Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2022ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
666

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2021eko abenduaren 7ko Ebazpena aldatzeari buruzkoa, zeinaren bidez arautzen baitira 2022ko ekitaldian emango diren dirulaguntzak, asoziazionismoa sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko.

Emakunde eratzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtsezko helburua da emakume eta gizonen berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen maila eta esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumeen aurkako diskriminazio era guztiak desagerraraztea EAEn.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.3 artikuluan, EAEko herri-administrazioei eskatzen zaie susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasun erreala lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, eta emakumeen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea xede dutenak.

Bestalde, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan xedatzen denez, legealdi bakoitzean, plan orokor bat onetsi behar du Eusko Jaurlaritzak, non zenbait jarraibide eta gidalerro jasoko baitira koordinatuta eta orokorki, EAEko botere publikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko. Hala, indarrean dagoen Berdintasunerako VII. Plana 5 printzipiok gidatzen dute: paradigma feminista, zeinak, teoria eta praktika gisa, ahalbidetzen baitu emakumeen eta gizonen berdintasun-ezak eta diskriminazioak nola eta zergatik gertatzen diren azaltzea eta ulertzea; genero-ikuspegia, zeinak, lana aztertzeko metodologia gisa, agerian uzten baititu berdintasun-ezak; intersekzionalitatea, zeinak eskatzen baitu ekintza-proposamen konplexuagoa eta integratzaileagoa, non emakumeak, beren aniztasunetik, hizkuntzak, klaseak, etniak, jatorriak, sexu-orientazioak, dibertsitate funtzionalak, eta abarrek zeharkatuak diren; emakumeen ahalduntzea, berdintasuna lortzeko ezinbesteko baldintza, zeina, berez baita helburu, tresna eta prozesu; eta giza garapen jasangarria, zeinak baitakar giza premiak beste batzuk izatea, emakumeen beharrizanak erantsi eta lehentasunezkotzat hartzeagatik.

Horrenbestez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2021eko abenduaren 7ko Ebazpenaren bidez arautu ziren irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarteei, fundazioei eta federazioei eta xede eta jardun-eremu bakarra emakumeen eta gizonen berdintasun erreala sustatzea duten fundazioei zuzendutako dirulaguntzak.

Ebazpen honen bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2021eko abenduaren 7ko Ebazpenaren 14. artikulua aldatzea proposatzen da, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren II. Tituluko II. Kapituluko II. Atalean («justifikazio-kontua») xedatutakoaren arabera. Hala, aldatu gabe geratzen dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2021eko abenduaren 7ko Ebazpenean jasotako gainerako artikuluak, zeinaren bidez arautzen baitira 2022ko ekitaldian emango diren dirulaguntzak, asoziazionismoa sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2021eko abenduaren 7ko Ebazpenaren 14.artikulua aldatzea, zeinaren bidez arautzen baitira 2022ko ekitaldian emango diren dirulaguntzak, asoziazionismoa sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko. Honela geratzen da idatzita artikulu hori:

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da: % 75 2022ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, baldin eta 13.a) artikuluan aipatutako epean ez bazaio uko egin, eta gainerako % 25a 2023ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatu ondoren diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunek sortutako gastua justifikatu beharko dute, 2023ko martxoaren 1era arteko epean (egun hori barne) honako agiri hauek aurkeztuz:

– Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa, II. eranskinaren arabera.

– Emakundek diruz lagundutako jardueren gastu eta sarrera guztien memoria ekonomikoa, II. eranskinaren ereduaren arabera, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituztela.

– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten faktura edo ordainagiri originalak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2022ko abenduaren 31 baino geroagokoa.

– Fakturen ordainketa egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

– PFEZaren ordainagiriak, halakorik balego.

– Erakunde eskatzailea BEZetik salbuetsita dagoela egiaztatzeko frogagiria, dagokion foru-ogasunak egina.

– Diruz lagundutako jardueratik sortzen den produktua, digitala edo inprimatua, halakorik balego.

– Soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak, baldin eta hartzaileak diruz lagundutako proiektua garatzen soilik jarduten duten pertsonak badira.

– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarteek, federazioek edo fundazioek jarduerak beren gain hartu dituztela egiaztatzen duen egiaztagiriak.

2.– Justifikatutako gastuak proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzari dagozkionak izango dira.

3.– Dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuarekin alderatuta proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxiago bada, edo egiaztagirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatutako gastuaren zenbatekoa emandako laguntzarena baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 4a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala