Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2022ko otsailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
643

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sondikako (Bizkaia) 7. BEEU bizitegi erabilerako exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko urriaren 4an, Sondikako Udalak ingurumen-organoaren aurrean osatu zuen Sondikako 7. BEEU bizitegi erabilerako exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sondikako 7. BEEU bizitegi erabilerako exekuzio-unitateari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Azterlanaren eremuan indarrean dagoen hirigintza-esparrua da Sondikako udalerriko Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketa (aurrerantzean, Arau Subsidiarioen Aldaketa), 7. BEEU bizitegi erabilerako exekuzio-unitateari buruzkoa. Aldaketa hori urriaren 18ko 287/2007 Foru Aginduaren bidez onartu zen behin betiko. 7. BEEUko Izartza bidea 11 helbideko B eraikinaren beheko solairuaren banaketari dagokionez indarrean dagoen plangintzaren arabera, 276 m2-ko 3 etxebizitza eta 92 m2-ko merkataritza-lokal bat eraikitzea aurreikusten da.

Plan Berezi horren bidez, B eraikinaren beheko solairuaren erabilera-esleipena egokitu nahi da, egun eginda dagoena gehitu dakion bizitegi-erabilerako azalerari.

Horretarako, Izartza 11B zuzkidura-jarduketa definitzen da. Hala, erabileren banaketa aldatu, eta merkataritza-lokalerako 92 m2-ei bizitegi-erabilera emango zaie (etxebizitza 1). Beraz, etxebizitza kopurua handituko da, baina hirigintza-eraikigarritasuna ez, eta azalera eraikiari eutsiko zaio.

Gainera, Planean proposatutako erabilera-aldaketak eraikigarritasun haztatua handitzen duenez, besteak beste, berdeguneei, espazio libreei eta zuhaitz-landaketari dagozkien estandarrak betetzeko eskakizunak ezartzen dira. Alde horretatik, Planak proposatzen du zuhaitz bat landatzea, eta udalak zehaztea non; aukeran, eremu aztergaiaren mugakide den 12. espazio libreen sistema orokorrean. Bestalde, ezinezkoa denez eremuaren barruan berdeguneak eta espazio libreak kokatzea, Planak konpentsazio ekonomiko bat ezartzea proposatzen du, estandarrak bete ahal izateko behar diren lurzoru gehigarriak eskuratzeko.

Plan Bereziaren ezaugarriak eta xedea kontuan hartuta, hau da, indarrean dagoen hirigintza-araudia aldatzea eremuaren egoerara egokitzeko, ez da beste aukera bideragarririk ikusten Planak egindako proposamenaz gain. 0. aukera edo jarduketarik ez egitearena aurkeztu bada ere, kasu honetan, jarduketarik bat ere ez denez proposatzen, ez dago alderik horren eta 1. aukeraren artean, ingurumen-ikuspegitik.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Plan Bereziaren xedea da 7. BEEUko Izartza bidea 11 helbideko B eraikinaren beheko solairuaren erabilera-esleipena egokitzea, egun eginda dagoena gehi dakion bizitegi-erabilerako azalerari. Hau da, beheko solairuaren erabilera-banaketa aldatuko da, eta indarrean den plangintzaren arabera merkataritza-lokalerako diren 92 m2-ei bizitegi-erabilerara emango zaie (1 etxebizitza).

Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak integratzeari dagokionez. Planak egin asmo duen erabilera-aldaketa Sondikako hiriguneko hiri-lurzoruan egitekoa da, bizitegi-eraikin baten metro koadro gutxi batzuetan, eta ez du eraginik landa-lurzoruan.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: plan Bereziak indarrean dagoen hirigintza-araudia aldatzea bakarrik proposatzen du, eremukora egokitzeko. Eraikina Planean aurreikusitako erabilera-aldaketarekin eraikita dago jada, beraz, ez da beharrezkoa izango obrarik egitea, eta, jakina, obrarik ez badago, inpakturik ere ez. Nolanahi ere, eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta irismena kontuan hartuta, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Berezi honen xedeko eremua da Izartza 11. zenbakiko B eraikina, Sondikako (Bizkaia) hirigunean kokatua, bizitegi-eremu batean. Eremua eraikita dago jada, eta, beraz, ingurumen-balioa urria da. Ondoren, eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak azalduko ditugu:

– Udalerriko bizitegi-egituran txertatutako etxebizitza-eraikina da.

– Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten beste katalogo batzuetako eremuekin (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuekin, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoekin), ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere. Ez da identifikatzen Batasunaren Intereseko Habitatik, ezta espezie mehatxaturik ere.

– Eremua Ibaizabal-Nerbioi unitate hidrologikoaren barnean dago, Asua ibaiaren arro hidrografikoan. Ibai horren ibilgua eremutik 390 bat metro hegoaldera dago. Planaren eremuan ez dago ibai-ibilgurik.

– Hidrogeologiari dagokionez, Bizkaiko sinklinorioko lurpeko masan dago. Eremuan ez dago interes hidrogeologikoko lekurik.

– Eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak (489004-00125 Industria) egon diren lurzoruen inbentarioan jasota dagoen lurzati batean dago. 2008ko urriaren 15eko Ebazpenaren bidez, Sondikako 7. BEEUko P-1 eta P-3 lurzatien lurzoruaren kalitatea deklaratu zen, eta hiri-erabilerekin eta parke publikoarekin bateragarriak direla zehaztu zen.

– Planaren eremua akuiferoak kutsatzeko arrisku hutsalekoa da. Ez dago ezein uholdegunetan, eta higadura-arriskurik ere ez du.

– Planaren esparruan dauden zarata-foku nagusiak hauek dira: inguruko kaleetako bide-zirkulazioa (batez ere, Cestero eta Izartza kaleetakoa), Euskotrenen trenbidea (3. linea, Lezama eta Kukullaga-Etxebarri) eta Bilboko aireportuko aireko zirkulazioa. Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, Planaren eremuak betetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak, A) motarako (gehienbat bizitegi-erabilerako lurzorua duen lurralde-eremua).

Planak izan ditzakeen eraginak identifikatu eta baloratzeari dagokionez, kontuan hartu behar da 7. BEEUko Izartza bidea 11. zenbakiko B eraikina jada eraikita dagoela eta lau etxebizitza hartzen dituela beheko solairuan; alegia, burututa dago ebaluazioaren xedeko Planean proposatzen den erabilera-aldaketa. Beraz, ez dago zertan obrarik egin eremuan, eta, ondorioz, ez da inpakturik espero.

Bestalde, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokienez, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen zehaztapenak eta 2008ko urriaren 15eko ebazpen horretan jasotako zehaztapenak betetzen badira, ez da espero ondoriorik, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako lurzati batean egonagatik.

Ustiapen-fasean, ez da aurreikusten eremuko B eraikineko lehen solairuaren zati batean merkataritza-erabilera bizitegi-erabilerara aldatzearen ondoriozko inpaktu esanguratsurik. Inpaktu akustikoari dagokionez, eraikinak betetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak bizitegi-eremuetarako.

Indarrean dagoen plangintza, Planaren irismena eta eremuaren egungo egoera kontuan hartuta, ez da espero plan horrek ingurumenean inpaktu adierazgarririk eragingo duenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera.

3.– Ebazpen honetan, Planaren ezaugarriak direla eta, ez da ezartzen neurri babesle eta zuzentzailerik, sustatzaileak ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarriez gain, aski irizten zaielako Planak ez izateko ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean eta Sondikako 7. BEEUri buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Sondikako 7. BEEUri buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Sondikako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sondikako 7. BEEUri buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala