Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2022ko otsailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
945

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 9koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Zibersegurtasun Industriala» 2022 laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agenda bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala eta zibersegurtasuna bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Ondorioz, enpresa industrialen eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresen zibersegurtasuna bultzatzea da Laguntza Programa honen helburu nagusia.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 48.5 artikuluak agintzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako entitate guztiek publizitate-printzipioaren arabera doitu behar dute haien dirulaguntza-jarduera.

Goian adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, «Zibersegurtasun Industriala» 2022 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– «Zibersegurtasun Industriala» 2022 laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina Ebazpen honek.

Bilbao, 2022ko otsailaren 9a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2022KO ZIBERSEGURTASUN INDUSTRIALA LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, besteak beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agendan (EEDA2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Zibersegurtasun Industriala» programa.

Programa hau Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatuta dago; hau da, 2015eko irailaren 25ean Nazio Batuek onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan, enpresek funtsezko rola bete behar dute. Ardura bat da hori, eta, aldi berean, aurrekaririk gabeko aukera da negozio baten helburuak ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin lerrokatzeko. Azken finean, garapen jasangarriaren arloko munduko erronkarik handienei aurre egiteko aukera ematen duten soluzioak eta teknologiak garatzeko eta inplementatzeko aukera eskaintzen dute Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH).

Ondorioz, Euskadiko enpresa industrialen eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresen Zibersegurtasun Industriala bultzatzea da Laguntza Programa honen helburu nagusia. Era berean, aipatzekoa da 2022ko ekitaldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan txertatua dagoela Programa hau.

1. artikulua.– Xedea.

Zibersegurtasun Industriala bultzatzea da Programaren helburua; bereziki, enpresa industrialetan eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresetan IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetako zibererasoen aurrean babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa helburu duten proiektuak bultzatzea.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2022ko baliabide ekonomikoak 3.500.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2022rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresek eskura ditzakete Programa honetan aurreikusitako laguntzak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko talde industrialen eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-taldeen enpresa nagusiek ere, betiere haien osotasunean aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte, haien egoera ekonomikoa kontuan izanda, eta 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda badago.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Oinarri hauetan azaltzen diren dirulaguntzaren eragin eremuetan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin lotura zuzena edo zeharkakoa badute, akzioen edo partaidetzen bidez.

b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate izaera badute.

d) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen badituzte.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira. Haren egiazkotasuna, egoki izanez gero, ikuskapeneko bisitan egiaztatu ahal izango da.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira enpresa industrialetako eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresetako Zibersegurtasun Industrialarekin lotutako proiektuak, honako alorretan:

1.– Zibererasoetatik babesteko sistemak bateratzea eta txertatzea IT/OT inguruneetan (Information Technology / Operational Technology). Arkitektura seguruak diseinatu eta gauzatzea, eta, hala dagokionean, sare industrialen segmentazioa burutzea.

2.– Ekoizpen-plantako ekipo industrialetara sartzeko urruneko OT sarbideen segurtasuna areagotzea. Sarbide horiek beharrezkoak dira ekipoaren mantentze-lanetarako, kontrolerako eta haiekin lan egiteko, gero eta ohikoagoa baita zeregin horiek urrunetik egitea.

3.– Informazio/datu industrialen segurtasuna areagotzea. Erakundekoak ez diren pertsonek auditoretzak eta erasoen simulazioak egitea, eta erakundeko datuetara sarbide maila ezberdinak dituzten barneko profilen gaineko auditoretzak egitea.

4.– Ekoizpen-plantetako software industrialaren zibersegurtasuna ebaluatzea eta hobetzea.

5.– Enpresa industrialeko langileak zibersegurtasunaren arloan kontzientziatzeko eta/edo prestatzeko egitasmoak.

6.– Industriak une honetan zibersegurtasun industrialaren arloan duen egoeraren gaineko diagnostikoa egitea eta Zibersegurtasuna hobetzeko ekintza-plana prestatzea. Arrisku industrialaren eta zaurgarritasun industrialaren analisia. Sistema industrial kritiko bateko elementuen inbentarioa. Industrian bidegabe sartzearen gaineko test bat egitea. Web-aplikazioen zaurgarritasunen analisia. Kablerik gabeko komunikazio industrialen auditoretzak.

7.– Zibersegurtasun industrialeko estandarretan (adibidez, IEC 62443 edo baliokideak) edo onarpen zabala duten Zibersegurtasunaren kudeaketarako beste estandar batzuetan (adibidez, ISO 27001 edo baliokideak) edo indarrean dauden eta derrigorrez bete behar diren araudi edo legeetan jasotako jardunbide egokiak hartzea. Segurtasunaren Eskema Nazionala (3/2010 Errege Dekretua) eta PIC Araudia (704/2011) betetzeko egokitzea. Zibersegurtasunaren kudeaketa-prozesuaren etengabeko hobekuntza, neurri espezifikoak martxan jarrita edo neurri horiek heldutasun maila altuagoetara eramanda.

8.– Informazio estrategikoa edo informazio delikatua babesteko neurriak, hala nola jabetza intelektuala, I+G+b estrategiak, eraikinen edo produktuen diseinuen planoak, DBEOri dagokion informazioa edo negozioaren lehiakortasunarekin edo iraunkortasunarekin zuzenean lotuta dagoen beste edozein informazio (neurrien adibideak: biltegiratzea zifratzea, sarbidea kontrolatzea, kopien hedapena kontrolatzea, ezabatze segurua, etab.).

9.– Segurtasun perimetraleko gailuak eta beste gailu industrial batzuk monitorizatzea (Switchak, zundak, Applianceak, firewall industrialak, PLCak, etab.).

10.– Enpresa industrialen zibersegurtasun maila modu esanguratsuan areagotuko duten eta eraso mota ezberdinen aurrean duten arriskua eta zaurgarritasuna murriztuko duten beste proiektu batzuk.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 5. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza Eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortuak edo fakturatuak izan behar dute. 2022ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira orobat, betiere araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira eskaerak.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak.

2.– SAAS (Software as a service) formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak ere, gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

4.– Honako hauek ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea eta aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak ere.

b) Ez dute izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Dirulaguntza jaso dezaketen lanen exekuzioa, egoki den kasuetan, enpresa espezializatuei azpikontrata dakioke. Hala eginez gero, Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

f) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua eta onartutako Hardware edota Software aurrekontua.

– «Gehienez onartuko den aurrekontua», ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarria, aurreko puntuan deskribatutako bi kontzeptuen batura izango da (Aholkularitza eta/edo Ingeniaritzako gastuak, eta Hardware eta Softwareari lotutakoak). Hardware eta Softwareari lotutako gastuetan, baimendutako gehienekoa «Gehienez onartuko den aurrekontua»-ren % 80 izango da.

Erakunde eskatzaileak aurkeztutako guztizko Aurrekontuak, gutxienez, % 20 bideratu beharko du Aholkularitza eta/edo Ingeniaritza arloko lanetara. Aurkeztutako guztizko Aurrekontuaren % 20 baino gutxiago bideratzen bada Aholkularitza eta/edo Ingeniaritza arloko lanetara, gainerako partidak doituko dira (Hardware eta Software), eta aurkeztutako guztizko Aurrekontua murriztuko da, Aholkularitza eta/edo Ingeniaritza arloko lanetara bideratutako partida, gutxienez, aurkeztutako guztizko Aurrekontuaren % 20 izan dadin.

Proposatutako dirulaguntza % 5 gehiago handituko da, laguntzeko gehieneko muga gainditu gabe, baldin eta enpresak honako baldintzaren bat betetzen badu:

– Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

– Berdintasun Plan bat izatea, 50 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, 100 langiletik gorakoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

– Programa honek diruz lagun ditzakeen jardueren barruan, Softwarea euskaraz erabiltzea bultzatzen duten proiektuak izatea.

Proiekturako «onartutako gehieneko gastuen eta inbertsioen aurrekontutik» diruz lagun daitezkeen hiru kontzeptuetako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa (artikulu honetan bertan deskribatzen den moduan) % 50ekoa izango da.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 18.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko eta urteko.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin edo komunitateko finantzaketako beste modu batzuekin pila daitezke.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk edota bestelako sarrera mota batzuk, publiko nahiz pribatuak, gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko eta/edo pribatu batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak eta aurreko bi ekitaldiek osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, onuradunak jaso izan ditzakeen beste de minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

9. artikulua.– Laguntza Eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

6.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitatearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko egoitza izatea, gutxienez zentro batekoa, non Laguntza Eskaeran deskribatzen diren eta diruz lagun daitezkeen jarduerak garatuko dituzten.

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea araudi honen 4. Artikuluko 2.go atalaren aurreikusitako egoeraren batean.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa hartzea, araudi honen 6.6.e) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den Zibersegurtasun Industrialeko soluzioaren azterketa zehatza. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, enpresaren «negozio-plana» aurkeztu beharko da.

g) Enpresa onuradunak 7. artikuluan, deskribatutako % 5eko dirulaguntza osagarria eskatuz gero, dokumentu hauetakoren bat aurkeztu beharko du:

– Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiriaren kopia, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

– Berdintasun Planaren kopia, 50 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, langile gehiagokoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

– Programa honek diruz lagun ditzakeen jardueren barruan, Softwarea euskaraz erabiltzen dela egiaztatuko duen agiria.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte Laguntza Eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza -euskara edo gaztelania- ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

10. artikulua.– Laguntza Eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2022ko azaroaren 14an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2022ko azaroaren 14ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

Laguntza Eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2022ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen Laguntza Eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira.

11. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Espedienteak osaturik daudenean ebaluatu eta ebatziko dira Laguntza Eskaerak, zuzeneko esleipenaren bidez. Aurkezten diren hurrenkeran ebatziko dira eskaerak, aurrekontu-kreditua gastatu bitartean.

2.– Aurkeztutako Laguntza Eskaerak onartzeko irizpide erabakigarriak 5 eta 6 artikuluetan jasota daudenak dira.

3.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, segidako egilespenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

5.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, eta jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak. Aurkeztutako proiektuaren desbideratzeak, baleude, eta haiek justifikatzea.

– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako.).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eska dezan eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

13. artikulua.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak bi ordainketen bidez formalizatu eta entregatuko ditu SPRIk. Lehen ordainketa laguntza emango dela adierazten duen ebazpena jakinarazi ondoren egingo da; dirulaguntzaren % 70ari dagokion zenbatekoa ordainduko da, aplikagarri zaion berme-araubidearekin. Bigarren ordainketan, gainerako % 30a ordainduko da, Likidazio Eskaera eta 12. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Emandako laguntza eman den jarduera-plana garatzera bideratzea.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

16. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak eta Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 Artikuluan aurrez ikusitako kausak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea). SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala