Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2022ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1066

AGINDUA, 2022ko otsailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko ekitaldian arte eszenikoak sustatzeko programetarako dirulaguntzak emateko modua arautu eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritza horren ustez, egokia da arte eszenikoen esparruan prestakuntza-, sustapen- edo erakustaldi-jarduera profesionalak sustatzea ahalbidetuko duen bide bat ezartzea, bere eskumen-eremuan koka daitekeen jarduketa, arte eszenikoen sustapenean bat egiten duten prozesuei dirulaguntzak emanez.

Arte eszenikoetako profesionalen prestakuntza sustatuz, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza erraztuko duen bide bat ezarriz eta dantza-ikuskizunen eta kaleko arteen erakustaldia bultzatuz, sektorearen profesionalizazioan aurrera egin nahi da, eta herritar guztientzako kalitatezko kultura-eskaintza irisgarria ziurtatu.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen, eta sail horren webgunean argitaratu zen.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da arte eszenikoak sustatzeko prestakuntza-, sustapen- edo erakusketa-programa eta -jardueretarako 2022ko ekitaldiko dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak deialdi honetan jasotako modalitate bakoitzari dagozkion kapituluetan zehaztutakoak izango dira.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetara, guztira, 825.000 euro bideratuko dira.

2.– Zenbateko osoa honela banatuko da deialdi honetako lau laguntza-modalitateen artean:

a) Prestakuntzarako laguntzen modalitate bat:

– 160.000 euro arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako.

b) Sustapenerako laguntzen modalitate bat:

– 160.000 euro arte eszenikoak sustatzeko egitasmoetarako.

c) Erakustaldirako laguntzen bi modalitate:

– 255.000 euro kaleko arte eszenikoak erakusteko programak garatzeko.

– 250.000 euro SAREAren dantza zirkuitua garatzeko.

3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabideak ez aurkezteagatik, baldintzak ez betetzeagatik edo aurkeztutako eskabideen kalitaterik ezagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, balorazio-batzordeak edo, hala badagokio, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, arrazoituta, Kultura sailburuordeari proposatuko dio beste modalitate batean ezarritako zenbatekoa handitzea, betiere modalitate hartzailea oraindik ebatzi gabe badago. Horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira: atal berean dagoen modalitateak izango du lehentasuna, 2. puntuan egindako sailkapenaren arabera. Eskualdaketa hori posible ez bada, eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiagoa den modalitateak izango du lehentasuna.

Proposatutako igoera onartu dela jakinaraziko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuraduna izateko baldintzak.

1.– Artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten direnak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.

2.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da pertsona edo erakunde onuradun izateko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du egiaztapen hori egiteko baimena, eta, hala eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez ekartzeko; horrela, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu.

3.– Honako hauek ezin izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

a) Pertsona edo erakunde eskatzaileak laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik badu, edo horretarako legezko debekuren bat badu, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkeztuko dira, hitzordua eskatuta, honako helbide honetan sartuta: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean; EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 1/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta bulegoetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honetako 4. paragrafoan adierazitako helbideen bidez:

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko aurrez aurreko bidea edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozedurako hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte irizpideak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bidez.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko, jo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko hauetara:

– Arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033311

– Arte eszenikoak sustatzeko egitasmoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033312

– Arte eszenikoen ikuskizunen programak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033313

– Sarea Dantza Zirkuitua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033314

Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute irizpidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatuari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.– Eskabideak aurkeztuak adierazten ditu berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak zehazten dituzten baldintzak.

9.– Eskabide horrekin batera, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

10.– Laguntza-modalitate bakoitzean pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezteko aukera alde batera utzi gabe, pertsona eskatzaile eta laguntza-modalitate bakoitzeko proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza. Kasu horretan, balorazio onena lortzen duenari emango zaio, eta egindako gainerako eskabideak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea eta erakusketetarako laguntzen bi modalitateetan ebazpen-proposamena egitea.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek eskabidea elektronikoki aurkezteko eskatuko diote interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da modalitate bakoitzerako, erakusketetarako laguntzen modalitateak izan ezik. Honako kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako zuzendaria.

b) Batzordekideak: 2 eta 3 kide artean, Kulturako sailburuordeak izendatuak, arte eszenikoekin lotutako profesionalen eta agindu honen xede den arloko adituen artean.

2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Besteak beste, idazkariari dagokio balorazio-batzordearen jardueren legezkotasun formala eta materiala zaintzea. Ez da balorazio-batzordeko kide izango, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzorde bakoitzaren osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eratu aurretik Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, interesdunek errekusatzeko eskubidea baliatu ahal izan dezaten, legez ezarritako kasuetan eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeak eratzen direnean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

5.– Batzorde horiek, modalitate bakoitzean ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena helaraziko diote Kulturako sailburuordeari, eta bertan adieraziko dute zer dirulaguntza ematea proposatzen den, eta adieraziko dute zer pertsona edo erakunde proposatzen diren onuradun izateko, zer puntuazio lortu den balorazio-fasean, zer jarduera egiteko proposatzen den dirulaguntza ematea eta baita ezetsitako eskabide guztiak eta horiek ezetsi izanaren arrazoiak.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeek laguntza-modalitate bakoitzari buruz egindako proposamena ikusita, edo Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erakusketetarako laguntzen modalitateen kasuan, Kulturako sailburuordeak deialdi honetan modalitate bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenak emango ditu.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Erabakiak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpen-datatzat hartuko da lehenik egin zaionarena.

Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin, betiere horren ondorioz ez badira gainditzen agindu honetan aurreikusitako mugak eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero edo gaindituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza guztiak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko emandako beste dirulaguntza batzuekin, dirulaguntza izenduna izan edo musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte edo liburu eta literatura arloetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein dirulaguntza izan.

11. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea.

c) Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, horren berri ematea organo emaileari.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori euskaraz argitaratuko da, beste hizkuntza batzuen erabilerari kalterik egin gabe.

f) Era berean, pertsona edo erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 75 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 25a, betiere 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eta behar bezala justifikatu ondoren, diruz lagundutako jarduera osoa, 13. artikuluan eta modalitate bakoitzari dagokion artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin bat etorriz.

2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

3.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean.

13. artikulua.– Justifikazioa: modua eta tokia.

1.– Dirulaguntza hauen onuradun diren pertsona edo erakundeek, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta betiere 2023ko martxoaren 31 baino lehen, modalitate bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak:

– Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean zerbitzuan aurkeztuko dira, aldez aurreko hitzorduarekin soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta, edo 945 01 90 00 telefono-zenbaki esklusiboaren bidez, aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta bulegoetan.

– Era berean, justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Justifikazioak aurrez aurre zein elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 4.4 artikuluan adierazitako helbidean.

14. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste edozein betebehar ez konplitzea.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).

II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETAKO PROFESIONALEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

16. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako eta 2022ko ekitaldian egiten diren etengabeko prestakuntzako jarduerei laguntzeko dira.

2.– Hauek dira modalitate honetan jasotzen diren jarduera zehatzak:

a) Etengabeko prestakuntzako ikastaroak edo tailerrak.

b) Berariazko prestakuntzako ikastaroak edo tailerrak.

c) Profesionalen etengabeko ikerketara eta prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak.

d) Profesionalentzako entrenamendu jarraituko espazioak.

3.– Berariaz kanpo geratzen dira honako jarduera hauek:

– Praktika edo prestakuntza eszenikoa aisialdiko jarduera gisa.

– Berariaz lanbide-aurreko ikastaroak, arautuak edo ez-arautuak.

– Arte eszenikoen sektoreko profesionalentzat zabalik ez dauden ikastaroak edo tailerrak.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuraduna izaera lortzeko baldintzak.

Laguntzak eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Bizilekua edo Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren xede sozial bat izatea.

18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoen kasuan: Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.

Administrazio hori ez den beste erregistro batzuetan inskribatutako erakundeek eratze-eskritura eta estatutuak egiaztatu beharko dituzte, bai eta dagokien erregistro publikoetan inskribatuta daudela ere.

c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 4. artikuluko 4. apartatuan adierazitako helbideetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Horren bidez jakinaraziko dute aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta honetan minimis araubideari lotutako beste laguntzarik jaso duten, agindu honen lehen xedapen gehigarriaren arabera. Lortu badute, haien jatorria, destinoa eta zenbatekoa zehaztuko dituzte.

2.– proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehatza, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033311 helbidean eskuragarri dagoen inprimakia barne, behar bezala beteta.

b) Dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo erakundearen ibilbideari buruzko memoria.

c) Irakasle-taldearen ibilbideari buruzko memoria.

d) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehetua, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033311 helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

e) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek, erabilitako bidea edozein dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa), ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Bestela, ahal dela, pdf formatuan aurkeztuko dira.

b) Aurkeztutako dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

c) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, dagokion dokumentuan kontsultatu ahal izateko.

19. artikulua.– Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Baloratu beharreko programaren interesa, batez ere programa Euskadiko arte eszenikoetako profesionalen beharretara egokitzen den kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 25).

b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).

c) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala (% 15).

d) pertsona edo erakunde eskatzaileak prestakuntza-programak egiten duen esperientzia (% 15).

e) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki kontuan hartuta aurrekontuaren egokitasuna eta inplikatutako enpresa-baliabideak (% 10).

f) Dagozkion ikastaro, material edo zerbitzuetan euskara erabiltzea (% 10).

g) Emakumeen parte-hartzea jardueren arduradunen artean (% 5).

2.– Balorazio-baremoaren % 50 gutxienez lortzen ez duten proiektuak ez dira hautaketan sartuko.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, ezarritako zuzkidura ekonomiko osoa proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, ezarritako irizpideen arabera, betiere banaketa proportzional horren arabera, jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu.

20. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

Pertsona edo erakunde onuradunari gehienez 20.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango zaio, edo aurrekontuaren % 70.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:

a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bidez, exekuzioaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), diruz lagundutako jardueratik ahalik eta banakatuena, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033311 helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033311 helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

3.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

23. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz.

2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira pertsona edo erakunde onuradunak prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea eta sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak.

3.– Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo gastua lehenago egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko –justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskabidean aurkeztu beharko dira–, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira kontuan, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onuragarrienari ez dagokionean.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK SUSTATZEKO-PROIEKTUAK

24. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoak sustatzeko programak garatzeko dira, arte eszenikoen konpainien eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzarekin eginak 2022ko ekitaldian.

2.– lankidetza-programa horien artean egon daitezke:

a) Sentsibilizazio-jarduerak.

b) Publikoekiko bitartekaritza-jarduerak.

c) Prestakuntza-jarduerak (kanpoan geratzen dira profesionalei zuzendutako prestakuntza-jarduerak).

d) Arte eszenikoak sustatzeko programak, konpainia egoiliar batek garatuak.

25. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuraduna izaera lortzeko baldintzak.

Laguntzak eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien epigrafean alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren xede edo xede sozial bat izatea.

– Produkzio eszenikoan aritzea eta azken 5 urtetan gutxienez 2 ikuskizun estreinatzea.

– Prestakuntza-jarduera nagusi den arte eszenikoak sustatzeko proiektuetan, hezkuntzarekin lotutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe batean alta emanda dauden eskatzaileek ez dute aurreko baldintza bete beharko.

26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoen kasuan: Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.

Administrazio hori ez den beste erregistro batzuetan inskribatutako erakundeek eratze-eskritura eta estatutuak egiaztatu beharko dituzte, bai eta dagokien erregistro publikoetan inskribatuta daudela ere.

c) Pertsona fisikoentzat zein juridikoentzat:

– Azken 5 urteetan bi ekoizpen estreinatu direla egiaztatzen duen agiria.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehatza, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033312 helbidean eskuragarri dagoen inprimakia barne, behar bezala beteta.

b) Dirulaguntza eskatzen duen erakundearen/pertsonaren ibilbideari buruzko memoria, erakunde eskatzaileak arte eszenikoen sustapenaren arloan aurreko urteetan garatutako antzeko lankidetza-programak jasotzen dituena.

c) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehetua, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033312 helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Gainerako dokumentuak, ahal dela, pdf formatuan aurkeztuko dira.

b) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, dagokion dokumentuan kontsultatu ahal izateko.

27. artikulua.– Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Horretarako, proiektua bere osotasunean hartuko da kontuan, inplikatutako baliabideak, proposatutako jarduerak edo horien hartzaileak kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 40).

b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).

c) Pertsona edo erakunde eskatzaileak antzeko programak egiten duen esperientzia (% 15).

d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki kontuan hartuta aurrekontuaren egokitasuna eta inplikatutako enpresa-baliabideak (% 10).

e) Dagozkion ikastaro, material edo zerbitzuetan euskara erabiltzea (% 10).

f) Emakumeen parte-hartzea jardueren arduradunen artean (% 5).

2.– Balorazio-baremoaren % 50 gutxienez lortzen ez duten proiektuak ez dira hautaketan sartuko.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, ezarritako zuzkidura ekonomiko osoa proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, ezarritako irizpideen arabera, betiere banaketa proportzional horren arabera, jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu.

28. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

Hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoak ezingo ditu muga hauek gainditu:

– 25.000 euro, 35.000 euroko edo gehiagoko aurrekontua duten proiektuetan.

– 10.000 euro, 35.000 eurotik beherako aurrekontuetan.

– Edonola ere, ez dute gaindituko aurrekontuaren % 70.

29. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:

a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bidez, exekuzioaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), diruz lagundutako jardueratik ahalik eta banakatuena, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033312 helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033312 helbideko ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

3.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

4.– Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko espazio eszenikoaren programazioarekin lotutako gastuak.

5.– Proiektuari egotzitako erakunde onuradunaren langileen kostuek, guztira, ezin izango dute guztizko kostuaren % 30 gainditu.

Proiektuan parte hartzen duten langileen kostuak ezartzeko, orduko kostua modu pertsonalizatuan kalkulatuko da, eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu-kopuruari dagokion zatia egotziko da.

31. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz.

2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira pertsona edo erakunde onuradunak prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea eta sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak.

3.– Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo gastua lehenago egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko – Justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskabidean aurkeztu beharko dira – Efizientzia- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira kontuan, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onuragarrienari ez dagokionean.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

IV. KAPITULUA
KALEKO ARTE ESZENIKOAK ERAKUSTEKO PROGRAMA

32. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2022. urtean euskal konpainiek aire zabaleko espazio publikoetan antzeztutako arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) erakusteko programak garatzeko dira.

2.– Erakusketa-programa horiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Biztanleria-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko antzerki-, dantza- eta/edo zirku-ikuskizunak programatuko dira:

– 20.000 biztanletik gorako herriak: bost ikuskizun.

– 20.000 eta 10.001 biztanle bitarteko herriak: lau ikuskizun.

– 10.000 eta 5.001 biztanle bitarteko herriak: hiru ikuskizun.

– 5.000 eta 1.001 biztanle bitarteko herriak: bi ikuskizun.

– 1.000 biztanletik beherako herriak: ikuskizun bat.

b) Diruz lagundu beharreko ikuskizunak bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten konpainia profesionalek ordezkatuko dituzte. Biztanle-tarteetan eskatutako gutxieneko ikuskizun-kopurua betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainien ikuskizunak sartu ahal izango dira.

c) Espazio publikoetan aire zabalean erakusteko berariaz diseinatutako ikuskizunak bakarrik sartuko dira.

d) Ezin izango da sarrerarik kobratu ikuskizunak ikusi ahal izateko.

e) Jaietan programatutako bi ikuskizun ere sartu ahal izango dira.

3.– Kanpoan geratuko dira:

a) Ohiko ekitaldiei lotutako eginkizunak.

b) beste herri batzuetan antzezteko diseinatuta ez dauden ekoizpenak.

c) Soilik musikalak diren ikuskizunak.

33. artikulua.– Erakunde onuradunaren izaera lortzeko baldintzak.

Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte udalek, kuadrillek, mankomunitateek eta kontzejuek edo horien tokiko erakunde autonomoek, tokiko enpresa-erakunde publikoek eta sozietate publikoek, baldin eta haien kapital soziala titulartasun publikokoa bada eta, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Antzezleku egokiak, seinaleztatuak eta mugatuak izatea, indarrean dagoen legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztenak, eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko aseguru bat eta kamerino eta aldagela gisa erabiltzeko lokal egokiak izatea.

b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen arduradun bat izatea.

34. artikulua.– Dirulaguntzen banaketa.

255.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da laguntza-modalitate honek barne hartzen dituen 5 biztanle-tarteen artean:

a) 65.000 euro, 20.000 biztanletik gorako herrietan kaleko arte eszenikoen programazioak antolatzeko.

b) 55.000 euro, 20.000 eta 10.001 biztanle arteko herrietan kaleko arte eszenikoen programazioak antolatzeko.

c) 50.000 euro 10.000 eta 5.001 biztanle arteko herrietan kaleko arte eszenikoen programazioak antolatzeko.

d) 75.000 euro, 5.000 eta 1.001 biztanle arteko herrietan kaleko arte eszenikoen programazioak antolatzeko.

e) 10.000 euro, 1.000 biztanletik beherako herrietan kaleko arte eszenikoen programazioak antolatzeko.

35. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-egiaztagiria.

b) Aurkezten den proiektuaren memoria, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033313 helbidean eskuragarri dagoen inprimakia barne, behar bezala beteta.

36. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira. Horretarako, 32.2 artikuluan zerrendatutako biztanleria-tarte bakoitzean, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua kontuan hartuta, haien arteko beheranzko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2.– Prozedura bakoitzean lehentasun-hurrenkera hori ezarri ondoren, laguntzak honela esleituko dira:

a) Lehenengo fasean, aurkeztutako programan sartutako gehienez hiru ikuskizuni dagozkien laguntzak esleituko dira, harik eta, hala badagokio, dagokion prozeduraren aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Aurkezpen-ordenaren arabera aukeratuko dira ikuskizunak.

b) Lehenengo fase honetan ez bada agortzen biztanleria-tarteren batera bideratutako zenbatekoa, honela jokatuko da:

– Hasiera batean, sobera dagoen kopurua dirulaguntzak esleitzeko erabili ahal izango da, biztanleria-tartearen aurrekontu-zuzkidura agortu delako kanpoan geratu ahal izan diren proiektuen lehen hiru funtzioetarako.

– Bigarren une batean, aurrekontu-zuzkidura agortu gabe jarraitzen badu, diruz lagun daitezkeen hiru funtzioen muga gainditu ahal izango du, lehenengo geratu den eskabidetik hasita, aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua kontuan hartuta eta unitate baten muga handituta, eta horrela hurrenez hurren, aurkeztutako funtzio guztiak diruz laguntzen diren arte edo aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte.

Bigarren fase honetan, aurkeztutako eskabideen lehentasun orokorra hartuko da kontuan.

37. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Funtzio bakoitzari dagozkion dirulaguntzak aurkeztutako ikuskizunen katxearen (BEZa barne) arabera kalkulatuko dira. Katxe gisa ulertuko da kontratatutako alderdiak bere jarduketagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.

a) 2.000 euro baino gutxiagoko katxea duten ikuskizunak antzezten laguntzea: katxearen % 30 (% 35 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).

b) 2.000 eta 3.500 euro arteko katxea duten ikuskizunak antzezten laguntzea: katxearen % 35 (% 40 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).

c) 3.500 eurotik gorako katxea duten ikuskizunak antzezten laguntzea: katxearen % 40 (% 45 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).

2.– Nolanahi ere, ez dira muga hauek gaindituko:

a) Ikuskizun bakoitzeko dirulaguntza ez da inoiz 3.500 eurotik gorakoa izango.

b) Erakunde onuradun bakoitzari gehienez 10.000 euro emango zaizkio.

c) Ikuskizun berean funtzio bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagundu ahal izango da diruz.

38. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:

a) Dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria xehetua.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako eginkizun guztietarako kontratuak. Kontratu horietan jaso beharko da kontratatutako erakundeak bere lege-, zerga- eta lan-betebeharrak betetzeko duen betebeharra.

c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako funtzio guztien fakturak.

d) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

V. KAPITULUA
SAREA DANTZA ZIRKUITUA

39. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Eusko Jaurlaritzak 2022. urtean sustatutako SAREAren dantza-zirkuitua garatzeko dira.

Dantza-zirkuituko antzokien zerrenda osoa I. eranskinean dago jasota.

40. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuraduna izaera lortzeko baldintzak.

Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, Dantza Zirkuituko Sareko antzokietako programazioetan ikuskizunen batekin parte hartzen duten dantza-konpainiek, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Eskabidea aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokion epigrafean alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak badira, eta, pertsona juridikoen kasuan, dantza-jardueren garapenarekin bat datorren xede edo xede soziala badute.

41. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Guztira, 250.000 euro bideratuko dira dirulaguntza horietara.

42. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentu ak.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoak direnean:

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033314 helbidean eskuragarri dagoen inprimakia, aurkeztutako funtzioei dagozkien datuekin behar bezala beteta.

b) Kontratuak, aurrekontratuak, kontratu-promesak edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein betebehar-agiri, kontratatutako funtzioaren edo funtzioen kostua egiaztatzen duena dantza-zirkuituko antzokiak kudeatzen dituen erakunderen batekin.

43. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzeko eta mugatzeko irizpideak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, aurkeztutako programan bildutako ikuskizunen kaxeten gainean honako ehuneko hauek aplikatuko dira, BEZa barne. Katxe gisa ulertuko da bere jarduketagatik kontratatutako alderdiak jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.

a) Euskal Autonomia Erkidegoko konpainiak: katxearen % 45eraino, gehienez 2.500 euro emanaldiko (% 50 kontratatutako ikuskizunaren koreografoa emakumea bada).

b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainiak: katxearen % 40raino, dantza-zirkuituan sartutako funtzio-kopuruaren arabera, eta gehienez 3.000 euro funtzio bakoitzeko.

– Funtzio bat zirkuituan, katxearen % 30.

– Bi funtzio zirkuituan, katxearen % 35.

– Hiru funtzio edo gehiago zirkuituan, katxearen % 40.

2.– Antzoki batean ikuskizun bereko hainbat funtzio egiten badira, horietako bat bakarrik lagundu ahal izango da diruz.

3.– Aurreko puntuan ezarritako zenbatekoei aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko ez badago, laguntzak hainbanatu egingo dira, aurreko puntuan ezarritako irizpideetatik abiatuta eskabide bakoitzari dagozkion dirulaguntzen arabera.

44. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:

a) Diruz lagundutako programaren barruan egindako eginkizun guztietarako kontratuak. Kontratu horietan jaso beharko da kontratatutako erakundeak bere lege-, zerga- eta lan-betebeharrak betetzeko duen betebeharra.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako funtzio guztien fakturak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen II. kapituluan jasotako laguntzek honako hau bete beharko dute: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako guztizko laguntzak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaletako ezein alditan. Uste da ezen, muga horretatik behera, laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen III, IV. eta V. kapituluetan jasotako laguntzek ez dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintza guztiak betetzen. Horregatik, ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea, ez baitira Estatuko laguntzak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak).

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hileko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala