Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2022ko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
852

AGINDUA, 2022ko otsailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez laguntza-deialdia iragartzen baita ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programaren onuradunek atzerriko zentroetan egiten dituzten atzerriko egonaldietako ostatu-gastuak finantzatzeko, 2022. urterako.

Hezkuntzako sailburuaren 2021eko uztailaren 6ko Aginduak, 2021-2022 ikasturtean ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen dituenak eta horietarako deialdia egiten duenak (2021eko uztailaren 22ko EHAA, 145. zk.), ikertzaileen hobekuntzarako programa bat eskaintzen du doktoretza osteko fasearen lehen etapan, hiru urtekoa gehienez, zeinetan doktoreak lan-kontratu bat izenpetu beharko baitu ikerkuntza-arloko euskal erakunde batekin. Kontratu horren aurreneko bi urteetan, doktorea atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatuko da.

Kontuan hartu da lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.).

Kontuan hartu da, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA), zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Aintzat hartu da, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzen deialdia egitea, ikertzaile doktoreek doktoretza osteko egonaldietan atzerriko zentroetan izango dituzten ostatu-kostuak finantzatzeko.

2.– Atzerriko egonaldiak 2021-2022 ikasturterako doktoretza osteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso duen destinoko zentroan egin beharko dira.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko, 439.241 euro erabiliko dira orotara.

3. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.

1.– Laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Hezkuntzako sailburuaren 2021eko uztailaren 6ko Aginduak araututako laguntza baten onuradun direnek. Aipatutako aginduaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ematen duen ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen dira, eta horietarako deialdia egiten da 2021-2022 ikasturterako.

2.– Laguntza hau jaso ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaile doktoreak jardunean egotea eta aipatutako laguntzaren lehen edo bigarren urtean egotea (laguntzaren lehen urtean edo lehen berritzean).

3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Kausaren bat dela-eta errudun deklaratu izan izanagatik, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izango, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez dituztenak, erregelamenduz zehazten den moduan. Administrazioak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela, interesdunak horren aurka egiten ez badu, honako helbide honetan arrazoituta: https:\\www.euskadi.eus\rgpd\1110102. Aurka eginez gero, onuradunak ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean dutenak egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe dituztenak dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak, bat etorriz erregelamenduz zehazten denarekin.

h) Epai irmo bidez zehatuta daudenak, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren atzerriko egonaldiak 2022. urtean hasi beharko dira.

2.– Laguntza 12 hilabeteko egonaldia egiteko emango da gehienez, eta egonaldia etenik gabekoa izango da.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz, zeinak ezartzen baitu bide elektronikoak erabiliz komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak erabiltzeko eta eskuratzeko aukera bermatuta badute, eskabidea modu bakarrean bete ahal izango da: formulario baten bidez. Hain zuzen ere, formulario hori telematikoki egongo da eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1110102 Halaber, eskabideen osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eskatzaileak eskabidearen erregistro-prozesu elektronikoa osatu ahal izango du, hau da, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, erregistratu dela jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.

3.– Eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua) (ikus I. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 10. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Atzerriko egonaldian, alokairu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,35 eurokoa izango da eguneko.

2.– Ikerketa Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

9. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira helburu bera duen beste laguntza ekonomiko ororekin, muga gisa hartuta onuradunak aurkeztutako alokairuaren kostua, betiere. Dena den, ezin izango da gainfinantzaketarik egon helburu bererako. Bestela esanda, ostatu-kostuak ordaintzeko laguntzen baturak ezin izango du gainditu onuradunak aurkeztutako etxebizitzaren alokairuaren kostu osoa.

Gainfinantzaketarik gertatuz gero, agindu honetako laguntza murriztu egingo da, alokairuaren kostu osoa gainditzen duen zenbatekoan.

10. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Laguntzak ez dira lehiaketa-prozedura bidez berrituko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten denean, baldin 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira, betiere.

Laguntza horiek emateko esleitutako kreditua agortzen bada, horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak administrazio-ebazpen bat emango du –Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena–, eta laguntza berriak emateari utziko zaio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak eta zehaztuko haien zenbatekoa, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

Ebazpen horrek onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu, baita ukatutako eskabideen zerrenda eta baztertutako eskabideen zerrenda ere, ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduta.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta). Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.

Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.

3.– Baldin eta artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsiak izan direla.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako dirulaguntzen barruan dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da dirulaguntza eman eta ordaintzeko.

6.– Publikotasuna emateko, emandako laguntzen zerrenda EHAAn argitaratuko da 6 hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-oholean argitaratzen denetik aurrera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Horretarako, laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa oro.

c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera asko aldarazten duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

g) Egonaldia 2022. urtean hastea eta laguntza jaso duen atzerriko zentroan egotea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 13. artikuluan zehazten diren agiriak helaraztea Ikerketa Zuzendaritzara.

13. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko-egiteak Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatutako idazki baten bidez, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egunean berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da elektronikoki: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Atzerriko egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek helaraziko dituzte aplikazio informatikoen bidez Ikerketa Zuzendaritzara:

a) Alokairu-kontratuaren kopia edo destinoko herrialdean bizi dela egiaztatzen duen agiri baliokidea, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

b) Atzerrian egindako egonaldiaren gaineko egiaztagiria, atzerriko ikerketa-taldeko arduradunak sinatua, eta hasiera- eta bukaera-egunak berariaz zehaztuta.

c) Atzerriko egonaldia 12 hilabete baino laburragoa bada, egin gabeko aldiari dagokion emandako laguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak, bat etorriz indarrean den legeriarekin, betiere.

15. artikulua.– Ez-betetzea.

Atzerriko egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Halaber, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

16. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, horrekin batera bestelako administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betez gero.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 12. artikuluko 2. apartatuan adierazten den kasuan:

a) Prozedura abiarazi eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Ikerketako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo, horretarako epean, alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ez-betetzea gertatu dela onartzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jardun dezan.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala