Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2022ko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1081

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, deialdi publikoa iragartzen da lanpostu hau izendapen askez hornitzeko: goi-kargudunaren idazkaria.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua (520010. kodea, 212. dotazioa) hutsik dagoenez, zuzendaritza orokor honek hau erabaki du: deialdi publikoa iragartzea eranskinean azaltzen den lanpostua betetzeko (izendapen askearen sistemaren bidez). Horretarako, bete egin da uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 47.1 artikuluan xedatutakoa; eta jaso da Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak emandako aldeko txostena. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek deialdi honetan har dezakete parte, edozein administrazio-egoeratan daudela, egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondateko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere; baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek hona bidaliko dituzte eskabideak: Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara (Pertsonen Kudeaketa). Eskabidean datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuko dituzte. Horretarako, 15 egun balioduneko epea dute (ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera).

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostukoen antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deialdiko lanpostuaren eginkizuneatara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; hau da, elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, gehienez ere hilabeteko epean (eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera). Aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epean hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta Lanbideren izendapenerako konpetentzia; eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin eta baten bate badago), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dauden legeek eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako eginkizunen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 212.

Kidegoak: C1/C2.

Destino-osagarriaren maila: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Kokapena: Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritza.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 2.

Derrigortasun-data: 2021-09-20.

Berariazko ezagutzak: –.


Azterketa dokumentala