Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2022ko otsailaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
689

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira, 2022ko ekitaldirako, 2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartu ziren Leader eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak.

Nekazaritza Politika Bateratua berritu egin da, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Landa-garapenaren eremuan –NPBaren bigarren euskarria–, erreforma izan da oinarrizko lehentasun kopuru jakin batean zentratzea, eta honen bitartez egin da: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua –Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du–. Erregelamendu honetan aplikatzekoak diren xedapenak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarri dira. Horrela, programazio-aldirako helburuak lortzeko –2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra–, aipatutako Erregelamenduan zehazten da nahitaezkoa dela Leader ikuspegia aplikatzea, izan ere, landa-garapena sustatzeko duen eraginkortasuna frogatu da urteetan zehar, osoki aintzat hartuz landa-garapen endogenoko sektore anitzeko beharrizanak, goranzko planteamendu baten bidez.

Aurreko etapan bezala, martxan jarri beharreko neurriak erregelamenduzko aginduaren bidez planifikatu behar dira. Horretarako, kudeaketa-agintaritzak, euskal erakunde publikoekin lankidetzan, 2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programa egin du; bertan, plangintza hori jasotzen da eta Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez C (2015) 3479 Erabakia, azkena, 2015eko maiatzaren 26koa, onetsi da. Landa Garapeneko Programa (LGP) hau 2014-2020ko aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionalak ezarritakoa kontuan hartuta egin da; 2014-2020ko aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egin zuen, eta 2015eko otsailaren 16ko Batzordeak onetsi. LGPan sartutako neurrien arau-esparrua 43/2017 Dekretuan jasotakoa da (43/2017 Dekretua, 2017ko otsailaren 14koa, zeinaren bidez 2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen baita), zehazkiago, arau horren eranskinean jasotzen da 19. neurria: Leader tokiko garapenerako laguntza. 19.2.– Partaidetzazko tokiko garapenaren estrategien bidez operazioak ezartzea. Horren deialdia arau honen bidez egiten da.

Hala eta guztiz ere, EBren Urte Anitzeko Finantza Esparruaren onarpenean eta Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformari buruzko negoziazioetan izandako atzerapena dela-eta, NPB berria eta haren Plan Estrategikoak ez dira 2023ra arte indarrean jarriko, Europako Parlamentuaren, Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen beharrezkoak diren arauak oraindik ez baitira onartu.

Hala, 2020/2220 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2020ko abenduaren 23koa, argitaratu da (2020/2220 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2020ko abenduaren 23koa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (Feader) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) zenbait xedapen iragankor ezartzen dituena 2021. eta 2022. urteetan, eta erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1305/2013 (EB), 1306/2013 eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak, errekurtsoei eta erregelamenduaren aplikazioari dagokienez, 2021. eta 2022. urteetan, eta 1308/2013 (EB) Erregelamendua, errekurtsoei eta laguntza horren banaketari dagokienez, 2021. eta 2022. urteetan). Erregelamendu horren xedea segurtasuna eta jarraitutasuna ematea da, nekazarientzat eta Europako nekazaritzarentzat emandako laguntzei, bai eta trantsizio-aldian landa-garapenerako laguntzen jarraitutasuna bermatzea ere, horretarako egungo esparru juridikoa zabalduz, lehen zutabeari (FEAGA) zein bigarren zutabeari (FEADER) dagokienez, harik eta NPE berria indarrean sartzen den arte.

Horrezaz gain, urtarrilaren 26ko 41/2021 Errege Dekretua ere argitaratu da, errege-dekretu hauek 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeko xedapen espezifikoak ematen dituena: 1075/2014, 1076/2014, 1077/2014 eta 1078/2014 errege-dekretuak, abenduaren 19koak, nekazaritza-politika bateratua Espainian aplikatzeko emanak. Errege-dekretu horretan, egungo landa-garapenerako programak aplikatzeko epea 2022ra arte luzatzen da, hori barnean dela.

Europako Parlamentuaren eta Batzordearen abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen du, 32. artikuluan, partaidetzazko toki-garapena LGENFek babestuko duela, Leader tokiko garapen gisa izendatuko dela, eta EGEFen, EGIFen edo EIAFen laguntza ere izan ahalko duela. Azpieskualdeko gune jakinetan zentratuko da partaidetzazko toki-garapen hori, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, ongi integratutako toki-garapeneko estrategien eta sektore anitzeko estrategien eta guneetan oinarritutakoen bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere. Halaber, azalpen-zatiaren 32. apartatuaren arabera, partaidetzazko toki-garapena (aurrerantzean, PTG) egin behar da helburu tematiko bakar baten testuinguruan: gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka edo enplegua eta lan-mugikortasuna sustatzea, hargatik eragotzi gabe PTGaren parte gisa finantzatutako ekintzek lagundu ahal izatea gainerako helburu tematiko guztietan.

Halaber, partaidetzazko toki-garapenerako estrategiei buruzkoa da aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 33. artikulua, eta bertan adierazten da helburuok zer elementu izan behar duten gutxienez eta Estatu kideek definituko dituztela estrategia horiek hautatzeko irizpideak. Kudeaketa-agintaritza arduradunak horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu estrategiak, eta agintaritza horiek berek onartuko dituzte. Tokiko ekintza taldeek diseinatu eta praktikan ezarriko dituzte partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak; egin beharreko lanak aipatu erregelamenduaren 34. artikuluan ezartzen dira. Gure autonomia-erkidegoan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko abenduaren 30eko Aginduaren bidez (EHAA, 1. zk., 2016ko urtarrilaren 4koa) egin zen taldearen hautaketa (Agindu horren bidez iragartzen da partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan horien kudeaketaren ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko deialdi publikoa, 2015-2020ko aldirako Landa Garapeneko Programaren barruan). Hautaketa-prozesua Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez amaitu zen (horren bidez, «Mendinet Landa Garapena sustatzeko Elkartea» Euskal Autonomia Erkidegoko toki-ekintzako talde izendatu da, eta elkarte horrek proposatutako partaidetzazko toki-garapenerako estrategia onartu da). 2016ko urriaren 28an sinatu zen lankidetza-hitzarmena talde horrekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Onestea, 2022. urterako, Partaidetzazko Toki Garapenerako Estrategian (Leader ikuspuntua) zehaztutako helburuak betetzera bideratutako dirulaguntzen oinarriak. Deialdia Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan zehaztutakoaren arabera (plana Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C (2015) 3479 Erabakiaren bidez onartu zen). Horiek I. eranskin gisa gehitu dira.

2.– Eskaera-ereduak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratzen direnak (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10509) eta III. eranskina (Enpresa Plana), IV.a (Besteren konturako kontratazioaren memoria), V.a (LEADER herrietako zerbitzu publikoen azpiegituretako eta berritzeko inbertsioen memoria) eta VI.a (Etxebizitzaren Memoria).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren titularrari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LEADER EREMUKO UDALERRIAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ENPRESA-PLANA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BESTEREN KONTURAKO KONTRATAZIOAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
LEADER HERRIETAKO ZERBITZU PUBLIKOEN AZPIEGITURETAKO ETA BERRIKUNTZAKO INBERTSIOEN MEMORIA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ETXEBIZITZAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala