Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2022ko otsailaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
991

AGINDUA, 2022ko otsailaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidekoan kulturako publikoak garatzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta haien deialdia egiten duena.

Erakunde publikoek aurre egin behar diote sorkuntzaren eta kultura-publikoen arteko bat-egitea zailtzen duten oztopoak gainditzeko lanari, ahaztu gabe publikoak direla kultura-proiektuen ardatza, protagonistak eta kulturaren benetako subjektuak. Nahiz eta eskaintzak ohitura sortzen duen, errutina edo ohitura den aldetik, ezin da egintzat eman eskaintzak automatikoki aktibatzen duenik eskaria. Kultura-publikoak garatzea urrats bat harago doa, eta kulturaren benetako demokratizazioarekin konprometitzeko beharrari lotzen zaio; horrek esan nahi du kultura-publikoak areagotzeaz gain, haren gizarte-egitura ere aldatu beharra dela.

Kultura-publikoak garatzeko estrategietan ez dute balio orotariko planteamenduek, eta publiko profil bakoitzari zuzendutakoak izatea eskatzen dute. Kultura-motibazioa eta -partaidetza sendotzea da helburua, kulturan parte hartu ohi ez duten publiko berrietara iritsiz; noizbehinkako ohitura aktibatzea edo jarduera horietan publikoak lortutako esperientzia hobetzea, parte hartu ohi dutenen fidelizazioa bilatzeko. Hori guztiori kulturan parte hartzeko oztopoak gainditzeko helburuaz eta publikoak fidelizatzeko.

COVID-19ak sortu duen ezohiko elkarbizitza egoerak erabilera berriak ekarriko ditu gizartera. Errealitate berri honek, kulturarentzat oro har, eta sortzaileentzat beren-beregi ahultasun larria ekarri du. Kultura sorkuntzak eta honek dituen publikoen arteko elkarrekintzak eta berau emango deneko testuingurua zehazteak lanak emango dizkigu, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen neurrietara egokitzen jarraitu behar izango dugu.

Egiteko horri ekiteko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Praktika kulturalak sendotzen eta bultzatzen dituzten proiektuak, kulturako publiko berriei erakusten dietenak eta dagoeneko publiko diren horiek sendotu eta fidelizatu egiten dituztenak behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Europar Batasunaren kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko arauetan aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera jarri baitzen indarrean 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluko 3. apartatuan agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Ondare eta kulturako dirulaguntzak eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletarakoak dira kategoria berrien artean.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, 53. artikuluko 2. apartatuak ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago. 2021eko otsailaren 18an onartu zen, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez, eta sailaren webgunean argitaratua, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/euskojaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategiko-2021-2024/

Horren ondorioz, honako hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kulturako publikoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

Kulturako publikoen garapenak publikoekin harremanetan jartzeko modu berriak aurreikusten ditu, bai sorkuntzaren eta publikoen artean, bai praktika aktiboan. Publikoak dibertsifikatzea eta zabaltzea dakar, bai eta parte-hartze kulturala hobetzea ere.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduerak eta baldintzak.

1.– Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduerek honako baldintza hauek bete behar izango dituzte:

a) Proiektu eta jarduera bereziak eta espezifikoak izatea, kulturarako sarbidea galarazten edo mugatzen duten oztopoak gainditzeko, publikoekiko harreman-eredu berriak eratzeko, sorkuntza eta kultura-publikoen arteko elkarrekintzaren garrantzia nabarmentzeko edota kultura-publikoek egiten duten praktika aktiboaren garrantzia nabarmentzeko.

b) Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduera motak:

1) Publikoak dibertsifikatzekoak: interesik gabeko publikoengana (hau da, ez-publikoengana) bideratutakoak dira, eta hezkuntza-trabak, psikologia-trabak eta gizarte-inguruko trabak gainditzera bideratutakoak.

2) Publikoak hedatzekoak: kulturan interesa izanda ere, kultu- jardueretan parte hartzen ez duten publikoei zuzendutako proiektuak edota jarduerak, kultura-jardueretara erakartzeko eta haietarako sarbidea errazteko esku-hartzeak behar dituztenak.

3) Parte hartzea areagotzekoak: Kultur jardueretan parte hartzen duten publikoak gero eta fidelagoak izan daitezen, partaidetza-maila eta inplikazio-maila handiago lortzera bideratutako proiektu eta jarduerak.

c) Proiektu edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean. Proiektuak 2022an hasitakoak izan beharra dute.

d) Diruz lagundu beharreko proiektu eta jarduerek herritarrei irekiak izango dira.

e) Onartutako guztizko aurrekontuaren % 20ko autofinantzaketa-maila izatea gutxienez. Deialdi honetan iturri publikoetatik ez bestetatik jasotakoa hartuko da autofinantzaketatzat eta onartutako guztizko aurrekontua berriz, hala behar den kasuetan 10. artikuluan zehaztutakoaren arabera araztutakoa.

f) Euskara izatea jardueren komunikazio-hizkuntza, % 50ean behintzat.

2.– Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

a) Artikulu honetako 1. puntuak jasotakoa betetzen ez duten proposamenak.

b) Jende gehiago erakartzeko estrategiak garatze hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

c) Zabalkundera edota komunikazio hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

d) Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

e) Sari eta lehiaketak.

f) Irakaskuntza arautu, ez-arautu eta aisialdi zentroetako esparruan gauzatzen diren jarduerak.

g) Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako proiektu eta jarduerak, baldin eta antolatzailea jaialdia, erakustaldia edo zikloa antolatzen duena bera bada.

h) Txostenak, planak zein azterlanak egitea.

i) Kultura eta artearen sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-jarduerak.

3. artikulua.– Diru kopurua.

Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa berrehun mila (200.000) eurokoa da, horietatik 100.000 euro izanik 2022ko ekitaldirako eta beste 100.000 euro-ko konpromiso kreditua 2023rako.

4. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Honako hauek jaso ahal izango dute agindu honen baitan dirulaguntza, betiere euren jarduera kultura-eskaintzari lotua bada honako tipologia hauetako batean edo batzuetan: arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoa, bertsolaritza, liburua, musika eta sormen industriak.

a) Pertsona fisikoek.

b) Erakunde pribatuek. Baldin eta erakunde batek partaidetza publikorik badu, % 50 baino gutxiagoko partaidetza publikoduna. % 50eko edo hortik gorako partaidetza publikoa badu, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin lankidetzan antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

c) Erakunde publikoek, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin batera antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

2.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Hala dagokienean, egokitzen zaien Erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

b) Ez izatea laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuan ezarritako gainerako betebeharrak.

d) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea eta baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da betetzen ote den.

Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura amaitzean horren gaineko ebazpena ematen bada.

Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza-eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik behar izango, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin bat etorriz. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.

3.– Bazterturik geratuko dira:

a) Krisian diren enpresak, krisian diren enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Titulartasun publikoa duen eremu baten zerbitzu kontratu edota zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu baten esleipendun gisa eskabidea egiten duten eskatzaileak.

c) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 24ko Aginduaren bidez egindako deialdiaren onuradunak ezin izango dira deialdi honen onuradun izan. Agindu horren xedea zen 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan Kultura publikoak garatzeko proiektuak eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzea.

d) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatzen den dokumentazioa.

Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

1.1.– Pertsona fisiko eta juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena egiaztatzea.

1.2.– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

1.3.– Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa adierazten duen agiria aurkeztea.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritza ahalmena.

1.4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku diren edo beste edozein Administraziok egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, pertsona fisikoen berariazko aurkakotasunik ezean.

1.5.– Eskatzaileek bere jarduerak kultura eskaintzarekin lotura zuzena duela justifikatu beharra dute, eta, horretarako, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Estatutuak, eskatzailearen ibilbidea edota lotura hori egiaztatzen duen beste ezein dokumentu aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaz bat, eskabidean jasota den erantzukizuneko adierazpenaren bidez honako hauek egiaztatu beharko dira:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Proiektu eta jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Lan egutegia: 2022koa eta 2023koa.

b) Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den adierazten duen erantzukizuneko adierazpena.

c) Proiektu eta jardueren azalpen-oroitza. Bertan, proposamena aginduaren 11. artikuluan xedatutako irizpideen arabera egoki balioztatzeko behar diren alderdiak zehaztu eta garatuko dira (I. eranskina). Halaber, berariaz adieraziko da oroitzan:

– Proiektuaren eta jardueraren tipologia.

– Proiektuak eta jarduerek dituzten helburuak.

– Proiektua eta jarduerak garatzeko proposatutako metodologia.

– Bitarteko digitalen bitartez publikoen garapenerako estrategia.

– Xede-publikoak.

– Xede publikoekin harremanetan jartzeko jarduera edota baliabideak: esku-hartze sistemak.

– Sektoreari edota sektore arteko testuinguruari egiten dion ekarpena.

– Beste lurralde edo sektore-testuinguruetan duen inpaktua eta aplikagarritasuna.

– Lantaldea: proiektu eta jardueretan diharduen lantaldearen profilak eta gaitasunak. Curriculumak erantsi beharra dago.

– Euskal sortzaile eta kultura eragileek duten esku-hartze maila.

– Proiektuan zehar ebaluaziorako ezartzen diren sistema edota tresnak: kudeaketan, prozesuan, garapenean eta emaitzetan.

– Jarraipenerako bokazioa: finantzaketa plana eta epe ertain zein luzerako aurreikusitako lantaldea.

d) Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatu, banakatu eta xehetua, 2022 eta 2023rako, 2.1.e) artikuluan ezarritako % 20ko gutxieneko autofinantzaketa-ehunekoa islatuko duena (II. eranskina).

e) Hala badagokio, kontratatutako zerbitzu profesional independente hornitzaileek egindako aurrekontuak, garatu beharreko prestazioak zehaztuta.

f) Erakunde publikoek eta pribatuek batera gauzatutako proiektu eta jardueren kasuan, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik norakoak, erakunde lankideak eta horien ordezkariak eta partaide bakoitzak zer jarduera eta aurrekontu hartuko dituen bere gain. Dokumentua lankide diren erakundeek sinatu beharko dute.

6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bat baino gehiago egin badezake ere, eskatzaile bakoitzak proiektu baterako baino ezin izango du jaso dirulaguntza.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aldez aurretik hitzordua hartuta honako helbide honetan https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusita gainerako tokietan.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren https://euskadi.eus/egoitza egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. apartatuan adierazten den helbidean nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako erregistro elektronikoetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

4.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskabideak.

5.– Eskabide-inprimakia eta erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak, aurrez aurre nahiz elektronikoki, nola izapidetu behar diren azaltzen duten jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan izango dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069005

Eskabidearen ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte beren eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Aurkezten diren agiri elektronikoek ezaugarri hauek bete behar izango dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta ereduak duen formatu berean aurkeztuko dira.

b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztien tamaina 30 Mb-ekoa izango da gehienez ere.

d) Bideoak dagokion dokumentuan web helbidea jarrita aurkeztu ahal izango dira.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, aurkaratzeko bidea itxi gabe.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.

Beren eskabidea elektronikoki aurkeztu beharra dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezaten eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzen muga.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango guztizko aurrekontu onartuaren % 50etik gorakoa.

2.– Diruz laguntzen diren proiektu eta jarduerek gehienez ere jasoko dute:

– Pertsona fisikoek eta euren kapitalean % 50etik beherako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 40.000 euro.

– Entitate publikoek eta euren kapitalean % 50 edo hortik gorako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 25.000 euro.

3.– Proiektu bati esleitutako dirulaguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagokoa izango.

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak xedatu bezala, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen diru-ordainak. Eskatzaileek gehienez ere onartutako guztizko gastuaren % 15 erabil lezakete pertsonal gastuetarako, baldin eta ez badira titulartasun publikodun entitateak edo % 50 eta hortik gorako partaidetza publikorik ez badute euren kapitalean. Aurrekontuan xehetasunez adierazi beharko da zer lan egingo duen pertsonal horrek proiektuan edota jardueretan.

b) Norberarenak ez diren tokiak alokatzea, kanpo edota barruko tokiak erabiltzea; ekipamenduak, makineria eta altzariak alokatzea betiere, baldin eta eskatzailearen ohiko jarduerarako ez badira.

c) Amortizazio gastuak: ekipamendua, makineria, altzariak, edo norberaren tokiak baldin eta titulartasun publikodunak ez badira. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izango.

d) Bitarteko digital eta komunikazio baliabide gastuak, ekoizpena barne. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 25 baino handiagoak izango.

e) Proiektu zein jardueretan zuzenean parte hartzen duten profesionalen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira guztizko aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izan.

2.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 90era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den proiektu eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, ezin izango dira azpikontratatu zerbitzu profesional independenteak dirulaguntza kopuruaren % 50ean baino gehiagoan.

Edonola ere kontratu bakoitzean garatutako lana edo eskainitako zerbitzuek aurrekontuko apartatuetan jasotako kontzeptuekin bat etorri beharra dute. Zerbitzu profesional independenteak emango dituzten hornitzaileek eginiko aurrekontuak aurkeztu ezean, aurrekontu onartua kalkulatzeko aurrekontuak araztu egingo dira era honetako gastuak kenduz.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

11. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu honako irizpide, azpi-irizpide eta baremo hauen arabera:

1.– Lehendabiziko fasea: kultura interesa, proiektu eta jardueren kalitate eta berrikuntza-maila. Gehienez ere 50 puntu. Honako hauek hartuko dira aintzat:

1.1.– Metodologia ikuspegia. Gehienez ere 15 puntu.

1.2.– Kultura publikoek proiektu eta jardueretan duten parte hartze aktiboa. Bereziki baloratuko dira kultura aniztasuna eta eskuragarritasuna edo publikoak dibertsifikatzea. Gehienez ere 10 puntu.

1.3.– Proiektu eta jardueretan zehar ebaluazioa egiteko ezarritako sistema eta tresnak: kudeaketa, prozesuak, garapena eta emaitzak. Gehienez ere 10 puntu.

1.4.– Euskal sortzaile eta kultura eragileek duten partehartze-maila. Gehienez ere 10 puntu.

1.5.– Proiektu eta jarduerek zenbaterainoko ekarpena egiten dioten lantzen den sektoreari edo sektorearteko testuinguruari. Gehienez ere 5 puntu.

Lehendabiziko balorazio fase honetan gutxienez 30 puntu ateratzen ez duten eskabideak deialditik baztertuak izango dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuak izango.

2.– Bigarren fasea: inpaktu gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa. Gehienez ere 70 puntu. Honako hau baloratuko da:

2.1.– Herritarrei eragiteko gaitasuna. Gehienez ere 35 puntu. Honako hauek hartuko dira aintzat:

2.1.1.– Jarduerek duten kalitate-maila edota publikoekin harremanak lantzeko baliabide berriak eta jarduera tipologia aniztasuna. Gehienez ere 15 puntu.

2.1.2.– Beste lurralde eta sektore testuinguruetan proiektuak duen inpaktua eta aplikagarritasuna. Gehienez ere 10 puntu.

2.1.3.– Zenbaterainoko eragina duen haur eta gazteengan, eremu ez arautuetan. Gehienez ere 5 puntu.

2.1.4.– Euskal emakume sortzaileek duten esku-hartze aktiboa. Gehienez ere 5 puntu.

2.2.– Proiektu eta jarduerek duten bideragarritasuna. Gehienez ere 30 puntu. Honako hauek hartuko dira aintzat:

2.2.1.– Proiektu eta jardueretarako jarritako gizataldea. Profilak eta gaitasunak. Gehienez ere 10 puntu.

2.2.2.– Aurrekontua proiektu eta jarduerei egokitua izatea. Gehienez ere 10 puntu.

2.2.3.– Dirulaguntza honetaz aparteko finantzaketa-maila. % 20tik gorako autofinantzaketa maila baloratuko da. Gehienez ere 5 puntu. Finantzaketa-maila handiena duenari emango zaio puntuaziorik handiena eta gainerakoei proportzioan.

2.2.4.– Proiektua eta jarduerak nola hedatzen diren denboran zehar. Gehienez ere 5 puntu.

2.3.– Jarraitzeko bokazioa. Proiektu eta jarduerekin jarraitzeko asmoa, denboran zehar eta gisa nahiz diru baliabidetan. Gehienez ere 5 puntu.

3.– Eskabideak dirulaguntza jasoko badu, gutxienez 70 puntu izan beharko ditu aurreko irizpide guztiak aintzat hartuz egindako balorazioaren ondorioz.

12. artikulua.– Proiektu eta jarduerak hautatzea eta dirulaguntza zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira, eta, 11. artikuluan xedatutako hautaketa- eta balorazio-irizpideetan oinarrituta, artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman, betiere 9. artikuluak ezarritako gehienezko mugak errespetatuz.

2.– Eskatzaile bakoitzak dirulaguntza agindu honetan eskabide bat baino gehiago aurkezten duten kasuan baloraziorik onena lortzen duen eskabideari emango zaio dirulaguntza eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu eta jarduera batzuei laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektu eta jarduerok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa atera.

3.– Baldin eta aurkeztutako eskabiderako aurrekontuan 10. artikuluaren arabera ez-lagungarritzat jotako gasturik aurreikusten bada, gastu-aurrekontua araztu egingo da halakoak kenduz, eta arazketaren ondoren onartzen den guztizko aurrekontu baizik ez da hartuko aintzat, eta berau izango da dirulaguntza kalkulatzeko oinarri.

4.– Ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko zaio aurkeztutako proiektu eta jardueren guztizko aurrekontu onartuari, puntuaziorik handiena ateratzen duenetik aurrera eta lehentasun-hurrenkerari jarraituta gero, ehunekoa izanik zuzenki proportzionala eskatzaileak lortutako puntuazioarekiko, halako arrazoiaz non guztira deialdiaren zuzkidura ahitu egiten baita hura gainditu gabe. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa ez da inola ere 9. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan xedatutako mugak baino handiagoa izango. Baldin eta muga horiek gainditzen badira, horiek guztiak betetzen duen kopurura arte gutxituko da zenbatekoa. Errepikatu egingo da prozedura hori, harik eta hautatutako proiektu eta jarduera guztiak aintzakotzat hartu arte edo 3 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, berori falta denean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

Aditu-profesionalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kultura alorreko profesionalen artean aukeratuak izango dira, independenteak zein Euskal Autonomia Erkidegoko sektore erakundeetako kide esanguratsuak.

2.– Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat ibiliko da, zuzendariak izendaturik.

3.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, eratu aurretik interesdunek uko egiteko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek ardurapeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Balorazio-batzordeari egokituko zaio aurkezten diren eskabideak 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea; 9. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea, eta 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen araberako azterketa egitea eta ebaluatzea.

7.– Batzordeak, adostasunez erabakiko du, eta Kulturako sailburuari aurkeztuko dizkio onartzeko/ez onartzeko proposamenak, eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntzak emateko/ez emateko proposamenak.

8.– Balorazio-batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektu eta jardueren arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak ebatziko du, balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenengoz egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 artikuluaren arabera.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

15. artikulua.– Jakinarazpenak aurrez-aurre eta telematikoki izapidetzea.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Interesdunari jakinarazpena duela abisatuko zaio edozein euskarri elektroniko erabilita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan «Nire karpeta» atalean. Abisu hori izan ez arren, jakinarazpena erabat baliozkoa izango da.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezestetzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik ematen ez bada. Gainfinantzaketarik bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako beste dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko, dela dirulaguntza izenduna, dela musikaren, arte eszenikoen, liburuaren, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta sormen-industrien arloetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein laguntza.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Komunikaziorako euskarri guztien edizioak euskaraz behintzat, egingo dira.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoetan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera jarriko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

4.– Dirulaguntza esleitu zaion xederako erabiltzea.

5.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

6.– Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.

7.– Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emanda.

8.– Argitaratutako promozio-material guztien ale bana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

9.– Diruz lagundutako proiektua jendaurrean jakinaraztea eta eskuragarri jartzea, osorik edo zati baten. Era berean, partzialtzat hartzen da erreferentziako terminoen, laburpen exekutiboaren, eranskinen edo kasu-azterlanen komunikazio berezia, holakorik denean.

Komunikazioa zati baten egiten bada, txosten osoaren erreferentzia jarri behar izango da, testuinguruan egoki jartzeko moduan.

10.– Diruz lagundutako proiektuaren jarduerak eta edukiak erabiltzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan, metaebaluazioak, sistematizazioak, sintesiak eta antzerako azterketak egiteko.

11.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

18. artikulua.– Dirulaguntza, ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu behar izango du, eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, egoitza elektronikoan eskuragarri den zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak

2.– Agindu honen pentzudan ematen diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 lehen ordainketan, behin emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epean berariaz uko egin ezean.

b) Emandako dirulaguntzaren % 30 bigarren ordainketan, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2023ko martxoaren 31 aurretik, betiere 2022ko egikaritzea eta guztizko aurrekontu onartuari dagozkion gastuak zuritu badira era honetan:

– Diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren gauzatzeari, betetze mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza, 2022. urteari dagokiona.

– Exekutatutako proiektuaren sintesi eta ebaluazioa 2022. urteari dagokiona (III. eranskina).

– Proiektu eta jardueretan 2022an erabilitako komunikazio hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera datuak barne.

– Aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehetuena, 2022. urteari dagokiona. Xede edo helburu bererako, Besteak beste, 2022. urterako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpen jaso behar dira (IV. eranskina).

– Diruz lagundutako proiektu eta jarduerak garatzean 2022an izandako gastuen justifikazio agirien zerrenda sailkatua eta argia (V. eranskina).

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2022rako onartutako aurrekontu osoari dagozkionak. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

– Xede edo helburu bererako, 2022. urtean beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen erantzukizun-adierazpena (VI. eranskina). Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain, beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu ere, erantzukizun-adierazpena erantsi beharko du.

– Jardueraren karietara 2022an argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako, material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Zuriketarako erabiliko den dokumentazioak 5.5 artikuluaren ezaugarriak bete behar izango ditu.

c) Azken ordainketa, emandako dirulaguntzaren % 20koa, dirulaguntza justifikatu ondoren, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo bi hilabetean, betiere, 2023ko abenduaren 15a baino lehen, baldintza hauetan:

– Memoria xehea: diruz lagundutako jarduerari buruzko 2023ko gauzatze-memoria, non jasoko baita betetze-maila eta proiektu eta jardueren ebaluazioa.

– Exekutatutako proiektuaren sintesi eta ebaluazioa 2023. urteari dagokiona (III. eranskina).

– Proiektu eta jardueretan 2023an erabilitako komunikazio hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera-datuak barne.

– 2022-2023an gauzatutako egutegia.

– Aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehetuena, 2023. urteari dagokiona. Besteak beste, erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen 2023. urterako ekarpena jaso behar izango dira (IV. eranskina).

– Diruz lagundutako proiektua eta jarduerak gauzatzeko egindako gastua justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda sailkatua eta osatua, 2023. urteari dagokiona (V. eranskina).

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2023. urterako onartutako aurrekontu osoari dagozkionak. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

– Xede edo helburu bererako, 2023. urtean beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen erantzukizun-adierazpena (VI. eranskina). Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain, beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu ere, erantzukizun-adierazpena erantsi beharko du.

– Jardueraren karietara 2023an argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –betiere, laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publiko eta pribatutatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, esleitutako laguntzen zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik edo zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako proiektu eta jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza esleitzean ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektu eta jardueretan aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko b, c, d, e, f edota g apartatuetan aurreikusitakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren mende egongo dira; araudi horrek zenbait laguntza-kategoria jakin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak); halaber, daude azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala