Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2022ko martxoaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1026

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 15ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2022ko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da Euskadiko gazteek nazioartekotzeari buruzko prestakuntza jaso dezaten, eta horrela profesionalen poltsa bat sortu dadin, profesional horiek gure enpresei lagundu diezaieten atzerrian.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– 2022ko «Beint Nazioartekotze Bekak» Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko otsailaren 15a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
2022KO «BEINT – NAZIOARTEKOTZE BEKAK» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu programa horrek hala agindurik, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da «nazioarteko merkatuetan espezializatutako profesionalen kopurua handitzea».

Eusko Jaurlaritzak beka-programa bat bultzatzen du 80ko hamarkadatik, gazteek kanpo-merkataritzaren inguruko prestakuntza jaso dezaten eta praktikak atzerrian egin ditzaten. Denbora honetan, prestakuntza-premiak eboluzionatuz joan dira erakunde eta merkatu globalekin batera. Beint programak aukera ematen die EAEko unibertsitateko titulatuei nazioartekotze-prestakuntza jasotzeko atzerriko erakunde eta enpresetan. Programaren helburua da gazteek lan-esperientzia eta esperientzia pertsonal paregabea eskuratu dezatela, aldez aurretik duten prestakuntza akademiko eta profesionala osatzeko.

Profesional espezialistak sortzearen eta dinamizatzearen aldeko apustu horrek onuragarri izan behar du halaber euskal enpresentzat, berme guztiekin ekin diezaieten euren ekimenei nazioarteko merkatuetan.

Urtero bezala, oinarri hauek aldatu egiten dituzte aurreko ekitaldietako oinarriak, prestakuntza arloko esperientzia eguneratzeko eta orobat programaren kudeaketa hobetzeko, beti ere kontuan izanik, itxura guztien arabera, osasun-krisiak eragindako ziurgabetasunekin jarraituko dugula deialdiak dirauen bitartean.

Programa hau jasota dago erakundeak 2022ko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da Beint 2022 Nazioartekotze Beken programa arautzea, zeinaren helburua baita unibertsitateko titulatu gazteak prestatzea nazioartekotzearen arloan, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek profesionalen oinarri bat izan dezaten etorkizunean eta eraginkortasunez aurre egin diezaieten ekonomia irekiaren erronkei.

2.– Prestakuntzako xede hori programa honetan parte hartu nahi duten unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakunde publikoen zein pribatuen lankidetzaren bitartez gauzatuko da.

2. artikulua.– Deitutako bekak.

Gehienez ere 100 nazioartekotze beka emango dira 2022an.

Onuradunek 1. faseko prestakuntza teorikoa egingo dute. Fase hori ezarritako baldintzak betez burutzen duten pertsonen artetik, honela hautatuko dira hurrengo faseetan A eta B modalitateetan jarraituko duten bekadunak:

– Gehienez ere 80 beka A modalitatean (programako 1., 2. eta 3. faseak egingo dituztenak)

– Gehienez ere 30 beka B modalitatean (programako 1. eta 3. faseak egingo dituztenak).

Bi modalitateen baturak ezingo du gainditu 100 bekako muga.

1. faserako gehienez ere 20 ordezko hautatuko dira ikastaroaren lehen hamabost egun naturaletan gerta daitezkeen uko egiteengatik edo bestelako edozein gorabeheragatik hutsik geratzen diren plazak betetzeko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako esleitutako aurrekontu-kredituen arabera, 4.600.000 euro bideratu dira programaren 2. eta 3. faseetarako, zehazki, honako hauek ordaintzeko: zuzkidurak, Gizarte Segurantzaren kuotak, eta prestakuntzarako eta kontingentzietarako aparteko gastuak. Aurrekontua honela banatuko da:

– 2022ko ekitaldia: 630.000 euro.

– 2023ko ekitaldia: 2.690.000 euro.

– 2024ko ekitaldia: 1.280.000 euro.

Deialdi honen kargura emandako beken guztirako zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan jasotako zenbatekoa.

Baliabide publikoen osagarri, programaren 3. fasean kolaboratzen duten enpresa eta organismoek beren gain hartuko dituzte bekadunen helmugarako joan-etorriko bidaia bati dagozkion gastuak, bisa lortzeko gastuak eta herrialdera sartzeko osasun baldintzak betetzeak berekin dakartzan kostuak.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ondorengo eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete nazioartekotze bekak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.

b) Graduko goi-mailako unibertsitate-titulua izatea, 2022ko maiatzaren 31 baino lehen lortua. Baita ere onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluekin batera aurkezten badira agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetza.

Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitektura adarretako graduek lehentasuna izango dute, 7. artikuluan adierazi bezala.

c) 2022ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.

d) Ingelesa menperatzea. Gutxienez B2 mailari dagokion gaitasuna eduki behar da, eta dagozkion ahozko eta idatzizko probekin egiaztatu beharko da maila hori.

e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik ez izatea; edo beka onartzeko orduan ez izatea eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

f) Laguntza honen edo unibertsitateko titulatuentzako antzeko prestakuntza helburu duen beste edozein laguntzaren onuradun ez izana, baldin eta, laguntza horien bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak egin badira atzerrian. Zehazki, nazioartekotze beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Beint bekak, Global Training bekak, ICEX bekak, autonomia erkidegoko beste administrazio batzuenak, merkataritza ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.

g) Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko egoeraren batean dauden pertsonak. Hona hemen egoera horiek:

– Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez egotea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan egunean ez egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta izatea administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenenen bat izatea.

2.– Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzak ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitaziopean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

3.– Aurreko ataletan dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

5. artikulua.– Beken izaera.

1.– Nazioartekotze bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz kudeatuko dira.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutu bidezko inolako harremanik bekadunaren eta Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren eta 3. faseko enpresa zein organismo kolaboratzaileen artean, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren ebazpenak zehaztuko du noiz hasi eta amaitzen den bekadunaren izaera.

3.– Oinarri hauen bitartez araututako bekak lehiaketa prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan hartuko dira oinarri hauetako 7. artikuluan haztatutako meritu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak. Dagokion hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaie beka, gehienez ere deialdi honetan ezarritako beka kopurua estali arte.

6. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa eta eskaerak aurkeztu, onartu eta zuzentzeko tokia eta epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean eta 2022ko martxoaren 4an amaituko da. Halere, publikoarentzako arreta 2022ko martxoaren 4ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.

2.– Bitarteko elektronikoak baino ez dira erabiliko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetan jasotako gainontzeko izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Egoitza elektroniko honetan azalduko da nola tramitatu eskaerak bide elektronikotik eta nola egin ondorengo izapide guztiak: www.spri.eus/beint

Eskabideak eskatzailearen sinadura aitortua izango du eta ondoko hauek ere aurkeztu beharko dira: artikulu honetako 4. atalean aipatzen den dokumentazio osagarria eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz.

4.– Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da, deialdiaren epea iraungi aurretik:

4.1.– Eskatzen den gutxieneko dokumentazioa:

a) Nortasun-agirirako tamaina duen argazki bat, oraintsukoa.

b) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).

c) Curriculum vitaea.

d) Oinarri hauetako 4.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Dokumentu hauetakoren bat erabiliz egiztatuko da graduko unibertsitate-titulu ofiziala:

– Titulua.

– Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentuarekin.

– Ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baita gainditu duela titulazioari dagokion proba orokorra eta ordaindu dituela titulua lortzeko eskubideak.

Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.

4.2.– Aukerazko dokumentazioa:

a) Unibertsitate-master ofizialak (kanpo-merkataritza, enpresa-kudeaketa, marketina, nazioarteko harremanak edo nazioartekotzea) egin izanaren egiaztagiriak. Atzerrian lortutako masterrak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.

b) Esperientzia profesionalari dagozkion egiaztagiriak: esperientzia profesionala egiaztatzeko, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da gutxienez edo, atzerrian izandako lan-esperientziaren kasuan, ziurtagiri ofizial baliokide bat, non adierazten baita zein enpresatan eta zein garaitan egin den lan hori.

4.3.– Erantzukizunezko aitorpena, ondoko hauek egiaztatzeko:

– Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik; edo beka onartzeko orduan ez duela eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

– Ez dela izan antzeko beka baten onuradun oinarri hauetako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (eskaera-inprimaki ofizialaren parte da);

– Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko egoeraren batean.

5.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) atalean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.

6.– Eskatzaileek eurek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan entregatu beharreko dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetara itzulita aurkeztu beharko dira.

8.– Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 25eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

9.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

10.– Zuzenketa-eskaeren jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egunetan eta zein ordutan helarazi zitzaion interesdunari jakinarazpena, bai eta zein egunetan eta zein ordutan sartu den hura jakinarazpenaren edukira. Momentu horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Egiaztatzen bada jakinarazpena egin dela eta hamar egun baliodun igaro direla jakinarazpenaren edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola eta izapidea egintzat joko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukian sartzea.

7. artikulua.– Bekadun izateko hautagaitzak aukeratzeko prozedura.

1.– Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, hautagaitzat hartuko dira 4. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak eta hautaketa-probetarako deialdia jasoko dute, www.spri.eus/beint helbidean argitaratuko den zerrendaren bidez. Zerrenda argitaratu ondoren zehaztuko da alegazioak aurkezteko epea, gehienez 3 egun baliodunekoa, eta, hala badagokio, nora bidali behar diren alegazio horiek.

Epe hori amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, hautaketa-probetara deitutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta hasiera emango zaio hautagaien aukeraketa-prozesuari, zeina merituen eta gaitasunen balorazioan oinarrituko baita.

2.– Hautagaien merituen balorazioa 7. artikuluko taularen haztapenen arabera egingo da, aurkeztutako egiaztagirien arabera:

a) M1: Graduko unibertsitate-titulu ofiziala.

b) M2: Kanpo-merkataritza, enpresa-kudeaketa, marketin, nazioarteko harreman edo nazioartekotzeari buruzko unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 ECTS kreditu).

c) M3: Lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak emandako lan-ibilbidearen txostenaren bidez egiaztatua; lan-esperientzia atzerrian izanez gero, ziurtagiri ofizial bat aurkeztuko da, non enpresaren izena eta lan egindako epea jasoko baitira.

4.1 artikuluko e) atalean graduko unibertsitate-titulu ofizialari buruz xedatutakoa salbu, bakarrik baloratuko dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen aurkeztutako merituen egiaztagiriak.

3.– Gaitasuna baloratzeko, era presentzialean egin beharko dira honako proba hauek:

a) P1: Gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.

b) P2: Ingelesezko ahozko eta idatzizko proba. Proba hori baztertzailea izango da. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batez bestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

c) P3: Atzerriko bigarren hizkuntza bateko ahozko eta idatzizko proba. Hauetako bat izango da: alemana, arabiera, mandarin-txinera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batez bestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

d) P4: Euskarako proba, ahozkoa eta idatzizkoa. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batez bestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

e) P5: Elkarrizketa pertsonala, jakiteko zein den hautagaiak Beint programarekiko duen konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio-gaitasuna, eta baloratzeko nola egokitzen den bekaren fase desberdinetan garatu beharko dituen zereginetara.

4.– P1, P2, P3 eta P4 probak Hautaketa Batzordeak aldez aurretik ezarritako leku, egun eta orduan egin behar dira nahitaez.

5.– Hizkuntza-probak (P2, P3 eta P4) ebaluatzeko ez dira kontuan hartuko hautagaiek lehenagotik izan ditzaketen hizkuntza-tituluak edo -ziurtagiriak, eta soilik baloratuko da azterketan frogatutako maila.

6.– Beint programako 1. faseko bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketarako deia egiteko zerrenda bat argitaratuko da www.spri.eus/beint helbidean, eta deitutako hautagai kopurua ez da izango deitutako beka kopuruaren bikoitza baino handiagoa.

Elkarrizketarako deia hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera egingo da. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskarako probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.

Soil-soilik ikasketak atzerrian egiten egoteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan onartuko du Hautaketa Batzordeak elkarrizketa bitarteko telematikoen bidez egitea.

7.– Hautagaiak P1, P2, P3, P4 eta P5 proba bakarra egin ahal izango du, eta ez dago aukerarik errekuperazio-proba edo puntuazioa hobetzeko proba egiteko. Lortutako puntuazioa berrikusteko eskatzen bada, idatzizko probak eta ahozko azterketen zein elkarrizketen grabaketak bakarrik berrikusiko dira, esleitutako notetan ageriko akatsik ote dagoen detektatzeko.

8.– Plaza bat lortzeko edo ordezko izendatua izateko, hautagaiak derrigorrez aurkeztu behar izan du P1, P2 eta P5 probetara.

9.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua prestatuko da (HZ), merituak eta gaitasuna haztatzen dituen taula honen bidez:

(Ikus .PDF)

10.– Zerrenda Interneteko atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/beint

Argitaratu ondoren, gehienez 3 egun balioduneko epea finkatuko da berrikuspen-eskaerak aurkezteko, eta baita ere esango da non aurkeztu behar diren eskaerak. Epe hori amaitutakoan eta eskatutako berrikuspenak egin ondoren, hasierako zerrenda ordenatua itxiko da.

11.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ) bekadun izateko proposatuko dira puntuaziorik onena lortu duten 100 hautagaiak (100etik 0rako eskalan, 2 dezimaletara borobilduta). Era berean, puntuazio-ordenari jarraituz, gehienez 20 ordezko proposatuko dira 1. faserako.

Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskarako probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.

12.– Hautaketa Batzordeak osaera eta eginkizun hauek izango ditu:

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, Batzordeko presidentea izango dena: Iñaki Ezkurra.

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Enbor Barruetabeña.

– SPRIko Nazioartekotze Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Inmaculada López.

– SPRIren Nazioartekotze Programen Tramitaziorako arduraduna, Batzordeko idazkaria izango dena: Iker Arruabarrena.

Honako hauek dira Hautaketa Batzordearen zereginak: eskaerak aztertzea, hautagaien merituak eta gaitasunak baloratzea, eta, ondorioz, fase bakoitzean organo eskudunari igortzea bekadunen eta ordezkoen ebazpen-proposamenak jasotzen dituzten zerrenda ordenatuak (modalitate, helmuga eta zuzkiduraren arabera). Hautagaiak baloratzeko, hautaketa-prozesuko proben xede diren arloetako adituen aholkularitza eska dezake.

Hautaketa Batzordea burujabe izango da erabakiak hartzerakoan eta erabakiak bozketa-prozeduraren bitartez hartuko dira. Artikulu honetan aurreikusi ez diren kasuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

8. artikulua.– Faseak.

2022ko Beint Nazioartekotze Bekak programaren gauzatze-fasean 3 fase bereizten dira, eta fase bakoitzak bere epealdiak eta prestakuntza-ezaugarriak ditu. Honako hauek dira:

a) 1. fasea: prestakuntza teoriko espezializatua. Fase hau hautaketa-prozesua bukatzen denean hasiko da, 4 hilabete inguruko iraupena izango du eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.

Programaren hasierako fase honetan, bekadunek unibertsitate-ikastaro batean parte hartuko dute. Ikastaroaren helburua da prestakuntza espezializatua ematea atzerriko merkataritzari eta nazioartekotzeari buruz, hautagaiek behar dituzten ezagutzak eta gaitasunak lor ditzaten, ondoko faseetan behar bezala jarduteko.

Ikastaroa nahiatezko modalitate presentzialean emango da, osasun egoerak kontrakoa gomendatzen duenean izan ezik. Posible da eskola teorikoak osatzeko, bisitak egitea euskal industriarekin lotutako entitate, erakunde eta azpiegituretara.

Ikastaroan zehar ebaluatu egingo da Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako irakasgaia. Horrez gain, unibertsitateek bekadunaren jarrerari eta jardunari buruzko balorazio-txosten bat bidaliko diote Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari. Ezinbestekoa izango da ebaluazio guztiak gainditzea eta balorazio-txosten positiboa izatea hurrengo faseetara igarotzeko, bai eta ikastaroari dagokion agiria lortzeko.

Bekadunen unibertsitate-ebaluazioaren lehen urrats gisa, proba bat egingo da ikastaroan eman diren eduki guztiak ebaluatzeko; bestela, ordura arte egindako ebaluazio partzial guztien batez bestekoa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi dezimalekin) kalkulatuko da.

Helmuga eta modalitatea hautatzeko izango duen azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen arteko batez bestekoa izango da, bi dezimaletara borobilduta:

– Bekadunak oinarri hauetako 7. artikuluko hautaketa-prozesuan aurretik lortu duen puntuazioa (10etik 0 bitarteko eskalan eta bi dezimalekin).

– Agintari akademikoek eta SPRIren filiala den Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak adostutako lehen ebaluazioan lortutako puntuazioa (10etik 0ra bitarteko eskalan eta bi dezimalekin).

Puntuazio horiekin bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) eratuko da helmuga eta modalitatea hautatzeko. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskara-probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.

Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek helmuga eta modalitatea aukeratuko dute, irizpide hauei jarraikiz:

1.– 2. faseari begira, nahi duten helmuga eta modalitatea aukeratu ahal izango dute eskuragarri daudenen artean, betiere erakunde kolaboratzaileak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte.

2.– Hutsik dauden postuak hizkuntza edo titulazio arloko eskakizun zehatz batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete baditzakete erakunde kolaboratzaileak hala eskatzen duelako, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak berriz esleitu ahal izango dituzte postu huts horiek aipatutako eskakizunak betetzen dituzten bekadunen artean, hasieran beste helmuga batzuk hautatu badituzte ere. Esleipen hori loteslea izango da bekadunentzat.

3.– Hortaz, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiak baldintzatuko du bekadunak helmuga aukeratzeko duen ahalmena. Izan ere, SPRIk egiaztatu behar du betetzen direla erakunde kolaboratzaileek ezarritako eskakizunak, besteak beste, profil akademikoak eta hizkuntzak.

b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta eskualde-garapenerako atzerriko beste erakunde batzuetan.

A modalitaterako izendatutako bekadunek hartuko dute parte fase honetan, betiere 1. fasea amaitu eta gero. 2. fasean enpresari laguntzeko tresna publikoak ezagutaraziko zaizkie bekadunei: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori eskainiko da batez ere Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRIren Kanpo Sarearen bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan eta, azkenik, nazioartekotzea eta eskualde-garapena sustatzen duten beste erakunde batzuetan. Bekadunek erakunde horietan eskaintzen diren zerbitzuetan lagunduko dute, tutore baten ikuskaritzapean.

Fase hau 2023ko lehenengo egun baliodunean hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du eta 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Laneko hasiera- eta amaiera-datak erakunde kolaboratzailearen egutegiaren araberakoak izango dira eta, ahal dela, bat etorriko dira bertan egon litezkeen gainerako bekadunen hasiera- eta amaiera-datekin. Praktiktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde kolaboratzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da.

2. fasean zehar, eta fase hori bukatu baino gutxienez hilabete lehenago, hau da, azaroaren 30ean, bekadunek 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutako akordioak adostu beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin. Epe horretan akordiorik lortzen ez dutenek bekadun izaera galduko dute, eta ez dute 3. fasean parte hartzeko aukerarik izango.

Era berean, 2. fasea amaitzean, dagokion erakunde kolaboratzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

Informazio horrekin, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak epaituko dute bekadunak bete dituen programaren helburuak, eta horren arabera ebatziko da igaroko den ala ez programaren hurrengo fasera. Nolanahi ere, hurrengo fasera igaro ahal izateko, enpresa edo organismo kolaboratzaileak praktika hori bideratzeko disponibilitatea izan behar du.

c) 3. fasea: Praktika profesionala atzerriko enpresa edo erakundeetan.

Fase honetan, bekadunak praktikak egingo ditu bekadunaren eskaera bat duen enpresa edo erakunde batean, beti ere eskaera hori SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak baliozkotu badu.

3. fase honek 8 hilabeteko iraupena izango du eta 2023ko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan eta 2024ko lehen egun baliodunean, berriz, A modalitatekoen kasuan. Hala, 2023ko eta 2024ko abuztuaren 31n amaituko dira, hurrenez hurren. Laneko hasiera- eta amaiera-datak enpresa edo erakunde kolaboratzailearen egutegiaren araberakoak izango dira eta, ahal dela, bat etorriko dira bertan egon litezkeen gainerako bekadunen hasiera- eta amaiera-datekin. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde kolaboratzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da.

B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, ezinbestekoa izango da bekadunak lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2023ko otsailaren 28a baino lehen.

A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, bekadunak ebaluazio positiboa jaso beharko du 2. fasean, eta ezinbestekoa izango da lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

A modalitateko bekadunen kasuan, praktika, ahal dela, 2. fasea egin den herrialde berean egingo da.

Halere, bekadunek aurkeztu ahal izango dituzte beste herrialde bateko enpresa edo erakundeekin lortutako akordioak. Herrialde aldaketa guztiak Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu beharko ditu, aurrekontuaren arabera. Aldaketak eskaeren iritsiera-hurrenkeraren arabera onartuko dira, baina ez da aldaketarik baimenduko baldin programaren zuzkidura handitu behar bada aldaketa hori onartu ahal izateko.

Salbuespen gisa, posible da 2. eta 3. faseen iraupena aldatzea, baldin Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen badute atzerriko praktikaldia hobeto aprobetxatzeko. Nolanahi ere, bi faseen guztizko iraupena ez da izango 20 hilabetetik gorakoa eta A eta B modalitateetako 3. fasea ez da luzatuko 2024ko eta 2023ko abuztuaren 31tik harago.

3. fasea amaitzean, enpresa edo erakunde kolaboratzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

9. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oinarri hauek argitaratzen direnetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat eman dezakete beren eskabidea.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Oinarri hauen 7. artikuluan azaldutako hautaketa-prozesua amaitutakoan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Interneteko atari honetan argitaratuko dena: www.spri.eus/beint

3.– 2. eta 3. faseetarako ebazpena.

Behin aukeratu ondoren modalitatea eta helmuga oinarri hauetako 8. artikuluko a) atalean ezarritakoaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du. Ebazpen horretan adieraziko dira zeintzuk diren A Modalitateko bekadunen helmugak, bekaren datak eta bekadun bakoitzari dagokion zuzkidura, eta baita ere zehaztuko dira komenigarritzat jotzen diren beste zenbait gai, baldin beharrezkoak badira bekadunek egoki gauzatu ditzaten beren jarduerak.

B Modalitateko bekadunei dagokienez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak kasuan-kasuan emango ditu ebazpenak, hots, enpresa edo organismo kolaboratzaileekin lankidetza-akordioak sinatzen diren heinean (bekadunek enpresa edo organismo horietan egingo dute 3. fasea).

4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.

a) Bekadunek helmugako herrialdeak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte. Ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du bekadunari beste helmuga bat esleitzeko, eta hasierako zuzkidura egokituko du, beharrezkoa bada.

b) Oinarri hauetako 8. artikuluko c) atalean ezarritakoa betez, A modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin zuen herrialdea ez den beste herrialde batean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak horren inguruko ebazpena emango du, zeinaren bidez egokituko baitu epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura.

c) A Modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin duen helmuga-herrialde berean, eta egiaztatzen bada bizitzaren kostuan aldaketa esanguratsuak daudela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura egokitzeko.

d) Europak helmuga-herrialdeko dibisarekiko duen aldaketa-tasaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak bekaren zuzkidura eguneratu ahal izango du edozein fasetan, betiere aldaketa-tasak % 8tik gorako aldaketa jasan badu eta arriskuan jartzen bada 11. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoa. Edonola ere, eguneratze hori egiteko ezinbestekoa izango da aurrekontu-baliabideak izatea.

e) Beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude erakunde kolaboratzaileari egotz dakiokeen edo erakunde horri eragiten dion arrazoiren bategatik edo helmugako segurtasuna arriskuan edo mehatxupean badago, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ebazpen bidez agindu ahal izango du helmuga-aldaketa (aldi baterakoa edo iraunkorra), eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura egokituko du. Salbuespen gisa, posible da bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadin egotea eta bekarekin lotutako zereginak telelanaren bidez egitea.

f) Bekadunek ezinbesteko arrazoiengatik ezin badute iritsi euren jomugara urtarrilean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du eta, beharrezkoa denean, esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du. Helmugara iritsi arte, bekako zereginak telelanez egin ahal izango dira.

5.– Beka emateko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, modalitatea edozein dela ere. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Hori gorabehera, eta denek jakin dezaten, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

10. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.

Beint programa behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa da zenbait erakundek parte hartzea prestakuntza-ibilbide integrala osatzeko, hasi alderdi teorikoetatik eta enpresa-praktiketaraino.

1.– 1., 2. eta 3. faseetako erakunde kolaboratzailea: Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentzia izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde kolaboratzailea, eta hauek izango dira bere zereginak:

a) Bidalitako dokumentazio orokorra aztertzea.

b) Bekadunen jarduerak kontrolatu eta jarraipena egitea.

c) Egoki iritzitako ikuskapenak egitea beka-aldia nola doan egiaztatzeko; onuradunek eskatzen zaizkien argibide guztiak eman beharko dituzte.

d) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

e) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

f) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

2.– 1. faseko erakunde kolaboratzaileak: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskadiko unibertsitate-sistemari atxikitako hiru unibertsitateetako agintari akademikoen arteko hitzarmenaren arabera, unibertsitate horiek 1. faseko prestakuntza-ikastaroan kolaboratuko dute. Lankidetza-hitzarmenen urteko eguneratze bakoitzean ezarriko dira eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak: edukiak, irakasleen profilak, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.

3.– 2. faseko erakunde kolaboratzaileak: Beint programaren ondoreetarako, honako hauek hartuko dira erakunde kolaboratzailetzat: Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Kanpo Sareko bulegoak eta SPRIrenak; Espainiak atzerrian dituen merkataritza-bulegoak, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk. Lankidetza horren oinarria finkatzeko, dagokion hitzarmena sinatuko da, alderdien arteko harremanak ezarriko dituena eta bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duena.

4.– 3. faseko erakunde kolaboratzaileak: 3. faseko erakunde kolaboratzailetzat hartuko dira bekadunei enpresa arloko praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde, enpresa, enpresa-elkarte eta klusterrak.

Praktika profesionalak egiteko eskaintza bat onartua izan dadin, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde interesdunek:

a) Enpresa arloko prestakuntza-praktika bat eskaintzen duen nazioartekotutako erakundea izatea eta gutxienez merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat edukitzea kanpoan. Salbuespen kasuetan, establezimendurik ez duten enpresen eskaintzak baloratu ahal izango dira, betiere praktika profesionalak negozio-zentro batean edo antzeko batean garatzen badira eta enpresako langileak uneoro baldin badaude bekadunarekin.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea, praktikaldi osoa jasoko duena eta bekadunari esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduko dituena.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura hartuko duen tutore bat edukitzea.

d) Prest egotea bekadunak helmuga-herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko. Bekadunari egotz dakiokeen kausaren bat dela-eta ebazten bada beka amaitu dela 3. fasea bukatu baino lehen, enpresa ez da egongo behartuta itzulerako txartela ordaintzera.

e) Eskatutako herrialdean bisa lortzea (edo nahitaezko beste tramiteren bat) ezinbesteko betekizuna bada bekadunaren egonaldia formalizatzeko, erakundeak aldez aurretik egiaztatu beharko du bekadunak betetzen dituela herrialde horrek eskatzen dituen eskakizunak; horrez gain, bisa lortzen eta nahitaezkoak diren bestelako tramiteak egiten lagunduko dio ongi bete ditzan herrialdera sartzeko behar diren osasun eskakizunak, eta orobat bere gain hartuko ditu horretarako egin beharreko izapide eta gastuak.

f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esaterako: komunikazio-kostuak eta bekadunaren ohiko bizilekutik kanpoko joan-etorriengatiko gastuak. Beste gastu-kontzeptu batzuk ere ordainduko ditu, baldin erakundeak bekadunari ezarritako jardueren eta emandako jarraibideen ondorioz sortutakoak badira.

g) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari edo/eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea zein den bekadunaren eboluzioa eta ebaluazioa, eskatutako balorazio-txosten guztiak bidaliz.

Azkenik, Beint programako 3. faseko erakunde kolaboratzaile izateko, ezinbestekoa da izena ematea eta bekadun-eskaera bat bidaltzea eskaintzen den plaza bakoitzeko, Interneteko helbide honetan: www.spri.eus/beintempresas

Bekadunaren eskaera onartzen denean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak, erakundeak eta bekadunak dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, bekaduna identifikatuko da eta zehaztuko dira alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dizkioten ekarpenak.

Erakunde kolaboratzaileek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako eskakizunak eta betebeharrak bete behar dituzte.

2. eta 3. faseak bukatutakoan, fase horietako erakunde kolaboratzaileek Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidali beharko dizkiote 8.b) eta 8.c) artikuluetan aipatzen diren txostenak.

11. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.

Beken diru-zenbatekoa prestakuntza-helburua lortzeko gastuetara bideratuta egongo da. Zenbateko horrek bermatu behar du bekaren onuradunek bizi-baldintza duinak dituztela eta behar adina dutela programara osoki dedikatzeko.

Hauexek dira estali beharreko gastu batzuk: prestakuntza-ikastaroaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua. Prestakuntzarako ez-ohiko zuzkidurak eta gastuak kasu bakoitzean finkatuko dira, horretarako kontuan hartuz helmuga bakoitzeko bizi-baldintzak eta garatuko diren prestakuntza-programak.

1.– 1. faseko diru-zuzkidura:

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak osorik (% 100) finantzatuko du 1. faseko prestakuntza-ikastaroaren kostua. Bekadunek ez dute ezer ordaindu beharko eta ez dute inolako zuzkidurarik jasoko 1. fasean zehar.

2.– 2. eta 3. faseetako diru-zuzkidura:

Oinarri hauetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. faseetara igarotzen diren bekadunek bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat bete beharko dute ezarri zaizkien helmugetan. A modalitateko bekadunen kasuan, 20 hilabeteko iraupena izango du eta B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, 8 hileko fase bakarra (3. fasea) egin beharko da.

Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan modalitateak, helmugak eta zuzkidurak adieraziko dira.

Oro har, 2. faserako –12 hilabete iraungo duena– kalkulatutako zuzkidurak 18.000 eta 39.000 euro bitartekoak izango dira. 3. faserako –8 hilabete iraungo duena– kalkulatutakoak, aldiz, 12.000 eta 26.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, helmugarekin lotutako kostuen arabera kalkulatuta. Bekadunak ordainduko ditu kostu horiek emango zaion zuzkidurarekin.

Bisa lortzeko kostuak 2. fasea egingo den erakunde kolaboratzailearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura ezberdinak esleitu ahal izango zaizkie herrialde eta hiri berera baina erakunde ezberdinera joango diren bekadunei.

Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontuan badagoela nahikoa baliabide horretarako.

Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatu bat ere izango dute prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko 2. fasean zehar. Kreditu hori erabiltzeko Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako baimena behar da eta, horren bidez, bekadunek gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten eta helmugako hiritik kanpo egiten diren azoka, misio edo ekitaldietarako joan-etorriak, ostatuak eta dietak, bisita-txartelak egiteko gastuak edo helmugako hizkuntza ikasteko ikastaroen gastuak (ingelesa izan ezik).

Kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria 2.000 eurokoa da. Muga zehatz bat jarriko da helmuga bakoitzeko, ezarritako gehiengoaren berdina edo txikiagoa izango dena. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura.

3.– Programaren garapenarekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, COVID-19 detektatzeko testak –bidaiatzeko baldintza badira–, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta sor daitezkeen bestelako gastuak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin ordainduko ditu. Aldiz, enpresa kolaboratzaileari dagokio gastu hauek ordaintzea: 2. faseko ezohiko gastuak eta 3. faseko hegazkin-txartelak eta bisak, baimenak edo osasun eskakizunak.

4.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint programako bekadunak (2. fasea eta 3. fasea) Gizarte Segurantzako erregimenari atxikita egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute, baina ez dituzte ordainduko langabeziari, lanbide-prestakuntzari eta Soldatak Bermatzeko Funtsari (FOGASA) dagozkien kuotak.

5.– Bestalde, 2. edo 3. faseko bekadun bihurtzen direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat sinatuko du bekadunen alde, euren jardunaren ondorioei eta hirugarrenei egin dakizkiekeen kalteei aurre egiteko, eta bidaiako laguntza-poliza bat ere sinatuko du.

6.– COVID-19aren pandemiak eragin duen mundu mailako egoera honetan, eta ikusirik nolako zailtasunak sortu diren mugikortasunerako eta atzerrian bizitzeko, 3. artikuluan azaldutako aurrekontuan kontingentzietarako partida berezi bat sortu da, alegia, 2.000 euro bekadun eta urte bakoitzeko.

Partida hori bakarrik erabiliko da bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik, hala nola ustekabeko gastuak ordaintzeko, ezohiko arreta medikorako, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak jatorrira aberriratzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurretiazko baimena behar da partida hori erabili ahal izateko, eta erabili ez den zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura.

12. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntzako aparteko gastuen kontua ordaintzea.

1.– Honela egingo da ordainketa:

a.1.– 2. fasea.

a.1.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2022ko abenduan egingo da, bekaduna bere helmugarantz atera baino lehen.

a.1.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.

a.1.3.– Prestakuntzako ez-ohiko gastuen eta kontingentzien partidei dagozkien ordainketak likidaziorako justifikazioak aurkeztu ahala egingo dira. Gastuak likidatzeko aurkeztu behar dira, gehienez ere, gertatzen direnetik hilabetera.

a.2.– 3. fasea.

a.2.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2023ko abenduan egingo da A modalitateko bekadunen kasuan. B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, bekadunek 3. faseko enpresa edo erakunde kolaboratzailearekin lankidetza-akordioa sinatu ondoren.

a.2.2.– Hurrengo ordainketak hilabeteko ordainketetan egingo dira eta, azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko dute onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa, eta orobat bidali dituela oinarri hauetako 13. artikuluko i. atalean eskatzen diren txostenak.

a.2.3.– Bekaren azken hilerokoa jaso ahal izateko, bekadunek nahitaezko txosten guztiak aurkeztu beharko dituzte, beka amaitu eta 10 egun naturaleko gehieneko epean. Bekadunen batek ez baditu bidali txosten guztiak beka amaitu ondorengo 10 egun naturaletan, ez du jasoko zuzkiduraren azken hilerokoa.

2.– Bekadunak uko egiten badio bekari 3. fasea amaitu baino lehen, azken hilerokoa jaso ahal izateko, artikulu honen a.2.2. puntuan adierazitako eskakizunak bete beharko ditu.

3.– PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie zuzkidurei eta horien ordainketei (hala badagokio).

13. artikulua.– Bekadunen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Beka-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa onartzea.

2.– Bekadunen baimen eta norberaren aukerako egunen erregimena esleitu zaien erakunde eta enpresa kolaboratzaileen mende egongo da kasu bakoitzean. Horren harira, baimenei eta norbere aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamabost egun ezarri dira 2. faserako, eta 3. fasean erakunde kolaboratzaileak erabakiko du.

3.– Onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, beka esleitu izanaren Ebazpena argitaratu eta bost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten bekari, onartutzat joko da.

b) Euskadiko unibertsitate-sistemari atxikitako hiru unibertsitateek 1. faseko prestakuntzaren aurre-inskripzio, inskripzio eta matrikularako emandako jarraibide eta epeak betetzea eta orobat unibertsitate bakoitzaren barne-arau eta -erregelamenduak errespetatzea.

c) 1. fasean antolatzen diren klase eta jarduera guztietara sasoiz joatea, eta elkarlanerako jarrera izatea, bai irakasleekin eta bai ikaskideekin.

d) Erakunde kolaboratzaile bakoitzak ezarritako osasun neurriak errespetatzea programaren 3 faseetan.

e) 2. fasean, helmuga-herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea.

f) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta helmugako erakunde kolaboratzaileen funtzionamendu-arauei men egitea.

g) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: helmugako erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide.

h) Bekari eragin diezaiokeen edozein gorabehera jakinaraztea Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari.

i) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidaltzea hark eskatutako informazio guztia praktikak behar bezala egin direla egiaztatzeko, eta baita ere bekadunaren jarduerari buruz eskatutako txostenak, argi zehaztuz alderdi ekonomiko eta komertzial garrantzitsuak, eta EAEko ekoizpen-sektoreen esportazio-jarduera garatzeko eta sendotzeko garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako datuak.

j) Likidazioa egitea Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideei jarraituz, eta prestakuntzako aparteko gastuen egiaztagiri orijinalak eranstea.

k) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideei jarraiki, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktika profesionalengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiaztatzen badu herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango du bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.

l) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainontzeko betebeharrak betetzea.

n) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsul-etxean edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldiko bizilekua finkatzeko.

14. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotze bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauetako 4.1 f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Salbuespen gisa, bekadunek ordaindutako lanak egin ahal izango dituzte 1. fasean, baldin eta lan horiek ez badiete eragozten derrigorrezkoak diren klase eta jardueretara joatea.

15. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.

1.– Bekadun izaera azkendu daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:

a) Bekadunak uko egitea.

b) Oinarri hauetako 13. artikuluan zerrendatutako betebeharrak ez betetzea.

c) 1. faseko bi klase edo jarduera baino gehiagotan huts egitea justifikaziorik gabe.

d) 1. faseko bi klase edo jarduera baino gehiagotara berandu iristea justifikaziorik gabe. Inpuntualtzat hartuko da ikasgelan sartu ezin izatea unibertsitateen sarrera-protokoloak bete behar izateagatik.

e) 1. faseko proba edo azterketaren batera ez joatea, salbu eta arrazoi justifikatu bat badago.

f) 1. fasearen funtzionamendu eta garapen egokia eragozten duen edozein portaera. Portaera desegokiagatik bi ohartarazpen jasotzen dituzten bekadunek berehala galduko dute bekadun izaera.

g) A modalitateko bekadunen kasuan, akordiorik ez lortzea enpresa edo organismo batekin 3. fasea bertan egiteko 2023ko azaroaren 30a baino lehen. Kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko litzateke.

h) B modalitateko bekadunen kasuan, akordiorik ez lortzea enpresa edo erakunde batekin 3. fasea bertan egiteko 2023ko otsailaren 28a baino lehen.

i) Helmuga-aldaketak ez onartzea, oinarri hauetako 9. artikuluko 4. puntuko e atalean ezarritakoaren arabera.

j) Oinarri hauetako 13. artikuluko k atalaren arabera agindutako mugikortasun-murrizketak ez onartzea.

k) Enpresa edo erakunde kolaboratzaileak amaitutzat ematea praktikaldia bekadunari egotz dakiokeen arrazoiengatik. Enpresa edo erakunde kolaboratzaileak amaitutzat ematen baditu 3. faseko praktikak bekadunari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, hilabeteko epea emango zaio bekadunari beste enpresa edo erakunde bat bilatzeko. Epe hori amaitu eta ez badu beste aukerarik aurkitu, bekadun izaera galduko du.

l) 3. faseko bekadunei dagokienez, enpresa edo organismo kolaboratzaile batek oinarri hauetako 8. artikuluko c) atalean aipatutako balorazio-txosten negatiboa egiten badu, horrek berekin ekar lezake dirua itzuli behar izatea, gainerako inguruabarrak baloratzean hala komeni dela ondorioztatzen bada.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.

2.– Bekadun izaera galtzeak berekin dakar jasotzeke dauden ordainketetarako eskubidea galtzea, eta bidegabeki jasotako zenbatekoak –osorik edo partzialki– eta horiei dagokien berandutze-interesa itzuli behar izatea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari. Horrez gain, kasuan kasuko zehapenak jar dakizkioke bekadunari.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da zenbat denboran egin dituen bekako zereginak bekaren iraunaldi osoarekiko.

4.– A Modalitateko bekadunen batek bekadun izaera galtzen badu artikulu honen 1. puntuan adierazitako arrazoiren batengatik, eta hori gertatzen bada helmugak esleitu ondoren baina bekaduna helmugara iritsi aurretik, plaza hori esleitu ahal izango zaie enpresekin hitzarmenik sinaturik ez duten B Modalitateko bekadunei. Horretarako, oinarri hauetako 8. artikuluko a atalean aipatzen den behin betiko zerrendako (BZ) ordena jarraituko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake Datu Pertsonalen Babeserako Araudi bidez babestuta dauzkan eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin dpd@spri.eus helbide elektronikoan.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Euskal Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) dela kontrolerako autoritatea duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana