Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2022ko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1083

12/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 5ekoa, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Andoaingo eta Tolosako Osasun Mentaleko Zentroetako Osasun Mentaleko Unitateburuaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Andoaingo eta Tolosako Osasun Mentaleko Zentroetako Osasun Mentaleko Unitateburuaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legean eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du aipatutako lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan, eskaerak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek hartu ahal izango dute parte:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupeko langilea, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea, Osasun Sistema Nazionaleko osasun-erakundeetako estatutupeko langile finkoa, eta, kasuan kasu, hala zehazten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa, eta eskainitako lanpostuaren lanbide-talde bereko lanpostu batean jardunean egotea edo lanpostua gordetzea dakarren beste egoera administratibo batean egotea.

b) Psikiatriako Fakultatibo Espezialista Medikoaren titulazioa izatea.

c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea Psikiatriako FEM gisa.

2.– Deialdia argitaratzea.

Honako Ebazpena osoki argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Osakidetzaren webgunean.

3.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetzako Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskaerak (Begiristain Doktorearen pasealekua 115, 20014 Donostia), 15 laneguneko epean, deialdiaren ebazpena dagokien aldizkari ofizialetan argitaratu eta azken argitalpen-dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez daitezke eskabideak.

Interesdunek beren datu personal guztiak zehaztu beharko dituzte eskabidean, eta, eskabidearekin batera, curriculum vitaea eta horri lotutako agiriak bidali beharko dituzte Gipuzkoako Osasun Mentaleko Zuzendaritzara.

Dokumentazioan honako hauek jaso beharko dira:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Langilearen funtzionario edo estatutupeko izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua.

– Deialdia argitaratzen den garaian ematen ari den zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, kategoria adierazita.

– Eman nahi den zerbitzuaren edo atalaren memoria edo kudeaketa-proiektua.

– Merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatuak.

Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala balioztatuta dauden alderdiak ez dira nahitaez aurreko lerrokadan adierazitako moduan egiaztatu behar, baina eskaeran adierazi beharko da balioztatuta daudela.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetzaren webgunean, baztertzeko arrazoia zein den adierazita.

Baztertutako izangaiek 10 laneguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Baztertzeko arrazoia zuzendu daitekeen huts bat baldin bada, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denean, antzemandako akatsak 10 laneguneko epean zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko eskatuko zaie interesdunei, eta ohartaraziko zaie hala egiten ez badute prozesutik behin betiko baztertuko direla.

5.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera.

Erreklamazioak egiteko edota eskabideetako akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Zuzendaritza Gerentziak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera argitaratuko ditu, aurreko paragrafoan adierazitako toki beretan. Aipatutako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena webgunean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Era berean, prozesuko izangaiei ebazpen honen berri emango zaie.

Orokorrean, Balorazio Batzordeko burua zuzendari medikoa izango da eta kide hauek izango ditu: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde mediko edo zerbitzuburu korporatiboa, Langileen zuzendaria (idazkari gisa jardungo du eta bozkatzeko ahalmena edukiko du). Nolanahi ere, ezingo balitz hala izan, erakundeko beste kargu batzuek osatuko dute Batzordea. Horiek denak derrigor izan beharko dira estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-legepeko kontratudun finkoak, deialdian eskainitako lanpostuaren titulazio-maila berekoak.

Esandakoak ez ezik, beste hiru batzordekide izango ditu batzordeak (bat IVAPek izendatua), hirurak ere izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitate berekoak, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-legepeko kontratudun finkoak, eta, horrez gain, deialdian eskainitako lanpostu funtzionalaren hierarkia-maila berekoak edo goragokoak.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da haren lekua har dezan aurrekoak huts eginez gero. Ordezkoak kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa izanez gero, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko mendekotasunari kalterik egin gabe.

Balorazio Batzordearen osaerak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoaren arabera, egoerak hala ahalbidetuz gero. Ordezkapen orekatutzat joko da sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, gutxienez.

Batzordea osatzen duten pertsonek ez dute jardungo baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada, eta hala jakinarazi beharko diote deialdia egin duen agintaritzari. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek errekusatzea eman ahalko dute edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15etik 24ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauei egokituko du bere jarduna.

Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena izango dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira.

Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, izangaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta oinarriotan jasotako merezimendu-baremoari jarraituta.

6.– Hautatzeko prozedura.

Izangaien merezimenduen balorazioak honako fase hauek izango ditu:

a) Memoria edo kudeaketa-proiektua eta horren defentsa.

Balorazio Batzordeak deialdia egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori 72 ordu egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren webgunean horren iragarkia argitaratu beharko da.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin baino lehen, Balorazio Batzordeko kideek Batzordeko kideei beraiei eragin diezaieketen abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoi posibleak aztertuko dituzte eta organo deitzaileari jakinaraziko dizkiete.

Gero, deialdia egingo zaio izangai bakoitzari, proiektuaren aurkezpena eta defentsa egiteko, eta ondoren, elkarrizketa izateko. Elkarrizketa horretan, Balorazio Batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dizkiote izangaiari, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Publikoak izango dira bai proiektuaren aurkezpena eta defentsa, bai elkarrizketa.

Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa bukatutakoan, Balorazio Batzordeak puntuazioa emango dio izangai bakoitzari, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera.

b) Merezimenduen balorazioa.

Balorazio Batzordeak izangai bakoitzaren merezimenduak baloratu eta puntuazioa emango du, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera. Jarraibide honekin batera dagoen eranskinean jasotzen da buruzagitza-lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.

c) Akta eta izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan, epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa zehazki jaso beharko da, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta, horrezaz gain, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat ere; halaber, beste ataletako puntuazio xehatua ere.

d) Izendapena.

Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta proiektuaren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.

Era berean, Aktan, jasota geratuko da puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde Balorazio Batzordeak egindako proposamena.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Hautagaiek aurkeztutako proiektuak eta izangaien curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea bukatutakoan, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritza Gerentziari; hau da, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lotutako puntuazioak banaka zehaztuta. Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

GOMSeko Zuzendaritzak, egindako proposamena ikusita, ebazpena emango du, proposatutako izangaia deialdian eskainitako lanposturako izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko. Azken kasu horretan, arrazoia adieraziko du eta hauetakoren bat izan beharko du:

a) Ez da izangairik aurkeztu. Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin behar izan gabe.

b) Ez dago deialdiko oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik.

c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.

Izendapenaren Ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

8.– Esleipenaren ondorioak.

Osasun Mentaleko Unitateburu izendatzeak aldi baterako harremana sortuko du, lau urterako. Lau urteko epea luzatu egin daiteke (8/1997 EASL, 28. artikulua).

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendaritza nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau agintaritzaren aldizkarietan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2022ko urtarrilaren 5a.

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentea,

ALVARO IRUIN SANZ.

ERANSKINA

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Andoaingo eta Tolosako Zentroetako Osasun Mentaleko Unitateburuaren lanpostuaren deialdiaren merezimenduen baremoa.

Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

I.– Proiektua eta horren defentsa (gehienez, 30 puntu).

Izangaiek dagokion atalaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektua aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.

Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:

a) Zerbitzua kudeatzeko aurkeztutako Memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketako Memoria-proiektuan, atal hauek garatu beharko dira, gutxienez:

Deialdian eskainitako lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, deialdiaren ebazpenean, agintaritza deitzaileak a.1), a.2) eta a.3) atalei dagokien gehieneko puntuazioa zehaztuko du.

a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (gehienez, 4 puntu).

Zerbitzu/atalaren organigrama, bai buruzagitza-postuaren bai horri atxikitako gainerako postuen funtzioak adierazita.

Zerbitzuak/atalak erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.

Buruzagitza/atala kudeatzeko plana, antolaketa-helburuak definituta, hobetu beharreko eremuak aztertuta eta hautemanda eta horiek lortzeko egokiak diren neurriak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak modu efizientean erabiltzeko konpromisoa edo plana.

a.2.– Asistentziari lotutako atala (gehienez, 8 puntu).

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.

Asistentziaren helburuak eta adierazleak finkatzea, eta horrekin batera, horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat.

a.3.– Irakaskuntzaren eta ikerketaren atala (gehienez, 3 puntu).

Ataleko irakaskuntza-plangintza zehaztea.

Memoria-proiektua lantzeko, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Kudeaketa Sanitarioko Unitatea euren esanetara izango dute izangaiek, beharrezko dituzten GOMSen antolaketari eta asistentziari buruzko datuak eskatzeko.

b) Memoria-proiektua Balorazio Batzordearen aurrean publikoki aurkeztea. (gehienez, 15 puntu).

Proiektuaren aurkezpen publikoa baloratzeko orduan, memoria-proiektuaren defentsa modu argian eta zehatzean egitea baloratuko da, baita horren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da. Proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, baita proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Laneko esperientzia (gehienez, 13 puntu).

– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean atalburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

– Osasun-arloko administrazio publikoetako zuzendari gisa edo zuzendariorde mediko gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan eta Gizarte Segurantzako, beste Autonomia Erkidegoetako edota Administrazio Publikoetako osasun-zerbitzuetan egindako lana lan-esperientzia gisa baloratuko da, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan egindako lana ere.

Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Ildo horretan, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkuntza (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Kudeaketan prestakuntza izatea (gehienez, 3 puntu).

Osasunaren arloko kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuko espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).

– Doktore-titulua: 3 puntu.

– Cum laude doktore-titulua: 4 puntu.

– Graduondoko masterra: 2 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 1 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu.

– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,1000 puntu.

Doktore, doktore cum laude, ikertzeko nahikotasun edo ikasketa aurreratuetako titulu bat lortzeko balio izan duten programetako doktorego-ikastaroak ez dira baloratuko.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratu, txostenak aurkeztu, komunikazioak egin, hitzaldiak eman edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 1,0000 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,5000 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2,0000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 1,500 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntza-jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,0500 puntu.

III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta berau garatzeko arauetan jasotakoaren arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala