Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2022ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1064

AGINDUA, 2022ko otsailaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2022ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arlo pribatuak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan sustatzen eta garatzen dituen ekintzei laguntzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Neurri horren bitartez, batez ere sustatu nahi dira ikerlana, artelanen ekoizpena, arte garaikidearen zabalkundea, eta euskal artisten sorkuntza-lana, eta gainera, ahalbidetu nahi da haien zeregin artistikoaren errekonozimendua jaso dezatela.

Esandakoagatik guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egokia jartzea, alde batetik, dirulaguntzak emateko prozesuan objektibotasun, konkurrentzia eta publikotasun printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru publikoak egoki erabili diren ziurta dezan. Hortaz, diseinatutako laguntza-esparrua nahikoa zabala da era horretako jarduerak zorroztasunez bete nahi dituzten pertsonek dirulaguntza hauek jaso ahal izan ditzaten. Alde horretatik, bi muga baino ez dira jartzen: aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako berariaz ezarritako diru-kopurua eta deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideak.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako, eta Sailaren web-orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/).

Dirulaguntza programa honi araudi hau aplikatzen zaio: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta haren garapen-erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea da 2022. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako dirulaguntzak emateko baldintzak ezarri eta horretarako deialdia egitea, ondoren datozen artikuluetan ezartzen denaren arabera.

2.– Agindu honen xederako laurehun eta hirurogei eta lau mila (464.000) euro izango dira, EAEko 2022ko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dauden aurrekontuko partiden kargura.

2. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honen kargurako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte aginduan aurreikusten diren jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek, betiere agindu hau argitaratzean Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude edo helbidea edo sozietate-egoitza bertan badute.

2.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak egunean izatea. Baldintza horiek betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da betetzen dela.

3.– Honako hauek ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu:

a) Nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuek, ezta ere fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateek.

b) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren indarrez.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako beste debekuren bat duten pertsonek edo entitateek.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen modalitateak eta jarduerak.

1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea.

a) Arte garaikideko ekitaldiak edo ekimenak antolatzea eta/edo horietan parte hartzea (jaialdiak, erakusketak, lehiaketak,...), baita horien dokumentu-euskarri oro ere. Ekitaldiok Euskal Autonomia Erkidegoko kultur-zentroetan izango dira, eta Euskal Herrian bizi diren egileen lanak erakutsi edo zabalduko dituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak...), baita horien dokumentu-euskarri oro ere.

Modalitate honetan ez dira lagunduko urteko programazioak.

2.– Argitalpenen modalitatea.

Euskarri desberdinak erabiliz egindako argitalpenak egitea, beren xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada.

3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea.

Arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza-ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: artelanak ekoiztea eta ikertzea.

4.– Proiektu bakoitza modalitate eta modulu bakarrean aurkeztu ahal izango da.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoen banaketa.

1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea: 55.000 euro.

2.– Argitalpenen modalitatea: 135.000 euro.

3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: 274.000 euro, honako modulu eta kopuruen arabera:

a) 5.000 euroko 22 laguntza.

b) 8.000 euroko 16 laguntza.

c) 12.000 euroko 3 laguntza.

4.– Modalitate bakoitzean izendaturiko baliabideak soil-soilik arlo horietan baloratutako eskabideetara bideratuko dira, bertan ezarritako prozedura eta irizpideen arabera.

5.– Hala ere, sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateetan, eskabide ezagatik, hauek betekizunak ez betetzeagatik edo, 14.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera gutxieneko kalitate eta bideragarritasuna duten proiekturik ez egoteagatik, modalitateetako bati ezarritako diru kopurua ahitzen ez bada, diru hori beste modalitateari ezarri zaion kopurua handitzera pasa liteke. Horren aipamena Balorazio Batzordeak Kulturako sailburuordeari aurkezten dion ebazpen-proposamenean jasoko da, eta publiko egingo da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean izendaturiko baliabideak soil-soilik modalitate horretan aurkeztu diren eskabideetara bideratuko dira.

Dirulaguntzen esleipena modulu bakoitzean aurkeztutako eskabideen artean egingo da. Hala ere, 5. puntuan aipaturiko egoerak direla eta, moduluren batean ezarritako laguntza guztiak esleitzen ez badira, laguntza horiei dagozkien zenbateko erabilgarriak beste moduluetako proiektuei esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, betiere. Esleipena balorazioaren ordena eta puntuazioaren arabera egingo da, diru-kopurua agortu arte.

5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Honako bide hauek dituzte pertsona fisikoek eskabideak aurkezteko:

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu edo organoetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak artikulu honen 4. atalean zehaztutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbideetan aurkeztu ahal izango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 4. atalean zehaztu den egoitza elektronikoko helbidean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude ikusgai, honako helbide elektroniko hauetan:

Sustapen-zabalkundearen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094718

Argitalpenen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094719

Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094720

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak hemen egin behar dira bide elektronikoa erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, hori ere modu elektronikoan; horretarako ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoa inskribatu ahal izango da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

8.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki dirulaguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

9.– Dirulaguntza eskatzen duten pertsona fisikoek berariaz uko egin ahal izango diote deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatzeari administrazio eskudunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla eta nortasun- eta bizileku-datuak betetzen direla. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute. Aukera hori eskabidean sartuko da, bai bide presentziala erabiltzen dutenean, bai bide elektronikoa erabiltzen dutenean.

10.– Organo kudeatzaileak 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, edo, hala badagokio, parte hartzen duen administrazioari edo fundazioaren ondarerako baliabideak jarri dituenari.

11.– Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidean jasoko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira honako hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan «minimis» arauaren mendeko laguntzarik jaso izana jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabide-orria sinatuta, eskuragarri 6. artikuluko 4. paragrafoan adierazitako helbide elektronikoan.

2.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Pertsona eskatzailearen nortasuna egiaztatzea: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo antzeko agiriren bat.

– Pertsona eskatzaileak bizilekua agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan daukala egiaztatzea: erroldatze-ziurtagiria.

Egiaztapenak aurkeztuko dira, soil-soilik, eskatzaileak berariaz uko egiten badio organo kudeatzaileak datu horiek jasotzeari.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

– Eraketa-eskritura, estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria. Agiriok aurkeztea ez da beharrezkoa izango baldin eta elkartea, fundazioa edo Kooperatiba inskribatuta badago dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan. Eskabidea egiteko formularioan erregistroko datuak zehaztuko dira.

– Legezko ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren kopia, ahalordetze agiria edo dagokion organoak egindako egiaztagiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

c) Indarrean den ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan enpresek «minimis» motako laguntzak jaso badituzte, haiei buruzko adierazpena, eskabide-orrian jasoko dena.

3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektuaren laburpen fitxa, eredua 6. artikuluko 4. paragrafoan adierazitako helbide elektronikoan eskuragarri dago.

b) Proiektuaren memoria, honakoak jasoko dituena:

– Proiektuaren deskribapen zehatza, helburuak azalduko dituena (zer egin nahi den), bai eta horretarako erabiliko diren ekintza zehatzak ere.

– Programa edo lan plana, egutegi osoa, proiektua garatzeko faseak. Proiektua 2022. urtearen barruan gauzatu beharko da.

– Jarduera burutzeko aukeratutako espazioak (Sustapen-zabalkundearen modalitatearen proiektuetan bakarrik).

– Argitalpenaren banaketa-plana (Argitalpenen modalitatearen proiektuetan bakarrik).

– Proiektua erakusteko aurreikuspen plana eta egindako kontaktuak (Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean,12.000 euroko moduluko proiektuetan bakarrik).

– Euskararen erabilera proiektua gauzatzerakoan.

c) Pertsona eskatzailearen curriculuma. Argitalpenen eta Sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan eskatzaileak aurretik egindako lanak sartu ahal izango dira.

d) Proiektuaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua, adieraziko duena aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak eta eskatzen den diru-kopurua edo modulua. Eredua 6. artikuluko 4. paragrafoan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri.

e) Proiektu berarentzat eskatu diren beste dirulaguntzen gaineko adierazpena eta haien egoera, eskabide-orrian jasoko dena.

Proiektuari dagokion dokumentazioa (3.a, 3.b, 3.c, 3.d ataletan jasotakoa) ahal dela, formatu elektronikoan ere aurkeztuko da.

4.– Honako ezaugarri hauek izango dituzte aurkezten diren dokumentuek, izan bide telematikoan nahiz presentzialean:

a) Jaitsi litezkeen ereduak erabiliko dira, halakorik dagoenean, eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

b) Memoria teknikoa dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.

c) Curriculuma dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.

d) Aurkezten den dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 MB izango da.

e) Bideoak web lotura bidez aurkeztu ahal izango dira, eta lotura hori dagokion dokumentuan jarri beharko da.

9. artikulua.– Dokumentazioa ikuskatzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Tramitazio elektronikoan nahiz presentzialean ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaie eta, ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoak eta mugak.

1.– Agindu honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 14. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen araberako lehentasunak ezartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, balorazioaren ordena eta puntuazioaren arabera, modalitaterako jarritako aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Sustapen- zabalkundearen modalitatean, esleituko den diru-kopurua lortutako puntuazio-ehunekoari dagokion aurrekontuaren ehuneko zatia izango da. Proiektu bakoitzeko emango diren diru-kopuruak ez dira eskatutako zenbatekoa baino handiagoak izango, ezta 20.000 euro baino handiagoak ere. Horrez gain, ez dira eskatutako zenbatekoaren % 50 baino txikiagoak izango.

3.– Argitalpenen modalitatean esleituko den diru-kopurua eskatutakoaren adinekoa izango da, eta ez da 14.000 euro baino handiagoa izango.

Laguntza jasotzeko modua duen azken proiektuak oso-osorik dagokiona jasotzerik ez duenean jadanik nahikoa diru-zuzkidurarik ez dagoelako, bakarrik emango zaio dirulaguntza, baldin eta, eman dakiokeen laguntzaren zati horrek proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu. Ildo horretan, bideragarritzat joko da esleitu beharreko kopurua eskatutako guztizkoaren % 85 baino handiagoa bada. Arrazoi horrengatik argitalpenen modalitateari ezarri zaion diru-kopuru osoa esleituko ez balitz, soberakinak sustapen–zabalkundearen modalitateari ezarritakoa handitzera pasa litezke.

4.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean kasu bakoitzeko esleituko den diru-kopurua izango da eskatzaileak modalitate honetan finkatuta daudenen artean eskatu duenaren adinakoa.

5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezin zaio eman pertsona edo entitate eskatzaile berberari dirulaguntza bat baino gehiago, eta Sustapen-zabalkundearen eta Argitalpenen modalitatean bi baino gehiago. Guztira hiru modalitatetan gehienez bi dirulaguntza eman ahal izango zaizkio pertsona edo entitate bakoitzari.

Horrez gain, sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezingo zaie laguntza eman aurreko bi deialdietan, hau da, 2020koan eta 2021ekoan, Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean dirulaguntzak lortu dituzten pertsonei.

11. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

1.– Diruz laguntzeko gastutzat honako hauek joko dira: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira, eta oinarri arautzaile honetan eta laguntzak emateko edo aldatzeko ebazpenetan ezarritako epean burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Edozein kasutan, agindu honen harira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

3.– Sustapen-zabalkundearen modalitatean, proiektuaren gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira dirulaguntzak:

– Gastu teknikoak, jarduera garatu eta ekoiztekoak (ekipamendu teknikoa alokatzea, ekitaldirako espazioa alokatzea, zerbitzuak kontratatzea: garraioak, muntaketak, itzulpenak,...).

– Jardueran parte hartzen duen pertsonal artistikoaren edota kolaboratzailearen gastuak (hizlari, artista, irakasleen ordainsariak; bidaia eta ostatu gastuak...).

– Jarduera edo ekitaldiaren promozio, publizitate eta zabalkunde gastuak (kartelak, txartelak, web, komunikazio gastuak...), baita proiektuarekin lotutako duen argitalpena ere (diseinua, inprimatze-edizioa, itzulpenak).

– Antolaketa eta produkzio taldearen gastuak: gestio, koordinazio eta zuzendaritza kostuak.

– Egitura gastuak, jarduerak iraun bitartean: lokala alokatzea, kontsumoak, bestelako ohiko kostuak.

Modalitate honetan, honako hauek kontuan hartuko dira aurrekoari lotuta:

– Inbertsio kostuak kanpoan geratuko dira.

– Antolaketa eta produkzio taldearen gastuek (gestio, koordinazio, zuzendaritza lanak) ez dute guztizko aurrekontuaren % 25 gaindituko.

– Antolaketa eta produkzio taldearen gastuak eta egitura gastuek ez dute guztizko aurrekontuaren % 40 gaindituko.

– Kontuan hartuko dira soilik jarduerak sortzen dituen bidaia, ostatu eta dieta kostu espezifikoak. Honela, jardueraren ekintza zehatz bati lotua egongo dira –memoria teknikoan zehaztuko da–, ekintza gauzatzen den denboran egingo dira, eta aurrekontuan adierazi eta zehaztuko dira. Eez dira inola ere aintzat hartuko ohiko joan-etorrietako gastuak eta dietak.

– Eskatzailea pertsona juridikoa bada, antolaketa eta produkzio taldeari egotz dakizkiokeen bidaia, ostatu eta dieta gastuek, ez dute guztizko gastuen % 5 gaindituko, eta, aurreko puntuan zehaztutakoak beteko dituzte.

4.– Argitalpenak euskarri ezberdinetan. Dirulaguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

– Argitalpenak: diseinu grafikoa, materialak prestatzea eta egokitzea, autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak...), itzulpenak, ISBN, inprimatze-edizioa, eta zabalkundea.

– Web-orrialdeak: diseinua eta programazioa, domeinu alta eta ostatatzea (hosting), autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, autoreak...) eta itzulpenak.

Honako kostu hauek ez dira aintzat hartuko: inbertsio kostuak, jardueraren gestio eta koordinazio gastuak, artelanak ekoiztea, artisten ordainsariak, dietak, joan-etorriak eta bestelako ohiko gastuak.

5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean dirulaguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

a) Kostu zuzenak: ekoizpenerako erabilitako material eta zerbitzuak, moduluaren zenbateko osoaren % 100 arte.

– Proiektua ekoizteko material eta lanabesak.

– Proiektuarekin zuzenean loturiko joan-etorriak, ostatua eta garraioa. Gastu horiek nahitaezkoak izango dira proiektua garatu ahal izateko, beraz, proiektua gauzatzeko denboran egingo dira. Horrez gain, memoria teknikoan adieraziko dira, eta aurrekontuan zehaztuko. Ez dira aintzat hartuko ohiko joan-etorrietako gastuak edo dietak.

– Zerbitzuak kontratatzea.

– Artisten ordainsariak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).

– Artelana edo proiektua ekoizteak sorrarazitako beste gastu espezifiko eta zuzen batzuk.

Honako kostu hauek ez dira aintzat hartuko: inbertsio kostuak; hainbat material erostea: liburuak, fotokopiak edo bulegoko materiala; artelanaren promozioarekin edota zabalkundearekin lotutako gastuak; artelanaren ekoizpenarekin bat ez datozen erakusketen edo bestelako jarduketen ekoizpen-gastuak.

b) Egitura kostuak:

– Estudioa edo lokala alokatzea, hala badagokio; kontsumoak: argia, ura, telefonoa, Internet eta gasa; langileen nominak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik); ohiko beste gastu batzuk (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).

– Kostuok proiektuaren iraupenarekiko kostu proportzionalak izango dira: bi hilabeteri dagozkion egitura-kostuak 5.000 euroko moduluan; hiru hilabeteri dagozkionak 8.000 euroko moduluan eta lau hilabete eta erdiri dagozkionak 12.000 euroko moduluan.

– Egitura-kostuak gehienez moduluaren zenbateko osoaren % 20 artekoak izango dira, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eta % 30 artekoak, eskatzailea pertsona juridikoa bada.

c) Sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuko kostuak.

– Kontzeptua ulertuko da sorkuntza suspertzeari begira bideratutako proiektuaren kostu osoaren ehuneko gisa; alegia, zenbateko horrek laguntza emango dio artistaren lanari, alde sortzailetik eta zeharkako euskarri gisa.

– Eskatzailea pertsona fisikoa (artista) denean bakarrik aplikatuko da.

– Kostuok eguneko 80 eurokoak izango dira, moduluaren zenbateko osoaren % 60 arte: gehienez 3.000 euro, 5.000 euroko moduluko proiektuetarako; 4.800 euro, 8.000 euroko moduluko proiektuetarako; eta 7.200 euro, 12.000 euroko moduluko proiektuetarako.

6.– Zabalkundearen eta Sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, azpikontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako jardueraren % 100era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Argitalpenen modalitatean onuradunak hirugarren batzuekin jardueraren % 100 azpikontratatu beharko du, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratu bakoitzak garatutako lana edo eskainitako zerbitzua jasoko du, eta horiek aurrekontuko ataletan jasotako kontzeptuekin bat etorri behar dute.

Ezin izango dira azpikontratatu egitura gastuak, ez eta sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuko kostuak ere.

Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu berberaz beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako laguntzekin, bestelako diru-sarrera eta baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin, ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, berriz, izendunak edota musika, arte eszeniko, liburu, ikus-entzunezko, ikusizko arte eta sormen industrien alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

13. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren exekuzio-epea.

Deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta abenduaren 31 baino lehen bukatu behar dira.

14. artikulua.– Eskabideak aukeratzeko eta baloratzeko irizpideak.

Dirulaguntzak emateko eta bakoitzaren diru-kopurua finkatzeko, honako irizpide hauek batera betetzea baloratuko da:

1.– Sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateak.

a) Garatuko den jarduerak dituen elementuen interesa eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Irizpide honetarako arlo hauek izango dira kontuan:

– Ekimenak arte eta kultura aldetik duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 40, gehienez).

– Ekimenak arte garaikidearen zabalkundean duen eragin kulturala eta sormen garaikidearekiko herritarren sentsibilizazioan duen ekarpena. Proiektua katalogoa egitea bada edo arte garaikideko gertakizunetan parte hartzea, pertsona eskatzailearentzat jarduerak duen sustapen-interesa baloratuko da (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

b) Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerarekiko. Atal honetan aurrekontuak aurkeztutako jarduerarekin duen egokitasuna baloratuko da: aurreikusitako guztizkoak, proposatzen diren kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):

– Proiektuan parte hartzen duten profesional eta kolaboratzaileak emakumeak izatea (% 5 arte).

– Proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde duen ekarpena (% 5 arte).

e) Proiektuan euskarak duen presentzia (gehieneko puntuazio orokorraren % 10, gehienez).

2.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea:

a) Garatuko den jarduerak dituen elementuen interesa eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Irizpide honetarako arlo hauek izango dira kontuan:

5.000 eta 8.000 euroko moduluetan:

– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 45, gehienez).

– Ekimenak berrikuntzarako duen ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

12.000 euroko moduluan:

– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 35, gehienez).

– Proiektua erakusteko aurreikuspen plana eta egindako (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

– Ekimenak berrikuntzarako duen ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

b) Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den eremuan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerarekiko. Atal honetan aurrekontuak aurkeztutako jarduerarekin duen egokitasuna baloratuko da: aurreikusitako guztizkoak, proposatzen diren kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):

– Sortzailea emakumea izatea (% 5 arte).

– Proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde duen ekarpena (% 5 arte).

e) Proiektuan euskarak duen presentzia (gehieneko puntuazio orokorraren % 10, gehienez).

3.– Dirulaguntza eskatzen duten proiektu eta jardueren artean, lor daitekeen puntuazioaren erdia (% 50) edo gehiago lortzen dutenak gutxieneko kalitate eta bideragarritasuna dutenak direla joko da. Beraz, modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

15. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, bi batzorde osatuko dira, bata sustapen-zabalkunde eta argitalpenetarako, eta bestea sorkuntza-ekoizpenerako.

2.– Honako hauek izango dira balorazio-batzordeetako kideak:

– Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: Kulturako sailburuordeak izendatutako 3, 4 edo 5 bokal, agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeak.

3.– Batzordearen idazkari-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, bertako zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai baina botorik gabe jardungo du.

4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6.– Nolanahi ere, errespetatu egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

7.– Balorazio-batzordeen zeregina izango da aurkeztutako eskabideak ebaluatzea eta dagokion ebazpen-proposamenak onartzea eta aurkeztea Kulturako sailburuordeari.

8.– Balorazio-batzordeek bat ere proiekturik ez onartzeko proposamena egin dezakete, bai eta aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzekoa ere, baldin ondorioztatzen badute aurkeztutako eskabideen kalitatea ez dela nahikoa edota beste baldintzaren bat ez dutela bete.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio eskabideen gaineko ebazpenak hartzea, modalitateko bana, balorazio-batzordeek modalitate bakoitzeko aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertuta.

2.– Ebazpenetan propio jaso beharko dira, batetik proposatzen diren pertsona edo entitate onuradunak, eta bestetik, ukatutako eta baztertutako eskabideen zerrenda, ukatzeko eta baztertzeko arrazoia zein izan den adierazita. Dirulaguntzaren baten onuradunen kasuan dagozkien zenbatekoak ere adieraziko dira, bai eta agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere, ematen diren dirulaguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

3.– Ebazpenak dirulaguntzen eskatzaileei banaka jakinaraziko zaizkie, gehienez ere bost hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera. Banakako jakinarazpena egiteaz gainera, esleipen-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu egingo dira. Nolanahi ere, jakinarazpen-datatzat hartuko da interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena.

4.– Ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, haiek jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, horrela baitago xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Adierazitako epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6.– Ebazpenetan adieraziko da programa honen babesean emandako dirulaguntzek minimis izaera dutela Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan oinarrituta (EBAO L 352, 2013-12-24).

7.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Halaber, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, baldin eta, itzulketa-prozedura bat amaitu ondoren, horretarako ebazpena eman bada eta ordaintzeko borondatezko epea igaro bada.

17. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak aurrez aurre eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

2.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak eskuratzen duenean. Jakinarazpena ezetsitzat joko da interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, haren edukia eskuratzen ez badu.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunek hamabost eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, ez badiote dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartua izan dela ulertuko da.

b) Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria aurkeztea, laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarakoxe erabiltzea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.

e) Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuko dizkion agiri guztiak haren eskura jartzea, diruz lagundutako proiektuak egoki gauzatzen direla bermatzeko egokitzat joko dituen ikuskapenak egiteko.

f) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

g) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emanda.

h) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz eta argi aipatzea, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitaratzen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan, dirulaguntza jaso dutela jakinarazteko ebazpena jasotzen dutenetik aurrera.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Agindu honen kargura emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, prozedura honi jarraituz:

a) Emandako dirulaguntzaren % 75, Kulturako sailburuordeak emandako ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik eta aginduaren 18. artikuluak berariaz eta idatziz uko egiteko jasotzen duen epea agortu eta gero.

b) Gainerako kopuruaren ordainketa 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 20. artikuluaren arabera dirulaguntza justifikatzeko eta likidatzeko eskatutako agiriak aurkeztu ondoren.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak beteta ez baditu, Gizarte Segurantzakoak egunean ez baditu edo dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek, lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean, eta, betiere, 2023ko martxoaren 10a baino lehen:

a) Burututako jardueraren memoria zehatza: garapena eta ebaluazioa.

b) Egindako jardueren kostuari buruzko txosten ekonomiko justifikatzailea, honakoak adierazita:

– Diruz lagunduriko jarduera gauzatzeko izan diren diru-sarrera eta gastuen balantzea, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu ereduaren arabera.

– Jardueraren gastuei buruzko zerrenda sailkatua. Eredua 6. artikuluko 4. paragrafoan adierazitako helbide elektronikoan eskuragarri dago.

– Guztirako gastuak justifikatzeko agiriak: fakturak, nominak eta alokairuaren kontratuak hileroko ordainketa-agiriekin batera.

– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean soilik, eta sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuari egozteko moduko gasturik badago, kontzeptu horretan proiektuan erabilitako egun-kopurua egiaztatuko duen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako emandako bestelako dirulaguntzen zerrenda.

d) Diruz lagunduriko jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren ale bat, Eusko Jaurlaritzako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita agertzen delarik.

2.– Diru-sarrera eta gastuen balantzearen gastu ataletan onartutako aurrekontuarekiko desbideratzeak onartu ahal izango dira, baldin eta erabat justifikatutako arrazoiak badaude eta diruz lagun daitezkeen gastuei buruz 11. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

3.– Pertsona fisikoek justifikazioa aurkezteko bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango dute:

– Bide presentziala erabiliz justifikazioa Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) aurkeztu ahal izango da, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu eta organoen aurrean.

– Bide elektronikoa erabiliz https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean aurkeztu ahal izango dira.

4.– Pertsona juridikoek justifikazioa aurkezteko bide elektronikoa erabili beharko dute aurreko puntuan esandako helbide elektronikoan.

5.– Justifikazioak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak, egoitza elektronikoan daude ikusgai, agindu honen 6.4 artikuluan aipaturiko helbideetan.

21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako bestelako diru-sarrera badago, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, baldin eta helburua betetzat jotzen bada ,betiere. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honek ezartzen dituen obligazioak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa, hala badagokio, horretarako ezarri den epean ez itzultzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan jasotako ez-betetzeak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko b), c), d), e) f) eta g) apartatuetan aurreikusitakoak.

e) Salbuespen gisa, jardueraren egikaritzapenaren ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, betiere argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko joera dagoela eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era gutxienez iristen dela. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta, azkenean, emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.

2.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan aurreikusitako ez- betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europar Batzordearen baimena behar Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua luzatzen duen Batzordearen uztailaren 2ko 2020/972 Erregelamenduan oinarrituta. Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso diren minimis motako dirulaguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen 4. artikuluan zehazten diren zuzkidurei dagozkien zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

1.– Baldintza hauek bete beharko dituzte datu pertsonalen tratamenduek: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kultura et Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko dagokion Aretoan bi hilabeteko epean, hau ere argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala