Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2022ko otsailaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
813

AGINDUA, 2022ko otsailaren 9koa, Osasuneko sailburuarena, Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Batzordea sortzen duen 2007ko urriaren 4ko Agindua aldatzen duena.

Maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren bidez ezarri zen Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubidea, osasun-arazo bati aurre egiteko irtenbiderik egokienak hartzen dituzten sektoreen interesak eta konponbide-aukerak aztertuko dituen adituen aholkularitza lortzeko.

Orduko Osasuneko sailburuaren 2007ko urriaren 4ko Aginduaren bidez, zeina 2014ko urriaren 16ko Aginduak eta, ondoren, 2021eko uztailaren 5eko Aginduak aldatu baitzuten, Euskadiko Osasunari buruzko Aholku Batzordea sortu zen. Batzorde horren eginkizun nagusia osasun-helburuak lortzeko neurriak proposatzea da, Osasun Planean osasun mentalerako jasotako estrategien esparruan.

Osasun mentaleko sarearen egungo adierazgarritasun-premiek osaera egokiagoa eskatzen dute ordezkaritza-sare horretan lehen mailako arreta eta ESIetako osasun mentaleko sareak eta psikiatria-zerbitzuak ez ezik, osasun mentalaren inguruko sozietate profesionalei eta pazienteen elkarteak ere barneratuak gera daitezen.

Horregatik guztiagatik,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordea sortzen duen Osasuneko sailburuaren 2007ko urriaren 4ko Aginduaren 3. artikulua aldatzea, eta honela idaztea:

«Osasun mentalari buruzko Euskadiko Aholku Batzordea lehendakari batek, idazkari batek eta 17 batzordekidek osatuko dute. Osasuneko sailburuak izendatuko ditu guztiak. Ahaleginak egingo dira osaera hori paritarioa izan dadin.»

2. artikulua.– Euskadiko Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordea sortzen duen Osasuneko sailburuaren 2007ko urriaren 4ko Aginduaren 4. artikulua aldatzea, eta honela idaztea:

«Batzordekideak banaketa honen arabera izendatuko dira:

a) Kide bat, Osasun Sailaren ordezkaritzan.

b) Kide bat, Hezkuntza Sailaren ordezkaritzan.

c) 12 kide, Osakidetzako Osasun Mentaleko zerbitzu zentralen eta ospitaleetako eta ospitalez kanpoko osasun-zerbitzuen ordezkaritzan.

d) Kide bat, Buru Gaixotasuna Duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioaren (Fedeafes) ordezkaritzan.

e) Kide bat, Psikiatria Komunitarioko eta Osasun Mentalaren Elkartearen (OME-AEN) ordezkaritzan.

f) Kide bat, Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen ordezkaritzan».

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana