Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2022ko martxoaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1042

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 23koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2022ko deialdia. Bideratu Berria programa.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.), zeinaren bidez krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen baitira.

Agindu horren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2022ko deialdia egin behar da.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduan aurreikusita dauden laguntzetarako 2022ko deialdia egitea eta laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez ematea (2017ko urriaren 17ko Aginduaren bidez, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira; Bideratu Berria programa).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak onartutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu-zuzkidura dagoenez, 3.500.000,00 euro bideratzen dira 1. artikuluan azaldutako xedea betetzera.

Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan artikulu honetan finkatutako zenbatekoa baino handiagoa edo, indarrean dagoen legerian aurreikusita dagoen kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubidearen arabera, hura eguneratzetik ateratako zenbatekoa baino handiagoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da dirulaguntza gehiagorik emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, gorabehera horien berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Industriako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak, aurkezteko epea eta modua.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091107

Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Halaber, eskaera ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2022ko urriaren 14ko 15:00etan, 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa lehenago agortzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.9 artikuluarekin bat etorriz: «Laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango dute.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 23a.

Industriako sailburuordea,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.


Azterketa dokumentala