Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2022ko otsailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
702

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek programa, eta deitzen baita I. fasea, diruz laguntzeko modukoak diren proiektuen eskabideena.

2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan berriak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programa berriarekin lerrokatuta baitago, EAE berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

EAEk bere gain hartu du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatu du. 9. GJHk (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe Esparru Programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat, talentua, planteatzen ditu.

– I. zutabea. Bikaintasun zientifikoa: oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasunezko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea du helburu, baita gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak handitzea ere.

– II. zutabea. Lidergo teknologiko industriala: EAEren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta EAEko gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta inpaktua hobetuta.

– III. zutabea. Berrikuntza irekia: lankidetzako berrikuntza sustatzea du ardatz, bai teknologikoa, bai ez-teknologikoa, eta arreta berezia jartzen du enpresa txiki eta ertainetan.

– Talentua: pertsonak dira ikertzen eta berritzen dutenak, eta, beraz, beren talentua behar dugu aurreko elementuak erabat garatu ahal izateko eta zutabe estrategikoen funtzioa bete ahal izateko, eta, horrela, plan honetarako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Helburu horiek hurrengo atalean daude azalduta.

Hori horrela, «Lidergo teknologikoa eta industriala» 2030erako ZTBPren hiru zutabeetako bat da, eta zutabe horren xedea da EAEko enpresa taldeen lidergo teknologikoa eta industriala finkatzea eta sustatzea eta horiek etorkizunean hazteko potentzial handia duten nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzea.

Gainera, Euskadi Basque Country 2030 Agendan aipatutako eta jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako erronka globalak ere lantzen ditu zutabe horrek, esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidezko I+G proiektu estrategikoak garatuz arlo jakinetan, hala nola RIS3 espezializazioan, Industria Adimendunean, Energia Garbietan eta Osasun Pertsonalizatuan.

EAEk erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko agertoki batean, industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea.

Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+Bren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan, hain zuzen ere produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko, eta inpaktu ekonomiko esanguratsua izateko potentziala duten emaitzak sortzeko. Testuinguru horretan, enpresek lankidetza estuagoa izan behar dute I+G+Bren alorreko eragileekin, eta sendotu egin behar dira elkarreragina eta konbergentzia nazioartean erreferentzia diren EAEko enpresen teknologien artean.

EAEren erronka sozioekonomikoei zientziaren eta teknologiaren bidez erantzuten jarraitzeko, beharrezkoa iruditzen zaigu zenbait aldaketa egitea enpresetako I+G bultzatzeko laguntza-programan, ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuei (izaera lehiakorrekoak edo estrategikoak) laguntzea xede duenean, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren edo Zeharkako Ekimen Eragileen (zahartze osasungarria, mugikortasun elektrikoa eta ekonomia zirkularra) espezializazio-esparruen barnean, hobeki bateratzeko erronka sozialak eta RIS3 espezializazio adimendunaren estrategia, eta espezializazio-esparruen arteko lankidetza areagotzeko.

Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio; Erregelamendu horren bidez, barne-merkatuarekin bateragarritzat jo ziren zenbait laguntza-kategoria, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra), eta Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu zen.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea, I. eranskinean jasotako baldintzetan, Enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarri arautzaileak, eta, 2022. ekitaldirako, I. fasea deitzea, proiektuak aukeratzekoa dena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ENPRESETAN I+G BULTZATZEKO HAZITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak burutzen laguntzeko laguntza-programak arautzea. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak izango dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Deialdi-ebazpenean ezarriko dira agindu honen 5. artikuluan definitutako proiektu-tipologia bakoitzerako zenbatekoa eta hura egiteko epeak.

2.– Ezarritako proiektu-tipologiaren baterako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura ez bada agortzen, beste proiektu-tipologia baterako erabili ahal izango da.

3.– Izaera estrategikoko I+G proiektuen kasuan, lankidetzazkoak nahiz banakoak izan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-esparruetan garatutako eta hiru lehentasun estrategikoetan jasota ez dauden proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzen % 20.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako erakunde hauek izan daitezke programa honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak:

a) Enpresak: enpresa handiak edo ETEak. ETEtzat hartuko dira, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuta, 250 langile baino gutxiago izanik, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langileak eta mugak Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira.

b) Enpresa taldeak eta elkarteak, haien forma legala edozein dela ere. Alabaina, onuradun izateko aukera izango dute, orobat, nortasunik gabeko pertsona juridikoen taldeek, Dirugaluntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, abenduaren 17koan) 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, taldeak lider bat izendatu beharko du, eta hark jardungo du ordezkari edo ahaldun gisa, onuradun den heinean taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar besteko ahalmenez. Talde horietako kideek berariaz utzi beharko dute jasota, agindu honen 18.2 eta 23.2 artikuluetan xedatutako moduan, bakoitzak zer konpromiso hartu dituen proiektuaren betearazpenari dagokionez.

c) Oinarri zientifiko edo teknologikoko enpresa berrien abiarazte-proiektuen kasuan (agindu honen 5. artikuluan zehaztutakoak), onuradunak izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak ere, akreditatu egiten baititu ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen konposizioa arautu eta eguneratzekoak.

2.– Honako hauek ezin dira izan agindu honetan zehaztutako dirulaguntzen onuradunak:

a) Administrazio publikoekin lotutako edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten erakunde eta sozietate publikoak, hala nola administrazio instituzionalarenak, zeinahi dela ere administrazioa.

b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak» (2014/C 249/01).

c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo erakundeak.

d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroaren 17koaren) 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden erakundeak.

3.– Erakundeek, onuradun izan ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Produkzio-instalazio bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan; hortik gauzatu behar du bere jarduera ekonomikoa, eta I+G proiektuan parte hartzen duten langileak izan behar ditu hor.

b) Diruz lagun daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetatik gauzatzea zuzenean.

c) Nortasun juridikoa izatea, 3.1.b) artikuluan aipatutako nortasun juridikorik gabeko talde bat ez bada behintzat, bai eta bere kabuz jarduteko gaitasuna ere, eta ez izatea debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.

d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eskabidea aurkezten duen unetik.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (4/2005 otsailaren 18koaren) azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izanda, horiekin lotutako itzultze- edo zehapen-prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

5.– Eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira baldintza horiek.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera.

a) Ikerketa industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 4 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 7 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Araubide honen helburua diruz lagun daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:

1.– Izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen-proiektuak.

a) Izaera lehiakorreko I+G proiektutzat joko dira ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu-tipologia hauek:

1) Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzera bideratutako proiektuak, edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko aukera emango dutenak.

2) Zientzian eta teknologian oinarritutako enpresa berriak sortzeko proiektuak.

b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta existitzen direnak baino hobeak garatzera argiro bideratuak. Horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskaria hobeto asetzea izan behar da, edo merkatura daitekeen ezagutza erabili edo sortzera argiro egon behar dira bideraturik, honako elementu hauek neurri egokian uztartzen dituzten enpresak sortzeko asmoarekin:

1) Ezagutza zientifiko edo teknologikoko maila altua eskatzen duten produktu, prozesu eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduerak edo komertzioa garatzea;

2) I+G+B jarduera ugari garatzea;

3) Jabetza intelektualari buruzko eskubideak erabiltzea, bai enpresak berak sortuak, bai negozioko lehia-abantaila giltzarritzat esklusibotasun-lizentzien bitartez eskuratuak;

4) Goi-mailako prestakuntza zientifiko eta teknologikoa duten langileek parte hartze aktiboa izatea enpresaren garapenean.

c) Ez dira «proiektu, prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzeko proiektuak edo produktua/prozesua/zerbitzua berritzat jotzeko moduko berrikuntza-mailarik ez daukatenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.

2.– Sektore estrategikoetako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerketa industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerketa eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu beharko dute, EAEko ekonomian trakzio-efektua eragiteko, ETEen esku-hartzeari bidea emateko eta Europako Ostertza Programara sartzea erraztuz.

b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetako izaera estrategikoko ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak sortu eta Oinarri zientifiko eta Teknologikoko Enpresa Berriak (OTEB) sortu ere. Hori guztia lanpostuak sortzera eta EAEko enpresa-ehuna dibertsifikatzera bideraturik egon beharko da, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

6. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak.

1.– Izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen-proiektuak.

a) Diruz lagun daitezkeen proiektu hauen joka-eremu zientifiko eta teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.

b) Diruz lagun daitezkeen proiektuak bi eratara eska daitezke: banaka, edo lankidetzan bi erakunde onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.

EAEn kokatutako enpresa batek edo gehiagok, Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan, estatuz haraindiko lankidetza-proiektuetan parte hartzen dutenean (ERANET proiektuak eta garapenerako lankidetza europarrak, esate baterako), lankidetza-proiektutzat joko dira agindu honen ondorioetarako. ERANET proiektuak eta garapenerako lankidetza europarrak I+G+Bri laguntzeko Esparru Programa Europarraren barneko ekimenak dira.

c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez, 100.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko du eta, lankidetza-proiektua bada, lankide den enpresa bakoitzak, gutxienez, 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko du.

d) Lankidetza-proiektuen kasuan:

1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, eta proiektuak aurrera egiteko behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez arduratuko da; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekikoez.

2) Taldeko enpresa jakin batek ezin izango du talde bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

e) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira. Ekimen europarretan onartutako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuen kasuan, dagokien nazioarteko deialdian aurkeztutako lehen eskabidearen data hartuko da kontuan. ERANET ekimenei, garapenerako lankidetza europarrei, EAEk parte hartzen duen beste ekimen batzuei edo bikaintasun-zigilu europar bat lortu duten proiektuei dagokienez, aurre-proposameneko fasean aurkeztutako eskabidea hartuko da kontuan.

f) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez; bost urte horietan, enpresak EAEn eutsi beharko dio produkzio-instalazioari.

2.– Izaera estrategikoko ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-arlo zientifiko-teknologiko estrategikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean ezarritako lehentasunen esparrukoak (industria adimenduna, energia garbiak eta osasun pertsonalizatua) edo Zeharkako Ekimen Eragileen esparrukoak (zahartze osasungarria, mugikortasun elektrikoa eta ekonomia zirkularra) izango dira, hobeki bateratzeko erronka sozialak eta RIS3 espezializazio adimendunaren estrategia, eta espezializazio-esparruen arteko lankidetza areagotzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren/Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (RIS 3) lehentasun horien barruan ez dauden joka-eremuak dituzten eta aukera-lurraldeetan jasotako esparruetan garatzen diren diruz laguntzeko moduko proiektuek ezin izango dute eduki agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

b) Proiektu bat diruz laguntzeko modukoa izan dadin, gutxienez 4.000.000 euroko guztizko aurrekontu bat aurkeztu beharko da, eta gehienez hiru urteko iraupena izan beharko du.

c) Enpresa taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresaz osaturik egon beharko dute, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin lankidetzan aritu beharko dira, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, eta proiektuak aurrera egiteko behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez arduratuko da; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekikoez.

2) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek parte hartzea gutxienez, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. puntuan ikerketa- eta hedapen-organismoei buruz ezarritakoari jarraituz. Edonola ere, partaidetza hori, orotara, aurkeztutako aurrekontuaren % 20koa izango da, gutxienez.

3) Taldeko enpresa jakin batek ezin izango du talde bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

4) Parte hartzen duen enpresa bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da gutxienez.

d) Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztutako proiektu batek ez baditu artikulu honen c puntuko 1. eta 2. apartatuetan jasotako ezaugarriak betetzen, modu berezian garatzen dela joko da. Proiektu horiek berezitzat joko dira; dela ez direlako zenbait enpresaren arteko lankidetzan gauzatzen, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 2.3 artikuluan adierazitako diru-esleipena baino handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako guztizko baliabide ekonomikoei dagokienez.

e) Programa honek barne har ditzakeen proiektuak zeintzuk diren zehazteko, arreta berezia jarriko zaie oinarrizko printzipio hauei:

– Euskal Autonomia Erkidegoarentzako interes estrategikoa.

– Enpresa-lidergoa.

– Enpresek inbertsio handia egitea I+G+Bn.

– EAEren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

– EAEko ekonomian eragindako trakzio-efektua.

f) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.

g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez; bost urte horietan, enpresak EAEn eutsi beharko dio produkzio-instalazioari.

7. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak izango dira honako hauek:

a) Langileen zuzeneko kostuak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerketa-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektuan diharduten heinean.

b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67.1 eta 68. artikuluetan, 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan eta 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 15.

c) Kanpo-aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta espezializazio-maila handiko proiektuaren atalen azpikontratazioarenak ere (parte hartzen duten erakundeetako langileak ez diren langile laguntzaileenak ere barne hartuta), baldin eta zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerketa-jarduerarako erabiltzen badira eta kanpo-iturrietatik eskuratu badira, jakintza tekniko eta ikerketakoak barne, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25.3 artikuluaren d) letrarekin bat etorrita.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak, ondorio horietarako akreditatuak, azpikontratatzeko gastuak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25.3 artikuluaren d) letrarekin bat etorrita.

e) Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluaren d) letraren arabera, proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak; haien artean barne hartu ahal izango da dirulaguntzaren justifikazioko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, erakunde onuradun eta urte bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluaren 3. apartatuaren d) letraren arabera.

g) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerketa-jardueraren ondorioz zuzenean sortutakoak.

h) Ikerketa-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen kostuak: ikerketa-jardueran soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, salbu eta doako lagapenaren bitartez eskuratutakoena.

i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) letretan aipatutako gastu diruz lagungarriak Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.

2.– Aipatutako kostuak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroaren 17koaren) 29. eta 31. artikuluetan ezarritakoaren mende daudenez, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Oro har, erakunde onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren guztizko kostuaren % 50etik gora, non eta Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak, ebazpen baten bidez, gastu diruz lagungarri horiek onartzen ez dituen, oso espezializatuak direlako eta/edo erakunde onuradunak bere baliabideekin soilik ezin dituelako egin.

b) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratua idatziz egin beharko da. Gainera, kontratu horretan jasotako gastu-bolumenak Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren onarpena beharko du, ebazpenean jasoa.

c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

8. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasean, proiektuak hautatuko dira, eta, ondoren, zehaztuko da zer proiektu onartu diren; II. fasean, berriz, laguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartutako proiektuei, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoari jarraituz, betiere proiektua aurkeztu dutenek hala eskatzen badute.

3.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak (I. fasea), aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 18. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatu 18.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

4.– Agindu honen 9. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, 4. apartatuan aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.

2.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-zuzkidura nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko lerrokadan ezarritako eran aurre egiteko, diruz lagundutako proiektu kategoria bakoitzari dagokionez, dirulaguntzetarako zuzendutako guztizko zenbatekoa erakunde onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

3.– Dirulaguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Izaera estrategikoko proiektuen kasuan, berriz, hainbat urterik behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, 3 ekitalditarako izango dira.

4.– I+G jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (dirulaguntza ez-itzulgarriak), eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, gastu diruz lagungarrien aurrekontu onartuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira, gehienez:

a) Izaera lehiakorreko proiektuetan:

1) Ikerketa industrialeko proiektuetan: kostu diruz lagungarrien % 40ra arte, ebaluazio-irizpide giltzarrietan lortutako puntuazioaren arabera.

2) Garapen esperimentaleko proiektuetan: gehienez, kostu diruz lagungarrien % 25.

3) Estatuz haraindiko lankidetzako proiektuetarako (esaterako, ERANET egitasmoak edo garapenerako lankidetza europarrak), gastu diruz lagungarrien % 5 gehiago, baldin eta enpresa batek ere ez badu gastu diruz lagungarrien % 70 baino gehiago bere gain hartzen.

4) Edonola ere, dirulaguntza ez-itzulgarri hau gehienez 250.000 eurokoa izango da urteko eta erakunde onuradun bakoitzeko.

b) Ikerketa industrialeko edo garapen teknologikoko proiektu estrategikoetan:

1) Ikerketa industrialeko proiektuetan: kostu diruz lagungarrien % 50era arte, ebaluazio-irizpide giltzarrietan lortutako puntuazioaren arabera.

2) Garapen esperimentaleko proiektuetan: kostu diruz lagungarrien % 25era arte, ebaluazio-irizpide giltzarrietan lortutako puntuazioaren arabera.

10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso dituzten erakunde onuradunek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, dirulaguntzen izaera edo beroiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein delarik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Proiektu bati emandako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste dirulaguntzekin batera) ezin izango ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak. Ildo horretatik, dirulaguntza horien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Kasu horietan, agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, gehiegizko kopurua adina.

11. artikulua.– Organo kudeatzailea eta Europar Batasunaren aurreko izapideak.

1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak kudeatuko du dirulaguntzen programa hau.

2.– 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan behar da laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren agintariek aipatutako erregelamenduaren 9. artikuluan zehaztutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baitute zein den laguntza-araubide honen aplikazioa eta garapena, betiere 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluaren b) letran ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, erakunde eskatzaileak eskaera egin ostean abiarazitako proiektuak baino ez dira diruz lagunduko, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluarekin bat.

12. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI) –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea– erakunde laguntzaile izendatu da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren), eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera.

2.– Honako eginkizun hauez arduratuko da SPRI:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasieran ebaluatzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuta, eta, hala badagokio, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, jasotako irizpideen arabera.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa behar bezala kudeatzeko behar diren jarduketetan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHEN ATALA
HASIERA

13. artikulua.– Deialdiak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bi prozedura edo fase bereizi eta ondoz ondokoetan emango dira.

2.– Proiektuak aukeratzeko I. fasearen deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Agindu honen bidez egiten da, eta hor zehazten dira proiektuak gauzatzeko aldia, eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eskabide-ereduak eta ebaluazio-organoa osatuko duten pertsonak. Prozedura horren ebazpena Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titular den pertsonaren ebazpenaren bidez egingo da.

3.– I. fasean onartutako proiektuen laguntzak esleitzeko II. fasearen deialdia Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titular den pertsonaren ebazpenaren bidez egingo da, eta hor zehaztuko dira kasuan kasuko ekitaldian dirulaguntzak emateko aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokia, eta eskabide-ereduak.

14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. kapituluko II. tituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030807/ (euskara).

https://www.euskadi.eus/servicios/1030807/ (gaztelania).

Helbide horretan egongo dira eskuragarri eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta izapideak bide horretatik egiteko jarraibideak.

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

https://www.euskadi.eus/micarpeta

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ildo horretan, eta Agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

5.– Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

6.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta bere aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

7.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako dokumentazioa, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

BIGARREN ATALA
I. FASEA - PROIEKTUAK HAUTATZEA

15. artikulua.– Proiektu-hautaketarako eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira proiektu-hautaketarako eskabideak, formatu elektronikoan, bai eta agindu honetan aurreikusitako dokumentazio osagarria, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

2.– Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2022. ekitaldian gauzatuko diren izaera lehiakorreko proiektuak, eta 2022., 2023. eta 2024. ekitaldietan gauzatuko diren izaera estrategikoko proiektuak.

3.– Elkarlaneko proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duen enpresetako batek zuzenduko du proiektua, taldearen lider gisa jardunez, eta proiektuaren ordezkari izango da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroaren 17koaren) 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Ondorio horietarako, enpresak horrek hartuko du bere gain proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren ardura, bai eta proiektua ongi joateko Administrazioarekin izan beharreko hartu-emanen gaineko ardura ere.

Kasu horietan, beraz, proiektuan parte hartzen duten enpresen artetik, taldearen lider gisa jarduten duen erakundearen legezko ordezkaritzaren titular denak aurkeztuko du eskabidea. Bestalde, pertsona horrek sinatzeaz gainera, parte hartzen duten gainerako enpresek ere izenpetu beharko dute eskabidea, eta bai lider den enpresari, bai parte hartzen duten gainerako enpresei, ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, enpresa partaide bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek beste erakunde europar batzuekin burututako estatuz haraindiko lankidetzako ERANET proiektuen, nazioarteko lankidetzaren eta garapenerako lankidetza europarren kasuan, EAEn kokatutako enpresek bakarrik izango dute eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.

5.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den erakundeak sinatuta, honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten enpresa guztien datuak eta haietako bakoitzaren aurrekontua. ERANET proiektuen eta garapenerako lankidetza europarren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak/ek bakarrik sinatuko dute.

b) Enpresa partaide bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; 80 orrialde (proiektu estrategikoak) edo 60 orrialde (proiektu lehiakorrak) izango ditu gehienez, azala, aurkibidea eta eranskinak (interes-gutunak eta langile ikerlarien CV) kontuan hartu gabe. Letraren neurria: arial 11.

d) Lankidetza-proiektuei dagokienez, enpresa partaide guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Taldea eratzeko hitzarmena, gutxienez alderdi hauek kontuan hartuta: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.

e) Enpresa partaide bakoitzeko pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

6.– Agiri guztiak aurkeztean, erakunde eskatzaileek kontuan hartu beharko dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 28. artikuluan xedatutakoa. Edonola ere, interesdunak ez daude beharturik jada administrazio jardule honen esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak aurkeztera. Administrazio honek kontsultatu edo bildu ahal izango ditu agiri horiek, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat; kasu horretan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dokumentu horiek.

7.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen harira dirulaguntzak kudeatzen dituen organoarekin eta, hala badagokio, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

8.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko martxoaren 24ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

16. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, organo kudeatzaileak 10 eguneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Eta jakinaraziko dio, epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta hala adieraziko dela, teknologia- eta berrikuntza-arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroren 17koaren) 23.5 artikuluan.

2.– Agindu honen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat, lankidetzan garatzekoak diren proiektuetan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

17. artikulua.– I. faseko (proiektuak onartzea) eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta bai esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, Alberto Fernández González, izango da ebaluazio-organoaren burua, eta haren ordezkoa, berriz, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Leyre Madariaga Gangoiti.

Honako hauek izango dira organoko kideak:

– Industria eta Eraldaketa Energetikoko zuzendaria den Ana Belén Camacho Vera, eta, haren ordezko gisa, Industria eta Transmisio Energetikoko Zuzendaritzako langile teknikaria den Rosa Murillas Maza.

– SPRIren ordezkari gisa, pertsona bat, Amaia Martinez Muro, eta, ordezkari gisa, Miguel García Altuna.

– Teknologiaren alorreko eskumenak dituen zuzendaritzako langile teknikari bat, Natividad Niño Bartolomé, eta, ordezkari gisa, Larraitz Segurola Bereciartua; idazkari-lanak egingo ditu.

Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

Halaber, ebaluazio-organo honi lagundu eta aholkuak eman ahal izango dizkiote beste pertsona aditu edo I+Gren alorrean eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten erakundeetako ordezkariek, beharrezkotzat jotzen denean.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egingo ditu –Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da–, eta ebaluazio-organoari aurkeztuko dizkio.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (40/2015 urriaren 1ekoaren) 15. artikulua eta hurrengoak.

18. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Izaera lehiakorreko I+G proiektuak, produktu berriak garatzeko proiektuak, prozesuak edo zerbitzuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak:

1) Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuaren meritu teknologikoa, erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko gaitasunaren analisia eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzea. Pisu espezifikoa: % 20.

2) Proiektuaren emaitzen merkatu potentziala eta ustiapen-aukerak eta inpaktu ekonomikoa. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek berau erdiesteko duten gaitasuna, produktu/prozesu/zerbitzu berriaren erabilera eta erabilgarritasunaren arabera. Pisu espezifikoa: % 35.

b) Irizpide orokorrak:

1) Proiektuan behar diren giza baliabideen egokitasuna. Pisu espezifikoa: % 10.

2) Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokiak; hurbilketa tekniko justifikatua; proiektuaren lehentasunen argitasuna; proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturrien egokitasuna eta laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren efektu pizgarria). Pisu espezifikoa: % 10.

3) Aurrekontuaren egitura eta banakapena argiak izatea. Helburuen, planifikatutako I+G jardueren eta behar den aurrekontuaren arteko trazabilitatea. Pisu espezifikoa: % 10.

4) Proposamenaren ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Proiektuak energia-, klima- eta gizarte-trantsizioei egiten dien ekarpena aztertzea, bai eta genero-ikuspegia eta, hala badagokio, euskararen garapena nola integratzen dituen ere. Pisu espezifikoa: % 15.

2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 6.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak:

1) Proiektuko jardueren orientabide zientifiko-teknologikoa. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren xedeak ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.

– Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS 3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planari dagokienez proposamenak duen egokitasuna.

– ZTBESk gauzatutako eta jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerketa-proiektuetan (bukatutakoak nahiz abian direnak) emaitzak aprobetxatzea edo integratzea.

– EAEko klusterretako sektore eta elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekiko bat-etortzea.

– Proiektuak aurre dagien erronka teknologikoa eta berrikuntza-osagaia (gaur egungo artearen egoerari egindako ekarpen zientifiko-teknologikoa).

– Proiektua Horizon Europe Programan txertatzea.

2) Proiektuak espero dituen emaitzen eragina. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko aukerak eta/edo patente eta eduki teknologikodun enpresa berriak sortzeko aukerak.

– Proiektuan parte hartzen duten erakundeek komertzialki ustiatzeko aukerak.

– Merkatuko arriskuak. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-analisia.

– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.

– Parte hartzen duten erakundeak, eta, orokorrean, EAEko ekonomia nazioartekotzen laguntzea.

3) Taldearen oreka eta gaitasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Parte hartzen duten erakundeen kopurua, profila eta bata bestearekiko osagarritasuna.

– Proiektuan lantzen den arloan, parte hartzen duten erakundeek I+G+Bn duten gaitasuna eta esperientzia.

– Proiektuko buruzagitza eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuz.

b) Irizpide orokorrak:

1) Metodologiaren sendotasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren plangintza (atazen egitura eta horien deskribapen teknikoa, mugarriak, entregagaiak, erakunde parte-hartzaileak eta arduradunak).

– Proiektua kudeatzeko sistema.

2) Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Horiek betetzen diren edo ez aloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta EAErako ikerketa estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.

– Aurrekontuak xehatua izan behar du, proiektuko partaideen eta jardueren arabera.

– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.

3) Ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Trantsizio energetiko eta klimatikoari laguntzea.

– Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen laguntzea.

– Gizarte-trantsizioari laguntzea, eta genero-ikuspegia txertatzea eta euskararen erabilera garatzea parametro horiek integra daitezkeen proposamenetan.

c) Lankidetzan gauzatuko diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideek % 25eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak; a.3) atalean zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1), b.2) eta b.3) ataletan zehaztutako irizpideek % 10eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak.

d) Berezitzat jotako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 25eko eta % 30eko pisu espezifikoa izango dute, hurrenez hurren, eta b.1), b.2) eta b.3) ataletan zehaztutako irizpideek % 15eko pisu espezifikoa izango du bakoitzak.

3.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean aukeratuko da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztirako nota guztirako nota maximoaren % 50 edo handiagoa denean, eta gako-irizpide bakoitzean lortutako guztirako nota gako-irizpide horri dagokion nota maximoaren % 40 edo handiagoa denean. Kasu horretan, laguntzaren intentsitatea ehuneko hauetara iritsi ahal izango da:

(Ikus .PDF)

Ikerketa industrialeko proiektu batek lortutako nota aldi berean denean ebaluazioan lortutako guztizko nota maximoaren % 50 edo handiagoa eta gako-irizpideetan lortutako nota guztiko nota maximoaren % 50 edo handiagoa, kasu horretan laguntzaren kopurua honako ehuneko hauetara iritsi daiteke:

(Ikus .PDF)

*Estatuz gaindiko lankidetzako proiektuek, ERANET egitasmoek edo garapenerako lankidetza europarrek esate baterako, diruz lagun daitezkeen gastuetan % 5 gehiago lor dezakete, baldin eta enpresa batek ere ez badu diruz lagun daitezkeen gastuen % 70 baino gehiago bere gain hartzen.

19. artikulua.– I. fasea, diruz lagun daitezkeen proiektuak aukeratzekoa, ebazteko proposamena.

1.– Ebaluazio Organoak baloratuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta prozedura ebazteko proposamena helaraziko dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titular den pertsonari.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektu bakoitzean ezarritako aurrekontuaren zenbatekoa, eta proiektua gauzatzeko epeak.

Lankidetza-proiektuen kasuan, honako hauek ere adierazi beharko dira: taldea nork osatzen duten, nor izango den proiektuaren ordezkari, eta zer betearazpen-konpromiso hartu dituzten.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

20. artikulua.– I. fasea ebaztea (proiektuak aukeratzekoa), errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira I. fasean aurkeztutako eskaerak, eta hor erabakiko dira erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpena, Ebaluazio Organoaren proposamenari jarraikiz.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein diren hautatutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua eta gauzatzeko epeak; horrekin batera, jakitera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa. Era berean, elkarlanean egingo diren proiektuen kasuan, honako hauek ere adierazi beharko dira: zer erakunde onuradunek osatzen duten taldea, zein den proiektuaren arduraduna, eta zer betearazpen-konpromiso hartu dituen taldeak.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.9 artikuluarekin bat etorriz.

4.– Hartutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren aurrean edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

5.– I. faseari amaiera ematen dion ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie banaka.

Dirulaguntzen Lege Orokorraren 11.3 artikuluan aipatutako taldeei dagokienez, ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei.

6.– I. faseko proiektuak hautatzeko ebazpenak ez du esan nahi automatikoki laguntzak emango zaizkienik hautatutako proiektuei. Izan ere, horretarako, pauso hauek eman behar dira: II. fasearen deialdia argitaratu behar da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez –hala dago aurreikusita 8.2 artikuluan–; laguntza-eskabidea aurkeztu beharra dago –agindu honen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz–, eta agindu honetako eskakizunak bete behar dira.

HIRUGARREN ATALA
II. FASEA - LAGUNTZAK EMATEA

21. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskabidea aurkeztea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira, agindu honen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– I. fasean hautatutako proiektuetarako baino ezingo dira aurkeztu laguntza-eskabideak, agindu honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta, haiekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:

– ETE bat bada, haren ezaugarriak bat datozela ETEen definizioarekin, Europar Batasuneko arauekin bat. Hain zuzen ere, enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langileak eta mugak 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira.

– Ez daudela administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.

– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunena, edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela itzultze- edo zehapen-espediente batean, eta ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (4/2005 otsailaren 18koaren) azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Erakunde eskatzailea ez izatea berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa edo erakunde bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).

b) Hala badagokio, efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Organo kudeatzaileak behar beste aldiz aztertuko du, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ote dituen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari jarraikiz (EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Eskatzaileak baimenaren aurka egin ahal izango du, modu arrazoituan betiere, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin. Kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 11.3 artikuluan araututako taldeek aurkeztutako lankidetzazko proiektuetan, erakunde interesdunek eskabide bakar bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, honako hauekin batera:

a) Enpresa parte hartzaileek izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua; akordio horren bidez, enpresa liderrari lagatzen diote ordezkaritza, beren izenean laguntza eskatu dezan.

b) Proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko, erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia, baita lider gisa jarduten duenarena ere.

c) Proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko, artikulu honen 2. artikuluan aipatutako dokumentazioa, baita lider den eragilearena ere.

4.– Agiri guztiak aurkeztean, erakunde eskatzaileek kontuan hartu beharko dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 28. artikuluan xedatutakoa. Edonola ere, interesdunak ez daude beharturik jada administrazio jardule honen esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak aurkeztera. Administrazio honek kontsultatu edo bildu ahal izango ditu agiri horiek, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat; kasu horretan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dokumentu horiek.

Administrazio publikoek elektronikoki jaso beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsulta eginez. Eskabidean adierazi beharko da kasu hartan jakinarazi zitzaion espediente-zenbakia, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokion prozedura amaitu zenetik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

5.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

22. artikulua.– Laguntza-eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada harekin batera, organo kudeatzaileak 10 eguneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Eta jakinaraziko dio, epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta hala adieraziko dela, teknologia- eta berrikuntza-arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroren 17koaren) 23.5 artikuluan.

2.– Agindu honen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat, lankidetzan garatzekoak diren proiektuetan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

23. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea.

1.– Ebaluazio Organoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 17. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, I. fasean hautatutako proiektuei laguntzak emateko proposamena egingo du, betiere horretarako eskabidea formalki aurkeztu badute.

2.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko dira proiektuak hautatzeko ebazpenean bildutako datuak, hala nola onartutako aurrekontua, proiektua egiteko epea eta lortutako puntuazioa, bai eta agindu honen 9. artikuluan ezarritako laguntzen zenbatekoak ere.

24. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebazteko proposamena.

1.– Ebaluazio Organoak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta prozedura ebazteko proposamena helaraziko dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari.

2.– Ebazpen proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Dirulaguntza emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda, haietako bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna; ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektuaren onartutako aurrekontu osoa; proiektua egiteko epeak, eta proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Lankidetza-proiektuen kasuan, honako hauek ere adierazi beharko dira: taldea nork osatzen duten, nor izango den proiektuaren ordezkari, eta zer betearazpen-konpromiso hartu dituzten.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

25. artikulua.– II. fasea (laguntzak onartzekoa) ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira II. fasean aurkeztutako eskaerak, eta hor erabakiko dira erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpena, Ebaluazio Organoaren proposamenari jarraikiz.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren proiektuak, eta haietako bakoitzari buruz honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, proiektua egiteko epeak eta onartutako laguntzaren zenbateko osoa. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

Orobat, lankidetza-proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen taldeko kide onuradunak, kide bakoitzari guztira zenbateko dirulaguntza esleitu zaion eta zer betearazpen-konpromiso hartu dituen bakoitzak.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Hartutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren aurrean edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015 urriaren 1ekoaren) 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari, bai proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei. Edonola ere, erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BETEARAZTEA

26. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie erakunde onuradunei, zatikaturik, jarraian azaldu moduan:

1.– Izaera lehiakorreko proiektuetan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da emandako dirulaguntzaren % 70, behin 27.5.a) artikuluan zehaztutako epea igarotakoan, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko dira dagokion jarduera egin izana, finkatutako xedeen erdiespen-maila eta egindako gastua.

Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Izaera estrategikoko proiektuetan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da lehenengo urteari dagokion dirulaguntzaren % 50, behin 27.5.a) artikuluan zehaztutako epea igarotakoan, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehen urterokoaren gainerako zatiaren ordainketa, bai ondorengo urtekoena ere, honako honek baldintzatuko du: aldez aurretik agiriekin justifikatu beharra, bai dena delako urtekoari doakion jarduera egin izana, bai finkatutako helburuen exekuzio-maila, bai egindako gastua.

Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Deskribatutako baldintzetan egin ondoren justifikazioa, aldibereko ordain-agindua emango da, zeina baitagokie justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50ari doakion aurrerakinari.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa egiteko, behar dira aurkeztu bai ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa, bai proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa; betiere, batez ere, honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomikoan oinarrituta: Egindako jarduerak; erdietsitako emaitza kuantifikatu edo baloratuak; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekoen eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin izandako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren betetzearen txostena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe programan aurkeztutako proiektuen; ondorioak eta abar.

d) Dirulaguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko paragrafoan ezarritako araubidea aplikatuko da.

3.– Ezarriko beharreko berme-araubidea abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1. artikulutik 3.era bitartekoetan xedatutakoa da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

4.– Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio erakunde onuradun bakoitzari.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoari jarraituz, justifikazio-kontuak honako dokumentazio hau jasoko du gutxienez:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete ote diren justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haien jatorria zehaztuta.

– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluari jarraikiz onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

c) Kontuen auditoretza-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoretza-txostena osatzeko, justifikazio-kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori erakunde onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

4.– Laguntzak jaso baino lehen eta aldez aurretik eskatu ondoren, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 20. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.

5.– Egiaz egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo balio frogagarria duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da fakturak edo jatorrizko gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFk lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.

6.– Erakunde onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.

27. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan xedatutakoak.

3.– Laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek beharko dute eduki bereizitako kontabilitate-sistema bat edo kontabilitate-kodeketa bat, diruz lagundu proiektuen kargurako egindako transakzioena.

4.– Erakunde onuradunen betebeharra dira dirulaguntza jaso duten jarduerak zuzenean egitea eta diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.

5.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Jarduera jakin batzuetarako eman bada dirulaguntza, bada horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta lortu bada Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren berariazko baimena, agindu honen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Enpresa handiek laguntza jasotzeko, nahitaez frogatu behar dute ezen I+Gko jarduerak gehigarriak direla, normalean egin ohi dituztenetatik aparte. Hartarako, enpresak nahitaez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, non zehaztuko baititu proiektuaren egoera eta laguntzaren izaera pizgarria.

d) Proiektuaren garapeneko lanetara eta proiektu horrekin lotutako bestelako dokumentaziora sarbide librea izateko baimena ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren titularrari edota hark izendatutako pertsonari.

e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel edo argitalpenetan, agerian egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren logotipoak zein «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldiak. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Emandako laguntzei dagokienez, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari erraztasunak ematea egoki irizten dituen egiaztapenak egin ditzan; horretarako, eskatzen zaien informazio osagarri oro aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek. Halaber, hala badagokio, zein enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute erakunde onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.

h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

j) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu, legearen beraren 2.3 artikuluan jasotzen den eran.

k) Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Dekretuan (Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena) ezarritako aginduak beteta izatea, bai eta Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko Errege Dekretuan (902/2020 urriaren 13koan) xedatutakoak ere.

l) Programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira dirulaguntzak (EGEFen ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 40koa izango da). Horregatik, honako arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira laguntzak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1058 (EB) Erregelamenduan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoan; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsa Plusi, Europako Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizioaren Funtsari eta Europako Arrantzako eta Akuikulturako Itsas Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituenean; bai eta funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtserako, Barne Segurtasunerako Funtserako eta Mugak eta bisa politika kudeatzeko finantza laguntzarako tresnarako finantza-arauak ere. EGEFen kofinantzaketak honako betebehar hauek eragiten ditu:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak estatuko eta Batasuneko legedia bete beharko ditu.

b) EAEko 2021-2027 aldirako EGEF programaren esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, aipatu egin behar da EGEFen bidez Batasuneko kofinantzaketa komunitarioa, zabalkundea egiteko material edo euskarrietan, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa bere webgunean, eta gizarte-komunikabideetako kontuetan, Batasunaren diruzko laguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz –gutxienez A3 tamainan– edo pantaila elektroniko baliokide bat, non Batasunaren diruzko laguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.

c) EGEFen kofinantzaketak berekin dakar onartu beharra artxibatzekoa dela finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa, harik eta 5 urte igaro arte, eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik aurrera. Testuinguru horretan, onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-erregistro independenteak edo kontabilitate-kode egokiak).

28. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izango laguntza edo dirulaguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, betiere beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

2.– Itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 53.4 artikulua eta haren erregelamenduzko garapena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan arautua –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko da.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– teknologia-, berrikuntza- eta eraldaketa digitalaren alorrean eskumena duen sailburuordetzaren titularrari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.

3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25etik beherako desbideratzea edo txikiagoa eragin badu ez-betetzeak, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, honako inguruabar hauek atzematen baditu:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetze aldera.

– Ez zaiela kalterik egin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta frogatu dituela desbideratze horren kausak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzaren zenbateko efektiboa eta behar bezala justifikatua ordainduko zaio onuradunari, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

Era berean, desbideratze horren konpentsazioak egin daitezke behar bezala justifikatu eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.

4.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen badira, eta ikusten bada onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko xedez jardun duela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, egindako jarduerak guztizkoarekiko duen proportzioaren arabera kalkulatuta. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

29. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketaren bat egiteak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake; betiere, agindu honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabideren bat jasotzea.

2.– Halaber, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta onuradunak eskatu eta behar bezala justifikatzen badu; hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

Luzapen-eskaera hori proiektu bakoitzeko eskatu beharko da, eta proiektuaren lider den erakundeak eskatuko du, gainerako erakundeen adostasunarekin. Orobat, proiektua gauzatzeko hasieran aurreikusitako epea amaitu baino bi hilabete lehenago egin beharko da eskaera, eta dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen administrazio-organoak berariaz onartu beharko du, eta erakunde interesdunari jakinarazi. Deialdiaren urte bereko proiektuen luzapena eskatzeko, oraindik ebatzi gabe badago, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskaera aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena emateko eskumena duen organoak ez badu jakinarazpenik egin, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek.

3.– Jarduketak eskaera egiteko unean aurkeztutako memorian jasotakoak izango dira nahitaez. Nolanahi ere, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektuak porrot teknikoa egiten badu, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko hutsegite teknikoak atzemanez gero, eta hutsegite horiek ezinezko egiten badute eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, erakunde onuradunak eska dezake laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektu-zatira egokitu dadin. Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak aldaketa onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatu badu.


Azterketa dokumentala