Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2022ko otsailaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
985

AGINDUA, 2022ko otsailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ezartzen baitira sendotze-jarduketak egiten dituzten eta COVID-19ak kaltetu dituen enpresentzako. Bateratu COVID-19 Programa.

COVID-19ak eragindako pandemia agertu zenetik, enpresek, langileen osasuna lehenetsiz, hainbat motatako neurriak hartu dituzte merkatuko errealitate berrira egokitzeko, krisiaren eraginari aurre egiteko nahiz enpresen iraupenean sakontzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eta neurri jarri ditu abian bere sailen bidez. Hala, jarduera ekonomiko eta industrialari dagokionez, aipatzekoak dira honako hauek: COVID-19 lerrotik eratorritako finantzaketa, Ekonomia eta Ogasun Sailak abiarazia; Bideratu COVID-19 programa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutakoa; bai eta sail horrek berak abian jarritako ekimenak ere, Gauzatu Industria edo Indarturen moduko laguntza-programei lotutako diru-sarrerak aurreratzeari eta ordainketak geroratzeari buruzkoak. Horren guztiaren xedea izan da enpresen likidezia handitzea.

Globalizazioak eta informazioaren teknologien iraultzak merkatuak zabaltzea eta merkataritzaren kostuak murriztea ekarri du, eta horrek azken urteotan sektore ekonomiko asko berregituratzea eragin du. Bat egitea eta erostea dira enpresen tresna nagusietako bat, behar duten egitura-aldaketa egiteko eta bizkor handitzeko. Eragiketa horiek aukera bat dira eskala-ekonomiak lortzeko eta enpresaren berrikuntza-gaitasuna areagotzeko.

Bat-egiteen edo xurgatzeen bidez, enpresek salmenta-kanal berrietara sarbidea izan dezakete, merkatu berrietan sar daitezke eta etorkizun oparoa izateko funtsezko gaitasunak eta baliabideak eskuratu ditzakete. Hala ere, enpresek ez dute bat egiteko edo erosteko erabakia epe laburreko faktoreetan oinarritu behar, hala nola kostuak aurreztea, ez eta motibazio pertsonaletan edo espekulazioan ere. Hau ulertu behar dute: bat-egiteak edo xurgapenak arrakasta izateko probabilitatea handitu egiten da eskuratutako negozioa ondo ezagutzen bada, eta egiturak eta antolamendu-diseinua nahiz konpentsazio- eta pizgarri-sistemak egokiak badira.

EAEko enpresa-egitura enpresa txiki eta ertainetarantz lerratuegi dago, eta horrek ahulguneak sortzen ditu lehiakortasunean, produktibitatean eta berrikuntza-mailan. Gero eta handiagoa den kanpo-lehiaren aurrean enpresak indartzeko, beharrezkoa da segmentu horretan bat-egiteak eta eskuratzeak sustatzea, beste tamaina batzuetako enpresekin egiten direnak baztertu gabe.

Aurreko paragrafoetan azaldutakoak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egiten ditu krisia gainditzeko eta EAEko industria-sarea indartzeko. Ildo horretan, laguntza eman nahi zaie enpresei, hazkundea sustatzeko eta produktibitatea nahiz lehiakortasuna hobetzeko jarduketetan, enpleguari eutsi diezaioten eta merkatu-egoera sendotu dezaten. Horren guztiaren xedea da pandemiaren ondorio ekonomiko larriei aurre egitea eta enpresen iraupena indartzea.

Europar Batasunak uste du nahasmendu ekonomiko handia eragin duela koronabirusaren agerraldiak EBn, eta koordinazio erabakigarria eskatzen duela. Horregatik, 2020ko martxoaren 19an komunikazio bat onetsi zuen (COM (2020) 1863 komunikazioa), COVID-19aren inpaktu ekonomikoa leuntzera bideratutako Europako Batzordearen berehalako erantzuna jasotzen duena. EBFTren 107.3.b) artikuluaren arabera, Batzordeak erabaki dezake «estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larri bati konponbidea emateko» laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak direla.

Era berean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.2.b) artikuluak eta COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparruak ezartzen dutenaren arabera, barne-merkatuarekin bateragarriak dira hondamendi naturalek edo salbuespenezko beste gertaera batzuek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak.

EBren estatu-laguntzei buruzko arauei esker, estatu kideek neurri azkar eta eraginkorrak har ditzakete herritar eta enpresei laguntzeko, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak pairatzen ari baitira. Aldi berean, estatuaren laguntza eraginkorra izango dela bermatzen dute, behar duten enpresetara iritsi dadin eta dirulaguntzak eskuratzeko lehia kaltegarriak saihestu daitezen, zeintzuetan diru gehien duten estatu kideek beren ondokoek baino gehiago gastatu baitezakete, EBren barneko kohesioaren kalterako. Estatu kideek laguntza-neurri zabalak diseina ditzakete, dituzten estatu-laguntzei buruzko arauekin bat datozenak.

Horiek horrela, EBFTren 107.3.b) artikuluan jasotzen diren laguntzei dagokienez –estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larriei konponbidea ematea–, EBk birritan ebatzi du nahasmenduak kasuan kasuko estatu kidearen ekonomia osoari edo zati garrantzizko bati erasan behar diola, eta ez estatu horretako eskualde batenari edo batzuenari soilik. Horren aurrean –2009an bezala, krisi ekonomiko eta finantzarioko egungo testuinguruan finantzaketarako sarbidea errazteko estatu-laguntzen neurriei aplikatu beharreko aldi baterako esparrua aplikatuta–, Espainiako gobernuak aldi baterako esparru-araubide bat jakinarazi zuen 2020-03-27an, enpresa eta autonomoei laguntzeko neurri buruzkoa, COVID-19aren agerraldi honetan ekonomiari laguntzeko.

Estatuko esparru-araubide horri baimena eman zion 2020-04-02ko Europako Batzordearen C (2020) 2154 Erabakiak, SA.56851 (2020/N) kodea duenak. Horrenbestez, estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

Aipatutako Aldi Baterako Esparrua behin eta berriz eguneratu da 2020ko ekitaldian zehar. 2020ko apirilaren 3an, Batzordeak lehen aldaketa bat onartu zuen laguntzak baimentzeko, hau da, COVID-19arekin lotutako produktuen ikerketa, entsegua eta ekoizpena bizkortzera, enplegua babestera eta gaur egungo krisialdian ekonomia babesten jarraitzera bideratuak. 2020ko maiatzaren 8an, Batzordeak bigarren aldaketa bat onartu zuen, krisiak eragindako enpresei kapitala eta likidezia eskuratzeko erraztasun gehiago ematearren. 2020ko ekainaren 29an, hirugarren aldaketa bat adostu zuen mikroenpresei, enpresa txikiei eta enpresa sortu berriei gehiago laguntzeko, baita inbertsio pribatua sustatzeko ere. 2020ko urriaren 13an, Batzordeak, laugarren aldaketa batean, Aldi Baterako Esparrua luzatu zuen (2021eko ekainaren 30era arte), eta aukera eman zuen laguntzaren bidez ordaintzeko krisiak eragindako enpresek ordaindu ezin dituzten kostu finkoen zati bat. Halaber, 2021eko urtarrilaren 28an beste aldaketa bat egin zen, Aldi Baterako Esparruan ezarritako neurriak 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzeko.

Batzordeak onartu zuen azken aldaketak –2021eko azaroaren 18koak– helburu hauek ditu: Aldi Baterako Esparruan ezarritako neurriak 2022ko ekainaren 30era luzatzea; neurri jakin batzuen gehieneko laguntza-mugak egokitzea, gaur egungo krisiaren luzaroko ondorio ekonomikoei aurre egiteko; eta aldi baterako estatu-laguntza jakin batzuk –Batzordearen iritzian Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («EBFT») 107. artikuluko 3. apartatuko b) letrarekin bat datozenak– emateko baldintzak argitzea eta aldatzea, COVID-19aren pandemia dela eta. Halaber, komunikazio honen xedea arrisku negoziagarriak dituzten herrialdeen zerrenda aldatzea da. Zerrenda hori Batzordeak estatu kideei egindako komunikazioaren eranskinean ageri da –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak epe laburrerako esportaziorako kreditu-aseguruari (STEC) aplikatzeari buruzkoa–.

Agindu honek abian jartzen duen laguntza-araubideak jarraikitzen dio COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparruari, eta hura betetzen du –eta, ondorioz, COVID-19aren agerraldia dela eta, ekonomiaren mesedetan enpresei eta autonomoei laguntzeko neurrien estatuko aldi baterako esparrua ere bai–, eta Europako Batzordeak ezarritako laguntzen tipologiara eta laguntzak baimentzeko oinarrizko baldintzetara egokiturik dago.

Horrela, Aldi Baterako Esparrua eta haren aldaketak –azkena 2021eko azaroaren 18koa– argitaratu ondoren, eta COVID-19ak eragindako egoerari jarraikiz, eutsi egiten zaio eta jarraipena ematen zaio Bateratu COVID-19 Programari, zeina joan den ekitaldirako arautu baitzen eta zeinaren deialdia joan den ekitaldirako egin baitzen 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez (COVID-19aren eragina jasan duten enpresei dirulaguntzak emateari buruzkoa, 2021eko ekainaren 11ko EHAAn –114. zenbakikoan– argitaratua).

Laguntzei buruzko agindu hori kontuan hartzen da Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Jarraibide horien arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan ezarritako kredituen kontura finantzatuko da deialdi hau.

Eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan bat-egite eta/edo xurgapenerako planak abian jartzen dituzten enpresak sendotzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea 2022ko ekitaldian, enpresa horiek COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten eta iraupena ziurtatua izan dezaten, sortzen diren enpresen hazkundea eta produktibitatearen eta lehiakortasunaren hobekuntza bultzatuz.

Aginduak abian jartzen duen laguntza-araubidea Europako Batzordeak 2020ko martxoaren 19an onartutako Europako Aldi Baterako Esparruaren 22. paragrafoko 3. apartatuan xedatutakoaren barnean kokatzen dira; hau da, COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzak. Araubide hori Europako Batzordearen 2020ko apirilaren 2ko C (2020) 2154 Erabakiaren eta horren geroagoko aldaketen bidez baimendu zen, eta kode hau dauka: SA.56851 (2020/N). Haren bidez , estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2022ko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun laguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 3.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatu horretatik gorakoa edo hura eguneratzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, eta laguntzak ebatzi baino lehen nolanahi ere. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, produkzio edo eraldaketako industria-enpresak badira edo zerbitzuak (produktu-prozesu industrialari lotuak) eskaintzen badituzte era horretako enpresentzat, betiere laguntzari hel diezaioketen inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen badira.

2.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak –ETEak– 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra.

ETEen kategorian, enpresa txiki gisa definitzen dira 50 langile baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez ere 10 milioi eurokoa dutenak; bestalde, mikroenpresa gisa definitzen dira 10 enplegatu baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurokoa dutenak gehienez.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden ekoizpen-zentroak dituzten enpresen bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketak bakarrik hartuko dira kontuan.

4.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskabidea egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

4. artikulua.– Bazter utzitako erakundeak.

1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;

b) Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

c) Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

d) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

2.– Ezin zaie laguntzarik eman 2019ko abenduaren 31n jada krisian zeuden enpresei, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorrean xedatutakoaren arabera betiere.

Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izango zaizkie 2019ko abenduaren 31n jada krisian zeuden mikroenpresei eta enpresa txikiei (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinaren ildotik, betiere), baldin eta, euren zuzenbide nazionalari jarraikiz, ez badaude ezein konkurtso-prozeduratan murgilduta eta ez badute salbamendu- edo berregituraketa-laguntzarik jaso.

3.– Ez zaizkie agindu honetan xedatzen diren laguntzak emango erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresei, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa.

4.– Baztertuta geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.

5.– Baztertuta geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

6.– Dirulaguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ez dute zigor- eta administrazio-arloko zehapenik izan behar, horiek dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta, betiere.

7.– Baztertuta geratuko dira, orobat, berreskuratzeko agindu baten mende dauden erakundeak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

8.– Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

Erakunde onuradunen bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketen aholkularitza- eta notariotza-gastuak onartuko dira, baina soil-soilik eragiketa horiei lotutako inbertsioa badute, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egiten badira, eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Kontuan hartu beharreko gastuak eta inbertsioak ekoizpen-zentroa EAEn duen erakunde juridiko bakar batek egin beharko ditu.

b) Eragiketatik sortutako enpresaren baliabide propioek, laguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

c) Eskatzaileek bat-egite eta/edo xurgapenerako plan bat egin eta aurkeztu beharko dute, egin beharreko eragiketak deskribatzen dituena eta, hala badagokio, horri lotutako inbertsioak identifikatzen dituena.

d) Erakunde eskatzaileek plan ekonomiko-finantzario bat aurkeztu behar dute, inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa funtsatzeko.

e) Bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketa akzioen erosketaren bidez egiten denean, eskatzaileak gutxienez % 51ko partaidetza izan beharko du erositako enpresan. Gainera, enpresan partaidetza berria izan beharko da, hau da, lehen aldiz egiten da, eta dirulaguntza honen xedetik kanpo geratzen dira aldez aurretik akzio-loturaren bat zegoen enpresetako akzio-partaidetza handitzeko eragiketak.

6. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen gastuak eta inbertsioa.

Laguntzak kalkulatze aldera, honako hauek hartuko dira laguntza jaso dezaketen gastutzat:

1.– Enpresen sendotze, bat-egite eta/edo xurgapenerako plana eta eragiketaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritzen duen ekonomia- eta finantza-plana egiteko eskatzailearen aholkularitza-gastuak; hots, hauek:

a) Bat egin edo xurgatu beharreko enpresaren kudeaketari eta akzio-egiturari buruzko aurretiazko diagnostikoa.

b) Inbertsiorako eta harremanetarako aukerak eta egin beharreko inbertsioaren irizpideak identifikatzea.

c) Negoziazio-prozesua planifikatzeko egin beharreko ikerketa eta informazio-bilketa.

d) Due diligenceko prozesuak.

e) Eragiketa ixtea, prozesuan parte hartzen duten hirugarren alderdiekin negoziatzea, etab.

2.– Sendotze-eragiketa formalizatzeko notariotza-gastuak.

3.– Enpresa eskatzaileak sendotze, bat-egite edo xurgapenerako eragiketari lotuta proposatzen dituen inbertsioak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte, agindu honetan xedatutakoari jarraikiz aplikatzekoak diren baldintzez gain:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.

Nolanahi ere, aktiboak zuzenean egongo dira lotuta bat-egite eta/edo xurgapenerako jarduketekin.

Aktiboen preziotzat hartuko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Halaber, kontuan hartuko dira bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketen ondorioz enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion makinak instalatzeko eta egokitzeko inbertsioak.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituzkeen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen den inbertsioaren barruan sartuta egotea, berariaz, errentamenduaren kontratua amaitzen denean erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartzeko xedez.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

4.– Artikulu honetan adierazitako gastuak eta inbertsioak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera egin beharko dira (aurretik egindakoak ezingo dira sartu), 2023ko abenduaren 31ra arte.

5.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskabidean, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa kidetu edo lotuaren ondoreetarako, hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 651/2014 I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

7. artikulua.– Enplegua.

Bat-egite eta/edo xurgapenerako planek bermatu egin beharko dute bat egindako edo xurgatutako enpresak –baita enpresa xurgatzaileak ere– enpleguari eutsiko diotela. Enpresaren biziraupenerako plantilla-murrizketa bat beharrezkoa izango dela aurreikusten bada, lan-akordio bat egin beharko da, eta akordio horretan jasotako langile kopurua izango da plantilla mantentzen dela egiaztatzeko erreferentzia gisa erabiliko dena.

Enpleguari eustearen jarraipena egiteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

1.– Hasierako plantilla mantentzea termino garbietan neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean –enpresak aurkeztutakoan– jasotako datuan oinarrituta.

2.– Horretarako, lehendik dauden enpresen kasuan, honako hau hartuko da hasierako plantillatzat: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eman ohi duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean agertzen dena eta eskabidea aurkeztu zeneko aurreko hilabeteari dagokiona.

3.– Aurreko atalean ezarritakoaren arabera, enpresa onuradunak gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio hasierako plantillatzat hartutakoari. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira.

Beraz, justifikatutako aholkularitza- edo notariotza-gastuei dagokienez, gastu horien % 25. Gastu horiei dagokienez, gastu hautagarritzat jo beharreko gehieneko kostua 300.000,00 euro da.

Laguntza jaso dezaketen inbertsioen kasuan, % 10 enpresa handietarako eta % 15, berriz, ETEei.

Laguntzek gehieneko muga bat izango dute: aholkularitza- eta inbertsio-gastuetarako ezarritako ehunekoak aplikatuta ateratzen diren zenbatekoak batuz gero, inola ere ez da izango 500.000,00 euro baino handiagoa enpresa bakoitzeko.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.

Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste erakunde edo administrazio publiko batzuek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 13ko komunikazioan onartutako gainerako laguntzekin; laguntza horiek COVID-19aren agerraldiari erantzun ekonomiko koordinatua emateko onartu ziren, eta Aginduak Estatuko Laguntzen Aldi Baterako Esparrua ezarri zuen.

Europako Batzordearen 2021eko azaroaren 22ko jakinarazpenaren 22. puntuko a letran xedatutakoaren arabera, laguntza orokorra ez da 2.300.000,00 eurotik gorakoa izango enpresa bakoitzeko. Aldi baterako esparruaren barnean onartutako araubideen arabera emandako laguntza guztien balio izenduna hartuko da kontuan, neurri horien balio izenduna, guztira, enpresa bakoitzeko 2.300.000 euroko gehieneko muga globalaren azpitik mantendu dadin. Erabilitako zifra guztiak zenbateko gordinak dira, hau da, edozein kenkari fiskal edo bestelakorik aplikatu aurretikoak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin meta daitezke, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako metatze-arauak errespetatzen badira. Minimis laguntza diruz lagun daitezkeen gastu berberei badagokie, ezin izango da metatu, laguntzaren intentsitatea edo Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan eta Aldi Baterako Esparru Nazionalean ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Minimis laguntzak diruz lagun daitezkeen kostu espezifikoei badagozkie, laguntzekin metatu ahal izango dira.

Agindu honetan ezarritako laguntzak metatu egin daitezke kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren arabera salbuetsitako laguntzekin, betiere diruz lagun daitezkeen kostu identifikagarri desberdinak badira. Laguntza horiek diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie, metatu egin ahal izango dira, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorrean adierazitako gehieneko intentsitateak edo zenbatekoak errespetatzen badira.

Azkenik, inbertsioaren finantzaketa publiko osoa (edozein administrazio edo erakunde publikok emandako baliabide publikoen batura gisa zenbatuta) ezingo da izan agindu honen 6. artikuluaren arabera diruz lagun daitekeen inbertsio-proiektuaren aurrekontu osoaren % 75 baino gehiago.

10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak publizitate, lehia eta objektibotasuneko printzipioen arabera emango dira, eta eskabideak bata bestearen atzetik ebatziko dira, lehiaketa-teknika erabili gabe. Interesdunari eskabidea zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bazaio, hori hezurmamitzen den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Horretarako, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osatuta geratzen den unearen arabera.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; eta 2022ko maiatzaren 6an amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113602

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horrek kudeatzen dituen organoak, salbu eta modu arrazoituan aurka agertzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek atxiki beharko ditu:

a) Enpresak sendotzeko edo handitzeko planteatutako bat-egite eta/edo xurgapenerako planen memoria xehatua, honako alderdi hauek jasoko dituena:

– Bat-egite eta/edo xurgapenerako planak eratzeko aholkularitza-gastuak, aholkularitzaren eskaintza xehatua barne, 5.a) artikuluan ezarritakoaren arabera; hau da, bat-egite edo xurgapenerako planaren deskribapena, honako hauek adieraziz: plan hori eratzeko behar izan diren orduen kopurua, plana eratzeko lanordu bakoitzaren prezioa eta, hala badagokio, eragiketa horrekin lotuta egin beharreko inbertsioen kostuak.

– Notariotza-gastuak.

– Halaber, memorian xehe-xehe azaldu beharko da COVID-19ak zer eragin izan duen sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresetan, eta eragiketa horrek zer onura ekarriko liokeen pandemiaren ondorio larriei aurre egiteari.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude izan ezik.

c) Enpresaren akzio-egituraren eskema, enpresen arteko lotura islatuta, partaidetza dutenean edo % 25etik gorako partaidetza dutenean edo % 25etik gorako ehunekoan partaidetuta daudenean. Eskabidea egin aurreko bi urteetako lanpostu kopurua, negozio-bolumena eta balantze orokorra (enpresa bakoitzarena eta abenduaren 31ko dataz) adieraziz.

d) Sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresen artean, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztutako urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, eta halakorik ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

e) Sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresen artean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketa edo lan-hitzarmena –plantilla-murrizketaren kasurako– formalizatzen deneko hilari dagokiona. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

f) Hala badagokio, xede horiek betetzeko kontratatutako aholkularitza-enpresaren eskaintza xehatua; bertan, egin beharreko lanak zehaztu beharko dira, baita zerbitzuaren prezioa eta bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketaren ondoriozko balizko inbertsioen zenbatespena ere. Hori guztia 5.a) artikuluan zehazten diren baldintzetan egingo da.

g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

– Ez direla kondenatuak izan laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutela.

– Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.

– Laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ez duela jaso ezein ebazpen irmoren bidez.

– Laguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

– Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea (aldi baterako esparruko salbuespenarekin, hau da, 2019ko abenduaren 31rako krisian egotea jada, baldin eta, euren zuzenbide nazionalari jarraikiz, ez badaude ezein konkurtso-prozeduratan murgilduta eta ez badute salbamendu- edo berregituraketa-laguntzarik jaso).

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

Pertsona edo entitate bat eskabidea aurrez aurre aurkezten saiatzen bada, elektronikoki aurkeztu behar duela adieraziko zaio. Horri dagokionez, eskabidea benetan bide horren bitartez gauzatu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun- eta baliabide-prozedura.

1.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emango ditu laguntza-programa honi dagozkion ebazpenak.

2.– Laguntzak emateko ebazpenean alderdi hauek zehaztuko dira:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.

b) Bat-egite eta/edo xurgapenerako sendotze-plana eratzeko aholkularitza-gastuetarako (halakorik egonez gero) laguntzaren zenbatekoa, baita dagokion inskripzioa egiteko notariotza-gastuetarako ere.

c) Hala badagokio, laguntza jaso dezaketen inbertsioak, laguntzen zenbatekoa eta horiek gauzatzeko epea, baita mantendu beharreko plantillari buruzko datuak ere.

3.– Eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak laguntza ukatzeko ebazpena emango du, eskatzailearen izena edo izen soziala, IFZ edo NANa eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziz.

4.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera, eta betiere 2022ko ekainaren 30a baino lehen, aldi baterako esparruak ezartzen duen bezala. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute enpresa interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaz onartua) 51.9 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezertan eragotzi gabe eskatutako laguntzari dagokionez administrazioak eman behar duen berariazko ebazpena.

5.– Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo laguntzak itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

6.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena jasotzen den hurrengo egunetik aurrera. Egintza espresua ez balitz, eskatzaileak eta balizko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera, araudia espezifikoaren arabera.

7.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egiteko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, hirugarrengoentzako erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Dirulaguntzaren ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izango da, eta ordainketa hori artikulu honetan deskribatutako moduan egingo zaio enpresa onuradunari.

a) Lehen ordainketa aurreratua izango da, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, eta behin interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, berariaz uko egin ezean.

b) Geratzen den dirulaguntzaren zatia emateko, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian

– Sendotze-eragiketari zuzenean lotutako aholkularitza-gastuen fakturen koadroa, bai eta gastu horiek egin izana egiaztatzen duten agiriak ere.

– Bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketaren formalizazioarekin lotutako eskriturak edo kontratu-dokumentuak.

– Dirulaguntzaren xede den enpresak gauzatutako inbertsioen adierazpena.

– Fakturen koadroa, inbertsio-gastuen edo sendotze-eragiketari lotutako bestelako gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa banakatua).

– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza eman ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki izanaren ondorioz.

– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren aitorpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.

Aitortutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Behin betiko fakturak bat etorri beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroetan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, aitortutakoa egiaztatzeko.

Bigarren ordainketa egiteko, dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aurrerapenez jasotakoa.

3.– Bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketa notario bidez formalizatu ondoren, enpresak hilabeteko epea izango du eragiketa horri zuzenean lotutako gastuak aurkezteko.

Inbertsioak egiteko epea amaituta, hiru hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko.

4.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa aurkezturiko justifikazioarekiko proportzionala izango da.

5.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza-emakidaren ondoren, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.

6.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Bat-egite eta/edo xurgapenerako eragiketetan ezarritako gastuen eta inbertsioaren gauzatzea betetzea eta justifikatzea.

4.– Hasierako plantillari eusteko baldintza betetzea, 7. artikuluan zehaztua, gutxienez hiru urtez.

5.– Enpleguari eusteko eta gastuak eta inbertsioa egiteko epearen barruan, organo kudeatzaileari –Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari– eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta gauzatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

6.– Egindako gastu eta inbertsioari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

8.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

9.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

10.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

11.– Diruz lagunduko diren proiektuen finantzaketa publikoa delako publizitate egokia egitea, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak emandako dirulaguntza berariaz aipatuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

13.– Enpresaren deslokalizaziorik ez gauzatzea 10 urteko denbora-tartean. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

14.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

15.– Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

16.– Entitate emailearen egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen eraginpean geratuko da entitate onuraduna, dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen eraginpean ere.

17.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, laguntzaren xedea beteta, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunen bat aldatzen bada, edota beste laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Horretarako, erakunde eskatzaileak bat-egite eta/edo xurgapenerako planen jarduketak abian jartzeko eta inbertsioa gauzatzeko aurreikusitako epeak nahitaez bete beharrekoak izango dira. Hala ere, epea amaitu baino lehen enpresa onuradunak aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, laguntzak eman zituen administrazio-organoak 6 hilabeteko luzapena eman ahalko du, gehienez ere, bat-egite eta/edo xurgapenerako jarduketak eta egin beharreko inbertsioak gauzatzeko, betiere alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Luzapen horrek, hala badagokio, ez du igoerarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainerako arauak eta laguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzen tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 53.1 artikulua.

2.– Ez-betetzeen artean, honako hauek daude:

a) Onartutako inbertsioak ez hastea 2022ko ekitaldian.

b) Bat-egite edo xurgapenerako eragiketa ez formalizatzea.

c) Agindu honen 5.b) artikuluan ezarritako gutxienekoak ez betetzea.

d) Enplegua ez mantentzea agindu honen 7. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

e) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.

f) Enpresak deslokalizatzea. 10 urteko epealdian enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

g) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala