edo ikasleko.

B) Ikasle kopurua:

(Ikus .PDF)

Hitzarmen honetan azaltzen diren gainerako jarduera eta zerbitzuak, unitate-prezioen arabera fakturatuko dira. Prezio horiek HABEk ematen dituen zerbitzuen prezio publikoak eta egiten dituen jarduerak finkatzen dituen Aginduan zehazten dira, betiere agindu horretan aurreikusita badaude. Bestela, hitzarmenaren bi sinatzaileek aldez aurretik onartu beharko duten aurrekontuaren arabera fakturatuko dira.

Eta bi aldeak ados daudela adierazteko, Kudeaketa-gomendioaren Eranskin hau sinatzen dute Vitoria-Gasteizen 2022ko otsailaren 22an.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izenea:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

HABEren izenean:

HABEren zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala