Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2022ko otsailaren 12a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
732

AGINDUA, 2022ko otsailaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez xedatzen baita formalki desaktibatzea Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana, 2021eko abenduaren 2an aktibatu zena COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

2021eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez, osasun-larrialdiko egoera deklaratzeko eskatu zion Osasuneko sailburuak Lehendakariari, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, halaber, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) aktibatzeko eskatu zion Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, COVID-19 pandemiaren fase berriari aurre egin ahal izateko.

Lehendakariak abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez, EAEko osasun-larrialdia deklaratu zuen, COVID-19aren pandemiaren ondoriozkoa. Deklarazio horri esker, pandemiaren aurkako borrokan parte hartzen duten baliabide publikoak egokitu eta neurriak hartu ahal izan ziren, besteak beste, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) izeneko Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzea.

2021eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak formalki aktibatu zuen Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana, COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, «Osasun-larrialdiko egoerak irauten duen bitartean, lehendakariak, hargatik eragotzi gabe, kasua bada, alarma-egoera deklaratzearen ondorioz agintari eskuordetu gisa dagozkion ahalmenak, bere gain hartuko ditu, halaber, lege honetan jasotzen diren larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere».

Lehendakariak otsailaren 11ko 5/2022 Dekretua eman du, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdia EAEn amaitu dela deklaratzen duena.

Larrialdi-egoera amaituta, halaber, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana desaktibatzen da.

Horrenbestez, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 11.h) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Euskadiko Babes Zibilaren Plana formalki desaktibatzea, 2021eko abenduaren 2an aktibatu zena COVID-19aren pandemiaren beste fase bati aurre egiteko.

Bigarrena.– Agindu honek 2022ko otsailaren 14ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 11.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala