Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2022ko otsailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
733

4/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zenbait laguntza- eta sari-deialdi egiten ditu urtero, ikerketa teorikoa zein aplikatua sustatzeko asmoz.

Testuinguru horretan, Ikerketa Zuzendaritzak erabaki du ikerketa sustatzeko laguntzak eta sariak soilik elektronikoki izapidetuko direla.

Ikerketa arloko laguntza eta sarien hartzaileak doktore-titulua dutenak edo titulu hori lortzeko bidean daudenak dira. Beraz, adin-nagusitasunera iritsi direnak eta mailarik goreneko unibertsitate-ikasketak gainditu dituztenak izan daitezke eskatzaileak, eta, ondorioz, pentsatzekoa da Zuzendaritza honek kudeatzen duen ikerketa arloko edozein laguntza eskatzen duten pertsonek badutela eskatutako bitarteko elektronikoak erabiltzeko gaitasun teknikoa.

Hori dela eta, eskatzaileek gaitasun tekniko egiaztatua duten eta bitarteko tekniko horietarako irisgarritasuna eta erabilgarritasuna bermatuta duten pertsona fisikoen multzoa osatzen dute; izan ere, bitartekorik izan ez arren, halakoak eskaintzen dituzten doako zentro publiko ugaritara joan daitezke (esate baterako, auzo-etxeetara, liburutegietara eta, jakina, unibertsitate-zentroetara).

Azken legealdietan, Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin du administrazio-prozeduretan izapide elektronikoak garatu eta martxan jar daitezen. Ahalegin horren ondorioz, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sailek, organismoek eta erakunde publikoek kudeatzen dituzten prozeduretatik bi heren inguru erabilgarri daude horien gaineko interesa duten pertsonekiko interakzio elektronikorako, eta osorik izapidetu daitezke modu elektronikoan erakundearen barruan ere.

Administrazio elektronikorako plataforma teknologikoa euskarria da Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Publikoaren esparruan administrazio-prozedurak izapidetzeko, guztiz kontsolidatuta dago, eta erabilera orokorrekoa da Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail, organismo eta erakunde publiko guztietan. EAEko sektore publikoaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikak bermatzen du EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeek egindako edo zaindutako espediente eta dokumentu elektronikoak benetakoak, fidagarriak, erabilgarriak, osoak eta ondo kontserbatuak direla. Politika hori Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko irailaren 27ko Aginduaren bidez onetsi zen.

Beraz, esan dezakegu izapidetze elektronikoak ezarpen- eta heldutasun-maila nabarmena lortu duela gure administrazioan. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da zenbait jarduketa egiten segitzea, bai zerbitzu elektronikoen eskaintza osatzeko, bai administrazio-jardunean prozedura elektronikoa ohiko bihurtzeko, bai eta zerbitzu elektronikoen erabilgarritasuna eta kalitatea handitzeko ere.

2017ko abenduaren 12ko bilkuran, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020ko Plan Estrategikoa onetsi zuen (GBPPE 2020). Hain zuzen ere, plan horren xedea da administrazio elektronikoaren esparruan planteatzen diren erronka berriei erantzuna ematea. Zehazki, GBPPE 2020 planaren proiektuetan, besteak beste, hau dago: «3.3. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu elektronikoen eskaintza osatzea».

Hala, proiektu horrek Zerbitzuak Digitalizatzeko Plan bat egin beharra planteatzen du. Hain zuzen ere, plan horrek identifikatuko du Eusko Jaurlaritzaren sail, organismo eta erakundeetako zein zerbitzuk eta prozedurak ez daukan oraindik izapidetze elektroniko osoa, eta digitalizazioa planifikatuko du, zerbitzu eta prozedura guztiek digitalizazio-data aurreikusia izan dezaten, GBPPE 2020 planaren denbora-mugan zerbitzu elektronikoen eskaintza osoa izateko xedez.

Estatu mailan, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea administrazio elektronikoa ezartzeko arau-babes handia izan zen, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak indargabetu zuen. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluaren arabera: «Erregelamenduz, administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela».

EAEren esparruan, 39/2015 Legea indarrean jarri ondoren, Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua bigarrenez aldatzen duen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretua da administrazio elektronikoa erregulatzen duen arau eguneratua. Dekretu horren 28. artikuluak ahalmena ematen dio Administrazioari erregelamendu bidez ezartzeko nahitaezkoa izan dadila harekin bitarteko elektroniko hutsez komunikatzea zenbait prozeduratan, interesdunak pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea

Arau honen xedea da pertsona fisikoek nahitaez bitarteko elektronikoak erabili beharra ezartzea, ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatzeko laguntzen eta sarien eskabideetarako eta gainerako izapideetarako prozeduretan.

2. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharraren aplikazio-eremua eta irismena.

1.– Honako hauek dira arau honen aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonak:

a) Doktoretza lortzeko bidean dauden pertsonak.

b) Doktore-titulua duten pertsonak.

2.– Arau honen aplikazio-eremu materialean sartzen dira ikerketaren arloan eskumena duen sailaren prozedurak, hurrengo atalean zerrendatzen direnak eta helburu hauek dituztenak laguntzen edo sarien arloan:

a) Doktore-titulua lortzera bideratutako ikerketak egitea.

b) Atzerrian egindako ikerketa-egonaldien gastuak ordaintzea.

c) Doktoreen ikerkuntza-karrera hobetzea.

d) Ikerketa-karrera saritzea.

e) Kongresuak eta bilera zientifikoak egiteko gastuak ordaintzea.

f) Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzea

g) Ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak ematea.

h) Ekipamendu zientifikoa eskuratzeko finantzaketa ematea.

i) Euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak finantzatzea, ikerketa-programak garatzen badituzte.

Halaber, aplikazio-eremuan sartuko da ikerketaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako beste edozein laguntza ere, betiere, 2. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako pertsonei zuzenduta badaude.

3.– Aplikazio-eremu materiala prozedura hauei buruzkoa da:

a) Eskabidea, dokumentazioa aurkeztea eta aldaketak jakinaraztea.

b) Alegazioak aurkeztea, gora jotzeko errekurtsoa eta uko egitea.

4.– Aipatutako betebeharra izapide, komunikazio eta jakinarazpen guztiei buruzkoa da.

3. artikulua.– Bitarteko elektronikoak.

1.– Eskabidea eta 2.2 artikuluan aipatutako deialdietako prozeduren izapideak modu telematikoan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus) identifikaziorako eta sinadurarako onartuta dauden bitartekoak erabiliz. Eskaera egiteko, Egoitza Elektronikoan argitaratutako deialdi bakoitzerako ezarritako inprimakia erabili beharko da.

2.– 2.3 artikuluan adierazitako izapideetan eta prozeduretan emandako egintzen jakinarazpena, bai eta laguntzak justifikatzeko eta dirua itzultzeko prozeduretarako izapideak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Gainera, hala dagokionean, jakinarazpena argitalpen bidez egin ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zein egoitza elektronikoko Iragarki Taula Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

Abisu bakarra bidali ahal izango da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, egoitza elektronikoan jakinarazpen bat duela adierazteko. Abisua bidaltzen ez bada ere (abisu hori informatiboa izango da soil-soilik), jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Aurreko prozedurak.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurek hasi ziren egunean aplikagarria zen arautegia bete beharko dute.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala