Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2022ko martxoaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1130

32/2022 DEKRETUA, otsailaren 22koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko akzioen ordezkariari sozietate horren estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

«Bilbao Exhibition Centre SA» sozietatea 2001ean eratu zen, eta hauen partaidetza du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Barakaldoko Udala eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen xedea da «merkataritza-topaketak antolatzea eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen merkataritza sustatzeko bide gisa, baita aisia eta kulturarekin zerikusia duten topaketak ere».

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Ezohiko Batzar Orokorrak, 2021eko abenduaren 20an egindako bilkuran, erabaki zuen 10.500.000,00 euroko kapital-gehikuntza egitea, eta, horretarako, gaur egun daudenen klase eta serie bereko 1.000.000 akzio berri jaulki eta zirkulazioan jartzea, bakoitza 10,50 euroko balio nominalekoa eta titulu izendunen bidez ordezkatuta, 10.861.297tik 11.861.296ra bitartean zenbakituta, biak barnean direla.

Bilera horretan, Barakaldoko Udalak, Bilboko Udalak eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak espresuki uko egin zioten akziodunen lehentasun-eskubideari, eta ez dute parte hartuko kapital-gehikuntzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du aipatutako sozietate publikoaren Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bestalde, lege-testu beraren 111.2 artikuluak hau xedatzen du: zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietateari dagokion saileko sailburuak biek batera proposaturik.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilbao Exhibition Centre SA» sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Horretarako, bost milioi berrehun eta berrogeita hamar mila euroren (5.250.000,00) euroren akzioak harpidetuko ditu, hau da, kapital-gehikuntzaren % 50. Eragiketa horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean izango duen zuzeneko partaidetza % 49,984koa izango da.

2. artikulua.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, kapital-gehikuntzaren emaitzazko baldintzetan, kapital-sozialaren zenbateko berria jasotzeko.

3. artikulua.– Ahalmena ematea Ekonomia eta Ogasun Saileko Ondare eta Kontratazioko zuzendariari aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala